Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2019ko apirilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
1770

AGINDUA, 2019ko martxoaren 29koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, ehun eta berrogeita hamar milioi euroko Euskadiko Zor Publikoa jaulkitzeko eta eragiketa horren ezaugarriak zehazteko dena.

Otsailaren 5eko 15/2019 Dekretuaren bidez, erabakitzen eta baimentzen da 2019ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 10. artikuluko 1. apartatuan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren kargura, luzapen-araubidean 2019rako.

Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.

Hori guztia kontuan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ehun eta berrogeita hamar milioi (150.000.000) euroko Euskadiko Zor Publikoa jaulkitzea, otsailaren 5eko 15/2019 Dekretuan jasotzen diren baimenei jarraikiz.

2. artikulua.– Jaulkiko den Zor Publikoak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Zenbateko nominala: 150.000.000 euro.

b) Modalitatea: bonuak.

c) Jaulkitze-prozedura: kokapen pribatua.

d) Jaulkitze- eta ordainketa-data: 2019ko apirilaren 11.

e) Interesa: % 2,35eko urteko nominala; ordainketa: urte bakoitzeko apirilaren 11n.

f) Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.

g) Amortizazio-data: 2049ko apirilaren 11.

h) Baloreen adierazpidea: kontuko idatzoharrak.

i) Balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.

j) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.

3. artikulua.– Zor Publikoaren jaulkipena hiru tartetan egingo da, ezaugarri berezitu hauekin:

A) 1. tartea:

1.– Zenbateko nominala: 31.000.000 euro.

2.– Jaulkitze-prezioa: % 99,298.

B) 2. tartea:

1.– Zenbateko nominala: 68.000.000 euro.

2.– Jaulkitze-prezioa: % 98,792.

C) 3. tartea:

1.– Zenbateko nominala: 51.000.000 euro.

2.– Jaulkitze-prezioa: % 98,771.

4. artikulua.– Harpidetza.

Ogasun eta Ekonomia Sailak bideratuko du jaulkipeneko baloreen harpidetza, hain justu ere jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez, betiere bat etorriz balore-merkatuaren indarreko araudiarekin.

5. artikulua.– Gaikuntza.

Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari baimena ematen zaie zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sinatzeko.

6. artikulua.– Harpidetza, jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Norbolsa, Sociedad de Valores, S.A. enpresaren bidez ordainduko ditu Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores, S.A. enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoari jarraituz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 29a.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARIA AZPIAZU URIARTE.


Azterketa dokumentala