Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2019ko apirilaren 16a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
1919

5/2019 LEGEA, apirilaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzko uztailaren 28ko 12/2016 Legea aldatzekoa.

Eusko Legebiltzarrak 5/2019 Legea, apirilaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzko uztailaren 28ko 12/2016 Legea aldatzekoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

ZIOEN AZALPENA

Eusko Legebiltzarraren 12/2016 Legea, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoa, 2336/2017 inkonstituzionaltasun-errekurtsoaren objektu izan zen, Espainiako Gobernuko presidenteak sustatua, bai eta Konstituzio Auzitegiaren etete partzial batena ere, 2017ko urriaren 3ko Autoaren bidez, zeinak honako artikulu hauei eragin baitzien: 2.3, 2.4 artikuluaren azken tartekia, 4.2.c), 7.1, 14.1, 14.2 artikuluaren c), d) eta e) apartatuak, 14.4, 14.8 eta seigarren xedapen gehigarria.

Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazioaren arteko Bitariko Lankidetza Batzordeak akordio bat erdietsi du 2018ko uztailaren 30ean, oztopo konstituzionalak ezabatzeko aukera egiaztatzeko, eta horrek aipatu inkonstituzionaltasun-errekurtso horretan atzera egiteko bidea emango luke. Aintzat harturik urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 153. artikuluak bitariko foro horrentzat aurreikusten dituen potentzialtasunak, alderdiek akordio bat sinatu zuten, zeinetan egiaztatu baitzuten zer aldaketak, Konstituzio Auzitegiaren duela gutxiko jurisprudentziaren eta erreferentziako legearen testuinguru diren aurrekari espezifikoen argitan, emango luketen bidea lege hori egokitzeko, biktimen gizataldearentzat bilatzen den eraginkortasuna murriztu gabe. Analisi horretan oinarritu zen Ministro Kontseiluak hartutako akordioa, Estatuko Administrazio Orokorrak inkonstituzionaltasun-errekurtsoan atzera egiteko euskarri izan zuena.

Aditzera emandako aldaketa horiek gauzatzeko, bidezkoa da planteamendu berri honi heltzea, erabat sinetsirik ez dela inbaditzen soil-soilik botere judizialari dagokion eskumenik, baldin eta berme juridiko eta konstituzionalak zaintzeko eta indartzeko beharrezko aldaketak egiten badira, Zuzenbide konparatuak dagoeneko aldarrikatzen duen hori egingarria izan dadin: giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea eta babestea botere publiko guztien berezko zeregina dela, eta, horrenbestez, ikuspegi horretatik uste dugu ezen gainditutzat jo behar direla 2336/2017 inkonstituzionaltasun-errekurtsoan aurkituriko oztopo konstituzionalak, baldin eta ondoren azalduko diren terminoetan aldatzen bada legea.

Jakitun izanik botere publikoek har ditzaketela biktimen aitortza eta erreparaziorako neurriak, nahiz betiere muga batzuen barruan eta oinarrizko eskubideak erabat errespetatuz, jarduera administratibo batera mugatzen du arauak bere xedea, zeinak bilatzen baitu emaitza kaltegarri baten sorrerarekin lotzen diren egitate batzuk aztertzea, hortik abiatuta kaltetuen alde erreparazio- edo konpentsazio-mekanismo egokiak antolatzeko, helburu bakar gisa.

Arauak aztergai duen egitatearen eta kaltearen arteko kausazko lotura taxutzen da zenbait pertsonaren alde ezarritako laguntza-sistema baten premisa gisa, argi bereizia egitate horietatik erator litezkeen balizko erantzukizun penalak argitzetik, zeina ez baita, inolaz ere, lege honen xedea. Horrenbestez, biktimen babes eta laguntzarako jarduera publikoak ez dira lehentasunez bideratu behar zigor-arloko legediaren kontrakoak izan daitezkeen egitate batzuk ikertzera, ezta gertaera horien egileak identifikatu eta, hala balegokio, zigortzera, baizik eta, zehazkiago, kausazko lotura bat ezartzera egitate jakin batzuen, emaitza kaltegarriaren sorreraren eta, egitate horien ondorioak jasan dituen heinean, pertsona jakin bat behar- edo arreta-egoera baten merezidun izatearen artean.

Aurrekoa adierazita, aldaketek berariaz eragiten diete Konstituzio Auzitegian desadostasuna sortu zuten manuei.

2. artikuluan (Non aplikatuko den) erreferentzia bat txertatzen da adierazteko ezen, zilegi ez diren egitateak egiaztatzerakoan, ezin izango dela ezezaguna izan, inolaz ere, zigor-arloko jurisdikzioak dagoeneko ebatzi duena.

4. artikuluan (Jarduteko printzipioak) manuen zenbait adierazpide aldatzen dira, operatiboki ezinezkoa izan dadin inolaz ere sartzea 12/2016 Legearen babesean izapidetzen diren espedienteekin zerikusiren bat izan dezaketen pertsonen eremu indibidualean, eta delitu izan daitezkeen jokabideen ikerketan zigor-arloko jurisdikzioa gordetzeko printzipio berri bat sartzen da.

7. artikuluan (Egia jakiteko eskubidea) aldatu egiten dira euskal botere publikoen eta 12/2016 Legearen programa kudeatzeko ardura duten Eusko Jaurlaritzako organoen arteko kolaborazioari buruzko aurreikuspenak, intentsitatea arintzearren, eta uler dadin soil-soilik administrazio-espedienteen emaitza onarekin lotua; hori guztia, ez dadin modurik egon eskumen judizialak urratzen direla ulertzeko.

14. artikuluan (Instrukzioa), (izaera administratibodun) Balorazio Batzordearen funtzionaltasuna adierazteko modua aldatzen da, ofiziozko jardunetarako deia ezabatzearren, eta argi gera dadin batzordeak premisa saihetsezin bati jarraituz jotzen duela pertsonengana, alegia ohorerako, errugabetasun-presuntziorako eta izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubideak zainduz beti; eta jasoko duen kolaborazioak ez duela barne hartzen egitateak argitzeko inolako helbururik, baizik eta bakar-bakarrik espedienteak ahalik eta modurik osoenean ebazteko prestutasuna.

Kendu egiten da seigarren xedapen gehigarria. Izan ere, legeak sustatzen duen programaren operatibitateak ez du barne hartu behar administrazio-espedientearen euskarri gisa hornitzen den egitatearen inolako baloraziorik, eta, horrenbestez, zentzua galtzen du erruduntasunaren elementuaren presentzian ardazturiko erregulazio orok.

Azkenik, xedapen gehigarri bakar bat txertatzen da, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretua aplikatzeko ezohiko epe berri bat zabaltzen duena, 12 hilabetekoa.

Lehen artikulua.– Beste idazkera bat ematen zaio uztailaren 28ko 12/2016 Legeari, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoari, 2.4 artikuluan, eta honela geratuko da:

«2. artikulua.– Non aplikatuko den.

(...)

4.– Motibazio politikoko indarkeria-egoera batean giza eskubideen urraketa egiaztatu ahal izango da legez kontrako egitate horien errealitatea aitortzen duten administrazio-ebazpenaren edo ebazpen judizialaren bitartez, egitate horiek alegatzen diren kalteekin edo eskubideen afekzioarekin kausazko lotura badute. Bestela, zuzenbidean onartzen den beste edozein frogabideren bitartez egiaztatu ahal izango da, aurretik prozesu judizial bat egon beharrik gabe. Nolanahi ere, apartatu honetan adierazten den egiaztatze-bideak ezin izango du ezezaguna izan zigor-arloko jurisdikzioak dagoeneko ebatzitakoa».

Bigarren artikulua.– Beste idazkera bat ematen zaio uztailaren 28ko 12/2016 Legeari, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoari, 4.2 artikuluaren c) eta d) apartatuetan, eta e) letra berri bat gehitzen zaio; honela geratuko da:

«4. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

(...)

c) Erakundeen arteko elkarlanaren printzipioa; erakunde horiek, legezko epean eta eran, eskatzen zaizkien datu guztiak emango dituzte, eta espedienteak ahalik eta modurik osoenean ebazteko beharrezkoa den elkarlana ahalbidetuko dute, hala agintariekin nola teknikariekin.

d) Hirugarrenen eskubideen bermearen printzipioa, zeinak berekin baitakartza ohorerako eskubidea, errugabetasun-presuntziorakoa eta espedienteetan azal daitezkeen hirugarren pertsonen izaera pertsonaleko datuak babestekoa, halako moldez non espedienteetan hirugarren pertsonak egoteak ezin izango baitie pertsona horien berme juridikoei eta konstituzionalei eragin edo kalterik ekarri.

e) Zigor-arloko jurisdikzioa gordetzearen printzipioa, delitu izan litezkeen jokabideak ikertzerakoan».

Hirugarren artikulua.– Beste idazkera bat ematen zaio uztailaren 28ko 12/2016 Legeari, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoari, 7. artikuluaren 1. apartatuan, zeinetan a) eta b) letrak ezabatzen baitira, eta 2.b) apartatuan, eta honela geratuko da:

«7. artikulua.– Egia jakiteko eskubidea.

1.– Euskal botere publikoak elkarlanean arituko dira giza eskubideen, memoriaren eta elkarbizitza demokratikoaren arloan diharduten Eusko Jaurlaritzako organoekin eta organismoekin, euren eskumenak baliatuz ahal dutena egin dezaten lege honetan aipatzen diren giza eskubideen urratzeei buruz egia ezagutzen laguntzeko, pertsonei artxibo ofizialetarako irispidea errazteko eta lege honetan aipatzen diren giza eskubideen balizko urratzeak aztertzeko ekintzen bidez.

2.– Euskal botere publikoek lagunduko dute, beren ahalbide eta eskumenen neurrian, biktima guztiek honako ekintza hauetarako irispidea izan dezaten:

a) (...)

b) Balorazio Batzordeak uste duenean espedientearen edukitik preskribitu gabeko legez kontrako jardueraren bat ondoriozta daitekeela, auzitegi eskudunei eta, hala badagokio, administrazio eskudunari jakinaraziko die, eta prozedura etengo du, harik eta dagokien zigor-arloko organoek legez kontrako jarduera hori ebazten duten arte».

Laugarren artikulua.– Beste idazkera bat ematen zaio uztailaren 28ko 12/2016 Legeari, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoari, 14. artikuluaren 1, 2, 4, eta 8 apartatuetan, eta honela geratuko da:

«14. artikulua.– Instrukzioa.

1.– Eskabidea bera (...) jasotakoan... lege honetako V. kapituluan araututako Balorazio Batzordera igorriko du.

2.– Edonola ere, beharrezkoa iruditzen bazaio, Balorazio Batzordeak aukeran izango du honako hauetakoren bat egitea:

(...)

d) Txostenak edo lekukotzak eskatu lekukoei eta beste pertsona batzuei... (gainerakoa berdin), betiere zerikusiren bat izan dezaketen hirugarrenen ohorerako, errugabetasun-presuntziorako eta izaera pertsonaleko datuen babeserako eskubideen errespetuaren baitan.

e) Beharrezkotzat jotzen dituen urrats guztiak egin, espedienteak ahalik eta modurik osoenean ebazteko.

(...)

4.– Balorazio Batzordearen helburuak betetzearekin zerikusia duten erakunde publikoek eta pertsona pribatuek errekeritzen zaien laguntza eman beharko diote batzordeari, lege honen babesean izapidetzen diren espedienteak ahalik eta modurik osoenean ebatz daitezen ahalbidetzeko (gainerakoa berdin).

8.– Horretarako, batzordeak... laburbildu egingo ditu biktimaren giza eskubideen urraketa eragin duten egitateak...».

Bosgarren artikulua.– Ezabatu egiten da seigarren xedapen gehigarria uztailaren 28ko 12/2016 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria-egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateari buruzkoan.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Berriz zabaltzea ekainaren 12ko 107/2012 Dekretua aplikatzeko ezohiko epe bat.

Hamabi hilabeteko ezohiko epe berri bat zabaltzen da, lege hau indarrean hasten denetik aurrera, ekainaren 12ko 107/2012 Dekretuak jasotako baldintza guztiak bete arren errekonozimendua eta erreparazioa eskatu ez duten edo epez kanpo eskatu duten pertsona guztiek lege horri hel diezaioten.

AZKEN XEDAPENA

Lege hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 8a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana