Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

112. zk., 2019ko ekainaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSASUN SAILA
2901

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, 2019ko arlo sanitarioko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Osasun Sailaren helburuetariko bat zerbitzu sanitarioen kalitatearen hobekuntza sustatzea da talde sanitarioaren prestakuntza handiagoaren bidez; hortaz, epe ertain eta luzerako estrategia bat planteatu du Euskal Sistema Sanitarioko langileek praktika profesionalean duten gaitasuna areagotu dezaten.

Horrela, kualifikazio optimoa bermatzeko eta langileen garapen profesionala garatzeko tresna da prestakuntza. Berariaz sustatu nahi dira atzerriko prestakuntza-egonaldiak eta prestakuntza-jarduerak, bai eta estatuko unibertsitateetan gaitasun aurreratuak eskuratzea alor hauetan: kudeaketa sanitarioa, osasun publikoa, zainketa aringarria, integrazio asistentziala eta familia- eta komunitate-medikuntza.

Laguntza-programa hau Osasun Sailaren 2019ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan dago aurreikusita, zeina Osasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez onartu baitzen. Agindu horren arabera, arlo sanitarioko profesionalen prestakuntza hartzen da dirulaguntzen jarduera-eremu handienekotzat.

Horregatik, eta indarreko araudia aintzat hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da osasunaren arloan 2019. urtean hasiko diren prestakuntza-jarduerak finantzatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egitea. Honako modalitate hauek daude aukeran:

a) Estatuko unibertsitateek, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizatearen Ministerioaren mendeko Osasun Institutuek edo autonomia-erkidegoen mendeko Osasun-eskolek emandako gradu-ondoko ikastaroetan parte hartzea; edo aipatutako erakundeek ematen ez badituzte ere, hitzarmen baten bitartez baldintza hori lortzen duten ikastaroak, unibertsitatearen berezko graduondoko tituluen sortzaile, eta gaitasun aurreratuak eskuratzera bideratutako prestakuntza-jarduerak egiteko hiru arlo espezifiko hauetan:

– Osasunaren kudeaketa: osasun-kostuen eta ospitale-kostuen kudeaketa eta kontrola, marketina, giza baliabideak, osasun-zerbitzuen produktibitatea eta plangintza, kalitatearen kontrola, arreta soziosanitarioa, osasuneko langileen arriskuak, osasun-erakundeen motak, osasuna kudeatzeko politikak, plangintza estrategikoa, zerbitzu sanitarioen ikuskapena eta kudeaketaren tratamendu informatikoa.

–Osasun publikoa: tresna metodologikoak (estatistika eta epidemiologia); plangintza eta ebaluazioa (beharra, eskaintza eta eskaria, eraginkortasuna, efizientzia, efektibitatea, eta ekitatea, adierazleak; gaixotasunen aurreko prebentzio eta babeserako estrategiak; osasunaren sustapena).

– Zaintza aringarriak: alderdi kulturalak, sanitarioak, psikosozialak, legezkoak eta etikoak; eskaintzara bideratutako zerbitzuen kudeaketa; ikerketa, sintomen kontrola eta erabakiak hartzea.

– Familia eta komunitateko medikuntza: horren garapena sustatzea eta promozionatzea.

– Arreta integratua: osasun-zainketak antolatzea, pazienteengan osasun-emaitzak hobetzea helburutzat hartuta, bereziki, asistentzia-prozesuak integratzearen bidez eta Euskadiko Arreta Integratuaren Planak adierazi bezala.

b) Atzerriko unibertsitate-zentroetan emandako graduondoko ikastaroetara joatea eta prestakuntza-egonaldiak egitea epe mugatu batez atzerriko osasun-zentroetan edo osasun-ikerketako zentroetan, osasunaren zientziekin lotutako arlo guztietan ezagutzak eta gaitasunak areagotzeko prestakuntza-programa indibidualizatuak garatzeko.

2.– Ikastaroek gutxienez 60 ECTS kredituko karga akademikoa izango dute eta titulu ofizialak zein propioak lortzera bideratuak izan daitezke.

3.– Ez da bekarik edo laguntzarik emango Osasun Sailak diruz lagundutako prestakuntza-jarduerak burutzeko.

2. artikulua.– Onuradunak.

Beka edo laguntzak eskuratu ahal izango dituzte, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako baldintza orokorrak betetzeaz gain, baldintza hauek betetzen dituztenek:

a) Goi-mailako edo erdi-mailako unibertsitate titulua izatea.

b) Beka edo laguntzarako eskabidea aurkeztu baino gutxienez urtebete lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.

c) 1. artikuluan zehazten diren prestakuntza-jardueraren bat burutzea.

d) Ez egotea egoitza-sistemaren bidezko prestakuntza-aldian.

Gainera, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 23.3 artikuluak xedatutakoaren arabera, eskabidearekin batera arauan eta deialdian ezarritako agiriak eta informazioa bidali beharko dute interesdunek; dena den, ez dute halakorik bidali beharko baldin eta administrazio jardulearen edozein organoren esku badaude eskatutako dokumentuak, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua.– Aurrekontua eta organo kudeatzailea.

1.– Beka eta laguntza horiek finantzatzeko ehun eta zortzi mila eta hamar euro erabiliko dira (108.010,00); horietatik laurogeita bat mila eta zortzi euro 2019ko ekitaldiari dagozkio (81.008,00), eta hogeita zazpi mila eta bi euro 2020koari (27.002,00).

2.– Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak kudeatuko ditu beka eta laguntzok.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak kategoria hauetan multzokatzen dira:

a) Beka: b) apartatuan adierazitakoez bestelako mantenu-gastuak hartzen ditu, baita laguntza-osagarria ere, prestakuntza-egonaldietan, onuradunarekin bizi diren adingabeko seme-alabek sortutako gastuak –bidaia izan ezik– ordaintzeko, hiru hilabete baino gehiago jarraian egonez gero (3).

b) Laguntza: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua eta ikasmateriala erosteko gastuak hartzen ditu.

2.– Laguntzen onuradunak izan daitezke, soilik, prestakuntzako jarduerarekin batera ordaindutako beste jardueraren bat egiten duten pertsonak, eta laguntzak eta bekak jaso ahalko dituzte ordaindutako jarduerarik egiten ez dutenek.

3.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gehieneko zenbatekoak:

a) Joan-etorrien kasuan, ostatu-gastuak: mila euro hilean (1.000).

b) Matrikula eta ikasmateriala: zortzi mila euro (8.000).

c) Bidaiak, guztira: bi mila euro (2.000).

d) Laguntza-osagarria: hirurehun euro hileko seme-alaba bakoitzeko (300).

e) Mantenua: bostehun euro hileko (500,00).

f) Beka edo laguntza, guztira, aipatutako kontzeptu guztiak aintzat hartuta: mila eta bostehun euro hileko (1.500,00).

4.– Beka edo laguntza, gehienez ere, urtebeterako emango da eta, epe horren barruan, 60 kredituak gainditu beharko dira. Luzeagoa bada egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-plana, laguntza eskatu beharko da hurrengo urtean.

5. artikulua.– Emateko prozedura eta ebaluazio-irizpideak.

1.– Norgehiagoka-prozedura erabiliko da bekak eta laguntzak emateko.

2.– Eskabideak alderatzeko prozesua 6.2 artikuluan aurreikusitako bi faseetan burutuko da.

3.– Eskabideak eta horien haztapena alderatzeko, ebaluazio-irizpide hauek erabiliko dira:

a) Egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planaren edukiek lanbide-jarduerarekin duten erlazioa; edo, langabezian badago, eskatzaileak egin dituen ikasketekin duten erlazioa (30 puntu gehienez).

– 30 puntu emango dira, eskatzailearen lanpostuari esleitutako eginkizunak orain edo etorkizunean hobetzea bada prestakuntza-ekintzaren helburua.

– 15 puntu emango dira, prestakuntza-ekintzaren helburua bada lanbidearen garapenean eta sustapenean laguntzea, hau da, gaitasuna eta garapen profesionala ematea eskatzailearen lanpostua ez den beste baten zereginak bete ahal izateko. Era berean, 15 puntu emango dira apartatu honetan, eskatzaileak langabezian badago.

b) Egonaldiaren edo ikastaroaren kalitatea (20 puntu gehienez).

1.– Atzerriko unibertsitateetan edo ospitaleetan edo atzerriko unibertsitateei lotutako ikerketakoetan emandako graduondoko ikastaroetan parte hartzea eta prestakuntza-egonaldiak egitea: Sailkapenaren azken edizioan unibertsitate honek duen postuaren arabera: Academic Ranking of World Universities–ARWU.

– Lehenengo 100 postuen artean: 20

– 101. eta 200. postuen artean: 15

– 201. eta 300. postuen artean: 10

– 301. eta 500. postuen artean: 5

2.– Estatuko unibertsitateek emandako graduondoko ikastaroetan izatea: BBVA-IVIE Fundazioaren unibertsitate espainiarren U-sailkapenaren edizio eguneratuenean unibertsitateak duen mailaren arabera:

– Lehenengo 4 maila: 20

– 5., 6. eta 7. mailak 15

– 8., 9. eta 10. mailak 10

– 11. maila eta goragokoak: 5

3.– Unibertsitateaz kanpoko atzerriko ikastegietan egindako prestakuntza-egonaldiak.

Prestakuntza-egonaldia unibertsitateari lotuta ez dagoen zentro batean bada, ikaskuntzaren gaian espezializatutako zentroen nazioarteko sailkapena bilatuko da eta zentroaren kokapenaren arabera balioztatuko da dagokion sailkapenean.

– Lehengo kuartila: 20

– Bigarren kuartila: 10

– Hirugarren kuartila: 10

– Laugarren kuartila: 5

Nazio mailan ez badago ikasgaian espezializatutako zentroetan onartutako sailkapenik, gaian adituak direnekin kontsultatuko da.

c) Eskatzailearen titulua/k (10 puntu gehienez).

– Unibertsitateko lizentzia eta gradua: 5

– Masterra: 7

– Doktoregoa: 10

d) Eskatzaileak Euskadiko sistema sanitarioarekin eduki duen lan-harremanaren berri, eskabidea aurkeztu eta laguntzak ematen direnen arteko egunetan (10 puntu gehienez).

– Langile finkoa izatea edo, egoiliar gisa, espezialitatea amaituta izatea deialdi hau argitaratu aurreko bi urteetan (2): 10

– Bitartekoa: 5

– Behin-behinekoa edo ordezkoa: 2

6. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea, zenbatekoak zehaztea eta ebazpena proposatzea.

1.– Balorazio-batzordeak ebaluatuko ditu eskabideak, dirulaguntzen zenbateko indibidualak zehaztuko eta dirulaguntza eman edo ukatu behar den proposatuko, eta artikulu honen 2., 3., eta 4. apartatuetan xedatutakoaren arabera arituko da; hauek osatuko dute:

a) Mahaiburua: Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria

b) Bokalak: Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaria (Andoni Arcelay Salazar) eta Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuburua (Sebastian Martin Moreno).

c) Idazkaria: Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko Zerbitzuko teknikari bat (Rafael Andrés Barruso).

2.– Bi fasetan egingo da eskabideak ebaluatzeko eta zenbateko indibidualak zehazteko prozesua:

a) Lehenengo fasea: Programa honen azken hiru (3) deialdietan beka edo laguntzarik lortu ez duten pertsonen edo, beka edo laguntza lortu izanik, 2018ko deialdian diruz lagundutako prestakuntza-jarduera batekin jarraitzeko beka- edo laguntza- eskabidea aurkeztu duten pertsonen eskabideak ebaluatu eta dagozkien zenbatekoak ezarriko dira.

b) Bigarren fasea: Lehenengo faseko laguntzak emateko proposamenak ez badu aurrekontua agortu, gainerako eskabideak ebaluatu eta dagozkien zenbatekoak ezarriko dira.

3.– Hauek dira eskabideak ebaluatzeko eta zenbatekoak zehazteko prozedura osatzen duten jarduketak:

a) Egiaztatzea eskabideek 1. eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta, hala badagokio, zuzentzeko eskaria bete dela 10.5 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Kanpoan uztea 1. eta 2. artikuluetan finkatutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak.

c) 1. eta 2. artikuluetan finkatutako baldintzak betetzen dituzten eskabideak ebaluatzea, 5.3 artikuluan ezarritako irizpide eta haztapenen arabera.

d) Kanpoan uztea hirurogei (35) puntu baino gutxiago lortu dituzten eskabideak, hori baita izan beharreko gutxieneko puntuazioa.

e) Gutxienez hogeita hamabost (35) puntu lortu dituzten eskabideei dagokien diruz lagun daitezkeen gastuak kalkulatzea: eskabidean identifikatutako aurrekontua 4. artikuluan ezarritako muga eta zehaztasunekin bat etorriko da.

f) Zenbatekoak zehaztea, diruz lagun daitekeen gastuari ehuneko hauek aplikatuz:

– % 100: 60 puntu edo gehiago lortu dituzten eskabideak

– % 90: 49 eta 59 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak

– % 80: 35 eta 48 puntu bitarteko puntuazioa lortu duten eskabideak

Dirulaguntza lerro horretako laguntzen batura handiagoa bada dagoen aurrekontua baino, ehuneko berean gutxituko da emandako laguntza bakoitza.

4.– Zenbatekoak zehaztu ostean, ebazpen-proposamena egin eta Osasuneko sailburuordeari bidaliko zaio, zeinak hauek zehaztu beharko dituen eskabide bakoitzari dagokionez:

a) Onartzea: onuradunaren identitatea, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera eta dirulaguntzaren zenbatekoa, kategoria zehaztuz.

b) Ez onartzea: eskatzailearen identitatea, diruz lagundutako prestakuntza-jarduera eta dirulaguntza ez emateko arrazoia.

7. artikulua.– Ebazpena.

1.– Osasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez amaituko da prozedura, zeinak 6.4 artikuluan identifikatutako datuak adieraziko dituen, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

2.– Ebazpena argitaratzeko epea hiru hilabetekoa izango da (3), eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Aipatutako epea igaro eta gero ez bada ebazpenik argitaratu, interesdunek ulertu ahal izango dute euren eskabidea ezetsi egin dela.

3.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean (1), ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

8. artikulua.– Uko egitea.

Dirulaguntzari uko egin nahi dioten onuradunek jakinarazpen-idazki bat aurkeztu beharko dute Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzan, 10.3 artikuluan ezarritako bideren bat erabilita, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hamar (10) eguneko epean.

Epearen barruan ez bazaio uko egiten dirulaguntzari, onuradunak onartu duela ulertuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeak eta ordainketak arautzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.2.b) artikuluaren arabera.

9. artikulua.– Beken eta laguntzen bateragarritasuna.

1.– Bekak ezin dira jaso jarduera berbera finantzatzeko emandako bestelako dirulaguntzekin batera.

2.– Helburu bererako beste dirulaguntza batzuekin izango da bateragarria; baina, guztizko zenbatekoak gainditzen baditu jarduerak sortzen dituen gastuak, emandako laguntzaren zenbatekoa murriztuko da dagokion gehieneko mugaraino.

10. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak egiteko, agindu honen eranskinetan jasota dauden eredu normalizatuak beteko dira –erabilgarri daude www.euskadi.eus webgunean– eta, horrekin batera, egonaldiaren edo gradu-ondoko ikastaroaren prestakuntza-plana bidali beharko da, non jasota egongo baitira programa, edukia eta jarduerak.

Eskatzailea lanean ari bada arlo sanitarioan eskabidea aurkezteko egunean, eskabidearekin batera lantokiko zuzendaritzaren baimena aurkeztu beharko du prestakuntza-jarduera egiteko; prestakuntza-egonaldiek edo gradu-ondoko ikastaroek eskatzailearen jarduera profesionalarekiko duten egokitzapen-maila adieraziko da baimen horretan: handia, ertaina edo txikia.

Hauek dira web-orrian eskura dauden agiri normalizatuak:

– Eskabide-eredua eta, horrekin batera, eskatzailearen erantzukizun-adierazpena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluak eskatu bezala, hauxe egiaztatuko duena:

● Xede eta helburu berarekin laguntzarik jasotzen ari den edo ez administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik.

● Beste administrazio publiko zein pribatu baten laguntza eskatu duen eta onartu zaion edo ebazteko zain dagoen.

● Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.

● Ez duela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzeko legezko debekurik, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak.

● Eskatzaileak ez duela ikusten ezintasunik diruz lagundutako prestakuntza-jarduerez ardura egokia eskaintzeko, ordaindutako lana edo beste edozein egiteko edukitzeagatik.

● Konturatze edo ariketa horri dagokion denboran zehar, aurreko baldintzak beteko dituela hitzematen duela eta baldintzen edozein aldaketa jakinaraziko zaiola administrazioari, osorik ez betetzearen kasuak eta hirugarrenen eskubideak kaltetzea saihesteko.

● Laguntza hauen deialdiaren oinarrietan eta onuraduna izateko indarrean dauden legeek ezarritako baldintzak betetzen dituela.

– Adostasuna: deialdia egin duen organo kudeatzaileari baimena ematea administrazio eskudunean zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeko, jasotzeko edo baieztatzeko. Aurka eginez gero, prozeduran eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko ditu.

– Prestakuntza-egonaldiaren edo gradu-ondoko ikastaroaren prestakuntza-plana, non hauek jasoko baitira:

● Egonaldiaren edo gradu-ondoko ikastaroaren programa.

● Programaren edukia.

● Hartzen dituen jarduerak.

– (II. eranskina) Eskatzailearen curriculuma.

– (III. eranskina) Gogobetetze-mailari buruzko galdetegia.

– (IV. eranskina) Datuen alta/hirugarren interesduna.

– Eskatzaileak Euskadiko Osasun Sistemarekin duen lan-harremanaren ziurtagiria, zerbitzuak ematen dituen entitatearen langile gaietako organo eskudunak emana.

– Egonaldiaren edo ikastaroaren prestakuntza-planaren edukien eta eskatzailearen lanbide-jardueraren arteko harremana ziurtatzea, zerbitzuak ematen dituen unitatearen arduradunak emana.

2.– Prestakuntza-jarduera bat baino gehiagorako dirulaguntza lortu nahi duten pertsonek jarduera bakoitzerako eskabide bat aurkeztu beharko dute.

3.– Eskabideak aurkezteko bideak:

a) Bitarteko elektronikoz, www.euskadi.eus webgunean.

b) Aurrez aurre: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusten diren erregistro-bulegoetan.

4.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da (1), agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.– Eskabideak ez baditu betetzen eskatutako baldintzak, hamar egun emango zaizkio interesdunari erroreak konpon ditzan (10) eta, konpondu ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela jakinaraziko zaio.

11. artikulua.– Justifikazioa.

1.– Egin beharreko jarduera egin eta hura finantzatzeko funtsak horretarako erabili izana justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzaren aurrean, beken zein laguntzen kasuan:

– Egindako gastuen zerrenda eta, dagozkien fakturak eta ordainagiriak

– Azken txostena, egindako prestakuntza-jardueraren deskribapen zehatza jasotzen duena.

– Gogobetetze-mailari buruzko galdetegia, zeina III. eranskinean zehaztuta dagoen.

– Zentroak emandako titulua.

2.– Agiriak 2020ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira, 10.3 artikuluan ezarritako moduren batean.

12. artikulua.– Ordainketa.

Ordainketa bi zatitan egingo da:

a) Zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) 8. artikuluan zehaztutako epea igaro eta gero ordainduko da.

b) Gainerakoa, 11.1 artikuluan zehaztutako agiriak aurkeztu eta gero ordainduko da.

Salbuespenez, laguntzaren % 75 aldez aurretik ordaintzea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.1.h) artikuluari jarraituz egingo da.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek indarreko lege- eta erregelamendu-arauak eta agindu honetako edozein artikuluk ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta bere gain hartzen dute konpromiso hau:

a) Beka edo laguntza jaso izanaren adierazpena jasotzea diruz lagundutako prestakuntza-jarduera egin ondorengo hedapen-agiri edo -ekintzetan.

b) Diruz lagundutako prestakuntza-jardueratik ateratako ondorioak erabiltzeko aukera ematea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, bere hedapen eta komunikazio korporatiboko planak lantzeko, eta parte hartzea hark antolatzen dituen hedapen-ekintzetan.

c) Jardueraren garapenari buruzko hiruhileko txosten bat bidaltzea Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, baldin eta jarduera gauzatzeko epea hiru (3) hiletik gorakoa bada.

Gainera, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, bereziki hauek:

a) Jarduera burutzea edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran egotea.

b) Dirulaguntza ematen duen erakundearen aurrean egiaztatzea laguntza jasotzeko edo baliatzeko ezarritako betekizun edo baldintza guztiak betetzen dituela, eta egin beharreko jarduna egin duela.

c) Laguntza ematen duen erakundeak egin beharreko egiaztatze-lanak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura jasotako laguntzei eta dirulaguntzei buruz egingo dituen kontrol-lanak onartu beharko dituzte, baita Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak ezarritakoak ere.

d) Laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea ea beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batetik bestelako dirulaguntza edo laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jaso duen xede berbererako.

e) Laguntza eman dion erakundeari jakinaraztea dirulaguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, esaterako:

a) Jasotako funtsak zertan erabili den justifikatzeko agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

b) Jasotako funtsak itzultzea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jaso, edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; kasu horretan, dena dela, dirulaguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako gutxieneko baldintzak betetzen jarraitu beharko du.

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak izango du gutxitze-espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak hura ebaztekoa.

15. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aipatzen diren kasuetako batean badago dirulaguntza jaso duen onuraduna, edo agindu honetan nahiz aplika daitekeen gainerako araudian edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osasuneko sailburuak ebazpen bat emango du; horren bitartez, ordaintzeko dauden kopuruak jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza eta aplika daitezkeen legezko interesak –dirulaguntza ordaindu zenez geroztikoak– Euskal Autonomia Erkidegoko Altxortegi Orokorrera itzuli behar direla, kontuan hartuta bidezkoak izan litezkeen gainerako ekintzak.

Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen erregimena Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

16. artikulua.– Datu pertsonalak babesteari buruzko informazio-klausula.

Izaera pertsonaleko datuak «arlo sanitarioko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak» deritzon tratamendurako erabiliko direla jakinarazi da, xedapen hauetan ezarritakoa betetzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra); Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta datuen babesaren alorrean indarrean dauden gainerako arauak. Ezaugarri hauek ditu:

Arduraduna: Osasun Saila; Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Helburua: Eskabideen kudeaketa eta irakaskuntzarako eta lanbide-garapenerako Osasun Sailak deitutako laguntzen jarraipena.

Legitimazioa: Behar den tratamendua interes publikoko misioren bat aurrera eramateko edo tratamenduaren erantzuleari emandako botere publikoak gauzatzeko (Dirulaguntzei buruzko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Lege Orokorra).

Hartzaileak: Arloan eskumenak dauzkaten administrazio publikoei eman ahalko zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: Datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala.

Informazio gehiagarria: Datuen babesari buruzko informazio gehiago eskuratu daiteke web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/rgpd/0086106

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak, oinarrizko araudi gisa, ezarritakoaren mende egongo dira agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak ezarritakoa aplikatuko zaie. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 21a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.

I. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA PLANAREN DATUETARAKO INPRIMAKIA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
EUROPAR CURRICULUM MODELOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
ASE BETETZE-MAILAREN GAINEKO GALDEKETA
(Ikus .PDF)
IV. ERANSKINA
ALTA HIRUGARREN INTERESDUNA
(Ikus .PDF)
OSASUN-ARLOKO PROFESIONALAK PRESTATZEKO BEKAK ETA LAGUNTZAREN ESKAERA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana