Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2019ko ekainaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2820

AGINDUA, 2019ko ekainaren 4koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko laguntzetarako deialdia egiten duena eta laguntza horiek arautzen dituena.

Lehengo ekitaldian, Lan eta Justizia Sailak, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzaren bitartez, berriro aktibatu zuen enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko programa; eta euskal sarean eragin txalogarria izan du.

Eusko Legebiltzarrak berak modu aktiboan eta arduratsuan jardun du langileen parte-hartze aktiboa sustatzen, 2018ko ekainaren 4ko lan-batzordeak gizarte-ekonomiari buruzko debatetik ateratako ondorioetan adierazi bezala. Besteak beste, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Justiziako Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza premiatu zuen langileek enpresen kapitalean parte hartzeko laguntzak emateko agindua egin zean; horretarako baliabide nahiko izan behar baitzuten.

Gizarte-ekonomiako enpresen esparruan, lehengo ekitaldian eskainitako edukiari eutsi zaio; izan ere, horrek lagundu baitzuen funtsean hobetu zedin 12 enpresatako parte-hartze erreala.

Gizarte-ekonomiatik kanpoko enpresei dagokienez, araupetze hau saiakera bat da hasierako urratsak ezartzeko, hau da, gizarte-ekonomiaren berezko balioak azaldu eta kutsatzeko behar diren hasierako urratsak ezartzeko, hala nola enpresako partaidetza-demokrazia; izan badirelako gizarte-ekonomian egunean ez dauden enpresak, eta, horiexei erakutsi nahi zaielako zein den horretarako ibilbidea, bilakaera hori egin nahi badute, behintzat.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean, haren indarraldia 2019ko ekitaldira luzatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz, eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da: Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2019ko ekitaldian, enpresetan langileen parte-hartzea sustatzeko eman ahal izango dituen laguntzak arautzea. Laguntza hauek bi kapitulutan daude banatuta: I. kapitulua, gizarte-ekonomiakoak diren enpresetako langileek parte har dezaten ematekoak; eta II. kapitulua, gizarte-ekonomiakoak diren enpresetako langileek parte har dezaten ematekoak.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta mugak.

1.– Agindu hau betetzeak dakartzan ondorioetarako, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) euro jarriko dira orotara eta gehienez, 2019ko ekitaldirako. Hala ere, kopuru hori handitu ahal izango da, betiere dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, baldin eta aurrekontu erabilgarririk badago, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik, eta lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak kudeatutako gainerako programan bete ondoren. Halakorik gertatuz gero, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

2.– Aipatutako zenbateko hori zuzen banatuko da bi kapitulu horien artean; beraz, guztira eta gehienez, kapitulu bakoitzari hau dagokio: I. kapituluari, ehun eta hirurogeita hamabost mila (175.000) euro; eta II. kapituluari, ehun eta hirurogeita hamabost mila (175.000) euro.

3.– Kapitulu batean baliabide ekonomiko nahikorik ez badago kapituluko onuradun guztientzat, eta beste kapituluan soberakinik badago, soberako saldo hori kapitulu defizitarioari egotziko zaio.

4.– Azkenik, baliabide ekonomikorik ez badago kapitulu bakoitzean kalkulatutako guztia emateko, proportzioan murriztuko dira kalkulatutako kopuru horiek, kapitulu horiek zein bere aldetik hartuta.

I. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIAKO ENPRESETAKO LANGILEEN PARTE-HARTZEA

3. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta horien gastuak honako jarduera hauek finantzatzera bideratuko dira:

a) Metodo eta tresna egokiak garatu eta ezartzea, langileen parte-hartzea erraztu eta hobetzeko, gizarte-ekonomiako enpresen kudeaketan eta organoetan.

b) Langileen parte-hartzea ezartzeko jardunbide egokiak zabaltzea.

2.– Diruz lagun daitezkeen ekintzek uneko urtean hasi behar dute, eta 2019ko abenduaren 1a baino lehen amaitu.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Agindu honen ondorioetarako, Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legearen 5. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan adierazitako enpresak hartuko dira gizarte-ekonomiako enpresatzat.

Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 3.1.a) artikuluko jarduerak: gizarte-ekonomiako enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietarako.

b) 3.1.b) artikuluko jarduerak: enpresa-elkarteak eta unibertsitateak.

5. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek izango dira diruz laguntzeko gastuak: diruz lagundutako proiektua egiteko behar diren gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak balidatu eta onartuko du plangintza hori.

2.– Hauek izango dira dirulaguntza-zenbatekoak eta muga aplikagarriak:

a) 3.1.a) artikuluko jarduerak: dirulaguntzako jardueraren kostuaren % 75eraino, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

b) 3.1.b) artikuluko jarduerak: dirulaguntzako jarduera gauzatzeko behar diren kostuen % 75, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako gastuena, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

II. KAPITULUA
GIZARTE-EKONOMIATIK KANPOKO ENPRESETAKO LANGILEEN PARTE-HARTZEA

6. artikulua.– Dirulaguntza izan dezaketen jarduerak.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak dirulaguntzatzat hartuko dira, eta horien gastuak honako jarduera hauek finantzatzera bideratuko dira:

a) Langileek parte hartzeko plan bat prestatu eta ezartzea. Erakunde aholkulariaren laguntzarekin eta aholkuarekin egingo da plan hori.

b) Inoren konturako langileek akzioak edo partizipazioak harpidetzea.

c) Enpresari bere langileek akzioak edo partizipazioak harpidetzearen ondorioz zuzenean sortzen zaizkion gastuak.

d) Langileen parte-hartzea ezartzeko jardunbide egokiak zabaltzea.

e) Enpresetako langileen parte-hartzea erraztu eta hobetzen duten arau-garapenari buruzko ikerketak egitea.

2.– Diruz lagun daitezkeen ekintzek uneko urtean hasi behar dute, eta 2019ko abenduaren 1a baino lehen amaitu.

3.– Parte hartzeko plan batek zehaztuko du inoren konturako langileek eginiko akzioen edo partizipazioen harpidetza egokia den ala ez, eta, beraz, plan hori aldez aurretik izatea ezinbesteko baldintza izango da 6.1.b) eta 6.1.c) artikuluetan aipatutako laguntzak eskuratzeko.

7. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten pertsonek eta erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

a) 6.1.a) artikuluko jarduerak: gizarte-ekonomiatik kanpoko enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietarako.

b) 6.1.b) artikuluko jarduerak: inoren konturako langileak (aurreko apartatuan aipatutako sozietateetako akzioak edo partizipazioak harpidetzen dituztenak), baldin eta, gutxienez, enpresan lan-kontratu mugagabea duten langileen % 10 badira eta, gutxienez, kapital sozialaren % 5 edo gehiago ordezkatzen duten akzioak edo partizipazioak harpidetzen badituzte.

c) 6.1.c) artikuluko jarduerak: hurrengo apartatuko baldintzetan, akzioen edo partizipazioen harpidetza egiten duten langileak dituzten sozietateak.

d) 6.1.d) eta 6.1.e) artikuluko jarduerak: Enpresa-elkarteak eta unibertsitateak.

8. artikulua.– Parte hartzeko planaren edukia.

6.1.a) artikuluan aipatzen den plana, sozietatearen edo enpresaren gobernuko, kudeaketako eta administrazioko organoen parte-hartzearekin egingo da, eta honako datu hauek jasoko ditu:

a) Enpresaren edo lantokiaren ezaugarriak: jarduera, neurria, kapital-egitura, langileen profila, enpresaburuaren edo kapital sozialaren zati bat daukatenen arteko familia-loturak, bereziki haren egoera eta bideragarritasun ekonomikoan eragiten dutenak.

b) Parte-hartzearen aurrekariak: enpresako parte-hartze giroaren egungo egoera, eta aldez aurreko esperientziekin duen erlazioa.

c) Parte hartzeko proposamena: garatu beharreko jarduerak eta ezarri beharreko mekanismoak, eta bereziki parte hartzeko ibilbidea. Langileek, hasteko eta behin, kudeaketan parte hartuko dute eta, ondoren, erabakietan eta emaitzetan, eta ibilbide horren buruan, aukera izango dute enpresan partaidetza ekonomikoa eskuratzeko.

9. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera, hauek izango dira diruz laguntzeko gastuak: diruz lagundutako proiektua egiteko behar diren gastuak. Eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontu-plangintzan oinarrituko dira gastu horiek, eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak balidatu eta onartuko du plangintza hori.

2.– Hauek izango dira dirulaguntza-zenbatekoak eta muga aplikagarriak:

a) 6.1.a) artikuluko jarduerak: parte hartzeko planaren % 75eraino, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

b) 6.1.b) artikuluko jarduerak: harpidetutako akzioen edo partizipazioen kostuaren % 50, mila (1.000) euroko mugarekin langile bakoitzeko, eta hamar mila (10.000) euroko mugarekin akzioak edo partizipazioak harpidetzen dituen enpresa bakoitzeko.

c) 6.1.c) artikuluko jarduerak: akzioen edo partizipazioen harpidetza formalizatzeak enpresari eragindako kostuen % 75, bost mila (5.000) euroko mugarekin.

d) 6.1.d) artikuluko jarduerak: dirulaguntzako jarduera gauzatzeko behar diren kostuen % 75, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako gastuena, hamar mila (10.000) euroko mugarekin.

e) 6.1.e) artikuluko jarduerak: ikerketaren kostuaren % 75eraino, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak onartutako aurrekontuaren arabera, hamar mila (20.000) euroko mugarekin.

III. KAPITULUA
XEDAPEN ERKIDEAK

10. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Aholkularitza-erakundeek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietan, gutxienez goi-mailako tituludun bat izan behar dute, zeinak esperientzia egiaztatua izan behar baitu langileek enpresetan edo bazkideek kooperatiba edo lan-sozietateetan parte hartzeari buruzko gaietan.

b) Aholkularitza-enpresan, lanaren ardura duen aholkulariak gutxieneko hiru urteko esperientzia egiaztatua izan behar du.

11. artikulua.– Bitarteko presentzialak eta elektronikoak erabiltzea.

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan eta bat datozenetan xedatutakoarekin bat etorrita, 6.1.b) artikuluan adierazitako laguntzak eskuratzeko eskabideak modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dira, indarreko arauen arabera. Gainerako jardueretarako eskabideak bitarteko elektronikoen bidez baino ezin izango dira egin.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: http://www.euskadi.eus/enpresetan-langileen-parte-hartzeko-laguntzak-euskadi-2019/web01-tramite/eu

3.– Eskabidearen ondorengo izapideak https://euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» apartatuan.

12. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/enpresetan-langileen-parte-hartzeko-laguntzak-euskadi-2019/web01-tramite/eu

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta deialdi honetako izapide guztiak.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskuratu ahal izango dira: http://www.euskadi.eus/ayuda-participacionl-2019/web01-tramite/es

5.– Eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoaren bitartez, helbide honetan egin ahal izango dira: https://www.euskadi.net/nirekarpetak

6.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

7.– Eskabidearekin batera, 15. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztu behar dira.

13. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak.

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste Administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

e) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

2.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden erakundeak.

4.– Inoren konturako langileen akzio- edo partizipazio-harpidetzak badira, harpidetza 2019an egin behar da.

5.– 4.b) eta 7.d) artikuluetan aipatutako erakundeen kasuan, ekonomikoki bideragarria den jarduera bat aurkeztu beharko dute. Bideragarritasun hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da.

6.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke, hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

14. artikulua.– Pertsona eta erakunde eskatzaileen betekizunak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

15. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– 3.1.a), 3.1b), 6.1.a), 6.1.d) eta 6.1.e) artikuluetan aurreikusitako jarduerei dagokienez: Dirulaguntza jasotzeko eskabidearekin batera, justifikazio-memoria aurkeztu behar da, dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko. Memoria horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehaztua adierazi behar dira.

2.– 6.1.b) artikuluan aurreikusitako jarduerei dagokienez: parte-hartze kuantifikaturako plana, bai eta enpresaren eta langilearen konpromisoa ere langile eskatzailearen aldetiko akzio- edo partaidetza-harpidetzakoa.

3.– 6.1.c) artikuluan aurreikusitako jarduerei dagokienez: parte-hartze kuantifikaturako plana, bai eta enpresaren gastuen aurreikuspena ere akzioak edo partaidetzak harpidetzeko.

16. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

17. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.

3.– Agindu hau indarrean sartzen den unetik zenbatzen hasi eta sei hilera berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babeseko dirulaguntza zer erakundek edo pertsonak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo, dirulaguntza osoaren % 40 ordainduko da, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 60a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean. Bigarren ordainketa egiteko, pertsona edo entitate onuradunak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

– 3.1.a), 3.1b), 6.1.a), 6.1.d) eta 6.1.e) artikuluetako jarduerak badira, emandako dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatu bat eman beharko da, honako informazio hau adierazita:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

Kasu horietarako, dirulaguntza ematen duen organoak laginketa bidezko egiaztapenak egingo ditu erakunde onuradun bakoitzari egotzitako eta behar bezala justifikatutako kopuru nagusien artean, egoki iritzitako egiaztagiri oro egiaztatuko du, dirulaguntza egoki erabili dela zentzuz ondorioztatzeko adinako ebidentzia izan arte. Horretarako, hautatutako gastuen egiaztagiriak eskatu ahal izango dizkie onuradunei.

– 6.1.b) artikuluko jarduerak badira: enpresaren akzioak edo partaidetzak eskuratu izanaren kopia sinple edo fotokopia konpultsatua.

– 6.1.c) artikuluko jarduerak badira: egindako jardueren eta emaitzen justifikazio-memoria, eta enpresaren akzioak edo partaidetzak saldu edo eskualdatu izanaren kopia sinple edo fotokopia konpultsatua.

2.– Aurreko puntuan aipatutako dokumentazioa aurkezteko epea 2019ko abenduaren 31n amaituko da.

3.– Dirulaguntza jaso dezaketen eta justifikatzen diren gastuak bat etorriko dira pertsona zein enpresa onuradunek egiaz ordaindutako gastu errealekin, eta ordaindutako faktura originalen edo konpultsatuen edo froga-balio bera duten kontabilitateko agirien bidez egiaztatu beharko dira.

19. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1977 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharretan aplikagarri gertatzen diren betebeharrak betetzeaz gain, dirulaguntzen pertsona edo erakunde onuradunek honako hauek ere bete behar dituzte:

a) 6.1.b) artikuluko jardueren kasuan, langileek akzioen edo partizipazioen harpidetza egiten dutenetik hiru urte igarota, dirulaguntzaren onuradunak justifikatu egin beharko du harpidetza horri eusten diola, jatorrian dirulaguntza emateko oinarri izan ziren zenbateko eta baldintza beretan.

b) Zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

20. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein Administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 5.2 eta 9.2 artikuluetan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Pertsona edo entitate onuradunak beste Administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 7. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

21. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jaso, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; kasu horretan, dena dela, dirulaguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko du. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

22. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

1.– Onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak, eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

23. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilekoa izango da.

c) Borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Minimis araua.

Agindu honen 3.1.a) eta 6.1.a) apartatuetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Tratatuaren 87. eta 88. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Uneko ekitaldi fiskalean eta aurre-aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskaera egiten duenak, modu horretara, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatua–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala