Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

95. zk., 2019ko maiatzaren 22a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2417

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 10ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkariaren lanpostu bat (520010 kodea, 170 dotazioa) izendapen askez betetzeko deialdi publikoa.

Sail honetako Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzan goi-kargudunaren idazkariaren lanpostu huts bat dela eta (520010 kodea, 170. dotazioa), sail honek erabaki du lanpostu hori (agindu honen eranskinean adierazita dago) izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 46.3 artikuluan agindutakoaren arabera, eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ostean. Hauek dira deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako karrerako funtzionarioek, eranskinean ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Halaber, aipatutako baldintza berdinetan, eta baldin eta lanpostuen zerrendetan deialdiko lanpostuak halako langileek bete ditzaketela azaltzen bada, hauek ere parte hartu ahal izango dute: beste administrazio publikoetako karrerako funtzionarioek, irakaskuntzako karrerako funtzionarioek, Justizia Administrazioko karrerako funtzionarioek, eta erakunde sanitarioetako estatutupeko langile finkoek.

2.– Aipatutako langileek edozein administrazio-egoeratan egonda har dezakete parte deialdi honetan, honako egoeretan izan ezik:

Eginkizun-gabetze irmoa ezarrita duten funtzionarioek ezin izango dute parte hartu, egoera horrek dirauen bitartean.

Norberaren kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izango dute parte hartu, ez badute bete eszedentzian egon beharreko gutxieneko denbora.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira eskatutako baldintzak. Esleitutako lanpostuak jabetzan hartu arte bete behar dira eskakizunak. Parte hartzeko betekizunak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileek ezin izango dute esleitutako lanpostua jabetzan hartu.

Bigarrena.– Eskabideak.

1.– Hautagaiek Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak, eta, horretarako, hamabost egun baliodun izango dituzte ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabidean, datu pertsonalak eta egun betetzen duten destinoa adieraziko dituzte.

2.– Eskabide-idazkiarekin batera, hautagaiek curriculum vitaea aurkeztuko dute, eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte:

a) Titulu akademikoak.

b) Administrazioan eta, hala badagokio, enpresa pribatuetan betetako lanpostuak.

c) Egindako ikasketak eta ikastaroak, hizkuntzak, eta hautagaiek egokitzat jotzen dituzten gainerako merezimenduak.

Eskabidearekin batera, eskatutako baldintzak betetzen dituztela eta adierazitako merezimenduak dauzkatela egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dituzte hautagaiek, non eta dokumentu horiek dagoeneko Langileen Erregistroan. Esandako guztiez gain, aurkeztu beharrekotzat jotzen dituzten argitalpen, txosten edota bestelako agiriak ere aurkez ditzakete.

Hirugarrena.– Ebazpena.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agindu bidez ebatziko du deialdi hau, gehienez ere hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua lortzen duen pertsonak ezarritako epean hartu beharko du jabetzen lanpostua, eta, hala badagokio, aurreko lanpostuaren titulartasuna galduko du.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 10a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA

Deialdiko lanpostua:

– Izena: goi-kargudunaren idazkaria.

– Kodea: 520010.

– Dotazioa: 170.

– Kidegoak: C1/C2.

– Destino-osagarriaren maila: 18.

– Osagarri espezifikoa: VI-A.

– Hizkuntza-eskakizuna: 2.

– Derrigortasun-data: 2013-03-31.

– Tokia: Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila.

– Destinoko udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Lanpostua betetzeko eskakizunak:

– C1 edo C2 kidegoetakoa izatea.

– Administrarien kidegoan edo administrari laguntzaileen kidegoan urtebeteko edo urte biko esperientzia izatea, lanpostua kidego horiei atxikita baitago.


Azterketa dokumentala