Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

115. zk., 2019ko ekainaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
2983

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 12koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariarena, lankidetza-erakundeei laguntzak emateko deialdia egiteko dena, 2019. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak sustatzeko.

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuak (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.) lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeotan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak sustatzeko.

Dekretu horren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzetarako deialdia egitea, 2019. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak susta ditzaten.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2019ko martxoaren 7ko bileran, erabaki zuen zuzendariari proposatzea dirulaguntzerako deialdia abiaraztea, eta dirulaguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.

Hori dela bide, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen helburua da lankidetza-erakundeei laguntzak (martxoaren 27ko 40/2019 Dekretuan aurreikusitakoak) emateko deialdia egitea 2018rako, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak susta ditzaten.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko orokorra 250.000 eurokoa da.

2.– Diruz lagundu daitezkeen faseetariko bakoitzerako jarritako diru-zuzkidura hau da:

a) Generoaren partaidetza-diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 100.000 euro.

b) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena: 16.000 euro.

c) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea. 127.000 euro.

d) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea: 7.000 euro.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Dirulaguntzak eta bekak atala), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (Deialdiak atala).

2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.

3.– Behar bezala betetako inprimaki normalizatua erabiliz egingo da eskabidea; egoitza elektronikoan eta aurreko zenbakian adierazitako web-orrian dago eskuragarri inprimaki hori.

4.– Eskaera egin osteko izapideak helbide hauetan egin beharko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus.

5.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztean, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen erakundeari zuzenean egiazta dezan honako hauetan aurreikusitako baldintzak betetzen direla (zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei buruzkoak): 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluak, eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra. Erakunde eskatzaileak berariaz ukatzen badu baimen hori, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, aipatutako errege dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

6.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 3. artikuluetan aurreikusitako inguruabarretako batean dauden erakundeak ezingo dira laguntzen onuradun izan.

7.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

1.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat hartuko du barnean, eta hor egiaztatuko ditu laguntza-eskatzaileak betebehar hauek:

a) Jakinaraztea helburu bererako bestelako laguntzarik, dirulaguntzarik edo sarrerarik eskatu eta, eskabidea izapidetu bitartean, ebazteko zain dagoen; eta erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako bestelako laguntzarik, dirulaguntzarik edo sarrerarik ez duela lortu jasotzen duena.

b) Erakunde eskatzailea ez egotea oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasita.

c) Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen lege-debekurik ere, eta bereziki sexu-bereizkeria dela-eta jarritakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenak adierazten duenarekin bat etorriz.

d) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

e) Egiazkoak izatea eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzea dirulaguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

f) Betetzea indarrean dagoen araudian laguntzen onuradun izateko ezarritako betekizunak; edukitzea horiek guztiak egiaztatzen dituzten agiriak, eta konpromisoa hartzea beroriek betetzen segituko duela dirulaguntza baliatzeari loturiko denboran zehar.

g) Jaso ez izana de minimis araubideko laguntzarik azken hiru urte fiskaletan (aribideko urtetzat joko da uneko urte fiskala, eta aurreko urtetzat beste bi urte fiskalak), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren esparruan.

h) Ez izatea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako debeku bat bera ere.

5. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuaren 9 artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, hauek osatuko dute:

– Ainara Arrieta Archilla andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeko lehendakari izango da.

– Edurne Bengoechea Sorozabal, genero arloko programetako teknikaria.

– Ana Rojo González andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa; batzordeko idazkari izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatutako dirulaguntzak honako xedapen hauen mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 40/2018 Dekretua, martxoaren 27koa, (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.), zeinaren bidez arautzen baitira lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak susta ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen horrek ez dio bukaera emango administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakaritzari, jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 12a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala