Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

73. zk., 2019ko apirilaren 15a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1904

34/2019 EBAZPENA, apirilaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Laudioko udalerrian (Araba) kokatutako honako eraikin multzo honi dagokiona: Ertzainetxea eta Aiarako Kuadrillako Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoaren egoitza.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen bat, Laudioko udalerrian (Araba) kokatutako eraikin multzo honi dagokiona: Ertzainetxea eta Aiarako Kuadrillako Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoaren egoitza. Honen eranskinean dago jasota testu hori.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 9a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 9KO 34/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, LAUDIOKO UDALERRIAN (ARABA) KOKATUTAKO ERAIKIN MULTZO HONI DAGOKIONA: ERTZAINETXEA ETA AIARAKO KUADRILLAKO ARABAKO FORU SUHILTZAILEEN ERAKUNDE AUTONOMOAREN EGOITZA

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 27a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Estefanía Beltrán de Heredia Arróniz andrea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa.

Eta bestetik, María Pilar García de Salazar Olano, Arabako diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua, Arabako Foru Aldundiaren izenean eta haren ordezkari gisa.

HAU ADIERAZTEN DUTE:

I.– 1989ko urriaren 16an, erakunde biek hitzarmen bat sinatu zuten, Laudio udalerrian ertzainetxearen eta Aiarako kuadrillarako Salbamendu eta Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko Zerbitzuaren (aurrerantzean, SSPIZ) instalazioak eraikitzeko.

Hitzarmen horren arabera, Arabako Foru Aldundiak lursail horiek erostea hitzeman zuen, eta Eusko Jaurlaritzari eskualdatzea gerora, azken horrek ertzainetxeari dagokion azalera eraikiaren arabera legokiokeena ordaindu ondoren. Bestalde, Herrizaingo Sailak obra-proiektua egin eta betearazpena kontratatzeko konpromisoa hartu zuen. Urbanizazio- eta eraikuntza-lanen kostuen banaketa ere hitzartu zuten, baita kontratatzaileei obren betearazpenean egin beharreko ordainketen araubidea ere, foru-organoak erkidego-organoari hitzemandako zenbatekoak noiz transferitu behar zizkion zehaztuta.

II.– Baldintzen arabera erosi ziren lursailak, osatu obra-proiektua eta betearazi. Eraikuntza-lanak 1991n amaitu ziren, eta aipatu zerbitzu publikoek beren egoitzak hartu zituzten. Alabaina, ez zitzaion Eusko Jaurlaritzari eskualdatu ertzainetxeak okupatutako lursailaren jabetza. Bestalde, berehala agertu ziren eraikuntza-arazoak, administrazio-prozeduren eta prozedura judizialen soka luze bati bide emanez. Birgaitzeko premiei buruzko hainbat azterlan tekniko egin dira tarte honetan, baita kalteak konpontzeko esku-hartze aringarriak ere. Segurtasun Sailak ordaindu ditu ertzainetxekoak, eta Arabako Foru Aldundiak, aldiz, suhiltzaileen egoitzakoak.

III.– 2013ko irailaren 30ean, erakundearteko hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, inbertsio-proiektuen suspertze ekonomikoko jarduketak garatzeko, barne hartuta ertzainetxea eta Aiarako SSPIZa dauden eraikuntza multzoaren birgaikuntza. Konpromiso hori aplikatzeko, behin konpromisoaren beraren irismena eta eraikuntza-beharrei buruzko alderdi teknikoen nondik norakoak finkatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko aurrekontu luzatuan 3.460.000 euroko kontu-sail bat dago aipatu eraikuntza multzoaren birgaitze- eta berritze-lanetarako (bai ertzainetxean bai Aiarako SSPIZan).

IV.– Gainera, Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoa sortzearen ondorioz (ezinbestean, Laudioko SSPIZa integratuta), Laudioko suhiltzaileek egoitza duten udalerrian eta Aiara eskualde osoan eman dezakete arreta, baita lurralde historikoaren gainerako eremuetan eta Burgosko nahiz Bizkaiko udalerri batzuetan ere. Horrenbestez, udalaz gaindiko izaera dute, eta, beraz, egoitza funtzional eta efiziente bat behar dute.

Horregatik guztiagatik, birgaitze- eta berritze-proiektua bakarra izan behar da, baita betearazpena ere, eraikuntza multzoaren diseinua eta ezaugarriak kontuan hartuta. Horrenbestez, obron finantza-kostua erakunde komunen aurrekontuaren kontura izango da, aipatu erakundearteko hitzarmenean hitzemandakoaren arabera. Horrenbestez, aurrekontu-xedapen hori aplikatuta, alderdi sinatzaileek hitzarmen hau sinatu behar dute, birgaitze- eta berritze-lan horiek betearazteko; finantza-irizpideak finkatzeko baino gehiago, zerbitzuen jarraitutasunean izandako eragina kontuan hartuta kudeatzeko aipatu obrak.

Hori horrela, aldeak ados egonik, Arabako Foru Aldundiak parte-hartze aktiboagoa izango du obren proiektu teknikoen osaeran eta obron zuzendaritzan nahiz kontratazio administratiboaren izapideetan eta kudeaketan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin koordinatzeko mekanismoei kalterik egin gabe.

Jarduketak errazago kudeatu ahal izango dira hala, bai SSPIZan egin beharreko esku-hartzeen ezaugarriengatik bai aurretiazko hitzarmenaren arabera Eusko Jaurlaritzari egokituko zaion zatiaren jabetza oraindik eskualdatu ez izanagatik. Gainera, Eusko Jaurlaritzak erakundearteko akordioaren arabera egin beharreko finantza-ekarpena konpentsatuko da.

V.– Halaber, bitarteko honen bidez, sinatzaileek konpromisoa hartzen dute lursailen eta beroietako eraikuntzen eta eraikinen ondare-egoera erregularizatzeko, ertzainetxea eta Aiarako SSPIZa eraikitzeko hitzarmenean jasotakoaren arabera.

VI.– 2018ko azaroaren 15ean, legezkotasunari buruzko aurretiazko aldeko txostena eman zuen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Lege Garapen eta Arau Kontrolerako Zuzendaritzak, eta 2019ko otsailaren 26an onartu zuen Gobernu Kontseiluak.

VII.– Fiskalizazio positiboa jasota, 2019ko otsailaren 27an, Arabako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hitzarmen hau onartzeko erabakia hartu zuen, eta Arabako Batzar Nagusiek berretsi, Arabako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolamenduaren Foru Arauarekin bat etorrita.

VIII.– 2019ko otsailaren 27an hitzarmenaren proiektua Eusko Legebiltzarrera igorri zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuak ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.e) artikuluan ezarritako komunikazioaren ondorioetarako.

IX.– Arabako Foru Aldundiak, Arkitektura Zerbitzuaren bitartez, ertzainetxearen eta Suhiltzaile Parkearen fatxadak berritzeko eta parkea bera handitzeko oinarrizko proiektua osatu du. Horretan oinarrituko da obren betearazpen materialaren proiektua, hala nola obron lizitazioa eta betearazpena.

Aipatutako aurrekariak kontuan hartuta, bi alderdiek erabaki dute lankidetza-hitzarmen hau sinatzea. Hauek dira hitzarmena osatuko duten

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren –Segurtasun Sailaren bitartez– eta Arabako Foru Aldundiaren arteko hitzarmen honek helburutzat du lankidetza-esparru bat ezartzea, honetarako:

a) Laudio udalerrian (Araba) dauden instalazioen, alegia, ertzainetxearen eta Aiarako kuadrillako Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoaren egoitzaren birgaitze- eta berritze-lanak egiteko.

b) Lursailen eta beroietako eraikuntzen eta eraikinen ondare-egoera erregularizatzeko.

Bigarrena.– Birgaitze-proiektua eta obra-proiektua.

1.– Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du Laudio udalerrian (Araba) dauden instalazioen, alegia, ertzainetxearen eta Aiarako kuadrillako Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoaren egoitzaren birgaitze- eta berritze-lanen proiektua egiteko.

2.– Eskatu diren birgaitze- eta berritze-lanetan, gutxienez, eraikinaren inguratzailean (fatxadak eta estalkiak) egin behar dira jarduketak. Halaber, estalkiek esku-hartze integrala behar dute, egiturako arrailak konpondu eta eraikinak, oro har, margotu behar dira; barne-espazioak ere margotu behar dira, bai eta arotzeria-lanak gauzatu ere: leihoak aldatu behar dira, eraikuntzako efizientzia energetikoa hobetze aldera. Horrez gain, Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoaren egoitzarako eremua handitu eta ertzainetxearen eremuan aldaketak egin behar dira, irisgarritasuna egokitzeko eta hobetzeko.

3.– Jarraipen eta Kontrol Batzordeak onartu edo bere gain hartuko du hitzarmen honetan aurreikusten den proiektu teknikoa; eta, era berean, alderdiekin adostuko du lanak hasteko eguna.

Hirugarrena.– Kontratazioa, gainbegiratzea eta kontrola.

Arabako Foru Aldundiak proiektuaren eta lanen kontratazioa izapidetu eta esleituko du, eta horiek gainbegiratzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko da, hargatik Segurtasun Saileko bulego teknikoak ertzainetxeko lanei egingo dien jarraipenari eragotzi gabe. Hori guztia bat dator Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 116. artikuluak xedatzen duenarekin.

Laugarrena.– Finantzaketa.

1.– Honela finantzatuko dira hitzarmen honen xede diren birgaitze- eta berritze-lanak, Jarraipen Batzordeak onartzen duen proiektu teknikoan agertzen direnak:

a) Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu obrak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldirako aurrekontu luzatuan jasotzen den partidako mugarekin; hau da, 200.000 euro 2019ko ekitaldirako; 2.000.000 euro kreditu konprometitu gisa 2020ko ekitaldirako; eta 1.260.000 euro kreditu konprometitu gisa 2021eko ekitaldirako.

b) Arabako Foru Aldundiak, a) letran jasotzen den muga gaindituz gero, proiektu teknikoaren aurrekontuan sartutako gainerakoa finantzatuko du.

2.– Jarduketa finantzatzeko kostua lanak gauzatzeko onartutako proiektuan jasotzen diren obren azken kostuak, behar diren proiektuen kanpo-kontratazioek eta lanak behar bezala bukatzeko behar den beste edozein gastuk osatuko dute (ikerketak, lizentziak, baimenak...).

3.– Eusko Jaurlaritzak 125.000 euro transferituko dizkio Arabako Foru Aldundiari, proiektuko gastuen kontzeptuan, eta diru-kopuru ondoren faktura bidez justifikatuko da.

4.– Gainerakoa Eusko Jaurlaritzak ordainduko dio Arabako Foru Aldundiari, onartutako lanen ziurtagirien eta 2. apartatuan jasotzen diren gainerako gastuen justifikazioaren arabera.

Bosgarrena.– Obrari buruzko informazioa.

1.– Arabako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du Segurtasun Sailari beharrezkoak iruditzen zaizkion txostenak eta obren inguruko azalpenak emateko, bai eta obren egoera erakusten duten dokumentu grafikoak nahiz idatzizkoak aurkezteko ere.

2.– Obrak amaitutakoan, egindako lanen inguruko txosten oso bat egingo du Arabako Foru Aldundiak. Txosten horretan, obren hasierako egoera, eboluzioa eta azken emaitza erakusten duten dokumentu grafikoak eta idatzizkoak eta argazkiak jarri beharko dira, formatu digitalean eta kalitate onean.

Seigarrena.– Obren behin-behineko eta behin betiko harrera.

Arabako Foru Aldundiak egingo du obren behin-behineko eta behin betiko harrera, alderdi bakoitzeko teknikarien laguntzaz, Jarraipen Batzordeko kide diren heinean.

Zazpigarrena.– Ondare-egoera arautzea.

Obren behin betiko harrera formalizatu ondoren, lursailen eta beroietan egindako eraikuntzen eta eraikinen ondare-egoera erregularizatuko dute alderdiek, 1989ko urriaren 16ko hitzarmenean ezarritako irizpideen arabera.

Zortzigarrena.– Jarraipen, Zaintza eta Kontrol Batzordea.

1.– Hitzarmen hau eta bere eranskinak ez ezik sinatzaileek hartutako konpromisoak betetzen direla kontrolatzeko, jarraipena egiteko eta hori guztia kudeatzeko, Jarraipen, Zaintza eta Kontrol Batzorde bat sortuko da, Arabako Foru Aldundiak izendatutako bi kidek eta Segurtasun Sailak izendatutako beste bi kidek osatuko dutena.

2.– Jarraipen, Zaintza eta Kontrol Batzordeak ohiko bilkura bat izango du urtean. Horrez gainera, aparteko bilkura egingo du alderdi batek eskatzen duen bakoitzean.

3.– Jarraipen, Zaintza eta Kontrol Batzordeari dagokio hitzarmen hau interpretatzean eta betetzean gerta daitezkeen arazoak ebaztea, bai eta alderdi sinatzaileei hitzarmenean aldaketak egitea proposatzea ere.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta jurisdikzioa.

Hitzarmen hau administratiboa da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean (urriaren 1eko 40/2015 Legea) eta aplika daitezkeen administrazio-zuzenbideko gainerako arauetan ezarritakoari jarraituko dio.

Hitzarmen hau interpretatzeari eta betetzeari lotutako arazoak Jarraipen Batzordearen barruan ebatziko dira; baina, adostasunik lortuko ez balitz, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikziora jo beharko litzateke, berak izango baitu alderdien artean sortzen diren auziak ebazteko eskumena, jurisdikzio hori arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 1. eta 2. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Hamargarrena.– Hitzarmena aldatzea.

1.– Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute hitzarmena berrikustea, bidezkotzat jotzen diren aldaketak egiteko. Hitzarmenaren edukia aldatzeko, sinatzaileek aho batez hartu beharko dute erabakia.

2.– Hitzarmenaren klausulak berrikusten badira, aldaketak alderdiek sinatu behar dituzten eranskinetan jasoko dira.

3.– Jarraipen, Zaintza, eta Kontrol Batzordeak ahalmena izango du hitzarmenaren funtsa ukitzen ez duten aldaketa teknikoak ezartzeko.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena azkentzea.

1.– Honako hauek izango dira Hitzarmena suntsiarazteko arrazoiak:

a) Bi aldeek horixe adostea.

b) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea edo, hala badagokio, indarraldia luzatzea erabakitzea.

c) Hitzarmen honetan hartutako funtsezko betebeharrak ez betetzea, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51.2.c) artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita.

2.– Betebeharrak betetzen ez badira, alderdi batek beste alderdiari errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio, hamar egun naturaleko epean bete dezan bete ez duen betebeharra. Jarraipen Batzordeko arduradunei emango zaie errekerimendu horren berri.

3.– Errekerimenduan adierazitako epea igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, zuzendu zuen alderdiak beste alderdiari jakinaraziko dio hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoia, eta, beraz, hitzarmena indargabetuko da.

Hamabigarrena.– Indarraldia.

1.– Hitzarmen hau alderdiek adostasuna emanez osatuko da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zein Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren izango du eragina.

2.– Hitzarmenaren iraupen-epea amaitutzat emango da obra amaitu eta Segurtasun Sailari dagokion egoera-ondarea erregularizatu ondoren; edozein kasutan, obra 2021eko abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko da.

3.– Edonola ere, epea ezingo da lau urte baino gehiagokoa izan. Hitzarmenaren indarraldia amaitu aurretik, alderdiek edozein unetan hitzartu ahalko dute epea luzatzea edo azkentzea. Luzatzea erabakitzen bada, lau urte gehigarri izango da gehienekoa.

Alderdi biek irakurri dute lankidetza-hitzarmena, eta, bertan adierazitakoarekin bat datozela adierazteko, bina ale sinatu dituzte, testuaren idazpuruan aipatutako tokian eta egunean.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

Arabako diputatu nagusiordea eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatua,

MARÍA PILAR GARCÍA DE SALAZAR OLANO.


Azterketa dokumentala