Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2019ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2083

71/2019 DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakia, errepideen alorrean irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeari buruzkoa.

Irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez, Transferentzien Batzorde Mistoaren erabaki bat onartu zen, eta erabaki horren 2. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz eta bertan eskatutako formalizazio-izapideak betetzeko, dekretu honek, batetik, erabaki hori onartu eta argitaratzen du, eta, bestetik, eskualdatutako baliabide materialak atxikitzen ditu. Izan ere, apirilaren 26ko 314/2019 Errege Dekretuaren terminoetan jasota dago Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkuraren 2019ko apirilaren 16ko erabakia, honi buruzkoa: irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bidez errepideen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea, orain arte AP-68 autobidean (Bilbao-Zaragoza) euskal lurraldetik doan tartean Estatuko Administrazioak egikaritu dituen eginkizunei eta zerbitzuei dagokienez.

Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, aurretiaz Lehendakaritzak onartuta eta Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 30ean egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Onartzea Transferentzien Batzorde Mistoaren 2019ko apirilaren 16ko Erabakia, honi buruzkoa: irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bidez errepideen alorrean Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea, orain arte AP-68 autobidean (Bilbao-Zaragoza) euskal lurraldetik doan tartean Estatuko Administrazioak egikaritu dituen eginkizunei eta zerbitzuei dagokienez, apirilaren 26ko 314/2019 Errege Dekretuak ezarritako terminoetan. Horrez gain, dekretu hau osorik Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

2. artikulua.– Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak eta horien baliabide materialak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita geratuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 30ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA, APIRILAREN 30EKO 71/2019 DEKRETUARENA
314/2019 ERREGE DEKRETUA, APIRILAREN 26KOA, ERREPIDEEN ALORREAN IRAILAREN 26KO 2769/1980 ERREGE DEKRETUAREN BITARTEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATUTAKO ESTATUKO ADMINISTRAZIOAREN EGINKIZUNAK ETA ZERBITZUAK GEHITZEKOA

Konstituzioaren 149.1.21 artikuluan ezarrita dago Estatuak duela eskumen esklusiboa autonomia-erkidego batetik baino gehiagotik igarotzen diren trenbideen eta lurreko garraioen gainean.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan ezarrita dago bide eta errepideen arloan lurralde historikoetako foru-aldundiek oso-osorik gordeko dituztela gaur egun dituzten lege-araubidea eta eskumenak edo, hala dagokionean, Autonomia Estatutu horren 3. artikuluaren arabera berreskuratzeko dituztenak, Konstituzioaren 148. artikuluko 5. apartatuko 1. zenbakian jasotako eskumenez gain. Era berean, konstituzio-xedapen horrek autonomia-erkidegoei baimena ematen die errepideen arloan eskumenak hartzeko, betiere errepideen ibilbide osoa autonomia-erkidegoan kokatuta badago, baita errepidezko garraioaren gaineko eskumenak ere, baldintza berberetan. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoek, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak babesten duen foru-berreskuratzearen arabera, bereziki errepideen arloko eskumenak har ditzakete osorik edo zati batean euren lurraldetik doazen tarte guztien gainean; izan ere, espresuki horrela jaso zuen Konstituzio Auzitegiak 65/1998 epaiaren 6. oinarri juridikoan.

Irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bidez errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion.

Azkenik, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dituzte Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoak, 2019ko apirilaren 16ko bileran, irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bitartez Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako errepide alorreko eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeari buruzko erabakia hartu zuen. Erabaki hori Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.

Ondorioz, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa betetzeko, Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroaren proposamenez eta Ministro Kontseiluak 2019ko apirilaren 26ko bilkuran gaia eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.

Onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoak 2019ko apirilaren 16ko bileran hartutako erabakia, errepide alorrean irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeari buruzkoa. Erabaki hori errege-dekretu honen eranskinean jaso da.

2. artikulua.– Eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea.

Ondorioz, gehitu egiten dira Estatuko Administrazioak irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bidez errepide alorrean Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak, Batzorde Mistoaren erabakian ageri den bezala eta bertan zehaztutako termino eta baldintzen arabera.

3. artikulua.– Gehitzearen eraginkortasuna.

Batzorde Mistoaren erabakian agertzen den egunetik aurrera izango du eragina gehitze horrek.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Errege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean, eta argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Madrilen, 2019ko apirilaren 26an.

FELIPE E.

Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroa,

MERITXELL BATET LAMAÑA.

ERANSKINA, APIRILAREN 26KO 314/2019 ERREGE DEKRETUARENA

Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuko bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoko idazkariak diren aldetik, honako hau

ZIURTATZEN DUTE:

Transferentzien Batzorde Mistoak, 2019ko apirilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabaki bat hartu zuen irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bidez Estatuko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoari errepideen arloan eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzeko, honako baldintza hauen arabera:

A) Gehitzearen oinarri diren konstituzio- eta estatutu-arauak.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan ezarrita dago bide eta errepideen arloan lurralde historikoetako foru-aldundiek oso-osorik gordeko dituztela gaur egun dituzten lege-araubidea eta eskumenak edo, hala dagokionean, Estatutu horren 3. artikuluaren arabera berreskuratzeko dituztenak, Konstituzioaren 148. artikuluko 5. apartatuko 1. zenbakian jasotako eskumenez gain. Era berean, konstituzio-xedapen horrek autonomia-erkidegoei baimena ematen die errepideen arloan eskumenak hartzeko, betiere errepideen ibilbide osoa autonomia-erkidegoan kokatuta badago, baita errepidezko garraioaren gaineko eskumenak ere, baldintza berberetan. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoek, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarriak babesten duen foru-berreskuratzearen arabera, bereziki errepideen arloko eskumenak har ditzakete osorik edo zati batean euren lurraldetik doazen tarte guztien gainean; izan ere, espresuki horrela jaso zuen Konstituzio Auztiegiak 65/1998 epaiaren 6. oinarri juridikoan.

Irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bidez errepideen arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion.

Azkenik, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dituzte Estatuko Administrazioaren zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko modua eta prozedura.

Konstituzioaren eta Estatutuaren aurreikuspen horietan oinarrituta, formalizatu egin behar da Estatuko Administrazio Orokorrak irailaren 26ko 2769/1980 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari errepideen arloan eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak gehitzea.

B) Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko dituen eginkizunak, eta gehituko diren zerbitzuak identifikatzea.

1) Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaio AP-68 Bilbao-Zaragoza autobidean euskal lurraldetik doan tartearen titulartasuna –1. zerrendan zehazten da–, bai eta horri dagokionez orain arte Estatuko Administrazio Orokorrak izan dituen eginkizunak eta zerbitzuak ere, hargatik eragotzi gabe alor horretan foru-aldundiek dituzten eskumenak.

2) Eskualdatutako autopista-tartearen eskualdatzeak errespetatu egingo du ukitutako emakidari aplikatu beharreko araubide juridikoa, baldin eta araubide hori ez badu espresuki aldatzen erabaki honek edo 5. apartatuan aurreikusitako Batzorde Teknikoaren erabakiak.

3) Beharrezko koordinazio-neurriak hartuko dira Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, azken horren parte-hartzea sustatzeko enpresa emakidadunaren harreman- eta kontrol-organoetan. Zehazki, sozietate emakidadunaren kontuak berrikusteko entzunaldi-tramitea emango da –aurretiazko zentsura izaerarekin–, Emakida araubideko autobideak eraikitzeari, kontserbatzeari eta ustiatzeari buruzko urtarrilaren 25eko 215/1973 Dekretuaren bidez onartutako klausula orokorren agiriaren 50. klausularen arabera. Batzorde Teknikoan akordioa lortu ostean, neurri horiek eragina izateari utziko diote.

4) Batzorde Teknikoak ezarriko ditu baldintzak sortzen diren administrazio-emakiden kudeaketa desberdindu eta banandua gauza dadin. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren ordezkari-kopuru berdinak osatuta egongo da Batzorde Tekniko hori.

5) Batzorde Teknikoak urtebeteko epearen barruan lortu beharko du akordioa. Sortutako emakida bananduen araubide juridikoa arautuko du akordio horrek, eta, gutxienez, arlo hauek jasoko ditu:

– Plan ekonomiko-finantzarioak banantzeko bidezkotasuna.

– Emakidaren banantzea eta sortutako emakida-kontratuei aplikatu beharreko araubide juridikoa.

– Tarifa-araubideak izan ditzakeen aldaketak.

– Egin beharko liratekeen obra berriak, hala badagokio.

– Berrorekatze ekonomikorako neurriak, hala badagokio.

– Kontratuaren iraupenaren edozein aldaketa, emakidak banantzen ez diren bitartean.

6) Akordio hori lortu arte eta ezarritako urtebeteko epean emakiden banantzea gauzatu arte, Batzorde Teknikoak akordioa lortu ostean, AP-68 autobidearen sozietate emakidadunari dagokionez, Estatuko Administrazioak bere gain hartuko ditu indarreko emakida-kontratua aplikatzean ondorio ekonomiko eta finantzarioak sortzen zituzten betebehar eta eskubide guztiak, hargatik eragotzi gabe bi administrazio publikoak lotzen dituzten koordinazio- eta lankidetza-betebeharrak.

Aldi baterako epe horretan, Sustapen Ministerioak, indarreko araudiaren arabera, modu esklusiboan egikarituko ditu Administrazio emakida-emailea del aldetik dagozkion eginkizunak, hemen jasotako alderdietan izan ezik:

– Eusko Jaurlaritzak onartu ahal izango ditu emakidadunak hirugarrenekin sinatzen dituen kontratuak eskualdatutako tartean autobideko zerbitzuguneak ustiatzeko.

– Eskualdatutako tarteari eragiten badio, autobideko zerbitzu-erregelamenduaren gaineko txostena egingo du Eusko Jaurlaritzak, erregelamendu hori eguneratzen bada.

– Eusko Jaurlaritzak izapidetuko ditu autobidearen erabiltzaileek egiten dituzten erreklamazioak eskualdatutako tarteari dagokionez.

– Eusko Jaurlaritzak ustiapena ikuskatzeko eginkizunak egin ahal izango ditu eskualdatutako tartean. Halaber, bere tartean sortzen diren ustiapen-gorabeheren jarraipena eta kontrola egin ahal izango ditu; horrez gain, gorabehera horiek konpontzeko neurriak proposatuko ditu Batzorde Teknikoan.

C) Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak batera beteko dituzten eginkizunak eta lankidetzan aritzeko moduak.

1) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegokoak koordinazio eta lankidetza egokia izango dute, eta aurreko paragrafoan aipatutako Batzorde Teknikoan konpondu ahal izango dituzte desadostasunak.

2) Indarrean den Estatuko legerian aurreikusitako arau teknikoak eta seinaleztapenari dagozkionak aplikatuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoak titulartasun-eskualdaketa izango duen autobide-tartean.

3) Estatuak errepideen eraikuntzaren eta kontserbazioaren arloan sinatu dituen nazioarteko tratatu eta hitzarmenak beteko ditu Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 20.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

D) Estatuko Administrazioari dagozkion eginkizunak eta zerbitzuak.

Erabaki honetan aipatzen den gehikuntzak ez ditu inola ere aldatuko Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 17. artikuluan zehaztutako alorretan Estatuko Administrazio Orokorrak dituen eginkizunak eta zerbitzuak, artikulu horretan ezarritako moduan eta baldintzetan.

E) Eskualdatzearen eraginpeko aurrekontu-kredituak.

Estatuko Administrazio Orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoari egingo dion eskualdatze horri lotutako estatu-mailako urteko kostu osoa, 2019ko ekitaldian, 2. zerrendan jasotakoa izango da.

F) Dokumentazioa eta espedienteak entregatzea.

Gehituko diren eginkizunen eta zerbitzuen agiriak eta espedienteak hilabeteko epean entregatu behar dira, erabaki hau onartzen duen errege-dekretua argitaratzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

G) Gehitzea indarrean jartzea.

Gehitzea indarrean jarriko da eskualdaketa honen xede den autobide zatiari Estatuko errepide-sarean baja emateko errege-dekretua indarrean jartzen den egunean.

Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau ematen da, Madrilen, 2019ko apirilaren 16an. Batzorde Mistoaren idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.

1. ZERRENDA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATUTAKO ONDASUNEN ZERRENDA

AP-68 (Bilbao-Zaragoza) autobidea

77,597 kilometroko bide-zatia, autobidea Bilbon hasten den lekuaren, zehazki 0+000 kilometro-puntuaren eta Araba eta Burgos probintzien arteko mugan dagoen 77+597 kilometro-puntuaren artekoa.

2. ZERRENDA
ESTATU-MAILAKO URTEKO KOSTU OSOA
17. ATALA SUSTAPEN-MINISTERIOA
(EUROAK, 2018KO AURREKONTUAK)
(Ikus .PDF)

Balorazio hori, 17.20.441M.4 aurrekontu-partidarekin lotuta, behin-behinekoa da, erabaki honen B) apartatuaren 5. puntuak aipatzen duen Batzorde Teknikoaren erabakia hartzen den arte, zeinaren datak zehaztuko baitu erreferentziazko aurrekontu-ekitaldia, abenduaren 28ko 11/2017 Legearen 11.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako (11/2017 Legea, abenduaren 28koa, Euskadiko Kupoa zehazteko metodologia onartzen duena 2017-2021 bosturterako); horrez gain, doitu egin ahal izango da, bi administrazioek hala adosten badute. Berrikusketa hori, hala badagokio, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan formalizatuko da.


Azterketa dokumentala