Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2019ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2103

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 15ekoa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2019ko «Innobideak» laguntza-programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (PCTI 2020) jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten laguntza-programak.

Ondorioz, laguntza-programa hau diseinatu da enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak sustatzeko, produktu, zerbitzu edo merkatuko dibertsifikazio handiagoa lortzeko balioko duten proiektuak bultzatuz.

Gorago adierazitakoaren arabera, honako hau

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2019 «Innobideak» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago ebazpen honen I. eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, 2019 «Innobideak» laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2019ko apirilaren 15a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
INNOBIDEAK PROGRAMA

Euskal ekonomiak azken hamarkadetan bizi izan duen eraldaketa- eta modernizazio-prozesuari esker –ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak EBkoaren batez bestekoa baino handiagoak izan direlarik–, administrazio publikoek aurre egin ahal izan diete Euskadiko lehiakortasun-garapenaren fase berriei.

Dena den, azken urteotan enpresa asko eginahalean saiatu dira eraginkortasun operatiboko maila altuetara iristen enpresaren kudeaketako prozesuak hobetuz eta horrek dakartzan kostuak murriztuz. Eraginkortasun operatiboa etengabe hobetzea ezinbestekoa bada ere, ez da nahikoa, oso enpresa gutxik lortu baitute eraginkortasun operatibo horretan bakarrik oinarriturik luzaroan arrakastaz lehiatzea. Beraz, guztiz beharrezkoa da horrekin batera bereizketako estrategia bat sortzea. Euskadik bere egitura dibertsifikatu behar du pixkanaka, eta etorkizunean eskaera izango duten sektoreen aldeko apustua egin behar du, dagoeneko badagoelarik ezagutza-oinarri erreal bat sektore horiei buruz.

Ekonomia globalizatuaren testuinguruan, Berrikuntza elementu estrategikoa da ekonomien lehiakortasunerako, eta ondorio ugari ditu gizartean. Horregatik, gaur egun berrikuntza ezinbestekoa da, bai hazkunde ekonomikorako eta bai enplegua sortu eta mantentzeko.

Berrikuntza ez da bakarrik prozesu bat edo emaitza tekniko bat. Fenomeno sozial bat da, pertsonen eta gizarte osoaren sormena adierazten duena. Gizarte baten berrikuntzarako gaitasunak urratsez urrats eraikitzen dira, enpresa batenak bezalaxe. Ezin dira inprobisatu, eta ez dira errazak imitatzeko edo erreproduzitzeko.

Hala, Euskadin estrategia bat garatu da ZTBP 2020 planaren bitartez, kokapen egokia lor dezagun eszenatoki berri horretan. Estrategia horrek aukera emango die euskal enpresei eta eragile sozioekonomikoei erronka berriei aurre egiteko, eta baita ere lehiakortasun abantaila iraunkorrak eraikitzeko. Hori bai, aurrera egin behar dugu pertsonen talentuan oinarritutako ezagutzaren gizarterantz, hots, pertsona horien eskaera eta premia berriei eraginkortasunez erantzungo dien gizarterantz.

Zentzu horretan, eta beti ere bat etorriz Eusko Jaurlaritzaren Espezializazio Adimenduneko Estrategiaren 3 lehentasunekin (Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Osasunera aplikatutako bio-zientziak), helburua da enpresa-sare bat sendotzea, batik bat teknologian eta berrikuntzan oinarritua, gai izango dena sektore tradizionalak balio erantsi handiagoko produktu eta zerbitzuetarantz eramateko eta izaera berritzaileko konpainiak garatzeko. Hala, Innobideak programaren asmoa da parametro horiek indartzea eta ahalegin guztiak horrelako proiektuetara zuzentzea.

Innobideak programa sortu zen, premia ikusi zelako euskal enpresen, batik bat ETEen, lehiakortasuna hobetzeko. Helburu hori lortu nahian, berrikuntza, pertsonen parte-hartzea eta kudeaketaren hobekuntza bultzatuko dira, egungo egoerak dakartzan erronkei aurre egiteko eta oinarri sendo batzuk ezartzeko, euskal enpresak lehiakorrak izan daitezen globalizazioaren barruan.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea:

Innobideak programaren helburua da babesa ematea hiru ildo hauen bitartez gauzatzen diren ekintzei: Innobideak-Lehiabide (berrikuntzako proiektuak, tamaina handitzeko proiektuak, eta trakzio enpresen eta beren hornitzaileen artean lankidetzak garatzeko proiektuak), Innobideak-Pertsonak (langileen enpresako parte hartzea bultzatzeko eta pertsonen kudeaketako eredu berrietarantz aurrera egiteko proiektuak) eta Innobideak-Kudeabide (enpresen kudeaketa hobetzeko proiektuak).

Oinarri hauen bidez finkatzen dira programaren ildo bakoitzeko baldintzak eta haietan parte hartzeko prozedura.

2.– Laguntzen izaera:

a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

b) Laguntza hauek aitortuko dira egoki jasotako eskaeren hurrenkerari jarraituz. Beraz, eskaerak banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, eskaera bakoitza oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egoki bete den unearen arabera.

c) Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako dirulaguntzak dira.

d) Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

2. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.

2.– 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.

3.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1) (EBAO 2013 L 352/1).

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI», SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoa).

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoa. Horren barruan Horren barruan doaz Administrazio Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeak.

3.– Banakako enpresa-proiektua. Enpresa bakar batek aurkeztu duena.

4.– Lankidetzako enpresa-proiektua. Hainbat enpresak aurkeztu dutena, bertako erakunde guztiak direlarik lankidetzaren xedea.

5.– Enpresaren tamaina. Dibertsifikazio-estrategia garatu ondoren erdietsitakoa eta bide hauetako batetik lortua: enpresak erosiz (jarduera adarren bidez, kapital sozialean parte hartuz, beste enpresa batzuekin bat eginez edo beste enpresa batzuengandik bereiziz) edo joint venture bat osatuz (sozietate berri bat sortuta edo sortu gabe), baliozkoak direlarik aurreko bien artean eginiko operazio bikoitzak. Ez dira kontuan hartuko enpresen aldi-baterako bat-egiteak, partaidetzako kontuak, ez eta irabazi asmorik gabeko erakundeak.

6.– Trakzio enpresa. Konpainia handia, jarduera ekonomiko zentro batekin Euskal Autonomia Erkidegoan, jarduera ekonomiko globala duena.

7.– Berrikuntza. Produktu (ondasun edo zerbitzu), prozesu, merkaturatze-metodo edo antolakuntza-metodo berri bat edo nabarmen hobetu bat sartzea enpresa baten barneko jardunbideetan, lantokiaren antolakuntzan edo kanpo-harremanetan.

8.– Kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostena. Euskalit-ek egindako txostena, enpresa kudeaketa aurreratuaren arloan non kokatzen den adierazten duena, betiere, kudeaketa aurreratuko eredua erreferentziatzat hartuta.

9.– Ekintza plana. Enpresak eginiko txosten honetan azaltzen dira zeintzuk diren kudeaketa aurreraturantz abiatzeko aurreikusi dituen ekintzak, betiere bat etorriz hasierako kontrasteari buruzko txostenean emandako ondorioekin.

10.– Kudeaketa Aurreratuko Eredua. Organismo eta erakunde anitzen adostasunetik sortutako erreferentziazko eredua da, eta kudeaketaren hobekuntza lantzen du sei ardatz edo elementutan oinarrituta: 1) Estrategia; 2) Bezeroak; 3) Pertsonak; 4) Gizartea; 5) Berrikuntza; 6) Emaitzak.

11.– Kudeaketaren diagnostikoa. Antolakunde baten kudeaketa ebaluatzeko prozesua, Euskalit-ek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Ereduko baldintzekin alderatuta. Berdin onartuko dira Enpresaren Plan Estrategikoa edo Urteko Kudeaketa Plana, beti ere jasota badute dirulaguntzaren xede den proiektua.

12.– Langileen gastuak. Gastuen barruan sartzen dira soldata gordina, hots, zergak ordaindu baino lehenagokoa eta legez eskatzen diren kotizazio sozialak.

13.– Eskatzailearen plantillakoak diren lan-taldearen gastuak. Proiektuari zuzenean lotutako konpainiaren pertsonal-gastuak.

14.– Kanpoko kontratazio espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua.

15.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak egindako txostena, puntu hauek baloratzeko behar adinako informazioa jasoko duena:

a) Programaren helburuekin bat etortzea.

b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko.

c) Emaitzetatik espero den eragina.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza).

e) Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea.

16.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu hautagarrien ehunekoaren arabera.

17.– Erantzukizunezko aitorpena. Enpresaren legezko ordezkariak egindako aitorpenak puntu hauek jaso behar ditu, eskaeran sartutako ereduaren arabera:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro bat duela Euskal Autonomi Erkidegoan, bertan egingo delarik diruz lagundu daitekeen jarduera.

d) Alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean, programak eskainitako JEZ zerrendaren arabera (zerrenda hori SPRIren web orrian dago: www.spri.eus).

e) Egunean dagoela Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren erakunde kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, baita ere Eusko Jaurlaritzarekin eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein entitaterekin.

f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adierazita laguntza hori noiz eman zen (edo noiz likidatu zen), zer organismok eman zuen, zer programaren bidez eta zenbatekoa den emandako (edo likidatutako) laguntza.

g) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edota haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Ez dagoela oinarri hauen 5. artikuluko 1.e) atalean aurreikusitako egoeraren batean.

i) Konpromisoa hartzen duela jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.

j) Konpromisoa hartzen duela oinarri hauen 6.7 artikuluan adierazitakoa betetzeko.

k) Baimena ematen diola SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak betetzen dituela zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak. Horrela, aurkeztutako laguntza-eskaerak aztertu edo ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraikiz, zeinak Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

18.– Sektore, enpresa edo lurralde eremuetako agenteak. Baldintza hauek betetzen dituztenak:

a) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten eta jarduera bertan garatzen duten kluster aitortuak edo agente sektorialak izatea.

b) Eskualde-, toki- edo probintzia-garapeneko Agentziak, honako baldintza hauek betetzen dituztenak:

i) Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta jarduera bertan garatzea.

ii) Herri-interesekoak diren xede eta jarduerak izatea, eta, oro har, ekonomia bultzatzea eta/edo geografia-eremu edo sektore bereko enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta euren helburuen artean egotea euskal enpresa-sarearen kapilartasuna areagotzea eta sektore guztietako ahalik eta enpresa gehienei berrikuntza eta lehiakortasun programetara (euskal administrazio publikoarenetara) sartzeko erraztasunak ematea.

iii) Irabazi-asmorik gabeko erakundea izatea eta bere kapitalaren gehiengoa publikoa izatea.

c) Lurralde-mailako agentetzat hartuko dira, baita ere, enpresak sustatzeko eta haien lehiakortasuna hobetzeko eginkizuna duten toki-erakundeak.

19.– Eskaintza-eskariko bitartekaritza-eragileak: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistroan inskribatutako erakundeak, bitartekaritza-lanak egiten dituztenak enpresen (batez ere ETEen) eskaintza eta eskari teknologikoaren artean, I+G-ren balio kate osoan zehar.

20.– Lanbide Heziketako Institutuak. Euskal Autonomi Erkidegoko ikastetxe publikoak edo pribatuak, Lanbide Heziketako Tituluak edota Profesionaltasun Ziurtagiriak lortzeko prestakuntza eskaintzen dutenak.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, dirulaguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 3.000.000 eurorainokoak dira, eta, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Dirulaguntza eskuratzeko baldintzak beteko dituzte ezaugarri hauek dituzten erakundeek:

a) Jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan, b) atalean azaldu bezala; diruz lagundutako jarduera bertan garatuko da, eta aurkeztutako proiektuak bertan izango du eragina.

b) Jarduera hauetako bat egitea: industria, erauzketa, eraldaketa, ekoizpena, aurreko horien produkzio prozesuari lotutako zerbitzu teknikoak, informazio- eta komunikazio-gizartearen arloekin lotutakoak eta diseinu industrial, ikus-entzunezko, bideo-joko eta moda sektoreei dagozkien industria sortzaileetakoak, baldin eta beren Jarduera Ekonomikoa jasota badago programak sustatu ditzakeen EJZen zerrendan. Zerrenda hori eskuragarri dago SPRIren web orrian (www.spri.eus).

Faktore hori baloratzeko, kontuan hartuko da Jarduera Ekonomikoen Zergan altan emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta gorago aipatutako EJZ zerrenda.

c) Dirulaguntza eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan, gutxienez honelako batez besteko plantilla izatea kasu hauetako bakoitzerako:

(Ikus .PDF)

Langile-kopurua kalkulatuko da urteka eta lanaldi osoa kontuan hartuta. Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillari buruzko txostena» erabiliko da baldintza hori baloratzeko. Halaber, plantillako langiletzat joko da enpresaren jarduerari lotutako langile autonomoa, baldin eta, bere egoera dela medio, ezin bada alta emanda egon Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean.

d) Egunean egotea Ogasunarekiko, bere kolaboratzaileekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan, eta ez daukala iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein entitaterekin.

e) Egoera hauetako batean ez egotea (erantzukizunezko aitorpenak aurkeztu beharko dira):

i) Dirulaguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, baita Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera sexuagatiko bazterkeriak eragindakoak ere.

ii) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

iii) 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 38/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita laguntzen onuradun izan.

iv) 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, oraingo diru laguntza kontuan izanda, oraingo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio-operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 10. artikuluan daude zehaztuta.

v) Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

vi) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.

vii) Bere jarduera garatzea sektore hauetako batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

f) Horrez gain, Innobideak-Kudeabide ildora aurkezten diren proiektuen kasuan, Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuko Hasierako Kontrasteari buruzko Txostena edo eskatutako proiektua behar bezala sailkatu eta justifikatuta jasotzen duen Kudeaketari buruzko Diagnostikoa edukitzea.

2.– Enpresa onuradunek ezingo dituzte oraindik bete gabe izan edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango -edo, hala badagokio, ordainduko- da laguntza.

3.– Erakunde onuradunek ezin dute eskaturik izan borondatezko konkurtsorik, ezin dute kaudimengabetzat joak izan prozedura batean, ez eta konkurtsoan egon (ez bada hitzarmen bat indarrean sartu dela konkurtsoaren barruan), esku-hartze judizial batean egon edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituak izan, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

4.– Laguntza-eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak izango dira:

a.1.– Innobideak-Lehiabide ildoan:

Berrikuntza proiektuak egitea, bakarka edo lankidetzan, arlo hauetan:

– Produktua: merkatuan produktu edo zerbitzu berriak edo hobetuak sartzeko proiektuak.

– Prozesua: produkzio-, logistika- eta banaketa-prozesuak edo berriak diren nahiz hobekuntza handiak dakartzaten produktu eta zerbitzuak sostengatzeko prozesuak.

– Merkatua: estrategia edo kontzeptu komertzial berriak inplementatzeko proiektuak, egungo egoera nabarmen hobetzen dutenak.

– Antolakuntza: enpresak inoiz erabili gabeko antolakuntza-metodo berriak inplementatzeko proiektuak.

a.2.– Enpresaren tamaina handitzeko proiektuak edota enpresen arteko lankidetza proiektuak egitea.

Hona hemen aipatutako tipologia bakoitzaren adibide batzuk (zerrenda hau ez da mugatzailea):

(Ikus .PDF)

b) Innobideak-Kudeabide ildoan, diruz lagundu daitezkeen proiektuek helburutzat izango dute enpresaren kudeaketa hobetzea, beti ere Euskalit-ek sustatutako Kudeaketa Aurreratuko Ereduko ekintzetan oinarrituta eta hiru fasetan garatuko den prozesu bati jarraikiz: kontrastea eta ekintza plana (1. fasea), proiektu pilotuak (2A fasea) eta sendotze-proiektuak (2B fasea). www.spri.eus/kudeabide web orrian dago prozesu osoaren azalpena.

Aurkezten diren proiektuak Euskalit-ek eginiko Hasierako Kontrastearen Txosten batean edo enpresak berak eginiko Kudeaketa Diagnostiko batean zehaztutako hobekuntza-arloetan zentratu behar dira, betiere txosten horretan ezarritako gomendioei jarraikiz.

Hasierako Kontrastearen Txosten hori baliozkoa izango da hamar urtez. Bertan jasoko dira kudeaketan hobetu beharreko arloak, eta hainbat jarraibide ezarriko dira enpresak Kudeabide ildoan jarraitu dezan, dela proiektu pilotu bat (2A) edo dela sendotze-proiektu bat eskatuta (2B).

Diruz lagungarriak diren jarduerak izango dira kudeaketa aurreratuko hasierako kontrasteari buruzko txostenari edo kudeaketa diagnostikoari erantzuten dioten sendotze-proiektuak (2B fasea), enpresari jarraian adierazten diren eremu hauetan aurrera egiten eta hobetzen lagunduko dioten metodologia eta tresnak aplikatzera eta ezartzera bideratuta daudenak:

a) Estrategia. Beharrezko informazio estrategikoa izatera eta hausnarketa-prozesu parte-hartzaileak egitera bideratutako proiektuak izango dira. Gerora behar bezala hedatua eta jakinarazia izango den estrategia bat ezarriko da, zeinaren zerbitzura kudeatuko baitira baliabide ekonomiko-finantzarioak, teknologia eta informazioa.

b) Bezeroak. Bezeroekiko harremanak eta balio katearen elementu guztien efizientzia (hasi produktuen eta zerbitzuen garapen eta merkaturatzetik, horien ekoizpen, banaketa eta mantenimenduraino) sustatzen duten proiektuak izango dira, enpresa-estrategian garrantzia handia izango dutenak.

c) Pertsonak. Hautaketa- eta ordainketa-prozesuak, ezagutzaren garapena, eskumenak eta lidergo-gaitasuna –enpresa-estrategiarekin bateratuta– hobetzera bideratutako proiektuak izango dira.

d) Gizartea. Konpainiaren gizarte-zereginera bideratutako proiektuak izango dira (betiere haren gaitasunekin bat etorriz), eta, horretaz gain, ingurumenaren iraunkortasunari laguntzeko neurriak sustatzera bideratutakoak.

e) Berrikuntza. Arlo honetako proiektuen xedea da berritzeko helburu eta estrategiak definitzea eta barne-testuinguru bat sortzea; testuinguru horretan pertsonek arriskuak hartu, ekintzailetzan jardun eta berritu egingo dute eta inguruko potentzial berritzailea baliatuko dute, betiere, berrikuntzarako ideia eta proiektuak modu eraginkor eta efiziente batean kudeatuta.

f) Emaitzak. Bezeroetan, pertsonetan, gizartean eta berrikuntzan dauden emaitza estrategikoak neurtzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak sortzea ahalbidetuko duten proiektuak izango dira.

c) Innobideak-Pertsonak ildoan:

Diruz lagunduko diren proiektuek helburutzat izango dute enpresa proiektua gehiago banatzea kide guztien artean, ahalegina eginez helburu hauetako bat (edo biak) lortzeko:

i) Antolakundeko kideek gehiago parte har dezatela enpresaren kudeaketan, emaitzetan edota jabetzan.

ii) Aurrera egitea «pertsonen kudeaketa» eredu berrietarantz, zeintzuek oinarritzat izango baitute gardentasuna, konfiantza, egonkortasuna, barne-kolaborazioa edota malgutasuna handitzea.

Parte-hartze orekatuagoa ahalbidetzeko eta, horrela, enpresaren ekarpenak eta ikuspegiak norabide desberdinetatik aberasteko, interesgarria da genero ikuspegia eta plantillaren aniztasuna kontuan hartzea ekintza horiek diseinatzean eta martxan jartzean.

2.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak laguntza-eskaeraren aurkezpen elektronikoa egin eta gero abiaraziko dira, deialdiaren urte naturalaren barruan; gehienez hamabi hilabeteko epean ezarri beharko dira, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako proiektuaren hasiera-egunetik kontatzen hasita eta, nolanahi ere, gauzatuta egon beharko dute 2020ko urriaren 15a baino lehen.

Salbuespen gisa, tramitaziora onartuko dira 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza-eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

3.– Proiektuak Euskadiko jarduera zentroetan, gutxienez, gauzatu eta ezarri beharko dira.

4.– Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza bezala jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.

5.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada (azken kasu horretan, salbuespentzat joko dira 651/2014 Araudiari lotutako enpresak).

Aurkeztu diren eskaintzak, efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera hautatuko dira. Hautatutakoak ez badira proposamen ekonomiko onenak, berariaz zuritu beharko dira memoria batean.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Hauek izango dira gastu hautagarriak:

i) Hiru Innobideak ildoen kasuan, aurkeztutako proiektuaren esparruan adituak diren kanpoko enpresak kontratatzeko gastuak.

ii) Horrez gain, Innobideak-Lehiabide eta Innobideak-Pertsonak ildoen kasuan, enpresa eskatzaileko plantillakoak diren eta proiektuaren gauzatze-fasean zuzeneko inplikazioa duten plantillako kideen gastuak. Kontzeptu horri dagokion gastu hautagarria ez da izango aurreko atalean onartutako gastuak baino % 30 handiagoa.

iii) Innobideak-Lehiabide ildoaren kasuan (lankidetzako proiektuak), sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteen gastuak, bakarrik proiektuaren dinamizazio, koordinazio eta izapidetzeari dagozkionak.

2.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

I) Ezin dira izan Herri Administrazioekin lotutako edo haien menpe dauden eta nortasun juridikoa duten erakundeak, salbuespen hauek daudelarik Innobideak-Lehiabide ildoaren kasuan:

I.a.– Proiektuen dinamizazio, koordinazio eta tramitazio lanak egiten dituzten sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agenteak (3.18 artikulua).

I.b.– Proiektuaren arloan adituak diren kanpoko enpresen lanak egiten dituzten Lanbide Heziketako Institutuak (3.20 artikulua).

II) Ez du izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin ez eta lankidetza proiektuaren barnean dauden enpresekin.

III) Enpresak eta horien langile zein laguntzaileak ez dira egongo SPRiren deshomologazio-prozeduretan.

IV) Ez dira izango Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide eta ez dira izango ikerketa espezializatuko edota bikaineko ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak garatzen dituzten erakundeak, salbu eta eskaintza/eskariko bitartekaritza-agenteak badira (3.19 artikulua).

V) Erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da, non konpromiso hauek hartu behar baitira: leial, zintzo eta asmo onez jokatuko dela SPRIrekiko nahiz programako onuradunekiko harremanetan, ez dela egingo edo sustatuko Legearen edo programako arauen aurkako ekintzarik eta solidarioki erantzungo dela onuradunekin haien aurka dirulaguntza itzultzeko ebazpen bat ematen bada, irregulartasunez jokatzeagatik kontratatutako enpresaren zuzeneko edo zeharkako parte-hartzean (Programak emandako ereduaren arabera, zeina web-orrian baitago eskuragarri).

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Gastu hautagarriak aurkeztutako diruz lagundu daitezkeen jarduerekin zuzenean loturik egongo dira.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriak arrazoizkoak izango dira, eta murriztu ahal izango dira SPRIk hala erabakitzen badu.

d) Ez dira gastu hautagarritzat onartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko sozietateek indarrean dituzten beste programa batzuen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.

f) Ez dira izango gastu hautagarriak: kanpoko enpresako langileen bidaia gastuak, aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak, ekipoak, lizentziak, software garapenak, altzariak eta abar erostea, eta, oro har, proiektua gauzatzeko ordu-dedikazioarekin zerikusirik ez duten gainontzeko gastuak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira gastu hautagarriekiko portzentaje hauetan:

(Ikus .PDF)

Horrez gain, Innobideak-Lehiabide ildoaren kasuan (lankidetzako proiektuak):

a) Dinamizazio, koordinazio eta izapidetze lanetarako sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako agente baten laguntza duten proiektuetan, kontzeptu soli kostu hautagarria 10.000 eurokoa izango da proiektu osoan.

b) Laguntza eskatzen duten enpresek ezingo dute, beren aldetik, proiektutik eratorritako kanpoko gastuen % 70 baino gehiago beren gain hartu.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan onartutako proiektuak ez dira diruz laguntzekoak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.

2.– Programa honetan emango diren laguntzak minimis laguntzak izango dira.

3.– Enpresa onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Baldin eta enpresa onuradunak besteren konturako garraio operazioak egiten baditu errepideko garraio-sektorean, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditu badezake hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

7.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.

11. artikulua.– Laguntza-eskabidea aurkezteko epea.

Laguntza-eskaera aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2019ko irailaren 26ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

12. artikulua.– Laguntza-eskabidea.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera bete beharko dute SPRIren webgunean: www.spri.eus/lehiabide, www.spri.eus/kudeabide, www.spri.eus/pertsonak, enpresak aukeratutako laguntza-ildoaren arabera.

2.– Eskabide hori izenpe elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Laguntza-eskabidean jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta dirulaguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Laguntza-eskaerarekin (zeinak bere baitan hartzen baititu erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena eta proiektuari buruzko datu zehatzak: izenburua, hasiera- eta amaiera-datak, helburua, parte hartuko duten erakundeak eta pertsonak eta proiektuaren kostuak) batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Enpresa aholkularien erantzukizunezko aitorpena.

b) Erakunde onuradun guztien langileen izen-zerrendaren kopia, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuta. Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.

c) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria).

d) Legezko ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean dagoena.

e) Jarduera ekonomikoen agiri historikoa, dagokion foru-ogasunak emana. Bertan adieraziko da Jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta hartuta dagoela gutxienez 6 hilabeteko antzinatasunarekin. Antzinatasun hori ez da beharrezkoa izango enpresa aipatutako 6 hilabete horien barruan sortua bada.

f) Erakundeak zerga administrazioekiko, Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak; eta, era berean, berariazko baimena SPRIri eska diezaien organo eskudunei egiazta dezatela benetan bete direla zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

g) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.

h) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

i) Kontratatutako enpresa hornitzaileek proiektuko lanak burutzeko egindako eskaintzen kopia. Eskaintza horiek osorik aurkeztu beharko dira, eta zehatz-mehatz azaldu beharko dute lankidetzaren irismena, aholkularitza taldeko kide bakoitzak proiektuari eskainiko dion ordu kopurua, eta enpresa eskatzaileak eskaintza onartu duela adierazten duen agiria ere aurkeztu beharko da.

j) Erakunde eskatzailearen izenean dagoen «Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria», halakorik badu.

5.– Horrez gain, Innobideak-Lehiabide ildoko proiektuak badira (Lankidetzako proiektuak), enpresa eskatzaileek laguntza-eskaera bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzeko, proiektuan partaide diren guztien legezko ordezkariek modu digitalean sinatuta. Programa honetatik eratorritako betebehar guztiei solidarioki erantzungo diete enpresa partaide guztiek. Erakunde onuradunen ahaldunetako batek proiektuaren buruzagitza hartu behar du, egitasmoaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko eta proiektuak aurrera egin dezan SPRIrekin izan beharreko bitartekaritza- eta harreman-funtzioak bere gain hartzeko, bai eta erakunde horren parte-hartze maila islatzeko, lankidetza-proiektuko gainerako enpresa guztiek duten erantzukizun solidarioa alde batera utzi gabe.

Dinamizazio-, koordinazio- eta izapidetze-lanetarako sektore-, enpresa edo lurralde-mailako agente baten laguntza izateak ez du esan nahi proiektuaren enpresa liderrak SPRIrekin solasaldirik edo harremanik izan behar ez duenik, proiektuak behar bezala aurrera egin dezan.

Lankidetzako proiektuan parte hartzen duten erakunde guztiek aurkeztu beharko dute aurreko 4. atalean eskatutako dokumentazioa, eta gainera, partaideetako bakoitzak Programan ezarritako baldintzak bete beharko ditu indibidualki.

6.– Horrez gain, Innobideak-Kudeabide ildoaren kasuan:

a) Oinarri hauetan arautzen diren kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektuak egiteko laguntzak (2B fasea) bakar-bakarrik jaso ahal izango dituzte jarraian adierazten diren baldintzak betetzen dituzten enpresek:

i) Kudeabide Programaren esparruan hasierako kontrastea Euskalitekin egina duten enpresek, baldin eta Euskalitek egindako txostenak lehentasun gisa jasotzen badu kudeaketa aurreratuko sendotze-proiektua egingo dela identifikatutako hobekuntza-arlo batean edo batzuetan.

ii) Hasierako kontrastea Euskalitekin egin ez duten baina kudeaketako diagnostiko bat aurkezten duten enpresek; kudeaketako diagnostiko horretan behar bezala sailkatuta eta justifikatuta egongo da aurkeztutako proiektua.

b) Enpresak eginiko Ekintza Plana aurkeztu beharko da.

7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziarekin izango dituzten harreman guztietan.

13. artikulua.– Ebaluaketa- eta ebazpen-prozedura.

1.– Laguntza-eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskaerarekin batera aurkeztu, SPRIk 10 laneguneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.

Proiektuaren memorian eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek eginiko eskaintzetan ezingo da zuzenketarik egin. Hala ere, egoki iritziz gero, SPRIk hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan.

2.– Erakunde eskatzaileak baliozkotzat joko ditu dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

3.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du.

Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRIren banan-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

4.– Hiru Innobideak ildoen kasuan, irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz egingo da proiektuen ebaluazioa:

a) Programaren helburuekin bat etortzea: 35 punturaino. Gutxienekoa 20 puntu.

b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko: 35 punturaino. Gutxienekoa 20 puntu.

c) Emaitzetatik espero den eragina: 10 punturaino.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza): 10 punturaino.

e) Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea: 10 punturaino.

Irizpide bakoitzak puntuazio bat lor dezake gehienez. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitza betetzen den ala ez begiratuko da.

Horrez gain, «Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria» badutela frogatzen duten –hau da, euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa egiaztatzen duten– enpresek aurkeztutako proiektuek 5 puntu gehiago jasoko dituzte ebaluazio teknikoaren emaitza globalean.

Atzera botako dira gutxieneko puntuazio hauek gainditzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak: 20 puntu, a) irizpidean (Programaren helburuekin bat etortzea), eta/edo 20 puntu, b) irizpidean (Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko).

Halaber, atzera botako dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza-eskaerak.

5.– Dirulaguntzen eskaera espedienteak ordena bati jarraikiz ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.

6.– Ebazpen epea. Sei hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, onartu egin dela ulertuko da.

7.– Erakunde eskatzaileari 15 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio ebazpena.

8.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

14. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

Erakunde onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartu behar da. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Emandako dirulaguntza erabiltzea, zehazki, laguntza eman den proiekturako.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta dirulaguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den baldintzaren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio berehala SPRIri.

h) Eman programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia.

i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatu behar da diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortutako dokumentu eta euskarri guztietan.

j) Dirulaguntza jatorriari buruzko publizitatea eman Dirulaguntzen Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera.

15. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Dirulaguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, SPRIk luzapen bat onartu dezake jarduerak burutzeko, betiere, erakunde onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza zatiaren ordainketan. Atzerapen hori SPRIri eskatu behar zaio, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako proiektuaren amaiera data baino lehen. Eskatutako atzerapena dela medio, proiektuaren exekuzioak ezin du iraun oinarri hauen 6.2 artikuluan gehienezkotzat ezarritako hamabi hilabeteko epea baino gehiago, eta halaber, ezingo du gainditu 2020ko urriaren 15eko epemuga.

3.– Gauzatutako ekintzak laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta aldaketa horiek erakunde onuradunak SPRIri eskatu eta aldez aurretik justifikatu baditu, ahal bada proiektuan aplikatu aurretik, eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

16. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

Proiektuaren exekuzioari dagokion zatia likidatzeko:

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, SPRIren web-gunean horretarako ezarri diren likidazio-eskabide informatizatuaren inprimakiak betez: www.spri.eus/lehiabide, www.spri.eus/kudeabide, www.spri.eus/pertsonak, enpresak aukeratutako laguntza ildoaren arabera. Eskabide hori aurkezteko epea hilabetekoa izango da, hasierako laguntza-eskaeran adierazitako amaiera datatik kontatzen hasita.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.

3.– Likidazio eskaeran jaso beharko dira erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren, erakunde barneko harremanetarako pertsonaren eta dirulaguntzaren ordainketa egiteko bankuko kontuaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Fakturen fotokopiak. Fakturek hilabeteko epean egindakoak izan behar dute, proiektua gauzatzeko amaiera-data gisa adierazitako egunetik zenbatzen hasita, eta bat etorri behar dute likidazio-eskabide telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta SPRIk onartu gabeko gastuei dagozkienak. Era berean, fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuko aholkularitza-orduei dagozkien zenbatekoak eta bestelako gastuak, hala nola, bidaiak, dietak, joan-etorriak, hornikuntzak, e.a. Fakturek ordainduta egon beharko dute proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu baino lehen. Ez dira kontuan hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskabideaz harago luzatua duten fakturak.

b) Finantza erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek fakturak igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).

c) Likidazio-eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan alta emanda zeuden batez besteko langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emandako ziurtagiria). Gainera, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.

d) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak; eta berariazko baimena SPRIri eska diezaien organo eskudunei egiazta dezatela benetan bete direla zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

e) Likidazioaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, non jasota egongo diren, besteak beste, eginiko lanen azalpena, lortu diren helburuak, proiektuan inplikatutako langileak, proiektua gauzatzeko gastuak, proiektuak enpresaren lehiakortasunean izan duen inpaktua, e.a.

f) Proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira, beti ere laguntza-eskaeraren arabera.

g) Erakunde onuradun guztien langileen izen-zerrendaren kopia, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuta.

h) Innobideak-Lehiabide eta Innobideak-Pertsonak ildoen kasuan, baita ere orduen txostenak, argi adierazita erakunde eskatzaile, onuradun eta azpikontratatuetako parte-hartzaile bakoitzak proiektuari esleitutako arduraldi eta kostuen asteko banakapena, eskaeran jasotako fase eta eginkizunen arabera. Innobideak-Kudeabide ildoaren kasuan, azpi-kontratatutako erakundeei baino ez zaie aplikatuko banakapen hori.

5.– Likidazio-eskabidea ez badago behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Bestalde, ohartaraziko da horrela egin ezean ukatutzat joko dela eginiko eskaera, eta horrela jakinaraziko zaio eskatzaileari. Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, laguntza ukatuko da, ebazpen bidez.

6.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu dirulaguntza-eskabidean adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edo proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da aplikatzekoa den berme erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.

2.– SPRIk 60 laneguneko epean egingo du ordainketa, aurreko artikuluan ezarritako likidazio eskaera eta frogagiriak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean. Egun horiek zenbatzean ez dira kontuan hartuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea -14. artikuluko 1.c atalean eta 16. artikuluko 5. puntuan aipatzen dena-, ez eta abuztua, ez baita hartzen hilabete balioduntzat.

3.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.

2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:

a) SPRIren baimenik gabe aldatzea laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak. SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren gauzatze-faseko aldaketak, baldin eta aldaketa horiek mudatu egiten badituzte laguntza esleipena ematean aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak aldaketa horiek eskatu badizkio SPRIri eta justifikatu baditu, ahal dela proiektuan aplikatu baino lehen, eta ez badute aldatzen Programa honetako ekintzen eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

f) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

g) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea, izapidetzea eta ebaztea.

4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraikiz, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendaritza nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko- espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Baldin espediente bat tramitatzen ari bada aurreko deialdi batean zehaztutako baldintzetan, baldintza beretan tramitatzen jarraituko da, burutu arte.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa dela SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa, berau sortzen duen legeari eta garatzen duen araudiari jarraikiz.

Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesatu guztiek gaitasuna dute datuen babeserako araudiak SPRIren aurrean ematen dizkion eskubideak erabiltzeko, idatzizko mezu bat bidaliz lopd@spri.eus helbidera.

SPRIren Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultatzeko, irakurri www.spri.eus/privacidad webguneko Pribatutasun Politika.

Jakinarazten da Datuen Babeserako Espainiako Agentzia dela kontrolerako autoritatea duena zure datuen babesa eskatu behar baduzu.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.


Azterketa dokumentala