Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

125. zk., 2019ko uztailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
3265

AGINDUA, 2019ko ekainaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateari Gasteizko Izardui Komandantearen kaleko ospitale militar zaharreko etxe-uharteko 3. lurzatia unibertsitateko zerbitzu publikotik kentzeko.

Euskal Herriko Unibertsitateko gerentearen 2019ko apirilaren 11ko Ebazpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari baimena eskatu zitzaion Gasteizko Izardui Komandantearen kaleko ospitale militar zaharreko etxe-uharteko 3. lurzatia unibertsitateko zerbitzu publikotik kentzeko.

Zerbitzu publikotik kendu nahi den eraikina Gasteizko Udalarena zen, zeinak Euskal Herriko Unibertsitateari eman baitzion debalde, lagapenaren xede den higiezinean unibertsitate-egoitza berria ezartzeko baldintzapean. Eta hau horrela izango ez balitz 5 urteko epean, bukatutzat emango litzateke lagapena eta Udalari itzuliko litzaioke.

Euskal Herriko Unibertsitatearen ondarea osatzen duten ondasunen araubideari dagokionez, unibertsitateko legeriak dioena bete behar da. Horrela, indarrean dagoen Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak honela dio: «Unibertsitateek beren zereginak betetzeko atxikitako jabari publikoko ondasunen titulartasuna bere egiten dute, bai eta, gerora, estatuak edo autonomia erkidegoek helburu hauetara beretara bideratutakoak ere. (...) Idatzi-zati honen lehen tartekian aipatutako ondasunak gehiago behar ez direnean unibertsitate-zerbitzua emateko, edo berez unibertsitatearenak ez diren funtzioetarako erabiltzen direnean, jatorrizko Administrazioak itzultzea eska dezake, edo, hori ezinezkoa balitz, itzuli beharreko unean zuen balioa ordaintzea». (80.2 artikuluko lehen eta hirugarren tartekiak). Agindu beraren 3. puntuan honako hau esaten da: «Jabari publikoko ondasunen administrazioa eta antolaketa, bai eta ondare-ondasunena ere, arlo horretako arau orokorrak betez egingo da. (...), higiezinak eta balio bereziko altzarien antolaketa Unibertsitateak erabakiko du, Gizarte Kontseiluaren onarpenarekin, eta Autonomia Erkidegoak arlo horretan dituen arauak betez.»

Ildo horretatik, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 100. artikuluak xedatutakoaren arabera, Gizarte Kontseiluari dagokio ondasunak jabari publikotik kentzeko erabakia hartzea, bai eta ondasun horietaz xedatzeko erabakia hartzea ere; horretarako, ordea, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak baimena eman behar du aldez aurretik.

Bestalde, aplikatu beharreko autonomia-arautegia Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko apirilaren 25eko 3/2004 Legea da, eta Euskadiko Ondareari buruzko azaroaren 17ko 5/2006 Legea ordezten duen Euskadiko Ondare Legearen testu bategina, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua. Apirilaren 25eko 3/2004 Legearen 100. artikuluak honela dio:

1.– Ondarea eskuratu, zerbaitetarako izendatu eta kudeatzeari dagokiona arau hauen pean egongo da: lege hau eta unibertsitateen gaineko oinarrizko legeria, Euskadiko Ondarearen Legea, administrazio publikoen ondarea arautzen duen araudia eta unibertsitatearen estatutu eta aplikatzekoak diren gainerako barne-arauak.

2.– Unibertsitate publikoaren ondasunak eta eskubideak, zerbitzu publikoari atxikiak daudenak, jabari publikoko ondasunak direla joko da. (...).

3.– Gizarte Kontseiluari dagokio ondasunak jabari publikotik kentzeko erabakia hartzea, bai eta ondasun horietaz xedatzeko erabakia hartzea ere; horretarako, ordea, unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak baimena eman behar du aldez aurretik. Ondasun horietaz xedatuta ateratzen den etekina Gizarte Kontseiluak erabakiko du zertarako erabili behar den.

4.– Euskal unibertsitate-sistemaren zerbitzu publikoari atxikita ez dauden ondasun eta eskubideak ondare-ondasunak direla joko da. Halako ondasunak eskuratu, kudeatu eta horietaz xedatzeko egintzak administrazio publikoei ezartzekoa den araudiaren pean egongo dira; orobat, ondasun horiek eskuratu eta horietaz xedatzeko eskumena duten unibertsitate-organoek jarraitu beharreko prozeduraren eta gehienezko mugen gainean Gizarte Kontseiluak araudi horren esparruan erabakitakoaren pean.

Azkenik, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak –Euskadiko Ondarearen Legearen Testu Bategina onartzen duenak– dioenez, oro har, edozein titulurengatik Euskal Herriko Unibertsitatearenak diren edo hari esleitzen zaizkion ondasunak eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko ondarearen barruan daude, eta Euskadiko Ondarearen Legeak eta haren xedapen osagarriek edo garapeneko xedapenek diotena bete behar dute.

Unibertsitatearen ondare-araubidearen berezitasuna aitortzen da 6.1 artikuluan, bosgarren xedapen gehigarriaren arabera Euskal Herriko Unibertsitatea baita ondare horren titularra. Hona hemen bi agindu horiek:

«6. artikulua.– Titulartasuna.

1.– Euskadiko ondare barruan baldin badaude, ondasun higiezinen jabetza, higiezinen eskubide errealen eta errentamendu-eskubideen titulartasuna eta gorputzik gabeko jabetza-eskubideen titulartasuna Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokio, horien erabiltzaile, sortzaile edo eskuratzaile edozein erakunde dela ere. Bi salbuespen daude: (...) Euskal Herriko Unibertsitatea dela-eta bosgarren xedapen gehigarriak dakarrena.

2.– Gainerako ondasun eta eskubideen jabetza eta titulartasuna, berriz, eskuratu dituen pertsona juridikoarena izango da.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Euskal Herriko Unibertsitatea.

1.– Euskal Herriko Unibertsitatearen ondarea, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren XI. tituluan ezarritakoa, eta, horren aurka ez badago, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legean, lege honetan eta lege horiek osatzen eta garatzen dituzten arauetan ezarritakoak arautuko dute. Alabaina, Gobernu Kontseiluari eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko organoei esleitutako eskumenak, unibertsitate-estatutuek finkatzen dituzten organoen esku daudela ulertuko da.

2.– Euskadiko ondaretik jabari publikoko ondasunen titulartasuna unibertsitateari eskualdatzea dekretu bidez egingo da, eta ondasunek jatorrizko kalifikazio juridikoa izango dute.»

Beraz, Euskal Herriko Unibertsitatea Administrazio Orokorraz besteko erakundea denez, bere ondarea baitu eta ez baitago haren barruan, bere ondasun edo eskubideren baten beharrik ez balego, 7.1 artikulua aplikatuko da. Hain zuzen ere:

«7. artikulua.– Administrazio Orokorraz besteko erakundeen ondasunen titulartasuna, beharrezkoak ez dituztenean edo erakundea azkendu eta gero.

1.– Dena delako organismoaren edo erakundearen helburuak betetzeko behar ez badira, Administrazio Orokorraz besteko erakundeen titulartasunpeko ondasunak eta eskubideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasunpeko bihurtuko dira, kasu hauetan izan ezik (salbuespen horietan, organismo edo erakunde titular horrek alferreko ondasun edo eskubide horren jabetza besterentzeko ahalmena izango du):

a) Dena delako organismoa edo erakundea sortzeko arauan bestelakorik baldin badator aginduta edo besterentzeko ahalmenik baldin badu aitorturik.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean ondarearen inguruko eskumenak dituen sailak uste badu ez dela egokia ondasun edo eskubide horiek berera ekartzea.»

Dena delako zerbitzuak emateko orduan ondasunen edo eskubideen beharrik ez egotea da zerbitzu hori kentzeko oinarria. Beraz, aipatutako agindua nahitaez bete behar da kasu honetan, unibertsitate-zerbitzu publikorako erabiltzen ez den ondasun higiezina denez.

Ildo horretan, aipatutako aginduaren arabera kasu hauetan ondasunen eta eskubideen titulartasuna Administrazio Orokorrera igaro behar den arren, a) idatzi-zatiko salbuespenak errespetatu egiten du unibertsitateak zerbitzua kentzeko eta antolatzeko dituen ahalmenak, Euskal Unibertsitate Sistemaren apirilaren 25eko 3/2004 Legearen 100. artikuluan xedatuak.

Horregatik guztiarengatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari ematen dizkion eskumenez baliatuz,

BAIMENA EMATEN DUT:

Lehenengoa.– Gasteizko Izardui Komandantearen kaleko ospitale militar zaharreko etxe-uharteko 3. lurzatia unibertsitateko zerbitzu publikotik kentzeko eta Euskal Herriko Unibertsitatearen esku uzteko, Gizarte Kontseiluak dagozkion erabakiak har ditzan. Finka hori Izardui Komandantearen kalean dago kokatuta. Gasteizko 5 zenbakiko Jabetza Erregistroko inskripzioaren arabera: finka-zenbakia: 22472; liburukia: 4282; liburua: 611; liburua: 177. orrialdea.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala