Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

144. zk., 2019ko uztailaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3660

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 8koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena, doktorego programak proposatzeko arautegia aldatzeko dena.

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak, bere eskumenak erabiliz, arauak eta prozedurak ezarri behar ditu, graduondoko ikasketen gestioarekin zerikusia daukaten zereginak tramitatzeko.

Graduondoko Batzordeak eskumen hauek ditu eskuordetuta, besteak beste: graduondoko ikasketen helburuak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, plangintza estrategiko orokorraren barruan, bai eta ikasketa horien akademia antolakuntza eta gestiorako arautegien proposamena onartzekoa ere, betiere bat etorrita Graduondoko Batzordearen Arautegiak dioenarekin (Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartutako arautegia, 2012ko urriaren 29ko EHAAn argitaratua).

2012ko otsailaren 15ean argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2012ko urtarrilaren 18ko Erabakia, Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, eta horren bidez argitara eman zen Doktorego Programak Proposatzeko Arautegia. Arautegi hori beren jardueraren oinarri dute errektoreak, sailek eta Doktorego Eskolak, beraiek baitira doktorego programa berriak edo dauden programen aldaketak proposatzeko organo eskudunak. Arautegia aldatu egin zen ondoren, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen 2017ko ekainaren 17ko Erabakiaren bidez, eta 2017ko uztailaren 26an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Arautegiak honako hau dio azken xedapenetatik bigarrenean: Doktoregoko Azpibatzordeak onartu egingo ditu, graduondoko ikasketen gaietarako errektoreorde arduradunak proposatuta, doktorego programen kalitatea bermatzen duten prozedurak, bai prestatzerakoan, bai ebaluatu, jarraipena egin eta egiaztatzeko prozesuan. Era berean, izaera administratibo-akademikoa duten behar adina xedapen emango ditu.

2013ko irailaren 13tik, Graduondoko Batzordea eratu zenetik, batzorde horrek hartu du Gobernu Kontseiluari akademia antolakuntza eta gestiorako arautegiak proposatzeko eskumena, bere arautegian ezarritakoari jarraiki (2012-10-29ko EHAA).

Doktorego Programak Proposatzeko Arautegiak honako hau dio 9. artikuluko 6. atalean:

«Doktorego programetako irakasleak.

Urriaren 1etik irailaren 30era bitartean UPV/EHUn zuzendu eta defendatutako tesi bakoitzeko, 8 kreditu emango zaizkio UPV/EHUko zuzendari taldeari, kredituok zuzendari guztien artean uniformeki banaturik. 10 kreditu emango dira nazioarteko tesien kasuan edo tutoretza partekatuetan, azken kasu honetan, tesia defendatu deneko Unibertsitatea bietako edozein izanik ere. Kredituok uniformeki banatuko dira defentsa egin ondorengo bigarren eta hirugarren ikasturteen artean. Edonola ere, aipatutako kontzeptuagatik, irakasle bati 10 kreditu emango zaizkio, gehienez, ikasturte baten barruan.»

Baina UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren arabera (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko ebazpena), irakats jarduera arautzeko eskumena Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak dauka eta, horrexegatik, errektoreordetza horrek arautu behar du nola aitortuko diren doktorego tesien zuzendaritzari lotutako irakats beharrak.

Bestalde, Doktorego Programak Proposatzeko Arautegiko 13, 14 eta 15. artikuluetan honako hauek arautzen dira: doktorego programetako lankidetza hitzarmenen motak, tramiteak, baimenak eta sinatzea. Arautegiaren aldaketa honen bidez egokitu egiten da bertan xedatutakoa, doktorego programetako kanpoko praktikak bat etor daitezen Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudian jasotakoarekin, eta beste erakunde batzuekin elkarlanean egiten diren doktorego tesiak bat etor daitezen Doktoregoko Ikasketak Kudeatzeko Arautegian adierazitakoarekin.

Graduondoko Batzordea doktorego programak proposatzeko arautegiaren aldaketaren alde agertu da 2019ko maiatzaren 17an egindako bileran. Aurrerago, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aldaketa hori onartu du 2019ko maiatzaren 30ean.

Hori guztia kontuan hartuta, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpenak emandako eskumenen babesean (gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko ebazpena), lehenik Graduondoko Batzordeak aldeko iritzia emanda eta unibertsitateko Gobernu Kontseiluak adostasuna emanda,

EBATZI DU:

Lehenengoa.– Aldatzea Doktorego Programak Proposatzeko Arautegia. Ondoren aipatzen diren artikuluak honela geratuko dira:

9. artikulua.– 6. atala. Doktorego programetako irakasleak.

Doktorego programetako irakaskuntzaren gestioari, praktiken tutoretzari eta doktorego tesien zuzendaritzari lotutako irakats betebeharrak aitortuko dira kontuan hartuta Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak xedatutakoa.

13. artikulua.– Hitzarmen motak.

1.– Estatuko edo nazioarteko unibertsitateen arteko lankidetza hitzarmenak, doktorego programak elkarrekin antolatzeko.

2.– Lankidetza hitzarmenak I+G+B jarduerak egiten dituzten erakunde publiko edo pribatuekin, prestakuntza jarduerak eta ikerlanak egiteko, finantziazioa izateko, eskolak emateko, lokalak erabiltzeko edota egokitzat hartzen den beste edozein helburutarako.

14. artikulua.– Tramitazioa.

1.– Aurreko artikuluko 1. atalean aipatutako hitzarmenak doktorego programako koordinatzaileak aurkeztuko dizkio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari, doktorego programaren proposamenarekin batera, eta hura justifikatzeko memoria erantsiko du, aldez aurretik aztertzeko. Ondoren, programaren aldeko iritzia eman beharko du Doktorego Eskolak, Graduondoko Batzordeak onar dezan, eta aldeek izenpetu beharko dute, ministerioari eskatu baino lehen egiaztatzeko titulua.

2.– Aurreko artikuluko 2. atalean aipatutako hitzarmenak doktorego programako koordinatzaileak aurkeztuko dizkio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari, doktorego programaren proposamenarekin batera, eta hura justifikatzeko memoria erantsiko du, aldez aurretik aztertzeko. Ondoren, programaren aldeko iritzia eman beharko du Doktorego Eskolak, Graduondoko Batzordeak onar dezan, eta aldeek izenpetu beharko dute, jarduerei ekin baino lehen.

15. artikulua.– Baimenak eta hitzarmenak sinatzea.

1.– 13. artikuluko 1. atalean aipatzen diren hitzarmenak Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, eta unibertsitateko errektoreak sinatuko ditu. Onartutakoan, horren berri emango zaio Gobernu Kontseiluari eta, behin sinatuta, jatorrizko ale bat bidaliko da Idazkaritza Nagusira, erregistra dezan.

2.– 13. artikuluko 1. atalean aipatzen diren hitzarmenak Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, eta Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak sinatuko ditu. Dena den, egoki ikusiz gero, errektoreak ere sinatu ahal izango ditu. Onartutakoan, horren berri emango zaio Gobernu Kontseiluari eta, behin sinatuta, jatorrizko ale bat bidaliko da Idazkaritza Nagusira, erregistra dezan.

Bigarrena.– Aldaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Hirugarrena.– Aldaketa indarrean sartuko da argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Leioa, 2019ko uztailaren 8a.

Errektorea,

NEKANE BALLUERKA LASA.

Eskuordetzeaz (2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena, 2017-02-03ko EHAA)

Graduko eta Graduondo Ikasketen arloko errektoreordea,

ARACELI GARÍN MARTÍN.


Azterketa dokumentala