Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2019ko uztailaren 24a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3590

AGINDUA, 2019ko uztailaren 9koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Ikasiker lankidetza–beketarako deialdia egiten baita, 2019ko irailaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarteko aldirako.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari kalterik egiteke».

Unibertsitate-gaietan Estatuaren egitekoak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzko maiatzaren 25eko 1014/1985 Errege Dekretuaren eranskinaren B.2 puntuak ezartzen duenez, erkidego honi eskualdatzen zaizkio administrazio-egoitza erkidego honetan duten goi-mailako irakaskuntzako ikasleentzako beka-deialdiak arautzea eta kudeatzea.

Bestalde, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legeak 8., 38. eta 44. artikuluetan arautzen ditu beka eta ikasketetarako laguntzei buruzko gaiak, eta honako hau ezartzen du: unibertsitateen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailari dagokio oinarrizko legedian bekei, kredituei eta ikasketetarako laguntzei buruz ezarritako sistema orokorra arau bidez garatzea.

Arau-esparru horretan egiten da Ikasiker lankidetza-beketarako deialdia, zeinak ikasketa-espediente onak dituzten eta ikastetxeetan edo ikerketako zentroetan lankidetza eskaini, eta, aldi berean ikasi nahi duten unibertsitateko ikasleentzat baitira; hala, beren ikasketekin zerikusi zuzena duten ikerketa-gaietan egingo dituzte hastapenak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak herritarrei aitortzen die administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez hartu-emanak izateko eskubidea; eta, bestalde, administrazio-jardueran informazioaren teknologiak erabiltzeko zehaztapen oinarrizkoak arautzen ditu, hain justu ere administrazio publikoen euren arteko hartu-emanei eta horiek herritarrekin dituzten hartu-emanei dagokienez, hala bermatu nahi baitira herritarren eskubideak, haien aurrean herritarrenganako tratamendu bidezkoa, eta administrazio-jardueraren balioa eta eraginkortasuna, segurtasun juridikoko baldintzetan.

Hortaz, deialdi honen bitartez finkatu egiten da administrazio elektronikoaren erabilpena, bai eskabideak aurkezteari dagokionez eta bai ematen diren administrazio-egintzak jakinarazi edo argitaratzeari dagokionez ere.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta dirulaguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan eta VII. tituluko III. kapituluan adierazitakoa, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua, eta hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan arautzen den, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da 160 Ikasiker lankidetza-bekatarako deialdia egitea eta haien oinarriak onartzea, administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen Eusko Jaurlaritzak onetsitako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ), hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa kreditatutakoetan, deialdiaren oinarriei jarraikiz. Modalitate hauek eskaintzen dira:

a) A modalitatea (ikasturtean zehar, 2019ko irailetik 2020ko ekainera bitartean): 120 beka.

b) B modalitatea (udan, 2020ko ekainetik irailera bitartean): 40 beka.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Aurreko artikuluko a) letran aipatutako beketarako, 300.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura.

2.– Aurreko artikuluko b) letran aipatutako beketarako, 20.000 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura. Laguntza horiek emateko ezinbesteko baldintza izango da 2020. urterako kreditu egokia eta nahikoa izatea, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera (agindu hark arautu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea).

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Baimena ematen zaio Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariari jarraibide zehatzak eman ditzan, agindu honetan xedatutakoa betetzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 9a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

OINARRIAK

1. artikulua.– Xedea eta izaera.

1.– Deialdi honen xedea Ikasiker lankidetza-bekak ematea da, unibertsitate-ikasleak, ikasketak egiten dituzten bitartean, lankidetzan aritu ahal izan daitezen, 2019ko irailaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitarteko aldian, Eusko Jaurlaritzak onetsitako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeetan, oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroetan (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuetan (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroetan (IKZ), hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa kreditatutakoetan.

2.– Beka horiek dirulaguntzak dira. Agindu honetan araubide juridikoari buruz xedatzen ez diren alderdietan, lege hau aplikatuko da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua (bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako laguntzen eta dirulaguntzen araubideari eta arau-hausteen eta zigorren erregimenari buruzko xedapenak), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

2. artikulua.– Hartzaileak.

Unibertsitateko ikasleak, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean edo Estatuaren gainerako unibertsitate batean (modalitatearen arabera), unibertsitate-gradu ofizial baten azken bi ikasturteetako batean edo master ofizial batean matrikulatuta daudenak.

3. artikulua.– Beken kopurua, modalitateak eta zenbatekoa.

160 Ikasiker lankidetza-bekatarako deialdia egiten da, modalitate hauetakoak:

1.– Ikasturtean zehar, 2019ko irailetik 2020ko ekainera bitartean (A modalitatea). Modalitate horretarako 120 bekatarako deialdia egiten da, eta bakoitza 2.500 eurokoa izango da, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean matrikulatuta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan lankidetzan arituko diren ikasleentzat, unibertsitate-gradu ofizial baten azken bi ikasturteetako batean matrikulatuta ikasleentzat.

2.– Udan zehar, alegia, 2020ko ekainaren eta irailaren artean (B modalitatea). Modalitate horretarako 40 bekatarako deialdia egiten da, eta bakoitza 500 eurokoa izango da, Euskal Unibertsitate Sistemako edo hortik kanpoko unibertsitate batean matrikulatuta dauden eta Euskal Autonomia Erkidegoan, agindu honen 1.1 artikuluan jasotako ikerketa-talde edo -zentroren batean, lankidetzan arituko diren ikasleentzat, unibertsitate-gradu ofizial baten azken bi ikasturteetako batean edo master ofizial batean matrikulatuta ikasleentzat.

4. artikulua.– Banaketa.

1.– Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeek, oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroek (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuek (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroek (IKZ) hiruna proiektu hartu ahal izango dituzte; modalitate bakoitzean.

2.– Deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideen kopurua bi modalitateetan deitutako beken kopurua baino handiagoa bada, modalitateetako bat aukeratu beharko dute bi modalitateetan beka eskatu duten ikasleek.

5. artikulua.– Lankidetzaren ezaugarriak.

Bekaren onuradun izan ahal izateko, eskatzaileak lankidetza-proiektu bat aurkeztu behar du, I. eranskinean jasotako eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako Euskal Unibertsitate Sistemaren ikertaldeen, oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroen (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuen (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ), hain zuzen ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa kreditatutakoen uneko ikerketa-ildoen barruan garatzeko.

Nolanahi ere, egiten ari diren titulazioa lortzeko enborreko eta nahitaezko irakasgai batean oinarrituko da proiektua, eta ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak ziurtatu beharko du. Gainera, hauek deskribatu beharko ditu: dedikazio-araubidea, egin beharreko lanak eta proposatutako helburuak.

6. artikulua.– Beste beka eta dirulaguntza batzukekiko bateraezintasuna, eta ondorio juridikoak nahiz lanekoak.

1.– Beka hau bateraezina da edozein erakunde edo instituzio publikok edo pribatuk helburu berarekin deitzen dituen beste beka edo dirulaguntza batzuekin.

2.– Ikasiker lankidetza-bekak prestakuntza-izaera izango du bakarrik, eta inoiz ere ez du eragingo ondorio juridikorik ez eta lan-ondoriorik ere bekadunaren eta Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitatearen edo dagokion zentroaren artean.

7. artikulua.– Betekizunak.

1.– Beka-eskatzaileak honako hauetan ezarritako betekizunak bete beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua, lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikulua. Besteak beste, hauek dira betekizunak:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Espainian legez bizitzea.

b) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, 2018ko abenduaren 31n.

c) Unibertsitate-graduaren titulu ofiziala ez edukitzea, edo hura emateko eskaera egin ahal izateko lege-baldintzak ez izatea edo ez betetzea (unibertsitate gradu ofizial batean matrikulatuta badago), edo unibertsitate masterraren titulu ofiziala ez edukitzea, edo hura emateko eskaera egin ahal izateko lege-baldintzak ez izatea edo ez betetzea (unibertsitate master ofizial batean matrikulatuta badago).

d) Graduko edo masterreko ikasketak amaitzeko, gehienez ere 120 kreditu izatea oraindik, edo, bestela, 60 kreditu, graduko edo masterreko ikasketen azken ikasturtean matrikulatuta badago.

e) 2019-2020ko ikasturtean matrikulatuta egotea, ikasturte osorako (gutxienez 60 kreditu). Baliozkotu, egokitu edo aitortu diren kredituak ez dira matrikulatutako kreditutzat joko; hortaz, ez dira batuko matrikulan hartzeko kreditu-kopurua betetze aldera. Ikasketa-planaren azken ikasturtea bada, ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkion kreditu guztietan matrikulatuta egon beharko du. Gradu edo Master amaierako lanean matrikulatzeko ezinbestekoa bada gainerako kredituak gainditzea, Gradu edo Master amaierako lanari dagozkion kredituak barne hartzen ez dituzten eskaerak onartuko dira. Gradu edo Master amaierako lanari dagozkion kredituetan soilik matrikulatuta egon ahalko du, ikasketa-planeko gainerako kredituak gainditu baditu.

Salbuespen gisa, arduraldi partziala duen eta 60 kreditutan baino gutxiagotan matrikulatuta dagoen eskatzaileak beka eskatu ahal izango du, baldintza hauetako bat betetzen bada:

– % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna izatea eta ofizialki onetsita egotea.

– Familia-unitate bat osatzea, adingabeak edo mendekoak bere kargura dituela.

– Aldi berean ikasi eta lan egitea.

– Goi-mailako kirolaria, teknikaria edo epailea izatea, edo errendimendu handiko kirolaria izatea.

– Presondegietan diren pertsonei buruzko EHUren protokoloa aplikagarri izatea.

– Kanpoko praktikak, curriculumaren barnekoak, egiteagatik jaso dituen kredituak baliozkotu edo aitortzea, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita.

– Goi-mailako lanbide-heziketako tituluetako baliozkotu edo aitortu dituen kredituak.

f) Gainditutako kredituen edo irakasgaien gutxieneko batez besteko nota hauek izatea, ezagutza-adarraren arabera:

– Arteak eta Giza Zientziak: 7,50.

– Zientziak: 7,00.

– Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak: 7,50.

– Ingeniaritza eta Arkitektura: 6,50.

– Osasun Zientziak: 7,00.

g) Beka eskatzearen arrazoia diren ikasketetan matrikulaturik ikasleak eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino urtebete luzeagoa izan. Master ikasketen kasuan beka eskatzearen arrazoia diren ikasketetan matrikulaturik ikasleak eman dituen urteen kopurua (beka eskatzen den ikasturtea barne) ezin izango da ikasketa-planak ikasketak amaitzeko aurreikusten duen epea baino luzeagoa izan.

Aldez aurretik egindako ikasketak direla-eta balioztatu diren kredituei dagokienez, ikasketa horietan emandako urteak hartuko dira kontuan zenbaketa horretarako.

h) Oinarrien 1.1 artikuluan aipatutako ikerketa-talde edo -zentroren batek hautatu izana lankidetzan aritzeko.

i) Aurreko ikasturteetan horrelako bekarik jaso ez izana, modalitate berean.

2.– Aurretik adierazitako betekizunak eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen bete beharko dira, 1.b) puntuan zehaztutako administrazio-egoitzari buruzkoa izan ezik, 2018ko abenduaren 31n egiaztatu beharko baita.

8. artikulua.– Lankidetza-proiektuaren jarraipena eta bekaren justifikazioa.

Lankidetza amaitu eta hurrengo hilean, beka-esleipendunak dokumentu bat aurkeztu beharko du kreditatzeko batetik, egindako jarraipena (hiru hilez behingoa) eta, bestetik, zereginen lorpen-maila eta proiektuan planteatutako helburuak. Ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak egin beharko du dokumentua, deialdi honen II. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz. Ziurtapen horrek beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

9. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epeak.

1.– Eskabide-ereduak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. apartatuan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasoko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, eta lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, eta bide telematikotik bete beharko da hura, https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/colaboracion/y22-izapide/eu helbidean kokatutako aplikazioaren bidez, Unibertsitateak eta Ikerketa atalean. Horretarako, eskatzaileak alta hartu beharko du erabiltzaile gisa, eta aplikazio horretan zehaztutako jarraibideei kasu egin beharko die.

2.– Eskaera izapidetzen hasi baino lehen eskatzaileak alta emango du aplikazioan eta tramitatzeko era aukeratu beharko du, paperean edo elektronikoki. Ziurtagiri elektronikorik ez badu, nahitaez paperezkoa hautatu beharko du.

3.– Paperezko izapidea hautatuz gero, aplikazioak sortzen duen eskabide-formularioa inprimatu beharko da (bete ondoren), eta sinatu. Eskabidea eskatutako agiriekin batera aurkeztu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehaztutako edozein erregistrotan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako edozein lekuetan.

4.– Izapidetze elektronikoaren hautua egiten bada ziurtagiri elektronikoa duelako, hurrengo artikuluan zehazten diren dokumentuak erantsi beharko dira, hain justu ere eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoan.

5.– Modalitate bakoitzerako eskabide bakarra aurkeztu ahal izango da.

6.– Eskabideak aurkezteko epea 2019ko irailaren 30ean amaituko da.

10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu eskatzaileak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea adierazten duen administrazio-egoitzaren agiria. Administrazio-egoitza hori 2018ko abenduaren 31 baino lehenagokoa izan behar da.

b) Banketxearen agiria, kontu korronte baten edo aurrezki-libreta baten zenbakia adierazten duena (IBAN barne), bekaren ordainketa egiteko. Eskatzaileak kontu korronte edo aurrezki-libreta horren titularra edo titular-kidea izan behar du.

c) Ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak behar bezala bermatutako lankidetza-proiektu arrazoitua, oinarri hauen 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera.

d) Oinarri hauen 1.1 artikuluan aipatutako ikerketa-talde edo -zentro batean lankidetzan aritzeko onarpen-idatzia, ikerketa-talde edo -zentro hartzaileak berak egindakoa. Onarpen-idatziak ziurtatu behar du lankidetza-proiektua eskatzaileak titulua lortzeko ikasketetako enborreko edo derrigorrezko ikasgaietako batean oinarritua dagoela.

e) 7.1 artikuluaren e) puntuan jasotako dedikazio partzialari buruzko egoeren egiaztagiriak.

2.– Eskatzaileak Euskal Unibertsitate Sistemakoa ez den unibertsitate batean ikasten badu, aurreko puntuan jasotako dokumentazioaz gain, hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Honako hauek jasotzen dituen ikasketa-ziurtagiria: ikasketa-planeko ikasturte kopurua, espedientearen batez besteko nota, egindako ikasgaien izena, lortutako kalifikazioa eta osatzen dituzten kredituen kopurua, bai eta ikasketak amaitzeko gelditzen zaizkion kredituen kopurua.

b) Matrikularen egiaztagiriaren kopia, matrikulatuta dagoen ikasgai edo kredituen kopurua adierazita.

3.– Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari 10 eguneko epea emango zaio zuzenketak egin ditzan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluari jarraituta.

11. artikulua.– Bekak kudeatzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honen bidez arautzen diren bekak.

2.– Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek deialdi honen izapidetze informatikorako behar den informazio akademikoa igorri beharko diote, fitxategi informatiko bidez, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari, eta bermatuko dute bekadun bakoitzari esleitutako lankidetza betetzen dela.

12. artikulua.– Batez besteko nota kalkulatzea.

Espedientearen batez besteko nota kalkulatzeko, arau hauek aplikatuko dira:

a) Batez besteko nota kalkulatzeko, kontuan hartuko dira 2018-2019ko ikasturtean amaitutakoan izandako espediente akademiko osoko notak.

b) Kalifikazio kuantitatiborik ezean, ikasgai bakoitzaren kalifikazioak baliokidetza honen arabera adieraziko dira:

– Ohorezko matrikula = 10 puntu.

– Bikain = 9 puntu.

– Oso ongi = 7,5 puntu.

– Nahikoa edo gai = 5,5 puntu.

– Gutxiegi, ez aurkeztua edo ez da gai = 2,5 puntu.

c) Kredituen arabera egituratuta ez dauden ikasketa-planak badira, batez besteko nota kalkulatzeko, lortutako puntu guztiak batu, eta emaitza irakasgai guztien kopuruaz zatituko da.

d) Kredituen arabera egituratutako ikasketa-planen kasuan, irakasgai bakoitzari aurreko baremoa aplikatzetik ateratzen den puntuazioa haztatu egingo da, irakasgaiak duen kreditu-kopuruaren arabera, hurrengo formularen arabera:

V = PxNCa/NCt

V = irakasgai bakoitzean ateratako notaren haztapenetik datorren balioa.

P = irakasgai bakoitzaren puntuazioa, aurreko ataleko baremoa aplikatuta.

NCa = irakasgaia osatzen duten kredituen kopurua.

NCt = guztira ikasitako kreditu-kopurua; kontuan hartzeko, kredituok konputagarriak izan behar dute.

Formula hori aplikatzetik ateratzen diren balioak batu egingo dira, eta emaitza hori izango da batez besteko azken nota.

e) Atzerriko unibertsitateetako espedienteen batez besteko nota kalkulatzeko, unibertsitateak irakasgai bakoitzerako ezarriko du Espainiako sistema dezimalerako baliokidetza. Horretarako, aintzat hartuko ditu irakasgaia gainditzeko gutxieneko nota eta jatorrizko kalifikazioen kalifikazio handiena, eta zehaztu egingo du Espainiako kalifikazio-sistema dezimalarekiko zer baliokidetza duen.

13. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzorde bat eratuko da, zeinak espedienteak aztertu eta ebazpen-proposamenak egingo baititu. Unibertsitate Ataleko arduraduna izango da batzordeburua; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzako bi teknikari, Unibertsitateetako zuzendariak aukeratutakoak, izango dira bokalak.

14. artikulua.– Ebazpen-proposamena.

1.– Beka horiek norgehiagoka-erregimenean emango dira. Beraz, beka jasotzeko ez da nahikoa izango oinarri hauen 7. artikuluan jasotako baldintzak betetzea. Horrez gain, hurrenkera-zenbaki jakin bat eskuratu beharko da, modalitate bakoitzerako emango diren beka guztien artean eskabidea kokatu ahal izateko.

2.– Hautaketa-batzordeak eskabideak ordenatuko ditu, eta Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren esku jarri du ebazpen-proposamena.

Eskabide bakoitzaren hurrenkera ezartzeko, deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabideak honako irizpide hauei jarraikiz ordenatuko dira:

a) Euskal Unibertsitate Sistemako ikertaldeen kasuan, eskabideak beherantz ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, honako hau aplikatzearen ondoriozko den hurrenkeraren arabera: batez besteko notaren % 80 (12. artikuluan zehaztutakoren arabera kalkulatuta, eta 0tik 100erako eskalara egokituta) gehi ikertaldeek lortutako puntuazioaren % 20, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerei laguntzeko I. eranskinean agertzen den Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren dirulaguntzen deialdiaren arabera.

b) Oinarrizko ikerketa- eta bikaintasun-zentroen (OIBZ), ikerketa sanitarioko institutuen (ISI) eta ikerketa kooperatiboko zentroen (IKZ) kasuan, eskabideak beherantz ordenatuko dira, modalitate bakoitzean, ikaslearen ikasketa-espedientearen batez besteko notaren arabera.

c) Berdinketak gertatuz gero, sarrera-dataren arabera ebatziko dira; eta berdinketak bere horretan jarraitzen badu, zozketaren bidez erabakiko da.

3.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariaren proposamenak hiru zerrenda izango ditu modalitate bakoitzean:

a) Beka esleituta daukaten eskabideen zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu, baita hurrenkera-zenbakia ere.

b) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileen zerrenda. Beka ukatzeko arrazoiak behintzat bildu behar ditu.

c) Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten arren, beka lortzeko hurrenkera-zenbakia lortu ez duten eskabideen zerrenda; eta bertan jaso behar dira lortutako puntu guztiak eta hurrenkera-zenbakia. Zerrenda horrekin, eta haren lehentasun-hurrenkerari jarraituta, ordezkoen zerrenda osatuko da, eta zerrenda horretan jasotakoek ordezkatuko dituzte edozein arrazoi dela eta azkenean dirulaguntza jaso ezin duten pertsonak.

Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak onartu duen ebazpen-proposamenaren jakinarazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/. Horrez gain, Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko da http://www.euskadi.eus/ikasiker-lankidetza-bekak/. Alegazioak aurkezteko 15 egun naturaleko epea hasiko da jakinarazpenaren datatik aurrera.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– Alegazioak aztertu ondoren, behin horiek aurkezteko epea igarota eta ukoak onartuta, hautaketa-batzordeak eskabideak berrordenatu egingo ditu, hala badagokio, aurreko artikuluan zehaztutakoa betez. Sei hilabeteko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak ebazpena emango du, eta prozedura jakinarazi, hautaketa-batzordeak proposatuta.

Ebazpen horrek bi zerrenda edukiko ditu modalitate bakoitzean:

a) Bekaren esleitu zaien eskabideen zerrenda. Lortutako puntuak jasoko ditu, baita hurrenkera-zenbakia ere.

b) Bekaren esleipendun ez diren eskabideen zerrenda. Deialdi honetako beka eskuratzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak jasoko ditu, baita ukatzeko arrazoiak ere. Horretaz gain, deialdi honetan zehaztutako betekizunak betetzen badituzte ere, beka lortu ahal izateko hurrenkera-zenbakia lortu ez duten eskatzaileak jasoko ditu.

Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak onartu duen ebazpenaren jakinarazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da https://euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/erabakiak/. Horrez gain, Hezkuntza Sailaren webgunean ere argitaratuko da: http://www.euskadi.eus/ikasiker-lankidetza-bekak/. Prozedura-ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

2.– Ezarritakoa gorabehera, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzak argitalpenen abisuak bidali ahal izango dizkie interesdunei, dela SMS bidez, dela posta elektroniko bidez. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen-baliorik.

3.– Deialdia ebazteko ezarritako igaro ondoren, interesdunei ez bazaie ebazpenik jakinarazten, beka-eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

16. artikulua.– Bekak ordaintzea.

1.– Bekak emateko ebazpena jakinarazi ostean, honela ordainduko dira:

a) A modalitatea. Bekaren ordainketa bi epetan egingo da. Lehenengo ordainketan bekaren % 67 emango da eta hilabeteko epean egingo da ordainketa hori, ebazpena esleipendunei jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita. Bigarren ordainketan gainerako % 33a emango da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Ziurtapen horrek, agindu honen 8. artikuluan aurreikusita dagoenak, beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

b) B modalitatea. Bekaren zenbatekoa epe bakarrean ordainduko da, lankidetza egin izana egiaztatu ostean, lankidetza amaitu eta hurrengo hilean zehar, eta deialdi honetan eskatutako baldintzen araberakoa dela egiaztatu ostean. Ziurtapen horrek, agindu honen 8. artikuluan ezarrita, beka justifikatzeko ondorioak izango ditu.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik ordainduko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat izapidetzen ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, 13. artikuluan ezartzen duenez, eta azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat.

17. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Bekaren esleipendunak honako betekizun hauek bete beharko ditu, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin bat, 14. artikuluan ezartzen duenez, azken horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartuak, 50 artikuluan xedatutakoari jarraikiz; besteak beste:

a) Dagokion helbururako erabiltzea laguntza; alegia, deialdian ezarritako baldintzen arabera gauzatu behar dute lankidetza.

b) Lankidetza egin izana egiaztatzea, egiaztagiri baten bidez, oinarri hauen 8. artikuluan zehaztutakoari jarraikiz.

c) Lankidetza-aldian, matrikulatuta dagoen ikasketak egitea.

d) Beka honen xede eta helburu berarako, unibertsitate-ikasketak egiteko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik lortzen dituen beka edo laguntzen berri ematea Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari.

e) Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko egiaztatze-jarduerak egitea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiak dirulaguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.

18. artikulua.– Beka kobratzeko eskubidea galtzea eta itzultzea.

1.– Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendariak, espedienteko interesdunaren entzunaldiaren izapidea egin ondoren, emandako beka kobratzeko eskubidea galdu dela edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli behar direla eta aplikagarriak diren interesak itzuli beharko direla adieraziko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluak ezartzen duenez, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuarekin bat, honako kasu hauetan:

a) Helburu jakin bat betetzeko emandako bekaren zenbatekoa ez bada helburu hori betetzeko erabili.

b) Lankidetza egin izana ez badu justifikatu, egiaztagiri baten bidez.

c) Eskatzaileak ezeztatu egiten badu bekarekin egin behar zituen ikasketen matrikula.

d) Emandako beka eta jasotako beste beka edo laguntza batzuk bateragarriak ez direla kreditatu bada.

e) Eskatzaileak datuak ezkutatu edo faltsutu baditu beka jasotzeko.

f) Frogatzen bada beka jaso dutenek ez dutela ezarritako baldintzaren bat betetzen edo ez dituztela baldintza horiek behar bezala egiaztatu.

2.– Espedientearen izapideak egitean ondorioztatzen bada itzuli egin behar direla jasotako zenbatekoak –eta, behar izanez gero, baita haien legezko interesak ere–, ebazpen bat emango da; ebazpen horrek eduki beharreko informazio guztia izango du, dirua itzuli behar dela deklaratzen duen jakinarazpena jasotzen denetik bi hilabeteko epean zenbateko horiek itzultzeko, betiere kontuan izanik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bigarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

3.– Borondatezko epearen barruan dirua itzultzen ez bada, Ogasun eta Ekonomia Sailari jakinaraziko zaio, premiamendu-bidez ekin dezan, indarrean dauden xedapenen arabera.

19. artikulua.– Datu pertsonalak babestea.

Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoari jarraikiz, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzaren 2. zenbakiko fitxategian, «Unibertsitateko Bekak» izenekoan, gordeko dira deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak. Fitxategi hori kontuan hartzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko urriaren 4ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dituenak.

Irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa (ahaztua izateko eskubidea), ezabatzekoa, transferitzekoa, mugatzekoa edo aurka egiteko eskubidea erabili nahi izanez gero, Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Politika eta Koordinazioko Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak diren egiaztatzeko.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala