Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2019ko ekainaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2953

AGINDUA, 2019ko apirilaren 16koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, Ilustre Colegio de la Abogacía de Bizkaia – Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Ikusi eta aztertu da Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren estatutuen aldaketa onartzeko egindako eskabidearen espedientea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren estatuak aldatzeko eskabidea sartu zen, eta espedientea tramitatu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.

Bigarrena.– Lan eta Justizia Sailaren, Legelarien Euskal Kontseiluaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, 2018ko uztailaren 18ko idazki baten bidez, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak elkargoari eskatu zion ikusitako akatsak konpon zitzala. 2019ko apirilaren 15ean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean sartu ziren elkargoak igorritako agiriak.

Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak 10.22 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lanbide-elkargoen arloan eta lanbide tituludunen jardueran, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa.

Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren (gaur egun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila) egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen Lehendakariaren apirilaren 9ko 188/2014 Dekretuaren 10. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian eta lehenengo xedapen iragankorrean xedatuarekin lotuta.

Hirugarrena.– Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan eta Profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 6 eta 7, 38. eta 39. artikuluan xedatuta dagoena betetzen da.

Aztertu dira manu horiek eta orokorrean aplikatu beharreko gainerako arauak; horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren estatutuen aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Elkargo horren estatutuen aldaketa argitaratzeko eta estatutuak agindu honen eranskinean jartzeko agintzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 16a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA
BIZKAIKO ABOKATUEN ELKARGO OHORETSUAREN ESTATUTUAK

2019ko apirilaren 1eko alegazioen arabera aldatutako testua.

ZIOEN AZALPENA

I.– Estatutu hauen bidez ondoren adierazitako xedapen arauemaileetan bildutako mandatua betetzen da, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuak indarrean dagoen legeriara egokitutako estatutu-arauak izan ditzan: 2/1974 Legea, otsailaren 13koa, Elkargo Profesionalei buruzkoa, eta 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa, Espainiako Konstituzioaren 36. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuaren 10.22 artikulua garatzen dituzten heinean, biak ere zerbitzu-jardueretan askatasunez sartzeari eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeak (Aterki Legea) egindako erreformaren argitan; eta, orobat, 658/2001 Errege Dekretua, ekainaren 22koa, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorra onartzen duena, kontuan izanik, gainera, nahiz eta oraindik ere errege-dekretuaren bitartez onartu ez den, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak 2013ko ekainaren 12ko osoko bilkuran onartu zuen Abokatutzaren Estatutu Orokor berrian bildutako arautze eta gidalerro berriak.

Horiek horrela, estatutu hauek ordeztu egiten dute Bilboko Abokatuen Elkargoaren Estatutua, Espainiako Abokatuen Elkargoen Kontseilu Nagusiaren Batzorde Betearazleak 1947ko abenduaren 28ko bilkuran onartutakoa, Abokatutzaren 1946ko ekainaren 28ko Estatutu Orokorraren eta Espainiako Abokatuen Elkargoen Estatutu Orokorra onartu zuen eta elkargo bakoitzari bere estatutuak idazteko agindua eman zion 1947ko otsailaren 3ko Aginduaren ondoren.

II.– Estatutuak zazpi titulutan –lehenengo laurak hainbat kapitulutan zatituta daude–, xedapen gehigarri batean, xedapen iragankor batean, azken xedapen batean eta xedapen indargabetzaile batean zatitu eta antolatzen dira, arestian aipatutako otsailaren 13ko 2/1974 Legeak (Elkargo Profesionalei buruzkoa) eta azaroaren 21eko 18/1997 Legeak (Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa) eskatutako gutxieneko edukiak biltzeko.

III.– I. tituluak («Elkargoa») Elkargoaren izaeraren eta xedearen alderdi funtsezkoenak biltzen ditu, eta garrantzi berezia ematen die korporazioaren funtsezko xedeei eta funtzio nagusiei. Horien artean, Elkargoko kideentzako eta kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako arreta azpimarratzen du eta kokapen nabarmena ematen die funtsezko zerbitzuei, hala nola «Pedro Ibarreche» Praktika Juridikoko Eskolari, doako laguntza juridikoari, non kokatzen baita ofiziozko txanda eta atxilotuarentzako laguntza antolatzeko funtzio publikoa, Arbitraje Auzitegiari eta Bitartekotza Zerbitzuari. Elkargoaren muina osatzen dute, era berean, azterlan-taldeek eta batzordeek, non Elkargoko kideak biltzen baitira azterketa juridikoak eta alor horretaz kanpoko ekimenak partekatzeko.

Elkargoaren oinarrizko alderdiak aztergai dituen I. titulu horretan, era berean, zeharkako izaera duen eta beste gai guztietan ere agertzen den gai bat sartu da: gaztelaniaren eta euskararen koofizialtasuna Elkargoaren jarduera osoan, bi hizkuntzak, interesdunen aukeran, komunikaziorako eta lanerako benetako hizkuntzak izan daitezen bete-betean.

IV.– II. titulua («Elkargoko kideak») hiru kapitulutan zatitzen da: lehen kapituluak Elkargoko kideak berak definitzen ditu, jarduneko kideak eta jardunean ez daudenak bereizita, eta hainbat gai arautzen ditu, hala nola Elkargoko kide egiteko eta abokatutzan aritzeko betekizunak eta moduak, sozietate profesionalak eta horien erregistroa barne, abokatutzan aritzeko ezgaitasuna eta bateraezintasunak, Elkargoko kide izateari uztea eta Elkargora itzultzea, eta kanporatutako abokatuak birgaitzea.

Titulu horretako II. kapituluak Elkargoko kideen eskubideak eta eginbeharrak arautzen ditu, eta Abokatutzaren Estatutu Orokorrera eta lanbidea erregulatzen duten gainerako arauetara igortzen du.

Kapitulu horretan jasotzen da, era berean, ordainsari profesionalen gaia, eta jarduneko profesionalek egiten dituzten zerbitzuen ondorioz ordainsaria jasotzeko eskubidea dutela baieztatzen da, ordainsaria bezeroarekin askatasunez hitzartuko dela finkatuta; gogorarazten da profesionalak bezeroari eman behar diola zenbatekoari eta ordainsari horiek zehazteko eta aurreikusteko kontuan hartu beharreko parametroei buruzko informazioa eta enkargu-orria izenpetzeko gomendioa; eta Elkargoaren esku-hartzea, alderdi horietan, indarrean dagoen legerian ezarritako terminoetara mugatzen du. Horiek horrela, epaitegi eta auzitegiek eskatzen dioten esku-hartzea besterik ez du izango Elkargoak, ez du ezarriko ordainsari profesionalak zehazteko baremorik edo orientaziorik eta ez du horretarako kontsultarik onartuko, ez enkargu profesionalaren aurrekorik ez ondorengorik.

Legeria beraren arabera eta prozesu-legeek ematen dioten funtzio aholku-emailearen indarrez, Elkargoak irizpide orientagarriak landu ahal izango ditu prozesuko kostuen tasazioaren ondorio esklusiboetarako, kontuen zinetan eta doako laguntza juridikoan ere baliozkoak izango direnak, eta txostenak eman ahal izango ditu prozesu-legeek ezarritako terminoetan.

II. tituluko III. kapituluak Elkargoko kideen erantzukizun-erregimena arautzen du, funtsean dagokion arautze zibilera, penalera eta, batez ere, diziplina-arautzera igorrita, arau-hausteak tipifikatzeari eta dagozkien zehapenak ezartzeari dagokionez, Abokatutzaren Estatutu Orokorrak eta Kode Deontologikoak zorrozki jasotzen dituzte-eta.

V.– III. tituluak («Elkargoaren gobernua») Elkargoa zuzentzen duten organoak eta printzipioak ditu aztergai.

I. kapituluak jasotzen duenez, Dekanotzak, kide bakarreko organo gorenak, Gobernu Batzarrak, kide anitzeko zuzendaritza-organoak, eta Batzar Nagusiak, organo erabakitzaile subiranoak, zuzentzen dute Elkargoa. Demokrazia, autonomia, Elkargoko parte-hartzea eta gardentasuna dira Elkargoaren gobernua gidatzen duten printzipioak. Azken hori nabarmentzen da Elkargoaren kontrolaren eta gobernu onaren funtsezko elementu gisa, eta artikulu propioa eskaintzen zaio, gai horretako legeria berriena betetzeko.

II., III. eta IV. kapituluek arestian aipatutako gobernu-organoak, horien eskudantziak, osaera, deialdia eta gainerako funtzionamendu-alderdiak arautzen dituzte.

V. kapitulua osorik eskaintzen zaio Dekanotza ordezkatuko duen pertsona hautatzeko eta Gobernu Batzarra osatzeko hauteskunde-prozesuari.

Azkenik, VI. kapituluak atal deritzenak ditu aztergai, Gobernu Batzarrari laguntzeko organoak, bere funtzioak eraginkortasun handiagoarekin betetzeko. Organikoki eta sistematikoki bereizten dira I. tituluan araututako Elkargoko kideen batzordeetatik, Elkargoaren gobernuari laguntzeko benetako taldeak dira-eta. Atal hauek aipatzen dira: Ofiziozko Txandaren Atala, Deontologia Atala, Kostuen Tasazioen Atala, Erantzukizun Zibilaren Atala, Justizia Administrazioarekiko eta Administrazio Publikoarekiko Harremanen Atala, Praktika Juridikoko Eskolaren eta Prestakuntzaren Atala, Komunikazio Publikoaren Atala, Administrazioarekiko Auzien Atala, Barruti Judizialetako Ordezkaritzen Atala, Nazioarteko Lankidetzaren Atala, Nazioarteko Harremanen Atala, Espetxeratuen Laguntzaren Atala eta Kultura Atala. Berariaz arautzen dira lehenengo lauren eskudantziak, Gobernu Batzarrak atal berriak sortzeko aukera ezertan galarazi gabe.

VI.– IV. tituluak («Elkargoaren erregimen ekonomikoa eta administrazioa») Elkargoaren funtzionamendu ekonomikoa du aztergai: funtzionamendu horren xedapen orokorrak, Elkargoaren baliabide ekonomikoak, administrazioa, kudeatzailetza, langile lan-kontratudunak eta langile laguntzaileak.

VII.– V. tituluak («Elkargoaren egintzen erregimen juridikoa eta aurkaratzea») Elkargoaren izaera duala arautzen du, zuzenbide publikoko korporazio gisa. Izaera publikoko funtzioak betetzen dituenean, bere jarduera administrazio-zuzenbideari lotuta dago, eta tituluak jarduketa horren prozedura-alderdiak arautzen ditu, hala nola epeak, administrazio-izaerako egintzen indarra, horien jakinarazpena eta interes legitimoa duten pertsonek egintza horien aurka jar ditzaketen errekurtsoak, administrazioarekiko auzien bideko jurisdikzio-berrikusketaren aurretik.

Administrazio-zuzenbideari lotutako egintzen aurkako errekurtsoei dagokienez, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen (Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa) 49. artikuluan elkargo bakoitzaren estatutu partikularrei ematen zaien ahalmenaz baliatuta, estatutu hauek erabakitzen dute Legelarien Euskal Kontseiluan gora jotzeko errekurtsoa ezartzea soilik diziplina-arloan. Gainerako arloetan, Elkargoaren gobernu-organoen administrazio-egintzek amaitu egiten dute administrazio-bidea, eta aukerako berraztertzeko errekurtsoa arautzen da Dekanotzaren eta Gobernu Batzarraren erabakietarako, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa jarri aurretik.

Gainerako kasuetan, Elkargoak administrazio-funtzioak betetzen jarduten ez duenean, bere akordioak zuzenbide pribatuaren mende daude.

VIII.– Azken tituluek, VI.ak eta VII.ak, beren izenek adierazten dituzten prozedura-alderdiak arautzen dituzte, hots, estatutuak partzialki edo osorik erreformatzeko bidea, eta Elkargoaren izen-aldaketa, fusioa, banantzea, desegitea eta likidazioa.

Erabaki horiek guztiak Elkargoko organo erabakitzaile subiranoari dagozkio, hots, horretarako deitzen den ohiz kanpoko Batzar Nagusiari, Gobernu Batzarraren ekimenez edo kasu bakoitzean ezartzen den Elkargoko kide kopuruak eskatuta.

IX.– Azkenik, hainbat xedapen sartu dira: xedapen gehigarri batek ezartzen du estatutu hauetan aurreikusten ez den guztia osatzen duen legeria; xedapen iragankor batek indarrean jarri aurretik hasitako prozedurak ditu aztergai; azken xedapen batek onartzeko prozedura eta indarraldia deskribatzen ditu; eta xedapen indargabetzaile batek oro har indargabetzen ditu estatutu hauen aurka dauden aurreko xedapen guztiak.

I. TITULUA
ELKARGOA
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN IZENA, ESPARRUA ETA IZAERA

1. artikulua.– Izena eta egoitza.

1.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua da Bizkaiko abokatutzaren lanbidearen ordezkaritza eta defentsa betetzen duen elkargo profesionalaren izena.

2.– Elkargoak Bizkaiko lurralde historiko osora hedatzen du bere lurralde-esparrua.

3.– Elkargoak Bilbon du helbidea eta egoitza, Uribitarte Erranpletako 3an.

4.– Elkargoak ordezkaritzak, egoitza osagarriak eta beste bulego batzuk ezarri ahal izango ditu, bere lurralde-esparruaren barruan, Elkargoaren xede eta funtzioak ahalik eta hobekien betetzeko komenigarritzat jotzen diren mugape judizialetan.

2. artikulua.– Izaera eta erregimen juridikoa.

1.– Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, legeak babestua eta Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak ezagutua, berezko nortasun juridikoa duena, baita bere xedeak betetzeko ahalmen osoa ere.

2.– Elkargoa honako hauek arautuko dute: Elkargo Profesionalei buruzko Legeak eta estatuko eta, hala badagokio, autonomia-erkidegoko gainerako xedapenek, eta, orobat, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak, estatutu hauek eta beroriek garatzeko onartzen den Barne Araudiak, barneko arauek eta korporazioaren organoek hurrenez hurrengo eskumenen esparruan hartzen dituzten erabakiek.

II. KAPITULUA
ELKARGOAREN XEDEAK ETA FUNTZIOAK

3. artikulua.– Elkargoaren funtsezko xedeak.

Hauek dira Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren funtsezko xedeak, bere lurralde-esparruan:

a) Abokatutzaren lanbidearen jarduna antolatzea, lanbide libre eta independente gisa, zientzia eta teknika juridikoen aplikazioan oinarrituta eta aholku eta kontseilu emateko jardueraren bitartez, abokatuen defentsa eta laguntzarako oinarrizko eskubidearen eraginkortasuna ziurtatzeko eta pertsonen eskubide eta askatasunen, gogaidetasunaren eta justiziaren berme izateko.

b) Abokatutzaren lanbidearen ordezkaritza instituzional esklusiboa.

c) Justizia Administrazioaren funtzionamenduan, sustapenean eta hobekuntzan laguntzea.

d) Defentsarako eta justizia eskuratzeko konstituzio-eskubidea bermatzen laguntzea, doako laguntza juridikoa antolatzearen eta ematearen bidez.

e) Elkargoa osatzen duten pertsonen interes profesionalak defendatzea, gizartearen interes eta behar orokorrekin bat.

f) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak babestea.

g) Gizartearen bermerako kontrol deontologikoa eta diziplina-ahalmena egikaritzea.

h) Bere kideen hasierako eta etengabeko lanbide-heziketa.

i) Abokatutzaren lanbiderako sarbide-prozesuan esku hartzea, legeetan ezarritakoari jarraikiz.

j) Giza Eskubideak sustatzea eta defendatzea.

k) Eta Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak eta aplikatzekoa den estatuko araudiak eta, hala badagokio, autonomia-erkidegokoak aintzat hartzen dituzten gainerakoak.

4. artikulua.– Elkargoaren funtzioak.

Hauek dira Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren funtzioak, bere lurralde-esparruan:

a) Abokatutzaren ordezkaritza eta defentsa izatea administrazioaren, erakundeen, auzitegien, entitateen eta partikularren aurrean, eskubide eta interes profesionalak eraginpean hartzen dituzten auzi eta kausa guztietan alderdi izateko legitimazioarekin.

b) Bere estatutuak eta barne-araudiak onartzea.

c) Elkargoko kideen jarduera profesionala antolatzea, prestakuntza, deontologia eta duintasun profesionalak eta partikularren eskubideei zor zaien errespetua zainduta, eta arlo profesionalean eta Elkargoari dagokion arloan diziplina-ahalmena egikaritzea.

d) Doako laguntza juridikoko zerbitzuak eta sor daitezkeen laguntza eta orientazio juridikoko gainerako zerbitzu guztiak antolatzea eta kudeatzea, bereziki gizarte-sektore ahulenen edo babesaren beharra dutenen onerako.

e) Elkargoko kideentzako intereseko jarduera eta zerbitzu erkide profesionalak, prestakuntzakoak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikuspenekoak, aseguramendukoak eta antzeko beste batzuk antolatzea eta sustatzea.

f) Elkargoko kideek jardun profesionalean eta harreman korporatiboetan informazio- eta komunikazio-teknologiak egoki erabil ditzaten bultzatzea.

g) Praktika Juridikoko Eskola bat eta beste zenbait baliabide sortzea eta mantentzea, tituludun berriek abokatutzan sartzeko aukera izan dezaten, eta Elkargoko kideen etengabeko prestakuntzarako, hobekuntzarako eta espezializazio profesionalerako ikastaroak antolatzeko.

h) Intrusismoa eta lehia desleiala saihestera bideratutako neurriak hartzea, horretarako ordenamendu juridikoak aurreikusitako akzioak egikarituta.

i) Lanbidearen berezko gaietan parte hartzea administrazioaren organo aholku-emaileetan eta lanbide arteko erakunde edo elkarteetan. Orobat, ordezkariak izendatzea gai espezifikoei buruzko ezaupideak eskatzen dituen edozein auzitegitan, baldin eta horretarako errekerimendua egiten badiote.

j) Abokatutzaren ordezkaritza ziurtatzea gizarte-kontseiluetan eta unibertsitateko patronatuetan, haiek erregulatzen dituzten arauetan ezarritako terminoetan.

k) Botere judizialarekin eta gainerako botere publikoekin lankidetzan jardutea haien arau erregulatzaileei jarraikiz dagozkien organoetako partaidetzaren bitartez. Orobat, azterketak egitea, txostenak jaulkitzea, estatistikak prestatzea eta bere xedeekin erlazionatutako beste zenbait jarduera egitea, eskatzen dizkiotenean edo beren ekimenez erabakitzen dutenean.

l) Ordainsarien irizpide orientagarriak ezartzea, kostuen tasazioaren eta abokatuen kontuen zinaren ondorio esklusiboetarako. Irizpide horiek baliozkoak izango dira, era berean, doako laguntza juridikoan kostuen tasazioaren ondorioetarako dagozkion ordainsariak kalkulatzeko. Horrez gain, ordainsari profesionalei buruzko txostenak eta irizpenak ematea, are peritu-txostenak jaulkitzea ere, ordainsari profesionalei buruzko gaiak eztabaidatzen diren prozesu judizialetan.

m) Interesdunek eskatu ondoren, adiskidetzeko, bitartekotzako edo arbitrajeko bideetan esku hartzea arrazoi profesionalen ondorioz Elkargoko kideen artean edo horien eta bezeroen artean sor daitezkeen arazoetan.

n) Arbitraje-funtzioak egikaritzea bere erabakipean jartzen dituzten gaietan, eta arbitraje- edo bitartekotza-erakundeak edo gatazkak ebazteko ordezko beste edozein metodo sustatzea edo horietan parte hartzea.

o) Interes profesionaletarako onuragarriak diren eta Elkargoaren helburuak betetzera bideratzen diren gainerako funtzio guztiak.

p) Bere kideen zerbitzuen erabiltzaileen eta kontsumitzaileen interesen babesaren onerako diren funtzio guztiak eta estatutu hauetan ezarritako beste edozein edo indarrean dagoen legeriak xedatzen duen beste edozein.

5. artikulua.– Elkargoko kideentzako eta kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako arreta.

1.– Elkargoak bere kideek aurkeztutako kexa edo erreklamazioez arduratu beharko du.

2.– Halaber, Elkargoak arreta-zerbitzua egingo die kontsumitzaile edo erabiltzaileei. Zerbitzu horrek nahitaez tramitatuko ditu Elkargoaren zerbitzu profesionalak kontratatzen dituen edozein kontsumitzaile edo erabiltzailek aurkezten dituen Elkargoaren jarduerari edo Elkargoko kideen lanbide-jarduerari buruzko kexa eta erreklamazio guztiak, baita kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek eta erakundeek haien ordezkaritzan edo interesen defentsan aurkezten dituztenak ere.

3.– Elkargoak, arreta-zerbitzu horren bitartez, dagokionaren arabera ebatziko du kexa edo erreklamazioari buruz: gatazkak judizioz kanpo ebazteko sistemaren berri emango du, dagozkion informazio- edo diziplina-espedienteak bideratzeko eskumena duten Elkargo-organoei igorriko die espedientea, edo kexa artxibatu egingo du, edo zuzenbidearen araberako beste edozein erabaki hartuko du.

4.– Zerbitzu horren arautzeak aurreikusi beharko du kexak eta erreklamazioak bide elektronikotik eta urrunetik aurkeztea.

5.– Estatutu hauetan araututako leihatila bakarraren bitartez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, Elkargoak informazio hau eskainiko du; garbia, zalantzarik gabea eta doakoa izan beharko da:

a) Abokatuen erregistrorako sarbidea. Erregistroa etengabe eguneratuko da eta, gutxienez, datu hauek izango ditu: izen-abizenak, Elkargoko kide-zenbakia, titulu ofizialak, helbide profesionala eta gaikuntza profesionalaren egoera.

b) Sozietate profesionalen erregistrorako sarbidea. Erregistroak Sozietate profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan edo horren ordezko legerian deskribatutako edukia izango du.

c) Kontsumitzaile edo erabiltzailearen eta Elkargoko kidearen edo Elkargoaren beraren artean gatazkarik izanez gero erreklamatzeko bideak eta jar daitezkeen errekurtsoak.

d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako elkarte edo erakundeen datuak, zerbitzu profesionalen hartzaileek laguntza lortzeko haiengana jotzeko aukera izan dezaten.

e) Kode deontologikoen edukia.

6. artikulua.– Elkargoaren gizarte-ekintza.

1.– Elkargoak bereziki kontuan izango du integratzen duen gizartearekiko erantzukizuna. Hori dela-eta, sektore ahulenen onerako gizarte-ekintzako programak sustatu, antolatu eta gauzatu ahal izango ditu, baita oinarrizko eskubideak, bizikidetzaren balio demokratikoak edo nazioarteko lankidetza sustatzeko eta ezagutzera emateko programak ere.

2.– Orientazio juridikoko zerbitzuen arloko laguntza juridikoari buruzko legeriaren ondorio diren eskumenak ezertan galarazi gabe, Elkargoak doako zerbitzuak antolatu eta egin ahal izango ditu, kanpoko finantzaketa publiko edo pribatuarekin zein gabe, doako beste aholkularitza-zerbitzu batzuk eskuratu ezin dituztenei eta premia-egoeran, desabantailan edo gizarte-bazterketa jasateko arriskuan daudenei aholku emateko.

III. KAPITULUA
«PEDRO IBARRECHE» PRAKTIKA JURIDIKOKO ESKOLA

7. artikulua.– Eskola.

1.– «Pedro Ibarreche» Praktika Juridikoko Eskola Elkargoaren egituran integratutako erakundea da, zuzenean Gobernu Batzarraren mende dagoena, eta bere bitartez, tituludun berriei abokatutzan sartzeko hasierako prestakuntza eta Elkargoko kideei etengabeko prestakuntza, hobekuntza eta espezializazio profesionala ematen laguntzeko xedea eta funtzioa betetzen du Elkargoak.

2.– Elkargoak «Pedro Ibarreche» Praktika Juridikoko Eskolaren bitartez garatuko du legeak abokatutzaren jardun profesionalerako gaitasun profesionala egiaztatzeko ezartzen dituen prozesu eta probetan parte hartzeko funtzioa.

3.– Gobernu Batzarrak, Eskolako Zuzendaritzak proposatuta, eskolaren antolaketa-egitura ezarriko du. Horretarako, zuzendaritzari lagunduko dioten irakaskuntzako arduradunen, ikasketaburuen edo antzekoen taldea osatuko du, dagozkion administrazio-langileak ezarriko ditu eta prestakuntza-saioez arduratuko diren irakasleak eta beste laguntzaile batzuk izendatuko ditu.

8. artikulua.– Eskolako zuzendaritza.

1.– Elkargoaren Gobernu Batzarrak ospe handiko profesionalen artean izendatuko duen pertsona batek zuzenduko du «Pedro Ibarreche» Praktika Juridikoko Eskola. Bere funtzioen artean egongo dira eskolaren jarduerak antolatzea eta programatzea, eskola beste irakaskuntza-erakunde batzuen edo antzekoen aurrean ordezkatzea, unibertsitateekin eta beste zentro batzuekin programa erkideak koordinatzea, eta, oro har, eskolaren funtzionamendu hobea ekartzen duten funtzio guztiak edo Gobernu Batzarrak esleitzen dizkionak.

2.– Karguaren iraupena, kontratazio-erregimena eta dagozkion ordainsariak Gobernu Batzarrak une bakoitzean ezartzen dituenak izango dira.

3.– Karguaren dedikazioa bateragarria izango da abokatutzan jardutearekin edo beste jarduera profesional batzuekin, baina betiere eskolako zuzendaritzari lehentasuna eman beharko zaio.

4.– Eskolako zuzendaritzak urteko jarduera-memoria egingo du Gobernu Batzarrari aurkezteko, Elkargoaren jarduerak eta aurreko ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen kontua onartzeko Elkargoaren ohiko Batzar Nagusia egin baino lehen.

9. artikulua.– Eskolaren erregimen ekonomikoa.

1.– Eskolaren urteko aurrekontua aurrekontu-atal bat izango da Elkargoaren aurrekontu bakarraren barruan. Eskolako zuzendaritzak Gobernu Batzarrari proposatu ondoren, Batzar Nagusiari dagokio aurrekontua onartzea. Eskolako zuzendaritzari dagokio aurrekontua Elkargoko diruzainaren kontrolpean betearaztea.

2.– Eskolaren diru-sarrerak izango dira matrikula-eskubideak, erakunde eta organismo publiko eta pribatuetatik jasotzen dituen laguntzak eta diru-laguntzak, hirugarrenengandik jasotzen dituen dohaintzak eta legatuak, eta Elkargoak bere aurrekontuaren kargura ezar ditzakeen zuzkidurak.

3.– Eskolaren gastuak izango dira zuzendaritzari, antolaketa-egiturari (administrazio-langileak barne) eta irakasleei dagozkien ordainsariak, irakasle eta ikasleentzako material didaktikoari dagozkion gastuak, eta, oro har, eskolaren jarduerak normaltasunez garatzeko beharrezkotzat jotzen diren gastu guztiak.

10. artikulua.– Eskolaren erregimen juridikoa.

1.– Eskolaren jarduera eta, bereziki, baliabide materialen eta pertsonalen kontratazioa eta irakasleen izendapena zuzenbide pribatuaren mende dago eta ezin izango zaio errekurtsorik jarri, interesdunek auzitegi arruntetan jar litzaketen legezko akzioak ezertan galarazi gabe.

IV. KAPITULUA
JUSTIZIARAKO SARBIDEA ETA DOAKO LAGUNTZA JURIDIKOA

11. artikulua.– Justiziarako sarbidea eta doako laguntza juridikoa.

1.– Abokatutzari dagokio doako laguntza juridikoa izateko eskubidea duten pertsonen aholkularitza juridikoa eta defentsa, atxilotuentzako laguntza eta ofiziozko defentsa juridikoa eskatzen dutenen defentsa edo hura izendatzen ez dutenena, esku hartzea nahitaezkoa denean, indarrean dagoen legeriaren arabera.

2.– Elkargoari dagokio, bere funtsezko xedeetako bat betetzeko eta legeek emandako funtzio publikoen arabera, doako laguntza juridikoko zerbitzu horiek antolatzeko eta kudeatzeko ardura. Bera arduratuko da, halaber, orientazio juridikoko zerbitzuaz, zeinaren xedea izango baita zerbitzu horiek eskatzen dituzten pertsonei aholkularitza eta orientazioa ematea eta doako laguntza juridikoaren onura tramitatzea.

3.– Elkargoak doako laguntza juridikoko zerbitzuek behar bezala funtziona dezaten eta indarrean dagoen araudira egoki daitezen zainduko du, bai eta zerbitzu horiek egiten dituzten abokatuek ordainsari duina eta kalitatezko prestakuntza kualifikatua jaso dezaten.

4.– Gobernu Batzarra da, hala badagokio estatutu hauetan araututako Ofiziozko Txandaren Batzordeak proposatuta eta indarrean dagoen legeriaren arabera, funtzionamendua, espezialitateak, banaketa-arauak eta abokatuak dagozkien zerbitzu eta txandetan sartzeko betekizunak erregulatuko dituzten arauak onartzeaz arduratzen den organoa. Bera arduratuko da, halaber, berekin dakartzan betebeharrak betetzen ez direnerako zehapen-erregimen espezifikoa, diziplina erregimen orokorraren osagarria, ezartzeaz.

5.– Doako laguntza juridikoko zerbitzuei atxikitutako abokatuek berez dagozkien askatasun eta independentzia profesionalarekin beteko dituzte funtzioak, lanbidea zuzentzen duten arau etiko eta deontologikoen arabera eta Gobernu Batzarrak horretarako ematen dituen arauak betez.

V. KAPITULUA
ARBITRAJE AUZITEGIA

12. artikulua.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren Arbitraje Auzitegia.

1.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren Arbitraje Auzitegia Elkargoaren egituran integratutako erakundea da, zuzenean Gobernu Batzarraren mende dagoena, eta bere bitartez, arbitrajeari buruz indarrean dagoen legerian ezarritako arbitraje instituzionalaren funtzioa eskaini eta garatzen du Elkargoak, eta zuzenbide publikoko korporazio gisa dagokion arbitraje-funtzioa betetzen du.

2.– Arbitraje Auzitegiak administratu, kudeatu eta bultzatzen du Elkargoaren arbitrajepean jartzen diren arbitraje-prozeduren garapena, barnekoena edo nazioartekoena, zuzenbidekoena zein ekitatekoena, estatutuetan eta Arbitraje Prozeduraren Erregelamenduan ezarritakoaren arabera.

3.– Arbitraje Auzitegiak nazioko, Europako edo nazioarteko izaerako arbitraje-erakundeetan parte hartuko du, hitzarmenak formalizatuko ditu beste arbitraje-auzitegi batzuekin eta, oro har, erakundea indartzea eta arbitrajea hedatzea eta sustatzea xede duten jarduera guztiak garatuko ditu.

4.– Gobernu Batzarrak, Arbitraje Auzitegiaren goi-organoak proposatuta eta indarrean dagoen legeriaren arabera, Arbitraje Auzitegiko arbitroen zerrendan sartzeko betekizunak ezarriko ditu: espezializazioa, jarduneko urteak, hasierako eta etengabeko prestakuntza eta abar. Arbitraje-prozeduran inplikatutako alderdiek berariaz izendatu ezean, zerrenda hori aplikatuko da dagokion txandaren arabera.

VI. KAPITULUA
BITARTEKOTZA ZERBITZUA

13. artikulua.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren Bitartekotza Zerbitzua.

1.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren Bitartekotza Zerbitzua Elkargoaren egituran integratutako zerbitzua da, zuzenean Gobernu Batzarraren mende dagoena, Elkargoari eskatzen dizkioten bitartekotza-prozedurak administratzeaz eta kudeatzeaz arduratzen dena, Elkargoaren estatutuen eta prozedura-erregelamenduaren eta bitartekotzaren arloan indarrean dagoen gainerako legeriaren arabera.

2.– Gobernu Batzarrak, Bitartekotza Zerbitzuaren goi-organoak proposatuta eta indarrean dagoen legeriaren arabera, bitartekarien erregistroan sartzeko betekizunak ezarriko ditu: espezializazioa, jarduneko urteak, hasierako eta etengabeko prestakuntza eta abar. Bitartekotza-prozeduran inplikatutako alderdiek berariaz izendatu ezean, erregistro hori aplikatuko da dagokion txandaren arabera.

3.– Elkargoak nazioko, Europako edo nazioarteko izaerako erakundeetan parte hartuko du, hitzarmenak formalizatuko ditu eta, oro har, bitartekotza eta gatazkak ebazteko ordezko beste metodo batzuk hedatzea eta sustatzea xede duten jarduera guztiak garatuko ditu.

VII. KAPITULUA
AZTERLAN-TALDEAK ETA BATZORDEAK

14. artikulua.– Azterlan-taldeak eta Batzordeak.

1.– Elkargoko kideek azterlan-taldeak osatu ahal izango dituzte, izaera juridikoko gai zehatz bat ikertzeko, prestatzeko eta hedatzeko, eta batzordeak, hertsiki juridikoak ez diren interes erkideko jarduerak garatzeko.

2.– Gobernu Batzarrari dagokio azterlan-taldeen eta batzordeen eraketa onartzea, bere ekimenez edo gutxienez Elkargoko hamar kidek eskatuta. Berari dagokio, halaber, estatutuak eta horien aldaketak eta, hala badagokio, etendura eta desegitea onartzea.

3.– Azterlan-taldeak eta batzordeak Gobernu Batzarraren mende egongo dira eta talde edo batzordearen eta Elkargoaren organoen arteko lotura-lanak egingo dituen ordezkari bat izendatu beharko dute.

4.– Azterlan-taldeen eta batzordeen hurrenez hurrengo estatutuek bermatuko dute haien barne-funtzionamendu demokratikoa eta Elkargoaren eskubideak bete-betean erabil ditzaketen Elkargoko kide guztien sarbidea eta parte-hartzea.

5.– Azterlan-taldeek eta batzordeek aurrekontu-partida propioa izango dute Elkargoaren urteko aurrekontuetan, beren jardueren gastuei aurre egiteko. Zuzkidura hori Gobernu Batzarraren fiskalizazioaren mende egongo da, eta gastu-unitate bakoitza gauzatu aurretik onartu beharko du, dagokion taldeak edo batzordeak eskabide justifikatuaren bidez eskatuta.

6.– Azterketa-taldeek eta batzordeek urteko jarduera-memoria egingo dute Gobernu Batzarrari aurkezteko, Elkargoaren jarduerak eta aurreko ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen kontua onartzeko Elkargoaren ohiko Batzar Nagusia egin baino lehen.

7.– Estatutu hauek indarrean jartzen direnean dauden azterketa-taldeek eta batzordeek eta Abokatu Gazteen Elkarteak beren izenari eutsiko diote, eta adierazitako estatutuei loturik geratuko dira.

VIII. KAPITULUA
HIZKUNTZA OFIZIALAK

15. artikulua.– Elkargoko hizkuntza ofizialak.

1.– Euskara eta gaztelania dira Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuaren bi hizkuntza ofizialak, eta biei onartzen zaie lan-hizkuntzaren izaera.

2.– Elkargoak sustatu eta bultzatuko du euskararen erabilera Justizia Administrazioan normalizatzea.

3.– Elkargoko kide guztiei eta, oro har, herritar guztiei, bermatuko zaie Elkargoari aukeratzen duten hizkuntza ofizialean zuzentzeko eskubidea, eta Elkargoa haiengana hizkuntza horretan zuzentzekoa, dagokion hitzezko edo idatzizko moduan.

Era berean, Elkargoak beharrezkoak diren neurriak eta baliabideak bideratuko ditu Ofiziozko Txandan eta Doako Laguntza Juridikoan abokatuek bi hizkuntza ofizialen artean erabakitzen duten hizkuntzan jardun eta lan egitea berma dadin; baita ere, Praktika Juridikorako Eskolaren ikasle zein kideek, ikasi eta lan egiteko eta, oro har, beraien formakuntzarako, Elkargoko bi hizkuntza ofizialen artean nahi dutena erabiltzeko eskubidea berma dadin.

16. artikulua.– Elkargoaren prozeduretako hizkuntza.

1.– Eskaerak, kexak, iradokizunak, espedienteak eta gainerako prozedurak eskabidean aukeratzen den hizkuntza ofizialean tramitatuko dira.

2.– Interesdun bat baino gehiago badaude eta hizkuntza ofizial bera hautatzen ez badute, prozedura bi hizkuntzetan tramitatuko da, eta alderdi bakoitzari igortzen zaizkion jakinarazpenak eta eskatzen dituzten dokumentuak edo lekukotzak kasu bakoitzean aukeratutako hizkuntzan egingo zaizkie.

3.– Bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan aurkezten diren dokumentuek balio juridiko osoa izango dute prozedura bakoitzean dagozkien ondorioetarako. Itzulpenik behar izanez gero, Elkargoaren kontu izango da.

4.– Dagokion espedientearen lehen jakinarazpena edo helaraztea elebiduna izango da, eta alderdiei jakinaraziko zaie prozedurako hizkuntza aukeratzeko ahalmena dutela, aurreko ataletan adierazitako terminoetan.

5.– Elkargoak edozein prozeduratarako egiten dituen inprimakiak elebidunak izango dira beti.

17. artikulua.– Jakinarazpen eta argitalpenetako hizkuntza.

1.– Komunikazio orokor, zirkular eta deialdi guztiak bi hizkuntza ofizialetan igorriko dira. Espediente partikularren bana-banako jakinarazpenak aurreko artikuluan ezarritakoaren araberakoak izango dira.

2.– Elkargoaren argitalpenek hizkuntza ofizialetako bakar batean idatzitako artikuluak eta edukiak izan ditzakete, baina bi hizkuntzen antzeko presentzia bermatuko dute.

II. TITULUA
ELKARGOKO KIDEAK
I. KAPITULUA
LANBIDEAN ARITZEKO ETA ELKARGOKO KIDE EGITEKO BALDINTZAK

18. artikulua.– Nahitaez Elkargoko kide egitea.

1.– Abokatutzan aritzeko gaitzen duen titulu ofiziala, eta helbide profesionala, bakarra edo nagusia, Elkargoan sartzea izango dira abokatutzan aritzeko ezinbesteko baldintzak.

2.– Helbide profesional nagusitzat hartuko da abokatuak lanbidean aritzeko maizen erabiltzen duen bulego edo langela, profesionalki jarduteko erabil ditzakeen beste egoitza, bulego edo kokalekuen aldean, edo, halakorik ezean, abokatuaren jarduera profesionalaren administrazio-kudeaketa eta zuzendaritza zentralizatuta duen lekua.

3.– Elkargoko kide egiteak Estatuko lurralde osoan aritzeko gaitzen du.

4.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan honela sar daiteke:

a) Jardunean dagoen Abokatu gisa. Elkargoaren lurralde-esparruan Abokatutzaren jardun profesionalean diharduen Elkargoko kidea da.

b) Jardunean ez den Elkargoko kide gisa. Abokatutzaren jardun profesionalean ez diharduen Elkargoko kidea da; ez du abokatu izendatzeko eskubiderik.

c) «Izena emandako abokatu» gisa. Europako eta nazioko legeriaren arabera, Espainian beren jatorriko herrialdeko tituluarekin jardun dezaketenak dira.

19. artikulua.– Elkargoko kide egiteko baldintzak.

1.– Abokatuen Elkargoan egoiliarraren modalitatean sartzea erabakitzen duen kideak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Adinez nagusia izatea eta Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen bateko nazionalitatea izatea, nazioarteko tratatu edo hitzarmenetan ezarritakoa edo lege-lekapena ezertan galarazi gabe.

b) Abokatutzan aritzeko gaitzen duen titulu ofiziala edukitzea. Hori egiaztatzeko dagokion unibertsitateko titulua eta Justizia Ministerioak jaulkitako abokatu-lanbidean sartzeko gaitasun-ziurtagiria aurkeztuko dira, lege-mailako arauetan ezarritako salbuespenak salbuespen. Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen bateko nazionalak gaitzeko titulazioa egiaztatzeko legean ezartzen diren homologazio-baldintzak bete beharko dira.

c) Elkargoaren lurralde-esparruan irekitako bulego profesionala edukitzea eta hari helbide fisikoa eta helbide elektronikoa ematea komunikazioen ondorioetarako.

d) Sarrera-kuota ordaintzea (ezin izango ditu gainditu izena ematea tramitatzearekin lotutako kostuak), Legelarien Euskal Kontseiluak eta, hala badagokio, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak ezartzen dituzten sarrera-kuotak ordaintzea, eta Elkargoaren kuotak eta betebeharrak helbideratzeko banku-kontu bat ematea.

e) Zigor astunak ezartzea edo abokatutzan aritzeko desgaikuntza dakarten delituen ondoriozko aurrekari penalik ez izatea.

f) Aurreko hiru urteetan abokatutzan intrusismoz aritzearen ondorioz ebazpen irmoaren bidez kondenatu ez izatea, salbu eta kondena horren ondorio diren aurrekari penalak ezereztu badira.

g) Diziplina zehapenaren ondorioz abokatuen elkargo batetik kanporatu ez izatea edo, halako zehapenik ezarriz gero, birgaitu izatea; Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak jaulkitako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da alderdi hori.

h) Abokatutzan aritzeko ezintasunaren, bateraezintasunaren edo debekuaren kausan sartuta ez egotea; Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak jaulkitako ziurtagiriaren bidez egiaztatuko da alderdi hori.

i) Gizarte Segurantzako erregimenean edo erregimen horren ordezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde edo mutualitate batean sartzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.

j) Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatzea, abokatuak bere jardun profesionalaren ondorioz izan litzakeen erantzukizunak estaltzeko.

2.– Elkargoan ez-egoiliar gisa izena emateko, eskatzaileak egiaztatu beharko du abokatu gisa agertzen dela bere helbide profesional bakar edo nagusiari dagokion elkargoan, horrek jaulkitako ziurtagiriaren bidez; era berean, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, aurreko zenbakiko g) eta h) letretan aintzat hartutako edukiarekin; eta helbide fisikoa eta helbide elektronikoa eman beharko du komunikazioen ondorioetarako.

3.– Jardunean ez den Elkargoko kide gisa izena emateko, eskatzaileak 1. zenbakiko a), b), c), d), e), f) eta g) letretan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, c) letrako bulego profesional irekia izateko betebeharra izan ezik.

4.– Elkargoan izena emateko eskatu duen pertsona aurretik Europar Batasuneko beste estatu batean aritu denean, Elkargoak jatorriko estatuko agintari eskudunei eskatu ahal izango die, bere kabuz edo Legelarien Euskal Kontseiluaren edo, hala badagokio, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren bitartez, 25. artikuluan aurreikusitako abokatutzan aritzeko ezgaitasun-kausaren bat biltzeko aukerari buruzko informazioa.

5.– Sartzeko eskabidea Gobernu Batzarrari zuzendutako idazkiaren bidez egingo da, eta Elkargoko kide egiteko baldintzak bete izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera aurkeztuko da. Gobernu Batzarrak, hala badagokio, onartu egingo du eskabidea. Eskabidea eteteko edo ukatzeko, aldez aurretik bidezko eginbideak eta txostenak egin beharko dira, eskatzaileari entzun eta ebazpen arrazoitua eman. Horren aurka estatutu hauetan ezarritako errekurtsoak aurkeztu ahal izango dira.

6.– Elkargoko kide egitean ulertzen da Elkargoari baimena ematen zaiola izaera profesionaleko datuak, Gobernu Batzarraren iritziz halakotzat jo daitezkeenak, jakinarazteko, datuok Elkargoaren gidetan sartzeko eta, Elkargoaren funtzioak betetzearren, hirugarrenei lagatzeko, hori guztia izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko legerian aurreikusitakoaren arabera eta horrek ezartzen dituen mugekin.

20. artikulua.– Leihatila bakarra.

1.– Elkargoak leihatila bakarra gaituko du, bere atari elektronikoaren bitartez, kide guztiek aukera izan dezaten Elkargoko kide egiteko, lanbidean aritzeko eta Elkargoan baja hartzeko behar diren tramite guztiak egiteko, puntu bakar baten bitartez, bide elektronikotik eta urrunetik.

2.– Elkargoak behar den guztia egingo du bere kide guztiek aukera izan dezaten, leihatila bakar horren bitartez, gainkosturik gabe:

a) Jarduera profesionalean sartzeko eta horretan aritzeko informazio guztia eta behar diren inprimakiak lortzeko.

b) Dokumentazio guztia eta behar diren eskabideak aurkezteko, Elkargoko kide egitekoa barne.

c) Interesatutzat jotzen duten prozeduren tramitazio-egoera ezagutzeko; hala ezarriz gero, nahitaezko tramite-egintzen jakinarazpena eta Elkargoak horiei buruz emandako ebazpena jasotzeko, baita diziplina-espedienteen jakinarazpena ere.

d) Elkargoko kideak ohiko eta ohiz kanpoko Batzar Nagusietara deitzeko eta Elkargo Profesionalaren jarduera publiko eta pribatua haiei jakitera emateko.

e) Elkargoko kideen gaikuntza profesionalaren egoera argitaratzea, diziplina-zehapen ezeztatu gabeen gaineko informazioa barne.

3.– Aurreko zenbakiko c) eta d) letretan xedatutakoak ez du ezertan galaraziko estatutu hauen 80. artikuluan jakinarazpenei buruz ezarritakoa.

21. artikulua.– Zina edo hitzematea.

1.– Lanbidean aritzen hasi aurretik, abokatutzaren lanbidean sartu nahi duten pertsonek zin egin edo hitzeman beharko dute Konstituzioari eta gainerako ordenamendu juridikoari men egingo diotela eta lanbidearen arau deontologikoak beteko dituztela, askatasunez eta independentziaz, fede onez, bezeroarekiko leialtasunez, kontrako alderdia errespetatuta eta sekretu profesionala gordeta.

2.– Zina edo hitzematea idatziz egingo dute, espediente pertsonalari gehituko zaion dokumentuan, eta lanbidean aritzeko gaituko du une horretatik aurrera. Gobernu Batzarrak erabaki ahal izango du aldian behin ekitaldi solemneak egitea, batzarrak berak ezarriko dituen forma eta protokoloarekin, zin edo hitzemate hori jendaurrean berresteko.

22. artikulua.– Abokatutzan aritzeko moduak.

Abokatutzan hainbat modutan jardun daiteke: bakarka aritzeko erregimenean, lankidetza profesionalean, lan-harreman berezian edo erkidean, jardun kolektiboan sozietate gisa edo sozietaterik gabe, lankidetza multiprofesionaleko erregimenean eta, oro har, legean onartutako edozein modalitatetan, betiere legeak eta, bereziki, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak ezarritako terminoen arabera.

23. artikulua.– Europar Batasuneko beste estatu batzuetako pertsonak abokatutzan aritzea.

1.– Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoko beste estatu batzuetako elkargokideak, jarduera profesionala Espainian egikaritu nahi dutenak, modu iraunkorrean eta jatorrizko lanbide-tituluarekin, Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuan sartu ahal izango dira «izena emandako abokatu» izendapenarekin.

2.– «Izena emanda» aritzen direnak estatutu hauetan orokorrean aurreikusitako egikaritze-modalitateen arabera aritu ahal izango dira lanbidean, indarrean dagoen araudian ezarritako mugekin.

3.– Abokatu bisitariek eta «izena emandako» pertsonen izendapena duten kideek Espainiako elkargokide den abokatu batekin itunduta jardun beharko dute bezeroak defendatu nahi dituzten gaietan, Espainiako legeriaren arabera, nahitaezkoa denean haiek esku hartzea epaitegi edo auzitegien aurreko edo jurisdikzio-funtzioak dituzten erakunde publikoen aurreko jarduketetarako; eta, era berean, figura profesional horren esku-hartzea nahitaezkoa ez duten gaietan, legeak galdatzen duenean interesdunak bere kabuz esku hartzen ez badu abokatu baten bidez besterik ezin duela egin; eta, orobat, atxilotuei eta presoei laguntza eman behar zaienean, haiekin komunikatu behar denean eta bisitak egin behar direnean.

4.– Jardule bisitaria aurkeztu zaion dekanotzari dagokion abokatuen elkargoari edo «izena emandako» jardulea erregistratuta dagoenari jakinarazi behar zaio ituna, bi profesionalek sinatutako idazkiaren bitartez. Halaber, itun horren existentzia eraginpean hartzen dituen jarduketa profesional guztietan jasoarazi beharko da.

5.– Itunak jardule elkargokidea behartzen du jarduketa profesionaletan «izena emandako» abokatuarekin edo bisitariarekin joatera eta hari laguntzera.

24. artikulua.– Sozietate profesionalak eta horien erregistroa.

1.– Sozietate profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legean edo berau ordezten duen legerian xedatutakoak, garapen-arauek, hala badagokio, aplikatzekoa den autonomia-erkidegoko araudiak, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak eta estatutu hauek zuzenduko dituzte abokatutzan aritzeko eratzen diren sozietate profesionalak.

2.– Halaber, arau berberek zuzenduko dituzte zenbait jarduera profesionaletan aritzea xede duten sozietate profesionalak, jarduera horietako bat abokatutza denean.

3.– Elkargoak Sozietate Profesionalen Erregistroa mantenduko du, eta bertan nahitaez inskribatuko dira ondoren adierazitako sozietate profesionalak, Elkargoan sar daitezen eta berorrek aukera izan dezan haien gainean egikaritzeko ordenamendu juridikoak Elkargoko kide diren profesionalen gainean ematen dizkion eskumenak:

a) Abokatuen sozietate profesionalak, diziplina anitzekoak izan ala ez, helbide soziala Elkargoaren lurralde-esparruan dutenak.

b) Abokatuen sozietate profesionalen sukurtsalak, Elkargoaren lurralde-mugapearen barruan helbideratuak, diziplina anitzekoak izan ala ez, abokatutzaren berezko jarduera profesionala egikaritzea xede dutenak eta helbide soziala Elkargoaren lurralde-esparrutik kanpo dutenak.

4.– Inskripzioan idatziz jasoko dira, hala badagokio, indarrean dagoen araudiak kasuan kasuko sozietate-formaren inskripziorako galdatutako aipamenak eta, gutxienez, alderdi hauek:

a) Sozietatearen izena edo izen soziala eta helbidea.

b) Eratze-eskritura publikoaren data eta identifikazio-aipamena eta notario baimen-emailea; egilesleen identifikazioa, bazkide profesionalak diren ala ez adierazita; eta sozietatearen iraupena, baldin eta denbora jakin baterako eratu bada.

c) Xede soziala eratzen duen jarduera profesionala.

d) Bazkide profesionalen eta ez-profesionalen identifikazioa eta, haiei dagokienez, elkargokide-zenbakia eta dagokien elkargo profesionala.

e) Administrazioaz eta ordezkaritzaz arduratzen diren pertsonen identifikazioa, bakoitza bazkide profesionala den ala ez adierazita.

5.– Bazkideen eta administratzaileen edozein aldaketa eta kontratu sozialaren edozein aldaketa ere Sozietate Profesionalen Erregistroan inskribatu beharko da.

6.– Ordenamendu juridikoak pertsona jarduleen gainean ematen dizkion eskumen berberak egikarituko ditu Elkargoak inskribatutako sozietate profesionalen gainean, bereziki deontologia profesionalari eta zehatzeko ahala egikaritzeari dagokienez. Sozietate Profesionalen Erregistroan ez inskribatzea ez da oztopo izango sozietate profesionalaren existentzia zuzenbidean onartutako beste edozein bideren bitartez egiaztatzeko eta hark dagozkion Elkargoaren betebeharrak betetzeko, bereziki deontologikoak.

7.– Sozietate profesionalek beren estatutuetan aurreikusi ahal izango dute, edo gerora erabaki, bazkideen artean, horien eta administratzaileen artean eta horietako edozeinen eta sozietatearen artean sortzen diren eztabaidak, funtzionamenduari, bereizteari, baztertzeari eta likidazio-kuota zehazteari buruzkoak barne, Elkargoaren arbitrajepean jarriko direla.

25. artikulua.– Abokatutzan aritzeko ezgaitasuna.

1.– Abokatutzan aritzeko ezgaitasuna eragiten duten arrazoiak dira:

a) Beren izaera edo intentsitatea dela-eta, pertsona jarduleei agintzen zaien defentsa- eta aholkularitza-eginkizuna betetzen uzten ez duten eragozpenak.

b) Ebazpen judizial edo korporatibo irmo baten arabera abokatutzan aritzeko berariazko desgaikuntza edo etendura.

c) Jardun profesionalaren etendura edo abokatutzaren edozein elkargotatik kanporatzea dakarten diziplina-zehapen irmoak.

d) Oro har, 19.1 artikuluan abokatutzan aritzeko ezarritako baldintzaren bat betetzeari uztea. Kasu horretan, elkargokideak hamabost eguneko epean jakinaraziko du, nahiz eta jarduna eragozten duen egintza gertatu bezain laster utzi beharko dion dagozkion funtzioak betetzeari. Gainera, jakinarazpena ez egitea ez da Elkargoak jarduteko oztopo izango, baldin eta beste edozein bidetik izan badu ezgaitasun-arrazoiaren berri.

2.– Aurreko edozein arrazoiren ondoriozko ezgaitasunak automatikoki ekarriko du profesional jardulea ez-jardule izatera igarotzea. Ezgaitasuna desagertu egingo da eragin duen arrazoia amaitzen denean.

3.– Abokatutzaren edozein elkargotatik kanporatzea dakarren diziplina-zehapena izan duenean, ezgaitasuna ez da desagertuko harik eta kanporatzeko zehapena ezarri zuen elkargoaren estatutuetan edo, halakorik ezean, Abokatutzaren Estatutu Orokorrean edo estatutu hauetan aurreikusitako terminoetan abokatua birgaitzen ez duten arte.

26. artikulua.– Bateraezintasunak.

1.– Abokatutzaren jarduna bateraezina da lanbideari dagozkion askatasun, independentzia eta duintasuna mespretxa ditzakeen edozein jarduerarekin, Abokatutzaren Estatutu Nagusiak eta indarrean dagoen beste araudi guztiak ezarritakoari jarraiki, Estatutu hauek arau horiek esandakoa bere gain hartzen baitute.

2.– Bateraezintasun-arrazoiren bat duen pertsona jarduleak berehala utzi beharko dio lanbidean aritzeari eta jardule gisako baja formalizatu beharko du, gehienez ere, hamabost eguneko epean, Gobernu Batzarrari zuzendutako jakinarazpenaren bidez. Hala egiten ez badu, Gobernu Batzarrak kautelaz eten dezake haren jardun profesionala, eta ez-jarduletzat joko du automatikoki, dagokion diziplina-espedientea hasteko erabakia hartzen duen aldi berean.

27. artikulua.– Elkargoko kide izateari uztea.

1.– Elkargoko kide izateari utziko zaio:

a) Heriotzaren ondorioz.

b) Gobernu Batzarrari idatziz jakinarazitako borondatezko bajaren ondorioz.

c) Ohiko edo ohiz kanpoko kuotak eta ordaindu behar dituen Elkargoaren gainerako kargak behin eta berriz ez ordaintzearen ondorioz. Behin eta berriz ez ordaintzetzat hartuko da ohiko edo ohiz kanpoko hiru kuota jarraian edo bost txandaka ez ordaintzea. Elkargoko kide izateari uzteko erabakia Gobernu Batzarrak hartuko du, kideari ordaintzeko errekerimendua bi aldiz egin ondoren.

d) Lanbidean aritzeko desgaikuntza-zigor nagusia edo erantsia dakarren kondena irmoaren ondorioz.

e) Elkargotik kanporatzeko zehapenaren ondorioz, diziplina-espedientean ebazpen irmoaren bidez erabakia, legeetan eta horiek garatzen dituzten arauetan ezarritakoaren arabera.

2.– Elkargoko kide izateari uztea Elkargoko Gobernu Batzarrak onartuko du aurreko zenbakiko a) letraren kasuan, edo ebazpen arrazoituan erabakiko du gainerako kasuetan. Elkargoaren bidean irmo egiten denean, berehala jakinaraziko zaie Legelarien Euskal Kontseiluari, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari eta epaitegi eta auzitegiei.

3.– Elkargoko kide izateari uztea alderdi interesdunaren espediente pertsonalean idatziko da, hala badagokio, kide izatera itzultzen den arte.

28. artikulua.– Elkargora itzultzea.

1.– Beren ekimenez Elkargoko kide egin direnek, arrazoi horren ondorioz baja hartu dutenean, eta, gainerako kasuetan, bajaren arrazoia desagertu denean, Elkargora itzultzeko eskatu ahal izango dute. Salbuetsi egiten da kanporatze-zehapenaren ondoriozko baja, kasu horretan hurrengo artikuluan ezarritako terminoetan birgaitzea besterik ez baita izango bidezkoa.

2.– Lanbidean aritzeko baldintzak betetzen direla edo hura eragozten zutenak desagertu direla egiaztatzearen, eta, hala badagokio, Gobernu Batzarrak itzultzeko ezartzen duen kuota ordaintzearen baldintzapean geratuko da Elkargora itzultzea.

3.– Bajaren arrazoia kuotak ez ordaintzea izan denean, itzultzeko kuota eta baja-egunera arte ordaindu gabeko kuotak ordaintzearen baldintzapean geratuko da Elkargora itzultzea.

29. artikulua.– Kanporatutako abokatua birgaitzea.

1.– Elkargotik kanporatzeko diziplina-zehapena ezarri zaien abokatuek lanbidean aritzeko birgaikuntza lortu ahal izango dute ondorengo zenbakietan aurreikusitako baldintzak betetzen direnean.

2.– Kanporatutako pertsonak birgaitzeko ezinbestekoa izango da kanporatzeko zehapena gauzatu zenetik bost urteko epea igarotzea eta Gobernu Batzarrak deontologia profesionalaren arloan ezartzen dituen prestakuntza-jarduerak gainditu izana egiaztatzea, baita duintasunik ezaren edo balio eta betebehar profesional eta deontologikoak mespretxatzearen arrazoirik ez izatea ere.

3.– Birgaikuntza Elkargoaren Gobernu Batzarrari eskatuko zaio. Batzarrak inguruabar hauek baloratuko ditu eskabide horri buruz ebazteko:

a) Kanporatzeko zehapenaren ondorengo aurrekari penalak eta aurretiko diziplina-zigorrak.

b) Zehatutako arau-haustea egin izanaren ondorio diren kalte-galeren garrantzia, eta horien konponketa.

c) Kanporatutako pertsonaren jokabideak lanbidearen etorkizuneko jardunean izan dezakeen eragina antzematea ahalbidetzen duen beste edozein.

4.– Eskatutako birgaikuntza ukatzen duten Gobernu Batzarraren ebazpenak arrazoituak izan behar dira beti.

II. KAPITULUA
ELKARGOKO KIDEEN ESKUBIDEAK ETA EGINBEHARRAK

30. artikulua.– Abokatuen eskubide eta eginbehar orokorrak.

Abokatuek, lanbidean aritzen direnean eta bezeroei, justizia-auzitegiei, gainerako botere publikoei, lankideei, gainerako alderdiei eta edozein hirugarreni dagokienez, legeek, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak onartutako Kode Deontologikoak, Europako Abokatuen Kode Deontologikoak, estatutu hauek, Elkargoaren Gobernu Batzarraren erabakiek eta Abokatutzaren Estatutu Profesionala erregulatzen duten arau guztiek ezartzen dituzten eskubideak eta eginbeharrak izango dituzte.

31. artikulua.– Elkargoko kideen eskubide eta eginbehar korporatiboak.

1.– Elkargoko kideen eskubideak dira Elkargoari dagokionez:

a) Kudeaketa korporatiboan parte hartzea eta, hortaz, boto-eskubidea eta Elkargoko karguak betetzeko eskubidea egikaritzea, lege edo estatutuetako arauek ezartzen duten moduan. Elkargoko jarduneko kideen botoak, betiere, jardunean ez dauden Elkargoko kideen botoaren balio bikoitza du.

b) Elkargoak sustatzen dituen jardueretan parte hartzea, bereziki prestakuntzakoetan, eta Elkargoaren instalazioak eta zerbitzuak erabiltzea, Gobernu Batzarrak ezarritako terminoetan.

c) Elkargoan dauden azterketa-talde eta batzordeetan parte hartzea eta Gobernu Batzarrari talde eta batzorde berriak sortzeko proposamena egitea.

d) Elkargoaren organoetan aztertzen diren interes orokorreko gaiei eta hartzen diren erabakiei buruzko informazioa eskatzea, ezertan galarazi gabe haiei erakundeetatik eman zaien publizitatea.

e) Elkargoari eskatzea bere jarduketa profesionalaren independentzia eta askatasuna babesteko, abokatutzari zor zaion begirunea izateko, sekretu profesionala zaintzeko eta defentsa-eskubidea eta -eginbeharra babesteko, edozein arrazoiren ondorioz mugatuta edo nahasita daudenean. Gobernu Batzarrari egokituko zaio kasu bakoitzean emandako babesaren hedadura eta forma zehaztea, baita hura ukatzea ere.

f) Hasierako eta etengabeko lanbide-heziketa izateko eskubidea.

g) Era berean, eskubide korporatiboak dira, ondorio guztietarako, dagokionean aplikatzekoa den goragoko mailako araudiaren edo erregulazioaren ondorio direnak.

h) Estatutu hauetan jasotako beste edozein.

2.– Elkargoko kideen eginbeharrak dira Elkargoari dagokionez:

a) Ohiko eta ohiz kanpoko kuotak egunean ordainduta izatea, eta Elkargoaren gainerako kargak, horien izaera dena dela ere, Gobernu Batzarrak horretarako ezarritako moduan eta epeetan altxatzea. Ondorio horietarako, karga korporatibotzat hartzen dira Elkargoak, Legelarien Euskal Kontseiluak edo Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak ezarritako guztiak.

b) Elkargoari salatzea ezagutzen duen intrusismo-egintza oro eta legez kontra aritzen direnen kasuak, bai elkargokide ez izateagatik, bai salatutakoaren etendura edo desgaikuntzaren ondorioz, edo bateraezintasun- edo debeku-kasuetan dagoelako.

c) Bere funtzioak betetzen ari den Elkargoko edozein kideren askatasunaren, independentziaren edo duintasunaren aurkako edozein atentatu Elkargoari salatzea.

32. artikulua.– ordainsari profesionalak.

1.– Abokatuak eskubidea du egindako zerbitzuen ondorioz konpentsazio ekonomiko egokia jasotzeko eta eragin dizkioten gastuen ordaina hartzeko.

2.– Ordainsarien zenbatekoa eta horiek ordaintzeko modu finkoa, aldian behingoa, ordukakoa edo beste edozein, askatasunez hitzartuko dute bezeroak eta profesionalak.

3.– Abokatuak, horretarako behar diren datuak eduki bezain laster, bezeroari eman beharko dio bere jarduketa profesionalari dagozkion ordainsariei eta horien kuantifikazioa zehazteko erabili nahi dituen irizpideei buruzko informazioa.

4.– Komenigarritzat jotzen da, betiere, bezeroari abokatuaren esku-hartze profesionalari dagokion aurrekontua entregatzea, bezeroak ere sinatuko duen enkargu-orri baten bitartez.

5.– Enkargu-orria edo ordainsarien aurrekontua entregatzea nahitaezkoa izango da bezeroak hala eskatzen duenean.

6.– Enkargu-orrian idatziz jasoko dira inguruabar hauek:

a) Enkarguaren xedea.

b) Enkarguan berariaz sartzen diren jarduketa zehatzen xehetasuna.

c) Hala badagokio, aurrekontukoak ez diren baina zeregin profesionalaren garapenean egin litezkeen jarduketen aipamena.

d) Ordainsari profesionalak zehazteko kontuan hartuko diren irizpideak eta, ahal den neurrian, haien kuantifikazio zehatza. Gaiaren ezaugarriak direla eta, ordainsarien zenbateko zehatza finkatu ezin dela uste denean, inguruabar hori idatziz jasoko da eta, betiere, zenbateko hori zehazteko erabiliko diren oinarriak adieraziko dira.

e) Ordejarritako gastu gisa edo beste inguruabar batzuen ondorioz beharko diren eta aurreko d) letrako zentzuan prezioan sartzen ez diren kopuruak.

f) Noiz den bidezkoa edozein kopuru ordaintzea.

g) Hala badagokio, aurrekontua enkarguaren garapenak eragin litzakeen aldaketen mende gera daitekeen aipamena. Aldaketa horiek, era berean, bezeroak onartu beharko ditu.

7.– Ordainsariak eskuratzeko, haiek zehazteko garrantzizko elementu guztiak behar bezalako xehetasunarekin jasoko dituen minuta edo faktura jaulki beharko du abokatuak.

8.– Enkargu-orririk edo berariazko bestelako itunik edo gutxi gorabeherako aurrekonturik ezean, abokatuak eskubidea izango du enkargua betetzeko hedatutako jarduerari dagozkion ordainsariak jasotzeko. Horretarako, legeak haiek erreklamatzeko ezartzen dituen akzioak egikaritu ahal izango ditu.

9.– Elkargoak ez du izango atal honetan eta hurrengoan berariaz aurreikusitakoaz bestelako esku-hartzerik bezeroak abokatuari zor dizkion ordainsariak zehazteko. Elkargoak ezin izango du ezarri ordainsari profesionalei buruzko baremorik, tarifarik edo beste orientaziorik, gomendiorik, gidalerrorik, arau edo erregelarik. Elkargoak ez du kontsultarik onartuko, ez enkargu profesionalaren aurrekorik ez ondorengorik, ordainsari profesionalak zehazteko edo ordainsari jakin batzuk gehiegizkoak edo egokiak iruditzen zaizkion adierazteko. Ordainsari profesionalen arloko ezadostasunak judizioz kanpo ebaztearren, Elkargoak bitartekotza- edo arbitraje-prozeduren bitartez besterik ezin izango du esku hartu. Prozedura horiek alderdiek ituntzen dituzten terminoetan lotuko dituzte alderdiak.

10.– Elkargoak txostena eman beharko du, soilik errekerimendu judiziala egiten zaionean, bai ofizioz bai alderdi batek eskatuta, ordainsari profesionalak eztabaidatzen diren prozesuetan, peritu-irizpena emateko legez gaitutako korporazioa den aldetik eta prozesu-legeek ezarritako terminoetan.

33. artikulua.– Kostuen tasazioetarako irizpide orientagarriak.

1.– Elkargoak irizpide orientagarriak landu ahal izango ditu edo Legelarien Euskal Kontseiluari lantzeko proposatu ahal izango dio, abokatuen kostuen tasazioaren ondorio esklusiboetarako. Irizpide horiek baliozkoak izango dira, era berean, kontuen zinetan aintzat hartutako prozesu-jardunetarako eta doako laguntza juridikoan kostuen tasazioaren ondorioetarako dagozkion ordainsariak eta eskubideak kalkulatzeko.

2.– Gobernu Batzarrak onartzen dituen irizpide orientagarriak eta Kostuen Tasazioen Atalak proposatuta onartutako txostenetako aplikazioa publikoak izango dira. Gobernu Batzarrak dagokion argitalpen-bidea arbitratuko du, oro har ezagutzera emateko eta, batez ere, segurtasun juridikoari begira.

3.– Elkargoak, errekerimendu judiziala egiten zaionean, txosten orientagarria emango du kostuen tasaziorako eta kontuen zinerako prozeduretan, prozesu-legeek ezarritako terminoetan.

4.– Prozesuko kostuen eta kontuen zinaren arloko ezadostasunak judizioz kanpo ebaztearren, Elkargoak bitartekotza- edo arbitraje-prozeduren bitartez esku hartu ahal izango du. Prozedura horiek alderdiek ituntzen dituzten terminoetan lotuko dituzte alderdiak.

III. KAPITULUA
ELKARGOKO KIDEEN ETA SOZIETATE PROFESIONALEN ERANTZUKIZUN-ERREGIMENA

34. artikulua.– Erantzukizun zibila eta penala.

1.– Abokatuak eta sozietate profesionalak erantzukizun penalaren mende daude beren jarduera profesionalean aritzean egiten dituzten delituak eta faltak direla eta.

2.– Abokatuak eta sozietate profesionalak, beren jardun profesionalean, erantzukizun zibilaren mende daude, defendatzeko beren eskuetan jarri dizkieten interesak doloaren edo zabarkeriaren ondorioz kaltetzen dituztenean. Erantzukizun hori legeria arruntaren arabera galdatu ahal izango da justizia-auzitegien aurrean.

3.– Abokatuak edo sozietate profesionalak, beste baten kontra jardun profesionalarekin erlazionatutako erantzukizunei buruzko edozein motatako jarduketak sustatzeko enkargua jasotzen duenean, Dekanotzari jakinarazi beharko dio, honek bidezkotzat jotzen badu, bitartekotza-zeregina egiteko aukera izan dezan.

35. artikulua.– Diziplina-erantzukizuna.

1.– Abokatuek eta sozietate profesionalek, lanbidean aritzean, estatutu hauetan aurreikusitako eginbeharrak, Abokatutzaren Estatutu Orokorra, Kode Deontologikoa eta lanbideari aplikatzeko gainerako arauak betetzen ez dituztenean, diziplina-erantzukizuna izango dute, bidezkoa izan daitekeen beste edozein erantzukizun penal, zibil edo administratibo ezertan galarazi gabe.

2.– Gobernu Batzarrari dagokio abokatuen eta sozietate profesionalen gaineko zehapen-ahala egikaritzea, eta bere lurralde-esparruan gertatzen diren zehatzeko moduko ekintza edo omisio guztietara hedatzen da, nahiz eta beste elkargo batzuetako kide diren abokatuak edo sozietate profesionalak izan. Gobernu Batzarra da, era berean, ezarritako zehazpenak irmo bilakatzen direnean betearazteaz arduratzen den organoa.

3.– Jardunean ez dauden Elkargoko kideak artikulu honen aurreikuspenen mende geratuko dira beren Elkargoko jarduketari loturik aplikatzekoa den guztian.

4.– Diziplina-ahala Legelarien Euskal Kontseiluari dagokio eraginpeko pertsona Gobernu Batzarreko edo Kontseiluaren beraren gobernu-organoko kidea denean.

5.– Tituludun lanbideak eta elkargo profesionalak arautzen dituzten legeetan, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean, kode deontologikoetan eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak onartutako Diziplina Prozeduraren Erregelamenduan edo, hala badagokio, horiek ordezten dituzten arauetan xedatutakoak zuzenduko ditu diziplinazko arau-hausteen eta dagozkien zehapenen tipifikazioa, haiek aztertu eta ezartzeko jarraitu beharreko kontraesan-prozedura, eta ezerezteko eta birgaitzeko erregimena.

6.– Diziplina-zehapenak Gobernu Batzarrak zehazten duen moduan jakitera emango dira, eta betiere idatziz jasoko dira Elkargoko edo sozietate profesionaleko kidearen espediente pertsonalean, ezereztea bidezkoa izan arte.

7.– Abokatutzan aritzeko aldi baterako etendura edo Elkargotik kanporatzea dakarten diziplina-zehapenak Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari, Legelarien Euskal Kontseiluari, epaitegi eta auzitegiei, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari eta, bidezkoa izanez gero, Justizia Ministerioari jakinaraziko zaizkie, indarra izateko.

III. TITULUA
ELKARGOAREN GOBERNUA
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN GOBERNU-ORGANOAK

36. artikulua.– Elkargoaren gobernu-organoak.

1.– Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsua Dekanotzak, Gobernu Batzarrak eta Batzar Nagusiak zuzentzen dute.

2.– Dekanoak jaun txit gorenaren edo andre txit gorenaren tratamendua du. Gobernu Batzarreko gainerako kideek jaun txit prestuaren edo andre txit prestuaren tratamendua dute.

37. artikulua.– Elkargoaren gobernua zuzentzen duten printzipioak.

1.– Demokrazia, autonomia, Elkargoko parte-hartzea eta gardentasuna dira Elkargoaren gobernua gidatzen duten printzipioak.

2.– Antolaketan eta funtzionamenduan, legeak, estatutu hauek eta gainerako ordenamendu juridiko aplikagarriak zuzentzen dituzte Elkargoaren organoak.

38. artikulua.– Gardentasuna.

1.– Elkargoa gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen edo horren ordez ematen den legeriaren mende dago, zuzenbide publikoko korporazioa den aldetik, administrazio-zuzenbidearen mendeko jarduerei dagokienez.

2.– Gobernu Batzarra izango da legean ezarritako publikotasun aktiboko betebeharrak betetzeaz eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea gauzatzea bermatzeaz arduratuko den organoa, legean ezarritako terminoetan.

3.– Gobernu Batzarrak urteko memoria egin beharko du, gutxienez informazio hau bilduko duena:

a) Kudeaketa ekonomikoaren urteko txostena, langile-gastuak behar adina banakatuta jasoko dituena.

b) Kuota aplikagarrien zenbatekoa, kontzeptuaren eta egindako zerbitzu motaren arabera banakatuta, eta haiek kalkulatzeko eta aplikatzeko arauak.

c) Informazio-eginbideei eta instrukzio-fasean dauden edo irmo bilakatu diren zehapen-espedienteei buruzko informazio agregatua eta estatistikoa, aztergai duten arau-haustea, haien tramitazioa eta, hala badagokio, ezarritako zehapena adierazita, betiere izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko legeriaren arabera.

d) Kontsumitzaile edo erabiltzaileek edo horien ordezkaritza-erakundeek aurkeztutako kexa eta erreklamazioei buruzko informazio agregatua eta estatistikoa, eta haien tramitazioari buruzkoa eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko arrazoiei buruzkoa, betiere izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko legeriaren arabera.

e) Kode deontologikoen edukian izandako aldaketak.

f) Bateraezintasunei buruzko arauak eta gobernu-batzarretako kideek izan ditzaketen interes-gatazken egoerak.

4.– Urteko memoria atari elektronikoaren bitartez jakitera eman beharko da urte bakoitzeko lehen seihilekoan.

II. KAPITULUA
DEKANOTZA

39. artikulua.– Dekanotza.

1.– Dekanotza Elkargoaren kide bakarreko organo gorena da, estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera hautatua.

2.– Dekanotzari dagokio:

a) Elkargoaren ordezkaritza ofiziala izatea haren harreman guztietan, judizialetan eta judizioz kanpokoetan, botere publikoekin, erakundeekin, korporazioekin eta edozein mailatako gainerako erakundeekin dituenak barne.

b) Estatutuek bere aginteari erreserbatzen dizkioten aholkatzeko, zaintzeko eta zuzentzeko funtzioak betetzea.

c) Lankide guztiekin babesteko eta aholkatzeko harreman jarraikia izatea, eta leialtasunezko eta adiskidetasunezko harremanak manten daitezen zaintzea, bere jarduketa goi-mailako tutoretza etikoa izan dadin ahaleginduta, bere zuzentasunak eta afektuak abokatutzaren funtsezko duintasuna nabarmen dezaten.

d) Elkargoaren jarduera zuzentzea eta koordinatzea eta, bereziki, Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren erabakiak bete daitezen zaintzea.

e) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren bilkurak deitzea, gai-zerrenda onartzea, lehendakari-lanetan aritzea eta bilkurak zuzentzea eta amaitutzat ematea, baita parte hartzen duen Elkargoko beste edozein organo edo batzorderenak ere. Berdinketarik izanez gero, kalitateko botoa izango du.

f) Presako kasuetan Elkargoan kide berri bat sartzeko erabakia hartzea. Dena den, Gobernu Batzarraren hurrengo bilkuran berretsi beharko da.

g) Elkargoa ordezkatzea edozein negozio edo egintza juridiko egitean eta formalizatzean. Hala ere, ezin izango du Elkargoaren izenean kontraturik izenpetu, ezta betebeharrik hartu ere, Gobernu Batzarrak aldez aurretik erabakitzen ez badu. Ondasun-higiezinen gaineko erabilera-negozioak badira, aldez aurretik Batzar Nagusiak hartu beharko du erabakia.

h) Idazkariak egiten dituen aktak eta jaulkitzen dituen ziurtagiriak ikus-onestea.

i) Legeetan, erregelamenduetan, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean eta estatutu hauetan agintzen edo ematen zaizkion gainerako funtzio guztiak eta, oro har, aurreko guztiak hobeto betetzeko behar diren guztiak.

3.– Dekanotzari emandako ahalmenak indarrean dagoen legerian eta estatutu hauetan ezarritako terminoetan eta mugekin eskuordetu ahal izango dira.

III. KAPITULUA
GOBERNU BATZARRA

40. artikulua.– Gobernu Batzarraren izaera eta osaera.

1.– Gobernu Batzarra Elkargoa zuzendu, kudeatu eta administratzen duen kide anitzeko organoa da.

2.– Gobernu Batzarra dekanotzako, idazkaritzako eta diruzaintzako karguak betetzen dituztenek eta hamaika diputatuk osatuko dute, ordenaren arabera zenbakituta. Horien artean, 1. ordinala esleitzen zaionak izango du dekanordetzako kargua.

41. artikulua.– Gobernu Batzarraren eskudantziak.

Abokatutzaren Estatutu Orokorrak eta indarrean dagoen legeriak ezar ditzaketenez gain, Gobernu Batzarrak eskudantzia hauek ditu:

a) Korporazioaren eta Elkargoko kideen interesetarako komenigarritzat jotzen dituen jarduera guztiak egiteko erabakia hartzea.

b) Elkargoan sartzeko eta bertara itzultzeko kuotak eta Elkargoaren karga eta zerbitzuei aurre egiteko ohiko kuotak zehaztea eta, bidezkoa denean, horietatik salbuesteko erabakia hartzea. Batzar Nagusiari ohiz kanpoko kuotak ezartzeko proposamena egitea.

c) Elkargoko kideei babesa ematea beren independentzia eta askatasuna, abokatutzari zor zaion begirunea, sekretu profesionalaren zaintza eta defentsa-eskubidearen eta -eginbeharraren babesa edozein arrazoiren ondorioz mugatuta edo nahasita daudenean.

d) Elkargoko kideek eta hirugarrenek planteatzen dizkioten kexak aztertzea.

e) Abokatuek justizia-auzitegiekin eta lankide eta bezeroekin jokabide ona izan dezaten zaintzea, eta beren funtzioa betetzen ari direnean behar den prestasun eta gaitasun profesionala erakuts dezaten begiratzea.

f) Arau deontologikoak errespetatu eta bete, ezagutzera eman, ezagutu eta irakatsi daitezen bilatzea eta sustatzea.

g) Elkargoko kideen gaineko diziplina-ahalmenak egikaritzea, estatutu hauek, Abokatutzaren Estatutu Orokorrak, Kode Deontologikoak, Abokatutzaren Diziplina Prozeduraren Erregelamenduak eta aplikatzekoa den gainerako araudiak ezarritako terminoetan.

h) «Pedro Ibarreche» Praktika Juridikoko Eskolaren bitartez Elkargoko kideen hasierako eta etengabeko lanbide-heziketarako jarduerak sustatzea eta laguntza-sistemak ezartzea.

i) Elkargoan sartzeko eskatzen dutenak kide egiteko erabakia hartzea, jarduneko abokatu gisa edo jardunean ez dauden Elkargoko kide gisa. Presako kasuetan ahalmen hori dekanoak egikaritu ahal izango du, eta Gobernu Batzarrari aurkeztuko zaio berresteko.

j) Legez ezarritako terminoetan arautzea doako laguntza juridikoko zerbitzuen funtzionamendua.

k) Elkargoaren zerbitzuek egoki funtzionatzeko beharrezkotzat jotzen dituen arauak ematea.

l) Elkargoko sail eta zerbitzuen jarduera antolatzea, zuzentzea, koordinatzea, programatzea eta kontrolatzea.

m) Elkargoaren funtsak biltzea, banatzea eta administratzea; diruzainak egindako aurrekontuen aurreproiektua onartzea Batzar Nagusiari aurkezteko; urteko kontuak ematea; eta Batzar Nagusiari proposatzea Elkargoaren ondarearen inbertsioa edo erabilera, baldin eta ondasun higiezinak badira.

n) Akzio eta jarduketa egokiak egikaritzea intrusismoa eragozteko eta jazartzeko, eta lanbidean legez ezarritako baldintzak eta modua bete gabe aritzen direnei, Elkargoko kideak izan ala ez, lanbidean aritzea eragozteko, jardun profesional irregularra ahalbidetzen duten pertsona natural edo juridikoak baztertu gabe.

o) Txostena ematea, peritu-irizpenaren izaerarekin, errekerimendu judiziala egiten zaionean, bai ofizioz bai alderdi batek eskatuta, ordainsari profesionalak eztabaidatzen diren prozesuetan, estatutu hauen 32.10 artikuluan ezarritako terminoetan.

p) Elkargoaren bitartez ahal den neurrian bateratzea eta sustatzea Elkargoko kideen erantzukizun profesionalaren aseguramendua.

q) Elkargoko kideen artean adiskidetasun-loturak sustatzea.

r) Harremanak sustatzea Elkargoaren eta kideen eta magistratu, fiskal, justizia administrazioko letratu, forentse eta administrazio publikoaren zerbitzurako gainerako langileen artean.

s) Ordezkaritzak, azterketa-taldeak, batzordeak eta elkarteak sortzea funtzioak betetzeko edo Elkargoko kideen edo Elkargoaren intereseko jarduerak abian jartzeko, edo abokatutza defendatzeko eta sustatzeko, eta haien funtzionamendua arautzea eta, hala badagokio, eskuordetzen dituen ahalmenak finkatzea.

t) Sozietateak, elkarteak edo fundazioak eratzea Elkargoaren xedeak hobeto lortzeko.

u) Urtean behin oturuntza antolatzea Elkargoko kideentzat, aisialdi atsegina eta senidetasun profesionala sustatzen laguntzeko.

v) Estatutu hauek eta Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrak ezartzen dituzten beste guztiak.

42. artikulua.– Gobernu Batzarraren funtzionamendua.

1.– Gobernu Batzarra gutxienez hamabostean behin bilduko da, abuztuan izan ezik. Gainera, Dekanotzak beharrezkotzat edo komenigarritzat jo bezainbat aldiz bildu ahal izango da, edo gutxienez kideen bostenek eskatzen dutenean. Azken kasu horretan, deialdiaren xedea adierazi beharko dute.

2.– Gai-zerrenda Dekanotzak prestatuko du Idazkaritzaren laguntzarekin, eta Gobernu Batzarreko kideen eskuetan egon beharko du, aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentazioarekin batera, gutxienez hogeita lau ordu lehenago, presako egoeretan izan ezik. Baliabide telematikoen bidez igorriko da eta, ohiko moduan, gai hauek jasoko ditu:

a) Dekanotzak berak bidezkotzat jotzen dituenak.

b) Kudeatzaileak planteatzen dituen Elkargoaren kudeaketari eta administrazioari buruzko gaiak.

c) Gobernu Batzarreko kideek proposatutakoak.

d) Hurrenez hurrengo atalek Gobernu Batzarrari aurkeztutako espedienteak.

e) Azterketa-taldeek eta batzordeek Gobernu Batzarrak aztertzeko proposatutako gaiak.

f) Elkargoko kideek proposatu eta Dekanotzak egoki eta komenigarritzat jotzen dituenak.

g) Galde-eskeak.

3.– Gai-zerrendan sartu ez diren gaiei buruzko erabakiak hartu ahal izateko, aldez aurretik presakotzat jo beharko ditu Batzarrak berak.

4.– Batzarrerako deia eragin duten arrazoiak presa larrikoak direnean, alde batera utziko dira gai-zerrenda eta arestian ezarritako deialdia aldez aurretik ezagutzeko baldintza, eta nahikoa izango da Batzarreko kideei edozein baliabideren bitartez jakinaraztea deialdiaren arrazoia zein den eta bilkura non eta zer ordutan egingo den.

5.– Gobernu Batzarreko bilkura eta eztabaiden akta egingo da, eta Idazkaritzako titularrak sinatuko du, bilkuran lehendakari-lanak egin dituenarekin batera. Aktak kasuan kasuko organoak egiten duen hurrengo bilkuran onartuko dira. Horretarako nahikoa izango da bertaratutakoen gehiengo soilaren aldeko botoa.

6.– Dekanotzak edo estatutuen arabera ordezten duenak egingo ditu Batzarreko lehendakari-lanak. Berak zuzenduko ditu eztabaidak, hitz egiteko txandak emango ditu eta esku-hartzeak zehatzak eta auzigaiari buruzkoak izan daitezen zainduko du.

7.– Gobernu Batzarra balioz eratzeko, ezinbestekoa izango da kideen erdiak gehi bat bertan izatea. Absentzia guztiak behar bezala justifikatu beharko dira.

8.– Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentazioa Elkargoaren Idazkaritzan zaindu beharko da, Batzarreko kideen eskueran, kasuan kasuko bilkura egin aurretik.

9.– Erabakiak bertaratuen gehiengoaren botoarekin hartuko dira. Gobernu Batzarreko kide batek eskatuta, eta Dekanotzak bidezkotzat jotzen badu, bozketa idatziz eta sekretuan egin ahal izango da. Berdinketarik izanez gero, Dekanotzaren edo haren funtzioak betetzen ari denaren kalitateko botoak erabakiko du.

10.– Aurreko zenbakian xedatutakotik salbuesten dira goragoko mailako arau batean berariaz ezartzen diren kasuan, eta abokatutzan aritzeko sei hilabetetik gorako etendura edo Elkargotik kanporatzea dakarten zehapenak ezartzeko erabakiak. Azken kasu horretarako bozketa sekretua izango da eta Gobernu Batzarreko kideen bi herenen adostasuna beharko da. Bilkuraren deialdian ohartaraziko da nahitaezkoa dela Batzarreko kide guztiak bertaratzea eta arrazoi justifikaturik gabe bertaratzen ez dena kargutik kenduko dutela, hori guztia Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrari jarraikiz.

11.– Gai-zerrendan sartutako gai zehatz batean zuzeneko edo zeharkako interesa duten Gobernu Batzarreko kideek bilkura utziko dute hura eztabaidatu eta bozkatzen den bitartean. Batzarrak alderdi horri buruz bidezkotzat jotzen duen erabakia hartu ondoren itzuliko da bilkurara. Inguruabar hori aktan jasoko da.

12.– Gobernu Batzarraren bilkuretara bertaratzea nahitaezkoa da kide guztientzat. Hori dela-eta, urtebetean elkarren segidako hiru (3) bilkuretara edo txandakako bost (5) bilkuretara justifikatu gabe ez bertaratzeak, edo aurreko 8. zenbakian araututako Batzarrera arrazoi justifikaturik gabe ez bertaratzeak Batzarreko kide izateari utzi beharra ekarriko du, Gobernu Batzarrak erabakia ildo horretan hartu ondoren.

43. artikulua.– Dekanordetza.

Dekanordetzaren kargua Gobernu Batzarreko 1. diputatuak izango du, eta Dekanotzak eskuordetzen dizkion funtzio guztiak beteko ditu. Halaber, Dekanotzaren funtzioak bere gain hartuko ditu kargua edozein arrazoirengatik hutsik geratzen denean, hala nola heriotza, absentzia, gaixotasuna, errekusazioa edo eraginpean har lezaketen gaietako abstentzioa.

44. artikulua.– Idazkaritza.

1.– Idazkaritzari dagokio (Gobernu Batzarrekoa eta Batzar Nagusikoa ere izango da) Dekanotzari bere funtzioak garatzen laguntzea, eta, eginkizun horretan, Elkargoaren gobernu-prozedurak gordetzen direla eta Elkargoaren jarduketetan legeria betetzen dela bermatzea.

2.– Idazkaritzaren funtzioak dira:

a) Elkargoko organoen erabakien legezkotasuna zaintzea.

b) Elkargoaren dokumentazioa zaintzea.

c) Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzarrak egiten dituzten bilkuren aktak idaztea eta baimentzea, Dekanotzaren oniritziarekin.

d) Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzarrak egiten dituzten bilkuretan aztertu beharreko gaiak bideratzeko prestatzea.

e) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzarraren deialdiak estatutu hauetan aurreikusitakoaren arabera egitea eta Elkargoaren egintza guztietarako beste edozein zitazio-ofizio egitea, Dekanotzak emandako argibideei jarraikiz.

f) Elkargora igortzen diren eskabide eta komunikazio guztiak jasotzea eta Dekanotzari horien berri ematea.

g) Elkargoko kideen errolda eramatea, haien jardun profesionalaren egoerari eragiten dieten zehaztapen guztiekin.

h) Interesdunek eskatzen dituzten ziurtagiri guztiak Dekanotzaren oniritziarekin jaulkitzea.

i) Elkargoaren egintzen legezkotasunaren kontrola bere gain hartzea.

j) Oro har, Elkargoaren administrazio-organoen Idazkaritzari dagozkion funtzio guztiak eta aurrekoei datxezkien eta Idazkaritzaren funtzioak ahalik eta hobekien betetzeko behar diren gainerakoak, eta Gobernu Batzarrak ematen dizkion beste funtzio guztiak.

45. artikulua.– Diruzaintza.

Diruzaintzari funtzio eta erantzukizun hauek dagozkio:

a) Aurrekontuen eta urteko kontuen aurreproiektua egitea.

b) Elkargoko kuotak aldatzeko proposamenak egitea.

c) Gobernu Batzarrari aldian behin jakinaraztea, gutxienez hiru hilean behin, diru-sarreren eta gastuen kontuen egoera-orria eta aurrekontuen betearazte-maila.

d) Amaitutako ekonomia-ekitaldiari dagozkion kontuak eta urteko aurrekontuak idaztea Batzar Nagusiari aurkezteko.

e) Diru-bilketa eta kontabilitatea kontrolatzea eta Elkargoaren funtsak zaintzea.

f) Elkargoarekiko betebehar ekonomikoak betetzen ez dituzten Elkargoko kideen aurkako neurriak hartzeko proposatzea Gobernu Batzarrari.

g) Banku-kontuak irekitzea eta ixtea. Kontu horietan funtsak sartzea eta ateratzea, gastuak baimentzea eta ordainketak agintzea, Dekanotzarekin, idazkariarekin eta, hala badagokio, kudeatzailearekin modu solidarioan edo mankomunatuta, Gobernu Batzarrak ezartzen duen moduan.

h) Elkargoaren ondasunen inbentarioa eramatea.

i) Aurrekoekin lotutako edo Gobernu Batzarrak ematen dion beste edozein funtzio.

46. artikulua.– Diputatuak.

1.– Diputatuek Gobernu Batzarraren bokal gisa jardungo dute eta, estatutuetan aurreikusitako funtzioez gain, Gobernu Batzarrak edo Dekanotzak bereziki ematen dizkienak ere garatuko dituzte.

2.– Bereziki egokituko zaie ataletan esku hartzea, Gobernu Batzarraren eta azterketa-talde eta batzordeen arteko lotura-lana egitea eta barruti judizialez arduratzea, Batzarrak edo Dekanotzak ematen dien funtzio-banaketaren arabera.

47. artikulua.– Gobernu Batzarreko kideen kargu-uztea eta horren arrazoiak eta kargu hutsak.

1.– Gobernu Batzarreko kideek arrazoi hauen ondorioz utziko dituzte karguak:

a) Heriotza.

b) Karguari uko egitea.

c) Hasierako falta ezezaguna edo gerora sortutako estatutuetako betekizunen edo kargua betetzeko gaitasunaren galera. Dekanoak deklaratu beharko du, Batzarrak txosten loteslea eman ondoren. Batzar horretan ez du parte hartuko baztertutakoak, baina erabaki hori hartu aurretik entzungo zaio.

d) Hautatu zituztenean emandako agintaldia amaitzea.

e) Urtebetean Gobernu Batzarraren elkarren segidako hiru bilkuratara edo txandakako bost bilkuratara justifikatu gabe ez bertaratzea, Batzarrak berak erabaki ondoren.

f) Estatutu hauen 42.8 artikuluan xedatutakoaren arabera aldez aurretik deitutako Gobernu Batzarrera arrazoi justifikaturik gabe ez bertaratzea.

g) Zentsura-botoa onartzea.

2.– Dekanoaren kargua hutsik badago, falta bada, gaixorik badago edo kargua uzten badu, dekanordeak hartuko du haren lekua; halakorik ezean, gainerako diputatuek ordeztuko dute, lehentasun-ordenaren arabera, handienetik txikienera.

3.– Kasu berberetan, Idazkaritzako eta Diruzaintzako kideak diputatuek ordeztuko dituzte, lehentasun-ordenaren arabera, txikienetik handienera.

4.– Diputatu batek kargua uzten badu edo hutsik geratzen bada, kargua bete gabe geratuko da hurrengo hauteskunde-deialdira arte. Hala eta guztiz ere, Dekanotzaren ahala izango da hutsik dagoen kargu hori betetzeko hauteskundeak lehenago deitzea, Gobernu Batzarraren funtzionamendu-premiagatik edo antzeko arrazoiarengatik.

5.– Edozein arrazoirengatik Gobernu Batzarreko kideen erdien karguak hutsik geratzen badira, baina dekanoak bere karguan jarraitzen badu, Dekanotzak eta Gobernu Batzarreko gainerako kideek hauteskundeak deitu beharko dituzte, hilabeteko epean, hutsik dauden karguak geratzen den agintaldian betetzeko. Hauteskundeak hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barruan egin beharko dira, deialdia egiten denetik aurrera. Gobernu Batzar berria eratu arte, estatutuetako ahalmenak bete-betean erabili ahal izango dituzte.

6.– Edozein arrazoirengatik Gobernu Batzarreko kideen erdien karguak hutsik geratzen badira, dekanoaren kargua barne, Legelarien Euskal Kontseiluak, edo, bestela, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak, abokatutzan ari diren bost kidek osatuko duten Behin-behineko Batzarra izendatuko du, lehenago Gobernu Batzarreko kide izan diren guztien artean hautatuta.

Behin-behineko Batzarra eratzen denean, Gobernu Batzarreko gainerako kideek utzi egingo dituzte beren funtzioak, baina batzarrari aholku ematen jarraitu ahal izango dute eta izaera horri eutsiko diote Gobernu Batzar berria eratu arte.

Behin-behineko Batzarraren xedea izango da hauteskundeak deitzea, hilabeteko epean, hutsik dauden karguak geratzen den agintaldian betetzeko. Hauteskundeak hurrengo hogeita hamar egun baliodunen barruan egin beharko dira, deialdia egiten denetik aurrera.

Era berean, Elkargoaren eta doako laguntza juridikoko zerbitzuen kudeaketa eta administrazioaren arloan presako alderdien inguruan bidezkoa dena erabakitzeko behar diren ahalmenak izango ditu.

48. artikulua.– Dekanotzaren eta Gobernu Batzarreko gainerako kideen aurkako zentsura-botoa.

1.– Gobernu Batzarraren edo kideren baten aurkako zentsura-botoa, Dekanotzaren kargua duen pertsonaren aurkakoa barne, horretarako deitutako ohiz kanpoko Batzar Nagusiaren eskumenekoa izango da beti.

2.– Ohiz kanpoko Batzar Nagusiaren deialdi-eskabideak gutxienez Elkargoko erroldaren ehuneko hamarren sinadura beharko du, eta argi eta garbi adieraziko du zein arrazoitan oinarritzen den.

3.– Ohiz kanpoko Batzar Nagusia hogeita hamar egun baliodunen barruan egin beharko da, eskabidea aurkezten denetik aurrera, eta deialdian adierazitako gaiak besterik ezin izango ditu aztertu.

4.– Ohiz kanpoko Batzar Nagusia balioz eratzeko, lehen deialdian, bertan egon beharko dute boto-eskubidea duen Elkargoko erroldaren erdiak gehi batek, eta, bigarren deialdian, nahikoa izango da boto-eskubidea duen Elkargoko erroldaren bostena bertan izatea. Botoa pertsonalki, zuzenean eta sekretuan adierazi beharko da nahitaez. Jardunekoen botoak jardunean ez daudenen botoaren balio bikoitza izango du.

5.– Zentsura-mozioa onartzeko, ohiz kanpoko Batzar Nagusira bertaratutakoen gehiengo soilaren adostasuna behar da. Dena den, zentsura-mozioa Dekanotzaren aurkakoa edo Gobernu Batzarraren gehiengoaren edo osotasunaren aurkakoa denean, bertaratutakoen bi herenen adostasuna behar da.

6.– Zentsura-mozioa onartzen ez bada, edo ohiz kanpoko Batzar Nagusia balioz eratzen ez bada, aurreko 4. zenbakian ezarritako quoruma bertaratu ez delako, ezin izango da beste moziorik aurkeztu aurrekoa aurkeztu denetik urtebete igaro arte.

7.– Zentsura-mozioa onartzen denean, zentsuratutako Gobernu Batzarreko kideek beren karguak utzi behar dituzte, eta estatutu hauen 47. artikuluan ezarritakoaren arabera jardun beharko da.

IV. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA

49. artikulua.– Batzar Nagusia.

1.– Batzar Nagusia, Elkargoko kide guztiek osatua, Elkargoko organo erabakitzaile subiranoa da.

2.– Batzar Nagusiaren bilkurak ohikoak edo ohiz kanpokoak izan daitezke.

50. artikulua.– Batzar Nagusiaren deialdia.

1.– Batzar Nagusia deialdiaren data baino lehen sartu diren Elkargoko kide guztiek osatuko dute. Urtean ohiko bi Batzar Nagusi egingo dira, lehenengoa aurreko ekitaldiko urteko kontuak onartzeko, eta, bigarrena, hurrengo ekitaldiko aurrekontua onartzeko.

2.– Horrez gain, Dekanotzaren, Gobernu Batzarraren edo Elkargoko kideen ekimenez behar bezala deitzen diren ohiz kanpoko Batzar Nagusi guztiak egin ahal izango dira.

3.– Ohiz kanpoko Batzar Nagusiak Elkargoko kideen ekimenez deitzeko, gutxienez Elkargoko erroldaren ehuneko hiru ordezkatzen duten kideek izenpetutako eskabidea zuzendu beharko zaio Gobernu Batzarrari. Eskabide horrekin batera igorriko da deialdi horretarako proposatutako gai-zerrenda.

4.– Batzar Nagusiak gutxienez hamabost egun baliodun lehenago deitu beharko dira, presako kasuetan izan ezik, Dekanotzaren edo Gobernu Batzarraren iritziz epea laburtu beharko baita. Deialdian justifikatzen duen arrazoi zehatza adierazi beharko da. Deialdiak bilkuraren gai-zerrenda, data, ordua eta lekua adieraziko ditu eta Elkargoko eta Elkargoaren ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta Elkargoaren atari elektronikoan argitaratuko da, eta Elkargoko kide guztiei jakinaraziko zaie baliabide telematikoen bidez. Deialdia edo aztertu beharreko puntuetako bat Elkargoko kideek eskatua bada, inguruabar hori adierazi beharko da.

5.– Deialdiaren gai-zerrendan jasotako puntuei dagokien dokumentazioa Elkargoko kideen eskueran jarriko da, Gobernu Batzarrak ezartzen dituen baliabideen bidez, gutxienez bi egun baliodun lehenago.

51. artikulua.– Eratzea, botoa eta erabakien erregimena.

1.– Batzar Nagusiak, ohikoak zein ohiz kanpokoak, deialdi bakarrean egingo dira, eta ez da quorum berezirik eskatuko balioz eratzeko. Salbuetsi egiten dira estatutuak onartzea edo aldatzea, helbidea edo egoitza aldatzea, zentsura-mozioa edo Elkargoaren izena aldatzea, hura fusionatzea, banantzea, desegitea eta likidatzea xede duten ohiz kanpoko Batzar Nagusiak, horiek balioz eratzeko estatutu hauek kasu bakoitzean berariaz araututakoa kontuan hartuko baita.

2.– Ohiko zein ohiz kanpoko Batzar Nagusiko lehendakaritza Dekanotzari egokituko zaio eta bera arduratuko da hura zuzentzeaz. Ondorio horietarako, ahalmena izango du bilkura irekitzeko, hitza emateko, esku-hartzeak moderatzeko eta horien txanda antolatzeko, eztabaidak behar bezala gara daitezen zaintzeko eta gai bat behar beste eztabaidatu dela eta bozkatzeko moduan dagoela erabakitzeko.

3.– Batzar Nagusiaren deialdiaren data baino lehen sartu diren Elkargoko kide guztiak hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin bertaratu ahal izango dira egiten diren ohiko eta ohiz kanpoko Batzar Nagusietara, baldin eta Elkargoarekiko betebeharrak egunean badituzte eta lanbidean aritzeko etendurako diziplina-zehapenik betetzen ari ez badira. Elkargoko jarduneko kideen botoak gainerakoen botoaren balio bikoitza izango du.

4.– Batzar Nagusietan botoak pertsonala eta zuzenekoa izan behar du.

5.– Batzar Nagusien erabakiak gehiengo soilez hartuko dira eta, hartu ondoren, nahitaezkoak izango dira Elkargoko kide guztientzat, estatutu hauetan ezarritako errekurtsoen erregimena ezertan galarazi gabe.

6.– Batzar Nagusian hartutako erabakien akta egingo da, haien edukiaren fede emango duena; Gobernu Batzarraren Idazkaritzak idatziko du eta Batzar Nagusiak berak izendatutako bi kontu-hartzailek onartuko dute. Batzarren edukia erregistratzeko erabiliko den soinu-euskarria edo ikus-entzunezkoa Idazkaritzaren zaintzapean gorde beharko da akta onartu arte.

7.– Batzar Nagusien aktak, aurreko zenbakiaren arabera onartu ondoren, publikoak izango dira eta Elkargoko kideen eskueran jarriko dira Gobernu Batzarrak ezartzen dituen baliabideen bidez.

52. artikulua.– Ohiko Batzar Nagusiak.

1.– Urteko ohiko lehen Batzar Nagusia apirilaren amaiera baino lehen egingo da eta gai-zerrenda hau izango du:

a) Aurreko urtean Elkargoaren inguruan izan diren gertaera garrantzitsuenen aipamena, Dekanotzak egina.

b) Aurreko ekitaldiko gastuen eta diru-sarreren kontu orokorraren azterketa eta bozketa.

c) Deialdian jasotzen diren gaien irakurketa, eztabaida eta bozketa.

d) Hurrengo zenbakian ezarritakoaren arabera aurkezten diren proposamenak.

e) Galde-eskeak.

2.– Urteko lehen Batzar Nagusia deituta, Elkargoaren intereseko edozein gairi buruzko proposamenak aurkeztu ahal izango dira, Batzar Nagusian eztabaidatu eta erabaki daitezen. Proposamen horiek gutxienez Elkargoko hamar kidek izenpetu beharko dituzte, eta bi egun baliodun lehenago aurkeztu beharko dira. Proposamen horiek irakurtzean, Batzar Nagusiak erabakiko du horiei buruzko eztabaida irekitzea bidezkoa den ala ez.

3.– Urteko ohiko bigarren Batzar Nagusia azken hiruhilekoan egingo da eta gai-zerrenda hau izango du:

a) Gobernu Batzarrak hurrengo ekitaldirako osatutako aurrekontuaren azterketa eta bozketa.

b) Deialdian jasotzen diren gaien irakurketa, eztabaida eta bozketa.

c) Galde-eskeak.

V. KAPITULUA
GOBERNU BATZARREKO KARGUETARAKO HAUTESKUNDEAK

53. artikulua.– Hauteskunde-printzipioak.

1.– Dekanotza, Idazkaritza, Diruzaintza eta Gobernu Batzarreko gainerako karguak zuzeneko bozketa sekretuan hautatuko dira. Ez dira onartuko boto-eskuordetzea, bozketa aurreratua eta posta bidezko botoa. Batzarrak baliabide telematiko edo elektronikoen bidez botoa emateko mekanismoak edo prozedurak ezarri ahal izango ditu, boto-emailearen nortasuna eta botoaren sekretua bermatzeko.

2.– Hautesle gisa parte hartu ahal izango dute hauteskundeen deialdiaren datan diziplina-zehazpen bat betetzen ari ez diren eta Elkargoarekiko betebeharrak egunean dituzten Elkargoko kide guztiek, ezertan galarazi gabe estatutu hauen 54. artikuluko 3. zenbakian xedatutakoa.

3.– Hautagai gisa parte hartu ahal izango dute jarduneko egoiliarrak diren Elkargoko kideek, baldin eta hautagai-zerrendak aurkezteko epea ixten den egunean egoera hauetako batean sartuta ez badaude:

a) Kargu publikoetarako desgaikuntza edo etendura dakarren epai irmoaren bidez kondenatuta egotea, zehapenak dirauen artean.

b) Abokatuen edozein elkargotan diziplina-zehapena ezarri izana, harik eta birgaitzen ez dituzten arte. Ondorio horietarako, Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren lankidetza eskatuko da hautatua izateko ezintasunaren arrazoi hori ez dagoela egiaztatzeko.

c) Beste elkargo profesional baten zuzendaritza-organoetako kide izatea.

d) Europako, nazioko, autonomia-erkidegoko, probintziako edo tokiko esparruko organo betearazleetan edozein kargu politiko izatea.

e) Elkargoko kuotak egunean ordainduta ez izatea.

4.– Gobernu Batzarreko kideen agintaldia bost (5) urtekoa izango da, garaia baino lehen amaitzeko arrazoia eta berriz hautatua izateko aukera ezertan galarazi gabe.

5.– Gobernu Batzarreko karguak partzialki berrituko dira, txanda honen arabera:

Lehenengoa.– Dekanotza, Diruzaintza eta 4., 5., 7. eta 9. diputatuak.

Bigarrena.– 1., 2., 3., 6., 8., 10. eta 11. diputatuak eta Idazkaritza.

6.– Hauteskundeetan, jarduneko abokatuen botoak jardunean ez dauden Elkargoko kideen botoaren balio bikoitza izango du.

7.– Hauteskunde-prozesuan edo haren emaitzaren aurka Elkargoaren Gobernu Batzarrari aurkezten zaizkion errekurtsoak ondorio bakarrean onartuko dira eta ez dute bozketa etengo, ezta hautetsiak aldarrikatzea eta karguaz jabetzea ere, salbuespenezko arrazoien ondorioz berariazko eta arrazoitutako ebazpenaren bidez hala erabakitzen denean izan ezik.

8.– Gobernu Batzarreko kideren bat, «Pedro Ibarreche» Praktika Juridikoko Eskolako zuzendaritzako kideren bat, Elkarteetako Zuzendaritza Batzordeko kideren bat, koordinatzaileren bat, estatutuetako organo baten beste edozein koordinatzaile edo arduradun hauteskundeetara aurkezten bada, automatikoki utziko ditu kargu guztiak hautagaitza aurkeztu ondoren, eta jardunean egongo da hautatutakoa karguaz jabetu arte, salbu eta zenbaki honetan aurreikusitakoaren arabera aurkezten denak kargu horiei berariaz uko egiten badie.

54. artikulua.– Hauteskundeen deialdia eta garapena.

1.– Hauteskundeak Gobernu Batzarrak deituko ditu, gutxienez hauteskunde-eguna baino bi hilabete lehenago.

2.– Deialdia erabaki eta hurrengo bost egunen barruan jakinaraziko zaie Elkargoko kideei, eta bertan adieraziko dira hauteskundeen lekua eta eguna, hautetsontziak irekitzeko eta ixteko orduak, hautagai-zerrendak aurkezteko epeak eta muga-eguna eta hautatu behar diren karguak.

3.– Epe horretan, era berean, Elkargoaren iragarki-taulan eta atari elektronikoan erakusgai jarriko dira botoa emateko eskubidea duten Elkargoko jarduneko kideen eta jardunean ez daudenen zerrenda bereiziak. Kuotak ez ordaintzearen edo diziplina-zehapenaren ondorioz botoa emateko eskubiderik ez duten Elkargoko kideak zerrenda horietatik kanpo geratuko dira. Kuotak ordaindu gabe dituzten Elkargoko kideek hautesle-izaera eskuratuko dute zor dituzten kopuruak ordaintzen dituztenean, baldin eta hauteskunde-eguna baino hamabost egun natural lehenago egiten badute.

55. artikulua.– Hautagai-zerrendak eta hauteskunde-mahaia.

1.– Hauteskunde-eguna baino hogei egun lehenago arte aurkeztu ahal izango dira hautagai-zerrendak. Hautagai-zerrendak bateratuak izan daitezke zenbait kargutarako, edo banakakoak kargu jakin batzuetarako, eta soilik hautagaiek berek izenpetu beharko dituzte. Elkargoko kide bakar bat ere ezin izango da aurkeztu deialdi berean hautatu behar diren karguetako batera baino gehiagotara hautagai gisa, ezta hautagai-zerrenda batean baino gehiagotan aurkeztu ere.

2.– Gobernu Batzarrak, hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean, hautagai aldarrikatuko ditu hautatuak izateko baldintzak betetzen dituztenak, eta hautetsi deklaratuko ditu aurkaririk ez dutenak. Ondoren, Elkargoaren atari elektronikoan eta iragarki-taulan argitaratzeko aginduko du eta Elkargoko kide guztiei jakinaraziko die.

3.– Hautagaiak aldarrikatzearen aurka aurkezten diren errekurtsoak Gobernu Batzarrari formulatu beharko zaizkio, aurreko zenbakian aipatzen den jakinarazpena egiten denetik hasi eta bost eguneko epean, hautagaien kasuan, eta argitaratzen denetik hasi eta bost eguneko epearen barruan, Elkargoko gainerako kideen kasuan. Errekurtsoak Gobernu Batzarrak ebatziko ditu errekurtsoak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo sei egunen barruan, eta Elkargoan ezin izango zaio beste errekurtsorik aurkeztu ezein organo edo kontseiluri, administrazioarekiko auzien jurisdikziora jotzeko aukera ezertan galarazi gabe.

4.– Hautagaiak aldarrikatu ondoren, hauteskunde-prozesua zuzenduko duen eta hauteskundeen buru izango den hauteskunde-mahaia eratuko du Gobernu Batzarrak. Dekanotza izango da hauteskunde-mahaiko lehendakari. Mahaiak kide hauek izango ditu: idazkaritza izango duen pertsona, zeinak funtzio hori beteko baitu hauteskunde-mahaian, eta Gobernu Batzarreko beste kide bat; mahaiko kide hori eta ordezkoak Idazkaritzak izendatuko ditu.

5.– Hauteskunde-mahaiko kideek ezin izango dute hautagai gisa parte hartu. Dekanotza eta/edo Idazkaritza hautagai badira, estatutu hauen 47. artikuluan aurreikusitakoaren arabera ordeztuko dira. Ordezkoak ere hautagai badira, Gobernu Batzarreko beste kide batzuekin osatuko du hauteskunde-mahaia Gobernu Batzarrak. Edozein arrazoirengatik ezin bada, Gobernu Batzarrak Elkargoko lurralde-esparruko jarduneko abokatu egoiliar guztien arteko zozketa bidez osatuko du hauteskunde-mahaia.

6.– Hauteskunde-mahaia deialdian adostutako lekuan, egunean eta orduan eratuko da. Hautagai-zerrenda bakoitzak hauteskunde-mahaian ordezkatuko duen artekari bat izendatu ahal izango du Elkargoko kideen artean.

7.– Hauteskunde-mahaiak boto-paperaren eredua landuko du eta erabiliko den papera eta egingo dituen enpresa izendatuko ditu, boto-paper guztien homogeneotasuna ziurtatzeko. Hautagai-zerrendek beren boto-paperak enkargatu ahal izango dituzte, beren kargura, aurreko boto-paperak egingo dituen enpresa berean. Bestela baliogabeak izango dira.

56. artikulua.– Hauteskunde-propaganda.

1.– Hauteskunde-mahaiak Elkargoaren egoitzaren erabilera antolatuko du, hala badagokio, hauteskunde-kanpainako ekitaldiak egiteko.

2.– Hautagaiek ezin izango dituzte Elkargoaren zerbitzuak erabili hauteskunde-jarduketak egiteko, hala nola programak edo boto-paperak bidaltzeko.

3.– Hauteskunde-mahaiak espazio birtual bat gaituko du eta han argitaratuko ditu hauteskundeen deialdia, aldarrikatutako hautagai-zerrendak eta horiek aurkeztu nahi duten publizitate-materiala.

4.– Hautagaiek pertsonalki Elkargoko kideengana zuzendu nahi badute, paper-euskarrian zein euskarri telematikoan, beren kargura egin beharko dute, hauteskunde-mahaiak izendatzen duen enpresaren bitartez. Elkargoak konfidentzialtasun-akordioa izenpetuta izango du enpresa horrekin, datu pertsonalak legeria aplikagarriaren arabera babesteko.

57. artikulua.– Boto-eskubidea erabiltzea.

1.– Hauteskundeak garatzeko gutxienez sei (6) ordu eta gehienez zortzi (8) ordu izango dira, Gobernu Batzarrak hauteskundeak deitzean epe luzeagoa adierazten duenean izan ezik.

2.– Hauteskunde-mahaian hautetsontzi bereiziak egongo dira Elkargoko jarduneko kideen eta jardunean ez daudenen botoak jasotzeko. Hautetsontziak itxita egongo dira bozketak dirauen bitartean.

3.– Hauteskunde-mahaia eratuta, Lehendakaritzak hasiera emango dio bozketari. Amaitzeko aurreikusitako orduan, bozketa-gelako ateak itxi egingo dira eta une horretan barruan dauden Elkargoko kideek besterik ezin izango dute botoa eman. Hauteskunde-mahaiko kideak izango dira bozkatzen azkenak.

4.– Boto-emaileek nortasuna egiaztatu beharko diote hauteskunde-mahaiari. Hauteskunde-mahaiak egiaztatuko du hauteskundeetarako egin den erroldan dagoela, eta, hala ez bada, boto-eskubidea ukatuko dio; Lehendakaritzak boto-emailearen izen-abizenak ahoskatuko ditu, botoa ematen duela adierazi, eta gero, dagokion hautetsontzian sartuko du boto-emaileak entregatu dion boto-dokumentua.

5.– Gobernu Batzarrak baliabide telematiko edo elektronikoen bidez botoa emateko prozedura ezartzen badu, boto-emailearen nortasuna bermatuko duen sinadura elektronikoarekin egin beharko da.

6.– Bozketa amaitzen denean boto-kontaketa egingo da, boto-paper guztiak ozenki irakurrita.

7.– Erabat baliogabetzat joko dira bozketaren eduki zorrotzaz bestelako adierazpenak dituzten botoak edo marratuak edo urratuak dituztenak. Partzialki baliogabeak izango dira, eraginpeko karguari dagokionez, kargu bererako hautagai bat baino gehiago adierazten duten boto-paperak, edo hauteskundeetan parte hartzen ez duten pertsonen izenak dituztenak. Botoa kargu batzuetarako bakarrik duten eta galdatutako baldintzak betetzen dituzten boto-paperak baliozkoak izango dira behar bezala adierazitako pertsona eta karguetarako.

58. artikulua.– Emaitzak aldarrikatzea.

1.– Boto-kontaketa amaituta, Lehendakaritzak emaitza iragarriko du eta, ondoren, hautetsi aldarrikatuko ditu kargu bakoitzerako boto kopuru handiena lortu duten hautagaiak.

2.– Berdinketa izanez gero, jardunekoen artean boto gehien lortu dituena joko da hautatutzat; berdinketak jarraituz gero, Elkargoan bertan jardunean denbora luzeena daramana; eta oraindik ere berdinketak jarraitzen badu, adinez nagusiena.

59. artikulua.– Karguaz jabetzea.

1.– Hautetsiak beren karguez jabetuko dira, kargua leialtasunez betetzeko, Konstituzioa, lanbidearen arau deontologikoak eta gainerako ordenamendu juridikoa errespetatuta, eta Gobernu Batzarreko eztabaiden sekretua gordetzeko zin egin edo hitzeman ondoren, horretarako deitzen den lehen Gobernu Batzarrean. Emaitza aldarrikatzen den egunetik hasi eta, gehienez ere, hamar eguneko epean egin beharko da.

2.– Hautetsiak karguez jabetzeak kargu horietan bertan aurretik zeudenen agintaldia amaitzea dakar berekin.

3.– Gobernu Batzarraren Idazkaritzak haren osaera berriaren berri emango dio Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari, Legelarien Euskal Kontseiluari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Tituludun Lanbideen Erregistroari, kasu bakoitzean galdatzen diren alderdiak adierazita.

VI. KAPITULUA
ELKARGOAREN ATALAK

60. artikulua.– Atalak, horien sorrera eta funtzionamendua.

1.– Gobernu Batzarrak, bere funtzioak eraginkortasun handiagoarekin garatzeko, ondorengo arauetan ezartzen diren atalen laguntza izango du. Gobernu Batzarrak, beharrezkotzat edo egokitzat jotzen duenean, beste atal batzuk modu iraunkorrean edo aldi baterako sortzeko erabakia har dezake, eta haietan eskuorde ditzake egokitzat jotzen dituen eskumenak.

2.– Elkargoaren atalak hauek izango dira, Gobernu Batzarrak era ditzakeen beste batzuk ezertan galarazi gabe:

a) Ofiziozko Txandaren Atala.

b) Deontologia Atala.

c) Kostuen Tasazioen Atala.

d) Erantzukizun Zibilaren Atala.

e) Justizia Administrazioarekiko eta Administrazio Publikoarekiko Harremanen Atala.

f) Praktika Juridikoko Eskolaren eta Prestakuntzaren Atala.

g) Komunikazio Publikoaren Atala.

h) Administrazioarekiko Auzien Atala.

i) Barruti Judizialetako Ordezkaritzen Atala.

j) Espetxeratuen Laguntzaren Atala.

3.– Atal guztiak Gobernu Batzarraren mende daude eta hango kide bat edo batzuk izango dituzte buru. Gobernu Batzarrak izendatzen dituen abokatu laguntzaileak izan ditzakete.

4.– Atalek printzipio demokratikoen pean funtzionatuko dute, erabakiak kideen gehiengoaren botoaren bidez hartuko dituzte, eta, berdinketarik izanez gero, lehendakari-lanetan diharduen Gobernu Batzarreko kideak izango du kalitateko botoa.

5.– Eratzeko ezinbestekoa izango da kideen erdiak gehi bat bertaratzea.

6.– Gobernu Batzarrak izendatuko ditu kideak. Batzarraren agintaldiak dirauen bitartean garatuko dute beren eginkizuna, baina Batzarrak edozein unetan ken ditzake kargutik.

7.– Gobernu Batzarrak pertsona bat edo gehiago izenda ditzake atalaren koordinazio- eta/edo idazkaritza-lanak betetzeko. Ez dute zertan Gobernu Batzarreko kide izan.

8.– Atal bakoitzaren eta Gobernu Batzarraren arteko harremanak ataleko lehendakari-lanak egiten dituen Batzarreko kidearen edo koordinatzailearen bitartez gauzatuko dira.

9.– Salbuespen gisa eta atalaren ardurapean jarritako kontu edo gai jakin baten garrantziaren arabera, atalaren koordinatzaileak eskatuta, izendatzen den ataleko kideak hitzarekin baina botorik gabe parte hartu ahal izango du gai hori aztertu behar duen edo horri buruzko erabakia hartu behar duen Gobernu Batzarraren bilkuran.

10.– Ataletako kideek eztabaiden sekretua gordetzeko zin egin edo hitzemango dute Gobernu Batzarraren aurrean.

61. artikulua.– Ofiziozko Txandaren Atala.

1.– Ofiziozko Txandaren Atalaren xedea da Gobernu Batzarrari laguntzea doako laguntza juridikoko zerbitzuen eta orientazio juridikoko zerbitzuaren prestazioa kudeatzen, kontrolatzen eta gainbegiratzen. Eginkizun horretan, zerbitzu horien funtzionamendu ona zainduko du, Gobernu Batzarrari horretarako dagozkion erabakiak proposatuko dizkio eta, hala badagokio, horiek betearazteaz arduratuko da, Batzarrak eskuordetuta.

2.– Ofiziozko Txandaren Atalari egokituko zaio, Elkargoko kideentzako eta doako laguntza juridikoko zerbitzuen erabiltzaileentzako arreta-zerbitzua den aldetik, zerbitzu horien funtzionamenduan izandako gorabeheren ondorioz jasotako kexak eta haiekin loturik egindako arau-hausteen ondoriozko salaketak onartzea, detektatutako gorabeherei konponbidea emateko behar diren diziplinaz besteko neurriak hartzea edo Gobernu Batzarrari horiek hartzeko proposatzea eta, hala badagokio, Deontologia Atalari helaraztea izaera horretakoak izan daitezkeen salaketak, dagozkion ondorioetarako. Horrez gain, Gobernu Batzarrak eskuordetzen dizkion funtzio guztiak izango ditu.

62. artikulua.– Deontologia Atala.

1.– Deontologia Atalaren xedea da Gobernu Batzarrari Elkargoaren diziplina-funtzioa kudeatzen laguntzea, bai Elkargoko kideen ohiko jardunean, bai doako laguntza juridikoko zerbitzuen prestazioan. Eginkizun horretan, Gobernu Batzarrari horretarako dagozkion erabakiak proposatuko dizkio eta Gobernu Batzarrak eskuorde diezazkiokeenak betearaziko ditu, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean, kode deontologikoetan eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak onartutako Diziplina Prozeduraren Erregelamenduan edo, hala badagokio, horiek ordezten dituzten arauetan xedatutakoaren arabera.

2.– Deontologia Atalari egokituko zaio, Elkargoko kideentzako zein kontsumitzaile eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzua den aldetik, izaera deontologikoko arau-hausteen ondoriozko kexak eta salaketak onartzea, horiek artxibatzea argi eta garbi dagoenean eduki deontologikorik ez dutela edo araudi deontologikoan ezarritako gainerako kasuetan, Gobernu Batzarrari proposatzea ofizioz edo alderdi batek eskatuta ireki ditzan informazio-eginbideak edo, hala badagokio, diziplina-espedienteak, horien tramitazioa bultzatzea eta Gobernu Batzarrak atalari eskuordetzen dizkion funtzio guztiak, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak onartutako Diziplina Prozeduraren Erregelamenduaren arabera eta, betiere, zehapenak ezartzea erreserbatuta, ahalmen hori Gobernu Batzarraren eskumen esklusiboa da-eta.

3.– Era berean, Elkargoan intrusismoaren gainean jartzen diren salaketa guztien edukia aztertu eta ikertuko du, eta arlo horretan hartu behar diren ekimen eta neurri guztiak proposatuko dizkio Gobernu Batzarrari.

4.– Diziplina-prozeduren instrukzio-faseak instruktoreen esku daude. Instruktoreek jardunekoak izan beharko dute, Gobernu Batzarraz kanpokoak, bost urtetik gorako antzinatasuna izan beharko dute, eta hark erabakita izendatuko dituzte.

63. artikulua.– Kostuen Tasazioen Atala.

1.– Kostuen Tasazioen Atalaren xedea da, indarrean dagoen legeriaren arabera eta estatutu hauen 32. eta 33. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, Gobernu Batzarrak onartzeko txostenak egitea kostuen tasaziorako eta kontuen zinerako prozeduretan eta abokatuen ordainsari profesionalak eztabaidatzen dituzten beste prozeduretan, epaitegi eta auzitegiek eskatuta.

2.– Kostuen Tasazioen Atalari egokituko zaio, era berean, Gobernu Batzarrari proposatzea kostuen tasaziorako eta kontuen zinerako irizpide orientagarriak definitzeko, aldatzeko, berritzeko edo egokitzeko.

64. artikulua.– Erantzukizun Zibilaren Atala.

Erantzukizun Zibilaren Atalaren xedea da abokatuei, lanbidean aritzean, defendatzeko beren eskuetan jarri dizkieten interesei eragin ahal izan zaizkien kalteen ondorioz zuzendutako izaera horretako erreklamazioak bideratzea eta dagokien aseguru-etxeari helaraztea; abokatuen eta aseguru-etxearen arteko harremanetan harmonia, komunikazioa eta lastertasuna ahalbidetzeko behar diren neurriak hartzea; eta, Praktika Juridikoko Eskolaren eta Prestakuntzaren Atalarekin lankidetzan, esparru horretan jarduerak eta ikastaroak sustatzea eta antolatzea.

IV. TITULUA
ELKARGOAREN ERREGIMEN EKONOMIKOA ETA ADMINISTRAZIOA
I. KAPITULUA
ELKARGOAREN ERREGIMEN EKONOMIKOAREN XEDAPEN OROKORRAK

65. artikulua.– Ekonomia-ekitaldia.

Elkargoaren ekonomia-ekitaldia urte naturalarekin bat etorriko da.

66. artikulua.– Kontabilitatea.

Elkargoaren kontabilitatea une bakoitzean indarrean dagoen Kontabilitate Plan Orokorrera egokituko da.

67. artikulua.– Printzipio informatzaileak, aurrekontu-erregimena eta urteko kontuak.

1.– Elkargoaren funtzionamendu ekonomikoa urteko aurrekontuaren erregimenarekin bat etorriko da eta kontabilitate ordenatua izango du.

2.– Gobernu Batzarrak gastuen eta diru-sarreren aurrekontua egingo du urtero, eta urteko ohiko bigarren Batzar Nagusiari aurkeztuko dio, aztertzeko, zuzentzeko eta onartzeko edo baztertzeko.

3.– Dagokien ekonomia-ekitaldiko lehen eguna baino lehen onartzen ez badira, automatikoki luzatutzat joko dira aurreko ekonomia-ekitaldiko aurrekontuak.

68. artikulua.– Kontuak ematea.

Gobernu Batzarrak, Diruzaintzak egindako proposamenaren arabera, abenduaren 31n itxitako urte bakoitzeko ekitaldiari dagozkion kontuak formulatuko ditu, eta urteko ohiko lehen Batzar Nagusian aurkeztu beharko dira eztabaidatzeko eta onartzeko.

69. artikulua.– Informazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea.

Elkargoko kide guztiei dagokie memoriak eta gastuen eta diru-sarreren kontu orokorrak osatzen dituzten urteko kontuei buruzko informazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea. Kontuak aztertu eta onartu beharko dituen urteko ohiko lehen Batzar Nagusia egin aurreko hamabost egun baliodunetan erabiliko da eskubide hori. Informazio-eskubide hori Elkargoko kidearen azterketa pertsonalaren bidez egikarituko da; horretarako, gai horretan titulua duen perituaren laguntza izan dezake.

70. artikulua.– Kontu-ikuskaritza.

1.– Gobernu Batzarrak kontu-ikuskaritza bat izendatu ahal izango du Elkargoaren kontabilitatea egiaztatzeko, eta betiere indarrean dagoen legeriak galdatzen duenean.

2.– Kontu-ikuskaritzarik izendatu ez bada, Elkargoko erroldaren ehuneko hiruk izenpetutako eskariz, Gobernu Batzarrak kontu-ikuskaritza bat izendatu beharko du, aurreko ekitaldiko kontuak azter ditzan Elkargoaren funtsen kargura. Aztertuko den ekitaldiaren itxiera-dataren hurrengo hilabetearen barruan aurkeztu beharko da eskabide hori.

II. KAPITULUA
ELKARGOAREN BALIABIDE EKONOMIKOAK

71. artikulua.– Ohiko baliabideak.

Elkargoaren baliabide ekonomikoak ohikoak edo ohiz kanpokoak izan daitezke. Ohiko baliabideak dira Elkargoan sartzeko kuotak eta Gobernu Batzarrak ezarritako ohiko kuotak, baita Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorrean izaera horrekin jasotakoak ere.

72. artikulua.– Ohiz kanpoko baliabideak.

Ohikotzat jotzen ez diren guztiak dira ohiz kanpoko baliabideak.

III. KAPITULUA
ELKARGOAREN BALIABIDEEN ADMINISTRAZIOA ETA ANTOLAKETA

73. artikulua.– Elkargoaren administrazioa.

Elkargoaren ondarea Gobernu Batzarrak administratuko du, eta, horren eskuordetzaz, Diruzaintzak, horretarako behar den lankidetza tekniko guztiarekin.

74. artikulua.– Kudeatzailetza.

1.– Kudeatzaile izendatutako pertsonaren ardura da Elkargoaren bulegoaren funtzionamendu ona, berehalako zuzendaritza eta langile lan-kontratudunen eta laguntzaileen koordinazioa ziurtatzea eta Elkargoaren organoen erabakiak betearaztea.

2.– Kudeatzailetzak erabakitzeko askatasunarekin jardungo du Gobernu Batzarrak finkatzen dizkion irizpideen barruan, eta hari erantzungo dio bere jardunaz.

3.– Kudeatzailetzak Gobernu Batzarraren bilkuretan parte hartu ahal izango du, bere eskumeneko gaien berri emateko, hitzarekin baina botorik gabe.

75. artikulua.– Langile lan-kontratudunen kontratazioa eta langile laguntzaileen izendapena.

1.– Eman dizkioten funtzioak betetzeko, Elkargoak langile lan-kontratudunak eta langile laguntzaileak hartu ahal izango ditu.

2.– Gobernu Batzarrari egokituko zaio, Idazkaritzak edo Kudeatzailetzak proposatuta, langile lan-kontratudunen kontratazioari edo langile laguntzaileen izendapenari buruz erabakitzea.

3.– Elkargoko langile lan-kontratudunak izango dira, lan-araudia betez eta kasu bakoitzean hitzartzen diren lanaldi eta baldintzekin, Elkargoaren ohiko funtzioei eta haren mendeko zerbitzuei erantzuteko mendekotasun-erregimenean kontratatzen direnak.

4.– Laguntzaileak dira behin-behinean edo noizean behin Gobernu Batzarrari edo haren atalei beren funtzioak hobeto betetzen laguntzen dieten Elkargoko kideak.

V. TITULUA
ELKARGOAREN EGINTZEN ERREGIMEN JURIDIKOA ETA AURKARATZEA

76. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Elkargoari legeak eman dizkion edo administrazio publiko batek eskuordetu dizkion funtzio publikoak betetzea administrazio-zuzenbidearen mende egongo da. Araudi espezifikoak eta, modu osagarrian, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak zuzenduko dute funtzio horiek betetzea.

2.– Gainerako egintzak eta Elkargoaren organoek hartzen dituzten erabakiak estatutu hauen eta zuzenbide pribatuaren mende egongo dira eta aurkaratu egin daitezke, erreklamazioa jarri edo izaeraren beraren ondorio izan daitezkeen erantzukizunak eska dakizkieke gaiaren ondorioz dagokien jurisdikzioaren aurrean.

Bereziki, izaera zibil edo penaleko arazoak dagokien erregimen juridikoaren mende geratzen dira. Langile lan-kontratudunen eta langile laguntzaileen kontratazioa eta haiekiko harremanak lan-legeriak eta zuzenbide pribatuak zuzenduko dituzte, hurrenez hurren. Zuzenbide pribatuak zuzenduko ditu, era berean, ondarea, kontratazioa eta Elkargoaren ogasunaren berezko gaiei dagokien beste edozein alderdi.

77. artikulua.– Epeen zenbaketa.

1.– Estatutu hauetan egunetan adierazitako epeak egun baliodunei dagozkiela ulertuko da, berariaz bestelakorik esaten ez bada behintzat.

2.– Administrazio-zuzenbideari lotutako egintzen epeen zenbaketa administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian ezarritako arauek zuzenduko dute.

78. artikulua.– Administrazio-zuzenbideari lotutako egintzen bete beharrekotasuna eta indarra.

1.– Elkargoaren organoen erabakiak eta egintzak, administrazio-zuzenbideari lotu gabeko gaietan, berehala bete beharrekoak dira, erabakietan bertan bestelakorik xedatzen ez bada behintzat.

2.– Administrazio-zuzenbidearen mendeko erabakiak eta egintzak baliozkotzat joko dira eta ondorioak sortuko dituzte ematen diren egunetik aurrera, haietan besterik xedatzen denean edo diziplina-gaiei buruzkoak direnean izan ezik. Indarra atzeratuta geratuko da egintzaren edukiak hala eskatzen duenean edo jakinaraztearen edo argitaratzearen mende dagoenean.

3.– Administrazio-zuzenbidearen mendeko egintza eta erabakien etendura administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian ezarritako arauek zuzenduko dute. Diziplina-arloan ezarritako zehapenak salbuesten dira, automatikoki etenda geratuko baitira administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzearekin bat. Hortaz, soilik betearaziko dira irmotasuna eskuratzen dutenean administrazio-bidean eta, hala badagokio, administrazioarekiko auzien bidean, bai administrazio- edo jurisdikzio-errekurtsoa jarri ez zaielako, bai dagozkien errekurtsoak ebatzi ondoren berretsi egin direlako.

79. artikulua.– Elkargoaren ebazpenak jakinaraztea.

1.– Elkargoko kide bakoitzari pertsonalki jakinarazi beharko zaizkio bakarka, zuzenean eta pertsonalki eragiten dioten erabakiak. Jakinarazpen pertsonal horretan ez dira sartzen Batzar Nagusietarako deialdiak, estatutu hauen 50. artikuluan ezarritakoaren arabera jakinaraziko baitira, ezta interes orokorreko erabakiak ere, horiek zirkular elektronikoaren bidez edo Elkargoaren Informazio Agerkarian argitaratuta emango baitira jakitera.

2.– Administrazio-zuzenbideari lotutako egintza edo erabaki baten jakinarazpen orok haren testu osoa jaso beharko du, eta adierazi beharko da administrazio-bideari amaiera ematen dion ala ez, administrazio-bidean eta auzibidean bidezkoak diren errekurtsoak, horiek zein organori aurkeztu behar zaizkion eta horretarako zein epe dagoen, interesdunek, hala badagokio, bidezkotzat jotzen duten beste edozein egikaritzeko aukera ezertan galarazi gabe.

3.– Egintzaren testu osoa jasotzen duten jakinarazpenek, baldin eta aurreko zenbakian aurreikusitako gainerako betekizunetako bat alde batera uzten badute, alderdi interesdunak jakinarazpenaren xede den ebazpen edo egintzaren edukia eta irispidea ezagutzen duela adierazten duten jarduketak egiten dituen egunetik aurrera sortuko dute ondorea.

4.– Aurreko zenbakian ezarritakoa ezertan galarazi gabe, eta prozeduren gehieneko iraupen-epearen barruan jakinarazteko betebeharra betetzat ulertzeko ondorio bakarrerako, nahikoa izango da gutxienez ebazpenaren testu osoa jasotzen duen jakinarazpena eta behar bezala egiaztatutako jakinarazpen-ahalegina.

5.– Jakinarazpena Elkargoko jarduneko kidearen helbide profesionalean egin beharko da, edo, jardunean ez dauden Elkargoko kideen edo hirugarren interesatuen kasuan, jakinarazpenen ondorioetarako adierazten duten helbidean, hartu izanaren eta dataren lekukotasuna izatea ahalbidetzen duen edozein bitartekoren bidez. Alderdi interesduna Elkargoaren bulegoetan bere kabuz agertzen denean ere egin ahal izango da.

6.– Jakinarazpen pertsonala egin ezin bada, administrazio-prozedura erkideari buruzko legerian aurreikusitako moduetako edozeinetan egin ahal izango da, edo, horrela egin ezin bada, Elkargoaren iragarki-taulan argitaratuta. Azken kasu horretan, jakinarazpenak ondorio guztiak izango ditu argitaratzen den egunetik hamabost egun igaro ondoren.

7.– Gobernu Batzarrak behar diren neurriak ezarri eta arau egokiak eman ahal izango ditu artikulu honetan jasotako jakinarazpenak baliabide telematikoen bidez egin daitezen, Estatutu hauetako 20. artikuluan jasotako leihatilan egindako agertzearen bitartez edo teknologiaren egoerak ahalbideratzen duen beste edozein prozedura telematikoren bitartez. Izan ere, Elkargoko kide guztientzat bide bakarra eta nahitaezkoa izan dadin xedatu ahal izango du, eta zehazki jakitera eman beharko ditu horretarako ezartzen dituen prozedurak.

80. artikulua.– Administrazio-zuzenbideari lotutako egintzen aurkako errekurtsoak.

1.– Administrazio-zuzenbideari lotutako Elkargoaren organoen behin betiko erabaki eta egintzek, diziplina-arloan izan ezik, amaitu egiten dute administrazio-bidea, eta zuzenean errekurritu daitezke administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenan. Hala eta guztiz ere, interes legitimoa dutenek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango dute dekanoaren eta Gobernu Batzarraren erabaki eta egintzen aurka.

2.– Aurreko zenbakian aipatutako berraztertzeko errekurtsoa egintza edo erabakia eman zuen organo berean jarriko da hilabeteko epean, eta iraupen bereko epean ebatzi beharko da.

3.– Diziplina-arloan, interes legitimoa dutenek errekurtsoa jarri ahal izango dute Gobernu Batzarraren erabakien aurka, Legelarien Euskal Kontseiluak ebatz dezan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aldez aurretik eta nahitaez.

4.– Diziplina-arloko errekurtsoa hilabeteko epean jarriko da Elkargoaren Idazkaritzan, eta horrek Kontseiluari helarazi beharko dio aurkeztu den egunaren hurrengo hamabost egunen barruan, bidezkoak diren txosten eta aurrekariekin. Legelarien Euskal Kontseiluak berariazko ebazpena eman beharko du Elkargoaren helarazpena hartzen duenetik hasi eta hiru hilabeteko epean.

5.– Isiltasunak ezetsi egingo ditu artikulu honetan ezarritako errekurtsoak, eta irekita geratuko da administrazioarekiko auzien bidea.

VI. TITULUA
ESTATUTUEN ERREFORMA

81. artikulua.– Estatutuak erreformatzeko ekimena.

1.– Elkargoaren estatutuak erreformatzeko ekimena Gobernu Batzarrari dagokio, baita Elkargoko errolda osoaren ehuneko hamar edo gehiago ordezkatzen duten Elkargoko kideei ere.

2.– Erreforma-proposamenarekin batera aurkeztuko dira testu artikulatua eta justifikazio-memoria laburra. Aurreko zenbakian adierazitako Elkargoko kideen ekimenaren kasuan, Gobernu Batzarrak proposamenari buruzko txostena eman ahal izango du, aukerari zein legezkotasunari dagozkion alderdietan, eta jendaurrean jarriko den dokumentazioari gehituko zaio.

82. artikulua.– Estatutuak erreformatzeko prozedura.

1.– Erreforma-proposamena aurreko artikuluaren terminoetan aurkeztu ondoren, jendaurreko informazio-epea irekiko da, Elkargoko kideek eta Legelarien Euskal Kontseiluak zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten hilabeteko epean. Jendaurreko informazioa eskaintzeko, iragarkia argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Elkargoaren lurralde-esparruko tirada handieneko bi egunkaritan. Erreforma-proposamenaren dokumentazioa, testu artikulatuak, justifikazio-memoriak eta, hala badagokio, Gobernu Batzarraren txostenak osatua, Elkargoko kideen eskueran egongo da atari elektronikoan eta Elkargoaren bulegoetan.

2.– Aurkezten diren zuzenketekin batera, era berean, proposatutako zuzenketaren testua eta justifikazio-memoria laburra aurkeztuko dira, eta Elkargoaren atari elektronikoan argitaratuko dira, jakitera eman eta kontsultatzeko.

3.– Horretarako deitutako ohiz kanpoko Batzar Nagusiari dagokio estatutuen erreforma onartzea. Zuzenketak hartzeko epea amaitu eta hurrengo bost egunen barruan deituko da, eta deialdia egiten den egunetik bi hilabete igaro baino lehen egin beharko da.

4.– Batzar Nagusia balioz eratzeko, lehen deialdian gutxienez Elkargoko kideen ehuneko hogeiko quoruma beharko da, eta bigarren deialdian ez da quorum espezifikorik beharko.

5.– Batzar Nagusian, Dekanotzak edo Gobernu Batzarreko kideak, berorrek izendatuak, edo, hala badagokio, proposamena egin duten Elkargoko kideen ordezkari batek defendatuko du erreforma-ekimena. Ondoren, aurkeztutako zuzenketa bakoitzaren ordezkari batek egingo du. Erretiratutzat joko dira defendatzeko deia egiten denean proposatzaileren batek defendatzen ez dituen zuzenketak. Zuzenketak sinatu ez dituztenei ezin izango zaie eginkizun hori eskuordetu.

6.– Esku-hartzeak amaitu ondoren, aurkeztutako zuzenketa bakoitza bozkatzeko txanda irekiko da. Zuzenketa onartu egingo da bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa jasotzen badu.

7.– Zuzenketen txanda amaitu ondoren, proiektuaren behin betiko testua bozkatu eta onartu egingo da bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa jasotzen badu.

8.– Aurreko bi zenbakietan aurreikusitako bi bozketetan, jarduneko abokatuen botoak Elkargoko gainerako kideen botoaren balio bikoitza izango du.

9.– Erreforma onartzen denetik hasi eta hilabeteko epean, Idazkaritzak, Dekanotzaren oniritziarekin, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari igorriko dizkio onartutako estatutuen testu osoa eta Batzar Nagusiaren onarpen-erabakiaren egiaztagiria eta lehen zenbakian aurreikusitako jendaurreko informazio-tramitea bete izanaren ziurtagiria, Agindu bidez onartzeko, Sailak berak eta Legelarien Euskal Kontseiluak txostena eman ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Elkargo Profesionalen Atalean inskribatzeko, edo legeriak une bakoitzean ezartzen dituen tramiteak betetzeko.

10.– Horrela erreformatutako estatutuak Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari igorriko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin.

11.– Artikulu honetan aurreikusitako prozedura estatutuen erreforma partzialei zein erreforma osoari aplikatzekoa izango da, helbide-aldaketari izan ezik, hori hurrengo artikuluan ezarritako prozedurak arautuko du eta.

83. artikulua.– Elkargoaren helbide-aldaketa.

1.– Elkargoaren helbidea eta egoitza aldatzeko ekimena Gobernu Batzarrari dagokio, eta haren onarpena horretarako deituko den ohiz kanpoko Batzar Nagusiari.

2.– Artikulu honetan araututako ohiz kanpoko Batzar Nagusia balioz eratzeko, lehen deialdian gutxienez Elkargoko kideen ehuneko hogeiko quoruma beharko da, eta bigarren deialdian ez da quorum espezifikorik beharko.

3.– Elkargoaren helbide- eta egoitza-aldaketa onartu egingo da bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa jasotzen badu.

4.– Horrela onartutako helbide- eta egoitza-aldaketak estatutu hauen 1. artikuluaren aldaketa ekarriko du eta dagozkien erakunde eta instituzio guztiei jakinaraziko zaie.

VII. TITULUA
ELKARGOAREN IZEN ALDAKETA, FUSIOA, BANANTZEA, DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA

84. artikulua.– Elkargoaren izen-aldaketa, fusioa, banantzea, desegitea eta likidazioa.

1.– Elkargoaren izen-aldaketa, abokatuen beste elkargo batzuekiko fusioa, lurralde-esparru txikiagoko beste bat eratzeko banantzea eta desegitea Gobernu Batzarrak horretarako bereziki deitutako ohiz kanpoko Batzar Nagusian erabaki ahal izango da, edo gutxienez Elkargoko jarduneko kideen bostenek eskatzen dutenean.

2.– Artikulu honetan aurreikusitako xederako ohiz kanpoko Batzar Nagusia balioz eratuta geratuko da, lehen deialdian, boto-eskubidea duten Elkargoko erroldako kideen erdiak gehi bat bertaratzen badira. Quorum hori erdiesten ez bada, bigarren deialdian eratu ahal izango da, boto-eskubidea duten Elkargoko erroldako kideen % 25 bertaratzen badira, bertan edo ordezkatuta.

Bi deialdiak batera egin daitezke, iragarki bakarraren bidez. Lehen eta bigarren bilkuraren artean gutxienez hogeita lau orduko epea igaro beharko da.

3.– Erabakiak bertaratutakoen gehiengo soilaren bidez hartuko dira, eta botoa ezin izango da eskuordetu.

4.– Desegitea onartuz gero, Batzar Nagusi berak proposatuko du likidazioari dagokionez komeni dena, Eusko Legebiltzarraren Legeak onartzearen ondorioetarako, eta likidatzaile kopurua zehaztuko du eta halakotzat jardun behar duten Elkargoko kideak izendatuko ditu. Horrez gain, beren funtzioa betetzeko egoki lekizkiekeen eskudantziak eta likidaziorako jarraitu beharreko prozedura ezarriko ditu eta gerakinaren xedea finkatuko du, baldin badago behintzat.

5.– Azaroaren 21eko 18/1997 Legean (Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa) xedatutakoaren arabera, Elkargoaren izen-aldaketa, fusioa eta banantzea egiteko ezinbestekoa izango da Legelarien Euskal Kontseiluaren nahitaezko txostena eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den Eusko Jaurlaritzaren dekretua.

Lege berean xedatutakoaren arabera, Elkargoa desegiteko ezinbestekoa izango da Eusko Legebiltzarraren legea, azkentzeak berekin ekarriko dituen ondorio juridikoak eta ekonomikoak zehaztuko dituena, ohiz kanpoko Batzar Nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatutu hauetan aurreikusten ez den guztian honako hauek izango dira aplikatzekoak: Estatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoak beren hurrenez hurrengo eskumen-esparruetan onartzen dituzten elkargo profesionalen legeak, Espainiako Abokatutzaren Estatutu Orokorra, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak onartutako Kode Deontologikoa eta Diziplina Prozeduraren Erregelamendua, Europako Abokatuen Kode Deontologikoa eta abokatutzaren estatutu profesionala erregulatzen duten gainerako arauak.

Administrazio-zuzenbideari lotutako Elkargoaren organoen erabakiei eta egintzei dagokienez, estatutu hauetan aurreikusten ez den guztian, administrazio-legeak, administrazio-prozedura erkideari buruzkoak eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen legea beteko dira.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Oro har, estatutu hauek indarrean jartzen diren egunean tramitatzen ari diren prozedurek amaitu arte jarraituko dute, hasi zirenean kontuan izandako araudiaren arabera.

Hala eta guztiz ere, Elkargoaren egintzen erregimen juridikoari eta aurkaratzeari buruzko IV. tituluan xedatutakoa, araudi aplikagarriari, epeen zenbaketari, administrazio-zuzenbideari lotutako egintzen bete beharrekotasunari eta indarrari, Elkargoaren ebazpenak jakinarazteari eta errekurtsoei dagokien guztian, tramitatzen ari diren prozedura guztiei aplikatzekoak izango dira estatutu hauek indarrean jartzen direnetik.

AZKEN XEDAPENA

Estatutu hauek Gobernu Batzarraren ekimenez onartzeko, profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 38. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

Onarpena horretarako deituko den ohiz kanpoko Batzar Nagusiari dagokio. Aldez aurretik, jendaurreko informazio-epea irekiko da, Elkargoko kideek eta Legelarien Euskal Kontseiluak estatutuen proiektuari zuzenketak aurkezteko aukera izan dezaten hilabeteko epean. Jendaurreko informazioa eskaintzeko, iragarkia argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Elkargoaren edo kontseiluaren lurralde-esparruko tirada handieneko bi egunkaritan.

Jendaurreko informazio-tramitea amaitzen denetik hasi eta gehienez ere hilabeteko epean egiteko deituko da ohiz kanpoko Batzar Nagusia. Aurkeztu diren zuzenketak Elkargoko kideen eskueran jarriko dira Elkargoaren atari elektronikoaren bitartez. Gobernu Batzarrak estatutuen proiektuaren edukia azalduko du eta zuzenketak proposatu dituztenek Batzar Nagusian defendatu beharko dituzte. Hala egiten ez badute, erretiratu egin dituztela ulertuko da.

Aurkeztutako zuzenketa bakoitza bozkatzeko txanda irekiko da. Zuzenketa onartu egingo da bertaratutakoen gehiengoaren aldeko botoa jasotzen badu. Eta gero bozkatu egingo da proiektuaren behin betiko testua, hasierako proiektuaren eta onartutako zuzenketen emaitza, eta gehiengo berbera beharko du onartzeko. Bi kasuetan, Elkargoko jarduneko kideen botoak Elkargoko gainerako kideen botoaren balio bikoitza izango du.

Onartu ondoren, Elkargoak Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailari igorriko dizkio onartutako estatutuen testu osoa eta osoko bilkuraren onarpen-erabakiaren egiaztagiria eta aurreko paragrafoan aurreikusitako jendaurreko informazio-tramitea bete izanaren ziurtagiria, dekanoaren oniritziarekin.

Eusko Jaurlaritzako Araubide Juridikoaren zuzendariak estatutuen kopia bat igorriko die Legelarien Euskal Kontseiluari eta lanbidearen arabera eskumenak dituen sailari, eskabidea jasotzen dutenetik hasi eta hogei eguneko epean nahitaezko txostena jaulki dezaten.

Estatutuak legeriaren araberakoak direla eta ezarritako prozedura betetzen dela egiaztatzean, eskumena arautua izango da.

Lan eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak onartzea edo onarpena ukatzea. Agindua, dagokion jakinarazpena ezertan galarazi gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko igorriko da.

Behin betiko onartutako estatutuak ofizioz inskribatuko dira Tituludun Lanbideen Erregistroan, eta Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiari igorriko zaizkio, jakinaren gainean egon dadin.

Estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira Bilboko Abokatuen Elkargoaren aurreko Estatutua eta, oro har, estatutu hauen edukiaren aurka dauden xedapen guztiak.


Azterketa dokumentala