Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2019ko apirilaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
2009

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 8koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira 2019ko «Zabaldu» laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.

Zentzu horretan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatzen ditu euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira gure enpresen nazioarteko posizionamendua hobetzea helburu duten laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da euskal enpresen atzerriko presentzia areagotzeko, ekintzak sustatzeko helburuarekin.

Gorago adierazitakoaren arabera, honako hau

ERABAKI DUT:

Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, 2019 «Zabaldu» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen I. eranskinean.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, 2019 «Zabaldu» laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2019ko apirilaren 8a.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

I. ERANSKINA.
ZABALDU 2019 LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK.

Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Plana (aurrerantzean ENP) Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze eredua ezartzen duen tresna estrategikoa da. Plan horretan, enpresei kanpoko merkatuetara irekitzeko euren lehendabiziko urratsetan laguntzeko politika publikoa zehazten da, enpresa esportatzaile erregularrei balio erantsiko zerbitzuak ematearen aldeko apustu sendoarekin uztartuta, izan ere, enpresa horiek, lehiakortasuna irabazteko arrisku berriak hartzen ari dira, baita merkatuak dibertsifikatzen eta euren produktuak eta zerbitzuak merkatu globalen eskakizunetara egokitzen ere.

ENPri gehitu zaion berrikuntzetako bat laguntza-programak eta enpresetarako zerbitzu pertsonalizatuak hornitzea, segmentazio irizpide batek gidatua, laguntza-onuradunaren adskripzio sektorearen arabera, baita Euskadiko industria-politikaren lehentasunezko interes-sektoreekin duen lerrokatzearen arabera, eta enpresen nazioartekotze prozesuen heldutasunaren eta potentzial esportatzailearen arabera ere.

Aurretik egon zen Enpresak Nazioartekotzeko 2013-2016 Planaren estaldura pean, Global lehian programa izan zen tresna nagusia, aurrekontu-dedikazioan neurtua, Euskadiko ETE-ei laguntzeko kanpoko merkatuetara irekitzeko euren ekimenetan. Global Lehian dirulaguntza programa zen, zenbait motatako gastu guztietarako, esaterako, kanpora egindako bidaiak, bisitaldiak eta azoketan parte hartzeak, alderantzizko misioak eta gonbidapenak kanpoko bezero potentzialei, sustapenerako materiala, azterketak, ziurtagiriak... baita mota guztietako kanpoko ezarpenei lotutako gastu korrienteak eta erakundeetan arlo horretan adituak diren langile sartzeko gastuak ere.

Beste alde batetik, Nazio Batuek sustatutako Garapen Iraunkorreko Helburuei egindako ekarpenerantz doan ibilbideari ekin dio Eusko Jaurlaritzak. NBEk 17 helburu (GIH) onartu zituen, era guztietako pobreziari amaiera emateko, desberdintasunak murrizteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko, era berean, inor atzean gera ez dadila bermatuta.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bere egin du 2030 Agendak dakarren erronka unibertsala, eta bere politika publikoak 2030 Agendaren erronkak aintzat hartuta bideratzeko konpromisoari atxiki zaio. Horretarako, nazioartekotze estrategia bermatzen duten hautaketa irizpideak sartuko ditu, ekonomikoak nahiz sozialak, inplikatuta dauden lurraldeetarako.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak lidergoa hartuko du, baita enpresa guztiei euren nazioartekotzean laguntzeko erronka ere, ikuspegi inklusiboagotik eta iraunkorragotik. Horretarako apustu bikoitza egin du, alde batetik, kanpoko merkatuetan euren lehendabiziko urratsak ematen ari diren enpresei laguntzearen aldekoa, eta bestetik, lehendik esportatzaileak izanda, euren irismen globalean jauzi kualitatiboak eman nahi dituzten enpresei laguntzen jarraitzearen aldekoa.

Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoa ere badago, Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta lurraldeetako Merkataritza Ganberen lankidetza plataforma, koordinazioa hobetzeko eta nazioartekotze politika publikoak bultzatzeko. Era gehigarrian, Partzuergo horren ekimenez, 2017 eta 2018ko ekitaldietan, 4 euskal administrazioek sustatutako laguntza-programa guztien ebaluazioari ekin zaio. Programa bakoitzaren bakarkako eraginkortasuna aztertu da eta programak elkartzearen ondorioa ere bai. Azterketa horren emaitzek zera erakutsi dute, Global Lehian bezalako programek eragin positiboa izan dutela, produktibitate hobekuntza, ustiapen diru-sarreren igoera eta errentagarritasun ekonomiko eta irabaziak langile bakoitzeko terminotan neurtuta, aipatutako programaren onuradun izan diren eta izan ez diren enpresak alderatuta. Emaitza horiek administrazioek abiarazitako sustapen-politikak legitimatzen dituzte. Hala ere, ebaluazio-prozesuan lortutako beste emaitza batzuek programak berrikus daitezela gomendatzen dute.

Dirulaguntza ez itzulgarri publikoen bidez gauzatzen diren Zabaldu programaren laguntzak, euskal enpresen sustapen eta lan jarduera eustera bideratuta doaz, kanpoko merkatuetan duten barneratze-maila hobetzeko helburuz eta nazioartekotzearen erronkari aurre egiteko unean, bere profil intrintsekotik eratortzen diren zailtasun objektiboak gainditzeko helburuz.

Nazioartekotze estrategia batek enpresen nazioartekotze ekimen guztien ardatza izan behar duela ezartzen dute oinarri hauek. Horregatik, dirulaguntza jaso lezakeen lehendabiziko tresna izateaz gain, hori aurkeztea ezinbesteko eskakizuna da, nazioartekotzeko laguntzak eskatzeko unean. Nazioartekotze estrategia horien azterketak zehaztuko du funtsean, deialdia atera duen administrazioari dagokion laguntzei lotutako proiektuan ebaluazioa. Era berean, araudiak merkataritza ganberei esleitzen dien eginkizuna onartuta, Administrazioaren enpresa lankideak diren aldetik, beste gai batzuen artean, nagusiki, nazioartekotzean eta Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren kide direla aintzat hartuta, oinarrietan xedatuta daude SPRIren zerbitzu teknikoei emango zaizkien laguntza funtzioak eta eginkizunak, esleitzen zaizkion proiektuen ebaluazioan. Zuzenbide publikoko erakunde horiei aitortzen zaien euskal enpresen ezagutza aditua eta hurbiltasuna balioan jartzea ahalbidetuko du laguntza horrek, Zabaldu programaren zerbitzura, batez ere enpresa txikienen kasuan.

Azkenik, eta Programa honen bideratze egokirako, prozedura-eskakizunen arautzea eskatzen du, dagozkion burutze eta garatze oinarrien bidez.

1. artikulua.– Helburua.

Enpresak Nazioartekotzeko 2017-2020 Planean islatu diren Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuei jarraiki, gutxi nazioartekotuta dauden enpresei atzerrian duten presentzia areagotzen laguntzea eta nazioartekotze prozesuan zehar garapen iraunkorra sustatzea du helburu Zabaldu programak.

2. artikulua.– Laguntza-motak.

1.– Programa hau publizitate eta objektibotasun printzipioen mende dago bere egikaritzean nahiz ebazpenean.

2.– Laguntza horiek zuzen jaso diren eskabideen jarraikako aitortza prozeduraren arabera izapidetuko dira. Zentzu horretan, banan-banan eta ordenan ebatziko dira, eskabidea oinarri hauetan eskatzen den dokumentazioa eta guzti bete den unearen arabera.

3.– Programa honen markoan ematen diren laguntzak fondo galdurako laguntzak izango dira.

3. artikulua.– Araudi aplikagarria.

1.– Urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.

2.– Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

3.– Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloan oinarrizko legedia dena.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.

5.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duena eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen.

6.– Abenduaren 18ko Batzordeko (EB) Araudia, 1407/2013 zk., Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107 eta 108 artikuluak minimis-en laguntzei aplikatzeari buruzkoa (DOUE L 352/1).

7.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea.

8.– Azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskararen Erabilpena Arautzekoa.

9.– Abenduaren 28ko 14/2007 Legea, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzkoa.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Artikuluan ezarritako helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 5.520.000 eurokoak dira, eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Laguntzen esleipena ordenan egingo da, txostena osatuta dagoen unearen arabera.

3.– Programara bideratutako diru-kopurua agortzen denean, programa amaitu egingo da, eta gertaera hori SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren ebazpen bidez jakinaraziko da, www.spri.eus/zabaldu bere web-orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

5. artikulua.– Enpresa onuradunak.

1.– Programaren onuradunak izan daitezke euren nazioartekotze estrategia hasi edo sendotu nahi duten enpresak, beti ere, jarraian zehaztuko diren eskakizunak betetzen badituzte:

Izen soziala edo instalazio produktiboa Euskal Autonomia Erkidegoan duten mikroenpresak eta enpresa txikiak eta ertainak (ETE), beti ere, indarrean dagoen deialdia baino lehenago eratuak badira.

ETE definizioa Batzordearen 651/2014 (EB) Araudiaren 1. eranskinean zehaztutakoaren arabera aplikatzen da.

2.– Enpresa horien esportazioak ez du bere orotarako fakturazioaren % 40 gaindituko, 2018. urtean.

3.– Onuraduna izan ahal izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan iraun beharko du.

6. artikulua.– Laguntzetatik kanpo geratzen diren enpresak.

1.– Ezin daitezke onuradunak izan bitartekaritza lana baino ez eta/edo hirugarrenen produktuak banatu baino egiten ez duten enpresak.

2.– Laguntzetatik kanpo geratzen dira Europar Batasunaren barruko hurbileko merkataritzako eragiketak.

3.– Oinarri hauetan arautzen diren dirulaguntzen onuradun izatetik kanpo geratzen dira Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusi diren egoeretako bat betetzen duten pertsonak edo enpresak, egiteko dagoen berreskuratze agindu bati lotuta daudenak, Europar Batasuneko Batzordeak aldez aurretik hala erabaki ostean, laguntza bat merkatu bateratuarekin ez-bateragarria ata legez kanpokoa dela esan duenean, baita krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko Zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).

4.– Zigor penala edo administratiboa duten enpresak ere laguntzetatik kanpo geratzen dira, zigor horren ondorioz, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute, edo horretarako gaitasunik gabe utzi dituen legezko debekuren batean sartuta dauden enpresak, sexu arrazoiengatiko diskriminazioagatik gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenaren kariaz.

5.– Jarraian zehaztuko diren egoeren arteko batean dauden enpresak dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira:

a) Orotara 200.000 eurotik gorako minimis dirulaguntza jaso duten enpresak, indarrean dagoen jardunaldi fiskaleko eta aurreko ekitaldi bietako epealdian zehar kontabilizatuta.

b) 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan eta 38/2003 Legearen 13. artikuluan onuradun izaera lortu ezin dela zehazten duten suposizioetan, eta horiekin lotuta, bereziki:

i) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekikoak eta/edo erakunde laguntzaileekikoak egunean ez izatea, baita Eusko Jaurlaritzarekin dituen betebeharrekikoak, eta, halaber, zor muga-eguneratuak, erreklamatuak eta ez-ordainduak ez izatea SPRI Taldeko ezein enpresarekin.

ii) Egiteko izatea edozein Administrazioko edo bere sektore publikoetako edozein erakundeko aurrekontu publikoetatik datozen laguntzei edo dirulaguntzei dagozkien kopuruen itzulketa betebeharrak. Halaber, ez dute deialdi honetan parte hartzerik zehapen-prozedura batean zehapen irmoa jaso dutenek, prozedura horren jatorria, edo mota honetako programetan parte hartzea eragozten duen beste edozein, beti ere, zehapen hori betetzeko epealdian sartuta badaude. Enpresa mota horretako itzulketa edo zehapen prozeduraren batean sartuta badago, laguntza ematea edo ordaintzea, zehapen-prozesu horren emaitzara baldintzatuta geratuko da.

c) Kaudimengabe deklarazioa jaso badute prozeduraren batean, konkurtso deklarazioa eskatu izana, konkurtsoan deklaratuak egotea, esku-hartze judizialari lotuta izatea edo inhabilitatuak izan badira Konkurtso Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio epaian zehaztu den inhabilitazio epealdia amaitu barik.

6.– Enpresa eta bere legezko ordezkariak epai irmoren bidezko kondena izan dute lan osasunaren kontrako delituak egin izanagatik edo irmo zehatuak arau-hauste administratibo oso larria egin izanagatik aipatutako arloan, deialdi honen datatik atzerako 5 urteko epealdian.

7.– Lehiaren jokoa eragotzi, murriztu edo faltsutu dezaketen praktikak burutzen dituela egiaztatu badu eskudun agintaritzak.

8.– Armagintza ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen jardunez gero, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Kartari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean xedatutakoaren arabera.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

– Laguntza jaso dezakete 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean burututako ekintzak.

– Zabaldu programak aholkularitza estrategiko eta operatiborako 8 ordu doan eskaintzen dizkie laguntzaren enpresa onuradunei, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta/edo bere kanpoko sareak burutzekoa, 2019 urtean:

a) Basque Trade & Investment-eko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRIko adituek, hau da, kanpoko sarearen helmuga den merkatuan adituek emango dute aholkularitza operatiboa eta bulego bakoitzaren erabilgarritasunera doituko da.

b) Aholkularitza estrategikoa parte hartzen duten enpresen nazioarteko lehiakortasuna hobetzera bideratutako materia zehatzagoei buruzkoa da, euren ezaugarri partikularren arabera, eta Basque Trade & Investment-eko (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) eta SPRIko dagokien sektore-teknikariek emango dute eta erabilgarritasunera doituko da.

– Helmuga herrialdeetan jarduteko jarraian adieraziko diren akzioetatik, gutxienez, 2 mota desberdin egitea sustatzen du Zabaldu programaren eskaera bakoitzak:

– Nazioartekotze estrategia lantzea. Diruz laguntzekoa izango da nazioartekotze estrategia lantzeko kanpoko aholkularitza kontratatzea.

– Jabetza industrialari lotutako gastuak eta homologazioak:

• Patente eta marken erregistroa: beharrezkoak diren kudeaketa gastuak diruz lagunduko dira, baita helmuga herrialdeko erregistro ofizialetako inskripzio-tasak ere.

• Homologazioa eta ziurtapena: helmuga herrialdean exijitutako derrigorrezko homologaziotik eratorritako gastuak, horretarako egiaztatuak diren erakundeek eginak, baita ziurtapenak eta aurre-kalifikazioak bezero handien aurrean, kanpoan.

– Azokei lotutako gastuak:

• Azoketan parte hartzea, erakusketari gisa: erakusketari gisa parte hartzea lagunduko da, nazioarteko azoken kasuan, beti ere, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) taldeko parte hartzea antolatzen ez badu edo enpresak beste administrazio, elkarte edo kluster batekin parte hartzen ez badu ekitaldi berean.

• Espazioaren alokairua, standaren dekorazioa eta azoka bakoitzeko bidaia poltsa bat izan daitezke diruz lagunduak.

• Biltzarretan, foro espezializatuetan eta azoketan parte hartzea, bisitari gisa: izena-emateko ordaintzen den kuotak laguntza har dezake.

– Bidaiak:

• Prospekzio bidaiak, merkatuak aztertzeko eta/edo bezero potentzialak diren enpresekin kontaktatzeko eta/edo azokak bisitatzeko eta/edo biltzarretan edo foro espezializatuetan parte hartzeko. Gehienez 3 eskabide bakoitzeko. Laguntza bidaia-poltsak izango dira, helmugaren arabera kalkulatuak. Gehienez 3 eskabide bakoitzeko.

• Alderantzizko misioak, bezero potentzialak diren enpresak gonbidatzeko. Gehienez 3 eskabide bakoitzeko.

– Sustapen gastuak:

• Hedapen eta sustapen materiala helmuga herrialdera egokitzea, herrialde horretako hizkuntza ofizialean edo ingelesez eginda, kasuaren arabera: katalogoak, foiletoak, kartelak egitea, web-orriak diseinatzea, egitea eta abiaraztea (abiaraztea baino ez) eta gainerako informazio-materiala inprimatua edo ikus-entzunezkoa.

• Publizitatea: materiala sortzea eta helmuga herrialdean eragina duten sektore-bitartekoetan publizitate-eremuak erostearen kostua, baita produktua/zerbitzua abiarazteko publizitate digitalaren gastuak ere.

• Sustapen-ekintzak: produktu edo zerbitzuen aurkezpenak, sustapenak eta aldi baterako erakusketak helmuga herrialdeko merkataritza guneetako cornerretan.

• Harreman publikoak: harreman publikoetako edo komunikazio agentziak kontratatzeko gastuak baino ez, produktua/zerbitzua helmuga herrialdean abiarazteko helburuz.

• Iraunkortasun txostenak, enpresak helmuga herrialdean izango duen eragina azter dezaten, 2030 Agendaren garapen iraunkorreko helburuak aintzat hartuta. Diruz lagundu daiteke txostena egiteko kanpoko aholkularitza kontratatzea.

• Sustapenerako edo ikerketarako beste ekintza batzuk eta identifikatutako merkatuetan sartzeko beharrezkoak diren azterketak, enpresaren nazioarteko lehiakortasuna hobetzen lagunduko dutenak, beti ere, Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) berariaz eta idatziz uko egin badio enpresa horri zerbitzua emateko aukerari. Zerbitzuak emateko eskabideak info@basquetrade.eus helbidera bidaliko dira.

• Merkataritza agenteen eta ordezkarien kostua ez da diruz lagunduko.

• Enpresaren ustiapenari lotutako gastuak ez dira diruz lagunduko.

Diruz lagunduak diren lanak burutzea, egokia den kasuetan, erabat azpikontratatu dakieke enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratazio publikoaren arloan kontratu txikirako indarrean dagoen araudian zehaztutakoa gainditzen duenean, gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, lanerako, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak direlako, merkatuan ez badago nahiko erakunderik lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko, edo, salbu eta, gastua dirulaguntza baino lehen egin bada.

8. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Eskatzaileek gehienez hiru eskaera aurkez ditzakete deialdi honetan, eta 2 hilabeteko tartea egongo da horien artean.

2.– Eskaera bakoitzak helmuga herri batzuetarako gastuak har ditzake barne, beti ere, herrialde horiek enpresaren nazioartekotze estrategian zehaztuta badaude.

3.– Gastu bera herrialde berean ezin daiteke sartu eskaera batean baino gehiagotan.

9. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.

1.– Onartutako gastuaren zenbatekoaren % 40raino iritsi daitezke laguntzak, eta gehienez 15.000 euro izango dira eskaera bakoitzeko.

2.– Ehunekoak aplikatzeko eta dirulaguntza kalkulatzeko onartuko den gehieneko gastua, 3. eranskinean deskribatutako gastu-mota bakoitzean sartutako kontzeptu guztien batuketa izango da, eta gastu-mota bakoitzerako baimendutako gehiengoa eranskin berean zehaztutakoa da.

Txostena aztertzeko ardura duen teknikari adituak aurkeztu diren kontzeptuak barne hartzen dituzten gastu-motak alda ditzake, dagokion gastu-kontzeptura doitzeko.

3.– Bidaia-poltsen gehieneko kopurua eskaera bakoitzeko 3koa izango da. Bidaia-poltsa horien gehieneko zenbatekoa 4. eranskinean zehaztuko da.

Standa eta produktuen aurkezpena duten kanpoko azoketan parte hartuz gero, bidaia-poltsa bat baino ezin daiteke eskatu, eta ez du konputatuko aurreko paragrafoan zehaztutako mugan.

4.– Gonbidapenak bezero potentzialei: gonbidapen bakoitzeko lojamendu eta garraio gastuen muga 600 eurokoa da, eta, gehienez 3 eskaera bakoitzeko, beti ere, hilabete desberdinetan egiten badira.

10. artikulua.– Konkurrentzia beste laguntza batzuekin.

1.– Ez zaie laguntzarik emango erakunde publikoek egin dituzten azterketei eta eman dituzten zerbitzuei, prezio publikoei lotuta badaude.

2.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek, beste Administrazio Publiko batzuek edo erakunde pribatuek kontzeptu bererako helmuga herrialdean emandako beste edozein laguntzarekin.

Diruz lagundutako kontzeptua berbera balitz, enpresa onuradunek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntza horien berri emateko derrigortasuna izango dute.

3.– Aurrekoaren kalterik gabe, aplikagarria izango da minimis-en dirulaguntzen metatzen erregimena, laguntza hauei edo ondorio horietarako Europako Batasunean sortutako beste zuzentarau edo xedapen batzuei buruz Batzordeak 2013ko abenduaren 18ko (EB) 1407/2013 Araudian xedatutakoaren arabera.

11. artikulua.– Eskaeren aurkezpena.

1.– Eskaera aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2019ko urriaren 31ko 12:00etan amaituko da edo erabilgarri dauden funtsak amaitzen direnean, 4. artikuluan adierazitakoaren arabera.

2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpena eta laguntza-deialdi honetan inplikatutako gainerako kudeaketak baliabide elektronikoz egingo dira, Administrazio Publikoen Ohiko Prozedura Administratiboari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.– Bide elektronikoz tramitazioari buruzko xehetasunak, baita esakerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erabili behar diren gainerako ereduak ere Interneteko www.spri.eus/zabaldu helbide honetan beteko dira.

4.– Eskaerak, beteta dagoenean, eskatzailea den pertsona edo enpresaren sinadura aitortuaz gain, jarraian datorren artikuluan zehaztuko den dokumentazio-euskarria ere ekarriko du atxikita.

5.– Txostenerako sarbidea eta eskaera egin osteko gainerako izapideak bide elektronikoz egingo dira, www.spri.eus/zabaldu helbide honen bitartez.

6.– Laguntza-eskaera, exijitutako dokumentazioarekin batera, aukeratzen den hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako ekintzetan eta prozedura osoan, enpresa eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, azaroaren 24ko 10/1982 Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarriko Legean xedatutakoaren arabera.

7.– Dirulaguntza eskaeraren aurkezpenak eskatzailearen honako baimena dakar, organo emaileak zuzen lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela dioen egiaztagiria. Hala ere, eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimena emateari, eta kasu horretan, betebehar horiek egunean dituela dioen ziurtagiria aurkeztu beharko du, eskatzen zaion beste bider.

12. artikulua.– Eskaeren edukia.

1.– Enpresa eskatzaileek honako eduki hauek bete beharko dituzte eskaera egiten dutenean:

a) Eskaera telematikoa behar bezala beteta eta erakunde eskatzailearen botere nahikoa duen legezko ordezkariak sinatuta. Aipatutako eskaera horretan erakundeari nahiz proiektuari buruzko datuak jasoko dira, zeintzuk izango baitira proiektua egoki baloratzeko oinarria.

b) Proiektua baloratzeko galdetegi normalizatua, Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoaren zuzentarauen arabera definituta. Ikusi 6. eranskina.

c) Enpresaren eskrituren eta/edo ordezkaritza ahalordetzearen kopiak.

d) Eman den kontu korrontearen titularitate ziurtagiria.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzen duen ziurtagiria, enpresak erakunde emailea egiaztatze hori zuzenean lor dezan baimendu ez badu.

f) Honako ziurtagiri hauek: ingurumen iraunkortasuna, genero berdintasuna, euskararen sustapena eta erantzukizun sozial korporatiboari dagozkionak, kasuaren arabera.

g) ETE karakterizazioa: aurkeztu den Sozietateen gaineko Zergaren azken 200 formularioa, non egiaztatzen den eskatzailea ETE bat dela.

h) Aurreko hiru zerga-ekitaldietan eta indarrean dagoen zerga-ekitaldian jasotako minimis laguntzak, Batzordearen (EB) 1407/2013 minimis laguntzei buruzko Araudiari lotuak.

2.– Edozein kasutan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egoki deritzon beste dokumentazio eta/edo informazio osagarri eska diezaioke enpresa eskatzaileari, aurkeztu den eskaera egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko. Zehaztu nahi da, arau honetan berariaz adierazi ez dena, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Publikoaren Prozedura Erkidearen Legean xedatutako aplikatuko dela. Dokumentazio hori eskatzen zaionean zehazten zaion epean aurkeztu beharko du.

3.– Eskaera osorik beteta etorriko ez balitz, edo dokumentazio osagarria ekarriko ez balu, 10 eguneko epean gabezia bete dezala edo manuzko dokumentuak aurkez ditzala eskatuko zaio enpresari, eta horrela egingo ez balu, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta erabaki horri dagokion ebazpena emango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoaren arabera.

13. artikulua.– Balorazio irizpideak.

Dirulaguntzak onuradunak izateko irizpideak bete dituztela egiaztatu duten enpresei emango zaizkie eta, beti ere, eranskinetan zehaztu diren eta jarraian azalduko diren balorazio irizpideen arabera:

– 1. irizpidea. Nazioartekotze estrategia: nazioartekotze estrategiaren kalitatea hartuko da aintzat, zeinetan sartzen baitira dirulaguntza jasoko luketen ekimenak.

– 2. irizpidea. Helmuga merkatuak eta herrialdeak: Eusko Jaurlaritzaren Nazioartekotze Plan Estrategikoaren lehentasunezko merkatuekin lerrokatuta egon dadila hartuko da aintzat.

Amaierako puntuazioa Nazioartekotze Estrategian agertzen diren merkatu guztien arteko baliorik altuena izango da.

– 3. irizpidea. Inguruarekiko eragina: lurraldeko lehiakortasun orokorraren gaineko eragina hartuko da aintzat, eta EAEn lanpostuak sortzea bultzatuko da.

– 4. irizpidea. Gizarte erantzukizuna eta iraunkortasuna: Garapen Iraunkorreko Helburuekiko konpromisoaren erakusgarri, aintzat hartuko da enpresak 5. eranskinean aipatutako iraunkortasun, genero berdintasun, euskararen sustapen eta erantzukizun sozial korporatiboaren arloetako ziurtagiriak eta/edo planak izan ditzala.

– 5. irizpidea. Enpresen arteko lankidetza: lankidetza modalitatea eta lankidetza horri eustea bezalako alderdiak hartuko dira aintzat.

14. artikulua.– Muntak zehaztea.

1.– Txostenak erabat osatuta egon ahala emango dira ebazpenak.

2.– Oinarri hauetan ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira eskaerak, 9. artikuluko 1. puntuan zehaztutako zenbatekoaren gainean kalkulatuko dira honako ehuneko hauek (onartutako gastuaren % 40 eta, gehienez, 15.000,00 euro eskaera bakoitzeko):

– 50 eta 59 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, % 70 esleituko zaie.

– 60 eta 69 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, % 80 esleituko zaie.

– 70 eta 79 puntu arteko balorazioa lortzen duten eskaerei, % 90 esleituko zaie.

– 79 puntutik gorako balorazioa lortzen duten eskaerei, % 100 esleituko zaie.

– 50 puntu lortzen ez duten proiektuak kanporatuta geratuko dira.

15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko ebazpen prozedura.

1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) izendatutako langile teknikoek egingo dituzte, eta emaitzak txosten teknikoak izango dira. Aipatutako sozietate horrek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Erakunde Laguntzaile jardungo du, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Igorritako dokumentazio teknikoa aztertzea.

b) Egindako gastu hautagarriak zuzen bete direla ikuskatzea.

c) Egindako ikuskatzeen gaineko txostenak egitea.

d) Gertatu diren gorabeheren berri ematea SPRIri.

Dagozkion txosten teknikoek honako hauek jasoko dituzte: Nazioartekotze Estrategiaren balidazioaren eta kalifikazioaren xehetasunak, onartutako gastu hautagarriak eta eskaera bakoitzari dagokion balorazio irizpideen ponderazioa.

Edozein kasutan, txostena zuzen ebaluatzeko beharrezko irizten zaion kasuetan, banakako elkarrizketa bat eska dezake Basque Trade & Investment-ek (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), proiektuan zerikusia duten erakunde eskatzaileekin.

2.– Laguntza-eskaeren ebaluazioa eta ebazpena txostena osatuta dagoen unearen arabera egingo da.

3.– Basque Trade & Investment-en (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia) dagozkien txostenetan oinarritutako proposamenen aurrean, SPRIren Nazioartekotze zuzendariak ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren ordenaren arabera eta aurrekontu-kreditua dagoen bitartean. Ebazpenak, gutxienez, jarraian zehaztutako edukiak izango ditu:

– Lortutako balorazioa.

– Diruz lagundutako ekintzak eta horien kostua.

– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

– Justifikazio-faseraino jarraitu beharrezko urratsen zerrenda eta fase horretan aurkeztu beharreko dokumentazioarena.

4.– Ebazpen epea. Ebazpenerako eta jakinarazpenerako sei hilabeteko gehieneko epea ezarri da, dokumentazio osoa aurkeztu den datatik aurrera. Epealdi horretan ebazpenik ez balego, baiespen-ebazpena dela ulertuko da.

5.– Jende orok izan dezan eman diren laguntzen berri, SPRIren web-orrian eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.

16. artikulua.– Laguntzaren abonua eta justifikazioa.

1.– Dirulaguntzaren abonua ordainketa bitan egingo da, jarraian zehaztuko den eran:

– Dirulaguntzaren % 25, emandako laguntza onartua izan ostean edo, kasuaren arabera, oinarri hauetako 18. artikuluan zehaztutako hamabost eguneko epea igaro ostean.

– Gainerako % 75aren likidazioa, lagundu diren ekintzak burutzean egindako gastuak zuritu ostean.

2.– Diru-zuriketarako dokumentazioa bide telematikoz aurkeztu beharko da, enpresa onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, 2020ko urtarrilaren 1a eta otsailaren 28ko 12:00ak bitartean, eta honako hau izango da:

– Jarduera bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua.

– Gastu hautagarrien fakturak, kostuen banatzearekin, jaulkipen-datarekin eta hornitzailearen identifikazioarekin, baita abonu dokumentuak ere, zenbatekoa eta ordainketa-data barne.

– Dirulaguntzaz finantzatuak izan eta egin diren jarduerak burutu izanaren justifikazio-memoria.

Egindako bidaien justifikazioaren kasuan, beharrezkoa izango da garraio-txartelak edo lojamendu fakturak aurkeztea, bidaiaren egiaztagiriak baitira, baita bileren aktak ere, eta horietan enpresaren bezero potentzialen kontaktu-datuak agertu behar dira, gutxienez.

17. artikulua.– Laguntza eta/edo Likidazio eskaeren zuzenketa.

1.– Laguntza eta/edo Likidazio eskaera osorik beteta etorriko ez balitz edo exijitu den gainerako dokumentazioa faltako balitz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak eskaera helaraziko dio erakundearen legezko ordezkariari, 10 laneguneko gehieneko epean, falta zuzen dezan edo manuzko dokumentuak aurkez ditzan.

2.– Epe hori igarota, erakunde onuradunak falta zena zuzendu ez badu, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak txostena ebatzi dezake, eta ebazpen horren berri emango dio erakunde eskatzaileari.

18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunen betebeharrak dira, Dirulaguntzen Lege Orokorrean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan zehaztutakoak, zeinek onartu baitzuen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, eta bereziki:

1.– Emandako laguntza onartzea. Zentzu horretan, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den datatik aurrera hamabost eguneko epealdian, erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio laguntza horri, onartua izan dela ulertuko da.

2.– Eman den laguntza, eskatua izan den jarduera-plana gauzatzeko erabiltzea.

3.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egoki irizten dion dokumentazio gehigarria eska dezakeela onartzea, bata SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak izendatutako langileek, edozein unetan, onuradunaren edozein instalaziotan, beharrezko eta egoki irizten dien beste konprobazio eta egiaztapen egin ahal izatea ere, emandako laguntza jaso duen proiektua burutu dela eta exijitutako eskakizunak bete direla egiaztatzeko helburuz.

4.– Fakturak bere osotasunean gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura izatea bost urteko epealdian, gastu hautagarriak egin diren unetik aurrera kontatzen hasita.

5.– Laguntzen erabilera fiskalizatzeko dituzten eginkizunak egikaritzean eskatu duten informazioa helaraztea Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo eskudunak diren beste kontrol erakunde nazional nahiz komunitario batzuei.

6.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea hemen araututako laguntzen helburu bererako edo antzekorako beste edozein administraziori eskatu zaizkion dirulaguntzak edo beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batek emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak.

7.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari jakinaraztea, laguntza emateko aintzat hartu den edozein egoeratan aldaketarik gertatu bada.

8.– Programa honen bitartez eman den dirulaguntzaren jatorriari publizitate egokia ematea.

9.– Lengoaiaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua burutzen den bitartean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Enpresa onuradunak Programa honetan ezarritako eskakizunen bat edo aplikagarria den arauren bat beteko ez balu, edo, kasuaren arabera, laguntza emateko ebazpenean ezartzen den baldintzaren bat beteko ez balu, laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta SPRIri itzuli beharko lioke une horretara arte jaso duen laguntzaren zenbatekoa, gehi dagozkion legezko interesak. Beharrezkoa balitz, itzulketa lortzeko dagokion legezko ekintzak egikarituko lirateke.

2.– Ez-betetze arrazoien artean, onartutako aurrekontuaren gaineko % 25etik gorako desbideraketak lirateke, salbu eta nazioartekotze arloan eskumena duen sailaren iritziz salbuespen hori nahiko justifikatua izan, desbideraketa horri buruzko txosten tekniko baten bitartez.

3.– Bereziki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du edo, kasuaren arabera, jaso dituen kopuruak itzuli beharko ditu honako kasu hauetan:

a) Laguntza lortuko balu Programa honetan ezarritako baldintzak eta eskakizunak bete gabe, edo laguntza eman denean ezarritakoak bete gabe.

b) Programa honetan edo laguntza eman denean ezarritako kontrol neurriei uko egitea edo eragoztea.

c) Gastu hautagarriak dagokien epean ez justifikatzea edo Programa honetan edo laguntza ebatzi denean exijitutako eskakizunak ez-betetzea.

d) Diruz lagundutako jarduera burutzeko epeak gainditzea, aldaketa-baimenik edo luzapenik lortu ez bada.

e) Proiektutik egin den beste edozein desbideraketa edo laguntza eman deneko ebazpenean xedatu den beste edozein betebehar ez betetzea.

4.– Erakunde onuradunak betetzen ez badu agindu honetan, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat, baita, bere kasuan, emakida-ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak ez-betetze-txostena egingo du, txosten horretan interesatuak ere bere ekarpena egiteko aukera izango du, eta gero, administrazio-ebazpenaren bidez, dirulaguntza jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du eta, kasuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bi hilabeteko epean, jasotako dirulaguntzen printzipala itzultzeko betebeharra, baita dagozkion berandutze-interesak ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritako terminoen arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

5.– Programaren bidez laguntza jaso duen jardueraren kostutik gorako laguntza zatia ere itzuli beharko da, beste laguntza batzuen metaketa dela eta 9. eta 10. artikuluetan araututako gainfinantzaketa gertatu bada, laguntza kobratu eta gero. Balizko honetan itzuli beharreko kopurua, gertaera hori aitortu edo itzulketa erabakitzen duen ebazpenean zehaztuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.

SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri haiei buruz hartutako erabakiek izaera administratiboa dute eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziei dagokiena da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera, eskatu den dirulaguntzen txostena kudeatzeko dira lortzen diren datu pertsonalak, eta datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIren helburua betetzeko interes legitimoa da, bere sortze-legea eta garapen araudiari jarraiki.

Aipatutako informazio hori enpresa laguntzaileei helarazi dakieke, eta arlo horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei ere bai (ikusi www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).

Interesdun guztiek datuen babeserako araudiak ematen dizkien eskubideak baliatu ahal izango dituzte SPRIren aurrean, horretarako idatziz zuzenduko zaizkio SPRIri, honako helbide honen bidez lopd@spri.eus

SPRIn Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, www.spri.eus/es/politica-de-privacidad/ webgunean dagoen Pribatutasun Politikara jo dezakezue.

Datuen babesa eskatu behar izanez gero, kontrol-agintea Datuen Babeserako Espainiako Agentzia dela jakinarazten da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala