Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

108. zk., 2019ko ekainaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2779

83/2019 DEKRETUA, ekainaren 4koa, zeinaren bidez arautzen baitira Urdaibai Biosfera Erreserban izandako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko eta zaintza-akordioen bidez ingurumen-kudeaketa egokia egiteko dirulaguntzak.

Biosfera-erreserbak Unescok Man & Biosphere programaren barnean sortutako figurak dira; hiru helburu dituzte: natura kontserbatzea, garapen jasangarria eta laguntza logistikoa, ezagutza zientifikora eta jasangarritasunerako hezkuntzara zuzendua. Esperimentazio-eremu eta esperientzia-laborategi gisa konfiguratzen dira, haietan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka lortzeko helburuarekin.

Urdaibai Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeko Legeak (5/1989 Legea, uztailaren 6koa) Urdaibai Biosfera Erreserbarentzako araubide juridiko berezia ezartzea du helburu. Horrenbestez, legearen 1. artikuluak helburu gisa ezartzen du Urdaibai Biosfera Erreserbarentzako erregimen juridiko berezi bat sortzea, bertako lurren, floraren, faunaren, paisaien, uren, atmosferaren eta, oro har, ekosistema guztien osotasuna babesteko eta egoera oneratzeko, naturaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aisialdiaren eta gizarte-ekonomien arloetan duen garrantziagatik.

5/1989 Legeak ezarritako loturek eta mugapenek, zenbait xedapenen artean, aditzera ematen dute ez dutela kalte-ordainetarako aukerarik emango baldin eta horiek eragindako lursailen erabilpenarekin edo ustiapenarekin bateragarriak ez badira. Kasu horretan, hirigintza-legediari jarraikiz xedatu beharreko kalte-ordainak ordainduko dira (Urdaibai Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeko 5/1989 Legearen 25. artikulua).

Urdaibai Biosfera Erreserbaren erabilerarako eta kudeaketarako planaren (aurrerantzean, plan zuzentzaile edo EKE) bitartez garatu zen 5/1989 Legea, 242/1993 Dekretuaren eta haren aldaketaren bidez (27/2003). Geroago, 2016an onartu zen hura berrikustea, 2016ko azaroaren 29tik aurrera Urdaibai Biosfera Erreserbaren lurzoru urbanizaezinaren kudeaketa arautzen duen 139/2016 Dekretuaren bidez. Aipatutako dekretuaren helburuak, besteak beste, honako hauek dira: era arautuan eta jasangarrian mantentzea, babestea, lehengoratzea eta erabiltzea habitat eta gune naturalak, dibertsitate naturala, interes geologikoko lekuak, paisaia, igarobide ekologikoak, azaleko urak eta lur azpiko ur kontinentalak, tarteko urak eta kostaldekoak; lurzorua babestea biodibertsitatearen eta paisaiaren euskarria eta bermatzailea delako eta higadura-prozesuak gelditzeko edo saihesteko gaitasuna duelako.

5/1989 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren ildotik, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) onartzen duen 139/2016 Dekretuaren 1.1.7 artikuluak xedatzen du administrazio publikoek sustapenerako neurriak onartu ahal izango dituztela, besteak beste, lurraldea zaintzeko dirulaguntzen, laguntza publikoen edo mekanismoen bidez. Bestalde, plan zuzentzailearen 4.4.3.21 artikuluak arau bidez ezartzen du EKZPn ezarritako arauketari jarraikiz, laguntza ekonomikoetarako sistema bat onartuko dela lehendik dauden baso-ustiapenen titularrak ekonomikoki konpentsatu ahal izateko, aprobetxamendua edo lehengoratzea lortzeko egiten diren birlandaketetan espezie aloktonoetatik hazkuntza ertain edo luzeko hostozabaletarako aldaketak eragiten dien errentagarritasun finantzarioaren galeragatik.

Bestalde, Urdaibai Biosfera Erreserbaren lurraldearen zati bat Natura 2000 Sarean sartuta dago. Hegaztiei buruzko 79/409 Zuzentarauak eta habitat naturalak eta basafauna zein basaflora kontserbatzeari buruzko 92/1943 Zuzentarauak baso-ustiapen partikularren titularrekin partekatutako kontserbazio-politikak proposatzen dituzte. Nekazaritzako eta abeltzaintzako nahiz basoko erabilerei buruzko N.6.8 Arauak, Urdaibaiko eta Gaztelugatxeko eremuko batasunaren garrantzizko 4 leku Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituen eta KBE horiek zein Urdaibaiko HBBEak kontserbatzeko neurriak onartzen dituen ekainaren 4ko 358/2013 Dekretuaren III. eranskinaren bidez, ezartzen du tresna honen xede diren Natura 2000 Sareko espazioen multzoan bermatuko direla dekretu hau aplikatzean sortu diren errenta-murrizketengatiko konpentsazioak.

Beste hainbeste ondorioztatzen da Euskadiko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Errege Dekretuaren 23.3 artikulutik. Horrek ezartzen duenez, jabetza pribatuaren edo ondare-eskubide edo -interes legitimoen gabeziak, edozein modutan eragin denik, eskubidea emango die titularrei dagokien kalte-ordainak jasotzeko.

Administrazioaren sustapen-jardueraren barruan, dirulaguntza sorta hori sortzeak aukera ematen du gizartearen aurrean aitortzeko baso-ustiapenen titularrek mendia kudeatzeko eta gordetzeko egiten duten lana. Aitorpen horrek, baso-ustiapenen jabeek administrazioarekin batera aritzea eragin ez ezik, ingurumena eta paisaia kontserbatzeko, lehengoratzeko eta integratzeko jarduerei laguntzen die, eta horrek esan nahi du Urdaibai Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeko aipatutako 5/1989 Legean aurreikusitako helburuak barne hartzeko aukera dagoela.

Horregatik guztiagatik, eta aipatutako xedapenak betetzeko nahiz aipatutako plan zuzentzailearen 4.4.3.21 artikuluan jasotako aurreikuspena garatzeko, dirulaguntza sorta honek bereizi egiten ditu –baso-ustiapenen titularrek kasuistika ezberdinak dituztenez–, alde batetik, 139/2016 Dekretua aplikatzeak eragindako errentagarritasun finantzarioaren galerak direla medio baso-ustiapenen titularrei egindako konpentsazio ekonomikoak, eta, bestetik, EKZPren kartografiaren nukleo-guneetan dauden baso-ustiapenen titularrei, birlandaketa espezie autoktonoekin soilik egin behar izateagatik eragiten zaien betekizuna.

Dekretu hau bi sorta horiek garatuko dituen agindu baten bidez garatuko da. Lehen sortak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana aldatzeagatik Urdaibaiko Biosfera Erreserban dauden baso-ustiapenen titularrei eragindako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko dirulaguntzak izapidetu eta esleitzeko araudia ezarriko du.

Basogintza-proiektu jakin baten ordez errentagarritasun gutxiago dakarren beste bat ezartzeak ekarriko lukeen errentagarritasun finantzarioaren galerari aurre egiteko xedez (Barne Errendimendu Tasa - BET txikiagoa), diruz konpentsatzeko sistema osagarri bat ezartzeko ahalegina egin behar da (errentagarritasun gutxiago ekar dezake, esate baterako, hazkunde bizkorreko baso-sartzeen ordez hazkunde geldo edo ertaineko baso-sartzeak egitea).

Bigarren sortak, berriz, zenbait mekanismo jasoko ditu ingurumen-kudeaketa egokia bermatzeko, lurraldea zaintzeko akordioen bitartez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren EKZPk espezie autoktonoen bidezko ingurumen-lehengoratzea ahalbidetzen duen lurzoruetan. Kasu horretan, lurraldea zaintzearen bitartez ingurumen-kudeaketa egokia lortzeko dirulaguntzak emango dira; izan ere, baso autoktonoa lortu ahal izateko jarduketa multzo bat egin behar da.

Horrenbestez, Urdaibai Biosfera Erreserba babestu eta antolatzeko uztailaren 6ko 5/1989 Legearen 25. artikuluan eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 1.1.7 eta 4.4.3.21 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko ekainaren 4an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da honako hauetarako laguntza eta dirulaguntzen araubidearen oinarri erregulatzaileak ezartzea: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak ezarritako baso-erabileren mugek eragindako galerak konpentsatzeko eta bertan ezarritako konpentsazio-helburuak betetzea bultzatzeko, natura-ondarea eta biodibertsitatea kontserbatzea helburu duten lurraldea zaintzeko akordioen bidez.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen sortak eta laguntza eta dirulaguntzen xedea.

Dekretu honen esparruan, honako laguntza sorta hauek ezartzen dira:

1.– Konpentsatzeko laguntzak: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean baso-erabileretan ezarritako mugek eragindako errentagarritasun finantzarioaren galera konpentsatzeko laguntzak dira.

Sorta honen esparruan, 139/2016 Dekretuaren bidez onartutako EKZP indarrean sartzean bazeuden baso-ustiapenetarako konpentsazioak emango dira, baldin eta plan horretara egokitu beharrak erabilitako espezieen aldaketa badakar.

(Dekretu/Agindu) honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete behar dute, tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari dagokionez (Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 352. zenbakia, 2013-12-24koa). Laguntza horiek de minimis gisa sailkatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko bati emandako laguntza guztizkoak ez du gainditzen 200.000 euroko zenbatekoa, hiru ekitaldi fiskaleko ezein alditan. Muga horretatik beherako diru laguntzek ez diotela eragiten merkataritzari edo ez dutela lehiakortasuna faltsutzen ulertzen da, eta, horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

Erabilitako espezieen aldaketa badago, honako kasu hauetan eman ahal izango da dirulaguntza:

a) Basogintza-proiektua kentzea.

Basogintza-proiektu oro kentzea Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak kalifikatutako lurzoruetan, baso-erabilera baimenduta ez dagoenetan.

b) Ingurumen-lehengoratzeko aldaketa.

Basogintza-proiektuaren aldaketa Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planeko nukleo-guneetan, ziklo ertaineko edo luzeko espezie hostozabal autoktonoak ezartzen direnetan.

c) Basogintza motaren aldaketa.

Ziklo ertaineko edo luzeko espezie hostozabal autoktonoak edo aloktonoak dauden eremuetan basogintza-proiektuetan egindako aldaketa guztiak, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak baso-aprobetxamendua ahalbidetzen duen eremuetan.

2.– Zaintzeko dirulaguntzak: natura-ondarea aktiboki zaintzeko jarduerak finantzatzeko dirulaguntzak dira, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako esparruan lurraldea zaintzeko akordioetan sartutakoak.

Sorta honen esparruan, diruz lagunduko da espezie hostozabal autoktonoz basoberritutako baso-ustiapenei eragiten dieten lurraldea zaintzeko akordioak egitea, baldin eta natura-ondarearen kontserbazio aktiborako jarduerak badauzkate. Jarduera horiek lurzoru horien ingurumen-kudeaketa egokia bermatuko dute, indarrean dagoen Urdaibaiko Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean ezarritakoaren arabera.

Lurraldea zaintzeko akordioek dirulaguntza eskaera aurkezteko epea amaitu baino lehen eginda egon beharko dute, eta honako hauek jasoko dituzte: kideen edota parte hartzen duten erakundeen identifikazioa, indarraldia, eta egin beharreko jarduketak.

Dekretu honen ondorioetarako, lurraldea zaintzeko akordioak borondatez egindako akordioak dira, akordioen xede diren baso-ustiapenen titularren artean edo baso-ustiapenen gaineko aprobetxamendu- eta erabilera-eskubideen titularren artean eta irabazi asmorik gabeko erakundeen artean egindakoak, eta akordio horiek direla bide, Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 3.9 artikuluan ezarritakoaren esparruan, baso-ustiapenen titularrek eta zaintza-erakundeek EKZPko kontserbazio-helburuekin bat datorren kudeaketa egin beharko dute ustiapenetan.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Konpentsatzeko laguntza sortari dagokionez, onuradun izan daiteke izaera pribatu edo publikoko edozein pertsona juridiko edo fisiko eta edozein ondasun-erkidego, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako eremuan baso-ustiapenak dituzten lurren titularrak badira eta lur horietan dekretuaren 2.1 artikuluan deskribatutako jardueraren bat egiten bada.

Dekretu honen ondorioetarako, titularrak izango dira lurren jabeak, bai eta egungo legediak aitortutako negozio juridikoren batean oinarritutako erabilera- edo gozamen-eskubideren bat daukatenak ere.

2.– Zaintzeko dirulaguntzen sortarako, onuradun izan ahalko dira irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak, izaera publiko edo pribatukoak, baldin eta haien helburuen artean badago natura-ondarearen kontserbaziorako jarduerak egitea.

4. artikulua.– Onuradunen baldintzak.

1.– Baldintza orokorrak:

a) Ezin izango dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako gorabeheraren batean dauden pertsona fisiko edo juridikoak. Gorabehera horiek gertatzen diren ala ez erabakitzeko, aintzat hartuko da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 4. apartatutik 6.era bitartean ezarritakoa, eta gorabehera bakoitzerako ezarritako muga izango dute.

b) Onuradunek egunean egon beharko du zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan. Horretarako, laguntzen eskatzaileek betebehar horiek betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar bezain beste alditan, eta horretarako ez du beharko horien aurretiazko baimenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz.

c) Dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasi eta artean izapidetzen ari direnak.

d) Onuradunek dagozkien erantzukizunpeko adierazpenak aurkeztu beharko dituzte, hurrengo artikuluan zehaztutakoak.

2.– Kudeatzaileak aurreko puntuko a) eta b) letretan ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzeko baimena berariaz ukatu ahal izango du eskatzaileak; baina, kasu horretan, egiaztagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorreko 22. artikuluan zehaztutako moduan.

3.– Konpentsatzeko laguntzen onuradunen baldintzak:

a) Dekretuaren 2.1 artikuluan deskribatutako inguruabarrak betetzen dituen baso-ustiapen baten titulartasuna egiaztatzea.

b) Dirulaguntza jasoko duen proiektua garatzeko eskatzen diren baimenak izatea.

4.– Zaintzeko dirulaguntzen onuradunen baldintzak:

a) Zaintzeko akordioa sinatu dela egiaztatzea, dekretu honen 2.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

b) Eskatzailea boluntariotzako erakunde bat den kasuetan, Boluntariotza Erakundeen Errolda Orokorrean izena emanda egotearen ziurtagiria, Boluntariotzako Erakundeen Errolda Orokorraren funtzionamendu-araudia onartu eta boluntariotzari buruzko zenbait alderdi arautzen dituen irailaren 1eko 169/2000 Dekretuan horren inguruan ezarritakoaren arabera.

c) Eskatzailearen izaera juridikoa fundazioa edo onura publikoko elkartea bada, indarrean dagoen legediaren baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu beharko du (Babesletzari edo Elkarteen Erregistro Nagusiari aurkeztutako azken kontu-ematearen egiaztagiria aurkeztu beharko dute hurrenez hurren). Gainera, izapidetzea egin ez duten fundazioen kasuan, ekainaren 2ko 9/2016 Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legean aurreikusitakoaren arabera moldatu beharko dituzte beren estatutuak. Erakunde kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen den. Egiaztapen horiek egitea ezinezkoa balitz, interesdunari berari eskatuko zaio baldintzok betetzen dituela agiri bidez egiazta dezan.

5. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.6 artikuluan xedatzen duenez, honako betekizun hauek egiaztatuko dira eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen baten bidez:

1.– Jakinaraztea ea dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, ea jaso den helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.

2.– Eskatzailea ez egotea administrazio- edo zigor-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, edo dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuren baten eraginpean ere.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzeko dagoen edo bukatuta dagoen edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez egotea.

Gainera, konpentsatzeko laguntzen kasuan, eskatzaileak aitortu beharko ditu de minimis araubidearen mendeko bestelako dirulaguntzak, dagokien zerga-ekitaldian eta aurreko bietan jasotakoak, frogatzeko de minimis laguntza berriak ez duela gainditzen Erregelamenduak agindutako muga maximoa.

6. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Artikulu hauetan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte dekretu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak. Zehazki, betebehar hauek bete beharko dituzte:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza onartzen dutela ulertuko da, baldin eta ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten, laguntza eman izanaren jakinarazpena egin eta hamabost egunera.

2.– Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

3.– Dekretu honen babesean jasotako dirulaguntzari dagokionez, organo emaileak egin beharreko egiaztapen-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egin beharreko finantzako eta kudeaketako gainerako egiaztapen- eta kontrol-jarduketa guztiak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi berezian ezarritako guztiak onartzea ere.

4.– Aurreko paragrafoan aipaturikoei laguntzea egiaztapen- eta kontrol-jarduketen garapenean, jarduketa horietarako eskatzen den informazio guztia emanez; horretarako, hauxe onartuko da:

a) Sarbide librea egiaztatu beharreko agirietara, informatika-euskarria duten programak eta artxiboak barne.

b) Sarbide librea diruz lagundutako jarduera gauzatzen den lekuetara, edo laguntzaren edo dirulaguntzaren kontura finantzaturiko eragiketen errealitatea eta erregulartasuna egiaztatzeko aukera.

c) Fakturak, agiri baliokideak edo ordezkoak eta eragiketei buruzko beste edozein agiri atxikitzea edo kopia eskuratzea, horietan laguntza edo dirulaguntza ez dela zuzen lortu, gozatu edo bideratu dela ondorioztatuz gero.

d) Sarbide librea laguntzak edo dirulaguntzak kobratzeko edo fondo-hornidurak egiteko finantza-erakundeen kontuetan dagoen informaziora.

5.– Jasotako dirulaguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

6.– Ingurumenaren gaineko eskumena duen saileko natura-ondarearen arloko zuzendaritzari jakitera emango zaizkio helburu bererako emandako bestelako laguntza edo dirulaguntzak lortu izana (finantzakoak nahiz materialak), laguntza horien organo-emailea eta zenbatekoa, edozein administraziok edo erakunde publikok nahiz pribatuk emanak izanik ere; hamar egun balioduneko epea egongo da horretarako, inguruabar horren berri izan eta biharamunetik hasita.

7.– Jasotako fondoak, edo gauzaturiko jarduerarako nahiz jarduketarako emandako dirulaguntzaren kostuaren gaineko soberakina itzuli egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan jasotako kasuetan.

8.– Organo horri, bestalde, dirulaguntza emateko aintzat harturiko edozein inguruabar objektiboren edo subjektiboren aldaketa jakinaraziko zaio, aurreko paragrafoan adierazitako epean.

9.– Dekretu honetan araututako laguntzen deialdia egiten duen aginduan aurreikusitakoak.

7. artikulua.– Eskaerak aurkezteko eta jarduketak gauzatzeko epeak.

Dekretu honetan araututako laguntzen deialdia egingo duen aginduan, jarduketak gauzatzeko eta laguntzen eskaerak aurkezteko epea ezarriko da. Epe hori, gutxienez, hilabetekoa izan beharko da, argitaratzen denetik.

8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten pertsona fisiko onuradunek bitarteko elektronikoak erabili ahalko dituzte prozedura honen izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko www.euskadi.eus egoitza elektronikoan: Era berean, izapidetze hori nahitaezkoa izango da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutako baldintzak betetzen dituztenentzat.

2.– Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua, bai eta eskaerak modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den informazioa ere.

3.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri:

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez aurkezten bada, ordezkaritza justifikatu beharko da, Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

5.– Eskabidearen ondorengo izapideak «niren karpeta»ren bidez egin eta jakinaraziko dira, https://euskadi.eus/nirekarpeta. Edonola ere, abisua bidaliko da interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri duela adierazteko. Hori guztia gorabehera, izapide horiek bitarteko ez-elektronikoen bidez egingo zaizkie bitarteko elektronikoak erabiltzera behartuta egon ez eta bide ez-elektronikoa aukeratu dutenei.

6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek eskabidea eta horri erantsitako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dute, eurek aukeratzen duten hizkuntzan. Era berean, prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzekoak, 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

7.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, eskatzaileei jakitera ematen zaie aurkezten dituzten datuen tratamendua egingo dela, eta horren helburua izango dela dirulaguntzetarako deialdi hau eta arloari loturiko gainerako administrazio-espediente guztiak kudeatzea. Tratamenduaren arduraduna natura-ondarearen eskumenak esleituta dituen zuzendaritza izango da, eta zuzendaritza horretan gauzatuko dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

9. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Dekretu honetan araututako dirulaguntzak, konpentsatzeko sortari dagokionez, ez dira bateragarriak izango helburu bererako eman daitekeen beste ezein dirulaguntzarekin.

Zaintzeko sortari dagokionez, bateragarriak izango dira erakunde honek edo beste edozein erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako eman litzakeen beste dirulaguntza batzuekin; betiere, horren ondorioz gainfinantzaketarik sortzen ez bada. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

10. artikulua.– Esleipenerako eta kuantifikaziorako prozedurak.

1.– Dekretu honek araututako dirulaguntzak norgehiagoka bidezko prozedura erabiliz esleituko dira aurrekontua bukatu arte. Horrela, bada, hurrenkera bat ezarriko da, ondoren adierazitako irizpideen arabera, urteko deialdi bakoitzean ezarritako mugarekin. Lehenengo eta behin, puntuaziorik handiena lortu dutenei emango zaie. Puntuazioa kalifikazio-epaimahaiak emango du.

2.– Proiektuek 100 puntu lor ditzakete gehienez ere, irizpide hauek kontuan hartuta, eta ondoren adierazitako hurrenkera berean izango dute lehentasuna:

a) Lursailen lokalizazioa EKZPn ezarritako kalifikazioaren arabera.

– Nukleo-gunea.

– Babes-gunea.

– Trantsizio-gunea.

b) Proposaturiko ekintzek natura-ondarea kontserbatzeko duten ahalmena.

c) Deialdia egiteko aginduetan ezarritako beste irizpide batzuk.

3.– Zaintzeko dirulaguntzen sortarako, lurraldea zaintzeko akordioetako denbora-esparrua ere hartuko da kontuan.

4.– Deialdia egiteko aginduetan, aplikatzekoa den irizpide bakoitzaren balio portzentuala identifikatuko da.

5.– Konpentsatzeko laguntzen sortarako, laguntzen zenbatekoak kalkulatzeko Lurzoruaren Legeko Balorazioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 24ko 1492/2011 Errege Dekretua hartuko da erreferentziatzat.

6.– Konpentsatzeko laguntzen sortari dagokionez, laguntzen zenbatekoak kalkulatzeko, Lurzoruaren Legeko Balorazioen Erregelamendua onartzen duen urriaren 24ko 1492/2011 Errege Dekretua hartuko da erreferentziatzat.

11. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa Euskak Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan dirulaguntza hauetarako urtero ezarritako aurrekontu-zuzkidurara egokituko da, zeina deialdia egiteko dagokion aginduan zehaztuko baita.

2.– Irizpide orokor gisa, zatika ordainduko da dirulaguntza, sorta biei dagokienez. Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 60 ordainduko da, deialdia ebazten denean; eta bigarren ordainketa, gainerako % 40a, laguntzen xedea bete dela erabat justifikatzen denean.

3.– Konpentsatzeko laguntzen sortarako, baso-sartze berria agiri bidez justifikatzean egingo da bigarren ordainketa, basogintza-proiektuak hala jasotzen duenean, hasierako masaren mozketa egin eta bi urteko epean gehienez ere.

4.– Zaintzeko dirulaguntzen sorta dela eta, zaintzeko akordioen lehen urtean egin beharreko jarduketak behar bezala gauzatu direla agiri bidez justifikatzean egingo da bigarren ordainketa. Dirulaguntzak emateko ebazpenetan, kasuz kasu zehaztuko da zer justifikazio eskatzen den, egin beharreko jarduketak kontuan hartuta.

5.– Salbuespen gisa, konpentsatzeko sortari dagokionez eta basoberritzea aurreikusten ez den kasuetan, % 100eko ordainketa bakarra egingo da, mozketa egin dela justifikatzean.

Ordainketak egin aurretik, onuraduna zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean dagoela egiaztatuko da.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzaren eskabidean ez badira betetzen dekretu honetako artikuluetan eskatutako baldintzak edo aplikagarriak diren arau espezifikoetan eskatutakoak, hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eransteko eskatuko zaio interesdunari; eta, era berean, jakinaraziko zaio ezen hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, deialdia ebazteko organo eskudunak horretarako ebazpena eman ondoren.

13. artikulua.– Deialdia egiteko agindua.

Urtero, Ingurumenaren arloan eskumena duen sailburuak emandako agindu bidez, aurrekontu-ekitaldi bakoitzerako, deialdia egiteko agindua eta dirulaguntzak jaso ahal izateko irizpideak ezarriko dira. Gutxienez, honako puntu hauek arautu beharko dira:

– Zer dirulaguntza-sortaren deialdia egiten den.

– Eskaerak aurkezteko eta jarduketak gauzatzeko epeak.

– Esleitzeko eta kuantifikatzeko beste irizpide batzuk.

– Kalifikazio-epaimahaiaren osaketa.

– Sorta bakoitzari zer zenbateko esleitzen zaion.

14. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzeko ardura duen organoa.

Natura-ondarearen gaineko eskumenak dituen zuzendaria izango da honako dekretu honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketaren arduraduna. Horretarako, Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzuaren laguntza izango du.

15. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Balorazio-epaimahaia honela osatuko da: natura-ondarearen arloan eskumena daukan zuzendaria izango da epaimahaiburua, eta Urdaibai Biosfera Erreserbako zuzendari-kontserbadorea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatura atxikitako pertsona bat ere egongo dira bertan. Azken hori natura-ondarearen arloan eskumena daukan zuzendariak izendatuko du, eta epaimahaiko bokal izango da. Epaimahaiaren osaera urtero argitaratuko da EHAAn, deialdia egiteko aginduaren barruan.

2.– Epaimahaiak dagokion ebazpen-proposamena egingo du, aurrekontu-mugak eta esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dirulaguntza lor dezaketen eskabideak zehazteko, bai eta laguntzen zenbatekoak ere, eta ezetsitako eskariak, horretarako arrazoiekin batera. Proposamen hori Ingurumeneko sailburuordeari helaraziko zaio, eta hark, dagokion ebazpenaren bidez, deialdia ebatziko du.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Esleitzeko prozedura bakoitzeko ebazpena agindua Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gehienez ere ondorengo sei hileko epean eman eta jakinaraziko zaie interesdunei.

2.– Epe hori igarota interesdunak ebazpenik jasoko ez balu, kasuan kasuko eskabidea ezetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.– Dirulaguntzak emateko prozeduraren ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, publizitate-ondorioetarako, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta laguntzen pilaketa.

Laguntzak ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere, laguntzaren helburua bete dela ikusita, baliteke dirulaguntzak emateko ebazpena aldatzea. Ondorio horietarako, natura-ondarearen arloko eskumenak dauzkan zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edota, hala dagokionean, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzeko eskatuko da, bai eta berandutze-interesak ere.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

Emandako dirulaguntza dirulaguntzaren xede espezifikoa betetzeko erabiltzen ez badu onuradunak, dirulaguntza ematea eragin zuen jarduketa egiten ez badu, dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horrexetarako erabili dela egiaztatzen ez badu edo, oro har, onuradunak ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, ikuskapen-lanak ahalbidetu nahi ez baditu edo onuradunen betebeharren bat betetzen ez badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa eta dirulaguntzen arloan dagozkion interes legalak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hala ezarritako baitago azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan. Azken horretan ezartzen dira kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Busturian, 2019ko ekainaren 4an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala