Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2019ko ekainaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2902

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 29koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez EAEn GIBa/hiesa, C hepatitisa (CH) eta sexu-transmisiozko infekzioak (STI) prebenitzeko eta kontrolatzeko programak garatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei laguntzak emateko deialdiaren oinarriak onartzen baitira.

GIBaren/hiesaren, CHren eta STIen alorrean irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko erakundeek EAEn gauzatutako jarduerak, herri-administrazioek burututako jarduerekin batera, ezinbesteko tresna dira infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta dagoeneko gaixotasuna duten pertsonen egoera hobetzeko lanean.

Euskadirako Osasun-Politikak 2013-2020 izeneko dokumentuaren 2.11 helburua sexu-transmisiozko infekzioak eta GIBaren diagnostiko berantiarra murriztea da, batez ere prebentzioan eraginez.

Osasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez onartutako Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoak sailaren dirulaguntzen lerroetako bat bezala hartzen du osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea. Agindu hori euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu zen. Lan-ildo horretan kokatzen da GIBaren/hiesaren alorreko dirulaguntza, eta horren xede nagusia da GIBaren transmisioa eta, oro har, sexu-transmisiozko infekzioak biztanleengan prebenitzea, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bereziki bideratua.

Testuinguru horretan kokatu behar da, halaber, Euskadin C Hepatitisari Arreta emateko Estrategia, Osasuneko sailburuak 2015eko uztailaren 14ko aginduaren bidez onartutakoa. Dokumentu horretako 2 estrategia-ildoaren oinarria da C hepatitisaren birusa (CHB) transmititzea eragotziko duten neurriak sustatzea. Zehazki, xede nagusi gisa ezartzen da «CHBaren transmisioa eragozteko prebentziozko neurriak sustatzea, osasunaren esparruan, zain barneko bidezko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboan».

Garatu beharreko jardueren artean ezartzen da, orobat, «Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planarekin elkarlanean jardutea bide parenteraleko droga-erabiltzaileen eta gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboekin».

CHak eta GIBak, hain zuzen, transmisio-bideak partekatzen dituzte hein handi batean (injektatutako drogen erabilera, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen arteko transmisioa) eta, beraz, prebentzio-neurriak eta gizarte-kolektibo ahulenak ere. Hori dela eta, agindu honen xede nagusia zabaltzea egoki ikusten da, eta horregatik gehitu da, hain justu, CHaren prebentzioa.

Testuinguru horretan, agindu honek irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek 2019an zehar egiteko proposatutako proiektuentzako dirulaguntzen deialdia arautzea du xede. Jarduera horiek EAEn garatu behar dira eta GIBa/hiesa, CHa eta STIak prebenitzeko eta kontrolatzeko helburua izan behar dute.

Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek emandako oinarrizko arauekin: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Agindu honek behar adina aurrekontu-kreditu du, honako partida honetan: 19.0.1.08.11.0000.4.454.99.41130.001/ I.

Horren arabera, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren esparrua eta xedea.

1.– Laguntzetarako deia egiten zaie EAEn 2019an zehar GIBa/hiesa, CHa eta STIak prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko erakundeei. Lehentasuna emango zaie kolektibo ahulenei zuzendutako jarduerei, biztanleria orokorra xede duten jarduerak baztertu gabe, agindu honen 11. artikuluan xedatutako balioeste-irizpideen arabera.

Deialdi honen ondorioetarako, biztanle kalteberatzat hartzen dira GIBa, CHBaren eta sexu-transmisiozko infekzioen eragin eta gaixotasun-maila handia dutenak, hala nola gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoak, etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak.

2.– Deialdi honetako laguntzen onuradun izango dira EAEn garatzen diren honako proiektu mota hauek:

a) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratzen diren esku hartzeko proiektuak, ikusirik kolektibo horretako GIBaren, CHaren eta STIen garrantzia epidemiologikoa egun.

b) GIBari, CHari eta STIei dagokionez kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak: etorkinak, droga-bide parenteraleko droga-erabiltzaileak, prostituzioan aritzen direnak, eta, oro har, gizarte-bazterkeria pairatzeko egoeran dauden pertsonak.

c) GIBaren, CHaren eta STIen infekzioen diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak.

d) GIBa duten pertsonei babes psikologikoa eta soziala emateko proiektuak.

3.– Deialdi honetan diruz lagundutako ekintzetatik kanpo geldituko dira Osakidetzak edo Osasun Sailak garatutako jardueren parekoak diren ekintzak. Horri dagokionez, ikastetxeentzat prestatutako material pedagogikoa aipatu behar da, sexualitatearen eta afektibitatearen heziketarako programak garatzeko eta GIBa, STIak eta nahi gabeko haurdunaldiak prebenitzeko, hain zuzen.

2. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdian parte hartzeko interesa duten irabazi-asmorik gabeko eta ekimen sozialeko erakundeek honako eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, horien izaera juridikoaren (erakundea, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

b) Ez dute irabazi-asmorik edukiko.

c) Beteta edukiko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak. Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izango dituzte.

d) Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu epaiak edo ebazpenak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat duten entitateek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.

e) Onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira betekizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.

3.– Agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute onuradun izateko ezgaitzen dituen debekurik ez dutela egiaztatzeko, betiere alde batera utzi gabe organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapen-jarduketak.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.

1.– Agindu honen helburua betetzeko, hirurehun mila (300.000) euro bideratuko dira.

2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Laguntzak jarduerak ordaintzeko dira, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo erakundeen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.

2.– Diruz lagundu ahal izango dira dirulaguntza jaso duen programarekin erlazio zuzena eta objektiboa duten jarduerek eragindako gastuak, betiere behar bezala zehazten badira erakundeak aurkeztutako proiektuan eta 14. artikuluan xedatutakoaren arabera justifikatzen badira. Aipatutako gastuak, dirulaguntza jaso baino lehenagokoak izan ahal izango dira, baina, betiere, 2019an eginak.

3.– Jarduerarako dirulaguntza erabil daiteke erakundeko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Zeharkako kostuak dira erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak dirulaguntza jaso duen jarduera bat egiteko, zuzenean jarduera jakin horri ez dagozkion arren.

4.– Ez dira diruz lagunduko finantza-gastuak, lizentziak, inbertsio-gastuak, interesetatik eratorritako gastuak, errekarguak, zehapen administratiboak zein zigor-arlokoak (hala nola zergak edo Gizarte Segurantza ez ordaintzeagatik eratorritako zehapen administratiboak), ezta prozedura judizialen gastuak ere.

5.– Diruz lagundu ahalko dira ezarritako epean egiten diren gastuak, betiere egindakotzat hartuta ordaindu direnak. Diruz lagundu daitezkeen gastuak, edozein kasutan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriko dira.

6.– Baldin eta diruz lagundutako jarduketak garatzeko hirugarrenak kontratatu behar badira, onuradunek DLOaren 29. artikuluan eta DEOaren 68. artikuluan aurreikusitako baldintzei men egin beharko diete, Azpikontratazioaren proportzioa diruz lagundutako jarduketaren zenbatekoaren % 50 izango da gehienez ere.

7.– Era berean, diruz lagundutako jarduera gauzatzeko onuradunak egin beharko lituzkeen gastuak kontratatzeari dagokionez, eta diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak sektore publikoaren kontratazioa arautzen duten legeetan kontratu txikietarako ezarritako kopuruak gainditzen baditu, DLOaren 31.3 artikuluan ezarritakoa bete beharko du.

5. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak dira administrazio berak edo beste batzuek edo erakunde publiko edo pribatuek, nazionalek, Europar Batasunekoek edo nazioarteko organismoek jarduera bererako emandako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikoekin. Dirulaguntzaren zenbateko soilak edo gainerako finantzaketa-iturriekin bateratuak ezingo du diruz lagundutako jardueraren kostua inola ere gainditu.

2.– Proiektu bera gauzatzeko finantzaketa-iturriek emandako laguntzen zenbatekoa proiektuaren beraren kostua baino handiagoa izanez gero, agindu honen babesean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa kostuaren zenbatekora murriztuko da.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.

Proiektu bat diruz lagun daitekeela irizten bada, aurkeztutako aurrekontuaren eta, halakorik balego, beste finantzaketa-iturrien arabera zehaztuko da laguntzaren zenbatekoa. Dena den, ezingo du aurrekontu horren % 80 gainditu, ezta proiektuko 50.000 euro baino gehiagoko zenbatekoa.

7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea egiteko, agindu honen I. eranskinean jasota dagoen inprimaki elektronikoa beteko da; 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere egongo da eskuragarri inprimakia.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.6 artikuluan xedatzen denari jarraituz, erantzukizunpeko adierazpen bat jaso behar du eskaerak, honako eskakizun hauek egiaztatzeko:

a) Erakundeek legez eratuta egon behar dute, eta erregistro administratibo ofizialean behar bezala izena emanda, horien izaera juridikoaren (erakundea, elkartea edo bestelakoak) eta egoitza sozialaren lurraldearen arabera, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta urtebete lehenagotik gutxienez.

Erantzukizunpeko adierazpenean ezarritakoa egiazkoa dela egiaztatzeko, ordeztu den dokumentazioa erantsi beharko zaio, betiere prozedura ebatzi baino lehen, organo kudeatzaileak aukera izan dezan baldintza hori bete dela egiaztatzeko.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea edo amaituta izatea. Hala bada, prozedura edo prozedurak identifikatu beharko dira.

c) Erakunde eskatzaileak egiaztatu behar du ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere.

d) Onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Organo kudeatzaileak zuzenean eskuratuko du, eskumena duten herri-administrazioen aurrean, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatzen duen informazioa. Eskaeraren bidez, erakundeak espresuki ukatzen badu ofiziozko jarduera horretarako baimena, eskaerari gehitu beharko dizkio bi egiaztapen-ziurtagiriak, horretarako eskumena duen organoak egindakoak.

Era berean, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, erakundeak adieraziko du xede eta helburu berbera duen bestelako laguntzaren bat eskatu dien edo ez herri-administrazio honi edo beste batzuei, erakunde publiko edo pribatuei, nazionalei, Europar Batasunekoei edo nazioarteko organismoei. Eskaerarik egin badu, laguntza eman dioten edo ebazteke dagoen adieraziko du, hori guztia agindu honen 17.5 artikuluan xedatzen den betebeharrari kalterik eragin gabe.

2.– Aurkeztutako egitasmoak GIBaren/hiesaren, CHaren edota STIen arloan izan dezakeen eragina azaltzen duen txostena: xedeak, nori zuzendua dagoen, hautatze-irizpideak, materiala eta metodoak, aurreikusitako emaitzak eta horiek balioesteko erabiliko diren parametroak, egitasmoaren ardura izango dutenak eta eskatzaileek garrantzitsutzat jotzen duen oro.

3.– Diruz laguntzeko eskatu eta 2019an egingo diren egitasmo eta jarduerentzako aurrekontu xehatua. Horretarako, II. eranskina beteko da.

4.– Programa horiek finantzatzeko plana. Zehazki adieraziko da zein izango diren finantziazio-iturriak (izena emateko kuotak, eman diren edo ebazpenaren zain dauden beste laguntza publiko edo pribatu batzuk, etab.). Beste finantziazio-iturriren bat lortuz gero, horren berri emateko konpromisoa ere adierazi behar da.

5.– Finantzaketaren xede izango litzatekeen jarduera hobeki ezagutzeko beharrezko den dokumentu osagarri oro.

8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariari zuzenduko zaio eskabidea.

2.– Eskaera bat aurkeztu behar da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeak aurkeztutako proiektu bakoitzeko.

3.– Bitarteko elektronikoen bidez baino ezin dira aurkeztu eskaerak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

Horretarako, Izapidetze elektronikoari buruzko agindu honen 21. artikuluan zehazten den bezala, egoitza elektronikora sartu beharko da, helbide honetan: http://goo.gl/qn4as2

4.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako agiriak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Eskabidean, oinarri hauetako eskakizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, eskatzaileari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, gabezia zuzendu edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.

10. artikulua.– Organo kudeatzaileak datuak egiaztatzea.

1.– Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoaren aurrean kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu derrigor.

Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.

2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten barruan edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen edo dokumentuetan funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.

Halaber, egoera horren berri ematen duen herri-administrazioaren ebazpenak ezar dezake interesdunak itzuli behar duela dirulaguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.

11. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.

1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehaztuko ditugu, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esango dugu. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko. Gehienezko puntuazioa 100 puntukoa izango da, eta gutxienekoa 50ekoa. 50 puntura heltzen ez diren jarduerek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

a) deialdiaren xedera egokitzea: 25 puntu gehienez, honela banakatuta:

1) Gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoen kolektiboari bideratzen diren esku hartzeko proiektuak, ikusirik kolektibo horretan GIBak, CHak eta STIek egun duten garrantzia epidemiologikoa: 12 puntu.

2) GIBaren, CHaren eta STIen infekzioen diagnostiko goiztiarrera bideratutako proiektuak: 6 puntu.

3) GIBari, CHari eta STIei dagokienez kalteberak diren bestelako kolektiboei bideratutako proiektuak, hala nola etorkinak, bide parenteraleko droga-erabiltzaileak eta prostituzioan aritzen direnak: 5 puntu.

4) GIBa duten pertsonei babes psikologikoa eta soziala emateko proiektuak: 2 puntu.

b) Diseinuaren kalitate teknikoa, hau da, harreman koherentea egotea eraginpean jarri nahi diren faktoreen, lortu nahi diren helburu espezifikoen, helburu horiek eskuratzeko aurreikusitako jardueren eta helburu horiek lortzeko adierazleen ebaluazioaren artean. 20 puntu gehienez, jarraian banatzen den bezala:

– Proposatutako jardueraren justifikazioa: 3 puntu.

– Jardueraren bideragarritasuna eta faseen, jardueren, kokalekuaren eta iraupenaren deskribapena: 14 puntu.

– Ebaluazio metodoa: 3 puntu.

c) Erakundearen ibilbidea eta esperientzia, eta proposatutako jarduera edo proiektuaren jarraipena. 20 puntu gehienez, jarraian banatzen den bezala:

– Elkartearen ibilbidea: 10 puntu.

– Jardueraren edo proiektuaren jarraipena: 10 puntu.

d) Jardueraren diseinuan eta garapenean hainbat balio gehigarri sartuta egotea (ekintza boluntarioa, elkarlaguntza, onuradunek parte hartzea esku-hartzearen diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan) 10 puntu gehienez, jarraian banatzen den bezala:

– Elkarlaguntza eta boluntariotza sustatzea: 5 puntu.

– Xede diren biztanleen parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 5 puntu.

e) Jardueraren biztanle-estaldura (pertsona jasotzaile- edo onuradun-kopurua, zuzenean edo zeharka) eta desberdintasun sozioekonomikoei erantzutea 10 puntu, gehienez, jarraian banatzen den bezala:

– Jarduera-esparrua: 5 puntu.

– Ezberdintasun sozioekonomikoei arreta eskaintzea: 5 puntu.

f) Jarduera gizarte-ekimeneko beste erakunde, federazio edota instituzio batzuekin elkarlanean egitea, sareko lana indartuz: 5 puntu, gehienez.

g) Proposatutako jarduerak izaera berritzailea izatea, edo aurreko urtearekin alderatuta, hobekuntza berritzaileak sartzea proiektuan: 5 puntu, gehienez.

h) Ezarritako koordinazioa eta aurreikusitako sinergia, jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera edota politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.

2.– Dirulaguntza jaso ahal izateko, eskabideek gutxienez 32,5 puntu eskuratu beharko dute a), b) eta c) ataletako puntuazioa batuta. Atal horietako bakoitzak, bere aldetik, beste bi ataletako bakoitzaren puntuen erdia izan beharko du, gutxienez.

12. artikulua.– Eskabideak balioestea eta zenbatekoak zehaztea.

1.– Aurkeztutako eskaerak balioesteko, balioespen-batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira kideak: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Juanjo Aurrekoetxea Agirre) presidente gisa arituz, Hiesa eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren arduraduna (Antonio Arraiza Armendariz) eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariorde kargua duten pertsonak Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzetan (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar eta Juan Carlos Fernández Crespo). Kide anitzeko organoko idazkaritzari dagokionez, batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du. Haren zeregina izango da kide anitzeko organoaren jardueren legezkotasun formala zein materiala zaintzea, baita sektore publikoaren erregimen juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16., 17. eta 18. artikuluetan adierazten diren bestelako funtzioak ere.

2.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.

3.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak eta Balioespen-batzordeak, beharrezko irizten badute, informazio eta dokumentazio osagarria eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertu ahal izateko.

4.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, Balioespen-batzordeak erabakiko ditu, programa bakoitzean, bakoitzari eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza eta jaso duen puntuaketa, agindu honen baitan adierazitako balorazio-irizpideen arabera.

Agindu honetan deitutako dirulaguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako dotazio ekonomiko osoa.

Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta soberakina balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da, muga horiek gainditzen ez dituzten hautatutako proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta hautatutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.

5.– Ezarritako irizpideen arabera aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren, agindu honetan horretarako ezarri denaren arabera, balioespen-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Osasuneko sailburuordeari, eta bertan, hau adieraziko dio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, erakunde onuradunak zeintzuk diren, finantzatuko den proiektu bakoitzaren zenbateko banakatuak, eta, hala badagokio, dirulaguntza ukatu zaien proiektuak zeintzuk diren, eta zergatik ukatu zaien.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez amaituko da prozedura, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta. Erakunde parte-hartzaileek prozeduran planteatutako gai guztiak erabakiko ditu ebazpenak.

2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: erakundeak zeintzuk diren, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, ukatzeko arrazoia azaldu beharko da.

3.– Ebazpena EHAAn argitaratzeak jakinarazpenaren ondorioak izango ditu. Prozedura ebatzi eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko epea gehienez ere lau hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

4.– Ematen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, argitalpena egiten den egunaren biharamunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoa betez.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da erakunde onuradunei agindu honetan ezarritako dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– Diruz lagundutako proiektua egin dela justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenezko erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu behar dute:

a) Txosten teknikoa, zituzten helburuak zein mailatan bete dituzten azaltzen duena eta helburu bakoitza bete den mailari buruzko ebaluazioa egiten duena.

b) 2019. urteko gastuen memoria (III. eranskina) edo justifikazio-kontua, zeinetan adierazten baita zer dokumentu aurkezten diren eta horien zenbatekoak. Dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako gastu-kontzeptuen arabera taldekatu behar dira horiek aginduaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera. 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan ere eskuragarri dago eredu hori.

c) Dirulaguntzaren xede den proiektua benetan gauzatu dela egiaztatzen duten fakturak edo bestelako egiaztagiriak, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta. Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko du.

d) Jarduera edo zerbitzua gauzatu dutela edo dirulaguntzaren xedea bete dutela egiaztatzen duen beste edozein agiri.

Aurkeztutako agiriak jardunbide elektronikoen araubidera moldatu beharko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.4 artikuluaren arabera, bereziki, eta 27.3 artikuluari dagokionez. Horietan, interesdunek aurkeztutako agiriek zer eskakizun bete behar dituzten arautzen da. Era berean, aintzat hartuko da Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 72. eta 73 artikuluetan xedatutakoa.

Dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2020ko urtarrilaren 15a da.

2.– Emandako laguntzarekin ordaindutako gastuek dirulaguntza jaso duen jarduera gauzatzean sortutakoak izan behar dute. Behar bezala justifikatutako gastuak hauek izango dira:

a) Irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenezko erakunde onuradunaren izenean igorritako ordainagiriaren bidez justifikatutakoak, ordainketa burutu dela egiaztatzen dutenak. 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortutako gastuei dagozkien ordainagiriak eta epe horren baitan emandakoak eta ordaindutakoak soilik onartuko dira.

b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak; agiri horiek finantza-erakundeek egiten dituzte eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik.

c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).

d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan, enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), gastua justifikatzeko, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenezko erakunde onuradunak idatzi bat egingo du, eta horren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek, gutxienez, honako hauek jaso behar ditu: ordezkariaren, irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimenezko erakunde onuradunaren eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «jaso dut» eta pertsona hartzailearen sinadura; pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.

3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2019. urtean sortutakoak badira.

15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.

Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan. Ez badu eskakizun hori epe eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.

16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

Honela ordainduko da agindu honen babesean emandako dirulaguntzari dagokion zenbatekoa:

a) Dirulaguntzaren % 70 ordainduko da ebazpena onartu eta argitaratu eta gero, laguntza, esanbidez edo isilbidez, onartzen denean, agindu honen 17.1 artikuluan ezarritako epean.

b) Gainerakoa kobratzeko (emandako zenbatekoaren % 30), dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du erakunde onuradunak, 14. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen alorreko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko 38/2033 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betebeharrak eragotzi gabe, agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek honako betebehar hauek dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Ildo horretatik, dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta hamar lanegunera, erakunde onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatu beharko dute, eta jasotako laguntza guztia bideratu beharko dute horretara.

3.– Hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera bete beharko dute, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Aurkezteko epea laguntza aurreko puntuan adierazitako onartzeko edo ukatzeko epearen berdina izango da.

4.– Aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematerakoan eskatu eta kontuan hartu den betekizunen batean, horren berri idatziz eman beharko diote organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

5.– Helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, horren berri eman behar diote organo kudeatzaileari, jakinarazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.

6.– Dirulaguntza emango duen erakundeari egiaztatu egin behar diote betetzen direla laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak, baita horretarako arrazoia zen jarduna gauzatu dela ere.

7.– Osasun Sailari lagunduko diote jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jarriko dira: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako dirulaguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.

8.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten agiriak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.

9.– Hautatutako erakundeek agindu honen bidez finantzatutako programak edo jarduerak argitaratzen badituzte, honako testu hau jaso beharko dute espresuki: «Osasun Sailak diruz lagundua».

10.– Egitasmoak informazio materiala –idatzia zein ikus-entzunezkoa– argitaratzea ere aurreikusten badu, argitaratu aurretik Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren oniritzia eta baimena lortu beharko ditu.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:

a) Gastuen justifikazioa dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada, % 25 edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.

b) Aurkeztutako aurrekontuarekiko % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.

Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira entitate onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.

19. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuaren jarraipena.

Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Halaber, publikoki erabili ahal izango ditu, uneoro, emandako dirulaguntzen bidez gauzatutako programen eta jardueren edukiak eta emaitzak.

20. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskatzean ematen diren datuak «Laguntzak jasotzen dituzten entitateak» fitxategi automatizatuan sartuko dira, Osasuneko sailburuaren 2017ko urriaren 4ko Aginduan jasotzen den moduan eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz. Agindu horren bitartez arautzen dira Osasun Sailaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak (EHAA, 201. zk, 2017ko urriaren 20koa; eta 220. zk., 2017ko azaroaren 17koa). Fitxategi horretako datuak ezin zaizkie hirugarrenei edo beste erakunde batzuei utzi, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erakunde eskatzaileen laguntzak kudeatzeko baino ez ditu erabiliko. Nahi izanez gero, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta haiei aurka egiteko eskubideak erabil ditzake nahi duenak, legean xedatutakoarekin bat etorriz; horretarako, idazki bat igorri beharko dio Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari.

21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten erakundeek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.

2.– Izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko honako egoitza elektroniko honetan daude: https://goo.gl/qn4as2

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.

1.– Bere betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.

3.– Agindu honen 18. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.

4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala.

Artikulu horretako a) atalean aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Deialdiko 11. artikuluan jasotzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko da azken hori.

b) atalean aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak osorik itzuli beharko dira.

5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen dira.

6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARREN XEDAPEN

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, erakunde interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 29a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana