Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2019ko apirilaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1959

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 5ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, euskara eta euskal kulturako bost irakurle hautatzeko deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuak erabaki du Berlingo Freie Unibertsitateko (Alemania), Frankfurteko Goethe Unibertsitateko (Alemania); Corkeko Unibertsitateko (Irlanda), Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateko (Polonia) eta Tokioko TUFS Unibertsitateko (Japonia) irakurlea hautatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egitea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzea, unibertsitate hauetan aritzeko:

– Irakurle bat Alemaniako Berlingo Freie Unibertsitaterako.

– Irakurle bat Alemaniako Frankfurteko Goethe Unibertsitaterako.

– Irakurle bat Irlandako Corkeko Unibertsitaterako.

– Irakurle bat Poloniako Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitaterako.

– Irakurle bat Japoniako Tokioko TUFS Unibertsitaterako.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzean bideratutako guztizkoa:

– Berlingo Freie Unibertsitaterako: hogeita sei mila eta ehun (26.100) euro ikasturteko.

– Frankfurteko Unibertsitaterako: hogeita hamabost mila laurehun eta berrogeita hamabost euro ikasturteko (35.455).

– Corkeko Unibertsitaterako: hamasei mila (16.000) euro ikasturteko.

– Poznango Unibertsitaterako: hogeita sei mila (26.000) euro ikasturteko.

– Tokioko Unibertsitaterako: sei mila eta laurehun (6.400) euro.

Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Bideratutako zenbateko hori ez da bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurlearen soldatarekin. Kontuan hartu behar da irakurletza kokatuta dagoen herrialdeko araudiarekin bat zergak eta bestelako kenkari eta atxikipenak daudela.

Transakzio guztietan dibisa patroia euroa izango da, Tokioko Unibertsitatearen kasuan ezik, kasu horretan yena izango da. Euroak beste dibisekiko dituen aldaketek ez dute eraginik izango Etxeparek egindako ordainketaren kopuru ekonomikoan.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Berlingo Freie Unibertsitatetarako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta Ingeleseko B2 maila egiaztatua izatea eta Alemaneko A2 maila egiaztatua izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4 HE egiaztatuta izatea ere; 10. Artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Frankfurteko Goethe Unibertsitaterako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta Alemaneko C1 maila egiaztatua izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. Artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Corkeko Unibertsitaterako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta gutxienez Ingeleseko C1 maila egiaztatua edo baliokidea izatea. Corkeko Unibertsitateko ordezkariek kasu guztietan hautagaiak elkarrizketatu ditzakete maila hori duten ala ez frogatzeko, behin Etxepare Institutuak hautagaien proposamena egin ondoren. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. Artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Poznango Unibertsitaterako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 4 HE edo baliokidea izatea. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; 10. Artikuluko hautapen-irizpideen arabera.

Tokioko TUFS Unibertsitaterako:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia) eta 3 HE edo baliokidea izatea eta gutxienez Ingeleseko C1 maila egiaztatua izatea edo Japonierako maila altua titulu ofizial bidez egiaztatua izatea. Japonierako maila altuko egiaztagiririk ez dutenen kasuan maila hori duten ala ez frogatzeko Unibertsitateak froga bat egin ahal izango die hautagaiei, behin Etxepare Euskal Institutuak hautagaien proposamena egin ondoren. Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere; 10. Artikuluko hautapen-irizpideen arabera. Bereziki baloratuko da Master edo doktorego titulua izatea eta gutxienez hiru artikulu akademiko argitaratuak izatea, edozein hizkuntzetan. Bereziki baloratuko da baita ere Japoniako unibertsitateetan irakasle bezala lan egindako esperientzia.

4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak helburuko unibertsitatearen arabera.

1.– Berlingo Freie Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak asteko 19,25 eskola orduko lan karga izango du.

2.– Frankfurteko Goethe Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak asteko 8 eskola orduko lan karga izango du.

3.– Corkeko Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak asteko 8 eskola orduko lan karga izango du.

4.– Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak 360 eskola orduko lan karga izango du ikasturte osoan.

5.– Tokioko TUFS Unibertsitaterako:

Eskola orduak: irakurleak 120 eskola orduko lan karga izango du ikasturte osoan.

Bisatua: Japonian lan egiteko eskubidea onartzen duen bisatua indarrean izatea ikasturtearen hasera baino lehen.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak helburuko unibertsitatean.

Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta euskal kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak helburuko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua.– Irakurle izateak Etxepare Euskal Institutuarekiko honako konpromisoak onartzea ekarriko du eta honako eskubideak izatea:

– Onartze-agiria sinatzea.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta euskal kulturaren programa didaktikoa egitea (ikasturte hasierako fitxa) ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– Behean zehazturiko datarako helburuko unibertsitatera bertaratzea, klaseak ematen hasteko. Klaseak ematea ikasturte amaiera arte, hala badagokio luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea, Unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta dagoelarik. Berlingo Unibertsitateari dagokionez, irakurlea gehienez ere 2. Ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Beste unibertsitateei dagokionez, hautatutako pertsona (irakurlea) gehienez ere 4. ikasturtea osatu arte izango da irakurle postuan. Salbuespen gisa, eta betiere Etxepare Euskal Institutuak eta unibertsitateak euskal ikasketen sendotze estrategiarako egokitzat adostutako irizpide eta prozeduraz, aztertu ahal izango da behin-behinekoa izango den luzatzeko aukera. Luzapen horren gehienezko epea urtebetekoa izango da edo unibertsitatearekin euskal ikasketen indartzeko estrategiarako adostutako trantsizio epea.

Bertaratze datak:

– Berlingo Freie Unibertsitatera bertaratzea 2019ko urriaren 14a baino lehen.

– Frankfurteko Goethe Unibertsitatera bertaratzea 2019ko urriaren 1a baino lehen.

– Corkeko Unibertsitatera bertaratzea 2019ko irailaren 12a baino lehen.

– Poznango Adam MickiewiczUnibertsitatera bertaratzea 2019ko irailaren 23a baino lehen, urriaren 1ean klaseak ematen hasteko.

– Tokioko Unibertsitatera bertaratzea 2020ko apirilaren 1a baino lehen.

– 2019-2020 ikasturtea amaitutakoan Berlingo Freie Unibertsitate, Frankfurteko Goethe Unibertsitate, Corkeko Unibertsitate eta Poznango Adam Mickiewicz Unibertsitateen kasuan, eta Tokioko Unibertsitateari dagokionez 2020 ikasturtea amaitutakoan, zerbitzuak ematen dituen departamenduaren oniritzia duen irakasle-memoria bat idaztea. Memoria hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da, azken honek hitzarmena eta irakurlearen lana behar bezala doan ebaluatzeko.

– Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

– Irakurleak konpromisoa hartzen du, baita ere, Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko, bereziki euskara atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroan.

– Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkio tokian tokiko unibertsitateari irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantzaketarako zenbatekoen ordainketak.

Tokian tokiko unibertsitateari dagokio Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren bulegoan (Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina 3. solairua, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

2.– Eskabideekin batera, hautagaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZerena).

– II. eranskina, behar bezala beteta.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinema, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta eskoletarako erabiliko den bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere 9000 karakterekoa (zuriuneak barne) izango da. Proiektu pedagogikoa euskaraz idatzia egongo da.

Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa...) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak notarioak konpultsatutako fotokopiak edo aurkeztutako fotokopien jatorrizko agiriak aurkeztu beharko ditu Etxepare Euskal Institutuak eskatutakoan, horrela Etxepare Euskal Institutuan agiri horiek egiaztatu ahal izango dira. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak EHAAn eta Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.

3.– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zein-nahi hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskeraren erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Eskabideak aurkezteko hilabeteko epea egongo da, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa eta 40/2015 urriaren 1eko Legeak, Alor Publikoaren Araubide Juridikoak kide anitzeko organoei buruz esandakoa kontuan hartuko da.

Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.

10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena baremo hauen arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4 HE egiaztatuta badute: 4 puntu.

Giza zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2,5 puntu.

Gainerako gradu edo lizentziak: puntu 1.

2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0,5 puntu ikasturteko.

3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 3 puntu, hizkuntza bakoitzeko irizpide hauen arabera:

A2= 0,25 puntu.

B1= 0,50 puntu.

B2= 0,75 puntu.

C1= puntu 1.

C2= 1,5 puntu.

4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, irizpide hauen arabera:

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 3 puntu.

Bestelako doktoregoa: puntu 1.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: puntu 1.

Bestelako masterra: 0,5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: puntu 1.

IGI-CAP: 0,5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0,5 puntu.

Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0,25 puntu.

5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.

Proiektu pedagogikoaren ebaluazioan irizpide hauek erabiliko dira bai euskarako eta baita euskal kulturako programazioa aztertzean: zehaztasuna, tokian tokiko unibertsitatearekiko eta hartzaileekiko egokitasuna eta koherentzia atal hauetan (helburuak, edukiak, metodologia, baliabideen eta bibliografia). Proiektu pedagogikoko gehienezko puntuazio hori aipatutako atal horietako bakoitzean lortutako puntuen batez bestekoa izango da.

6.– Beste meritu batzuk: gehienez ere 2 puntu. Honakoak hartuko dira kontuan: euskal kulturarekin zerikusia duten jardueretako parte-hartzea, argitalpenak, bestelako lan eta kudeaketa eskarmentua. Lan eskarmentuari dagokionez, bereziki baloratuko da irakaskuntzan lan egin izana, 10.2 atalean jasotzen direnetatik at, interprete eta itzultzaile gisako eskarmentua eta kultur arloan lanean aritu izana.

11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.

Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da. Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta eta hautapen batzordeak ezarritako hurrenkeraren arabera, Etxepare Euskal Institutuak hiru proposatuko ditu. Unibertsitateak hiru horien artean egokien deritzona aukeratuko du. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendaren hurrenkera jarraituta, Etxepare Institutuak zerrendako hautagai berriak proposatuko dizkio. Unibertsitateak hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitatetako ordezkariek eskubidea izango dute proposatutako hiru hautagaiak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira kasu hauetan:

Eskabide bat bera ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dena delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, Etxepare Institutuak Unibertsitateei proposatutako hautagaiak zehaztuz. Unibertsitateak izango dira azken erabakia hartzen dutenak.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, bere esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentu bat sinatuz.

14. artikulua.– Lan poltsa, ukoak eta ordezkapenak.

Behin Unibertsitate bakoitzeko irakurlea aukeratua izan denean, irakurletza bakoitzerako hautatuak izan ez diren hautagaiekin osatuko dira lan poltsak eta hautapen batzordeak emandako puntuazioaren araberako hurrenkera jarraituko dute. Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du tokian tokiko irakurlearen ukoak sortutako irakaskuntza beharrei edo bestelako kasuetan egokia ikusiz gero sortutako beharrei erantzuteko.

Hautatuek 2019-2020 (2020 ikasturtea Tokion) ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuei uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan Etxepare Euskal Institutuko irakurleak hautatzeko hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa onartzen bada, Etxepare Euskal Institutuak dagokion lan poltsara joko du.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datuen babesari buruzko araudiari jarraituz, deialdi honetan parte hartzeko emandako datu pertsonalak «Euskal Hizkuntza eta Kultura Lektoreak eta Katedretako Irakasle Gonbidatuak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira, eta deialdi honen xedeetarako erabiliko dira soilik. Honen arduraduna Etxepare Euskal Institutua izango da. Legezko betebeharrik izan ezean, eta proposatutako hautagaien kasuan, dagokien unibertsitateetara bidaltzearen kalterik gabe, ez zaizkio hirugarren bati lagako.

Interesdunak eskubide hauek ditu: datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamendua mugatzeko eta kontra egiteko, baita banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko ere. Interesdunak eskubide hauek egikaritu ditzake, eskabidea helbide honetara zuzenduta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza, 1, Tabakalera eraikina, 20012 Donostia, edo Datuen babes ordezkariari, hurrengo helbidean: dpd-dbo@euskadi.eus

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2019ko apirilaren 5a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

IRENE LARRAZA AIZPURUA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala