Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2019ko abuztuaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3801

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 19koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia, 2019ko uztailaren 12ko Gobernu Kontseiluan onartua.

Unibertsitateak, bere ahalmenaz baliatuta, arau eta prozedurak ezarri behar ditu bere gestioaren arlo desberdinetako zereginak tramitatu ahal izateko.

Graduondoko Batzordeak 2019ko ekainaren 28an proposamena aurkeztu zion Gobernu Kontseiluari, eta honek jarraian agertzen den arautegia onartu zuen 2019ko uztailaren 12an.

Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2 artikuluan dioena betetzeko (2004-03-12ko EHAA), honako hau

EBAZTEN DUT:

Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, Doktorego Ikasketen Gestiorako Arautegia, 2019ko uztailaren 12ko Gobernu Kontseiluan onartua.

Leioa, 2019ko uztailaren 19a.

Errektorea.

NEKANE BALLUERKA LASA.

Graduko eta Graduondo Ikasketen arloko errektoreordea.

ARACELI GARÍN MARTÍN.

DOKTOREGO IKASKETEN GESTIORAKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
DOKTOREGO PROGRAMAK

1. artikulua.– Definizioa.

1.– Doktorego programa deritzo doktore titulua eskuratzeko beharrezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak lortzera bideratutako jardueren multzoari. Doktorego programa horrek ikasleen prestakuntzarako alderdiak garatzea izango du helburu eta doktorego tesiak garatzeko ikerketarako prozedurak eta ildoak ezarriko ditu.

2.– Doktorego programak UPV/EHUk bakarrik edo zenbait unibertsitatek elkarrekin antola ditzakete eta I+G+Bko jarduerak egiten dituzten nazioko edo atzerriko arlo publiko edo pribatuko beste erakunde eta zentroen laguntza izan dezakete, hitzarmen bidez adierazia.

3.– Doktorego ikasketak amaituko dira ikerketaren emaitza originalak jasotzen dituen doktorego tesi bat egin, defendatu eta gainditzen denean.

II. KAPITULUA
SARBIDEA, ONARPENA ETA MATRIKULA

2. artikulua.– Sartzeko baldintzak.

1.– Oro har, doktorego programa ofizial batean sartzeko, beharrezkoa izango da graduko titulu ofizial bat, edo baliokidea, eta unibertsitate masterreko titulu bat edo baliokidea, izatea, betiere, bi ikasketa horietan, gutxien dela, 300 ECTS gaindituta izanda.

2.– Programan sar daitezke, era berean, kasu hauetako batean daudenak:

1) Estatuko unibertsitate titulu ofizial bat izatea, edo Europako Unibertsitate Eremuko beste herri batekoa, baldin eta, urriaren 16 1393/2007 EDko 29. artikuluak ezarritakoarekin bat etorrita, masterrean parte hartzeko gaitzen badu. Eta gaindituak izatea, gutxienez, 300 kreditu ECTS, unibertsitate titulu ofizial guztiak kontuan hartuta, eta horietatik 60, gutxienez, master mailakoak izatea.

2) Estatuko gradu titulu ofizial bat izatea, eta haren iraupena, zuzenbide komunitarioko arauak betez, 300 kreditu ECTS izatea, gutxienez. Tituludun horiek nahitaez egin beharko dituzte doktorego programak ezartzen dituen prestakuntza osagarri espezifikoak, salbu eta duten graduko tituluaren ikasketa planak barnean baditu ikerketako prestakuntzarako kredituak, masterreko ikasketetatik datozen ikerketa kredituen baliokideak direnak hezkuntza balioari dagokionez.

3) Unibertsitate tituluduna izatea, eta osasun prestakuntza espezializatuko plazetara sartzeko proben bidez prestakuntza plaza lortu ondoren, osasun zientzietako espezialitateetako bateko titulu ofiziala lortzeko programa batean gutxienez bi urteko prestakuntza gainditu izana ebaluazio positiboarekin.

4) Titulu bat izatea atzerriko hezkuntza sistemen arabera, homologatu beharrik izan gabe, eta unibertsitateak aurrez frogaturik titulu horrek estatuko unibertsitate masterreko titulu ofizial baten baliokide den prestakuntza maila egiaztatzen duela eta titulua eman duen herrialdean doktorego ikasketak egiteko aukera ematen duela (hautagaiak dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du). Onarpen horrek doktorego ikasketetan parte hartzeko beste ezertarako ez du balioko, hau da, ez du inolaz ere esan nahiko interesdunak lehenagotik duen titulua homologatzen denik, ezta beste ondorio batzuetarako aitortzen zaionik ere.

5) Lizentziaduna, arkitektoa edo ingeniaria izatea eta Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu izana, apirilaren 30eko 778/1998 Errege Dekretuan jasotakoarekin bat etorrita, edo urtarrilaren 23ko 185/1985 Errege Dekretuaren ikerketako gaitasuna lortu izana.

6) Estatuko beste doktore titulu bat izatea lehenagoko unibertsitate antolamenduen arabera.

7) Unibertsitateko titulu ofizial bat izatea, Goi-mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruan 3. maila daukana, bat etorrita azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin, xedatzen duena zeintzuk diren baldintzak eta prozedurak, batetik, unibertsitateko titulu eta maila akademiko ofizialetara homologazioak egiteko eta baliokidetasunak aitortzeko, eta, bestetik, atzerriko goi mailako ikasketak baliozkotzeko, eta xedatzeko zein den prozedura arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto tekniko, ingeniari tekniko eta diplomatu titulu ofizialetarako goi mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako markoaren araberako parekotasunak zehazteko.

3. artikulua.– Onartua izateko baldintzak.

1.– Doktorego programaren batzorde akademikoak ikasleak hautatu eta onartzeko beste baldintza osagarri batzuk ezar ditzake, honako alderdi hauek jaso ditzaketenak, besteak beste: gai espezifiko bat edo gehiago nahitaez aldi berean egina izatea edo egitea, edo mailako probak edo elkarrizketa pertsonal bat gainditzea.

2.– Eska liteke, doktorego programetan onartua izateko, prestakuntza osagarri bereziak egitea ere, master ofizialen eskaintzatik proposatuko direnak. Prestakuntza osagarri berezi horiek doktoregoko lehenengo bi urteetan egingo dira eta ikasteko bekak eta laguntzak emateari begira, doktorego mailako prestakuntzatzat hartuko dira; prezio publikoei dagokienez, aldiz, master ofizialaren mailako prestakuntza ikastarotzat hartuko dira.

3.– Onartua izateko baldintzak eta irizpideak –lehen paragrafoan aipatuak– eta prestakuntza osagarrien diseinua –bigarren paragrafoan aipatuak–, doktorego programan zehaztuko dira, doktorego programak proposatzeko indarrean dagoen arautegiaren arabera.

4.– Doktorego programa bakoitzak onarpenerako ezartzen dituen sistemetan eta prozeduretan jasota egon beharko dira, ezgaitasuna dela-eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, laguntzeko eta aholkatzeko zerbitzu egokiak. Zerbitzu horiek aztertuko dute curriculum egokitzapenik edo bestelako ibilbide edo ikasketarik egin behar den.

Normalean, doktorego programa saiatuko da doktorego tesia egin dadin doktorego programan parte hartzen duten ikertaldeetako batean.

4. artikulua.– Onarpenerako prozedura.

UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak zehaztuko du, ikasturte bakoitzerako, doktorego programan izena emateko epea, eta epe horretan, baldintzak betetzen dituzten hautagaiek eskaria egingo diote doktorego programako batzorde akademikoari.

Aparteko kasuetan, eta behar bezala arrazoituta, Graduondoko Batzordeak data horietatik kanpo onartu ahal izango ditu baldintzak beteta izanda doktorego programako batzorde akademikoaren oniritzia daukaten ikasleak.

Izena emateko epea behin bukatuta, doktorego programako batzorde akademikoak hautagaiak aukeratuko ditu eta erabakiaren berri emango du izena emateko eskari orrian zehaztutako epe eta bitartekoak erabilita. Era berean, onartutakoei jakinaraziko zaie zein den esleitutako tutorearen izena eta, kasuaren arabera, zein diren hautagai bakoitzak egin behar dituen prestakuntza osagarriak. Europako Unibertsitate Eremukoak ez diren atzerriko herrialdeetako titulazioak dituzten ikasleen kasuan, doktorego programaren batzorde akademikoak UPV/EHUko Graduondoko Batzordera igorriko du dokumentazioa behin betiko onarpenerako.

Erabakiaren ados ez dauden hautagaiek erreklamazioa aurkez diezaiokete doktorego programaren batzorde akademikoari 10 egun naturaleko epean. Batzorde akademikoak 15 eguneko epean ebatziko ditu erreklamazioak eta behin betiko erabakia jakinaraziko dio interesatuari.

Erabakia 15 eguneko epean inpugnatu ahal izango da Doktoregoko Eskolan, eta, ondoren, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio errektoreari ezespenaren jakinarazpena hartu eta hilabeteko epean.

Doktorego programan onartua izateko, UPV/EHUko Doktorego Eskolan matrikula egin behar da ezinbestean.

5. artikulua.– Matrikulatzeko prozedura.

UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak ezarriko du zein izango den ikasturte bakoitzean doktorego programetan matrikulatzeko epea.

Matrikula egiteko, Graduondoko Batzordeak onartutako prozedurari jarraitu beharko zaio; prozedura Doktorego Eskolaren web gunean argitaratuko da.

Matrikularen prezioa Eusko Jaurlaritzak zehaztuko du prezio publikoei buruzko Aginduan.

Doktorego programan matrikula osatu duten ikasleak doktoregai izango dira une horretatik aurrera.

Doktoregaiek urtero egin beharko dute doktorego programarako matrikula, ikasturte bakoitzerako zehaztutako prozedurari jarraituz. Besteak beste, ondo bete beharko dute Ikerketa Plana eta jardueren dokumentua, 9. eta 11. artikuluan aipatuak.

III. KAPITULUA
DOKTOREGO TESIAREN GARAPENA ETA JARRAIPENA

6. artikulua.– Doktorego prestakuntzaren iraupena.

Doktoregoko ikasketek, arduraldi osoan, hiru urteko iraupena izango dute gehienera, doktoregaiak doktorego programako lehenengo matrikula egiten duenetik doktorego tesia gordailuan utzi arte.

Aurrekoa gorabehera, eta doktorego programaren batzorde akademiko arduradunak aurrez baimenduta, doktoregoko ikasketak arduraldi partzialean egin daitezke. Kasu horietan, ikasketok bost urte iraun ahal izango dute gehienera, doktoregaiak doktorego programako lehenengo matrikula egiten duenetik doktorego tesia gordailuan utzi arte.

Aipatutako hiru urteko epea behin igarota tesia gordailuan uzteko eskaera aurkeztu ezean, doktorego programaren batzorde akademikoak urtebete luzatzeko baimena eman dezake, eta, salbuespen gisa, beste urtebete gehiago luzatzeko baimena eman dezake, kasuan kasuko doktorego programan zehaztu diren baldintzetan. Arduraldi partzialeko ikasketetan, epea bi urte gehiago luza dezake eta, hori ere, salbuespen gisa, urtebete gehiago luza daiteke.

Aurreko epea neurtzeari begira, ez dira kontuan hartuko gaixotasun edo haurdunaldiagatiko bajak, ez eta amatasun edo aitatasun lizentziak edo antzeko beste batzuk ere. Baja horiek Doktorego Eskolak gestionatuko ditu.

Era berean, doktoregaiak aldi baterako baja eska dezake doktorego programan, urtebetez gehienez, eta baja hori urtebete gehiago luza daiteke. Eskaera justifikatua doktorego programaren batzorde akademiko arduradunari zuzenduko zaio, eta hark doktoregaiak eskatutakoaz erabaki behako du.

7. artikulua.– Doktorego tesia.

Doktorego ikasketak doktorego tesia aurkeztean bukatuko dira.

Doktorego tesia ikerlan orijinal bat izango da, hautagaiak edozein jakintza arlotan metodo zientifikoa erabiliz egindakoa.

Doktorego tesiak doktoregaia gaitu behar du I+G+Bren arloko lan autonomorako. Hauek dira, erreferentzia gisa, doktorego tesia egituratuko dutenak: laburpena, sarrera edo aurrekariak, helburuak, hipotesiak, metodologia, emaitzak, eztabaida, ondorioak eta bibliografia.

Tesia bere jakintza arloan komunikazio zientifikorako erabili ohi diren hizkuntzetan egin daiteke. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetakoren batean egiten ez bada, laburpen bat aurkeztu beharko da, bost orrialdekoa gutxienez, bi hizkuntza horietako batean.

Tesiaren azalean honakoak ageri beharko dira:

1.– UPV/EHUren ikurra.

2.– Doktorego tesiaren izenburua.

3.– Egilearen izen-abizenak.

4.– Urtea.

Azalean jar daitezke, UPV/EHUren ikurrarekin batera, Doktorego Eskolaren ikurra, tesi zuzendarien izen-abizenak eta, tutorekidetzan egindako tesien kasuan, beste unibertsitatearen ikurra. Beste kasu batzuetan, UPV/EHUkoak ez diren erakunde eta enpresen ikurrak kontrazalean edo barruko aldean jarri ahal izango dira, baina ez azalean. Baldintza horiek bete ezean, ezin izango da tesia aurkeztu.

8. artikulua.– Doktorego tesiaren tutorea eta zuzendaria.

Behin doktoregaia doktorego programan onartuta, batzorde akademikoak tutorea esleituko dio. Tutorea doktorego programan parte hartzen duen UPV/EHUko irakasle bat izan behar da, doktorea eta ikerketan esperientzia egiaztatua duena. Pertsona horrek zaindu beharko du doktoregaiaren eta doktorego programako batzorde akademikoaren arteko hartu-emana, eta bere ardura izango da, era berean, prestakuntza eta ikerlana bat datozela doktorego programako eta Doktorego Eskolako printzipioekin.

Doktoregaia esleitutako tutorearen sailari atxikita geratuko da behin-behinekoz, harik eta tesiaren zuzendaria izendatu arte.

Batzorde akademikoak, doktoregaia entzun ondoren, tutorearen izendapena alda dezake, doktoregoko ikasketen edozein unetan, baldin eta horretarako nahikoa arrazoi badago.

Matrikulatzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean, doktorego programako batzorde akademikoak tesi zuzendari bat esleituko dio doktoregai bakoitzari; tutorea bera izan daiteke, edo ez. Zuzendaria doktorego programako edozein irakasle izan ahalko da. Doktoregaia doktorego programako ikerketa ildoetako bati eta doktorego tesiaren zuzendariaren sailari atxikiko zaie; halakorik ezean, doktorego programan parte hartzen duten sailetako bati, betiere, sail horren oniritzia baldin badu. Tesiaren zuzendariaren ardura izango dira honakoa gaiak, eta, izan ere, bere izango da arduradun nagusia: doktoregaiaren prestakuntza eta ikerketa lanak zuzentzea, jarduera horien koherentzia eta egokitasuna, doktorego tesiko gaiak arloan izango duen inpaktuan eta berritasuna, plangintza eta, behar izanez gero, doktoregaiak izena ematen duen beste proiektu eta jardueretara egokitzea. Zuzendaria UPV/EHUkoa ez bada, tutoreak egingo du unibertsitatearekiko lotura lana.

Tesia beste doktore batzuekin batera ere zuzendu daiteke, baldin eta horretarako arrazoi akademikorik badago, esaterako, gaiak hainbat diziplina hartu edo doktorego programak nazioko edo nazioarteko beste unibertsitate batzuekin edo I+G+Bren arloko erakundeekin elkarlanean egin delako. Tesia zuzendarikidetzan egiteko, batzorde akademikoaren baimena behar da. Baimen hori bertan behera gera daiteke, baldin eta batzorde akademikoaren iritziz zuzendarikidetzak tesiaren garapenari onik egiten ez badio. Ez da inoiz ere onartuko bi zuzendari baino gehiago izendatzea doktorego tesi bera zuzentzeko.

99/2011 Errege Dekretuak araututako doktorego programetako irakasleez gain, doktorego tesien zuzendari edo zuzendarikide izan ahalko dira doktorego programakoak eta/edo UPV/EHUkoak ez diren zentro edo erakundeetako doktoreak, kasuan kasuko doktorego programek ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Zuzendarikidetzan egindako tesien kasuan, doktorego programaren batzorde akademikoak erabakiko du irakasle horiek tesia zuzentzen ari diren artean programan sartuko diren ala ez. Doktorego programan sartzen ez badira, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak onartu beharko du doktorego tesia zuzendarikidetzan egitea. Irakaslea zuzendari bakarra bada, doktorego programan sartu beharko da doktorego tesia zuzentzen ari den bitartean.

Irakasle erretiratuek, emerituek eta ohorezko lankideek doktorego tesiak zuzentzen jarraitu eta/edo hasi ahal izango dute, baina, betiere, doktorego programako kideren batekin batera.

Doktorego programaren batzorde akademikoak, doktoregaia eta doktorego tesiaren zuzendaria entzun ondoren, doktorego tesiaren zuzendariaren izendapena alda dezake doktorego programaren edozein unetan, baldin eta horretarako nahikoa arrazoi badago.

9. artikulua.– Jardueren dokumentu pertsonalizatua.

Doktorego programan matrikulatu ondoren, doktoregai bakoitzarentzat jardueren dokumentu pertsonalizatua egingo da, ikasleen banan banako kontrolerako erregistrotzat erabiliko dena. Bertan jasoko dira doktoregoko ikasketak garatzeko interesgarriak diren jarduera guztiak, doktorego programaren batzorde akademikoak araututakoaren arabera. Prestakuntzarako jarduerek ez dute nahitaez ECTS kredituetan egituratuta egon beharko eta doktorego programa bakoitzaren eremuko zeharkako prestakuntza zein espezifikoa bildu ahal izango dituzte. Dena dela, doktoregaiaren jarduera funtsezkoena ikerlana izango da.

Jardueren dokumentu pertsonalizatua aldizka ikuskatuko dute tesiaren tutoreak eta zuzendariak, eta urtero ebaluatuko du doktorego programaren batzorde akademiko arduradunak. Ebaluazio positiboa ezinbestekoa izango da doktorego programan jarraitzeko.

10. artikulua.– Konpromiso dokumentua.

Konpromiso dokumentuan bilduko dira doktorego tesiaren nondik norako akademiko eta administratiboak, bai eta etika akademikoaren, ikerketako etikaren eta berdintasun politiken inguruan unibertsitateak dauzkan protokoloetatik eratorritako xehetasunak ere. Doktoregaiak, tutoreak, zuzendariak eta doktorego programaren koordinatzaileak sinatuko dute, eta GAUR aplikaziora igoko da. Lehenbailehen izenpetuko da, doktoregaia programan onartu eta sei hilabete igaro baino lehen. Bertan jasoko dira gorabeherak ebazteko prozedura bat eta konfidentzialtasunari buruzko alderdiak, baita doktorego tesia egin ahala sor daitezkeen jabetza intelektual edo industrialeko eskubideekin lotutako alderdiak ere.

11. artikulua.– Ikerketa plana.

Matrikularen lehenengo urtea amaitu baino lehen, doktoregaiak ikerketa plan bat prestatuko du, eta plan horrek honako hauek bildu beharko ditu, gutxienez: erabili beharreko metodologia eta lortu nahi diren helburuak, horiek lortzeko baliabideak eta denbora plangintza. Plan hori hobetu eta zehaztu egin daiteke doktorego tesia egin ahala eta tutoreak eta zuzendariak babestu beharko dute. Aipatutako plana GAUR aplikaziora igo beharko da doktoregaiaren espedientean erregistratzeko.

12. artikulua.– Ebaluazioa eta programan jarraitzea.

Urtero, doktorego programaren batzorde akademikoak ebaluatuko ditu ikerketa plana eta jardueren dokumentu pertsonalizatua, baita horretarako tutoreak eta zuzendariak egin beharko dituzten txostenak ere.

Ebaluazio aldian bajan egon diren doktoregaiei egoera hori kontuan hartuta egingo zaie ebaluazioa. Doktorego programako batzorde akademikoak erabakia har dezake ebaluaziorik ez egiteko 6 hilabete baino luzaroago bajan egon diren doktoregaiei.

Ebaluazio positiboa ezinbestekoa izango da doktorego programan jarraitzeko. Ebaluazio negatiboa emanez gero, behar bezala arrazoitu beharko da eta doktoregaia sei hilabete baino lehenago ebaluatu beharko da berriro; horretarako beste jarduera dokumentu bat prestatu beharko du. Berriro ebaluazio negatiboa emanez gero, doktoregaia doktorego programatik kanpo geldituko da behin betiko. Doktoregaiak ebaluazio negatiboaren kontrako erreklamazioa jarri ahal izango du Doktoregoko Eskolan jakinarazpena hartu eta 15 eguneko epean, eta, erreklamazioa ezetsi egiten badiote, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio errektoreari hilabeteko epean.

IV. KAPITULUA
DOKTOREGO TESIAREN AURKEZPENA ETA DEFENTSA

13. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Doktorego tesia amaitu ondoren, doktoregaiak UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari aurkeztuko dio, hark defentsarako baimena eman diezaion. Horretarako, zuzendariaren, tutorearen, doktorego programaren batzorde akademikoaren eta doktoregaia atxikita dagoen sailaren baimena beharko du.

Defentsarako baimena eman aurretik, zuzendariak unibertsitateak antzekotasunak antzemateko daukan gailutik pasatuko beharko du tesia.

Tesiaren kopia koadernatua eta bi ale formatu digitalean aurkeztu behar dira dokumentazio honekin batera:

1.– Jardueren dokumentua.

2.– «Nazioarteko doktorea» aipamenerako eskaria, halakorik badago.

3.– Euskarako C2 maila ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuetsita egotea erakusten duen egiaztagirirako eskaria, horrelakorik behar izanez gero.

4.– «Industria doktorea» aipamenerako eskaria edo kanpoko erakundeekin lankidetzan aritu izanaren aipamena lortzeko, horrelakorik behar izanez gero.

5.– Tesiko epaimahairako proposamena.

Era berean, doktorego tesiaren laburpena bidali beharko da UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzura posta elektronikoz.

Horrez gain, honako agiriak izan behar ditu erantsita paperean aurkeztutako tesiaren kopiak (tesiarekin batera koadernatuta):

1.– Tesiaren zuzendariaren edo zuzendarikideen baimena doktorego tesia aurkezteko, jatorrizko sinadurekin.

2.– Tutorearen baimena, jatorrizko sinadurarekin.

3.– Doktorego programaren batzorde akademikoaren baimena, jatorrizko sinadurarekin.

4.– Doktoregaia atxikita dagoen sailaren baimena.

5.– Doktorearen graduko akta.

14. artikulua.– Epaimahaien osaera.

Doktorego tesiko epaimahaiak bost edo hiru kide izan ditzake. Bost kidez osatutako epaimahaia denean, bost kide titular eta hiru ordezko izango ditu: kideak hiru direnean, hiru titular eta hiru ordezko izango ditu. Batean zein bestean, parekotasun irizpidea bete beharko da ahal den heinean.

Doktorego programako batzorde akademikoak erabakiko du kasuan-kasuan zein motatako epaimahaia eratu.

Saileko kontseiluak doktorego tesia aurkezteko baimena ematen duen ekintzan bertan zehaztuko du epaimahaia osatzeko Graduondoko Batzordeari egingo dion proposamena, kideen lehentasuna adierazita. Proposamena osatzeko kontuan hartuko beharko ditu doktorego tesiko zuzendariaren eta tutorearen iritzia (tutorerik dagoenean) eta doktorego programako batzorde akademikoarena. Epaimahaiak izango duen kide kopurua kontuan hartuta, hau da bost edo hiru, proposamenak zortzi edo sei izen izango ditu; horietako bost edo hiru, kasuan-kasuan, kide titularrak eta beste hiru ordezkoak.

Proposamenetan jasotako doktoreek ikerketa esperientzia egiaztatua izan beharko dute doktorego tesiaren gaian azken 10 urteetan.

Epaimahaiko kide gehienak unibertsitatetik kanpokoak izan behar dira eta, era berean, ezin izango dira izan Doktorego Eskolarekin eta doktorego programarekin lankidetzan ari diren erakundeetakoak.

Arautegi honen ondorioetarako, UPV/EHUko kideen parekotzat dira:

1.– UPV/EHUra atxikitako Ramón y Cajal eta Ikerbasque ikertzaileak.

2.– UPV/EHUko ikasle erretiratuak, emerituak izan ezik, horiek UPV/EHUko langiletzat jotzen baitira.

3.– Institutu mistoetako ikertzaileak, UPV/EHU partaide denean eta institutuarekin kontratua dutenean.

4.– UPV/EHUtik kanpokoak izan arren doktorego programako kide diren irakasleak.

Osasun itunaren babesean ari diren Osasun Zientzietako irakasle-ikertzaileak IRI iraunkortzat hartuko dira epaimahaia osatze aldera.

Ezin izango dira epaimahairako proposatu honako hauek:

1.– Doktorego tesiaren zuzendaria, ez eta tutorea ere. Hala ere, salbuespena dira atzerriko unibertsitateekin bi aldeetako akordioen bidez edo hitzarmenen bidez tutorekidetzan aurkezten diren doktorego tesiak, betiere, tesiaren defentsa beste unibertsitatean egiten bada eta akordioan edo hitzarmenean jasota badago zuzendaria edo tutorea epaimahai izan daitekeela.

2.– Zuzeneko interesa izan dezakeen inor edo abstentziorako legezko arrazoirik daukan inor.

3.– Laneko bajan dauden doktoreak.

15. artikulua.– Bost kideko epaimahaietan titular edo ordezko izateko baldintzak.

Bost kideko epaimahaietarako zortzi pertsona proposatuko dira, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Bost kide titularretatik gutxien dela hiru IRI iraunkorrak izan behar dira edo ikerketako erakunde publikoetako ikertzaile iraunkorrak.

2.– Hiru kide UPV/EHUkoak izan behar dira: gehienez bi titularrak, eta bestea, ordezkoa. Bi gutxienez, IRI iraunkorrak, eta horietako bat epaimahaiburu edo idazkari; hirugarrena, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoa izan daiteke.

3.– UPV/EHUko kideak kenduta, ezin izango dira egon unibertsitate bereko edo ikergune bereko bi kide baino gehiago.

4.– Proposatutakoen artean, kide bat antzeko ezaugarriak dituen atzerriko ikerketa erakunde publiko batekoa edo ikergune batekoa izan daiteke.

5.– Hiru kidek bi seiurteko edo gehiago izan behar dituzte. Bi titularrak izango dira, eta bata epaimahaiburua. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 10 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.

6.– Gainontzeko kideek gutxien dela seiurteko bat izan behar dute. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 5 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.

7.– Defendatutako tesiak «Nazioarteko doktorea» aipamena lortu nahi badu, gutxien dela epaimahaiko titularretako bat eta ordezkoetako bat atzerriko goi mailako hezkuntza erakunde batekoa edo goi mailako ikergune batekoa izan behar da. Egonaldia egiaztatu duen arduraduna ezin izango da izan epaimahaiko kide, ez bada titularretako bat atzerritarra dela.

Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.

16. artikulua.– Hiru kideko epaimahaietan titular edo ordezko izateko baldintzak.

Hiru kideko epaimahaietarako sei pertsona proposatuko dira, eta honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Hiru kide titularretatik gutxien dela bi IRI iraunkorrak izan behar dira edo ikerketako erakunde publikoetako ikertzaile iraunkorrak.

2.– Bi kide UPV/EHUkoak izan behar dira: bata titularra eta bestea, ordezkoa. Gutxien dela bat, IRI iraunkorra izango da eta, idazkari izateko lehentasuna izango du; bestea, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetako kide bat izan ahalko da.

3.– Epaimahaiko kide titularrak erakunde desberdinetakoak izan beharko dira.

4.– Proposatutakoen artean, kide bat antzeko ezaugarriak dituen atzerriko ikerketa erakunde publiko batekoa edo ikergune batekoa izan daiteke.

5.– Bi kidek bi seiurteko edo gehiago izan behar dituzte. Gutxienik bat titularra izango da, eta epaimahaiburu. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 10 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.

6.– Gainontzeko kideek gutxien dela seiurteko bat izan behar dute. Atzerriko kideen kasuan, UPV/EHUrekin parekatutako taldeetakoek edo kanpoko erakundeetakoek, 5 argitalpen garrantzitsu izan behar dituzte CNEAIren kalitate irizpideen arabera, eta guztiak tesiaren gaiaren ingurukoak.

7.– Defendatutako tesiak «Nazioarteko doktorea» aipamena lortu nahi badu, gutxien dela epaimahaiko titularretako bat eta ordezkoetako bat atzerriko goi mailako hezkuntza erakunde batekoa edo goi mailako ikergune batekoa izan behar da. Egonaldia egiaztatu duen arduraduna, baina, ezin izango da izan epaimahaiko kide, ez bada titularretako bat atzerritarra dela.

Kide titular baten tokian ordezko bat jartzeko beharrik egonez gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eman beharko zaio horren berri, eta berak izendatuko du ordezkoa.

17. artikulua.– Doktorego tesia gordailuan uztea.

1.– Behin 13. artikuluan aipatutako dokumentazioa UPV/EHUko Erregistro Orokorrean utzita eta doktoregaiak baldintzak betetzen dituela egiaztatuta, tesia gordailuan uzteko 15 eguneko epea ezarriko da eta epe horretan alegazioak aurkeztu ahal izango dira. Graduondoko Zerbitzuaren web gunean argitaratuko da tesia zein egunetan utzi den gordailuan.

2.– Gordailuan dagoen bitartean, edozein doktoregairen eskura egongo da Graduondoko Zerbitzuan, eta alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte haren edukiari buruz. Alegazioak Erregistro Orokorraren bitartez aurkeztuko zaizkio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari eta izaera konfidentziala izango dute. UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak tesiaren zuzendariari, doktorego programaren batzorde akademikoari eta doktoregaiari bidaliko die alegazioen transkripzio literala, aipatutakoek UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari alegazioez egoki iruditzen zaizkien erantzunak aurkez diezazkioten.

18. artikulua.– Doktorego tesia defendatzeko baimena.

1.– Tesia gordailuan uzteko epea igarotakoan (17. artikuluan zehaztutako epea), UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak erabakiko du –jasotako idazkiak eta egokitzat jotzen dituen adituengandik bil dezakeen informazio gehigarria aztertu ondoren–, tesiaren defentsa baimentzen duen, edo, alderantziz, atzera botatzen duen. Tesiaren defentsa baimendu eta gero, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeko buruak tesia epaitu behar duen epaimahaiko kide titularrak eta ordezkoak izendatuko ditu, Graduondoko Batzordearen txostenari jarraiki. Horretarako, 15 egun naturaleko epea izango du, tesia gordailuan edukitzeko epea amaitzen denetik hasita.

2.– Epaimahaia izendatu ondoren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeko buruak epaimahaiaren izendapena eta defentsarako baimena bidaliko dizkie epaimahaiko kide titularrei eta ordezkoei, doktorego tesiaren zuzendariari, doktorego programaren batzorde akademikoari, Doktorego Eskolari, doktoregaia atxikita dagoen sailari eta doktoregaiari.

3.– Doktoregaia atxikita dagoen sailak 10 egun natural izango ditu, izendapena atera den egunetik kontatzen hasita, epaimahaiko kideei helarazteko epaitu beharreko tesiaren aleak eta doktoregaiaren jardueren dokumentua. Jarraipen dokumentu horrek ez du puntuazio kuantitatiborik izango, bai ordea kualitatiboa eta, ondorioz, doktorego tesiaren ebaluazioa osatzeko balioko du.

4.– Graduondoko Ikasketen Zerbitzua arduratuko da behar diren zerbitzu betekizunerako eskariak egiteaz unibertsitateei, ikerguneei eta abarri.

5.– Doktoregaiak, baimen hau lortu ondoren, defentsarako matrikula egin eta tasak ordaindu beharko ditu.

6.– Ezin izango da doktorego tesia defendatu hura gordailuan uzteko epea hasten denetik 30 egun natural igaro arte.

19. artikulua.– Doktorego tesiaren defentsarako data argitaratzea.

1.– Defentsa publikoa egiteko baimena jaso ondoren, epaimahaiko buruak, epaimahaikideak entzunda, argitara aterako ditu hiru egun baliodun lehenago gutxienez, doktorego tesiaren defentsa egiteko data, tokia eta ordua, eta idazkariak horien berri eman beharko dio UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari. Jakinarazpen hori Graduondoko Zerbitzuaren web gunean emango da argitara.

2.– Informazio hori bera doktoregaia atxikita dagoen saileko zuzendariari eta defentsa egiteko hautatuko den UPV/EHUko ikastegiko administratzaileari ere jakinaraziko zaie, behar diren administrazio izapideak egin ditzaten.

20. artikulua.– Doktorego tesiaren defentsarako matrikula.

Doktorego tesia defendatzeko matrikulagatik ordaindu beharrekoa Eusko Jaurlaritzak zehazten du ikasturte bakoitzerako argitara emate duen prezio publikoei buruzko Aginduan.

21. artikulua.– Doktorego tesiaren defentsa eta kalifikazioa.

Doktorego tesia defendatzeko ekitaldia jendaurrean egingo da eta ekitaldian bertan ebaluatuko du epaimahaiak. Aipatutako ekitaldian doktoregaiak ikerlana azaldu eta defendatuko du epaimahaikideen aurrean. Azalpenean sartuko dira egindako prestalana, ikerlana bera eta ondorioak, eta, batez ere, doktoregaiak berak egindako ekarpen originalak aipatu beharko dira.

Doktorego tesiaren defentsa ekitaldia urte osoan egin daiteke, abuztuan izan ezik.

Doktorego tesiaren defentsa UPV/EHUko egoitzetan egingo da; hala ere, salbuespena dira unibertsitateen arteko doktorego programen babesean tutorekidetzan egindako tesiak edo beste unibertsitate batzuekin elkarlanean egindakoak, baldin eta kasuan kasuko hitzarmenean bestelakorik zehaztuta badago. Behar bezala justifikatutako egoeretan, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak baimena eman ahalko du epaimahaiko kide batek bideokonferentziaz parte har dezan, ekitaldian bertan egon beharrik gabe. Kasu horretan, defentsa ekitaldia UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak ezarriko duen prozedurara egokitu beharko da.

Epaimahaiak ezin izango du, inolaz ere, izendatutako bost edo hiru kiderekin baino gutxiagorekin jardun (kopuru bat edo bestea, epaimahai motaren arabera).

Defentsa ekitaldian, Graduondoko Zerbitzuak doktoregaia atxikita dagoen sailari bidalitako doktorego tesiaren alea izango du epaimahaiak, doktorearen graduko akta ere sartuta daukana, eta, horrez gain, koadernatu gabeko doktorearen graduko akta bat ere izango du. Defentsa bukatutakoan, akta biak sinatu beharko dituzte epaimahaiko kide guztiek eta doktoregaiak.

Epaimahaiko kideek doktoregaiak aurkeztutako tesiari buruzko iritzia agertu beharko dute; egoki iruditzen zaizkien galdera eta eragozpen guztiak plazaratu ahal izango dituzte eta doktoregaiak erantzun egin beharko die. Ekitaldi publikoan dauden doktoreek ere azaldu ahal izango dituzte beren galderak eta eragozpenak, eta doktoregaiak erantzun egin beharko die; hori guztiak epaimahaiko buruak esaten duen unean eta moduan.

Tesiaren defentsa eta horren inguruko eztabaida behin bukatuta, epaimahaikide bakoitzak balorazioa egingo du, idatziz, eta epaimahaiak kalifikazioa erabakiko du eskala honen arabera: «ez gai», «gai», «oso ongi» edo «bikain».

Doktorego tesiari «cum laude» ematea proposatu ahal izango du epaimahaiak, baldin eta kalifikazio globala «bikain» bada eta isilpeko bozketan aho batez horren alde agertu bada epaimahaia. Horretarako, epaimahaiko idazkariak berak aldez aurretik sinatutako boto txartel bana emango die epaimahaikideei (botoa emateko ezarritako ereduaren araberakoa), baita gutun azal bat ere. Epaimahaikide bakoitzak bere botoa adieraziko du boto txartelean eta itxitako gutun azal batean entregatuko dio epaimahaiko idazkariari. Idazkariak gutun azal guztiak sinatu eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidaliko dizkio botoak zenbat ditzan.

Bestalde, tesiak «cum laude» aipamena lortu badu, epaimahaiak doktoregoko sari berezietara aurkezteko aukera eman diezaioke doktore berriari, isilpeko boto bidez aho batez horren alde agertu bada epaimahaia. Horretarako, epaimahaiko idazkariak berak aldez aurretik sinatutako boto txartel bana emango die epaimahaikideei (botoa emateko ezarritako ereduaren araberakoa), baita gutun azal bat ere. Epaimahaikide bakoitzak bere botoa adieraziko du boto txartelean eta itxitako gutun azal batean entregatuko dio epaimahaiko idazkariari. Idazkariak gutun azal guztiak sinatu eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidaliko dizkio botoak zenbat ditzan. Aldeko botoa aho batez eman bada, doktore berriak doktoregoko sari berezia eskatu ahal izango du kasuan kasuko deialdian.

Doktorego tesia hizkuntza jakin batean defendatu izanaren egiaztagiria lortzeko, defentsaren % 50 hizkuntza horretan egin beharko da. Hori graduko aktan jasoko da.

22. artikulua.– Doktorego tesia artxibatzea.

Doktorego tesia defendatzeko ekitaldia amaitu ondoren, epaimahaiko idazkariak dokumentu hauek bidali beharko ditu UPV/EHUko Erregistro Orokorraren bidez Graduondoko Ikasketen Zerbitzura:

1.– Doktore graduaren akta (koadernatu barik).

2.– Doktorego tesia defendatu ondoren epaimahaiko kideek egindako txostenak.

3.– «Cum laude» eta Sari bereziari buruzko botoak, gutun azal itxian eta gutun azala epaimahaiko idazkariak sinatuta.

4.– Egoki bada, doktorego tesia jendaurrean jartzeko baimena, hau da: Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren web gunean argitaratzeko eta UPV/EHUko gordailu digitaletik eskuragarri jartzeko.

Hori guztia bidalketa gutunarekin batera Graduondoko Ikasketen Zerbitzura bidaltzeko. Sinadurak jatorrizkoak izango dira aipatutako dokumentu horietan guztietan.

Jatorrizko agiriak dituen tesi koadernatua sailean artxibatuko da.

Graduondoko Ikasketen Zerbitzuan doktorego tesiaren defentsako agiri guztiak hartu ondoren, zerbitzuak gutun azalak irekiko ditu eta doktoregaiari jakinaraziko dio cum laude aipamena lortu duen edo ez, eta sari berezietara aurkezteko aukera duen ala ez.

23. artikulua.– Dieten ordainketa.

Doktoregaia atxikita dagoen sailak, doktorego tesiaren defentsarako baimena jaso ondoren, epaimahaiko kideen joan-etorrietarako izapideak egiten hasiko da.

Beren ohiko bizitokitik beste leku batera joan behar duten epaimahaiko kideei bidaia gastuak, dietak eta bertaratzea ordainduko dizkie tesi zuzendaria edo, bestela, tutorea, atxikita dagoen ikastegiko administratzaileak, betiere, UPV/EHUk zehaztutako zenbatekoen arabera.

UPV/EHUkoak diren epaimahaikideen kasuan, atxikita dauden ikastegitik egindako joan-etorriak baino ez zaizkie ordainduko.

Ez da ordainduko doktorego tesi bat epaitu behar duen epaimahaiko kidea ez den inork egindako gasturik.

Joan-etorriengatik ordaindu beharreko zenbatekoak hala dagokion eranskinean zehaztutakoak izango dira.

Gastua kopuru horiek baino handiagoa bada, sailak edo ikertaldeak ordaindu beharko du aldea.

V. KAPITULUA
DOKTORE TITULUA EMATEA

24. artikulua.– Doktore titulua ematea.

Doktorego tesia zein unibertsitatetan gainditu den, unibertsitate horrek emango du doktore titulua.

Doktoreek doktore titulua eskuratzeko eskaria egin beharko dute, eta horretarako, honako agiriak bidali beharko dituzte Graduondoko Ikasketen Zerbitzura:

1.– NANaren edo pasaportearen fotokopia.

2.– Titulua eskuratzeko tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

VI. KAPITULUA
«NAZIOARTEKO DOKTOREA» AIPAMENA

25. artikulua.– «Nazioarteko doktorea» aipamena.

«Nazioarteko doktorea» aipamena jarri ahal izango da, doktore tituluaren atzeko aldean, ondorengo baldintzak betetzen direnean:

1.– Doktore programan egondako denboran doktoregaiak gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egina izatea Estatutik kanpoko goi mailako hezkuntza erakunde batean edo ikergune batean, tesiaren gaiarekin zerikusi zuzena duten ikasketak edo ikerlanak egiten. Kongresu, jardunaldi, mintegi eta halakoetara joatea ez da egonalditzat hartuko. Egonaldia aldi batean edo gehiagotan egin daiteke, baina egonaldi bakoitza gutxien dela hilabetekoa izan behar da. Egonaldiak eta jarduerek zuzendariaren bermea eta doktorego programaren batzorde akademikoaren baimena izan beharko dute, eta doktoregaiaren jardueren dokumentuan jasoko dira.

2.– Doktorego tesiaren zati bat, gutxienez laburpena eta ondorioak, tesiaren jakintza arloan komunikazio zientifikoa egiteko erabili ohi diren hizkuntzetako batean idatzita egotea eta hizkuntza horretan aurkeztea; hizkuntza hori ezin da izan Espainiako hizkuntza ofiziala edo koofizialetako bat. Arau hau ez da aplikatuko baldin eta egonaldiak espainola hizkuntza duen herrialde batean egiten badira, txostenak hizkuntza horretan badaude eta adituak herrialde horietakoak badira.

3.– Tesiari buruzko aldeko txostena egitea gutxienez doktore aditu bik, atzerriko goi mailako bi hezkuntza erakunde edo ikerketa institutuko kide egonkor direnek. Txostenak aditu horien curriculum labur bat izan behar du jasota.

4.– Tesiko epaimahaiak «Nazioarteko doktorea» aipamenerako 15. edo 16. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzea.

26. artikulua.– Administrazio izapideak.

«Nazioarteko doktorea» aipamena lortu nahi duten doktoregaiek, arautegi honetako 13. artikuluan zehaztutako agiriez gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte, doktoregaia atxikita dagoen sailean tesia aurkezten dutenean:

1.– Eskari orri arautua «nazioarteko doktorea» aipamena eskatuz.

2.– Arautegi honetako 25.3 artikuluan aipatutako aldeko txostenak.

3.– Egonaldien egiaztagiria, atzerriko erakundeak emana eta egonaldiaren arduradunak sinatua. Egonaldi bat baino gehiago egin badira, egonaldi bakoitzeko agiri bat aurkeztu beharko da egonaldiaren datan zehaztuta.

Doktoregaia atxikita dagoen sailak dokumentazio guztia bidaliko dio Graduondoko Ikasketen Zerbitzuari, UPV/EHUko Graduondoko Batzordean izapidetu dadin.

Doktorego tesia defendatu ostean, epaimahaiko idazkariak graduko aktan jasoko du defentsa zein hizkuntzatan egin den eta ehunekoa.

VII. KAPITULUA
DOKTOREGO TESIAK TUTOREKIDETZAN

Tutorekidetzaren helburua da tutorekidetzan parte hartzen duten bi unibertsitateetako doktore titulua baldintza berberetan eskuratzea, eta bi unibertsitateetako ikertaldeen arteko lankidetza zientifikoa sendotzea. Tutorekidetza unibertsitate bakar batekin baino ezingo da ezarri kasuan-kasuan, eta hitzarmen zehatz bat sinatuko da horretarako. Dena dela, hori ez da eragozpen izango UPV/EHUren eta atzerriko beste unibertsitate batzuen artean esparru hitzarmenak egiteko, gerora horietan parte hartzen duten unibertsitateen arteko tutorekidetza hitzarmenak ezartzeari begira.

27. artikulua.– Doktorego tesia tutorekidetzan egiteko eskaera.

Bi motatako ikasleek egin ahal izango dute doktorego tesia tutorekidetzan UPV/EHUn eta atzerriko beste unibertsitate batean: 1) UPV/EHUko doktorego programa batean matrikulatuta egonik atzerriko unibertsitate bateko doktorego programa batean bigarren matrikula egingo duten ikasleek; 2) atzerriko unibertsitate bateko doktorego programa batean matrikulatuta egonik UPV/EHUko doktorego programa batean bigarren matrikula egingo duten ikasleek.

Tesia tutorekidetzan egiteko, bai UPV/EHUn matrikulatutako doktoregaiek eta bai atzerriko unibertsitatean matrikulatutakoek eskaria egin behar diote UPV/EHUko doktoregoko programako batzorde akademikoari. Eskaria UPV/EHUko zuzendariak eta atzerriko unibertsitateko zuzendariak sinatu behar dute. Doktorego programako batzorde akademikoak onespena eman eta Doktorego Eskolara bidaliko du eskaria, eta eskolak gaiari buruz indarreko legedian jasota dauden baldintza akademikoak eta prozedurazkoak betetzen direla egiaztatu beharko du; ondoren, UPV/EHUko Graduondoko Batzordera bidaliko du batzordeak behin betiko onar dezan tutorekidetza.

Ikerketa lanaren lehenengo urtean baino ezin izango dira baimendu tutorekidetza hitzarmenak, eta horien hasiera data izango da doktorego programan matrikula egin den eguna. Aparteko kasuetan, eta behar bezala arrazoituta, baimena eman ahal izango da ikerketa aldiko bigarren urterako ere tutorekidetza hitzarmenerako baimena emateko. Aparteko kasu hauetan, tutorekidetzako tesia gehienez ere bi urtetan egin ahal izango da. Baimena eman ahal izango da urte batez luzatzeko epea, eta, aparteko kasuetan, beste urte bat ere luzatu ahal izango da.

28. artikulua.– Unibertsitateen arteko tutorekidetza hitzarmenak.

Doktorego tesia tutorekidetzan egiteko, aldez aurretik UPV/EHUren eta atzerriko beste unibertsitate baten arteko hitzarmen zehatz bat egon beharko da. Hitzarmena egitea edo tramitatzea UPV/EHUko Doktorego Eskolari dagokio. Hitzarmena onartzea Graduondoko Batzordeari dagokio. Hitzarmena zehazten edo tramitatzen hasteko, beharrezkoa da doktoregaia unibertsitateetako batean matrikulatuta egotea: UPV/EHUn edo atzerriko unibertsitatean.

Graduondoko Batzordeak hitzarmena behin onartuta, hitzarmen zehatzak UPV/EHUko errektoreak edo hark eskuordetutako pertsonak sinatu behar ditu.

Tutorekidetzarako sinatutako hitzarmen zehatzetan jasotako baldintzak salbuespen kasuetan baino ezin izango dira aldatu, eta horretarako, UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen baimena beharko da lehenengo, eta, gero, hitzarmenean parte hartzen duten bi unibertsitateetako errektoreen onarpena.

29. artikulua.– Doktorego tesia tutorekidetzan egiteko matrikula.

Hitzarmena behin sinatuta, doktoregaiak bigarren matrikula egin behar du. Matrikula tasak unibertsitatean ordainduko dira hitzarmenean zehaztutako ikasturte eta epeetan.

30. artikulua.– Tutorekidetzan egindako doktorego tesia prestatzea eta aurkeztea.

1.– UPV/EHUtik zuzendari bakar batek zuzenduko du doktorego tesia, eta beste unibertsitatetik, berriz, hango arautegian zehazten den beste zuzendarik. Edozelan ere, zuzendari izateko, bakoitzak bere unibertsitateak zehaztutako baldintzak bete beharko ditu. UPV/EHUn egingo diren izapideetarako, unibertsitate bakoitzak, gehienez ere, zuzendari bat izendatuko du. Doktorego tesiko zuzendaria aldatzen bada, beste unibertsitateari jakinarazi beharko zaio aldaketa hori.

2.– Doktorego tesiari dagokion ikerketa bi unibertsitateetan egingo da hiru urteko gehienezko epean (salbuespen gisa erabaki daiteke epe hori bi urte gehiago luzatzea), UPV/EHUn matrikula egin denetik kontatzen hasita. Egonaldiak bi unibertsitateetan egingo dira txandaka. Unibertsitate bakoitzean egin beharreko gutxieneko egonaldia, guztira, ez da izango inola ere bederatzi hilabete baino gutxiagokoa, eta gainerako denbora beste unibertsitatean osatu beharko da. Egonaldi hori aldi bakarrean edo epe zatikatuetan egin daiteke. Egonaldiaren epea doktorego programako matrikula jatorrizko unibertsitatean egiten denetik hasiko da neurtzen. Doktorego programaren batzorde akademikoa izango da doktorego tesiaren nondik norakoen jarraipena egiteko eta horiek kontrolatzeko arduraduna.

3.– Doktorego tesia bere jakintza arloan komunikazio zientifikorako erabili ohi den hizkuntzan idatzi daiteke, edo hitzarmena sinatu duten unibertsitateetako hizkuntza ofizialetako batean. Edonola ere, tesia ez bada unibertsitateetako hizkuntza ofizialetako batean idazten, laburpen bat izan behar du, gutxienez bost orrikoa, hizkuntza ofizialetako batean.

4.– Doktorego tesia hura defendatuko den unibertsitateko indarreko arautegiaren arabera aurkeztu eta utziko da gordailuan, beste unibertsitatearen oniritziarekin.

5.– Egindako ikerlanaren emaitzen argitalpena, ustiapena eta babesa doktoregaia hartu duten bi unibertsitateek ziurtatuko dute, unibertsitate bakoitzaren herrialdeko prozedura espezifikoen arabera.

6.– Tutorekidetzako hitzarmen baten babesean egindako tesietarako «Nazioarteko doktorea» aipamena eska daiteke horretarako baldintzak betez gero.

31. artikulua.– Tutorekidetzan egindako doktorego tesiko epaimahaia.

Doktorego tesia ebaluatu behar duen epaimahaia bi unibertsitateek izendatuko dute, elkarrekin adostuta. Hura osatzerakoan tesia defendatuko den unibertsitateko arauak eta tutorekidetza hitzarmenean ezarritako irizpideak errespetatuko dira.

Epaimahaiaren izendapenarekin batera bi unibertsitateek egindako ziurtagiria ere beharko da, doktoregaiak unibertsitate bakoitzean zenbat denbora eman duen egiaztatzeko.

32. artikulua.– Tutorekidetzan egindako doktorego tesia defendatzea.

Doktorego tesiak gordailuan uzteko eta defendatzeko era tesia defendatuko den unibertsitateko doktorego ikasketak gestionatzeko arauen araberakoak izango dira.

Doktorego tesia hitzarmenean adierazten den unibertsitatean defendatuko da. Doktoregaiak defentsa tasak ordaindu beharko ditu tesia defendatuko duen unibertsitatean, eta unibertsitate horrek ordainduko ditu tesia epaituko duen epaimahaiko kideen gastuak.

Doktorego tesia UPV/EHUn defendatzen bada, tesia onartzeko izapideak, epaimahaiaren izendapena eta defentsa ekitaldia indarreko lege eta arauen arabera egingo dira. Era berean, beste unibertsitatean egindako egonaldien ziurtagiri ofiziala aurkeztuko da.

Defentsa beste unibertsitatean egiten bada, izapideak unibertsitate horretan indarrean dagoen legedia betez egingo dira. Hala ere, unibertsitate horrek UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Zerbitzuari defentsa ekitaldiaren ziurtagiri ofizial bat bidaliko dio, unibertsitate horrek berak legeztatua, eta bertan jaso dira, gutxienez, zein izan den defentsa eguna, lortutako kalifikazioa, epaimahaiaren osaera eta tesiaren bi ale (bat euskarri elektronikoan).

33. artikulua.– Tutorekidetzan egindako doktore titulua ematea.

Doktorego tesia gainditutakoan, tutorekidetzan parte hartu duten unibertsitateetan eskatu ahal izango du doktoregaiak titulua, betiere indarrean dituzten arautegiekin eta kasuan kasuko hitzarmenean ezarritako baldintzekin bat etorrita. Unibertsitateko titulu ofizialak emateko arautegiak aukera ematen duen neurrian, doktore tituluaren atzeko aldean aipamen hau sartuko da: «Tutorekidetza......( e)ko Unibertsitatearekin».

VIII. KAPITULUA
DOKTOREGOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNA

34. artikulua.– Ezarpen eremua.

Arautegi honetan zehaztutako mugikortasunak bakarrik eragiten dio doktorego aurreko ikerketarako egonaldia doktoregoko matrikulari ez dagokion erakunde batean egiten den egoerari, eta helburua tesiaren faseetakoren bat garatzea denean.

Arautegi hau ezarriko zaie egonaldia UPV/EHUk kanpo egin nahi duten bertako doktoregaiei, zein beste unibertsitate batean matrikulatuta egonik egonaldia UPV/EHUn egin nahi dutenei.

Ez dira honen bidez arautuko nazioarteko mugikortasun programa baten barruan egindako egonaldiak, horiek beren arautegien arabera gobernatuko baitira.

35. artikulua.– Kanpora doazen doktoregaiak.

Bi motatako egonaldiak daude: nazioarteko aipamena lortzeko nahitaezkoak direnak; tesiko zuzendariarekin ados jarrita doktoregaiak borondatez egiten dituenak.

Egonaldi horiek aparte jasoko dira horretarako sortuko den aplikazioan, baina, edozelan ere, jardueren agiri pertsonalizatuan ere sartu ahal izango dira.

Tesiko zuzendariak eta doktoregaiak agiri batean zehaztu beharko dituzte egonaldiaren datak, helburuak eta beste erakundean doktoregaiari helburuok lortzen lagunduko dion pertsona. Agiri hori biek sinatu behar dute.

Doktoregaiak doktorego aurreko kontratua badauka sinatuta unibertsitatearekin, baimena eskatu beharko du.

Egonaldia bat baldin badator Graduondoko Batzordeak onartutako ereduarekin, nahikoa izango da doktoregoko programako arduradunak sinatzea, beste izapiderik egin gabe. Ereduarekin bat ez badator, doktorego programako arduradunak egiaztatu beharko du edukia bat datorrela ereduarekin, eta gero sinatuko da aplikazioan grabatzeko.

36. artikulua.– Doktoregai bisitariak.

UPV/EHUra nazioarteko mugikortasun programetatik aparte datozen doktoregaiek honako agiriak aurkeztu behar dituzte onarpen gutunarekin batera (onarpen gutunaren eredua Graduondoko Batzordeak onartzen du):

1.– Jatorrizko unibertsitateko matrikularen egiaztagiria.

2.– Doktorego programaren onarpena, egonaldiaren arduradunak eta ikastegi hartzaileak eskatua.

3.– Konfidentzialtasun agiria, baldin eta ikertaldeak edo programak eskatzen badu.

4.– Istripuetarako aseguru poliza; gutxien dela, «ehu ikasle» polizaren babesa izan behar du.

5.– Erantzukizun zibileko asegurua.

Ikertaldeko arduradunak edo doktorego programako arduradunak konpromisoa hartuko du doktoregai bisitariari laneko arriskuen prebentzioari buruzko informazioa emateko: gai horren arloan doktoregaiak jakin beharrekoa guztiari buruzko dokumentazioa emango dio. Bestalde, doktoregaiak jarraibide horiek betetzeko konpromisoa hartu behar du. Biek sinatu beharko dute konpromiso horiek biltzen dituen agiria.

Doktoregaia hartuko duen zentroko arduradunak onarpen agiria sinatuko du doktoregai bisitariarekin batera. Agiria bat badator ereduarekin, beste izapiderik gabe sinatu ahal izango dute; ez badator bat, arduradunak egiaztatu egin beharko du edukia bat datorrela ereduan zehaztutakoarekin eta sinatu ahalko dute.

Zentroak GAUR aplikazioan grabatuko ditu doktoregai bisitariaren datuak, egonaldia noiztik noiz artekoa den eta adierazitako agiri guztiak, eta unibertsitateko txartela emango dio doktoregaiari.

IX. KAPITULUA
«INDUSTRIA DOKTOREA» AIPAMENA

«Industria doktorea» aipamena izango du doktoregaiak bere tesiarekin lotura zuzena daukan industriako ikerketa proiektu batean edo ikerketa esperimental batean parte hartzen duenean, enpresa batean edo administrazio publiko batean, baina ezin izango da unibertsitate bat izan (99/2011 Errege Dekretua, 15. bis artikulua).

37. artikulua.– «Industria doktorea» aipamena.

«Industria doktorea» aipamena jarri ahal izango da doktore tituluaren atzeko aldean, ondorengo baldintzak betetzen direnean:

1.– Doktoregaiak industriako ikerketa proiektu batean edo ikerketa esperimental batean parte hartzea, enpresa edo erakunde publiko edo pribatu batean; doktoregaia enpresa edo erakunde horretan aritu behar da zerbitzuak betetzen eta ezin izango da unibertsitate bat izan.

2.– Doktoregaiak lan kontratua edo merkataritzako kontratua izan behar du administrazio publikoarekin edo arlo publiko edo pribatuko enpresarekin; ezin izango da unibertsitate bat izan. Kontratuaren iraupena ezin izango da izan arduraldi osoan urtebete baino denbora gutxiagorako, edo horren parekoa, eta indarrean egon beharko da doktoregaia doktorego programan dagoen bitartean.

38. artikulua.– Industriako ikerketa proiektuak edo ikerketa esperimentalak bete behar dituen baldintzak.

Industriako ikerketa proiektuak edo ikerketa esperimentalak baldintza hauek bete behar ditu:

1.– Lotura zuzena izan behar du doktorego tesiko gaiarekin. Doktorego programako batzorde akademikoak egiaztatuko du lortura zuzenik daukan edo ez, eta, beraz, doktoregaiak memoria bat aurkeztu beharko du batzordeak aztertu eta onar dezan; guztia, tesia gordailuan utzi baino gutxienez urtebete lehenago.

Memoria erakunde lankideko arduradunak eta tesiko zuzendariak balioetsita egon behar da, eta erakundeak proiektu horretan daukan interesa izan behar du azalduta.

2.– Industriako ikerketa proiektua edo ikerketa esperimentala UPV/EHUren eta doktoregaia zerbitzuak betetzen ari den erakundearen arteko lankidetzaren bidez egiten denean, beharrezkoa da lankidetza hitzarmena egotea sinatuta.

Hitzarmenak jasota izan behar ditu, gutxien dela, Graduondoko Batzordeak onartutako ereduan zehaztutako edukiak (eredu hori arautegian adierazitako esparru hitzarmena izango da), eta horri agiri bat erantsi behar zaio tesirako lankidetzaren baldintza bereziak zehaztuta.

Hitzarmenean unibertsitatearen eta erakunde lankidearen betebeharrak adieraziko dira, bai eta doktoregaiak aukeratzeko prozedura ere. Bestalde, hitzarmenari erantsitako agiri batean kasuan kasuko tesia egiteko baldintza bereziak zehaztuko dira.

Hitzarmena indarrean egongo da gutxienez doktoregaia proiektuan dagoen bitartean.

39. artikulua.– Tesiaren nondik norakoa.

1.– Unibertsitateak izendatutako tutoreaz gain, erakundeak izendatutako arduradun bat egongo da, eta arduradun horren zeregina izango da doktoregaiak erakundean dituen jardueren jarraipena egitea eta koordinazio lana egitea unibertsitateko tutorearekin. Arduradun hori tesiaren zuzendari edo zuzendarikide izan daiteke, betiere, UPV/EHUko arautegian zehaztutako baldintzak betetzen baditu.

2.– Doktoregaiaren eta erakundearen arteko lan kontratuak ez badirau doktoregaiaren tesiko ikerketa proiektu osoan, lankidetzako hitzarmen zehatza sinatu beharko da, unibertsitatearen eta erakundearen artekoa, tesi aldian lankidetzak izango dituen ezaugarri bereziak zehazteko.

3.– Lankidetzako esparru hitzarmena edo, egoki denean, hitzarmen zehatza sinatzen den unean hasiko da UPV/EHUren eta erakundearen arteko lankidetza ofiziala.

4.– Tesia gordailuan uztean, doktoregaiak honako agiriak erantsi beharko ditu:

a) «Industria doktorea» aipamenerako eskari orria.

b) Laneko kontratuaren edo merkataritza kontratuaren kopia.

c) Aurkeztutako memoriarako doktorego programako batzorde akademikoak egindako aldeko txostena.

X. KAPITULUA
TESIA KANPOKO ERAKUNDEEKIN LANKIDETZAN

40. artikulua.– Tesia kanpoko erakundeekin lankidetzan.

Doktore tituluaren atzeko aldean «Tesia kanpoko erakundeekin lankidetzan» aipamena jaso ahal izango da baldintza hauek betez gero:

1.– UPV/EHUren eta kanpoko erakundearen arteko lankidetzak oinarri izan dezake tesia zuzentzea edo tesiaren zuzendarikidetza, finantziazioa edo bestelakoa, baina helburua beti izan behar da doktoregaiaren jardueren agiri pertsonalizatuan zehaztutako jarduerak egitea.

2.– Unibertsitateak eta kanpoko erakundeak hitzarmena sinatu beharko dute bertan zehaztuta lankidetzaren helburuak eta baldintzak; hitzarmena egiteko arautegi honi erantsitako eredua erabili beharko da. Hitzarmena informatikako aplikazioan sartu beharko da lankidetzaren lehenengo ikasturtea bukatu aurretik.

3.– UPV/EHUren eta kanpoko erakundearen arteko lankidetzak gutxien dela bi ikasturte iraun behar du.

XI. KAPITULUA
JABETZA INTELEKTUALA ETA KONFIDENTZIALTASUNA

41. artikulua.– Jabetza intelektuala.

Konpromiso agirian jasoko dira, indarreko legediari jarraituz, doktorego tesiaren jabetza intelektuala zeren arabera arautuko den, eta alderdi guztiek sinatu beharko dute.

42. artikulua.– Konfidentzialtasuna.

Indarreko legediarekin bat etorrita, arlo honetako baldintzak alde interesdunek sinatutako konpromiso dokumentuan jasoko dira.

XII. KAPITULUA
EUSKARAKO C2 MAILA ZIURTAGIRIEN BIDEZ EGIAZTATZETIK SALBUETSITA EGOTEA ERAKUSTEN DUEN EGIAZTAGIRIA

Eusko Jaurlaritzaren 47/2012 dekretuaren arabera, unibertsitateen eginkizuna da dekretu horretako 2. artikuluan zehaztutakoaren arabera euskararen hizkuntza tituluak edo ziurtagiriak aurkezteko salbuespena daukatenei horren egiaztagiria ematea.

43. artikulua.– Euskararen C2 maila egiaztatzetik salbuetsita egotea.

Euskarako C2 titulua egiaztatzetik salbuetsita egoteko egiaztagiria nahi duten doktoregaiek eskaera egin beharko dute doktorego tesia gordailuan uzten duten unean. Honako baldintzak bete beharko dituzte:

1.– Doktorego tesiaren gutxienez % 75 euskaraz idatzita egon beharko da eta nazioarteko tesia bada, aldiz, % 50.

2.– Defentsaren gutxienez % 45 euskaraz egin beharko da eta hori graduko aktan jaso beharko da.

Salbuespen hori eskatzeko baldintzak, baita salbuespenaren ziurtagiria emateko ebaluazio irizpideak ere, euskararen arloko eskumenak dituen errektoreordetzak ezarriko ditu.

Euskararen arloko eskumenak dituen errektoreordetzak beharrezkoak diren itzulpen baliabideak bermatuko ditu epaimahaiko kide guztiek doktoregaiaren aurkezpen publikoa uler dezaten.

XIII. KAPITULUA
DOKTOREGOKO SARI BEREZIAK

44. artikulua.– Doktoregoko sari bereziak.

1.– Unibertsitateak, ikasturte bakoitzean, doktoregoko sari berazi bat emango du defendatutako 10 doktorego tesiko edo 10eko zatiki bakoitzeko, eta honako arlo bakoitzeko: Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura; Osasun Zientziak; Gizarte eta Lege Zientziak; Arteak eta Giza Zientziak.

2.– UPV/EHUko Graduondoko Batzordearen deialdia UPV/EHUko sail eta institutuei jakinaraziko zaie eta posta elektronikoz bidaliko zaie doktorego tesia epaitu zuen epaimahaiak isilpeko bozketa bidez hala adostutako doktoregaiei, betiere, defentsa deialdiaren urtean egina badute.

3.– Sari hori eskuratzeko aukera izateko, doktoregaiek UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari bidali beharko diote eskaera, alegatutako merezimenduak egiaztatzen dituen dokumentazioarekin batera, batzordeak ikasturte bakoitzerako ezartzen duen epean. Horretarako, honako baldintzak bete beharko dira:

a) Doktorego tesia deialdian ezarritako ikasturtean defendatua izatea.

b) Doktorego tesia epaitu zuen epaimahaiak horrela erabaki izana, eta «cum laude» aipamena aho batez lortu izana.

c) Defendatutako tesiaren ondorioz, nazioartean izen handiko aldizkari batean argitalpen bat gutxienez onartua izatea, edo patente bat gutxienez aurkeztua izatea. Giza eta gizarte zientzietako arloen kasuan, argitalpena liburua edo liburuaren kapitulua izan daiteke, baina «Sello de Calidad en Edición Académica-Academic Publishing Quality (CEA-APQ)» izan beharko du edo «Scholarly Publishers Indicators in Humanities and Social Sciences» delakoan egon beharko da.

4.– Lehen puntuan adierazitako arloetarako, UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak epaimahai bana izendatuko du, unibertsitateko jakintza arlo desberdinetako hiru irakasle doktorek osatua. Ezin izango dira epaimahai horietako kideak izan aurkezten diren tesien zuzendariak.

5.– Aipatutako epaimahaiek jasotako eskaerak aztertuko dituzte, eta sari horretara aurkezten diren doktoregaiei behar adinako informazioa eskatu ahal izango diete. Kanpoko epaileak ere eskatu ahal izango dituzte eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeari helaraziko dizkiete beren proposamenak. Epaimahaien aukera izan daiteke sariak ez ematea.

6.– UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak sari bereziak eman daitezela onartuko du, lehenik aurreko paragrafoan aipatutako epaimahaiek egindako doktoregoko sari bereziak emateko proposamenak ikusita.

XIV. KAPITULUA
LANKIDETZA HITZARMENAK

45. artikulua.– Tesia kanpoko erakundeekin lankidetzan.

1.– Doktorego tesiak beste erakunde batzuekin lankidetzan egitea eta mugikortasuna sustatzeko, bai eta prestakuntza osatzeko ere, lankidetza hitzarmenak sinatu ahal izango dira I+G+B jarduerak dituzten zentro eta erakundeekin, publikoekin zein pribatuekin, Estatukoekin zein atzerrikoekin.

2.– Hitzarmenaren helburua izan daiteke tesia kanpoko erakundeekin lankidetzan egitea, tutorekidetzan egitea, industria doktoregoa egitea edo aipatutako helburuak betetze aldera egin daitezkeen beste jarduera batzuk, betiere, dena delako jarduerak hitzarmenean zehaztuta.

3.– Graduondoko Batzordeak hitzarmen ereduak onartuko ditu izapideak eta sinadura errazteko.

46. artikulua.– Hitzarmenak izapidetzea eta sinatzea.

1.– Aipatutako hitzarmenak izapidetzeko, arautegi honetan zehaztutakoari jarraitu beharko zaio, eta bat etorri beharko da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko Arautegiko 25.g) artikuluarekin (2005eko abenduaren 5eko EHAA).

2.– Hitzarmenaren sinatzaileak izango dira erakunde lankideko kide bat, sinatzeko ahala daukana, eta Doktorego Eskolako zuzendaritzako kide bat, sinatzeko ahala daukana; dena dela, egokitzat joz gero, unibertsitateko errektoreak sinatu ahal izango du.

3.– Hitzarmena bat badator Graduondoko Batzordeak onartutako ereduarekin, ez du batzorde horrek onartu beharko eta zuzenean sinatu ahal izango du ahala daukan pertsonak.

4.– Ez badator bat ereduarekin, sinatu aurretik onartu egin beharko du Graduondoko Batzordeak. Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak bere ustez hitzarmena onartzeko egokiak diren txostenak eskatu ahal izango dizkie hitzarmeneko gaietan eskumena daukaten organo edo zerbitzuei.

5.– Tutorekidetzarako hitzarmenak Graduondoko Batzordeak onartu behar ditu beti, eta errektorea izango da sinatzailea.

6.– Doktoregoko kanpoko praktiketarako hitzarmenek Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudia bete beharko dute edo kasuan kasuko lankidetza hitzarmena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

1.– Aipatutako aipamenen bat eskuratu nahi duten doktoregaiek egungo araudia edo aurrekoa bete beharko dute, betiere, tesia 2020ko ekainaren 30a baino lehen uzten badute gordailuan.

2.– Dokumentuen antzekotasuna aztertzeko betebeharra eta tesiko zuzendariak agiria sinatu beharra, 2019ko urriaren 30etik aurrera gordailuan utzitako tesiei ezarriko zaie.

AZKEN XEDAPENAK

1.– Eskumena ematen zaio doktoregoko ikasketen gaietarako errektoreorde arduradunari arautegi hau ezartzean sor daitezkeen zalantzak interpretatu eta ebatz ditzan, bai eta arautegi hau garatzen duten arau osagarriak eman ditzan ere.

2.– UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak onartuko ditu, doktoregoko ikasketen gaietarako errektoreorde arduradunak proposatuta, gestio prozesuan doktorego programen kalitatea bermatuko duten prozedurak. Era berean, beharrezkotzat jotzen dituen xedapen administratibo eta akademiko guztiak emango ditu.

3.– Doktoregoko ikasketen gaietarako errektoreorde arduradunak eta UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak doktoregoko ikasketak gestionatzeko prozedura eta egutegia ezarriko dituzte, eta unibertsitatearen webgunean argitaratu.

4.– Arautegi honetan eta bera garatzen dutenetan zehaztuta ez dagoen guztirako indarrean dagoen legeriari jarraituko zaio.

5.– Arautegi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jariko de indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira arautegi honekin bat ez datozen xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala