Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2019ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2092

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 10ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez tokiko bizikidetzaren esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2019ko deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru arlo hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Horren haritik, hiru laguntza-ildo biltzen dira dekretu horren 5. artikuluan, eta udaletan garatzen diren proiektuak finantzatzeko da horietako bat.

2019ko ekitaldirako funts bakarra sortu da, Lehendakaritzak egindako ekarpenekin bakarrik eratu dena.

Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019rako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa Lehendakaritzaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Plan Estrategikoa Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2019ko otsailaren 14ko Ebazpenaren bitartez onartu zen.

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek eman beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2019ko deialdia egitea, tokiko bizikidetzaren esparruan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

2019ko ekitaldian garatu beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2019ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

2019ko diru-zuzkidura 150.000 eurokoa da hiru lurralde historikoentzat, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.

2.– Udalak izango dira tokiko bizikidetzaren esparruko proiektuen erakunde hartzaileak.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Tokiko bizikidetzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek, gutxienez, eman zaizkien bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari, hau da, gutxienez 7 euro eman zaien bonu bakoitzeko.

3.– Bonuak direla eta, erakunde onuradunek honako zenbateko hauek metatu ahal izango dituzte, gehienez, udal bakarrean:

– 5.000 euro, 15.000 biztanletik beherako udaletan.

– 12.500 euro, 15.000 eta 40.000 biztanle arteko udaletan.

– 20.000 euro, 40.000 biztanletik gorako udaletan.

4.– Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko berrehun mila (200.000) euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honetan jasotako izapideak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2019/elkarrekin-bonuak-udal/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nire-karpeta

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2019ko urriaren 1era bitartean aurkeztu ahalko dira eskabideak, betiere asken egun hori barne hartuta.

Emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezingo du gainditu zuzkiduren zenbatekoa, edo hura eguneratzearen ondoriozkoa. Horrenbestez, ez da dirulaguntza gehiago emango aipatutako zenbatekoa agortzen denean eta, beraz, egoera horretan eskatutako dirulaguntzak ukatu egingo dira. Hala badagokio, inguruabar baten zein bestearen berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen bidez.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Programa honen erakunde onuradunek inprimaki normalizatuak erabili beharko dituzte eskabideak aurkezteko. Inprimaki horiek ebazpen honen 6.2 artikuluan aipatzen den egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango dira. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:

– Mónica Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.

– Goizargi Cano Ormazabal andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, idazkari.

– Marian Sanchez Amado, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazioa aurkezteko epea 2019ko abenduaren 31n bukatuko da.

2.– Erakunde onuradunek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona hartzaileak –sexuaren arabera bereizita–, nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.

c) Erakunde hartzailearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta erakunde hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazioak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/nire-karpeta. Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagokionez, ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian honako xedapen hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 10a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.


Azterketa dokumentala