Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

123. zk., 2019ko uztailaren 1a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
3227

AGINDUA, 2019ko ekainaren 18koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira 2019ko ekitaldirako paisaien ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak eta iragartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako dirulaguntzak emateko deialdia.

Paisaiaren Europako Hitzarmenak, zeina Florentzian egin baitzen 2000. urtean, honela definitu zuen paisaia: «lurraldearen edozein zati, biztanleriak hautematen duen moduan, zeinaren izaera natur edota giza faktoreen ekintzaren eta elkarreraginaren emaitza baita». Paisaia gai garrantzitsua da kulturaren, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren esparruan, kontuan hartuta «Europako natur eta kultur ondarearen funtsezko osagaia dela eta gizakien ongizatea eta europar identitatea bermatzeko mesedegarria dela», hiri- nahiz landa-inguruneetan, eskualde narriatu nahiz kalitate handikoetan, aparteko edertasunagatik ospetsu diren eremuetan nahiz arruntagoetan. Paisaia, beraz, lurraldearen funtsezko alderdi bat da, eta, ondorioz, funtsezko atal bat lurraldea antolatzean.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren helburua da paisaia lurralde-ordenamenduan sartzea, paisaiaren dimentsioa esplizituago eginez lurraldean eragina duen elementu gisa, eta barne hartuz lurraldean eragina duten eta Administrazio Publikoei euren eskumenak betez garatzea dagokien ekintzen koordinazioa ziurtatzeko behar diren irizpideak eta prozedurak. Paisaiaren ekintza-planak daude aipatutako dekretuaren 3. artikuluan jasotzen diren paisaia babesteko, kudeatzeko eta ordenatzeko tresnen artean, eta, 6. artikuluaren arabera, aldiz, kudeaketa-tresnak dira planok, eta paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko jardueren arloan egin beharreko ekintzak zehazten dituzte, paisaiaren katalogoetan eta paisaiaren zehaztapenetan oinarrituta.

2019ko ekitaldirako aurrekontu-luzapenean ere, paisaia udal-ekintzaren arloetan txertatzea jaso da lurraldea antolatzeko programako helburuen artean. Helburu hori lortzeko, aurreko ekitaldietan esleitutako paisaiaren ekintza-planak bete behar dira eta dirulaguntzei buruzko beste agindu bat izapidetu behar da. Paisaia desberdinei balioa ematea da asmoa, baina, aurreko deialdian bezala, balio handiagoa emango zaie antolatzea behar duten eskualde narriatu eta degradatuetan kokaturiko planei, eta, bereziki, XX. mendeko bizitegi- eta industria-garapenetan kokaturikoei.

Bestalde, aipatzekoa da dirulaguntza horiek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartu zen 2018-2020 aldiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota daudela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan eskatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Zehazki, 2. helburu estrategiko honetan jasotzen dira: Paisaiari balioa ematea, «Sozialki kohesionatua, orekatua eta jasangarria den lurraldea sustatzea» ardatz estrategikoarena.

Azkenik, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 13.2 artikuluaren b) letraren arabera, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari dagokio paisaiaren antolamendua eta babesa sustatzea, lurralde-antolamenduaren tresnen alorrean. Horretaz gainera, honako lege-xedapen hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta dirulaguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenak; honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da paisaiaren ekintza-planak prestatzeko oinarri arautzaileak ezartzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalentzako eta Arabako udalerrien kontzejuentzako dirulaguntzak emateko deialdia iragartzea. Lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira dirulaguntzok.

2.– Diruz lagunduko dira entitate onuradunek paisaiaren ekintza-plana egingo duen kanpoko taldea kontratatzearen ondorioz sortzen diren gastuak.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen paisaiaren ekintza-planen gutxieneko betekizunak.

1.– Paisaiaren ekintza-planak (PEP) paisaia kudeatzeko eta antolatzeko esku-hartze tresna modura eratzen dira. Lurralde-eremu jakin batera mugatuko dute jarduera, eta lurralde-arloko helburu eta ekintza zehatzak izango dituzte.

2.– Ekintza-planek eduki hauek izango dituzte, gutxienez:

a) Paisaiaren arazo eta gatazka zehatzen identifikazioa.

b) Planaren eremuaren mugapen grafikoa.

c) Diagnostikoa. Paisaiaren eta paisaia-dinamiken analisia.

d) Lortu nahi diren paisaia-kalitatearen helburuak eta espero diren onurak (sozialak, kulturalak, paisaia-arlokoak, etab.).

e) Jardun-programa. Jarritako helburuak eta onurak bermatzeko behar diren ekintza zehatzen deskribapen literario eta grafikoa. Jarduketen kronograma globala eta haien kostu aurreikusia.

3.– Irizpide hauetako baten edo batzuen arabera esku hartu beharko dute paisaiaren ekintza-planek:

a) Antolatu beharra duen narriadura- edo degradazio-egoeragatik:

a.1.– XX. mendeko bizitegi-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).

a.2.– XX. mendeko industria-garapenak (paisaia-irudia, fatxadak hobetzeko ordenantzak, urbanizazio-baldintzak, eraikitzeko baldintzak, bestelako garapenekiko harremana, arintze-eremuak...).

a.3.– Hiri-landaren trantsizioko aldirietako lurraldeak, hiri-ertz, ibai eta itsasbazterreko lurraldeak (hiri-, ibai- eta itsas fatxadak).

a.4.– Azpiegiturek eragindako eremuak (komunikazio-bideak, telekomunikazioak, antenak, haize-parkeak...).

b) Babestu beharra duten paisaia-balio zehatzengatik:

b.1.– Hiri- eta natura-izaerakoa. Paisaia arraro edo mehatxatu gisa duen berezitasun, hauskortasun edo adierazgarritasunagatik (hiri-silueta, mendien gailur-lerroa, begiratoki diskordanteak...).

b.2.– Bisuala. Herritarren begien bistan dauden guneak izateagatik (lurraldearen goialdeak, atzeko planoak, begiratokiak, mugikortasuna eta interesguneen interkonexioa).

b.3.– Kulturala. Eremu funtzionalaren ezaugarri funtsezkoak izateagatik (sinboloak, irudi adierazgarriak, berariazko nortasun-elementuak).

4.– Nolanahi ere, eragile publiko zein pribatuen eta eraginpeko herritarren parte-hartzea ziurtatu beharko da paisaiaren ekintza-planak lantzeko prozesuan.

5.– Diruz lagunduko den jardueraren barruan egiten diren lanak 2019ko ekitaldian hasi beharko dira, eta lan horien ondorioz sortzen diren gastuak gauzatzeko epemuga 2020ko azaroaren 15a izango da.

3. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikoa honako hauen bidez arautzen da: Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez, eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez. Horretaz gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea ere aplikatu behar zaio izapidetze elektronikoari.

3.– Erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak euskadi.eus-en egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/1029704

Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1029704

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak bide elektronikoz egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko udalek eta Arabako udalerrien kontzejuek, baina udal eta kontzeju bakoitzak eskaera bakarra aurkeztu ahal izango du, eta paisaiaren ekintza-plan bakar bati egin beharko diote erreferentzia. Udal edo kontzeju batek bi eskabide edo gehiago aurkezten baditu, sarrera-erregistroaren arabera lehenik aurkezten duena baino ez da kontuan hartuko, eta baztertu egingo dira gainerakoak.

2.– Arabako udalei eta kontzejuei dagokienez, paisaiaren ekintza-planaren xedea ezingo da bat etorri; horrenbestez, hori gertatzen bada, puntu gehien lortzen duen proiektuak baino ez du dirulaguntzarik jasoko, betiere agindu honen 9. artikuluan aurreikusitako balorazioari jarraikiz.

3.– Ezin dira onuradun izan aurreko hiru ekitaldietan dirulaguntza jaso duten erakundeak, ez badiote berariaz uko egin.

5. artikulua.– Erakunde onuradunen baldintzak.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren entitate autonomoek emandako mota bereko laguntzei edo dirulaguntzei lotuta izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozedura.

2.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskatzeko, entitate eskatzaileek ezingo dute izan dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.

3.– Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan aurreikusten diren egoeraren baten eraginpean daudenek. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. zenbakitik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

6. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendariari dagokio agindu honen arabera emandako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluaren 3. zenbakian ezarritako printzipioei egokitu beharko zaizkie.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: tokia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratzen denetik hasita.

2.– Eskabideak baliabide elektronikoen bitartez aurkeztuko dira, euskadi.eus egoitza elektronikoan:

Gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/paisaje/2019/web01-tramite/es

Euskaraz: http://www.euskadi.eus/paisaia/2019/web01-tramite/eu

3.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz, nahi bezala, aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

4.– Aurkeztu beharreko dokumentazioan honako atal hauek jasoko dira:

a) Ekintza-planaren proiektua.

– Proiektuaren azalpen-memoria, eremuaren arazoa argi eta garbi azalduta, eta proposamena 2.3 artikuluan zehaztutako irizpideetara egokitzen dela dioen justifikazioa barne dela (horietako zeini eragiten zaion adieraziko da).

– Ekintza-planaren bidezko esku-hartzearekin lortu nahi den paisaia-kalitatearen onura eta helburu orokor eta espezifikoen gaineko memoria, baita egin beharreko ekintza zehatzak eta lehentasunezkoak ere.

– Paisaiaren planaren prestaketa-prozesuko parte-hartze eta genero-metodologia.

b) Ekintza-plana idazteko egutegia.

c) Ekintza-plana idazteagatiko ordainsarien aurrekontua, BEZa xehatuta.

5.– Horrez gain, betebehar eta egoera hauek egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena erantsiko zaio eskabideari:

a) Jakinaraztea ea eskatu den eta, hala badagokio, ea eskuratu den helburu berarekin beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk emandako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo beste baliabiderik.

b) Entitate eskatzailea ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.2 artikuluan ezartzen diren legezko debekurik.

c) Eskaera egitean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

Eskaerak berekin dakar baimena, organo kudeatzaileak ofizioz eta behar bestetan egiaztatu dezan dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituztela.

Erakunde eskatzaileak eskabidean berariaz adierazten badu ez duela ematen baimenik ofizioz egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen, organo eskudunek egindako ziurtagiri administratibo positiboen bidez egiaztatu beharko du.

d) Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak izatea.

6.– Erakunde eskatzaileek eskabidearekin batera eman beharreko erantzukizunpeko adierazpenean adieraziko dute ez daudela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko edo bukatzeko dagoen inongo itzultze- edo zigor-prozeduratan. Prozedura horietako batean baldin badago, zehaztu egin beharko du zeinetan.

8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo dokumenturen bat falta dela ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 egun balioduneko epea emango, akatsa zuzendu dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

Akatsak zuzentzeko betebeharra bide elektronikoz jakinaraziko da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalera jo behar da.

Jakinarazpena egindakotzat joko da, interesdunak jaso izana elektronikoki izenpetzen duenean. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela edukira sartzea.

Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak jasotzaileei jakinarazpenen abisuak igorriko dizkie SMS edo posta elektronikoko mezuen bidez, eskabidean adierazitako telefonoetara edo posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek inoiz ez dira jakinarazpentzat hartuko.

9. artikulua.– Balioespen-epaimahaia eta esleipen-irizpideak.

1.– Balorazio-epaimahai bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta egiaztatzeko, honela osatuko dena:

a) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako titularra, zeina mahaiburu izango baita.

b) Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzako Lurraldearen Antolamendurako eta Plangintzarako Zerbitzuko buruzagitzaren titularra.

c) Zuzendaritza horretako arlo teknikoko arkitekto bat, zeinak idazkari jardungo baitu.

2.– Abstentzio-eskubidea eta errekusatze-eskubidea bermatze aldera, eskatzaileei balorazio-epaimahaiko kideak nortzuk diren jakinaraziko zaie bitarteko elektronikoetatik, mahaia eratzen denean.

3.– Epaimahaiak bere proposamena igorriko dio Lurralde Plangintzaren sailburuordeari, baina lehenago eskabide bakoitza aztertu eta egiaztatuko du jarraian zehaztutako esleipen-irizpideen arabera. Gehieneko puntuazio hau izango dute:

a) Aurkeztutako ekintza-plana 2.3 artikuluan ezarritako irizpideei egokitzea – 6 puntu.

Horretarako, lehentasuna izango dute aipatutako artikuluan zehazten diren ordena berean:

– Gehienez 6 puntu a.1) irizpidearentzat.

– Gehienez 6 puntu a.2) irizpidearentzat.

– Gehienez 3 puntu a.3) irizpidearentzat.

– Gehienez 2 puntu a.4) irizpidearentzat.

– Gehienez 2 puntu b.1) irizpidearentzat.

– Gehienez 2 puntu b.2) irizpidearentzat.

– Gehienez 2 puntu b.3) irizpidearentzat.

b) Ekintza-planaren bidez lortu beharreko helburuak, eta adierazitako arazoak konpontzeko proposatutako ekintzak. Inpaktua eta izan daitekeen paisaia-hobekuntza: 2 puntu.

c) Eragile publiko zein pribatuen eta herritarren parte-hartze prozesua diseinatzea. Proposatutako metodologiaren kalitatea eta jardun-eremura egokitzen den: 2 puntu.

4.– Proposamenak lehentasunak ezarriko ditu diruz lagundu nahi diren eskabideen artean, aurreko atalean zehaztutako irizpideetarako ezarritako puntuazioaren arabera. Honako hauek adieraziko ditu: onuradun proposatutako udal edo kontzejua; diruz lagunduko den proiektua, eta proposatutako zenbatekoa –aurrekontu-kreditua amaitu arte–. Halaber, ezetsiko dituen eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere jasoko ditu.

5.– Puntuazioan berdinketa gertatuz gero, 2. artikuluko 3. apartatuan ezarritako ordenaren arabera puntu gehien lortu duenaren alde hautsiko da.

6.– Ez dira diruz lagunduko balorazio orokorrean 5 puntu baino gutxiago jaso duten eskabideak.

10. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

Balorazio-epaimahaiaren proposamena ikusi ondoren, Lurralde Plangintzako sailburuordeak ebazpena eman eta jakinaraziko du hiru hileko gehieneko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera. Balorazio-fasean erdietsitako puntuazioaren arabera esleituko ditu dirulaguntzak ebazpen horrek, handienetik txikienera, harik eta aurrekontu-zuzkidura agortzen den arte; orduan, gainerako eskabideak ukatuko ditu, eta dirulaguntza jasoko duten udal edo kontzejuak, diruz lagundutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zein diren adieraziko. Ukatutako eskabideen kasuan, ukatze horren arrazoiak ere adieraziko ditu. Aipatutako ebazpena jakinarazteko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara; era berean, horren berri emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuko da.

2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.

3.– Gehieneko epea inolako ebazpenik jakinarazi gabe bukatzen bada, laguntza-eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute entitate interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

11. artikulua.– Erakunde onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du (agindu honetako 10.1 artikuluarekin bat etorriz egingo da jakinarazpena).

b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari beren eginkizunetan eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen karietara jasotako dirulaguntzei buruz.

d) Laguntza hauek kudeatzen dituen zuzendaritzari jakitera ematea edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntza edo laguntzak lortu izana, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta laguntzaren zenbatekoa zein diren; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izaten denetik aurrera.

d) Egindako paisaiaren ekintza-planak publikotasuna adierazi beharko du; hau da, dokumentuan bertan berariaz adierazi beharko du finantzaketa publikoa dela, eta jasota izan behar du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza daukala; jarduerarako karteletan eta testuetan sail horren logo ofiziala agertu behar da, Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

f) 2.2 artikuluan aipatzen den ekintza-plana 2.5 artikuluan ezarritako data baino lehenago aurkeztea.

12. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatzen bada, eta, edonola ere, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.

13. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Baldin eta zerbitzu-sarien behin betiko kostua txikiagoa bada laguntza ematean aurreikusitako aurrekontuan jasotakoa baino, proportzioan murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta, orduan, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriaren gainean aplikatuko da.

14. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultze-prozedura.

Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du erakunde onuradunak baldin eta dirulaguntza eskatu eta eman zitzaion xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzari dagokion jarduera egiten ez badu, dirulaguntza intereseko xedeetarako erabili duela justifikatzen ez badu, edo, oro har, ez baditu betetzen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean ezarrita dauden betebeharrak. Hala badagokio, jaso duen diru-zenbatekoa itzuli egin beharko du, sortutako legezko berandutze-interesekin batera, dirulaguntzen arloan aplikagarri denaren arabera, eta, dirua itzultzeko, horretarako ezartzen den prozedurari jarraituko zaio.

15. artikulua.– Diruz lagun daitekeen gehieneko aurrekontua.

Paisaiaren ekintza-planak idazteko zerbitzu-sarien % 90 lagunduko da diruz, planeko 30.000 euro gehienez, dagoen aurrekontu-kreditua agortu arte, betiere. BEZa edo bestelako zergak ez dira inola ere diruz lagunduko.

2.– Diruz laguntzekoak diren gastu guztiei aplikatuko zaie Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua.

16. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honen bidezko deialdiko dirulaguntzak bateratu daitezke beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako egindako deialdietako bestelako dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta bestelako sarrera edo baliabide batzuekin, baldin eta laguntza horien xede den jarduerarako jasotzen diren laguntza guztiek gainfinantzaketarik eragiten ez badute. Kasu horretan, gehiegizko kopuru hori kenduko zaio deialdi honen bidez emandako laguntzari.

17. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Orotara, 300.000 euro bideratuko dira dirulaguntzak emateko; horietatik, 100.000 euro 2019. urteari dagozkio, eta 200.000 euro 2020.ari.

18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

Udal eta kontzeju onuradunek justifikatu egin beharko dute jasotako dirulaguntza, ezartzen diren datak baino lehen, dokumentazio hau aurkeztuta egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» atalean.

a) 2019ko azaroaren 15era bitartean:

– Diagnostiko-dokumentua, agindu honen 2.2 artikuluan aipatzen dena.

b) 2020ko azaroaren 15era bitartean:

– Paisaiaren ekintza-plana, agindu honen 2. artikuluan aipatzen dena.

– Ordaindutako zerbitzu-sarien ziurtagiria, udal-idazkariak emandakoa, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30.4 artikuluan jasotako baldintzen egiaztagiria.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Emandako dirulaguntza bitan ordainduko da, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzaren titularraren ebazpen bidez, zuzendaritza horretako zerbitzu teknikoek agiriak agindu honen 2. artikuluan eskatutako edukira egokitzen direla egiaztatu ondoren. Honako hau izango da ordainketaren egutegia:

– Lehen ordainketa, emandako dirulaguntzaren herena, 18.a) artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu ondoren.

– Bigarren ordainketa, azkena, emandako dirulaguntzatik jasotzeko dagoen zenbatekoari dagokiona, dirulaguntza justifikatu ondoren; horretarako, 18.b) artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko da.

2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez baditu edo itzulketa-ebazpen batek adierazita zordun bada.

20. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 18a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA
DOKUMENTAZIO TEKNIKOA IDAZTEKO GOMENDIOAK

1.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar den ekintza-planak, ahal dela, gehienez 10 orri (DIN A-4) izango ditu dokumentazio idatzirako, 5 orri argazkietarako eta 5 plano grafikoetarako. 7.4.a) artikuluan adierazitako gutxieneko edukian, jarduera-eremua, arazoak eta lortu beharreko helburu nagusia zehaztuko dira. Era berean, plana egiteko prozesuan, parte-hartze eta genero-metodologiak bat egingo du udalerriaren tamainarekin eta motarekin.

2.– Paisaiaren ekintza-planaren diagnostikoan, paisaiaren analisia eta paisaiaren dinamikak jasoko dira. Erreferentzia gisa, honako eduki hau jasotzea proposatzen da:

a) Planaren esparruaren mugapen grafikoa (paisaiaren ikuspuntutik justifikatu beharko da). Azterketaren eskala, ahal dela, ez da izango 1:1.000 baino handiagoa.

b) Paisaiarekin lotutako arazo eta gatazka zehatzen identifikazioa, gaur egungo egoera eta paisaiaren ezaugarriak eta dinamika aztertuz, baita eragiten dion araudiaren azterlana ere. Azalpena laburra izatea eta argazkiak edo planoak gehitzea gomendatzen da.

c) Parte-hartze publikoa a) eta b) atalei gehitu ahal izango zaie, edo, bestela, memoria bat erantsi ahal izango da, honako hauek azalduta: parte-hartzearen metodologia eta egitura; parte-hartzearen eta planaren egutegien arteko erlazioa; parte-hartzaileek paisaiari buruz egiten duten balorazioa; genero-ikuspegia; eta fase honetan egindako ekarpenak.

3.– Paisaiaren ekintza-planean (gutxieneko edukia 2.2 artikuluan dago jasota), proposamenak, ekintzak eta kokalekua zehaztuko dira, diagnostikoan oinarrituta. Plana kudeaketa-dokumentu bat izango da. Ahal dela, gehienez 10 orri (DIN-A4) izango ditu dokumentazio idatzirako eta 25 plano dokumentazio grafikorako. Erreferentzia gisa, honako hau jasotzea proposatzen da:

a) Diagnostikoaren laburpena, non egindako analisiaren ondorioak azalduko baitira.

b) Bete nahi diren paisaia-kalitatearen helburuak eta lortzea espero den onurak, diagnostikoan azterturiko alderdiekin duten lotura azalduz. Jarduketen ondorengo etorkizuneko agertoki bat proposatuko da.

c) Ekintza-programa. Lortu nahi diren helburuak eta onurak bermatzeko behar diren ekintza espezifikoen deskribapen idatzia eta grafikoa egingo da, eta halaber zehaztuko dira haien lehentasuna, jarduketen kronograma globala eta kostu zenbatetsia, tartean diren organismoak, finantzaketaren eta dirulaguntzen lerroak. Horrez gain, ezarritako helburuak betetzeko jarraipen-adierazleak proposatuko dira.

d) Informazio hori guztia labur jasotzen duten fitxak, aldez aurretik gauzatu diren antzeko esperientzien irudiekin batera, erreferentzia modura.

e) Parte-hartze publikoari dagokionez, sortutako ekarpenak eta antolatutako jarduerak azalduko dira.


Azterketa dokumentala