Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

117. zk., 2019ko ekainaren 21a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
3050

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 6koa, Joko eta Ikuskizunen zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita zezenketa-abelburuei post-mortem ausazko analisiak egitea 2019ko zezenketa-denboraldian.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, bere eskumenen esparruan, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren ikuskizunen osotasuna zaindu eta ikusleen eskubideak defendatu behar ditu.

Bigarrena.– Zezenketa-gaien Euskal Batzorde Aholku-emaileak, zezen-ikuskizunei buruzko kontsulta- eta aholkularitza-organoa den aldetik, 2015eko otsailaren 25eko ohiko bileran eztabaidatu zuen komenigarria izango ote zen zezenketa-abelburuei post-mortem ausazko analisiak egitea, ikuskizunaren osotasuna zaindu eta haren kalitatea hobetze aldera.

Hirugarrena.– Aurreko zezenketa-denboraldiko emaitzak ikusita, kontuan harturik ikuskizun mota hauetan ikusleen eskubideen errespetua bermatu behar dela eta ikuskizuna bera zorrotz egiten saiatu behar dela, komeni da 2019ko zezenketa-denboraldian administrazio-kontrol berdinak egitea.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Jendaurreko ikuskizunei eta jolas-jarduerei buruzko abenduaren 23ko 10/2015 Legearen 8.b) artikuluak honela dio: «...honako eskubide hauek izango dituzte ikuskizunen eta jolas-jardueren ikusleek: a) ...., b) Ikuskizuna ikusteko eskubidea edo jolas-jardueran parte hartzekoa; horiek guztiak, gainera, osorik eta enpresak iragarritako moduan eta baldintzetan jasotzeko eskubidea.»

Bigarrena.– Euskadiko zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 55.10 artikuluak ezartzen du, ikuskaritza eta kontrolari dagokienez, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak post mortem ausazko azterketak agindu litzakeela; 57.10 artikuluan aukera ematen du ausazko azterketak pikatzeko zaldiei ere egiteko. Hau da, Euskadiko zezen-ikuskizunei buruzko Araudiak ahalmena ematen dio Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, berariaz, horrelako analisiak egin daitezela agintzeko. Ausazko lagin horiek hartzeak ez ditu kaltetzen ikuskizunaren presidenteak erregelamendu bidez ezarrita dituen ahalmenak.

Agindu horiek eta aplikatu beharreko gainerako araudia ikusita, Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuak aitortzen dizkidan eskuduntzez baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ausaz laginak hartzea 2019ko zezenketa-denboraldian Euskadiko lehenengo mailaren zezen-plazetan toreatzen diren abelburu batzuei. Laginak hartu ondoko post mortem analisiek ikuskaritza eta kontrola egitea izango dute helburu.

Bigarrena.– Laginak hartu eta, gero, aztertu egin behar dira, Euskadiko zezen-ikuskizunei buruzko Araudiaren 55. artikuluaren 4. eta 5. ataletan ezarritakoa eragotzi gabe.

Hirugarrena.– Ebazpen honek ezartzen dituen ausazko laginak hartzeko orduan, zehaztapen hauek kontuan hartu behar dira:

1.– 2019. urtean Euskadiko lehenengo mailaren zezen-plazetan egiten den zezenketa bakoitzean toreatuko diren abelburuetako bakar bati hartu ahal zaizkio laginak.

2.– 2019ko zezenketa-denboraldian ausazko laginak adarrei baino ez zaizkie hartuko.

3.– Laginak hartu ahal zaizkie 4 urteko edo 4 urtetik gorako oinez toreatuko diren zezenketa-abelburuei (arrak).

4.– Zezenketa bakoitzean lehenengo, eta zozketa hutsez, ezarriko da laginak hartuko diren ala ez, baldintza hauen arabera:

a) Ikuskizunak egin behar diren egunetan, goizean, zezenketa-ordena zehaztuko da eta abereak bakartuko dira; eta, gero, zozketa hutsa egingo da.

b) Zozketan hauek egon behar dira: plaza-burua edo ikuskizun-burua, abeltzaintza-etxeetako ordezkaria, enpresa antolatzailearen ordezkaria, ikuskizunerako izendatu den abelburuen albaitaria eta plaza-ordezkaritza. Esandako pertsonak ez azaltzeak ez du zozketa egitea ekidingo.

c) Zozketa horrela egingo da: poltsa opaku baten barruan plaza-ordezkaritzako partaide batek itxura bereko bi bola sartuko ditu, bata gorria eta bestea zuria.

Beste plaza-ordezkaritzako partaide batek bi boletako bat aterako du eta, bola gorria ateraz gero, ikuskizun horretan toreatuko diren abelburuetako bati laginak hartuko zaizkio; bestela, bola zuria ateraz gero, ez zaizkio hartuko.

5.– Lagina hartuko dela ezarri bada, bigarren zozketa bat egingo da laginak zein abelbururi hartuko zaizkion zehazteko. Horretarako, zaku opaku batean ikuskizunean oinez toreatuko diren abelburu adina bola sartu behar dira. Plaza-ordezkaritzako partaide batek sartuko ditu bola horiek. Bola guztiak berdinak izango dira eta ondoz ondoko zenbakiak izango dituzte, «1»etik hasita, ikuskizunean toreatuko diren abelburuen kopurura heldu arte. Orduan, beste plaza-ordezkaritzako partaide batek bola bat aterako du eta bola horrek daraman zenbakia zein den, ordenan leku horretan dagoen abelburuari hartuko zaio lagina.

6.– Plaza-ordezkaritzak zozketen emaitzak akta berriemaile batean jasoko ditu, eta bertan egon diren guztiek sinatuko dute.

7.– Abelburua hil ostean, laginak hartu eta analisiak egingo dira, Segurtasuneko sailburuaren 2015eko abuztuaren 3ko Aginduan ezarritakoaren arabera; agindu horretan arautzen dira zezen-ikuskizun orokorretan lagin biologikoak hartzeko eta aztertzeko prozedura, eta lagin horien analisiak egiten dituzten laborategiak homologatzeko prozedura.

Laugarrena.– Ebazpen hau jakinarazi behar zaie Zezen-ikuskizunetako Antolatzaileen Elkarte Nazionalari, zezenketa-abelburuak hazten dituzten abeltzaintza-etxeak ordezkatzen dituzten elkarteei, zezen-plazetako buruei, Euskal Autonomia Erkidegoko zezen-plazetako titularrei, foru-aldundien Abeltzaintza Zerbitzuei eta plaza-ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko Segurtasuneko sailburuordeari, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik hasita, horrela ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 6a.

Joko eta Ikuskizunen zuzendaria,

AITOR MIKEL URIARTE UNZALU.


Azterketa dokumentala