Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

139. zk., 2019ko uztailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3570

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «LO.01 Loiola Lorategi Hiria» hirigintza-eremuko «a.40.1/LO.01» eta «58-Urbia 23» Villa Garikano lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2019ko apirilaren 25ean, Donostiako Udalak eskabide bat bete zuen, LO.01 «Loiola Lorategi Hiria» hirigintza-eremuko «a.40.1/LO.01» eta «58-Urbia 23» Villa Garikano lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.

Eskabide horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

LO.01 «Loiola Lorategi Hiria» hirigintza-eremuko «a.40.1/LO.01» eta «58-Urbia 23» Villa Garikano lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan xedatzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Administrazio Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– LO.01 «Loiola Lorategi Hiria» hirigintza-eremuko «a.40.1/LO.01» eta «58-Urbia 23» Villa Garikano lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Plan honen xedeko lurzatiak, Urbia 23 helbidea duen eraikina dagoena eta iparraldean horren mugakidea den orubea, «a.40.1/LO.01» lurzatia, gaur egun indarrean den HAPBn (2015eko abendukoan) zehaztutako antolamendu xehatua dute.

Plan honen helburua da indarrean dagoen planteamenduak aipatu lurzatietan eskaintzen dituen eraikuntza-aukerak optimizatzea, elkartuta, eta eraikin bakarrean bilduta bi lurzatietako eraikigarritasuna eta etxebizitza kopuruak. Esku hartuko den lurzoruaren ezaugarri fisikoetara egokituko dira. Horretarako, indarrean den HAPBren zonakatze xehatua aldatuko da, eta, ondorioz, zonakatze xehatu berriaren berezko parametroen aplikazioa.

Proposatzen den eraikin berriak, bizitegi-erabilerako 458 m2-ko (t) sestra gaineko gehieneko hirigintza-eraikigarritasuna izango du, eta erabilera osagarrietarako 95 m2-koa (t). Barnean hartuko ditu egungo Urbia 23 helbidea duen eraikineko bost etxebizitzak eta «a.40.1/LO.01» lurzatitik aterako diren biak.

Elkarketatik aterako den lurzatia, «a.30.7/LO.01», honela kalifikatuko da: «a.30.Bizitegi-erabilerako eraikin irekia».

Planaren xedeko eremua hiri-lurzoruaren izaerakoa da, eta Donostiako Loiola auzoan dago kokatuta. Ez du natura- eta geologia-intereseko elementurik, eta ez dago gune babesturik, ezta kultura-ondasun izendatu diren kultura-ondarearen elementurik ere.

EAEko uholde-arriskuaren kartografiaren arabera, plana aldatuko den esparrua 10 urteko errepikatze-denboretako uholde-eremuen barruan dago, eta lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan ere bai.

Kutsadura akustikoari dagokionez, esan behar da aztergai den esparrua Babes Akustiko Bereziko Eremu aitortu baten barnean dagoela («Hego-mendebaldeko eremua»), eta dagokion Zonako plana egin dela (Urumearen Zonako Plana), EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako edukiarekin.

Horregatik guztiagatik, esan daiteke planaren garapenari loturiko urbanizazio-obrek eragingo dituztela inpaktu adierazgarrienak. Esaterako, «Villa Garikano» eraitsi beharko da, lurzorua induskatu (bizitegi-eraikinak eraikitzeko), esparruak estali eta eraikigarriak ez diren eremuak urbanizatu (oinezkoentzako guneak, aparkalekuak eta berdeguneak). Jarduketa horiek airearen kalitateari erasango diote eta kutsadura akustikoa areagotuko dute planaren jarduketa-esparruaren inguruan.

B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die Planaren bidez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak, eta eraikin berrien energia-kontsumoa minimizatzera bideratutako neurriak txertatuko ditu. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsu batzuk: eremuan ez dagoenez garrantzi berezia duen ingurumen-baliorik, planaren aldaketak ingurumenean izan ditzakeen ondorio nabarmenenak, planifikazio-fasean, eremuaren uholde-arriskuarekin eta egoera akustikoarekin lotuta daude. Uholde-arriskuari dagokionez, aztergai den eremua I. taldeko ES017-GIP-URU-01 Urumea-2 UAPGGren barnean dago. Talde horretakoak dira arrisku oso handiko edo kalte katastrofikoak jasan ditzaketen UAPGGak, gertatzeko aukera gutxi dagoen jazoeretan. Hitzemandako edo jada hasitako obrak dauden UAPGGak eta epe laburrean babestu beharrekoak ere aipatu taldekoak dira. Zehazki, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak, 2015-2021 ziklokoak, 2021era begira hartzen ditu barnean Urumea-2 UAPGGan (ES017-GIP-URU-01) egingo diren jarduketak. Aurreikusi diren neurriekin, 500 urtera luzatuko da errepikatze-denbora lehentasunezko fluxu-eremuan (alegia, jarduketa-eremuan).

Kutsadura akustikoari dagokionez, esan behar da aztergai den esparrua Babes Akustiko Bereziko Eremu aitortu baten barnean dagoela («Hego-mendebaldeko eremua»), eta dagokion Zonako plana egin dela (Urumearen Zonako Plana), EAEko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako edukiarekin. Zonako plan horren arabera, onuragarriak dira aztergai diren lurzatien kanpoaldean eragina duen soinuari buruzko neurriak; fatxadako zaratari dagokionez, azaltzen duen egoera akustikoa zarata-maila onargarrien muga-mugan dago; KAH-ak 1-2 dB-tan (A) gainditzen dira. Planak ez du proposatzen jarduketarik bat ere kutsadura akustikoa hobetzeko aldaketaren xede diren lurzatietan, ezta horien inguruan ere. Horrenbestez, gutxienez eraikinen barnealdeko KAH-ak betetzeko behar diren neurri osagarriak hartu beharko dira.

Bestalde, esan bezala, esparruko antolamenduan egingo diren aldaketei loturiko proiektuen obra-faseko lanetan gertatuko dira ingurumen-inpaktuak. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

2) Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:

Eremuan ez dago ingurumen-babeseko araubideren batez babestutako gunerik (esaterako, Natura 2000 sarea), ezta natura-balio esanguratsuko elementurik ere. Era berean, ez dago kultura-ondasun izendatuta dagoen kultura-ondareko elementurik; hori bai, planaren esparruaren barnean dago toki-mailan interes arkitektonikoa duen eraikin bat, Mi Capricho, zeinaren ezaugarriak kontuan hartuta, hirigintza-planeamenduaren katalogoan egiturazko babesa ematea proposatzen dena.

Beraz, esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, ukitutako eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.

3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Planari loturiko proiektua betetzeko hartu behar diren neurri nagusiak dira honako hauek:

– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurrak kontrolatzea: indusketa-lanetan edo lur-mugimenduetan kutsadura aztarnak agertzen badira lurzoruan, jarduketon arduradunak horien berri eman beharko dio berehala Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, hartu beharreko neurriak eta horiek betearaztera behartuta dauden pertsona fisikoak edo juridikoak zehazteko; horretarako 4/2015 Legearen, ekainaren 25ekoaren, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeari buruzkoaren, 22.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisio arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:

IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen –17. lehentasuna– eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.

Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:

Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.

Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.

Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.

Hondakin solido gutxiago sortzea.

Lurzoruaren okupazioa murriztea.

Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

Ur gris gutxiago sortzea.

Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.

Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.

Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta mugikortasuna hobetzea.

Barneko airearen kalitatea hobetzea.

Konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztu behar da ez dela aurreikusten Donostiako «LO.01 Loiola Lorategi Hiria» hirigintza-eremuko «a.40.1/LO.01» eta «58-Urbia 23» Villa Garikano lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketak eragin nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Donostiako «LO.01 Loiola Lorategi Hiria» hirigintza-eremuko «a.40.1/LO.01» eta «58..Urbia 23» Villa Garikano lurzatien Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren aldaketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 19a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala