Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

82. zk., 2019ko maiatzaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
2076

AGINDUA, 2019ko apirilaren 17koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena; horren bidez 2019ko ekitaldirako laguntza itzulgarriak deitzen eta arautzen dira oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu Industria programa.

Azken bi hamarkadetan, EAEko ekonomia errotik eraldatu eta modernizatu da. Gure ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak Europar Batasuneko batez besteko tasak baino handiagoak izan dira.

Egoera horri esker, administrazio publikoek fase berriak urratu ahal izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna garatzeko bidean, eta beste fase bati ekiteko moduan daude, batez ere berrikuntzan oinarrituta. Gero eta erronka gehiago ditugu gure inguruan, baina baita aukera ugari ere enpresen arteko lehia pizteko, kalitate oneko enplegua sortzeko, ekoizpen-jarduerak errotzeko bai eta, horietatik, batik bat, Industria 4.0 esaten zaiona baliatzeko ere; enpresa errealitatean inpaktu handia dauka programa horrek, ikuspegi kontzeptual eta estrategiko berria galdegiten baitio Euskadiko industriari.

Gaur egun, inoiz ez bezala, industria ekoizpen-jarduera baino askoz gehiago da, teknologia baino askoz gehiago, eta bultzada berezia behar du, aberastasunean, enpleguan eta teknologiaren garapenean daukan eragin nabarmenagatik.

Testuinguru horretan, Gobernuaren laguntza ezinbestekoa da oraindik ere, gure lurraldean industria garatuko bada, enpresek inbertitzeko, laguntza horri esker merkatuan elkarren lehian ibiltzeko eta aberastasuna eta enplegua sortzeko baldintza egokiak ematen ditu-eta.

Gobernu-programaren ildotik eta Enpleguaren eta ardatz duen Suspertze Ekonomikoaren aldeko 2017-2020 aldirako Esparru Programako helburuak betetzeko asmoz diseinatu da 2017-2020 aldirako Industrializazio Plana, industria bultzatzeko lana egituratu eta koordinatzeko. Industria-politikako oinarrizko instrumentuak ez ezik, industriaren lehiakortasunari eragiten dioten faktoreen inguruan industria sustatzeko taxutu diren erreminta eta ekintza berriak ere lantzen ditu.

Gainera, Industrializazio Planak 2030 Agendako helburuei eragingo die, horrek ere industrializazio inklusiboa eta jasangarria sustatu nahi baitu, eta berrikuntza piztu. Halaber, Europa 2020 estrategiaren barruan kokatuta dator Plana, industriari hazten laguntzeko eta enplegu gehiago eta hobea sortzeko.

Ezinbestekoa dugu enpresa bideragarriei, are gehiago ETEei, finantzazioa erraztea, faktore bakarra ez bada ere, finantzazioa baldintza erabakiorra delako enpresa handitzeko ala ez handitzeko, eta lehiakorrago izateko egin beharrekoak egiteko, baita teknologia edo berrikuntzako oinarria duten proiektuei indarra emateko ere.

Itzultzeko laguntzak eskuratzeko finantza-instrumentuak landu eta aplikatzearen alde egin du Industria Garatzeko Zuzendaritzak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntza-formula klasikoak bazter utzita.

Aurreko ekitaldietatik ikasitakoa ikasita, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegitura Sailak erabaki du itzuli beharreko dirulaguntzen deialdi berria landu eta burutuko duela 2019ko ekitaldirako (hala daukalako jarrita Dirulaguntzen Plan Estrategikoan. Agindua, 2019ko martxoaren 6koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena), teknologiako edo berrikuntzako muina duten ETEak sortu eta handitzen laguntzeko. Gauzatu Industria programa.

Deialdi honetan Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko da (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra).

Jarraibide horien arabera, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorreko printzipio arau-emaileei buruzko Legearen IV. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako testu bateginean) eta 887/2006 Errege Dekretuak garatutako Dirulaguntza Orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, deialdia Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak aurreikusita dituen aurrekontu-kredituen kontura doa, (orduko aurrekontuak 2019rako ere luzatu zituen Legeak, Euskadiko aurrekontu-araubideen kontuan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren bidetik: maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. Tituluak dauka zehaztu nola izango den luzapenen araubidea).

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea 2019. ekitaldirako laguntza itzulgarriak arautzea eta horietarako deialdia egitea da. Laguntza horiek, zehazki, oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko dira.

2. artikulua.– Indarraldia.

Agindu honetako xedapenak, 2019. urtean, deialdi honen babespean emango diren laguntzei aplikatu ahalko zaizkie, haiek guztiz likidatu arte.

3. artikulua.– Laguntzen izaera.

Laguntza itzulgarriak izango dira, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira.

4. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Deialdi honen xede diren laguntzek bete beharko dute:

1.– Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua aplikatuko zaie (L 187 Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratu zen, 2014ko ekainaren 26an), horren arabera bateragarri jotzen baitira zenbait laguntza-kategoria eta barne-merkatua, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz (aurrerantzean, Salbuespenen Erregelamendu Orokorra). Laguntzak Erregelamendu horren 17. artikuluan aurreikusten dira, inbertsiorako laguntzak ETEtarako.

2.– Subsidiarioki, laguntza sektorialei buruzko araudiaren menpe egongo dira; baldin eta errespetatzen bada Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 1. artikuluan ezartzen diren laguntza-kategoriak kanpo uztea.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Abenduaren 22ko 5/2017 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez, 2019ko ekitaldirako luzatu baita, eta Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bateginaren IX. tituluan aurrekontu-luzapenaren erregimenari buruz jasotzen denaren arabera (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartua), kreditu nahikoa dago deialdi honetara bideratzeko. Gauzak horrela, 28.000.000,00 euro dira 1. artikuluan azaldutako xedera bideratzen diren baliabide ekonomikoak.

2.– Eman beharreko laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko kontsignazio hori, edo kontsignazio hori eguneratzen denean ateratzen dena, betiere indarrean dagoen legerian kredituak lortzeko edo aurrekontuak aldatzeko aurreikusten den erregimenari jarraikiz eta horiei buruzko ebazpena eman aurretik. Hori gertatzen bada, Industria sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradunak izan daitezke Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE), baldin eta oinarri teknologikotzat eta/edo enpresa berritzailetzat jotzen badira ETE horiek, eta, gainera, erauzketako, eraldaketako eta produkzioko industria enpresak badira eta zerbitzu teknikoak egiten badituzte (produktu-prozesuari lotuak).

2.– Laguntza hauek eskuratzeko moduan izango dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko talde enpresetako (alegia, akzioetan parte-hartzea, % 100ekoa ere bai, baduten enpresez osatutako taldeetako) enpresek, laguntza jasotzeko eskatu badute, eta denek ere aurreko atalean zehaztutako ezaugarriak eta hurrengo idatz-zatiko definizioa badute, egoera ekonomiko kontsolidatua kontuan hartuta.

3.– Enpresa txiki eta ertaintzat (ETE) joko dira ondoko hauek guztira, 250 langiletik behera izatea eta urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo, bestela, urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.

Enpresa txikia izango da guztira, 50 langiletik behera izatea eta urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.

Beste batzuekin elkartuta edo lotuta dauden enpresen kasuan, enpresa-taldeak bete beharko ditu baldintza horiek.

Arestian adierazitakoa bestela interpretatzeko, kontuan izango da zer ezartzen den Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean.

4.– Edonola ere, ETEek ekoizpen-zentro bat edo gehiago eduki behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean, gutxienez 3 urtez eduki ere, zentro horietarako inbertsioak lagunduko baitira dirulaguntza hauen bitartez.

5.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, baita dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak ere.

6.– Enpresa eskatzaileek, dirulaguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz, ezta ezin izango dira izan onuradun armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen diharduten entitateak; abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

7.– Dirulaguntza hauek jasotzeko ezinbesteko baldintzak inbertsioa eta enplegua exekutatzeko aldia bukatu arte bete behar dira.

7. artikulua.– Erakunde baztertuak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak ezin izango dira honako hauek izan:

1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidegoko administrazioa osatzen duten erakundeak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa.

2.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko teknologia-ikerketako erakundeak.

3.– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren) 13. artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.

4.– Europar Batasunean laguntzak berreskuratzeko aginduren baten mendeko zorrak dituzten enpresak, Europako Batzordearen aurretiazko erabaki batek laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo eta gero.

5.– Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko jarraibideetan emandako definizioaren arabera (C249 EBAO, 2014–07–31koa).

8. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresak.

1.– Enpresak teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat jotzeko, honako irizpide bat edo batzuk bete behar dira:

● Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea; energia, fabrikazio aurreratua eta biozientziak-osasuna esparruek lehentasuna izango dute, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskadi 2020 Planean (RIS3 – Espezializazio Adimentsua) xedatutakoa betez.

● I+G+b-n inbertsio ugari egina izatea.

● I+G+b-ko proiektuak ustiatzea.

● Teknologia babestuaren eitekoa izatea proiektu horien jabetza industriala.

● Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua.

● Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza teknologikorako sarbidea izatea.

● Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa.

● Honako enpresa eta berrikuntza zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta eta/edo tutelatuta direnak lanean:

● Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Gipuzkoa).

● Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (BIC Araba).

● Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa (BIC Bizkaia Ezkerraldea).

● Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).

● Enpresa-berrikuntzaren dimentsio globala kontuan hartzea.

● Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.

● Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta enfasi berezia egitea informazioaren eta komunikazioaren teknologiak sartzen enpresaren jardueran eta negozio-ereduan.

● Berdintasun-plana izatea, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako lankidetzan ari den erakunde baten ziurtagiriak izatea, jazarpen sexistaren kontrako protokoloak, lana eta familia uztartzeko neurriak eta abar izatea.

2.– Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko programen babesean egindako ikerketa eta/edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria badute.

3.– Dena den, enpresa baten oinarria teknologia edo berrikuntza direla jotzeko, ezinbestekoa izango da Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Sustapen Sailaren aldeko txostena; horrekin batera Estrategia eta Teknologia eta Berrikuntza Unitateak (UETI) landutako beste txosten bat ere aurkez daiteke.

9. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia eta Finantzen Euskal Institutua; betiere, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz. Horrez gain, arau honetan jasotako zehaztasunak beteko dira, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetuz.

2.– Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Hauek hartzea dagokio: dirulaguntzaren eskabidea, eta haren berariazko uko-egitea, egin beharreko jarduerak egiteko epearen luzapen-eskabidea eta inbertsioen deklarazioa –horiek guztiak, ezarritako bitarteko telematikoen bidez–. Halaber, beharrezkoa balitz, hutsak zuzentzeko errekerimendua egitea ere badagokio.

b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.

c) Azterketa teknikoak eta inbertsioen eta bideragarritasun-planaren ebaluazioa.

d) Inbertsioen eta enpleguaren gaineko txosten teknikoa, Ebaluazio Batzordeari bidaltzeko.

e) Dirulaguntzak eman edo ukatzeko hasierako proposamena.

f) Ordainketa-proposamena eta ikuskatze-errekerimenduak egitea.

3.– Finantzen Euskal Institutuak, erakunde laguntzaile gisa, eginkizun hauek izango ditu:

a) Beharrezkoa den finantzaketa ematea, deialdi bakoitzean onartutako laguntza-neurriek eboluzio eta garapen egokia izan dezaten.

b) Onuradunei onartutako maileguak eskaintzea, eskumena duen zuzendariak ordainketak baimentzeko emandako ebazpenetan adierazitako zehaztapenetan eta baldintzetan, Agindu honen 21 artikulua (ordainketa-ebazpenaren ingurukoa) aplikatuta.

c) Berariaz kontabilizatzea laguntzei lotutako zenbatekoak Administrazio Orokorrarekin zorduna edo hartzekoduna den kontu korronte batean, erakundearen ohiko trafikoa osatzen duten gainerako operazioak gorabehera.

d) Dirulaguntzen kudeaketari loturiko xehetasun guztiei buruzko informazioa ematea Industria Garatzeko Zuzendaritzari, kudeaketa-datu nabarmenenak bidaliz, hiru hilabetean behin.

e) Aurreko apartatuarekin lotutako kudeaketa-datu nabarmenenak jasoko dituen urteko likidazioa egitea.

f) Itzulitako zenbatekoak eta –hala dagokionean– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira transferitzea urtero, FEIk Gauzatu Industria 2019 programa gauzatzeko bere gain hartutako zorpetzea ezereztutakoan.

g) Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta hori egitea dagokien Jaurlaritzaren organoek (Kontrol Ekonomikoko Bulegoa eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila) egin ditzaketen dirulaguntzen kudeaketari buruzko egiaztaketa-jardueretara meneratzea.

4.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak kudeatzen laguntzeko erakundeek ezinbestean bete behar dituzte Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 15. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko araudietan ezartzen zaizkien betebeharrak eta erantzukizunak.

10. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.

Onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Emandako laguntza onartzea. Horren inguruan, enpresek ez badiote beren beregi eta idatziz laguntzari uko egin, laguntza onartu dutela joko da; halere, dirulaguntza ukatzeko moduan izango dira edozein momentutan, dirulaguntzaren lehenengo ordainketa baino lehen.

2.– Laguntza hori eman zen helbururako erabiltzea.

3.– Hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorkuntza bete eta justifikatzea.

4.– Inbertsioa gauzatzeko eta sortutako enpleguei eusteko epearen barruan igortzea organo kudeatzaileari eskatutako informazio osagarri oro, inbertsioak garatzeari eta gauzatzeari lotuta Administrazioak egoki irizten dien egiaztapenak egin ditzan.

5.– Inbertsioei lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.

6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako dirulaguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.

7.– Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, helburu berbera edo antzeko bat burutzeko, dirulaguntzak edo laguntzak, sarrerak edo baliabideak eskatu edo jaso badira, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

8.– Enpresak laguntza ilegitimorik badu, Europako Batzordeak dirulaguntza eman ostean erabaki negatiboa hartu duelako eta, ondorioz, itzultzeko agindua duelako, eta oraindik itzuli ez badu, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari.

9.– Bere egin beharko dituzte Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta desberdintasunei zor zaien errespetua.

10.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea.

11.– Eman den dirulaguntzaren indarraldian zehar egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta jasotako funtsak itzultzea, itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrak izanez gero.

12.– Enpresa ez deslokalizatzea; deslokalizaziotzat joko da enpresa onuradunaren ekoizpen osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo eramatea.

13.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren 50.2 artikuluan (Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutakoa), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edo.

11. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.

1.– Entitateek Euskal Autonomia Erkidego barruan eta gutxienez 3 urtez egitekoak dituzten inbertsioetarako emango dira laguntzak.

2.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiborako aktibo finkoak eskuratzea, baldin eta honako betekizun hauek betetzen badira:

a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, Kontabilitate Plan Orokorreko (azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotakoa) ondoko epigrafeetako definizioaren arabera:

203.– Jabetza industriala eta patenteak.

206.– Aplikazio informatikoak.

210.– Lurrak eta ondasun naturalak.

211.– Eraikuntzak.

212.– Instalazio teknikoak.

213.– Makinak.

214.– Tresneria.

215.– Bestelako instalazioak.

217.– Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.

«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, laguntza jaso dezaketen gainerako aktiboetako inbertsioaren bestekoa izango da. Gehieneko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa hartuko.

Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekin.

Aktiboen preziotzat joko da haien balio «garbia», hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

b) Aktiboak lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea.

Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin.

Baina laguntza jasotzeko beste aukera bat ere badago: konkurtso-prozedura fasean dagoen establezimendu baten aktiboak eskuratzea, edo aktibo horiek eskuratu ez balira fase horretan sartuko zen establezimenduaren aktiboak eskuratzea. Loturarik gabeko hirugarren pertsonei eskuratuko zaizkie aktiboak, eta eragiketa merkatuko baldintzetan egingo da.

c) Gutxienez hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta gutxienez hiru urte irautea enpresaren aktiboan.

d) Errenta-finantzamenduaren bidez finantzatu den inbertsioak beren beregi adierazi behar du errentamendu-kontratua amaitu ondoren erosteko aukera egongo dela, eta hori gauzatzeko konpromisoa bi alderdiek sinatuta, diruz laguntzeko modukoa dela joko bada.

e) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarren pertsonei lagata, ez kontraprestazioaz, ez kontraprestaziorik gabe.

f) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).

g) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira laguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez, hiru urtez egongo dira enpresaren aktiboan.

3.– Enpresa-talde bateko (alegia, akzioetan parte-hartzea, % 100ekoa ere bai, baduten enpresez osatutako taldeetako) enpresek egindako inbertsioak, beren prozesuak denak industria-jarduera berdinari lotuta badaude (erauzketa, eraldaketa, ekoizpena, zerbitzu teknikoak –produktua/prozesuari lotuak–).

4.– Elkartu edo lotutako enpresei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Sailari, Europako Batzordeak emandako 2014ko ekainaren 17ko Salbuespenei buruzko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, gainera, kanpo-auditoretzetan oinarrituta baloratuko dira.

5.– Ezin izango dute laguntzarik jaso:

a) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek.

b) Ordezkapen-inbertsioak.

6.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren Erregelamenduko 83. artikuluan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsi duena) xedatutakoaren mende egongo dira diruz lagun daitezkeen inbertsioetako gastuak. Haiek azpikontratatzen badira, lege horretako 29. artikulua eta lege honen Erregelamenduko 68 artikuluarekin bat etorriz arautuko dira.

7.– Laguntza-eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioak diruz laguntzeko modukoak izango dira baita ere, ziurtatzen baldin bada laguntza horrek efektu pizgarria izango duela.

Horretarako, eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioak ere kontuan hartuko dira, baldin eta erakunde eskatzaileak, inbertsio horiek egin aurretik, laguntza jasotzeko aurre-eskaria aurkeztu badu, idatziz. Aurre-eskari horrek, 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 salbuespen erregelamendu orokorraren 6.2 artikuluaren arabera, honako informazioa eman behar du:

a) Enpresaren izena eta tamaina.

b) Egin beharreko inbertsioen deskribapena (hasiera- eta amaiera-egunak barne), eta kokapena.

c) Proiektuen kostuen zerrenda.

d) Eskatutako laguntza mota (aurrerakin itzulgarria).

e) Gauzatzeko behar duen finantzaketa publikoaren zenbatekoa.

Kasu horretan, eskabidea aurkezteko epea ireki ondoren, interesdunak behin betiko eskabidea aurkeztu beharko du Agindu honetako 17. eta 18. artikuluetan adierazten dena kontuan hartuta.

12. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.

1.– Enplegua sortzeko konpromisoa eta, kasua kasu, hasierako plantilla bere horretan mantendu izana termino garbietan neurtuko da, «Langileen izenen zerrenda» agiria aurkeztuta (enpresak berak aurkeztu behar du).

2.– Horretarako, lehendik baziren enpresen kasuan, hasierako plantilla kalkulatzeko, hauek izango dira abiapuntuak:

a) deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa, edo

b) deialdia argitaratu aurreko 36 hilabeteetan plantilak izandako bilakaeratik eratorritako bataz besteko aritmetikoa, behar bezala justifikatuta, enplegua nabarmen murriztu dela egiaztatuta badago.

3.– Emakida-ebazpenean ezarritako denbora-horizontea amaitzean eta/edo inbertsioei buruzko deklarazioa aurkeztean, justifikatu egin beharko da hasierako plantillari eutsi izana eta/edo sortu den enplegua.

4.– Enpresa-taldeetako enpresen kasuan, enpleguaren gaineko justifikazioak eta jarraipenak taldeko enpresei bakarrik eragingo die, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta, gainera, enpresa-taldean industriako, erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko enpresak badira edo zerbitzu teknikoetako prozesuak egiten badituzte era horretako enpresentzat (denak ere produktu-prozesuari lotuak).

5.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin beharko zaie enpresa onuradunean, gutxienez hiru urtez, enplegua sortu den egunetik edo denbora-horizontea amaitzen denetik, luzapenak barne.

Enplegua sortzeko konpromisoaren jarraipena eta, kasuan kasu, hasierako plantilla ez galtzea justifikatzeko, hiru urteko batez besteko aritmetikoak kalkulatu behar dira, erakunde onuradunarekiko obligazio eta eskubideak indarrean badira.

13. artikulua.– Laguntza itzulgarrien ezaugarriak.

1.– Laguntzak dirulaguntza itzulgarrien bitartez emango dira, egin beharreko eta deialdi honetako urtearen barruan hasitako inbertsiorekiko proportzioan.

2.– Teknologia edo berrikuntzako oinarri duten enpresetarako dira laguntzak, baldin 6. eta 8. artikuluetako baldintzak betetzen badituzte eta gutxieneko inbertsio onetsia 120.000 eurokoa badute (11.2 artikuluan zehaztutako kontabilitate-epigrafeen arabera), eta inbertsio horrek, bide batez, lanpostuak ez galtzea edo sortzea ekarriko badu, inbertsioak hasi zirenetik 24 hilabeteko aldi maximoan.

3.– 22. artikuluak («Laguntzak itzultzea») ezarrita daukanaren arabera itzuliko dira laguntzak.

4.– Diruz laguntzeko moduko inbertsioaren % 35 izan daitezke dirulaguntza itzulgarriak, hurrengo 14. artikuluak xedatutakoaren arabera.

5.– Laguntzak gehienez ere 150.000 eurokoak izango dira sortutako enplegu bakoitzeko, eta 100.000 eurokoak gehienez, galdu ez den enplegu bakoitzeko. Inolaz ere ezingo da 1.500.000 euro baino gehiago jaso.

14. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

Laguntza itzulgarriak jaso dituzten ETEek aukera izango dute hurrengo intentsitateren bat aukeratzeko, teknologiako oinarria edo berrikuntzako oinarria izan.

(Ikus .PDF)

15. artikulua.– Bateragarri izatea.

Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiek batera ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 8. artikuluan ezarritako muga (EBAOren 187. zk., 2014ko ekainaren 26koa). Laguntza horien berri eman beharko zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.

Muga hori gaindituz gero, agindu honen babesean emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.

16. artikulua.– Eskaera ebaluatu eta baloratzeko organoa.

1.– Batzordea sortu da enpresek teknologiako edo berrikuntzako oinarria daukaten erabakitzeko, SPRIk aurkeztutako txostenak eta aldi baterako proposamena aintzat hartuta; ebazteko eskumena daukan organoari helaraziko dio ondoren batzordeak bere behin betiko proposamena.

2.– Honako hau da batzordearen osaera:

Batzordeburua: Industria Garatzeko zuzendaria, Alejandro López Cárcamo.

Batzordekideak: Teknologia eta Estrategiako zuzendaria, Iosu Madariaga Garamendi; Industria Garatzeko zuzendaritzako enpresa-programako arduraduna, Rosa M.ª Murillas Maza; Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako teknologia-arduraduna Alberto Fernández Gonzalez; Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Enpresa sustatzeko zuzendaria, José Ignacio Tellechea Fernández;

Idazkaria: Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Ekintzailetzako eta Ekonomiaren Garapenerako arduraduna, Imanol Cuétara Camiruaga.

3.– Batzordeak bilkurak egiteko nahikoa izango da bertan batzordeburua, idazkaria eta gutxienez gainontzeko batzordekideetako bat egotea. Balorazio Batzordearen funtzionamenduarekin zerikusia duen eta atal honetan aurreikusi ez den orotan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko da.

4.– Ebaluatzeko eta baloratzeko batzorde hau eratzerakoan ahalegina egin beharko da behar bezalako gaitasuna, ahalmena eta prestakuntza daukaten eta Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak ondo dakizkiten gizon-emakumeen kopurua paretsu izan dadin.

17. artikulua.– Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, 2019ko ekainaren 11ko 12:00etan amaituko da.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta laguntzen emakida-deialdi honetan jasotako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legearen) 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Era berean, espedienterako sarbidea eta eskabidearen osteko gainerako izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira, helbide honetatik: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Behar bezala beteta aurkeztu behar da eskabidea, erakunde edo pertsona eskatzailearen sinadura aitortua daramala, eta agindu honetan adierazten diren agiriak izan behar ditu.

5.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legean (azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean) xedatutakoa betez.

6.– Dirulaguntza jasotzeko eskabide bat aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak, beharrezko den aldiro. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

7.– Ez da nahitaezkoa izango dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esku dauden indarreko agiriak aurkeztea. Kasu horretan, eskaeran bertan adierazi beharko da agiriok zein datatan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren.

8.– Nolanahi ere, SPRIk aukeran izango du erakunde eskatzaileei nahi beste agiri edo informazio gehiago eskatzeko, beharrezko irizten badio, aurkeztutako eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko. Bestalde, arau honetan berariaz aurreikusi ez diren gaietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legean) xedatutakoa aplikatuko da.

18. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Enpresa eskatzaileak eskabide bat bete beharko du eta, horrekin batera, kopiak dituzten fitxategiak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera. Izan ere, Agindu honetako 11.7 artikuluan adierazten den laguntzaren aldez aurretiko eskaeraz gain, hura aurkeztu balitz, hauek ere aurkeztu beharko ditu:

a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, plan industriala, ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta hura gauzatzeko epeak jasotzen dituena. Era berean, enpresa oinarri teknologikokoa eta/edo berritzailea dela frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira.

b) Eratze-eskrituraren kopia (enpresa eratu berria denean bakarrik), identifikazio fiskaleko txartelarena, eta pertsona eskatzailearen ahalordearena, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada.

c) Urteko kontuen eta dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, Sozietateen gaineko Zergaren azken bi aitorpenak edo –hala badagokio– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren azken bi aitorpenak.

d) Enpresako plantillaren eboluzioa jasotzen duen azken hiru ekitaldi ekonomiko naturalei buruzko memoria zehatza, urteka zehaztuta eta sexua, kategoria eta kontratu-mota bereizita, eta deialdi hau argitaratu aurreko 12 hilabeteetako langileen zerrenda nominala-RNT agiriak.

e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela frogatzen duten agiriak, hala nola: enpresako eta, egoki bada, harekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako urteko enplegu-datuak, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak.

f) Ekonomia-jardueren gaineko Zergan alta emanda egoteari buruzko dokumentua.

g) Erantzukizunpeko adierazpena. Indarren den zigor-araubide administratibo nahiz penalaren mende geratuko da adierazpen hori, baldin alderdi hauen inguruan datu faltsurik adierazi badute:

● Enpresa eskatzaileak laguntzaren deialdi-aginduan eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela.

● Enpresa ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

● Inbertsio berberetarako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatu zaizkien eta/edo haiengandik jaso diren laguntzen zehaztapena.

● Enpresa eskatzailea ez dagoela zigor- eta administrazio-arloko dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak (otsailaren 18ko 4/2005 Legeak) azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin.

● Enpresa eskatzailea ez dagoela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zigor-prozeduraren eraginpean.

● Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.

● Burutu gabeko dirua errekuperatzeko agindurik ez izatea, batzordeak hala erabaki duelako laguntzaren bat barne-merkatuarekiko bateragarri ez eta ilegal jo duenez; eta enpresa ez egotea krisian, krisian dauden finantza-arloaz besteko enpresak Salbatzeko eta Berregituratzeko Estatuko Laguntzen inguruko Jarraibide Komunitarioen arabera (DOUE 2014/C 249/01).

● Enpresa eskatzaileak enpresaren deslokalizazioa ez egiteko konpromisoa hartzen duela, dirulaguntza ematen den datatik hura osorik itzuli arte.

● Enpresa eskatzaileak ez duela ezarrita Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan jasotako debekurik.

19. artikulua.– Eskabideak aztertzea.

1.– Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Erakunde laguntzaileei buruzko 9. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen arabera.

2.– Eskabidean akatsak badaude, behar bezala beteta ez badago edo harekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa lehiakorrerako Sozietatea, S.A.-k enpresa interesdunari eskatuko dio 10 eguneko epean hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, aldez aurretik, Industriako sailburuordeak ebazpena emango du, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa betez.

3.– Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Enpresa Garapenerako Atalak txosten bat eman beharko du, eta bertan honako hauek aztertu beharko ditu: egin beharreko inbertsioak eta enplegua, negozio-plana eta, egoki bada, oinarri teknologikokoa duen eta/edo berritzailea den. Era berean, Estrategia eta Teknologia Unitate Estrategikoak txosten bat eman ahal izango du, inbertsioak oinarri teknologikokoak eta/edo berritzailekoak diren hobekiago aztertzekotan.

4.– Eskabideak aztertu ondoren, SPRIk txosten teknikoa bidaliko dio batzordeari, bai eta eskabideak onartu edo ez onartzeko behin-behineko proposamena ere.

5.– Ondoren, batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena bidaliko dio organo eskudunari.

20. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.

1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira. Industriako Sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak, baldintzak bete ez dituztenak baztertuz eta ontzat emandakoei dagozkien laguntzak izendatuz.

2.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenak kontu hauek zehaztuko ditu, gutxienez:

a) Dirulaguntza itzulgarria emango zaien eskabideen zerrenda; eta bakoitzaren kasuan, zein erakundek jasoko duen laguntza, zein inbertsio lagunduko den diruz eta zenbateko laguntza izango den.

b) Dirulaguntza itzulgarria ukatu zaien eskabideen zerrenda, eta bakoitzari zergatik ukatu zaion laguntza.

Enpresa onuradunei eranskin bana jarriko zaie, argi eta garbi adierazteko zer inbertsio-plan onartu zaien, zer inbertsio lagunduko zaien diruz, zer enplegu sortu beharko duen eta zenbateko laguntza eman zaien.

3.– Aurreko paragrafoak aipatzen duen ebazpenak ez dio amaiera ematen bide administratiboari; gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, hilabeteko epean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaio enpresa interesdun bakoitzari, banan-banan; hori gorabehera, urtean behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutakoa) testu bategineko 49.2 artikuluak xedatutakoari jarraikiz.

5.– Enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestean egon behar da amaituta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura.

6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ebazpenik ez bazaie jakinarazi interesdunei, dirulaguntzaren eskaera ukatu egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutako ondorioetarako.

21. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.

1.– Onuradunak taxututako inbertsioen adierazpena aurkeztu beharko du, egoitza elektroniko honen bidez: http://www.euskadi.eus/internet-bidezko-tramiteak/web01-s2kono/eu/ o www.spri.eus/gauzatu. Adierazpenean fakturen taula ere jarri beharko du, horretarako eredua goiko egoitza elektronikotik hartuta, eta azaldu beharko du, dirulaguntza jaso ondoren, ez daukala berreskuratzeko inongo agindurik Europar Batasuneko Batzordearen erabaki baten ondorioz, merkatu erkidegoarekiko bateraezina den laguntza ilegalen bat dela-eta.

2.– Aitortutako inbertsioak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte, eta kanpo-auditoretzen bitartez egiaztatu ahal izango dira. Enpresa onuradunak ikuskatze-zerbitzuaren eskueran jarriko ditu 18. artikuluko erantzukizunpeko adierazpenean aipatzen den dokumentazio guztia eta behin betiko fakturak. Azken horiek bat etorri beharko dute goian adierazitako faktura-koadroan zehaztutakoekin, eta horien bidez dirulaguntza publikoaren helburua bete dela frogatu behar izango da.

Era berean, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorreko (azaroaren 17ko 38/2003) 30. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzeko araudietan xedatutakoa betetze aldera behar diren agiriak eta informazio osagarria eskatu ahal izango dira.

Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, alderdi horiek guztiak egiaztatu ondoren, dirulaguntza itzulgarria ordaintzeko proposamena igorriko dio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.

3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, enpresak hiru hilabete izango ditu inbertsioei buruzko azken aitorpena aurkezteko.

Epe hori igarota, inbertsioak ebaluatuko dira; horretarako, oinarritzat hartuko dira egun horretara arte aurkeztutako inbertsio-aitorpenak eta egindako edo egiteko diren ikuskatze-lanak.

SPRIk, aurreko atalean aipatutako inbertsioak ebaluatu eta ikuskatu ondoren, laguntza itzulgarriaren azken likidazioaren txostena prestatutako du, justifikatutako inbertsioen arabera.

4.– Organo kudeatzailea den Industria Garatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, guztizkoa edo partziala, zehazteko.

Orokorrean, laguntza itzulgarriak urtean bi alditan ordainduko dira, zehatz (onuradunak zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzako obligazioak ondo beteta dauzkala egiaztatuta) justifikatu denaren proportzioan, baldin eta itzularazteko ebazpena jaso duelako zordun ez bada.

5.– Ebazpena Finantzen Euskal Institutuari helaraziko zaio, Erakunde Kolaboratzaileen 9. Artikuluak emanda dauzkan zereginen barruan, laguntza itzulgarria ordaindu dezan, zehazki, ebazpenean jartzen duen kopurua. Horrez gain, enpresari ere emango zaio ebazpenaren berri.

6.– Programa honen bidetik onargarritzat jo den laguntzarik ez zaio emango enpresa eskatzaileari baldin legez kanpoko laguntzaren bat jasota badu eta, laguntza hau jaso ostean, Europako Batzordeak ezezko erabakia hartu eta berreskuratzeko agindua eman badu, eta enpresak oraindik itzuli ez badu. Kasu hori gertatzen bada, espedientea abiaraziko zaio eta dagokiona itzuli beharko du.

22. artikulua.– Laguntzak itzultzea.

1.– Laguntza-itzulketek izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian gauzatuko dira Finantzen Euskal Institutuaren kontu batean, bost urtez.

2.– Honela ordainduko da laguntza:

a) Inbertsioak burutzeko ezarritako epea (dirulaguntza emateko ebazpenean dator) bukatu eta gero, urtebeteko karentzia izango dute enpresek dirua itzultzen hasteko.

b) Karentziako urte hori pasa eta gero egingo dute itzulketaren aurreneko partea, hau da, inbertsioak bukatu ziren ekitaldiaren osteko bigarren urtean.

c) Gainerako itzulketak segidan egingo dira, bosgarren urtera iritsi arte.

3.– Likidatutako laguntzaren bosten bat itzuli beharko dute urte bakoitzean, urtean bitan, alegia, bosten horren % 50 itzulketa bakoitzean. Itzulketak otsailean eta uztailean egin behar dira.

4.– Urteko itzulketak egin ondoren, likidazio-txostena idatziko du Industria Garatzeko zuzendaritzak, eta, txosten horretan azalduko du zer diferentzia egon den Administrazioaren alde edo aurka –halakorik egonez gero– eta zer interes aplikatu den (interesik aplikatu behar bada).

a) Diferentzia horiek hurrengo itzulketan konpentsatuko dira, behin betiko likidazio-txostenean ezarritako eran.

b) Diferentziak Administrazioaren aurkakoak izanez gero, egoki diren interesak aplikatu beharko dira, enpresa onuradunak oker egindako itzulketa egin zenetik aurrera.

c) Diferentzia horiek azken likidazioan aurkitzen badira, enpresa onuradunak likidazio hori zuzendu eta erregularizatu beharko du hiru hileko epean, eta egoki den kopurua itzuli beharko du, eta, orobat, onuradunak itzulketa oker egin zuenetik harako legezko interesak.

Hori guztia, betiere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretua: Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintza eta beharkizunak, organo eskudunak ebazpen administratibo bidez adieraziko du hark galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea, eta –hala badagokio– jasotako laguntzen printzipala itzuli behar diola Finantzen Euskal Institutuari, eta haren berandutza-interesak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretarako, ebazpen hori eman aurretik, organo eskudunak ez-betetzeari buruzko espedientea egin beharko du, eta interesdunari entzunaldia eman. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, lege-ondorio guztietarako.

2.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak guztiz eta nabarmen ez betetzeak –jarraipen eta kontrol mekanismoen bidez zehaztuko da hori–, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharra eragingo du, eta, horrela badagokio, jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea eta dirulaguntzaren onuradun izatea bera ere galduko dira.

Hau da, besteak beste, ez betetzea:

a) Ez gauzatzea agindu honetako 11. eta 12. artikuluetan enpleguari eta inbertsioei buruz ezarritako minimoak.

b) Ekitaldi bakoitzean sortutako itzulketak ez gauzatzea.

c) Inbertsioak beste eraren batean desbideratzea, edo ez betetzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.

d) Agindu honetako lagundutako inbertsioak deslokalizazioa.

e) Dirulaguntzak justifikatzeko agiriak ez aurkeztea.

3.– Laguntza ematea eragin zuten helburuak neurri batean ez betetzeak dirulaguntzatik horri dagokion zatia itzularaztea eragingo du, baita jasotzeke dauden kopuruak kobratzeko eskubidea galtzea ere.

4.– Ez da ez betetzearen ondoriozko espedienterik abiaraziko, baina bai aldatzeko espedientea, bai eta egokitzen dena itzularazteko espedientea ere, kasu hauetan:

a) Inbertsioak egiten ari diren bitartean enpresak ETE izateari uztea: kasu horretan likidazio bat egingo da, ETE izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez dituena kontuan hartuko. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedura aplikatuko da, 22. artikuluan adierazitako eran.

b) Agindu honen bidetik sortutako enplegua ez mantentzea 3 urtez. Deialdiko dirulaguntza garbia galtzea eragingo du honek, zehazki, enplegua sortzeko zatiari dagokiona.

c) Enpresak hasierako plantila mantentzen ez badu, dirulaguntza garbitik horri dagokiona itzuli beharko du, aurreko artikuluan xedatutako itzuli eta gero, betiere, seigarren urteko otsaileko azkeneko eguna baino lehen.

5.– Jasotako zenbatekoak eta egoki diren berandutza-interesak itzuli behar izango dira, halaber, honako hauetan ezartzen diren kasuetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuko 53. artikulua, eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikulua.

6.– Industriako sailburuordeari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea. Inbertsioak amaitu baino lehenagoko gorabeherak direla-eta, Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin dezake hori, edo, itzulketei buruzko gorabeheren kasuan, Finantzen Euskal Institutuak proposatuta.

7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna izango du –kasuan kasu aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena– eman dituen dirulaguntza itzulgarriak berreskuratzeko.

24. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo dirulaguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; baina horretarako, dirulaguntzaren arauak onuradun izateko arauetan ezarritako betekizunak bete behar dira.

2.– Horretarako, eta, edonola ere, izaera eta bete nahi diren helburuen kaltetan ez bada, aldaketak egiteko baimena emango du Industriako Sailburuordeak, aurretik Industria Garapenerako Zuzendaritzari edota SPRIri eskatu bazaio, eta bukatu aurretik erakunde onuradunak behar bezala justifikatu baditu.

Halakoetan, Industriako sailburuordeak ebazpen bat emango du, onartutako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak berregokitzeko.

3.– Hala, dirulaguntzak eman dituen administrazio-organoak aukeran izango du baimena ematea.

a) Egin beharreko inbertsioak burutzeko epearen luzapena, enpresak aurretik eskatu eta justifikatuz gero. Itzulketak hasi aurreti, gabealdiko urteko abenduaren 31ra arte iraun dezake aipatu luzapenak, gehienez. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da dagokion laguntzen ordainketa, baldin eta enpresak alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute.

b) Enplegua sortzeko eta, hala badagokio, hasierako pertsonalari eusteko luzapena, onuradunak hala eskatuta (ezarritako denbora-muga amaitu aurretik), edo Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak proposaturik. Aipatu luzapenak itzulketen 2. urteko abenduaren 31ra arte iraun dezake, gehienez ere.

4.– Aldaketa hauek ez dituzte ekarriko, baina, emandako dirulaguntza itzulgarriaren zenbatekoa aldatzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 17a.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.


Azterketa dokumentala