Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

109. zk., 2019ko ekainaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2818

AGINDUA, 2019ko ekainaren 4koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-ekonomiako enpresetan laguntza teknikoa emateko dirulaguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Agindu honen bidez, 2019ko dirulaguntzen lan estrategiakoa gauzatzen da, zeina Lan eta Justizia Sailak diseinatu baitzuen, eta, aldi berean, Euskadiko Aurrekontu Orokorretan adierazitako helburuak ere gauzatzen dira, praktikan. Badira 20 urte Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak dirulaguntza hauetarako lehenengo deialdia egin zuenetik, eta apustu sendo eta dudagabea izan da kooperatiba eta lan-sozietate berriek etengabeko hobekuntzaren bidea urra dezaten eta kalitate handiko plangintza- eta kudeaketa-tresnak ezar ditzaten.

Azken finean, lehengo ekitaldien aldean, eutsi egiten zaie laguntza-arau honen ardatzei, batetik, gizarte-ekonomiako enpresek bideragarritasun-azterketak egin ditzaten finantza-erakundeei kredituak eskatzeko, eta, bestetik, oinarrizko kudeaketa-tresnak eta aurreratuak prestatu eta ezar ditzaten.

Ekitaldi honetarako, beste aukera bat gehitu da, hau da, kalitateko kudeaketa-laguntza partez ordaintzeko laguntzak emateko aukera, arlo horretan gabeziak dituzten enpresetan, baldin eta kalitate egiaztatuko zuzendaritza-lanak egiten dituzten zuzendariak edo enpresak kontratatzen badituzte.

Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu ostean, haren indarraldia 2019ko ekitaldira luzatuta, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin bat etorriz eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da: Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, kooperatiba eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko laguntza teknikoetarako 2019. urtean emango dituen laguntzak arautzea eta laguntza horietarako deialdia egitea.

2. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, honako hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:

a) Urteko kudeaketa-planaren egin eta ezartzea.

b) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurretik behar den azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, euren erakunde elkartuei bermeak emateko.

c) Plan estrategiko bat, pertsonen asebetetze-maila neurtzeko programak, kostua kalkulatzeko eta kontrolatzeko metodoak egin eta ezartzea, edo aginte-taula oso bat ezartzea, Euskadin ordezkaritza duten erakundeen aldetik euren elkartuei eman beharreko zerbitzuen antolakuntzatik eratorriak, lege- edo estatutu-arauak betetzeko.

d) 10 langiletik beherako kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketarako berariazko aholkularitza, 2019ko ekitaldian gizarte-ekonomiako enpresak sortzeko laguntzen programan onuradun direnentzat.

e) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, gomendio zehatzak barnean hartuta enpresaren lehiakortasuna hobetzeko eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko.

f) Kudeatzailetzari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, kudeatzaileen edo zuzendarien egitekoetan laguntzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jardun-arloekin zerikusia duten zerbitzuak, profesionalizazioa areagotzen laguntzeko xedez, merkatuan lehiakortasunari eusteko eta lehiakorragoak izateko giltzarrietako bat delako.

2.– Ekintzek 2019. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko paragrafoko b) apartatuko ekintzei dagokienez, honako hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek euren erakunde elkartuei bermeen prestazioa egingo dien erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.

3.– Gehien jota, ekintzak 2020ko lehen seihilekoan bukatu behar dira.

4.– Dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio erakunde eskatzaile bakoitzari, eta, dirulaguntzari loturiko jarduera bakarra egiteko, hain zuzen. 5.2 artikuluko erakunde onuradunak kasu horretatik kanpo geratuko dira; izan ere, eurek dirulaguntzari loturiko jarduera baterako baino gehiagotarako eskabidea egin dezakete, baldin eta jarduerok erakunde elkartu berean egiten ez badira.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta mugak.

1.– Agindu honen xedea betetzeko, berrehun eta berrogeita hamar mila (250.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko ordainketa-kreditua 2019ko ekitaldirako, eta ehun mila (100.000) euroko konpromiso-kreditua 2020ko ekitaldirako. Adierazitako zenbateko orokorra handitu ahal izango da, betiere dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik, eta aurrekontu erabilgarririk badago Lan eta Justizia Saileko Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak kudeatutako gainerako programak bete ondoren. Halakorik gertatuz gero, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

2.– Agindu hau betetzeko dauden baliabide guztietatik, 200.000 euro erabiliko dira 2.1.a), c), d), e) eta f) artikuluko ekintzetarako egiten diren eskaerei erantzuteko; 2.1.b) artikuluko ekintzetarako eskaerei erantzuteko, berriz, gainerako 50.000 euroak.

3.– Aurreko apartatua aplikatu ondoren sortzen diren bi taldeak kontuan hartuta, baliabide ekonomiko nahikorik ez badago onuradun guztientzat, proportzioz murriztuko dira onartutako eskabide guztiak, apartatu bakoitzerako zein bere aldetik.

4.– Aurreko apartatua aplikatuta sortzen diren bi taldeei eman beharreko dirulaguntza kalkulatu ondoren, apartatuetako batek soberako saldoa badu, soberakin hori apartatu defizitarioei egotziko zaie modu proportzionalean.

4. artikulua.– Bitarteko elektronikoak erabiltzea.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzen eskabidea izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayudas-asistencia-tecnica-en-economia-social-2019/web01-tramite/es

3.– Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza elektronikoa / Nire kudeaketak» atalean.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetako dirulaguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:

1.– 2.1.a), b), d), e) eta f) artikuluan adierazitako jarduerak egiteko: azken bost urteotan eratu edo eraldatutako kooperatiba eta lan-sozietateek lor ditzakete, baldin eta erakunde aholku-emaile edo ordezkaritza duen gizarte-ekonomiako erakunde baten aholkularitza badute eta kudeaketarako tresna horiek ezartzeko laguntza publikorik jaso ez badute lehendik.

2.– 2.1.e) eta f) artikuluko jardueretarako: azken hamabost urteotan sortuak edo eraldatuak izan behar izan dute kooperatiba eta lan-sozietateek.

3.– Gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-erakundeak ere izan daitezke erakunde onuradunak. Horretarako, euren enpresentzako baterako eskaera aurkeztu beharko dute, 2.1 artikuluaren a), c), d) eta e) apartatuetan jasotako kudeaketa-tresnetako bat egiteko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du diruz lagundutako jarduerak jasotzen dituzten erakunde elkartu edo federatuentzat, eta elkarte eskatzaileak berak ordainduko du Administrazioak bere gain hartu ez duen kostua.

4.– 2.1.e) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, honako egoera hauetako batean daudela egiaztatzen duten enpresak hartuko dira zailtasunak dituzten enpresatzat: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahuldu edo desagertzea.

5.– Gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-erakundeek ere lor ditzakete agindu honetako 2.1.b) artikuluan adierazitako jardueretarako laguntzak.

6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.

Baldintza hauek bete behar dituzte aurreko artikuluan adierazi diren kaudimen aitortuko aholkularitza-erakundeek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:

a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan jardutea.

b) Jardueraren ardatza enpresa-aholkularitza izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan, goi-mailako tituludunak izatea, batez ere gizarte-ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak.

d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia edukitzea egiaztatu beharko du.

e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez. Betekizun hau ezin izango zaie ezarri 5.2 artikuluko erakundeei.

7. artikulua.– Onuraduna izateko betekizunak:

1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek honako betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.

c) Hala badagokio, dirua itzultzeko betebeharra egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.

d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste Administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

e) Lan-segurtasun eta -osasunari buruzko arauek ezarritako betekizunak betetzea, Prebentzio Zerbitzuen Arautegia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuak xedatutakoaren arabera.

2.– Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du itzulketa- nahiz zehapen-prozedura oro, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek eman dituzten –eta izaera bereko diren– laguntza eta dirulaguntza publikoei loturikoa; hau da, prozedura horiek ezin dira oraindik izapide-aldian egon.

3.– Era berean, ezin izango dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4.– Eskatzaileari dirulaguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, dirulaguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edo jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke, hemen: http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

8. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.

1.– Eskabidearen barneko erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek deklaratu behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zerrendatutako betekizunak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak. Hala izanez gero, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin aurretik, eskatu beharko da adierazpenean adierazitako datuak benetakoak direla egiaztatzen duten agiriak aurkezteko, 15 eguneko epean gehien jota.

2.– Eskabidea aurkeztearekin batera, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituen ala ez. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako dirulaguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea.

4.– Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayudas-asistencia-tecnica-en-economia-social-2019/web01-tramite/es

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

10. artikulua.– Nahitaezko dokumentazioa.

1.– Dirulaguntza jasotzeko eskabidearekin batera, justifikazio-memoria aurkeztu behar da, bai eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehatza adierazi behar dira.

2.– Horretaz gain, 2.1.a), c), d), e) eta f) artikuluko jarduerei buruzko eskabideekin batera, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Agindu honen 5.1 artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskaera irmoaren agiria, erakunde horrek agindu honetako 6. artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.

b) 2018ko ekitaldiaren balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.

c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.

d) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez duela aholkularitzarekin edo pertsona fisiko aholkulariarekiko inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez.

3.– 2.1.b) artikuluaren kasuan, elkarteak emandako ziurtagiria, xedapen horrek arautzen duen zerbitzuaren antolaketa egiaztatzen duena.

11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzen eskaeren termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskaera. Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2. artikuluaren a), c), d) eta e) apartatuetako kasuei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gastuak dirulaguntzako proiektua egiteko behar den aholkularitzaren gastuak izango dira. Artikulu horren b) kasuari dagokionez, bermeak eratu aurretiko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egiteko behar diren gastuak. f) apartatuari dagokionez, aipatutako zerbitzuak kontratatzeko gastuak.

2.– Zenbateko hauek egokituko zaizkie betekizunak betetzen dituzten eskabideei:

a) Agindu honen 2.1 artikuluko a), d) eta e) apartatuetan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-ekintzaren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke erakunde onuradun zuzen bakoitzari hamar langile baino gehiago baldin baditu, eta hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, erakunde onuradun horrek hamar langile edo gutxiago baldin baditu.

b) Agindu honen 2.1 artikuluko b) apartatuan adierazitako ekintzetarako: erakunde elkartu bakoitzari egiten zaion azterlanaren kostuaren % 75 –gehienez ere, hogeita bost mila (25.000) euro– erakunde onuradun zuzenarentzat.

c) Agindu honen 2.1 artikuluko c) apartatuan adierazitako ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren kostuaren % 75 –gehienez ere, hiru mila (3.000) euro– erakunde onuradun zuzenarentzat.

d) Agindu honen 2.1 artikuluko f) apartatuan adierazten diren ekintzetarako: aholkularitza-jardueraren kostuaren % 50, eta, gehienez ere, hamar mila (10.000) euro erakunde onuradun zuzenarentzat.

3.– Erakunde eskatzailea 5.2 artikuluan adierazitakoa bada, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo da baterako eskaeran jasotako erakunde independente bakoitzeko, artikulu honen aurreko apartatuetan jasotako ehuneko, baldintza eta mugekin. Kontzeptu honegatik, erakunde onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso.

4.– Baliabide ekonomikoen premia objektiboa hartuko da kontuan dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko, eta behar handienak egiaztatzen dituzten enpresak lehenetsiko dira. Ildo horretan, onuradunek lortutako mozkinek 150.000 euroko muga gainditzen badute aurreko ekitaldian, % 25 murriztuko dira artikulu honen 2. apartatuan adierazitako ehunekoak.

13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateratu daitezke arrazoi eta xede beragatik beste edozein Administraziok edo erakunde publikok ematen dituen bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

2.– Entitate onuradunak beste Administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

3.– Agindu honen 2.1.a) artikuluan arautzen den laguntza ezin izango da bateratu Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berak gizarte-ekonomiako ekintzailetzaren arloan 2019ko ekitaldiko deialdirako kudeatzen dituen laguntzekin, baldin eta, laguntza horien barruan, erakunde sustatzaile batentzako dirulaguntzak barnean hartzen baditu erakunde eskatzailearentzako ondorengo segimendua eta doako aholkularitza.

14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.

1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori banaka jakinaraziko zaie eskatzaileei, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen eta jakinarazten ez bada, eskabideei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hartara eragotzi gabe Administrazioak espresuki ebazteko duen betebeharra.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

1.– Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo, dirulaguntza osoaren % 60 ordainduko da, dirulaguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

b) Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

2.– Dirulaguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, erakunde onuradunak dirulaguntzaren justifikazio-kontu sinplifikatua aurkeztu behar du, honako informazio hau barnean:

a) Egindako jardueren eta lortutako emaitzen justifikazio-memoria.

b) Jarduerako gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatua. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman baldin bada, harekiko zer alde izan diren azalduko da.

c) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera eta dirulaguntza batzuen zerrenda, zenbatekoa eta jatorria adierazita.

d) Hala badagokio, itzulketaren ordainketa-gutuna, baldin eta aplikatu gabeko gerakinik badago edo gerakin horietatik eratorritako interesik badago.

3.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita, eta betiere 2019ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.

4.– Dirulaguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako kostu errealekin, eta ordaindutako jatorrizko faktura edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.

16. artikulua.– Dirulaguntzen baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, horrekin batera beste Administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik dirulaguntzak edo bestelako laguntzak jaso, edo, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da; kasu horretan, dena dela, arau honetan jarritako gutxieneko betekizunak betetzen jarraitu beharko da dirulaguntzen onuradun izateko .

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.

1.– Erakunde onuradunak ez baditu arauak betetzen (dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarrikoak, eta erabilgarri diren gainerako xedapenak); edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa.

2.– Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta hutsegiteak, eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa baino ez bada ere. Dirulaguntzen arloko arau-hausteak diruzko zigorren bidez zehatuko dira eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zigorren bidez.

18. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, honako hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.

b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, zeinean, beharrezkoa bada, kopuru egokiak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra xedatuko baitu; horretarako gehieneko epea bi hilekoa da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

Itzultzeko prozedura ebazteko gehieneko epea hamabi hilekoa izango da.

c) Borondatezko epean itzuli ezean, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, indarrean dauden xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Minimis araua.

Agindu honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek honako hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352, 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edo lehiakortasuna faltsutzen ez duela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa. Bigarren eranskinean, minimis laguntzak deklaratzeari buruzko eta beste finantzaketa-bide batzuei buruzko deklarazio-eredua dago jasota.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina–; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko arauak –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan garatua–.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Baliabideak.

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala