Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2019ko maiatzaren 15a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2271

AGINDUA, 2019ko apirilaren 30ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita laguntza-deialdia Irale programaren baitan 2019. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako.

Irakasleak alfabetatu edota euskalduntzeko programa (Irale) arautzen duen Hezkuntzako sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren hirugarren atalean dioenez (EHAA, 1994-2-11), Irale programak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko ikastetxeetan, publiko zein pribatutan eta edozein irakasmailatan, lanean diharduten irakasleak hartuko ditu kontuan.

Hezkuntza Sailburuordetzak 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteerako aginduak argitaratuak ditu formatu elektronikoan (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/euskara), eta, han, aukera ematen zaie ikastetxe pribatuetako irakasleei irakastordu barneko ikastaroetan parte hartzeko.

Horregatik, kontuan hartu dira honako lege eta dekretu hauek: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluko xedapenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoak; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta lege hori garatzen duen eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Hori guztia kontuan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Agindu honen xedea da laguntza-deialdia iragartzea 2019. urtean Irale programaren irakastordu barneko ikastaroren batean ikasketari gisa ari den irakaslerik duten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako, aipatu irakasleen ordezkapenek sortutako gastuei aurre egiten laguntzeko asmoz. Honetarako, 1.222.787,00 euroko diru-partida erabiliko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2019. urterako aurrekontuetatik.

Dirulaguntza bi epealditan banatuko da: lehenengo ebazpena, urtarriletik ekainera artekoa, partida osoaren % 70 izango da gehienez. Bigarren ebazpena, berriz, irailetik abendura artekoa. Lehenengo ebazpenean sobratzen dena, bigarrenera pasako da.

2. artikulua.– Honako hauek parte hartu ahal izango dute deialdi honetan:

a) 2019. urtean irakastordu barneko ikastaroetarako Hezkuntza Administrazioak liberazioak ematean irakasle bat edo gehiago onartu(ko) zaizkien ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

b) Aipaturiko ikasketariak liberatuak izateko, dagokion ikastetxeko zuzendariaren adostasuna duten ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek.

3. artikulua.– Ikastetxe parte-hartzaileek dirulaguntza eskatu ahal izango dute baldin eta, adierazitako epean, irakasle batek edo gehiagok eskatu badu irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzea.

Gainera, honako errekerimendu hauek bete beharko dituzte deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxe pribatuek edo gizarte-ekimenezkoek:

a) Dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, ezinbestekoa izango da izapidetzen ari datekeen itzultze- edo zehatze-jardunbidea bukatuta egotea, baldin eta laguntza eta dirulaguntzok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan badaude.

b) Ezin izango dute agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zehazpenak ezarritako aldian, penal- edo administrazio-arloko zehapena jaso duten, eta, horren ondorioz, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden pertsonek edo erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-diskrimimazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izan behar dituzte dirulaguntza eskatzen duten entitateek.

Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela ziurtatzeaz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak arautzen duen bezala.

d) Eskatzaileak berariazko baimena ematen dio laguntza kudeatzen duen organoari gainerako datuak edota dokumentazioa lortu edo egiaztatu ditzan, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere, hargatik eragotzi gabe herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak.

e) Aurreko paragrafoetan aipatutako datu edota eskakizunei dagokienez, eskatzaileak espresuki, uko egin ahal izango dio baimena emateari; kasu horretan, eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu dagozkion agiriak.

f) Ekimen honetarako, beste erakunderen baten dirulaguntza jasoko balu ikastetxeak, horren azalpen zehatza egin beharko du eskabide-orriari erantsitako orri batean; edozein modutan, dirulaguntzen baturak ezingo du gastuaren % 100 gainditu. Horretarako, behar den neurrian murriztuko da legokiokeen dirulaguntza.

g) Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak dioena aplikatuko da.

4. artikulua.– Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez eskaintzen duen dirulaguntza irakastordu barneko ikastaroetarako da. Irakasle baten ordezkoari zer dirulaguntza dagokion irakasle horren irakasmailak eta ordezkapen-kontratuaren iraupenak erabakitzen dute.

Hala ere, irailetik abendura arteko ebazpenari dagozkion dirulaguntzak emateko orduan, zera egingo da: atal honen hurrengo pasartean ezarritako diru-banaketak egin ondoren, soberakin hori txanda horretako bertako dirulaguntzen onuradunen artean banatuko da, hainbanaketa eginez (hots, guztien arteko diru-zatiketa eginez). Soberakin horren banaketa osagarriaz, dena den, ezingo da inola ere ordezkoaren gastu osoaren % 100 baino handiagoko dirulaguntzarik eman.

Dirulaguntzaren munta zehazteko, honako laguntza-kopuru hauek ezarri dira, kostu gordin osoaren % 80ari dagozkionak:

(Ikus .PDF)

5. artikulua.– Dirulaguntza hori lanaldiaren proportzioan emango da, ordezko irakaslea egun osoz hartu ordez denbora gutxiagorako kontratatzen den kasuetan.

Liberatuta dagoen ikasketariak baja-aldirik badu, Iralek ikastetxeari ez dio pertsona horren ordezkapen-gasturik ordainduko baja-aldian.

Gizarte Segurantzak ordaintzen duen zatia ez du deialdi honek estaliko.

6. artikulua.– Ordezko irakaslearen lan-hitzarmenak dioenari jarraikiz ordainduko dio ikastetxeak, eta kontratuan ezarritako maila profesionalari dagokiona izango da ordaindu beharreko kopurua.

Plazaren jabeak eta ordezko irakasleak titulazio berdina izango dute, edo bateragarria.

Ordezkapen-aldia Iralera doan titularraren liberazio-aldiaren parekoa izango da, gehienez, eta irakasle baten bidez edo batzuen artean egin ahal izango da aipaturiko ordezkapena.

Iraleko ordezkoari bitarteko lan-kontratu bat egingo zaio, irakasle erlijiosoen kasuan izan ezik. Lan-hitzarmen mugagabea duten irakasleak ondoko kasu hauetan onartuko dira:

a) Aurreko ikasturtetik ikastetxean gelen kopurua murriztu egin denean, baina irakasleen kopurua mantendu.

b) Ikastetxeak, lanaldia gehitzeko helburuz, irakasleak lanaldi partzialen dituenean.

7. artikulua.– Betebehar hauek dituzten deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek:

a) Dirulaguntza onartzea. Jasoko den dirulaguntzaren berri izan eta 15 eguneko epean dirulaguntza horri idatziz uko egiten ez bazaio, laguntza hori onartutzat hartuko da.

b) Eman den xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.

c) Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren egitekoak betez, eska dezaketen informazio oro eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

d) Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak dioena aplikatuko da.

8. artikulua.– Hilabetekoa izango da ikastetxeak dirulaguntzetarako eskabideak aurkezteko epea, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabide-orria bete ondoren, modu elektronikoan, https://euskadi.eus/ egoitza elektronikoan aurkeztuko da. Honako xedapen hauek arautzen dute izapidetze elektronikoa: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duena, eta Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, E-administraziorako Platea plataforma teknologikoa onartzen duena.

1.– Eskabide-orria Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragai (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/irale-pribatuak/y22-izapide/eu).

2.– Izapideak egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainerako agiriak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragai (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/irale-pribatuak/y22-izapide/eu).

3.– Eskaera egin ondorengo izapideak (kontsultak, agiriak aurkeztea, etab.) helbide honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.

9. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

2018-2019 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2019ko urtarriletik ekainera) irakasleak liberatuta izan dituzten edo oraindik dituzten ikastetxeek, ordezko irakaslearen kontratuaren kopia erantsi beharko diote eskabideari.

2019-2020 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2019ko irailetik abendura) irakasleak liberatzen dituzten ikastetxeek, berriz, ikastaroa hasi eta hilabeteko epea izango dute ordezko irakaslearen kontratuaren kopia aurkezteko. Dokumentazioa behar den epean aurkeztu ezean, Hezkuntza Sailak ez dio ikastetxe horri dirulaguntzarik emango.

10. artikulua.– Dirulaguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat joko da. Jakinarazpena bidali eta hamar egun naturaleko epean interesduna ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat joko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, egiaztatzen bada ezinezkoa dela teknikoki edo materialki sartzea.

Aurrekoari kalterik egin gabe, egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie kudeaketa-organoak interesdunei, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute jakinarazpen baliorik izango.

Eskabidean jasotako datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren fitxategi informatizatuetan sartuko dira. Legeak jasotzen dituen sarbide-, zuzenketa-, deuseztapen- eta aurkakotasun-eskubideak Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan erabil daitezke (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

11. artikulua.– Kudeaketa organoa.

Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio laguntza-deialdi hau kudeatzea.

Dirulaguntzak ematean, Iraleren irakastordu barneko hautaketa-irizpideak kontuan hartu beharko ditu agindu honek. Hori dela-eta, sailak kontuan izango ditu esparru horretako ikasketarien lehentasun-irizpideak, eta adostasun-puntuak eskuratzen saiatuko da ikastetxe pribatuetako edo gizarte-ekimenezko ikastetxeetako ordezkari adituekin batera. Horretarako eratua dago sare pribatuko euskalduntze alorreko jarraipen-batzordea (Jarraiba); hauek dira partaideak:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua;

Euskara Zerbitzuko Irale programaren arduraduna, idazkari;

Patronalaren ordezkariak;

Unibertsitateaz kanpoko eskola-sare pribatuko sindikatuen ordezkariak.

12. artikulua.– Hezkuntza sailburuaren 1994ko urtarrilaren 28ko Aginduaren 4. atalaren 3. puntuak xedatzen duenez (1994ko otsailaren 11ko EHAA), Hezkuntza Sailak ezarri ditu programa edota jarduera bakoitzaren baldintza zehatzak, eta aginduz jakinarazi. Horien arabera, 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetarako aginduetan ezarritakoa izango da 2019. urtean egin beharreko liberazio-txanda bakoitzaren iraupena edota, bestela, bertan adierazten den moduan, hori eguneratzen duen edozein arautan adierazten den hainbatekoa.

13. artikulua.– Irale programaren bidez irakastordu barnean liberatuta dagoen irakasleak ez du aldi horretan irakasletzan jardungo, eta bere ikastetxeak ezin izango dio diru-kopururik kendu bere soldatatik.

14. artikulua.– Ikasketarigaien kopurua 2019ko dirubideek onar dezaketena baino handiagoa denean, 2019ko udarako eta 2019/2020 ikasturterako Irale programan parte hartzeko deialdia argitaratzen duen aginduan emandako lehentasun-irizpideen arabera jokatuko da.

15. artikulua.– Berariaz sortutako ebazpen-batzorde batek banan-banan aztertuko ditu ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoen laguntza-eskabideak, baldintzak bete dituzten ala ez aztertzeko. Horren arabera, 2019. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean parte hartzeko aukeratutako hautagaien zerrendak ikusirik, ordezkapenen ondoriozko gastuetarako dirulaguntza jaso behar duten ikastetxeen zerrenda proposatuko dio batzorde horrek Hezkuntza sailburuordeari, azken honek dagokion emate-ebazpena argitara dezan. Zerrenda horretan, ikastetxe bakoitzean liberazio partziala edo osoa izan duten irakasleak azalduko dira. Hauek izango dira aipaturiko ebazpen-batzordeko kideak:

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, buru;

Euskara Zerbitzuaren burua eta bertako Irale programaren arduraduna, azkenengo hau idazkari;

Hezkuntza Ordezkaritza bakoitzeko Hezkuntza Berriztatze Zerbitzu burua edota euskara atalburua;

Irakaskuntza pribatuko euskalduntze arloko jarraipen-batzordeko kide bat, patronalaren izenean;

Jarraipen-batzordeko beste kide bat, sindikatuen izenean.

16. artikulua.– Hezkuntza Sailburuordetzak bi laguntza-ebazpen jakinaraziko ditu dagozkien epealdi bakoitzerako; horiek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko dira, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango dute eragina.

Hargatik aurrekoa eragotzi gabe, egindako jakinarazpenen oharrak egin ahal izango dizkie kudeaketa-organoak interesdunei, SMS mezu edo posta elektronikoaren bitartez. Mezuok eskabidean adierazitako telefono mugikor eta posta elektronikoaren kontuetara bidaliko dira. Nolanahi ere, abisu horiek ez dute izango jakinarazpen baliorik izango.

2019ko urriaren 15a baino lehen jakinaraziko da lehenengo laguntza-ebazpena, 2018-2019 ikasturteko 2. txandan (hau da, 2019ko urtarriletik ekainera) liberatuta egondako irakasleen zerrenda, Hezkuntza Sailak diruz lagunduko dituenena. Bigarren laguntza-ebazpena, aldiz, 2019-2020 ikasturteko 1. txandan (hau da, 2019ko irailetik abendura) liberatutako ikasketarien ordezkoen kontratua aurkezteko azken egunaren biharamunetik gehienik sei hilabetera jakinaraziko da, eta txanda horri dagokion dirulaguntzaren kopuruen zerrenda adieraziko.

Ezarritako epeetan ebazpenak jakinarazten ez badira, interesdunek beren eskabideak ezetsitzat jo direla interpretatu ahal izango dute, hargatik eragotzi gabe, urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoaren arabera, Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharra.

Ebazpen hauen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

17. artikulua.– Dirulaguntza hauek denak batera ordainduko dira, salbu eta agindu honen 10. atalean finkatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Hezkuntza Sailak ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezko bakoitzari dagokion dirulaguntza ordainduko dio liberazio txanda amaitutakoan, betiere txanda horretan gertatutako gorabeherak kontuan harturik.

18. artikulua.– Hezkuntza Sailak beharrezko mekanismoak ezarriko ditu ziurtatzeko dirulaguntzok eman diren xederako erabiltzen direla. Hau bete ezean, ikastetxeak itzuli egin beharko ditu. Baldin eta ikastetxeren batek laguntza jaso eta ekimena aurrera eraman ez edota baldintzaren bat bete gabe utziko balu, jaso duen diru-kopurua eta horri dagozkion berandutze-interesak itzuli egin beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAA) zehaztutako prozeduraren arabera eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean edo, bestela, bi hilabeteko epea egongo da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 30a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala