Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

106. zk., 2019ko ekainaren 6a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2744

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 31koa, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren esparruko finantza-lankidetzari eta etxebizitzaren esparruko neurri osagarriei buruzko Dekretu-proiektua.

Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez, hasiera eman zitzaion etxebizitzaren eta lurzoruaren arloan kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko finantza-lankidetzarako Dekretu-proiektua lantzeko prozedurari.

2018ko irailaren 14ko Aginduaren bidez, onartu egin zen aurretiaz zortzi artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen batez osatutako testua.

Lantzeko prozesuan zehar, Etxebizitza Sailburuordetzan zenbat proposamen sortu dira, eta horren ondorioz, testuan zenbait azken xedapen txertatu dira, eta izenburua bera ere aldatu da; hauxe da berria: kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren esparruko finantza-lankidetzari eta etxebizitzaren esparruko neurri osagarriei buruzko Dekretu-proiektua. Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2019ko maiatzaren 30eko Aginduaren bidez onartu da idazkera berria.

Xedapen orokorrak egiteko prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoak ukitzen dituzten xedapen orokorrek entzunaldi-izapidea izan behar dute. Halaber, xedapenen izaera aintzat hartuta komenigarria baldin bada, jendaurrean jarri beharko dira. Entzunaldi-izapidea eginda dago jadanik proiektuarekin. Hala ere, etxebizitza arloan neurri osagarririk txertatu ez denez, askoz ere zuzenago eragingo die herritarren eskubide eta interes legitimoei. Beraz, komeni da jendaurrean jartzea.

Hori guztia dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 7.c), 16.1.a) eta 16.2.f) artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea kreditu-erakundeen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko etxebizitzaren eta lurzoruaren esparruko finantza-lankidetzari eta etxebizitzaren esparruko neurri osagarriei buruzko Dekretu-proiektua. Hogei (20) egun baliodunetan jarriko da jendaurrean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Dekretu-proiektuaren edukia Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (euskadi.eus atarian) egongo da eskuragarri.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 31.

Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria,

MARIO JOSE YOLDI DOMINGUEZ.


Azterketa dokumentala