Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

107. zk., 2019ko ekainaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI – ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2763

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 28koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Zibersegurtasun industriala» laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industri arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Horri dagokionez, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia hainbat ekintza garatzen ari da 2020ko Euskadiko Agenda Digitala bultzatzera bideratuta. Besteak beste, aipagarriak dira euskal enpresetan Informazioaren Gizartearen eta Zibersegurtasunaren garapena bultzatzen saiatzeko laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau Zibersegurtasuna, industri enpresetan eta antzekoetan, bultzatzeko helburu nagusiarekin diseinatu da.

Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, «Zibersegurtasun Industriala» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen I. eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraiki, «Zibersegurtasun Industriala» laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Bilbao, 2019ko maiatzaren 28a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
ZIBERSEGURTASUN INDUSTRIALA PROGRAMA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko entitate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

«Zibersegurtasun Industriala» programa bat dator Euskadiren Agenda Digitala 2020 (AD@2020), Informazio Gizartea Garatzeko Plan Estrategikoan definitutako jarduera-politikekin. Agenda hori programako Zuzendaritza Batzordeak onartu du, eta Batzorde hori osatzen dute Informazio Gizartearen kudeaketan eta sustapenean eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako Sail guztiek.

AD@2020 plana 4 jarduera-ardatzetan egituratuta dago, eta horien barruan 11 erronka handi finkatu dira. Erronka horiek erdiesteko, AD@2020 planak bere baitan hartzen ditu 60tik gora ekintza zehatz (laguntza programak, zerbitzuak eta askotariko ekimenak). Ekintza horietako lauri «Ekintza Bereziak» izena eman zaie. Hauek dira AD@2020 planaren ardatzak:

– Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan ardatza.

– Gizarte Lehiakorra eta Aktiboa ardatza.

– Administrazioa Ingurune Digitalean ardatza.

– Lurralde Adimenduna eta Kohesionatua ardatza.

«Enpresak Merkatu Global Digitalizatuan Ardatza» da AD@2020 programaren 4 jarduera-ardatzetako bat.

Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan ardatzaren helburua da aurrera egitea industria adimendunaren garapenean, jomugatzat harturik Basque Industry 4.0 estrategia eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian definitutako sektoreak. Horretarako, garapen teknologiko berriek eta negozio-eredu berriek eskaintzen duten potentziala aprobetxatuko da. Hona hemen Ardatz horretako Erronkak:

1. erronka: EIKT aurreratu eta irisgarriak sektore estrategiko industrialen esku jartzea, hasi I+G fasetik eta industrian aplikatzeko teknologiak eta konponbideak garatzeraino.

2. erronka: industria adimenduna bultzatzea, EIKTak sartuz fabrikazioan, balio-kateak integratuz, eta balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak garatuz.

3. erronka: EIKTen erabilpena sustatzea, enpresa, negozio-eredu eta merkatura sartzeko modu berriak sortzeko, hazteko eta sendotzeko.

SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu erronka horiek erdiesteko. Zentzu horretan, AD@2020 planaren Zuzendaritza Batzordeak, 2017ko azaroaren 7ko bileran erabaki zuen Zibersegurtasunari buruzko 5. «Ekintza Berezia» sartzea Agendan. AD@2020 plana egitean 4 Ekintza Berezi azpimarratu ziren, horretarako kontuan hartu zirelarik beren berrikuntza-gradua, inpaktua, trakzio-indarra, transbertsalitatea eta inpaktu komunikatiboa. Argi dago Zibersegurtasuna garrantzi handiko joera bilakatu dela azken urteotan, batetik, sarera konektatutako gailuen kopurua esponentzialki hazi delako eta, bestetik, hainbat gertakari kritiko jazo direlako, zeintzuek arriskuan jarri baitituzte mundu osoko enpresak, administrazioak eta negozioak.

Hala, Zuzendaritza Batzordeak onartu zuen Zibersegurtasuna sartzea AD@2020 planaren bosgarren Ekintza Berezi gisa, «Basque CyberSecurity Centre – BCSC martxan jartzea» izenburupean. Ildo horretatik, laguntza programa berri hau bat dator BCSCren jarduerekin eta lehentasunekin.

Ondorioz, Laguntza Programa honen lehentasunezko helburua da Zibersegurtasun Industriala bultzatzea Euskadiko enpresa industrialetan. Esan beharra dago, Programa hau, SPRIko Dirulaguntza Plan Estrategiko barruan dagoela.

1. artikulua.– Helburua.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuekin bat etorriz –Basque Industry 4.0 Estrategian eta Euskadiren Agenda Digitala 2020 planean jasota daudenak–, programa honen xedea da bultzada bat ematea Zibersegurtasun Industrialari, batik bat enpresa industrialetako IT/OT inguruneetan (Information Technology/Operational Technology) zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa lantzen duten proiektuei.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

2.– Laguntza hauek aitortuko dira egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

3.– Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak fondo galdurako dirulaguntzak dira.

4.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO 2013 L-352/1).

5.– Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz eta I. eranskinean ezarritakoari dagokionez.

6.– Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zenbakidun Araudia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitira, besteak beste, Europako Eskualdeen Garapenerako Funtsari buruzko xedapen erkideak.

4. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI», SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoa).

2.– Erantzukizunezko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ) eta baltzuaren helbidea.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza Eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

e) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI taldeko edozein enpresarekin.

f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

g) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Arau honen 6.2.d) artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

i) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

j) Konpromisoa hartzea araudi honen 9.5 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

3.– Enpresa. Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

4.– Enpresa industriala: manufaktura arloko enpresa industrialak, bai eta Sorkuntza eta Kultura Industrietako enpresak, baldin eta beren jarduera nagusia arlo hauetako batean garatzen badute: ikus-entzunezkoak, bideo-jokoak, moda eta produktu, prozesu eta zerbitzuen diseinua. Hauek dira jarduera horien definizioak:

a) Ikus-entzunezkoak: multimedia edukiak diseinatzea eta produzitzea.

b) Bideojokoak: bideo-jokoetarako edukiak diseinatzea eta produzitzea.

c) Moda: sektoreko balio-katean lan egitea, gutxienez diseinu fasean.

d) Produktu, prozesu eta zerbitzuen diseinua: konponbide erabilgarri eta berritzaileak garatzea erabiltzailearen premietan oinarritutako eskaera funtzional eta estetikoak txertatuz. Ez dira multzo honetan sartzen diseinu grafikoa eta barnealdeen diseinua.

5.– Kanpoko aholkularitza edota ingeniaritza espezializatuko gastu eta inbertsioak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak azpi-kontratatzeko gastua. Proiektuari lotutako software eta hardware inbertsioak.

6.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehienezko aurrekontuen ehunekoaren arabera.

7.– Baimena SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela eta alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren dagokion epigrafean edo epigrafeetan. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, dirulaguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 550.000 eurorainokoak dira, eta, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.es) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua agortu ondoren, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industri arloko enpresek edo horiekin lotutako zerbitzu teknikoetakoek (produktu-prozesuarekin lotuak) eta produktu industrialak diseinatzen eta muntatzen dituztenek.

Baita ere Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako talde industrialetako matrize-enpresek, baldin eta eskatzen badituzte eta aurreko paragrafoko ezaugarriak osotasunean betetzen badituzte, beren egoera ekonomiko bateratua kontuan hartuta.

2.– Onuradunek gainera ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Jarduera industrialeko zentro bat edukitzea Euskal Autonomi Erkidegoan.

b) Diruz lagundu daitekeen jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea.

c) Enpresa egunean egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI taldeko edozein enpresarekin.

d) Alta emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.

e) Ondoko egoeraren batean ez egotea.

Lehenengoa.– Dirulaguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun, eta bereziki ondoko hauetan:

a) Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozeduran badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.

b) Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

c) Dirulaguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 11. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

3.– Laguntza eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz laguntzeko moduko ekintzak izango dira manufakturako enpresa industrialek edota produktu industrialak diseinatzen eta muntatzen dituzten enpresek egiten dituzten Zibersegurtasun Industrialeko proiektuak, baldin eta arlo hauetakoak badira:

1.– Zibererasoetatik babesteko sistemen konbergentzia eta integrazioa IT/OT inguruneetarako (Information Technology/Operational Technology). Arkitektura seguruak diseinatu eta exekutatzea eta, hala badagokio, sare industrialen segmentazioa gauzatzea.

2.– Produkzio lantegiko ekipo industrialetarako –beharrezkoak direnak ekipoen mantenimendurako, kontrolerako eta operazioetarako– urruneko OT sarbideen sekurizazioa, lan horiek gero eta sarriago egiten direlako urrunetik.

3.– Informazio/datu industrialen sekurizazioa. Antolakundetik kanpoko pertsonek eginiko auditoretzak eta eraso-simulazioak, eta konpainiako datuetarako sarbide-maila desberdinak dituzten barne profilen auditoretzak.

4.– Produkzio lantegietako software industrialaren zibersegurtasuna ebaluatzea eta hobetzea.

5.– Enpresa industrialetako langileak zibersegurtasunaren inguruan kontzientziatzeko ekimenak.

6.– Manufaktura industriak zibersegurtasun industrialaren arloan duen egoeraren diagnostikoa egitea eta ekintza plan bat prestatzea Zibersegurtasuna hobetzeko. Arrisku industriala eta ahultasun industriala aztertzea. Sistema industrial kritiko bateko elementuen inbentarioa egitea. Intrusio industrialeko test bat egitea. Ahultasunak aztertzea webeko aplikazioetan. Haririk gabeko komunikazio industrialen auditoretzak egitea.

7.– Zibersegurtasun industrialeko estandarretara egokitzea. Ondoko hauek kudeatzea: Iso27001 arauak, Segurtasun Eskema Nazionala, PIC (Azpiegitura Kritikoen Babesa), zibersegurtasun prozesuaren etengabeko hobekuntza eta antzekoak.

8.– Eremuak eta konduktuak modelatzea Zibersegurtasun Industrialeko proiektuetan.

9.– Perimetroko segurtasun gailuak eta beste gailu industrial batzuk (Switches, zundak, Appliances, firewall industrialak, PLCak, e.a.) monitorizatzea.

10.– Manufakturako enpresa industrialen zibersegurtasun-maila esanguratsuki hobetzeko eta gerta daitezkeen eraso mota desberdinekiko arriskua eta ahultasuna murrizteko beste proiektu batzuk.

Ez dute dirulaguntzarik jasoko artikulu honetan azalduta dauden eta erakunde onuradunaren katalogora biltzen diren produktu edo zerbitzuek.

Nolanahi ere, ez da diruz laguntzeko moduko ekintza izango Europar Batasuneko beste Estatu kide batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea, eta ondorioz, Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin edota esportazio jarduerarekin lotutako bestelako gastu arruntekin.

Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza bezala jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

8. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira 7. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta data horren ondorengo 12 hilabeteetan sortuak edo fakturatuak izan behar dute. Orobat onartuko dira 2019ko urtarrilaren 1az geroztik hasitako proiektuen laguntza-eskaerak aurkeztu aurretik sortu edo fakturatutako gastuak, baldin eta eskaera horiek aurkeztu badira araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean.

b) Kanpoko enpresa adituek eginak izan behar dute.

2.– SAAS formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira orobat era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 7. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.

3.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

4.– Halaber, honako hauek ere ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea edo aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez dira izango ez sozietate publikoak, ez zuzenbide publikoko erakundeak, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak.

b) Enpresak eta horien langile zein laguntzaileak ez dira egongo SPRIren deshomologazio-prozeduretan.

9. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den lankidetza-jarduerarekin.

2.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

3.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

4.– Proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia bada antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, bere esku egongo da gastu hautagarrien oinarria murriztea, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

5.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.

10. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Laguntzak dirulaguntza bezala egituratuko dira.

Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiektuaren aurrekontu global onartua» bi aurrekonturen batura izango da: onartutako Aholkularitza- edota Ingeniaritza-gastuen aurrekontua eta onartutako Hardware edota Software aurrekontua.

– «Onartutako gehienezko aurrekontua», portzentajeak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko erabiliko dena, aurreko puntuan azaldutako bi kontzeptuen (aholkularitza edota ingeniaritza gastuak, eta hardware eta software gastuak) batura izango da. Hardware eta software gastuetarako gehienezko zenbatekoa «onartutako gehienezko aurrekontuaren» % 80koa izango da.

Erakunde eskatzaileak aurkeztutako guztizko aurrekontuak gutxienez % 20 bideratuko du Aholkularitza edota Ingeniaritza lanetara. Aurkeztutako guztizko aurrekontuak % 20 baino gutxiago bideratuko balu Aholkularitza edota Ingeniaritza lanetara, gainerako partidak (Hardwarea eta Softwarea) egokituko dira eta aurkeztutako guztizko aurrekontua murriztuko da, Aholkularitza edota Ingeniaritza lanei esleitu dakien aurkeztutako guztizko aurrekontuaren guxienez % 20.

Hizkuntzen Kudeaketako Bikain Kalitate Ziurtagiria –enpresan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa akreditatzen duena– aurkezten duten enpresek % 5eko dirulaguntza gehigarria jasoko dute.

Hona hemen «proiekturako onartutako gehienezko gastu eta inbertsio aurrekontuen» gaineko dirulaguntza portzentajea (artikulu honetan bertan azaldu bezala) diruz lagundu daitezkeen hiru kontzeptuetako bakoitzean % 50koa izango da.

Proiektuarekin lotutako aholkularitza-ingeniaritza, hardware eta software gastuak dituen eta diruz laguntzeko modukoa den jarduera bat edo gehiago egiteko, 18.000 euroko dirulaguntza emango da gehienez enpresa onuradun bakoitzeko.

11. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du izan 200.000 eurotik gorakoa, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean baduela legezko eskubidea laguntza jasotzeko.

12. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren web-gunean.

2.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.

4.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen lege-ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).

– Detektatutako arazoa/premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den Zibersegurtasun Industrialeko konponbidearen azterketa zehatza. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantenimendua, eta hardwarea (hala badagokio).

– Egin beharreko zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua gauzatzeko egutegia.

e) Enpresaren «negozio-plana», baldin eta enpresa laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratua izan bada.

f) Baimena SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela eta alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren dagokion epigrafean edo epigrafeetan.

5.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

6.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.

13. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaera aurkezteko epea oinarri hauek Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren lanegunaren biharamunean hasiko da eta 2019ko azaroaren 28ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

Laguntza eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

Tramitaziora onartuko dira 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

14. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

2.– Laguntza-eskaerak onartzeko irizpideak 7. eta 8. artikuluetan daude jasota.

3.– Zuzendari Nagusiak emango du ebazpena zuzeneko esleipen bidez, eta eskaerak aurkezpen hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

4.– Ebazpen epea. Ebazteko gehienezko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, onartu egin dela ulertuko da.

5.– Zuzendari Nagusiak emango du ebazpenen berri eta baita ere jakinaraziko du zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan eta zein epetan egin behar den; orobat zehaztuko du jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza.

6.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari posta elektronikoz jakinaraziko zaio, ebazpena egin den egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 15 balioduneko eguneko epean.

7.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

15. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia, banakatuta ageriko direlarik aholkularitza edota ingeniaritzako gastuak eta hardware eta software kostuak.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Egindako lanak egiaztatzeko memoria teknikoa. Erakunde hornitzaileak egingo du behin proiektua gauzatu ondoren, eta informazio hau jasoko du:

– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak.

– Eginiko ingeniaritza- edota aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.

– Aholkularitza zerbitzuaren barruan eginiko lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako denbora...).

– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Azaldu erlazioa eta zergatik diren beharrezkoak.

– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantenimendua eta hardwarea (hala badagokio).

d) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (Iban).

e) Baimena SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

16. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Dirulaguntzak SPRIk gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez. Lehenengo ordainketa dirulaguntza ematearen erabakia jakinarazi ondoren egingo da, eta dirulaguntzaren % 70ekoa izango da, ezar lekiokeen berme-erregimenarekin. Bigarren ordainketan gainerako % 30a ordainduko da, likidazio-eskabidea eta 15. artikuluan eskatzen den froga-dokumentazioa aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

3.– Likidazio-eskabidean eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gehienez 60 egun naturaleko epean egingo dizkie ordainketak SPRIk erakunde onuradunei, betiere Informazio Gizartearen Arloak egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren. Ez da zenbatuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea, ezta abuztua ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzen Lege Orokorreko 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.

f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.

g.– Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.

h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 3 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRIri eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen Programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira Eaeko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraiki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean

XEDAPEN IRAGANKORRA

Baldin espediente bat tramitatzen ari bada aurreko deialdi batean zehaztutako baldintzetan, baldintza beretan tramitatzen jarraituko da, burutu arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa dela SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa, berau sortzen duen legeari eta garatzen duen araudiari jarraiki.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesatu guztiek gaitasuna dute datuen babeserako araudiak SPRIren aurrean ematen dizkion eskubideak erabiltzeko, idatzizko mezu bat bidaliz lopd@spri.eus helbidera.

SPRIren Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultatzeko, irakurri www.spri.eus/privacidad webguneko Pribatutasun Politika.

Jakinarazten da Datuen Babeserako Espainiako Agentzia dela kontrolerako autoritatea duena zure datuen babesa eskatu behar baduzu.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana