Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

148. zk., 2019ko abuztuaren 7a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3786

AGINDUA, 2019ko uztailaren 24koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita Mondragon Unibertsitateko unibertsitate-titulu ofizial batzuk ezartzeko eta beste batzuk kentzeko.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluaren arabera (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen lege organiko hori), autonomia-erkidegoek erabakiko dute estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea, bai erkidegoaren beraren ekimenez –Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluaren adostasunarekin–, bai unibertsitatearen ekimenez –Gobernu Kontseiluaren proposamenaren bidez–, eta betiere Gizarte Kontseiluak aldeko txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 51. artikuluan arautzen da nola egokitu Europako unibertsitate-eremura. Unibertsitate-gaietan eskumena duen sailak eta unibertsitateek bultzatuko dituzte ikasketa-planetako eta kreditu- eta balorazio-sistemetako nahitaezko egokitzapenak, eta, horiekin batera, behar diren gainerako neurriak hartuko dituzte euskal unibertsitate-sistema Europako unibertsitate-eremuan sartzeko eta titulazioaren Europako gehigarriaren diploma emateko.

Irakaskuntza ofizialak nola ezarri araututa dago Unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan (eta gerora izan dituen aldaketetan), eta Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuan.

Hain zuzen ere, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, estatu osoan ofizialtasuna eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitateko irakaskuntzak hiru ziklotan egituratuko dira: gradua, masterra eta doktoregoa, hain zuzen.

Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikuluan arautzen da zer prozedura jarraitu behar den gradu, master eta doktoregoko unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitate Kontseiluak horiek egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, agindu-proposamena prestatu behar du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzeko.

Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak 2018ko urriaren 25ean onartu du 2019-2020 ikasturtean eranskinetan zerrendatutako gradu eta master ikasketa ofizialak ezartzea eta kentzea.

Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 25.6 artikuluan xedatuaren arabera (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuaren bidez aldatua), aldeko ebaluazio-txostena eman du Mondragon Unibertsitateak proposatutako gradu eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari dagokionez (I. eta II. eranskinak).

Hori dela eta, Gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 15. artikulua aplikatuz, eta proposamena Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari 2019ko uztailaren 23ko bilkuran jakitun jartzeko aurkeztu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea I. eta II. eranskinetan zerrendatutako gradu eta masterreko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko eta kentzeko.

2. artikulua.– Irakaskuntzak xedapen hauen arabera kenduko dira: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorra (uztailaren 2ko 861/2010 Errege Dekretuak aldatu zuen errege-dekretu hori) eta gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzko abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 18.2 artikulua.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioari jakinaraztea, azken horrek proposamena Gobernuari igor diezaion tituluaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baimentzen diren gradu eta master irakaskuntza ofizialek, hurrenez hurren, sei eta lau urte igaro baino lehenago izan beharko dute berrituta ziurtapena, betiere hasierako ziurtapena eman denetik aurrera. Berritze horrek bat etorri behar du urriaren 16ko 205/2012 Dekretuan xedatutakoarekin (dekretu horren bidez, gradu, master eta doktoregoko unibertsitate-tituluen egiaztapena berritzeko prozedura eta epeak ezartzen dira).

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 24a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTER ETA GRADUKO TITULU OFIZIALAK EZARTZEA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
UNIBERTSITATEKO MASTERREKO TITULU OFIZIALAK KENTZEA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala