Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

122. zk., 2019ko ekainaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
3209

AGINDUA, 2019ko ekainaren 14koa, Osasuneko sailburuarena, Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean farmazia-bulego bat sortzeko prozedurari hasiera eman zaiola iragartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ordenazio Farmazeutikoari buruzko ekainaren 17ko 11/1994 Legearen 34.1 artikuluan ezartzen denez, farmazia-bulego berriak irekitzeko deialdia edo, hala bada, deialdi hori bidezko ez dela aditzera ematen duen iragarpena urte bakoitzeko lehen seihilekoan egingo da, biztanleen udal-errolda berrikustetik ateratako datuak izan ondoren.

Horrela, Osasuneko sailburuaren 2018ko maiatzaren 22ko Aginduaren bidez, Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean, 2018. urterako, farmazia-bulego berri bat jartzea bidezkoa zela iragarri zen. Halere, une horretan ezin izan zen zehaztu botika berria non jarriko zen; izan ere, eremu horiek zehazteko, 2018ko urtarrilaren 11ko Aginduaren bidez iragarritako beste prozedura bat burutu behar zen. Horrela, bada, prozedura hori amaitu ostean eta farmazia koka daitekeen osasun-eremuak zeintzuk diren jakinda, bidezkoa da farmazia hori sortzeko prozedurari hasiera ematea.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1.– Deialdia egiten da Vitoria-Gasteizko farmazia-eskualdean beste farmazia-bulego bat sortzeko, farmazia-bulegoak sortzea, lekuz aldatzea, ixtea eta jardunean jartzea arautzen duen ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuan xedatutakoarekin bat (otsailaren 3ko 24/2004 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori).

2.– 11/1994 Legearen 13. artikuluan xedatutako irizpideekin eta 2018ko biztanleriaren datuekin bat, deialdiko farmazia-bulegoa honako hiru osasun-barruti hauetakoren batean kokatu beharko da:

1.1.02 – Aranbizkarra II.

1.1.09 – Lakua-Arriaga.

1.1.12 – Ariznabarra-Ajuria-San Martin.

3.– Farmazia-bulegoaren titulartasuna lortzeko eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, hilabetekoa izango da.

4.– Aipatuta eskabideak ekainaren 27ko 338/1995 Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako agiriak erantsita aurkeztu beharko dira, 24/2004 Dekretuak emandako idazkeran.

5.– Eskabideak eta erantsitako agiriak bitarteko elektronikoen bidez edo modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira.

Eskabideak aurkeztu eta izapidetzeko, Osasun Sailak web-helbide hauek prestatu ditu:

ES: http://www.euskadi.eus/2019/concurso-farmacias-vitoria-gasteiz/web01-a2farma/es/

EU: http://www.euskadi.eus/2019/farmazia-lehiaketa-vitoria-gasteiz/web01-a2farma/eu/

Eskabideak modu presentzialean aurkezteko lekuak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoez gain) hauek izango dira:

– Osasun Saila.

Donostia-San Sebastián kalea, 1.

01010 Vitoria-Gasteiz.

– Arabako Lurralde Ordezkaritza.

Olagibel kalea, 38.

01004 Vitoria-Gasteiz.

– Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza.

Antso Jakitunaren kalea, 35.

20010 Donostia.

– Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza.

Errekalde zumarkalea, 39.

48008 Bilbao.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 14a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala