Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2019ko uztailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3467

99/2019 DEKRETUA, uztailaren 2koa, zeinaren bidez presako deklaratzen baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia) egiteko behar diren ondasunak eta eskubideak.

2018ko maiatzaren 11n, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren zuzendari orokorrak erabaki zuen teknikoki onartzea «Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)».

2018ko uztailaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak honako hau erabaki zuen: hasiera ematea proiektuan jasotako ondasunak eta eskubideak okupatzeko nahitaezko desjabetzearen espedienteari, betiere ulertuta berekin dakarrela obrak onura publikokoak direla deklaratzea eta lurrak eta eraikinak desjabetu edo zortasuna ezarri beharra dagoela, Plan Hidrologiko Nazionala onartzen duen uztailaren 5eko 10/2001 Legean eta Uraren Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2018ko uztailaren 3an, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, 15 eguneko epean, prentsan, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (143. zk.), Arabako Aldizkari Ofizialean (93. zk.) eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (2018ko uztailaren 13koa, 135. zk.). Halaber, Eusko Jaurlaritzari proiektuak ukitzen dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko presaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Presaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak zehaztuta eta banakatuta daude dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar zen unean, eta sei alegazio aurkeztu ziren, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik; salbuespen hau izan ezik:

Luiaondoko ponpatze-estaziorako lursailen okupazioa, Aiarako udalerrian, eta Amurrioko SAPUI 1 industria-eremuaren barnean dagoen hodiaren trazadura. Izan ere, kasu horietan, indarreko plangintzaren arabera, hirigintzaren aldetiko eragozpen bat dagoela ikusi da desjabetze-espedientearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak presaz okupatu beharrekoak direla deklaratzeko.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luzaezintzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Goi Nerbioiko eskualdea eurrez aztertu da azken hogeita hamar urteetan, helburu hau izanik: eskualdeko hiri- eta industria-isurpenen saneamenduaren eta arazketaren konponbide hoberena definitu ahal izatea, eta konponbidea ematea Nerbioi ibaiaren uren kalitateak duen arazoari. Nerbioi ibaiaren arroaren saneamenduaren eskema-gidatzailea hartzeko prozesuak hamabost urtez gorako eztabaida izan du, behin betiko erabakia hartu arte.

1994ko maiatzaren 31n, lankidetza akordioa sinatu zuten, obra hidraulikoen arloan, Herrilan, Garraio eta Ingurugiro Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio eta Herrilan Sailak.

Aipatutako akordioari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoak honako konpromiso hau hartu zuen: behar diren lursailak Ministerioaren eskura jartzea, Plan Hidrologiko Nazionalaren hainbat urtetarako programak 1994/2000ko denboraldirako jaso dituen lanak egiteko.

Hainbat urtetarako programa horrek jasotako lanen artean Goi Nerbioiko hondakin-uren araztegia zegoen.

2018ko maiatzaren 11n, Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Uraren zuzendari orokorrak erabaki zuen teknikoki onartzea «Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)», hainbat azterlan, plan, proiektu eta tramitazio egin ondoren.

Uraren Euskal Agentziak ordainduko du desjabetze-jarduketaren kostu osoa. Lanen exekuzioa Trantsizio Ekologikoaren Ministerioari dagokio. Alde horretatik, 2018ko maiatzaren 2an argitaratu zen Goi Nerbioiko saneamendu-sarearen lanen adjudikaziorako aurretiko iragarkia.

Eskubideak eta ondasunak presaz okupatzeko adierazpena beharrezkotzat jotzen da, proiektuan aurreikusitako azpiegiturak eraikitzeko; eta, honela, hiriko hondakin-urak tratatzeari buruzko 91/271/EEE Zuzentarauak ezarritako epeak beteko dira. Zuzentarau horrek ezartzen du kide diren estatuek behar diren neurriak hartuko dituztela horrelako urak isuri aurretik behar bezala tratatzen direla berma dadin eta honela isurketa desegokiak saihets daitezen Goi Nerbioin.

Goi Nerbioiren Arazketa Sistemaren isurketak jasoko dituzten kolektoreetako lanak egiteko behar den ondasun eta eskubideen presako okupazioari esker, Aiarako eskualdearen ingurumen-arazoei konponbidea eman ahal izango zaie, eta honek Nerbioi ibaiaren egoera ekologiko egokia berreskuratzea ahalbidetuko du. Bertan, egun, arazketa egokirik gabe egiten dira 35.000 pertsonako biztanleriaren isurketak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasunak eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.

Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 2ko bilkuran gaia aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26. artikuluan xedatutakoari jarraituz, «Nerbioi ibaiaren goi-arroaren saneamendurako kolektore-proiektua, Laudio, Orozko, Aiara eta Amurrio udalerrietan (Araba eta Bizkaia)» egiteko behar diren ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak presaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz izapidetutako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

2. artikulua.– Lehenengo artikuluak adierazitako presaz okupatu beharraren deklaraziotik kanpo uzten dira, ukitutako ondasun eta eskubide hauek: Luiaondoko ponpatze-estaziorako lursailen okupazioa, Aiarako udalerrian, eta Amurrioko SAPUI 1 industria-eremuaren barnean dagoen hodiaren trazadura.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; horrenbestez, honen aurka, aurretiaz berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala