Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2019ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI – ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2764

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 28koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Global Training» 2019 laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da Euskadiko gazteek nazioartekotzeari buruzko formakuntza praktikoa jaso dezaten atzerrian, enpresa eta erakundeetan.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, «Global Training» 2019 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraiki, «Global Training» 2019 laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2019ko maiatzaren 28a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA, 2019KO MAIATZAREN 28KO SPRI – ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIAKO ZUZENDARIAREN EBAZPENARENA. honen BIDEZ ONARTZEN ETA ARGITARATZEN BAITIRA «GLOBAL TRAINING» 2019 LAGUNTZA PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK, ETA BEKETARAKO DEIALDIA EGITEN BAITA
GLOBAL TRAINING PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Hazkunde adimentsuaren, jasangarriaren eta solidarioaren Europa 2020 Estrategiaren garapenak eta euskal ekonomiaren nazioartekotzearen sustapenak gazte gehiago eta hobeto prestatuak beharko ditu emakumeen eta gizonen pareko independentzia ekonomikoa izango duen gizarte jasangarri bat eraikitzeko, Europako Batzarrak 2010eko martxoaren 5ean onartutako dokumentuan jasotzen den bezalaxe. Zentzu horretan, kalkulatzen da 2020rako EBko lanpostu guztien % 35ek goi-mailako kualifikazioak eskatuko dituela, eta gaitasunen barneratzearen zati handi bat hezkuntza ez formalaren bitartez egingo dela, bereziki nazioarteko mugikortasunari, boluntariotzari, lan-inguru errealitateetako ikaskuntza praktikoari eta gazteen parte-hartze aktiboari dagokionez.

Horregatik, ekonomia irekiaren eremuan planteatzen diren etorkizuneko erronkei konponbidea aurkitzeko eta lan-merkatuan sartzeko euskal gazteen gaitasunak, ezagutza, prestakuntza eta mugikortasuna garatzeko xedeaz, 2012an beka-programa bat jarri zen martxan. Programa horretan, EAEko ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzen da, beren profil akademiko eta profesionalarekin zerikusia duten ekintza eta proiektuak egin ditzaten atzerrian aurretiaz planifikatutako prestakuntza-plan bati jarraikiz. Aldaketa egokiak eginda, programa hori euskal gazte eta enpresatzat beharrezkoa dela kontsideratzen da.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da SPRI – Enpresen Garapenaren Euskal Agentziaren «Global Training» 2019 beka-programaren kudeaketan laguntzen duten erakundeei itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emateko erregimenaren araudia ezartzea. Aldi berean, beka-programa horren xedea da unibertsitate-titulazioa edo goi-mailako lanbide-prestakuntza duten euskal gazteek atzerriko enpresa eta erakundeetan praktikak egitea.

Oinarri hauen I. eranskinean jasota dauden aurreikuspenen arabera, honako hauek eginez gauzatuko da lankidetza hori: deialdi-prozesuak ahalbidetzea, beketarako hautagaiak eta praktikak egiteko enpresak hautatzea eta Global Training bekadunei prestakuntza eta arreta ematea, baita segimendua egitea ere».

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Programa honen xedera 4.120.000 euro bideratuko dira, eta baliabide ekonomiko horiek SPRIk – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak helburu horretarako ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira, zeinak, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta egongo diren.

Deialdi honen kargura emango diren beken guztirakoak ezingo du artikulu honetan edo artikulu honen eguneratzean jasotako zenbatekoa gainditu, indarreko legeriaren arabera ezarritako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren araubideari jarraikiz.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako oinarri hauetan aurreikusitako laguntzen onuradun izan ahalko dira I. eranskinean deskribatutako «Global Training» bekak deitu eta jarraian datozen baldintzak betetzen dituzten erakunde publiko edo pribatuek:

a) Eratuta eta dagozkien erregistroan inskribatuta egotea, gutxienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino bi urte lehenagotik.

b) Gutxienez bi urteko esperientzia izatea unibertsitateko edo goi-mailako lanbide-heziketako proiektuak edo prestakuntza-ekintzak egiten, edo iraupen bereko esperientzia izatea gazteei lan-munduan sartzeko behar dituzten gaitasunen inguruko prestakuntza ematen, nazioarteko mugikortasun-programen bitartez.

c) Estatutuen arabera, beren jarduera-esparrua EAE osoa izatea.

d) Nazioarteko sareren bateko kide izatea edo antzeko ezaugarriak dituzten nazioarteko erakundeekin hitzarmenak edo lankidetza-hitzarmenak sinatu izana, betiere hitzarmen horien bitartez bermatzen bada atzerriko enpresa edo erakundeak hornituko direla euskal gazteek bertan praktikak egin ditzaten.

e) Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatea.

f) Ez edukitzea administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez egotea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

g) «Global Training» 2019 beka-programa garatzeko proiektu bat aurkeztea, 9.2.e) artikuluan eta I. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1.– Eskaerak behar bezala beteta aurkeztuko dira, eskatutako dokumentazio osagarriarekin batera. Horretarako, programa honetako erakunde parte-hartzaileek izapidetze elektronikoa erabiliko dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2005 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Eskaera-eredua eskuratzeko, honako webgune honetan sartu beharko da: www.spri.eus/globaltraining

Eskaera-ereduak ebazpen honen III. eranskin gisa argitaratu dira.

2.– Laguntza-eskaera aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo lanegunean hasi eta 2019ko ekainaren 24an bukatuko da, 15:00etan (Espainiako penintsulako ordua).

5. artikulua.– Beka-kopurua.

Guztira 400 «Global Training» beka deituko dira. Erakunde bakoitzak gutxienez 40 eta gehienez 60 beka deituko ditu, oinarri hauetan aurreikusitako baldintzei jarraikiz.

6. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Oinarri hauen IV. eranskinean zehaztutakoaren arabera haztatuko dira balorazio-irizpideak.

Onuradun izaera lortzeko, 75 puntu lortu beharko dira gutxienez.

1. balorazio-irizpidea – Proiektuen argitasuna: eskaintzen den praktika bakoitzaren helmugaren identifikazio onena kontuan hartuz egingo da. Ondorioz, haztapenik onena izango du eskaeran ahalik eta zehatzen azaltzen dituenak honako hauek: helmuga geografikoa, nazioarteko enpresa edo erakundea, erreferentziako postua eta bekadunaren profil mota (30 puntu). Proiektua hobeto ebaluatze aldera, beteta emango da oinarri hauetan agertzen den eredu-koadroa.

Irizpide horren barruan, komeni da haztatzea erakundeak nazioartekoak izatearen garrantzia, eta ez izatea atzerrian dauden erakunde nazionalak. Azken horien kopurua eskaintza guztien % 10 baino handiagoa bada, 1. irizpide honetako puntuazioa % 10 murriztuko da.

2. balorazio-irizpidea – Bekaz baliatzeko aldiak luzatzea: erakundearen hautuz aurkeztutako proposamenen % 90 biltzen du. Azken deialdietako esperientziak demostratu du zenbait diziplina akademikotan ez dela posible bekaz baliatzeko aldiak luzatzea. Horrenbestez, programa honek eskaintza egoki eta interesgarrien bitartez diziplina guztiak barne hartzen dituela bermatze aldera, erabaki da aurkeztutako eskaintzen % 10 ez egotea balorazio-irizpide horren menpean.

Baldin eta aurkeztutako proiektu-kopuruarekiko % 10 gainditzen bada, kopuru horretatik gorakoak ez dira baloratuko.

Honako hauek dira salbuespen horretan aurreikusitako diziplinak: Ingurumen Zientziak, Biologia, Artea, Artearen Historia, Arte Ederrak, Geografia eta Historia, Kultura Kudeaketa, Filologia, Itzulpengintza eta Interpretazioa eta Psikologia.

V. eta VI. eranskinetan daude proiektuen argitasuna zehazteko erakundeek bete behar dituzten taulak eta bekez baliatzeko aldiaren luzapen-aurreakordioen ereduak.

7. artikulua.– Jarduketak, diruz lagun daitezkeen gastuak eta laguntzaren gehieneko zenbatekoak.

1.– Oinarri hauen ondoreetarako, honako hauek kontsideratzen dira diruz lagun daitezkeen ekintza: bekadunei eman beharreko aurretiazko prestakuntza deitzea, zabaltzea, hautatzea eta ematea, eta beka guztiz garatu arte beka kudeatzea eta zaintzea.

Hautaketa-prozesua bukatuta egon beharko da deialdia egin den urteko hirugarren hiruhilekoan.

2.– Honako hauek dira diruz lagun daitezkeen gastuak:

a) Beka bakoitzari hasiera ematen dion prestakuntza espezifikoa ematetik eratorritako gastuak. I. eranskinean ezarritakoaren arabera, 40 eta 60 ordu bitarteko iraupena izango dute prestakuntza-ikastaroek, eta eranskin berean zehaztutako oinarrizko programari jarraituko diote.

Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ezin izango dira, bekadun bakoitzeko, 500 eurotik gorakoak izan.

b) Oinarri hauetako 1. eranskinean aurki daitezke beka bakoitzaren zuzkidura estaltzetik eratorritako gastuak eta guztirako beka-kopurua. Zuzkidura horren kargura estaliko dira Gizarte Segurantzarekiko kotizazioei dagozkien zenbatekoak.

c) I. eranskinean ezarritakoari jarraikiz, erakunde onuradunak bekadun bakoitzagatik sinatu beharreko aseguru-polizatik eratorritako gastuak. Aseguru horrek gaixotasun-arriskuak, erantzukizun zibila eta istripuak estali beharko ditu, baita azken horri dagokion bidaia-asistentzia osagarria ere. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ezin izango dira, bekadun bakoitzeko, 400 eurotik gorakoak izan.

d) Erakunde onuradunen «Global Training» beka-programa martxan jartzetik, kudeatzetik eta administrazio-, komunikazio- eta publizitate-izapideak egitetik eratorritako gastuak. Gastu horiek finantzatzeko laguntzak ezin izango dira, bekadun bakoitzeko, 1.000 eurotik gorakoak izan.

Diruz lagun daitezkeen gastuak zeintzuk diren zehazte aldera, oinarri hauetako II. eranskinean ezarrita dago zein den eman beharreko prestakuntza espezifikorako ikastaroen Oinarrizko Programa.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Oinarri hauetan ezarritako laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde edo organismo batzuek xede bererako emandako beste laguntza batzuekin.

2.– Aurreko atalean ezarritakoa gorabehera, oinarri hauen kargura ematen den laguntzak ez du inongo kasutan laguntzen den programaren garapenaren guztirako kostua gaindituko, ez isolaturik ez administrazioek edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin eta diruz lagundutako jarduketa beretarako diru-sarrera eta baliabideekin batera. Egoera horretan kopuru hori gainditzen den neurri berean murriztuko da oinarri hauen kargura emandako laguntza.

9. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Oinarri hauei lotutako eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainontzeko izapideak bitarteko elektronikoz egingo dira.

Eskaera eskuratu eta betetzeko, honako webgune elektronikoan sartu beharko da: www.spri.eus/globaltraining

2.– Eskaerekin batera, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

a) Erakunde eskatzailearen eratze-eskrituren fotokopia eta/edo eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia.

b) Emandako kontu korrontearen jabetza ziurtagiria.

c) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria.

d) Oinarri hauetako 3.b) artikuluan eskatzen den esperientzia egiaztatzen duen dokumentazioa, egindako proiektuak, deialdiak edo hitzarmenak zehazten dituena.

e) «Global Training» beka-programa baten garapen-proiektua. Honako hauek jaso beharko ditu:

i) Deitzea proposatzen duen Global Training beka-kopurua, oinarri hauetako hainbat eranskinetan aurreikusitako baldintzekin bat etorriko direnak.

ii) Hautatutako gazteei praktikak egingo dituen enpresa edo erakundean lanean hasi baino lehen eman beharreko prestakuntza-plana. Prestakuntza-plan horrek derrigorrez hartuko ditu barne 40 eta 60 ordu bitarteko iraupena izango duten ikastaroak, eta oinarri hauetako II. eranskinean zehaztutako oinarrizko programak ezarritakoari egokituko zaizkio.

iii) Proiektua deialdian ezarritako eskakizunen arabera garatuko dela bermatuko duten ekintzen kronograma.

iv) Aurrekontu osoa, barne hartuko dituena aurreikusitako diru-sarrerak eta gastuak eta proiektuan jasotako ekintzen garapena.

v) Erakunde onuradunak proiektua garatzera bideratuko dituen giza baliabideak, baliabide materialak eta/edo esperientzia.

vi) Proiektuaren garapenean sartuta dauden entitate juridikoko pertsonen curriculum vitaea.

3.– Ez da derrigorrezkoa izango jada SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren esku dauden indarreko dokumentuak aurkeztea. Dokumentazio hori aurretiaz eman duenean erakunde eskatzaileak, eskaeran adierazi beharko da zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen dokumentuok.

4.– Eskatzaileek beraiek hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza jasotzeko eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan zehar erabiliko da erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskaerak onartzea eta zuzentzea.

Baldin eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hautematen badu aurkeztutako dokumentazioan akats, falta edo zehaztasun gabeziaren bat dagoela, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta 10 eguneko epea emango dio dagozkion zuzenketak egiteko. Gainera, adieraziko dio eskaera zuzentzen ez badu, atzera egin duela ulertuko duela. Aipatutako epean zuzenketarik egiten ez bada, atzera egitea egon dela deklaratuko duen ebazpena emango da.

11. artikulua.– Esleipen-prozedura.

Dirulaguntzen esleipena lehiaketa bidez egingo da; horretarako, lehiaketara aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, 12. artikuluan ezarritako irizpideen arabera, hurrenkera-ordena bat osatze aldera. Oinarri hauetan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen duten eskaeren artean baloraziorik onena lortu duten eskaerei emango zaie dirulaguntza, baloraziotik eratorritako hurrenkera-ordenaren arabera, betiere. Dirulaguntzak deialdia finantzatzera bideratutako zuzkidura ekonomikoa agortu arte emango dira.

12. artikulua.– Haztapen-faktoreak.

Dirulaguntzak onuradun izateko baldintzak dagokien denboran eta forman egiaztatu dituzten enpresa eta erakundeei emango zaizkie, honako balorazio-irizpide hauen arabera, betiere:

1.– Proiektuen argitasuna. Eskaintzen den praktika bakoitzaren helmugaren identifikazio onena kontuan hartuz egingo da. Ondorioz, haztapenik onena izango du eskaeran ahalik eta zehatzen azaltzen dituenak ondorengoak: helmuga geografikoa, enpresa edo nazioarteko erakundea, erreferentziako postua eta bekadunaren profil-mota (30 puntu).

2.– Deialdia egin duen erakunde edo enpresak bekaz baliatzeko aldiak luzatzea, oinarri hauetan ezarritako maximora iritsi arte (35 puntu). Ebaluazio-irizpide hori baloratzeko, erakunde kolaboratzailearen eta praktika egingo den xede-enpresaren artean sinatutako luzapen aurre-akordioak hartuko dira oinarri. Erakundeek aurre-akordioaren eredu bat aurki dezakete oinarri hauetako VI. eranskinean.

3.– Eskainitako beka-kopurua. Proiektuen koadro orokorrean eskainitako plaza-kopururik handiena hartuko da aintzat (15 puntu).

4.– Proiektuaren kudeaketa-fase ezberdinetan bikaintasuna bermatuko duen erakunde arteko lankidetza eraginkorra eta erreala: publizitatea eta deialdia egitea, hautaketa egitea, prestakuntza ematea, praktikarik onenak bilatzea eta prozesua monitorizatzea (10 puntu). Lankidetza horretatik proiektuaren kudeaketa bakarra eta bateratua atera behar da.

5.– Lankidetzaren emaitzak azken bi urteetan (10 puntu). Bi datu objektibo hartuko dira aintzat adierazle gisa: Erakunde kolaboratzaileak jasotako hautagaitza-kopurua deitutako guztirako beka-kopuruarekiko eta erakundearekin egindako praktiken emaitzaren balorazio orokorra.

13. artikulua.– Eskaerak analizatzea eta ebaluatzea.

1.– Hautaketa Batzordeak egingo du aurkeztu eta onartutako eskaeren analisia eta ebaluazioa. Honako hauek osatuko dute Hautaketa Batzorde hori:

a) SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzako titularrak edo hark eskuordetutako pertsonak. Batzordeburua izango da, eta bere botoak berdinketak desegiteko balioko du.

b) Maite Subinas Azcarate andreak eta Enbor Barruetabeńa Rivallo jaunak, biak ala biak SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzaren ebazpen bidez izendatuak.

2.– Lehiaketan parte hartzeko eskatutako baldintzetan eta oinarri hauetan ezarritako balorazio-irizpideetan oinarrituz, proiektuak behar bezala analizatu eta kalifikatu eta gero, Hautaketa Batzordeak ordenatu egingo ditu aurkeztutako eta onartutako eskaerak goitik beherazko zerrenda batean, jasotako puntuazioaren arabera. Bertan adieraziko da zenbat praktika eskaintzen dituen horietako bakoitzak.

3.– Zerrendako ordenari jarraikiz egingo da erakunde onuradunen proposamena, deialdi honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa bukatu arte.

Azken bien artean berdinketa baldin badago, 2. ebaluazio-irizpidean puntuaziorik altuena jaso duena gailenduko da, hau da, deialdia egiten duen erakundeak bekaz gozatzeko aldiak luzatzeari dagokion irizpidean puntu gehien jaso dituena.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak erakunde onuradunari eska diezaioke eskaera behar bezala ulertu eta ebaluatzeko egokia deritzon dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia.

14. artikulua.– Ebazpena, baliabideak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzak ebatziko du prozedura hori.

2.– Emandako ebazpenak zehaztuko du dirulaguntza ematea, edo, hala badagokio, eskatutakp dirulaguntza ezeztatzea erabaki den. Dirulaguntza esleitzen bada, honako hauek adieraziko dira: erakunde onuradunaren izen soziala, «Global Training» beka-proiekturako onartutako zenbatekoa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta zenbateko hori nola dagoen banatuta oinarri hauetako 7.2 artikuluan ezarritako diruz lagun daitezkeen kontzeptuen arabera. Horrez gain, finantzatutako beka-kopurua ere zehaztuko da. Ezeztatu egin diren eskaeren kasuan, erakunde eskatzaileen izen soziala eta ezeztatzea eragin duten arrazoiak adieraziko dira.

3.– Aurreko paragrafoan aipatutako ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Nazioartekotze Zuzendaritzari, hilabete baten epean jakinarazpenaren hurrengo egunetik.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde onuradunei. Dena den, jendeak horren berri izan dezan, zerrenda bat argitaratuko da programaren webgunean (www.spri.eus/globaltraining) erakunde onuradunak, jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa eta erakunde bakoitzak kudeatutako beka-kopurua jasoko dituena.

5.– Prozedura hau ebazteko eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko prozeduren gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, dirulaguntzen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, interesdunek ez onartutzat eman ditzakete beren eskaerak.

6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomiadunek edo SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzeak baldintzatuko du oinarri hauetan araututako laguntzak ematea, eta, hala badagokio, ordaintzea.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Oinarri hauetan araututako laguntzen erakunde onuradunek jarraian datozen betebeharrak izango dituzte, laguntzen edo dirulaguntzen onuradun guztiek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.2 artikulutik eratorritako betebeharrez eta oinarri hauetako I. eranskineko VII. atalean ezarritakoa onartzearekin batera bekadunek onartzen dituzten betebeharrez gain.

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu horretan, laguntza emateari buruzko ebazpena jakinarazi eta 15 egun naturalera ez bada espresuki eta idatziz adierazten laguntzari uko egiten zaiola, laguntza onartu dela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den helmugarako erabiltzea.

c) «Global Training» bekak deitzea oinarri hauetako I. eranskinean adierazitako ezaugarriekin, eta emandako beka bakoitza kudeatzea, hautaketa-prozesutik hasi eta praktikak bukatu arte.

«Global Training» beken dibulgazio-elementu guztietan (web orrialdeak, iragarkiak prentsan edo aldizkarietan, etab.) eta deialdi-, esleipen- eta segimendu-dokumentu guztietan agertu behar dira «Global Training» beka-programa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) SPRIren sozietate filiala identifikatzen dituzten logoak.

Gainera, aipatutako elementuetako testuetan eta dokumentuetan espresuki adierazita egon beharko da, beharrezkoa den aldi guztietan, beka hauek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Basque Trade & Investmenten (Euskal Nazioartekotze Agentziaren) egitasmoa direla.

d) Bermatzea ezarritako aurretiko prestakuntza-ikastaroak ematen direla.

e) Lankidetza-hitzarmen espezifikoak sinatzea atzerrian praktikak egiteko aukera eskaintzen duten atzerriko enpresa edo erakundeekin. Bertan jasoko dira praktikak egiteko beharrezkoak diren baldintza material eta teknikoak.

Goi-mailako lanbide-heziketako titulazioak dituzten gazteen kasuan, lankidetza-hitzarmena atzerrian ezarritako euskal enpresekin formaliza daiteke.

f) Beka bakoitzarekin erlazionatutako aseguruak kudeatzea.

g) Emandako «Global Training» beka bakoitzari segimendua egitea. Horretarako, dagozkion txostenak eskatuko zaizkie bekadunei eta praktikaldia eskaintzen duten enpresa edo erakundeei.

h) Dokumentuen bitartez justifikatzea emandako «Global Training» beka-kopurua eta haien ezaugarriak. Horrekin batera, beken garapen xehakatua adieraziko duen txosten bat ere aurkeztuko da.

i) Egiaztatzea bekadunak ezarritako baldintzak betetzen dituela programan dagoen bitartean.

j) Erakunde onuradunak SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari bidali beharko dio programa honetan parte hartzeko hartutako konpromisoak betetzen direla justifikatzeko dokumentazioa.

k) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Auzitegiak laguntzen helmugak fiskalizatzeko funtzioak betetzean eskatutako informazio guztia ematea.

l) Jasotako zenbatekoak itzultzea, baldin eta laguntza jasotzeko ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

m) Bekadunei dagokien zuzkidura ordaintzea. Hiru ordainketa egingo dira: % 50 beka eman ondoren eta praktikak hasi aurretik; % 40 praktiken iraunaldiaren erdiari dagokion hilabetean, eta % 10a praktikak bukatzean, errekeritutako dokumentu guztiak aurkezten diren momentuan.

16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta erakunde onuradunek laguntza justifikatzea.

1.– 14. artikuluan aipatutako epealdia igarota egingo da honako oinarri hauen kargura «Global Training» beka-programaren baitan emandako laguntzen ordainketa, betiere berariazko uko egiterik egon ez bada, honela:

a) Lehen ordainketa: emandako laguntza onartu denean jasoko da, eta prestakuntzaren, aseguru-polizen, martxan jartzearen, kudeaketaren, administrazioaren, komunikazioaren eta publizitatearen gastuetara bideratutako zenbatekoaren % 50ekoa izango da.

b) Bigarren ordainketa: beka bakoitzaren zuzkidurari dagokion zenbatekoaren % 50 ordainduko da, bekadunen zerrenda argitaratu eta gero.

c) Hirugarren eta azken ordainketa bat egingo da bekak bukatuta eta justifikatuta daudenean, eta gainontzeko kontzeptuengatik ordaintzeke dagoen % 50ekoa izango da. «Global Training» bekak kudeatzetik eratorritako gastuei aurre egiteko azken ordainketa hori aurretiaz jaso behar dutela egiaztatzen duten erakunde onuradunek eskaera egin eta bankuko abal bat aurkeztu beharko dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoarekin bat datozela bermatzeko.

2.– Justifikazioak proiektua bukatzen denetik hilabeteko epean aurkeztu beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenaren Euskal Agentziari, betiere deialdiaren hurrengo ekitaldiko azaroaren 30a baino lehen.

3.– Justifikazio-dokumentu horien artean, honako hauek egongo dira, gutxienez: erakunde onuradunak bekadunei egindako banku-transferentzien kopia, bekadunak egindako zeregin eta ekintzen txosten xehakatua, prestakuntza-ikastaroen antolaketak eragindako kostuen ziurtagiriak, kontratatutako aseguruen ziurtagiriak eta egin diren kudeaketa-, administrazio-, komunikazio- eta publizitate-gastuen ziurtagiriak.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

Erakunde onuradunak ezarritako betekizunak ez betetzeak, aurkeztutako datuak faltsuak izateak eta jasotako zenbatekoa emandako xederako ez den beste xede baterako erabiltzeak dirulaguntza galtzea eta bi hilabeteko epean jasotako zenbatekoak gehi dagozkion legezko interesak ordaindu beharra dakar berarekin, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak dagokion ez-betetze espedientea kudeatu baino lehen. Horrek ez dio kalterik egingo dagozkion beste jarduketa batzuei, eta aipatutako guztia Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuarekin bat eginez egingo da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Aurreko deialdian ezarritakoaren arabera izapidetzen ari diren espedienteek deialdi horrek ezarritakoari jarraituko diote behin betiko amaitzen diren arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean DBEO) eta izaera pertsonaleko datuak babestearen arloko gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoari jarraikiz, jakinarazten da emandako datuak eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzeko erabiliko direla. Bestalde, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa da, bere eraketa-legearekin eta garapen-araudiarekin bat etorriz.

Aipatutako informazio hori enpresa laguntzaileei helaraz dakieke, baita arlo horretako Administrazio Publiko eskudunari eta SPRI Taldeko enpresei ere (ikus https://www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/).

Interesdun guztiek izango dute aukera datuen babeserako araudiak ematen dizkien eskubideak SPRIren aurrean erabiltzeko, eta, horretarako, idatziz zuzenduko zaizkio SPRIri, honako helbide honetara: lopd@spri.eus

SPRIn Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, https://www.spri.eus/pribatutasun-politika/ webgunean dagoen Pribatutasun Politikara jo daiteke.

Datuen babesa eskatu behar izanez gero, kontrol-agintea Datuen Babeserako Espainiako Agentzia da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak honako oinarriekiko hartzen dituen erabakiek izaera administratiboa dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

I. ERANSKINA
«GLOBAL TRAINING» BEKA-PROGRAMAREN OINARRIAK

I.– Xedea.

«Global Training» beka-programa Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen nazioarteko mugikortasuna indartzera bideratuta dago, beren profil akademiko eta profesionalarekin bat datozen ekintza eta proiektuak egin ditzaten atzerrian, aldez aurretik planifikatutako prestakuntza-plan bati jarraikiz, betiere. Horretarako, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak programa hori garatzeko gaitasuna duten erakundeei emateko laguntza ekonomikoak eratu ditu, unibertsitateko titulazioa eta goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa duten eta erakunde horiek hautatu eta prestatu dituzten gazteek praktikak egin ditzaten atzerriko enpresa eta erakundeetan programa honen araudiaren esparruan. Aipatutako laguntza horien erregimena eranskin honekin batera datozen oinarrietan aurki daiteke.

II.– «Global Training» beken edukia.

1.– Programako erakunde onuradunek –bekak ematen dituzten erakundeek– emandako bekek honako hauek hartuko dituzte barne:

a) Prestakuntza-ikastaro bat, derrigorrezkoa izango dena bekadun guztientzat. 40 eta 60 ordu bitarteko iraupena izango du, eta haren gutxieneko edukia deialdi honetako II. eranskinean dago jasota. Beka ematen duen erakundeak, hau da, laguntza-programaren onuradunak, emango du ikastaroa, praktikak hasi aurretik, betiere.

b) Atzerrian praktikak egiteko egonaldi bat, enpresa edo erakunde kolaboratzaile batean, gutxienez 6 hilabete eta gehienez 12 hilabete iraungo duena. Beka jaso dela jakinarazten denetik bi hilabeteko epean hasiko da.

2.– Dagokion erakundeak beka eman izanaren egiaztagiria jaulkitzean duenean jasoko da bekadun izaera, eta momentu horretan emango zaio hasiera bekaldiari.

III.– «Global Training» benen onurak eta mugak.

1.– Guztira, 400 beka eskainiko dira.

2.– Programa honen barruko bekadunek honako onura hauek izango dituzte:

a) 40 eta 60 ordu bitarteko prestakuntza-ikastaroa, dohainik, praktikak hasi aurretik. Beka eman duen erakundeak antolatu eta ordainduko du. Derrigorrezkoa izango da bekadunek ikastaro hori egitea; egingo ez balitz, bekadun izaera galduko litzateke.

b) 1.400 euroko zuzkidura hilabetean, helmuga-herrialdera joateagatiko gastuak, mantenu- eta- ostatu-gastuak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioa ordaintzeko, baita, beharrezkoa balitz, bisak lortzeagatik edo txertoak jartzeagatik eragindako gastuak ordaintzeko ere.

c) Erantzukizun zibilari eta istripuei dagozkien arriskuak eta azken horren bidaia-asistentzia osagarria estaltzea. Erantzukizun Zibileko polizak aseguratuak bere bekaldiaren garapenean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen ondorio ekonomikoak estali beharko ditu.

Istripu-polizak heriotza, ezintasun iraunkor absolutua, osoa eta partziala (baremoaren arabera) estaliko ditu, eta bidaia-asistentzia polizak, aldiz, aseguratuak helmuga-herrialdean izan ditzakeen istripu eta/edo gaixotasunak.

Aipatutako poliza horien eremu geografikoa mundu osokoa izan beharko da.

3.– Beka emateak eta hartaz gozatzeak ez du inola ere kontratu edo estatutu bidezko harremanik ezarriko bekadunaren eta beka eman duen erakundearen, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren, Basque Trade & Investmenten (Nazioartekotze Euskal Agentziaren), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo praktikak egiten diren enpresa edo erakundeen artean.

IV.– «Global Training» bekak jasotzeko baldintzak.

1.– «Global Training» bekak eskuratzeko interesa dutenek honako baldintza hauek bete eta egiaztatu beharko dituzte:

a) Graduko titulazio bat edukitzea urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan ezarritako araudiaren arabera. Errege Dekretu horrek unibertsitateko ikasketa ofizialak arautu zituen, eta bertan ezarrita dago atzerrian lortutako Diplomaturako, Lizentziaturako edo goi-mailako Lanbide Heziketako tituluak homologatuta egon beharko direla eskaera egiteko epea amaitzen denerako.

b) Ez izatea 30 urte beteta 2019ko urtarrilaren 1ean.

c) Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, eskabideak aurkezteko epea irekitzen den unea baino gutxienez 12 hilabete lehenagotik edo elkarren segidako 5 urtez aurreko 10 urteetan.

d) Atzerrian 6 hilabete baino gehiagoko lan-praktikak egitea ahalbidetu duen beste bekaren baten onuradun izan ez izana.

e) Ingeles maila bikaina izatea. B2 maila hartuko da erreferentziatzat unibertsitate-irakaskuntza ofizialetako graduko titulazioen kasuan, eta, aldiz, B1 maila, berriz, goi-mailako lanbide-heziketako titulazioen kasuan. Ingeles-maila egiaztatzeko, ezagutza-maila neurtuko duen ahozko eta idatzizko proba bat egingo da, hautagaiak bere ingeles-maila bermatzen duen egiaztagiri homologatua ez baldin badu.

f) Praktikak egingo diren enpresa edo erakundeak eskatzen duen profilera egokitzea.

g) Ez edukitzea administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, edo ez egotea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

2.– Honako hau egin beharko da beka eman duen erakundeari aurreko atalean jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko:

a) Bekadunak dagokion titulazioa –eta, hala badagokio, homologazioa– duela ziurtatzen duten egiaztagiriak, eskumena duen instantziak emandakoa.

b) Jaiotegunaren egiaztagiria (NAN, jaiotza-partida edo jaiotzaren dokumentu fede-emailea).

c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren bateko errolda-ziurtagiria, dagokion udalak emana.

d) Eskatutako hizkuntzaren egiaztagiria, gehienez ere 4 urteko antzinatasuna izango duena. Halakorik izan ezean, hizkuntza-maila egiaztatzeko egingo den ahozko eta idatzizko probaren emaitza aurkeztu beharko da.

e) Eskatzailea 1. ataleko d) eta g) letretan aurreikusitako kasuren batean ez dagoela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.

3.– Hautagaia praktikak egingo diren enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzen dela egiaztatzeari dagokionez, Hautaketa Epaimahaiarekin elkarrizketa bat egin beharko da egokitzapen-maila balioesteko.

V.– «Global Training» beketarako hautagaiak aukeratzeko prozesua.

1.– Beketarako hautagai bakoitzak eskaera bat baino ezingo du aurkeztu. Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, Basque Trade & Investment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) SPRIren sozietate filialak erakunde kolaboratzaileei aurkeztutako eskaera guztiak egiaztatzeko eskubidea izango du. Hautagairen batek eskaera bat baino gehiago aurkeztu badu, hautaketa-prozesutik kanpo geratuko da.

2.– Bekak ematen dituzten erakundeek egingo dute hautaketa, jarraian deskribatutako prozesua oinarri hartuta:

a) Dagokion beka-programaren deialdi publikoa egitea. Bertan, honako hauek jasoko dira: proposatutako beka-kopurua eta beka bakoitzaren profila eta helmuga. Gainera, hilabete bateko epea aurreikusiko du, lehen aldiz iragartzen denetik kontatzen hasita, eskaerak formalizatzeko eta aurreko IV. atalean aipatutako egiaztagiriak aurkezteko.

b) Eskatutako dokumentazio guztia aurkeztu dela egiaztatzea, eta, hala ez bada, interesatuei dokumentazio hori hamar eguneko epean aurkezteko errekeritzea.

c) Curriculum Vitaea aztertuko da eta titulazioa, prestakuntza osagarria eta esperientzia edo egindako praktikak baloratuko dira. Azken horretarako, berdintasun, meritu- eta gaitasun-irizpide orokorrak erabiliko dira.

d) Ingeles-proba edo dagokion B2 edo B1 mailako titulua izatea. Titulu horrek ezingo du lau urtetik gorako antzinakotasuna izan.

e) Hautaketa Epaimahaiarekin elkarrizketa izatea, hark balora dezan hautagaiak praktikak egingo diren kanpoko enpresa edo organismoak eskatutako profilari zein neurritan egokitzen zaizkion.

i) Hautaketa Epaimahai bakoitzak hiru kide izango ditu: beka-deialdia egin duen erakundeko kide bi eta Basque Trade & Invesment (Nazioartekotze Euskal Agentzia) SPRIren sozietate zibileko ordezkari bat.

ii) Beka-deialdia egin duen erakundeko pertsona baten esku egongo da idazkaritza, eta hitza izango du, baina botorik ez.

3.– Hautaketa-prozesua amaitutakoan, deialdia egin duen erakundeak dagokion beken esleipen-dokumentua emango du. Bertan honako hauek jasoko dira: helmuga-herrialdea, praktikak egingo diren enpresa edo erakundea, praktiken iraupena, egin beharreko zereginak eta praktika-egonaldia behar bezala joan dadin esanguratsu kontsideratzen den beste edozein gai. Praktika-egonaldia bekaren esleipena jakinarazi eta bi hilabeteko epean hasiko da.

4.– Bekaren esleipen-dokumentuaren berri emango zaie aukeratuak izan diren hautagaiei. Deialdia egin duen erakundeak prozesuan parte hartu dutenen zerrenda orokorra argitaratuko du, eta bertan adieraziko da aukeratuak izan diren edo ez.

VI.– «Global Training» bekaren onuradunaren betebeharrak.

«Global Training» programako beka baten onuradunak honako betebehar hauek ditu:

a) Emandako beka onartzea. Ildo horretan, bekaren esleipenaren jakinarazpen-egunetik kontatzen hasita 15 eguneko epean eskatzaileak espresuki eta idatziz uko egiten ez badio bekari, behin betiko onartu duela ulertuko da.

b) Helmuga-herrialdean praktikak egiten hasi aurretik emango den prestakuntza-ikastarora joatea.

c) Praktikak eskaini dizkion enpresak edo erakundeak agindutako zereginak gauzatzea, betiere aldez aurretik itundutako lanerako planaren esparruan.

d) Beka ematen duen erakundeak praktiken garapenari buruz eskatzen dizkion txostenak egitea eta bidaltzea sei hilean behin.

e) Helmuga-herrialdera iristean kontsulatuan edo enbaxadan erregistratzea, bekak irauten duen bitartean bere bizitokia finka dezan.

f) Egindako lanari buruz beka ematen duen erakundeak ezartzen dituen ebaluazioetan parte hartzea. Beka-programa finantzatzen duen Eusko Jaurlaritzaren Sailak ere har dezake parte ebaluazio horietan.

g) Bekari uko egiten bazaio, jasotako gehiegizko zenbatekoak itzultzea, eranskin honetako VII. atalean aurreikusitako kalkuluaren parametroa aplikatzearen ondorioz ateratzen denaren arabera.

VII.– Bekak ematen dituzten erakundeen betebeharrak bekadunei dagokienez.

«Global Training» beka-programan parte hartzen duten beka-emaileak arduratuko dira III. ataleko 1. puntuan azaltzen diren onurak erabat betetzeaz eta, horri jarraikiz, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Bekadunari prestakuntza ematea praktikak egiteko egonaldia hasi aurretik.

b) Atzerriko praktikak garatuko diren enpresekin edo erakundeekin lankidetza-hitzarmen espezifikoak formalizatzea. Hitzarmen horietan, bekadunak praktika garatzeko beharrezkoak diren baldintza materialak eta teknikoak ezarriko dira, esate baterako, praktika egingo den lekua, iraupena, adostutako lanerako plana eta funtsezkotzat hartzen den gai oro.

c) Aseguru-poliza kontratatzea, gaixotasun- eta istripu-arriskuak ez ezik, aberriratze-gastuak eta hirugarrenekiko erantzukizun zibila ere estaliko dizkiona bekadunari.

d) Bekaren diru-zuzkidura ordaintzea honako ordainketa-erregimen honen arabera:

1) Lehenengo ordainketa: emandako bekaren diru-zuzkiduraren % 50 praktikaren egonaldia hasi aurretik.

2) Bigarren ordainketa: bekaren diru-zuzkiduraren % 40 praktikaren egonaldiaren iraupenaren erdia betetzen den hilean.

3) Hirugarren eta azken ordainketa: geratzen den zenbatekoa, behin praktikak egiteko egonaldia bukatuta, betiere bekadunak eta beka jaso duen erakundeak edo enpresak aurkeztu beharreko azken balantzeari buruzko txostenak jaso ondoren.

VIII.– Uko egiteak.

1.– «Global Training» bekari uko eginez gero, ordaintzeke dauden ordainketa ez dira egingo, eta litekeena da ordura arteko jasotako ordainketen zenbatekoren bat itzuli behar izatea.

2.– Itzuli behar den zenbatekoa kalkulatzeko, bekaren xede izan den praktikaren egonaldirako aurreikusitako iraupen-epearen eta praktika hori estaltzeko esleitutako diru-zuzkiduraren artean dagoen erlazio proportzionala zehaztuko da, eta jasotako zenbatekoa emandako egonaldiari dagokiona baino handiagoa bada, jasotako gehiegizkoa itzuli beharko zaio beka eman duen erakundeari.

II. ERANSKINA
AURRETIKO PRESTAKUNTZA-IKASTAROAREN GUTXIENEKO EDUKIAK

– 40 eta 60 ordu bitarteko iraupena.

– Prestakuntza horrek honako gai hauek izango ditu, besteak beste:

1.– Nola ekin atzerriko praktikari.

2.– Kultura arteko negoziazioa.

3.– Komunikazio-teknikak.

4.– Taldean lan egitea.

5.– Adimen emozionala.

6.– Berrikuntza.

7.– Beste batzuk, praktika motaren arabera.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala