Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

142. zk., 2019ko uztailaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3630

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 17koa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, Horizonte 2020 Europako ikerketa esparru programaren bigarren fasean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren agenteak buru direla ikerketa proiektuak aurkez daitezen bultzatzeko dirulaguntzen 2019ko deialdia jendaurrean jartzen duena.

2019ko ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuak, Horizonte 2020 Europako Ikerketa Esparru Programaren bigarren fasean (aurrerantzean H2020 programa), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren agenteak buru direla ikerketa proiektuak aurkez daitezen bultzatzeko dirulaguntzak arautzen ditu.

Dekretu horren 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2019. urterako ezarritako laguntzen deialdi publikoa egin behar da, horretarako beharrezko arauak emanez. Deialdia egiteko ardura Lehendakaritzako idazkari nagusiari dagokio.

Hori dela eta, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 70/2017 Dekretuak emandako eskumenak kontuan hartuz,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Laguntzen xedea.

Ebazpen honen xedea da, Europako 2020 ikerketa esparru programaren bigarren fasean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren agenteak buru direla, ikerketa proiektuak aurkez daitezen bultzatzea helburu duen ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuan aurreikusitako 2019ko ekitaldiko laguntzen deialdia egitea.

2. artikulua.– Denbora eremua.

Eskaera eragin duten proiektuak 2019. urtean hasi eta 2019. eta 2020. urteetan garatu beharko dira, eta, edozelan ere, 2020ko abenduaren 31rako burutuak egon beharko dira.

3. artikulua.– Diru-hornidura.

Deialdi honetarako laguntzak finantzatzeko, 600.000 euroko zenbatekoa jaso da Lehendakaritzako Berrikuntza Funtsetik.

Hala eta gutiz ere, ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 8. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, helburu honetarako kreditu osagarririk balego, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpen bidez, eta nahitaezkoak diren baimen guztiak jaso ondoren, hornidura hau handitu ahal izango da. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

4. artikulua.– Prozedura.

1.– Ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 3. artikuluan araututakoarekin bat etorriz, laguntza horiek elkarren segidan emateko prozeduraren arabera emango dira. Behin aurreko artikuluan aipatutako zenbatekoa agortuta, eta dagokion kasuan horniduraren handitzea agortuta, egoera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

2.– Funtsen agortzea eskaerak ezesteko zio izango da, nahiz eta eskaerak funtsak agortu izanaren argitalpenaren aurretikoak izan, eta, era berean, eskaera berriak ez dira onartuko.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Erakunde onuradunak, ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 4. artikuluarekin bat etorriz, Euskal Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen barne dauden agente zientifiko-teknologikoak izango dira, eta, zehazki, ondorengo hauek:

a) Unibertsitateen ikerketa-egiturak.

b) Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak.

c) Osasun Ikerkuntzarako Institutuak (IIS).

d) Osasun-arloko I+G erakundeak.

e) Zentro teknologikoak.

f) Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC).

6. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa eta mugak.

1.– Dekretu arautzailearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza gastuen aurrekontuaren % 100ekoa izatera irits daiteke.

2.– Dirulaguntza gehienez 30.000 eurokoa izango da, eskaeraren xede den proiektu bakoitzeko.

7. artikulua.– Eskaera eta epea.

1.– Eskaera bitarteko elektronikoen bidez egin beharko da, eta eskatzaileek aurkeztu beharko duten dokumentazioa ekainaren 25eko 92/2019 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa izango da.

2.– Eskaerarako sarbidea ondoren adierazten den helbide elektronikoen bidez egingo da:

http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ayudas-a-proyectos-tractores-de-investigacion-europea/web01-tramite/es

http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/horizonte-2020-europako-ikerketa-esparru-programa/web01-tramite/eu

3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etan hasiko da, eta 2019ko azaroaren 27ko 24:00etan amaituko da.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Eskaera egin ondorengo izapideak https://www.euskadi.eus/nirekarpeta bidez egingo dira, baita eskaera onesten edo ezesten duen ebazpenaren jakinarazpena ere, jakinarazpen hau Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da.

9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko gehienezko epea 10 lanegunekoa izango da, Europako Batzordeak, dagokion deialdian, proiektuaren bigarren fasea aurkezteko ezarritako epemuga den egunetik aurrera.

2.– Dirulaguntza jaso duten erakundeek, organo eskudunaren aurrean, emandako dirulaguntza nola erabili den frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, ekainaren 25eko, 92/2019 Dekretuaren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta honako hauek barne hartuta:

a) Europako Batzordearen jakinarazpena, dagokion epean ikerketa-proiektua behar bezala aurkeztu dela egiaztatzen duena, bigarren fase honetan aurkeztutako memoria teknikoarekin batera.

b) Ikerketa-proiektuaren lehenengo eta bigarren faseak egiteko egindako gastuen ziurtagiria, 2019ko urtarrilaren 1etik proiektua aurkeztu arte. Gastu horiek deialdien xede diren urte ezberdinen artean banaturik, eta honako kategoria hauetan banakatuta:

1) Langileen barne-kostua.

2) Kanpoko aholkularitza-gastuak.

3) Proposamena prestatzeko beste gastu osagarri batzuk.

Aurreko 2) eta 3) puntuetan jasotako gastuak jatorrizko fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten gainerako dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak erabilita egiaztatuko dira. Faktura elektronikoek ere balioko dute egiaztapena egiteko.

c) Ardurapeko adierazpena, non erakundearen legezko ordezkaritza duen pertsonak adierazi beharko baitu bete dituela proiektuaren proposamena egiteko beharrezkoak diren gastuen justifikazioa erakundearen kontabilitate-arauei jarraikiz egin dela eta laguntza arautzen duen dekretuan ezarritako arauak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, non erakundeak aurkeztu beharko baitu beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek helburu berberarako emandako laguntzen edo dirulaguntzen zerrenda.

3.– Justifikazioak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira euskadi.eus atarian dagoen https://www.euskadi.eus/nirekarpeta egoitza elektronikoan, eta era elektronikoan sinatuta egon beharko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honen aurka, hala nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Lehendakaritzako idazkari nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan, bi hileko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 17a.

Lehendakaritzako idazkari nagusia,

JESÚS MARÍA PEÑA MARTÍNEZ.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana