Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2019ko maiatzaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2081

AGINDUA, 2019ko apirilaren 24koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez ematen baitira langileek, dagozkien ordainsariak jasota, 2019ko maiatzaren 26ko Tokiko, Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako eta Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetan parte hartzeko arauak.

2019ko maiatzaren 26rako Tokiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietarako eta Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako deia egin denez gero, beharrezkoa da Sailak neurriak ezartzea langileek kontsulta horretan parte hartu ahal izan dezaten, haien ordainsariak jasota.

Horretarako, eta urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.3.d) artikuluak zehazten duena aintzat hartuta, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedaturikoaren arabera indarrean dagoen legedia gauzatuko da.

Horren ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea hauteskunde-egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten langileei.

1.– 2019ko maiatzaren 26an hautesleak, hauteskunde-mahaiko kideak, kontu-hartzaileak edo ahaldunak izanik, egun horretan Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedena baliatzen ez dutenek egun horretan dagokien lanaldian ordainduriko baimen bat baliatzeko eskubidea izango dute, deitutako tokiko eta Europako Legebiltzarreko, Tokiko eta Batzar Nagusietako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, hurrengo ataletan ezartzen diren baldintzetan.

2.– Adierazitako baimena ezin da berreskuratu, hauteskunde-kolegioak irekiak dauden orduen barruan baliatu behar da, eta zerbitzuak normaltasunez eman izango balitu jasoko lukeen soldatarekin ordaintzen du enpresak.

3.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimena jasotzeko eskubidea duten langileek jaso behar duten soldataren zati bat prima edo pizgarri batekin dago osatua; aipatutako zatia aurreko azken sei hilabeteetan adierazitako kontzeptuagatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera kalkulatu behar da.

2. artikulua.– Bozkatzeko eskubidea balia dezaketen langileentzako baimenaren iraupena.

1.– 2019ko maiatzaren 26an bozkatzeko eskubidea baliatu nahi dutenek, egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiarekin lau ordu edo gehiago uztartzen bada, lau orduko ordainduriko baimena izango dute, hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko dutena.

2.– Ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko da.

3.– Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute.

3. artikulua.– Baimena erabiltzeko unea zehaztea eta haren erabilera justifikatzea.

1.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritza izango da, lanaren antolamenduaren arabera, bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia zehaztuko duena, nolanahi ere hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan.

2.– Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bere langileei eskatzeko bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.

4. artikulua.– Hauteskunde-mahaietako kideen eta kontu-hartzaile funtzioak betetzen dituztenen baimena hauteskundeen egunean.

1.– 2019ko maiatzaren 26an, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kideak direla edo bertan kontu-hartzaile funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei, adierazitako egunaren lanaldi osoko baimena emango zaie; baita hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.

2.– Aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kideak edo kontu-hartzaileak direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie, adierazitako paragrafoak ezartzen dituen baldintza berberetan.

3.– Baimen horiek, berreskuratu ezin direnak, enpresak ordaindu behar ditu hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.

5. artikulua.– Hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten ahaldunen baimena.

Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluak aurreikusten duen asteko atsedena baliatzen ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Txanda-aldaketa.

Agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek hauteskunde-egunaren aurreko egunean gaueko txandan lan egin behar badu, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, betiere interesdunak eskatzen badu.

7. artikulua.– Posta bidezko botoa emateko ziurtagiriaren eskaera egiteko baimena.

1.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun garatzen dutenei edo 2019ko maiatzaren 26an botoa emateko eskubidea gauzatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako baldintza batzuetan lan egiten dutenei, beren botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.

2.– Adierazitako baimena posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatzeko legez gaitzen diren egunetan baliatu ahal izango da; kasu horretan, agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatzen da; eta, hauteskunde-kolegioei edo hauteskunde-mahaiei egindako erreferentzia guztiak Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo posta-bulegoei egindakotzat hartu behar dira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 24a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala