Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

68. zk., 2019ko apirilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1754

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 14koa, Universidad Del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordearena, Unibertsitate Master Ofizialak Ezartzeko, Aldatzeko eta Kentzeko Prozedurari buruzko Arautegia argitaratzeko dena.

AZALPENA

4/2007 Lege Organikoak, apirilaren 12koak, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatzen duenak, unibertsitateen modernizazio sakon bat egiteko behar diren oinarriak finkatzen zituen, eta unibertsitate ikasketa eta titulu ofizialen egitura berri bat ezartzen zuen, unibertsitate ikasketak Europako Unibertsitate Eremuaren oinarrizko printzipioekin uztartzeko prozesua orientatzea ahalbidetzen zuena.

Aipatutako legearekin bat etorrita, unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretu ak eta haren ondorengo aldaketek unibertsitate ikasketa ofizialen egitura garatu zuten, Europako Unibertsitate Eremutik emandako lerro nagusien arabera. Era berean, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) sartu aurretik, tituluak lortzera bideratutako ikasketa planek gainditu beharreko egiaztapen eta akreditaziorako ildoak, baldintzak eta prozedura finkatu ziren.

Horrekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan aplikagarriak dira honako hauek: 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena, eta 274/2017 Dekretua, abenduaren 19koa, gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko unibertsitate ikasketa ofizialak jartzeari eta kentzeari buruzkoa. Dekretu horrek urtarrilaren 29ko 11/2009 Dekretua ordezkatzen du, eta haren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateek gradu, master eta doktorego tituluak eskuratzeko unibertsitate ikasketa ofizialak jartzea edo kentzea eskatzeko aintzat hartu beharko dituzten irizpide orokorrak ezartzea, baita UPV/EHUrentzako irizpide espezifikoak ere.

Era berean, dekretu horrek alderdi hauek arautzen ditu: Unibasq-ek ikasketa planak ebaluatzeko egin behar duen txostenaren prozedura; dagozkion titulu ofizialak lortzeko gradu, master eta doktorego ikasketa ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta, hala behar bada, kentzeko baimena lortzeko prozedura; eta, horien akreditazioa berritzeko prozedura.

Hortik abiatuta, aurkeztutako arautegi honen helburua indarrean den «Unibertsitateko Master Ofizialetarako Proposamenak Lantzeko Prozedurari buruzko Arautegia» egokitzea da (2010eko urriaren 4ko BOEn eta 2010eko irailaren 21eko EHAAn argitaratua). Hartara, aipatutako arauetara eta Unibasq-ek eta, halakorik bada, tituluak ebaluatzeko eta egiaztatzeko eskumena duten beste ebaluazio agentzia batzuek ezarritako irizpideetara egokituko da, baita unibertsitateak tituluak ezartzeko, aldatzeko edo kentzeko ezarritako irizpideetara ere.

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzea unibertsitate master ofizialak ezartzeko, aldatzeko eta kentzeko proposamenen prozedurari buruzko arautegia, eranskinean adierazitakoaren arabera.

Leioa, 2019ko martxoaren 14a.

Errektorea,
NEKANE BALLUERKA.
Eskumenak eskuordetuta (2017ko urtarrilaren 25eko Ebazpena, 2017-02-03ko EHAA),

Graduko eta Graduondo Ikasketen arloko errektoreordea,

ARACELI GARÍN MARTÍN.

I. KAPITULUA
EGITURA ETA DISEINUA

1. artikulua.– Egitura orokorra eta unibertsitateko master tituluak diseinatzeko arauak.

1.– Unibertsitateko masterren helburua ikasleek izaera bereziko edo diziplina anitzeko prestakuntza aurreratua jasotzea da, betiere espezializazio akademikora edo profesionalera orientatuta, edo ikerlana sustatzera orientatuta.

2.– Aurreko atalean aurreikusitako ikasketak gaindituta, ikasleek Unibertsitate Master titulua lortuko dute, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (RUCT) jasotako izenarekin.

3.– Unibertsitateko master tituluak eskuratzeko ikasketa planek 60, 90 edo 120 ECTS kreditu (1, 1,5 edo 2 ikasturte, hurrenez hurren) izango dituzte. Ikasleek eskuratu beharreko prestakuntza teoriko eta praktiko guztia edukiko dute: nahitaezko irakasgaiak, hautazko irakasgaiak, kanpoko praktikak eta master amaierako lana, titulu bakoitzaren ezaugarrien arabera. Tituluen ezaugarriak arautegi honen 5.1 artikuluan zehazten dira.

Kredituen esleipena eta dagokien ordu kopuruaren estimazioa egitean, egun osoz ari den ikasle baten erreferentzia hartuko da, eta gutxienez 36 eta gehienez 40 asteko iraupena, ikasturte bakoitzeko.

Salbuespen gisa, kreditu kopuruak goian adierazitakoen bestelakoak izan daitezke, baldin eta masterraren ildoek, akreditazio agentzien gomendioek edo nazioarteko programen partzuergoek hala izatea eskatzen badute.

4.– Ikasketak amaitzeko, master amaierako lan bat egin eta jendaurrean defendatu beharko da, eta 6-30 ECTS kreditu arteko balioa izango du.

5.– Espainian araututako jarduera profesionaletan aritzeko tituluak direnean, gobernuak baldintzak ezarri ahal izango ditu. Ikasketa planak baldintza horietara egokitu beharko dira, eta, edonola ere, arloan aplikagarria izan daitekeen Europako legedira ere. Lanbide horretan aritzeko beharrezkoak diren gaitasunak diseinatu beharko dira, eta egokitzapen hori arrazoitu beharko da.

6.– Unibertsitateko master ikasketa ofizialetara sartzeko, beharrezkoa izango da Espainiako unibertsitate titulu ofizial bat edo Europako Unibertsitate Eremuko goi mailako hezkuntza erakunde batek igorritakoren bat edukitzea, baldin eta titulu horrek unibertsitateko master mailako ikasketetara sartzeko aukera ematen badu.

7.– Era berean, Europako Unibertsitate Eremutik kanpoko hezkuntza sistemetako tituludunak ere sartu ahal izango dira, tituluak homologatu beharrik izan gabe. Aldez aurretik, unibertsitateak egiaztatuko du espainiar titulu ofizialei dagokien prestakuntza maila dutela eta herrialde igortzailean graduondoko ikasketetarako sarbidea ematen dutela. Modu horretan sartzeak ez du esan nahi interesdunak aurretiaz duen titulua homologatuko denik eta, unibertsitate masterra egiteko aukera emateaz gain, beste efektu batzuk aitortuko zaizkionik.

8.– Unibertsitateko masterrean onartua izateko, master tituluak edo unibertsitateak berak ezarritako betekizun espezifikoak eta merituak balioesteko irizpideak bete beharko ditu ikasleak. Horien artean, diziplina batzuetan espezializatutako aurreprestakuntza betekizunak ere egon daitezke.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA. ORGANOAK ETA EGINKIZUNAK

2. artikulua.– Unibertsitate masterren organo proposamengileak eta arduradunak.

1.– Unibertsitate masterra proposatzeko ekimena ikastegi, sail edo unibertsitate institutu batena edo hainbatena den kontuan hartu gabe, unibertsitate masterra antolatzeko eta garatzeko erantzukizuna UPV/EHUren ikastegi, sail edo unibertsitate institutu bakarrarena izango da.

2.– Ikastegi atxikietan, horretarako sinatutako atxikipen hitzarmenean ezarritakoaren arabera emango dira unibertsitate masterrak.

3.– Master berri bat ezartzeko proposamenak honako hauek izango ditu beti:

a) Ikastegi arduradunaren akordioa.

b) Campuseko Batzarraren txostena.

c) Irakasgaiak emateko ardura hartuko duten sailetako kontseiluen akordioak.

d) Irakasgaien arduradunak izan gabe haien irakaskuntzan inplikatuta dauden beste sail batzuen akordioak.

e) Hala behar bada, masterra emango duten beste zentro batzuen akordioa, bertako ikasgelak, mintegiak eta beste azpiegitura batzuk erabiltzeko baimenari buruz.

f) Irakaskuntza emango den beste erakunde publiko edo pribatuekiko lankidetza hitzarmenak.

g) Masterraren Batzorde Akademikoaren osaera.

3. artikulua.– Unibertsitate masterraren Batzorde Akademikoaren osaera, izendapena eta eginkizunak.

1.– Masterraren Batzorde Akademikoaren burua masterraren arduraduna izango da, zeina UPV/EHUren masterreko irakaslea eta doktorea izango baita, arduraldi osoz.

Batzorde Akademikoa beste bi batzordekidek osatuko dute, eta horiek ere UPV/EHUko irakasle-ikertzaileak, masterreko irakasleak eta doktoreak izango dira.

Batzorde akademikoetan ezarritako baldintza horiek betetzen ez dituzten kideen parte hartzea behar bezala justifikatu beharko da, Graduondoko Batzordeak aztertu eta, hala badagokio, onar dezan.

2.– Masterraren Batzorde Akademikoko kideen izendapena dagokion Ikastegiko Batzarrak onartu behar du, eta gero Graduondoko Batzordeari igorri behar zaio, honek berrets dezan. Proposamenean, masterraren arduraduna eta bi batzordekideak zein izango diren adierazi beharko da.

Master proposamen berrien kasuan, dagokion batzorde akademikoaren eraketa masterra inplementatzeko proposamenaren zati bat izango da.

Dagoeneko martxan diren batzorde akademikoak aldatu ahal izango dira, partzialki edo osorik, Masterraren Batzorde Akademikoaren edo tituluaz arduratzen den ikastegiaren beraren ekimenez.

3.– Masterraren Batzorde Akademikoak, ikastegiek dituzten eskumenak ezertan eragotzi gabe, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Masterraren edukiak, ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak eta metodologia zehaztea.

b) Hizkuntza araudiak bere garaian unibertsitateko masterren gainean ezarritakoa betetzea.

c) Ikasleak hautatzeko irizpideak ezartzea.

d) Ikasleak onartzeko proposamena dekanoari edo zuzendariari helaraztea, honek onar dezan, eta onarpenen inguruan aurkeztutako erreklamazioen gainean informatzea.

e) Masterreko ikasleei lotutako gorabeherak, bereziki, irakasgaien ebaluazioari lotutakoak, konpontzea, Unibertsitate Masterrak Kudeatzeko Arautegiaren arabera.

f) Ikasleen praktikez eta mugikortasunaz arduratzea, masterraren ardura duen ikastegiaren laguntza administratiboarekin.

g) Masterreko ikasleen tutoreak izendatzea, hala behar bada.

h) Irakasleen irakaslanaren banaketan izandako aldaketak onartzea, aldez aurretik dagozkion sailek horretarako baimena eman badute.

i) Unibertsitate masterra lortzeko ikasketak egoki garatzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren zeregin guztiak egitea.

j) Masterra behar bezala garatzeko ardura hartzea, etorkizuneko akreditazioa bermatzeko.

k) Tituluari lotutako alderdietan, Ikastegiaren Kalitatea Bermatzeko Sisteman emandako eginkizunez arduratzea.

4. artikulua.– Unibertsitate masterraren arduradunaren eginkizunak.

Masterraren irakasle arduradunak, ikastegiek dituzten eskumenak ezertan eragotzi gabe, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Unibertsitateko masterraren jarraipena egitea, baita, hala badagokio, irakaskuntza txosten akademikoan ezarritako masterreko praktiken jarraipena ere.

b) Masterrerako beharrezkoak diren giza baliabideen, azpiegituren eta bestelako zerbitzuen eskuragarritasuna edo beharrak identifikatzea, eta justifikazio memorian jasotzea.

c) Unibertsitate masterrean sortutako gorabeherak konpontzea, masterraren Batzorde Akademikoaren aholkularitzaz.

d) Beste erakunde edo entitate publiko nahiz pribatu batzuekin lankidetza hitzarmenak izenpetzeko proposamenak lantzea. Hitzarmenak arautegi honen 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera izapidetuko dira.

e) Unibertsitate masterra garatzeko beharrezkoak diren laguntzak eta diru laguntzak eskatzea.

f) Unibertsitate masterraren kudeaketa ekonomikoaren ardura hartzea, masterraren ardura duen ikastegiarekin batera.

g) Beharrezkoak diren ziurtagiri ez-ofizial guztiak igortzea.

h) Unibertsitate masterra egoki garatzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren bestelako zeregin guztiak egitea.

III. KAPITULUA
MASTER IKASKETEN EDUKIA

5. artikulua.– Master proposamenen edukia eta baldintzak.

Masterretarako proposamenek honako informazio hau izango dute:

1.– Tituluaren deskribapena.

1.1.– Masterraren izenburua edukiekin identifikatu behar da, eta diziplinarekiko koherentzia gorde behar du. Era berean, ez du gaizki ulerturik eragingo arlo profesionalean izan ditzakeen ondorioen inguruan, eta ez da bat etorriko unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartutako beste izen batekin.

1.2.– Masterraren antolakuntzaz, garapenaz eta kudeaketaz arduratzen den ikastegia. Unibertsitate arteko masterren kasuan, masterraren antolakuntzan eta garapenean parte hartzen duten erakundeak aipatuko dira.

1.3.– Irakaskuntza mota: presentziala, erdi-presentziala edo urrunekoa.

1.4.– Ikasle berrientzako eskainitako plazak. Titulua ematen den lehen bi urteetarako estimazioa.

1.5.– Ikasleek gainditu beharreko kreditu kopurua eta banaketa: nahitaezkoak, hautazkoak, curriculumeko kanpo praktikak, halakorik balego, eta master amaierako lana.

1.6.– Ikasleko matrikula kredituen gutxieneko eta gehieneko kopurua eta eskolaldia, arduraldi osoan eta arduraldi partzialean.

1.7.– Masterrek prestakuntza osagarriak eduki ditzakete kredituetan, eta masterraren barruan edo kanpoan egon daitezke. Edonola ere, masterraren ikasketa planak prestakuntza osagarrikoak ez diren master mailako 60 ECTS kreditu eduki beharko ditu gutxienez. Prestakuntza osagarriak masterraren barruan sartzen direnean, haren iraupenak berdina izan beharko du ikasle guztientzat eta ez ditu izango 120 ECTS baino gehiago.

Masterraren zati izan edo izan ez, master mailako kreditutzat hartuko dira prezio publikoetarako eta bekak edo laguntzak emateko.

1.8.– Indarreko araudiaren arabera, tituluaren gehigarri europarra igortzeko beharrezkoa den gainerako informazioa: jakintza adarra, azterketa arlo nagusiak (ISCED), ikerketa edo lan orientazioa, UPV/EHUk bakarrik antolatutakoa edo batera antolatutakoa (estatukoa edo nazioartekoa), tituluaren planifikazioari eta koordinazioari buruzko azalpen labur bat, titulua ematen duen erakundea, prestakuntza prozesuan erabilitako hizkuntzak eta, hala behar bada, hizkuntza gaitasunak, zer lanbidetarako gaitasuna ematen duen, eta tituluaren beste eskakizun batzuk.

1.9.– Nazioartean batera antolatutako masterren kasuan, izenpetutako hitzarmenean erakunde parte hartzaileen artean adostutako kalifikazio sistema deskribatuko da. Hainbat kalifikazio sistema erabiltzen badira, baliokidetzeen taula emango da.

1.10.– Tituluaren kategorizazioa. Abenduaren 19ko 274/2017 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, hiru bektoreetako bakoitzean zer maila (oinarrizkoa, tartekoa edo aurreratua) lortzea aurreikusten den zehaztuko da: a) Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza, b) Nazioartekotzea eta c) Enpresa eta erakundeekiko harremanak, kasu bakoitzean justifikatuta zergatik espero den maila hori lortzea.

1.11.– Halakorik bada, adierazi beharko da prestakuntza dualeko master bat den edo ibilbide dual bat duen.

2.– Justifikazioa, proposamenaren egokitzapena eta prozedurak.

2.1.– Proposatutako titulua justifikatuko da, haren interes akademikoa, zientifikoa edo profesionala argudiatuz.

2.2.– Unibertsitatearen kanpoko erreferenteak, proposamena antzeko ezaugarri akademikoak dituzten tituluetarako estatuko edo nazioarteko irizpideetara egokitzen dela bermatuko dutenak.

2.3.– Ikasketa plana egiteko erabilitako barne eta kanpo aholkularitza prozedurak deskribatuko dira. Profesionalen, ikasleen edo beste kolektibo batzuen artean egin daitezke (elkarteak, enpresak, elkargo profesionalak, etab.).

2.4.– Lehenengoz proposatutako masterren kasuan, ikasle berrien eskaeraren aurreikuspenak antzeko tituluetan azken ikasturteetan erregistratutako eskaera aipatu beharko du. Frogatu beharko da, gutxi gorabehera bada ere, proposatutako ikasketak 20 ikasle berri inguru izango dituela, behar bezala arrazoitu beharreko salbuespenetan izan ezik, zeinek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren berariazko onespena beharko baitute.

3.– Tituluaren helburuak eta gaitasunak.

3.1.– Proposamena egituratzeko, masterraren orientazio orokorra islatuko duten helburuak hartuko dira abiapuntutzat. Helburu horiek tituluari eman nahi zaion orientazioa ezagutzea ahalbidetuko dute, eta lagungarriak izango dira ikasleek ikasketetan lortu behar dituzten eta titulua lortzeko eska daitezkeen gaitasunak ulertzeko. Unibertsitate masterraren xedea ikasleak prestakuntza aurreratua jasotzea izango da. Prestakuntza hori diziplina anitzekoa eta espezializatua izango da, ikasketa edo laneko espezializaziora orientatuta egongo da, edo ikerlana bultzatzeko xedea izango du.

3.2.– Gaitasunak: oinarrizkoak, zeharkakoak eta espezifikoak. Curriculumaren ekintza guztien xedea izango da ikasleek gaitasun horiek eskuratzea; beraz, ikasketa planean jaso beharko dira. Gaitasunak ebaluagarriak izango dira.

3.3.– Tituluaren oinarrizko gaitasunak. Bermatuko dira, gutxienez, Goi Mailako Hezkuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruan (MECES) ageri diren gaitasunak eta masterraren oinarrizko gaitasun hauek:

a) Ideiak garatzeko eta aplikatzeko originalak izateko oinarri edo aukera emango duten ezagutzak edukitzea edo ulertzea, askotan ikerketaren testuinguru batean.

b) Ikasleek eskuratutako ezagutzak eta arazoak konpontzeko gaitasuna aplikatzen jakitea, testuinguru berrietan edo ikasketa arloari lotutako testuinguru zabalagoetan (edo diziplina anitzekoetan).

c) Ikasleak ezagutzak osatzeko gai izatea, eta osatugabea edo mugagabea den informazio batetik abiatuta iritziak emateko konplexutasunari aurre egiteko gai izatea. Horrez gain, beren ezagutzei eta iritziei lotutako eta erantzukizun sozial eta etikoei buruzko hausnarketak egiteko gai izatea.

d) Ikasleek publiko espezializatuei eta ez espezializatuei beren ondorioak -eta horiei eusten dieten ezagutzak eta arrazoiak- helarazten jakitea, modu argi batean eta anbiguotasunik gabe.

e) Ikasleek beharrezkoak diren gaitasunak edukitzea, hein handi batean modu autogidatuan eta autonomoan ikasten jarraitu ahal izateko.

3.4.– Espainian araututako jarduera profesionaletan jarduteko tituluak direnean, Gobernuak baldintzak ezarri ahal izango ditu. Ikasketa planak baldintza horietara egokitu beharko dira eta, edonola ere, arloan aplikagarria den Europako legedira ere. Nolanahi den, ikasleak lanbide hori betetzeko gaitasunak lortu behar ditu eta, beraz, ikasketa planak helburu hori lortzeko beharrezkoak diren edukiak izan behar ditu. Hori horrela izanik, unibertsitateak ikasketa planak baldintza horietara egokitzen direla justifikatuko du.

4.– Ikasleak sartzeko baldintzak eta onartzeko irizpideak. Kredituak onartzea eta transferitzea.

4.1.– Matrikulatu aurretik informazioa eskuratzeko sistemak eta ikasle berriak hartzeko eta orientatzeko prozedurak emango dira, unibertsitaterako eta irakaskuntzarako sarbidea errazte aldera.

4.2.– Sarrera baldintzak, onarpen irizpideak eta merezimenduen balorazioa. Hala behar bada, hautapen prozesuaren sarrera baldintzak edo proba bereziak aipatuko dira.

4.3.– Matrikulatutako ikasleentzako laguntza eta orientazio sistemak.

4.4.– Kredituak transferitu eta aitortzeko sistemak zehaztu behar dira, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko 6. artikuluaren eta UPV/EHUko Unibertsitate Masterrak Kudeatzeari buruzko Arautegiaren arabera.

4.5.– Ikasketa planak curriculumekoak ez diren kanpoko praktiken bidez ikasleek lortutako hautazko kredituak aitortu ahal izango ditu. Praktika horien aitortzarako aintzat hartuko dira UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktiken Araudia eta Unibertsitate Masterrak Kudeatzeko Arautegia. Praktiken bidez kredituak lortzeari dagokionez, praktiketako 25 ordu ECTS kreditu baten baliokide izango dira.

4.6.– Zenbait diziplinatan prestakuntza osagarriak jaso ahal izango dira, ikasleak lehendik egiaztatutako prestakuntzaren arabera. Halakorik bada, masterrean onartua izateko beharrezkoak diren prestakuntza osagarriak deskribatu behar dira.

5.– Ikasketen plangintza.

5.1.– Ikasketen egitura:

5.1.a) Ikasketa planaren kredituen banaketa: nahitaezko eta hautazko kredituak, ikasleek gainditu behar dituztenak.

Ikasketa planean eskainitako kreditu osoen kopurua ezingo da izan ikasleek gainditu beharreko kreditu kopuruaren % 150etik gorakoa.

Eskainitako hautazko kreditu osoen kopurua ezingo da izan ikasleek gainditu beharreko hautazko kreditu kopuruaren % 200etik gorakoa.

Unibertsitate arteko masterretan, muga horiek gainditu ahal izango dira, baldin eta gainditutako kopuruak beste unibertsitateek bereganatzen badituzte.

Edonola ere, ikasturte bakoitzerako hautazko irakasgaiak Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak horretarako emandako araudiaren arabera eskainiko dira.

Oro har, masterraren irakasgaien irakaskuntza talde bakarra emango da, behar bezala justifikatutako salbuespenetan izen ezik. Salbuespen horietarako beharrezkoa izango da Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzaren aldeko txostena edukitzea.

5.1.b) Espezialitateak: masterrak espezialitatetan konfiguratu ahal izango dira, baldin eta aurreko atalean aipatutako muga orokorrak errespetatzen badira.

5.1.c) Irizpide propioak: irizpide propio ofizialak dituzten unibertsitate masterretan, irizpide horiek lehenetsiko dira, arautegi honetan ezarritako irizpideen gainetik.

5.1.d) Curriculumeko kanpoko praktikak: halakoak badira, gutxienez nahitaezko 6 kreditu izango dituzte, eta gehienez ikasketa planaren kreditu osoen % 25. Masterrak orientazio profesionala badu, ikasketa planean curriculumeko praktikak sartzea gomendatzen da.

5.1.e) Curriculumekoak ez diren kanpoko praktikak: proposamenak borondatezko praktikak egiteko aukera aurreikusten badu, aitortu beharreko hautazko kredituen gehieneko kopurua adieraziko da, baita horrelako praktiketan parte har dezaketen ikasleen ehunekoaren estimazioa ere.

5.1.f) Master Amaierako Lana (6-30 ECTS artean): ikerketara orientatutako masterretan Master Amaierako Lanaren kredituen kopurua gutxienez 12 ECTS izatea gomendatzen da.

5.1.g) Kanpoko praktiken eta Master Amaierako Lanaren kredituen baturak ezingo du gainditu ikasketa planaren kreditu kopuru osoaren % 50.

5.2.– Ikasketa planaren planifikazioaren, irakaskuntza koordinatzeko bitartekoen eta emateko lekuen azalpen orokor bat. Informazioa emango da ikasketa planari buruz (denborazko sekuentzia eta emateko modalitatea), bertako nahiz kanpoko ikasleen mugikortasun plangintzari eta kudeaketari buruz, eta irakaskuntza koordinatzeko prozedurei buruz.

Unibertsitate arteko programetan, ikasleentzako aurreikusitako mugikortasun eskema azalduko da, eta ikasle guztiek UPV/EHU ez den beste unibertsitate batean emandako irakasgaiak egiten dituztela bermatuko du.

5.3.– Bertako eta kanpoko ikasleen mugikortasuna.

Mugikortasuna eta haren egokitzapena justifikatzea, tituluaren prestakuntza helburuak aintzat hartuta. Ikasleen trukerako lankidetza hitzarmenak eta akordioak sartzea, baita unibertsitateak edo beste erakunde batzuek finantzatutako mugikortasunerako laguntzen programak edo deialdiak ere.

Mugikortasun programak edo hitzarmenak egonez gero, zehaztu mugikortasun hori zer prozeduraren bidez antolatuko den.

5.4.– Ikasketa planean jasotako irakasgaien eta, hala badagokio, moduluen deskribapen zehatza.

5.4.a) Irakasgaien eta, hala badagokio, moduluen izenak.

5.4.b) Irakasgaiko eta, hala badagokio, moduluko kreditu kopurua, irakasgaiko gutxienez 3 ECTS aurreikusita.

ECTS kreditu bakoitza ikaslearen 25 lanorduren parekoa da, eta kredituak ikasleak ezagutzak, gaitasunak eta trebetasunak bereganatzeko egin beharreko lanari dagozkio. Lanordu horietan honako hauek sartzen dira: eskola orduak, bai teorikoak eta bai praktikoak; ikasteko orduak; mintegiak, lanak, praktikak edo proiektuak egiteko orduak; eta, azterketak eta ebaluazio probak prestatu eta egiteko eskatutako orduak.

5.4.c) ikasketa planaren denboraren planifikazioa (urtekoa, seihilekoa, lauhilekoa, hiruhilekoa edo astekoa, etab.) eta sekuentzia (ikasturtea, hala behar bada, eta lauhilekoa).

5.4.d) Nahitaezkoa edo hautazkoa.

5.4.e) Emateko modalitatea. Irakasgai bakoitza zer modalitatetan emango den adieraziko da: presentziala, erdi-presentziala edo urrunekoa.

5.4.f) Ikasleak irakasgai edo, halakorik bada, modulu horretan eskuratutako gaitasunak eta haien zehaztapena ikaskuntza emaitzetan.

5.4.g) Edukiaren deskribapen laburra.

5.4.h) ECTS kredituak dituzten prestakuntza jarduerak, presentzialtasun portzentajea, ikaskuntza-irakaskuntza metodologia, eta haren erlazioa ikasleak eskuratu beharreko gaitasunekin.

5.4.i) Ikaskuntza emaitzak eta gaitasunak ebaluatzeko erabiliko den ebaluazio sistema.

5.4.j) ISCED sailkapenaren kode bat izango dute, lau edo sei digitukoa.

5.4.k) Irakasgaia zer hizkuntzatan emango den. Gomendatzen da masterrean hirugarren hizkuntza bat ere erabiltzea; batez ere, ingelesa, arlo akademikoan gehien hedatutako hizkuntza baita.

5.4.l) Irakasgaiaz arduratzen den sail bakarrari atxikitzea. Beste unibertsitate bati atxikitako irakasgaiei dagokienez, zer unibertsitate den eta irakasgaia antolatzeaz eta emateaz zer organo arduratuko den adieraziko da.

5.4.m) Irakaskuntza metodologiak (tipologiak):

– Eskola magistrala: M.

– Mintegiak: M.

– Ikasgelako Praktikak: IP.

– Laborategiko Praktikak: LP.

– Ordenagailuko Praktikak: OP.

– Tailer ez-industrialak: TA.

– Tailer Industrialak: TAI.

– Praktika Klinikoak: PKL.

– Landa Praktikak eta Kirol Praktikak: LP eta KP.

Irakaskuntza mota bakoitzeko zenbatu beharko da zenbat denbora eskaintzen zaion ikaslearen lan presentzialari eta ez-presentzialari ECTS (25 ordu) kreditu bakoitzeko. Irakasleari kreditu bakoitzeko lan presentzialeko 10 ordu aitortuko zaizkio.

6.– Langile akademikoak.

6.1.– Proposatutako ikasketa plana garatzeko beharrezkoak diren eta prest dauden irakasleak eta giza baliabideak.

Atribuzio profesionalik gabeko master ofizialetan, UPV/EHUko irakasleek gutxienez tituluko kredituen % 60 emango dituzte, eta atribuzio profesionaleko masterretan, gutxienez, % 40. Murrizketa hori ez da kontuan hartuko batera antolatutako masterretan eta Graduondoko Batzordeak behar bezala justifikatu eta baimendutako suposamenduetan.

Orientazio profesionaleko masterretan, kredituen % 70 irakasle doktoreek emango dituzte.

Ikerketa orientazioko masterretako irakasleek doktore izan beharko dute. Salbuespen moduan, doktore ez diren irakasleek ere parte hartu ahal izango dute (gehienez ere masterreko kredituen % 10), baldin eta masterrari balio erantsia ematen dioten erakunde eta enpresetakoak badira. Gaia koordinatzen duten irakasle doktoreen gidaritzapean egingo dute lan.

6.2.– Master amaierako lanak zuzentzeko ardura duten irakasleak.

Master amaierako lanak zuzenduko dituzten irakasle doktoreen zerrenda, masterrean irakasgaiak ematen dituzten irakasleak diren ala ez alde batera utzita. Zerrenda horretan irakasle elebidunak egotea bermatuko da, ikasleek lanak euskaraz aurkezteko aukera izan dezaten.

Irakasle ez-doktoreak master amaierako lanen zuzendarikide izan daitezke, irakasle doktore batekin batera. Salbuespen gisa, Graduondoko Batzordeak irakasle ez-doktoreei master amaierako lanak zuzentzeko baimena eman ahal izango die master profesionaletan, aldez aurretik dagokion justifikazioa aurkeztuta.

6.3.– Irakasleen baimenak eskolak emateko.

Master batean eskolak emango dituzten irakasleek aldez aurretik bere saileko kontseiluaren baimena eskuratu beharko dute. Baldintza hori master proposamenean jasoko da.

Irakasgaien ardura duten sailek masterraren UPV/EHUko irakasleen irakaslanaren banaketa eguneratuko dute urtero, Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak Irakats Eskaintzaren GAUR aplikazioaren bidez ezarritako egutegiak eta irizpideak aintzat hartuta.

Irakasgaiaren ardura duen sailak masterreko irakasleen irakaslanaren banaketan izango diren aldaketa guztiak jakinaraziko dizkio Masterraren Batzorde Akademikoari.

Unibertsitate masterren proposamenetan, estatuko edo atzerriko beste unibertsitate batzuetako irakasleen kolaborazioa aurreikus daiteke. Horretarako, ordea, beharrezkoa izango da interesatuaren eta haren unibertsitateko organo eskudunaren oniritzia jasotzea.

Horrez gain, unibertsitateko irakasle ez diren profesionalek eta ikertzaileek parte hartu ahal izango dute, betiere unibertsitateko masterraren Batzorde Akademikoak gainbegiratuta. Horrelakoetan, masterraren arduradunak irakasle parte hartzailea kide den erakundearen baimena beharko du.

UPV/EHUkoak ez diren irakasleentzako venia docendia emantzat hartuko da Gobernu Kontseiluak onartutako proposamenean jasotako irakasleen kasuan. Proposamen horrek irakasgaiaren ardura duen sailaren aldez aurreko txostena eduki beharko du.

Irakaslanaren banaketaren aldaketa oro UPV/EHUn irakaslana banatzeko indarrean dauden arauen arabera egingo da. Edonola ere, Masterraren Batzorde Akademikoak tituluak irakasleei dagokienez eskatutako baldintzak betetzen direla zainduko du.

6.4.– UPV/EHUkoak ez diren irakasleei ordaintzea.

UPV/EHUkoak ez diren irakasleen ordainketak masterraren finantzaketaren bidez egingo dira (kanpoko deialdiak, programa kontratuak, kanpoko diru laguntzak, etab.), eta kontuan hartuko dira unibertsitate masterrak kudeatzeko arautegian kasuan kasurako zehaztutako mugak.

6.5.– Kudeaketari, praktiken tutoretzari eta master amaierako lanak zuzendaritzari dagokien irakats betebeharra aitortzea.

Unibertsitate masterren ikasketen kudeaketari, praktiken tutoretzari eta master amaierako lanen zuzendaritzari lotutako irakats betebeharraren aitortza egiteko, aintzat hartuko da Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzak araututako irakasle-ikertzaileen Jardun Akademikoaren Planean (JAP) ezarritakoa.

6.6.– Bateraezintasunak.

Unibertsitate master bat ematen duten, horren arduradun diren edo koordinazio lanak egiten dituzten irakasleek, UPV/EHUkoek nahiz kanpokoek, ezingo dute master horretan matrikulatu.

7.– Baliabide materialak eta zerbitzuak.

7.1.– Erabilerraztasun unibertsaleko eta denontzako diseinuko irizpideak errespetatuta, planifikatutako prestakuntza jarduerak egingo direla bermatzeko baliabide materialak eta zerbitzuak (espazioak, instalazioak, laborategiak, ekipamendu zientifiko, tekniko edo artistikoa, liburutegia eta irakurketa aretoak, teknologia berriak, etab.) egokiak direla justifikatzea.

7.2.– Ikasketa plana proposatzeko orduan beharrezko baliabide material eta zerbitzu guztiak eduki ezean, zer premia dauden eta nola eskuratuko diren zehaztu beharko da.

8.– Aurreikusitako emaitzak.

8.1.– Ondoren adierazten diren adierazleetarako balio kuantitatiboen estimazioa eta estimazio horien justifikazioa. Akreditazio fasean estimazio horiek aztertuko dira, kontuan hartuta unibertsitateek aurkeztutako justifikazioak eta jarraipenaren ondorioz egindako ekintzak.

a) Graduazio tasa: ikasketa planean aurreikusitako denboran edo hurrengo ikasturtean (unibertsitatean urte berean sartu zen ikasle taldea erreferentzia hartuta) ikasketak amaitzen dituzten ikasleen ehunekoa.

b) Ikasketak uztearen tasa: X ikasturtean sartutako ikasle berrien talde batean, tituluan graduatu ez diren eta bi ikasturtez jarraian matrikulatu ez diren ikasleen ehunekoa.

c) Egresatuen efizientzia tasa: egresatu den tituluan ikasle batek gainditu dituen kreditu kopuru osoaren eta matrikulatu den kreditu kopuru osoaren arteko ehunekoa. (Erreferentziako biztanleria: biztanleria optimoa, master bat hasi eta kreditu guztiak egin behar dituzten ikasleen xede multzotzat hartuta).

Modu osagarrian eta jarraipen prozesuari begira, honako hauek eman beharko dira:

d) Errendimendu tasa: ikasturte batean matrikulatutako ikasleek gainditutako kredituen kopuruaren eta ikasturte horretan orotara matrikulatutako kreditu kopuru osoaren arteko ehunekoa (aitortutako eta transferitutako kredituak ez dira zenbatzen, ez gainditutako kreditu gisa, ez matrikulatutako kreditu gisa).

8.2.– Ikasleek ikasketetan izandako aurrerapena eta lortutako emaitzak baloratzeko prozedura, kontuan izanda zer gaitasun zehaztu diren. Horien artean, kanpo proben, master amaierako lanen eta abarren emaitzak har daitezke kontuan.

9.– Kalitatea Bermatzeko Sistema (KBS).

Masterraren ardura duen ikastegiak Masterraren Kalitatea Bermatzeko Sistema eguneratua jasota dagoen webgunera sartzeko esteka eman beharko du. Esteka hori justifikazio memoriaren (GAUR aplikazioa) atal honetan sartuko da, Unibasq-ek edo masterra ebaluatzeko prozesuan eskumena duen agentziak kontsulta dezan. Edonola ere, tituluaren Kalitatea Bermatzeko Sistemaren gaineko erantzukizuna ikastegi arduradunarena izango da, Kalitate eta Ebaluazio Instituzionaleko Zerbitzuaren laguntzaz, eta dagokion araudian adierazitako alderdiak eduki beharko ditu.

10.– Titulua ezartzeko edo kentzeko egutegia.

10.1.– Titulua ezartzeko kronograma.

10.2.– Plan zaharreko ikasleak, halakoak badira, ikasketa plan berrira egokitzeko prozedura.

10.3.– Proposatutako titulua ezartzearen ondorioz desagertuko diren ikasketak.

IV. KAPITULUA
UNIBERTSITATE ARTEKO MASTERRAK (BATERA ANTOLATUTAKOAK)

6. artikulua.– Estatuko edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera antolatutako masterrak.

1.– UPV/EHUk estatuko edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin batera unibertsitate masterrak antolatu ahal izango ditu, unibertsitateen arteko lankidetza hitzarmen bat izenpetuta.

2.– Batera antolatutako tituluen kasuan, UPV/EHUrekin batera ikasketa plan bakarra diseinatu duten unibertsitate guztiak aipatu behar dira, estatukoak edo atzerrikoak izan.

3.– Espainiako edo atzerriko goi mailako hezkuntza erakundeak partaide diren nazioarteko partzuergoen bidez antolatutako titulazioek 1393/2007 EDren 24. artikuluan zehaztutako egiaztapen agiria dutela ulertuko da, baldin eta Europako Batzordeak ebaluatu eta hautatu egin baditu Erasmus+ programaren barruan deitutako bikaintasun programetako lehiaketetan.

7. artikulua.– Unibertsitate arteko masterren baldintzak.

1.– Unibertsitate arteko masterraren proposamena unibertsitate partaide guztien organo eskudunek eta autonomia erkidegoek, estatukoak direnean, edo organo eskudunek, nazioartekoak direnean, onartu beharko dute, eta ikasketa horiek ezartzeko baimena emango dute, indarrean dagoen legeriarekin bat etorrita.

2.– Masterra antolatu eta ematen duten unibertsitate guztiek lankidetza hitzarmen bat izenpetu beharko dute. Hitzarmen horretan zehaztu beharko da zer unibertsitatek koordinatuko duen masterra eta zer unibertsitate arduratuko den ikasleen espedienteak gordetzeaz eta titulua igorri eta erregistratzeaz. Era berean, ikasketa plana aldatzeko edo kentzeko prozedura ezarri beharko da. Edonola ere, UPV/EHUk gordeko ditu berak igortzen dituen tituluak.

3.– Nazioartean batera antolatutako masterren kasuan, erakunde partaideen artean adostutako kalifikazio sistema deskribatuko da izenpetutako hitzarmenean. Hainbat kalifikazio sistema erabiltzen badira, baliokidetzeen taula emango da.

4.– Atzerriko unibertsitateekin izenpetutako hitzarmenetan, atzerriko unibertsitatea ofiziala dela edo akreditatuta dagoela egiaztatu beharko da, eta horretarako, aginte eskudunak edo akreditazio erakundeak emandako agiria erantsi beharko zaio hitzarmenari.

5.– Master hauetan, gobernu organo hauek sortuko dira:

a) Masterraren koordinatzaile nagusia.

b) Masterraren arduraduna unibertsitate bakoitzean.

c) Unibertsitateen Arteko Batzorde Akademikoa. Gutxienez, unibertsitate bakoitzeko masterraren arduradunak osatuko du.

6.– Unibertsitate bakoitzak plaza berrien kopuru desberdin bat eskaini ahalko du.

7.– Gutxien dela 20 ikasle matrikulatu behar dira, masterrean parte hartzen duten unibertsitateen sare osoan.

8.– Sartzeko eta hautatzeko irizpideak bakarrak izango dira.

V. KAPITULUA
PROPOSAMENAK AURKEZTEKO ETA IZAPIDETZEKO PROZEDURA

8. artikulua.– Proposamenak aurkeztea eta onartzea.

Aurkeztutako proposamen guztiak aztertuko dira, eta, egoki iritziz gero, organo eskudunak onartuko ditu, horretarako kontuan hartuta bai ikasketen eskaintza orokorra, bai UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen Plan Estrategikoan zehaztutako irizpideak. Era berean, proposamenek Irakasle-ikertzaileen Arloko Errektoreordetzaren aldeko txostena eduki beharko dute, izapidetu ahal izateko.

8.1.– Proposamenaren laburpena aurkeztea.

Master berri baterako proposamena aurkeztu baino lehen, sustatzaileek horren laburpen bat aurkeztu beharko diote ikastegi proposatzaileari, eta honek onartu egin beharko du Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzara bidali aurretik, Errektoreordetzak ezarri eta unibertsitateko webgunean argitaratuko diren epeetan.

8.2.– Proposamenaren laburpenaren gutxieneko edukia.

Laburpenean, gutxien dela, honako hauek zehaztu behar dira:

a) Parte hartuko duten unibertsitateak, sailak, institutuak edo ikastegiak.

b) Proposamenaren justifikazioa, alderdi hauek adierazita:

● Gizartearen eskaria eta aurreikusitako ikasle kopurua.

● UPV/EHUk arlo horretan duen eskaintza.

● Proposamenaren kalitatea eta bikaintasuna.

● Tituluaren kategorizazioa, bektoreen arabera: a) Metodo eta metodologia berritzaileetan oinarritutako prestakuntza, b) Nazioartekotzea eta c) enpresa eta erakundeekiko harremanak. Bektore bakoitzean, oinarrizko maila, tartekoa edo aurreratua lortzea aurreikusten den justifikatu beharko da.

● Prestakuntza duala edo ibilbide duala duena.

● Izaera esklusiboa edo unibertsitate artekoa, estatukoa edo nazioartekoa.

● Tituludunen enplegagarritasuna.

● UPV/EHUren ikerketa estrategiarekin eta bestelako planen estrategiarekin (Horizon 2020 eta abar) lerrokatzea.

● Eleaniztasuna.

● Beste alderdi jakingarri batzuk.

c) Ikasketa Plana.

d) Parte hartuko duten irakasleak.

e) Erakunde kolaboratzaileak.

f) Masterraren ardura duen ikastegiaren akordioa.

g) Irakasgaien ardura duten sailen akordioak.

h) Irakasgaien eta ECTS kredituen laburpena, sailen eta emateko hizkuntzen arabera.

8.3.– Proposamenaren laburpenaren ebaluazioa –Ebaluazio Batzordea–.

Dagokion jakintzaren arloko Graduondoko Batzordeko kideek laburpenaren aurre-ebaluazioa egingo dute (Ebaluazio Batzordea). Aldeko aurre-ebaluazioaren kasuan edo EACEAk (Education, Culture and Audiovisual Executive Agency) hautatutako Erasmus+ masterretan, proposamena Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzari bidaliko zaio, parte hartzen duten sailek eskura dituzten irakaskuntza baliabideen bideragarritasuna aztertu eta dagokion txostena egin dezan.

8.4.– GAURen grabatzea eta proposamena ebaluatzea.

Aldeko txostena eskuratuz gero, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak proposamen osoa aplikazio informatikoan (GAUR) grabatzeko baimena emango die sustatzaileei, eta gero horretarako izendatutako Ebaluazio Batzordeak berak ebaluatuko du. Eramus+ masterrak ez dira ebaluatu beharko.

Aurre-ebaluazioa negatiboa izanez gero, arrazoitu beharko da, eta alegazioak aurkeztu ahal izango dira.

8.5.– Proposamena izapidetzea, titulua egiaztatzeko eta onartzeko.

Proposamen osoa UPV/EHUko Graduondoko Batzordeak onartu beharko du, aldez aurretik ikastegi arduradunaren akordioa eta Campuseko Batzarraren txostena edukita, eta horrek ahalmena emango dio Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari, masterraren proposamena eta haren txosten ekonomikoa Gobernu Kontseiluari helarazteko.

Gobernu Kontseiluak onartu ondoren, Hezkuntza Ministeriora bidaliko da, bere egoitza elektronikoaren bidez, eta ministerioak, tituluaren erregistro datuak egiaztatu ondoren, dagokion ebaluazio agentziari igorriko dio proposamena.

Gero, behin ebaluazio agentziaren aldeko txostena edukita, Gizarte Kontseiluari nahitaezko txostena eskatuko zaio, autonomia erkidegoak ikasketak ezartzeko baimena eman dezan.

VI. KAPITULUA
ERAKUNDE PUBLIKO EDO PRIBATUEKIKO LANKIDETZA HITZARMENAK

9. artikulua.– Hitzarmen motak.

1.– Estatuko edo nazioarteko unibertsitateen arteko lankidetza hitzarmena, master ofizialak batera antolatzeko.

2.– Masterra osorik edo partzialki emango duten erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza hitzarmena, baita bestelako erakundeekiko hitzarmenak ere. Horrelakoetan hitzarmenik egon ezean, ezingo da masterra eman.

3.– Lokalak erabiltzeko, finantzaketa lortzeko, masterra emateko, titulu bikoitzerako, mugikortasunerako edo egoki iritzitako beste zerbaitetarako hitzarmenak.

4.– Beste erakunde publiko edo pribatu batzuekiko lankidetza hitzarmenak, ikasleek kanpoko praktikak egin ditzaten. Hitzarmen horiek Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko UPV/EHUren Arautegiak ezarritakoaren arabera arautuko dira.

5.– Beste erakunde publiko edo pribatu batzuekiko lankidetza hitzarmenak, master amaierako lanak egiteko. Hitzarmen horiek master amaierako lanei buruzko arautegian ezarritakoaren arabera arautuko dira.

10. artikulua.– Izapideak.

1.– Unibertsitate masterrak antolatzeko eta garatzeko lankidetza hitzarmenen izapideak arautegi honetan ezarritakoaren arabera egingo dira, honako araudi hauen babesean:

– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Arautegiaren (2009ko maiatzaren 26ko EHHA), 5. artikuluaren f) atala unibertsitate masterren lankidetza mota guztiei aplika dakieke, kanpo praktikak eta master amaierako lanak egiteko hitzarmenei izan ezik.

– Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak Arautzeko Arautegia curriculumeko eta curriculumekoak ez diren kanpoko praktiken hitzarmenei aplika dakieke. Eta master amaierako lanen araudia.

2.– Aurreko artikuluaren 1. eta 2. ataletan aipatutako hitzarmenak masterraren arduradunak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari aurkeztuko dizkio, unibertsitate masterraren proposamenarekin batera eta hura justifikatzeko memoria erantsita lehendik aztertzeko. Gero, ikastegiaren aldeko akordioa beharko da, Graduondoko Batzordeak onar dezan, eta aldeek izenpetu beharko dute, ministerioari tituluaren egiaztapena eskatu, beharrezkoa bada, eta jarduerak hasi baino lehen.

3.– Aurreko artikuluaren 3. atalean aipatutako hitzarmenak masterraren arduradunak Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzari aurkeztuko dizkio, unibertsitate masterraren proposamenarekin batera, eta hura justifikatzeko memoria erantsiko du, aldez aurretik aztertzeko. Gero, ikastegiaren aldeko akordioa beharko da, Graduondoko Batzordeak onar dezan, eta aldeek izenpetu beharko dute, jarduerak hasi baino lehen.

4.– Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak hitzarmenaren xede den gaian eskumenak dituzten organoen edo zerbitzuen txostenak bilduko ditu.

11. artikulua.– Baimentzea eta sinatzea.

1.– Arautegi honen 9. artikuluaren 1. atalean zehaztutako hitzarmenak Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, eta errektoreak sinatuko ditu. Gobernu Kontseiluari hitzarmenaren berri eman beharko zaio, eta sinatu ondoren, jatorrizko ale bat Idazkaritza Nagusiari bidaliko zaio, erregistra dezan.

2.– Arautegi honen 9. artikuluaren 2. eta 3. ataletan zehaztutako hitzarmenak Graduondoko Batzordeari aurkeztuko zaizkio, onar ditzan, eta Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak sinatuko ditu, non eta, egoerari lotutako arrazoiak direla eta, errektoreak berak sinatzeari egoki irizten dioten. Gobernu Kontseiluari hitzarmenaren berri eman beharko zaio, eta sinatu ondoren, jatorrizko ale bat Idazkaritza Nagusiari bidaliko zaio, erregistra dezan.

3.– Arautegi honen 9. artikuluaren 4. atalean zehaztutako kanpoko praktiken hitzarmenak kargu eskudunak sinatuko ditu, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzeko UPV/EHUren Arautegiak ezarritakoaren arabera.

4.– Arautegi honen 9. artikuluaren 5. atalean aipatutako master amaierako lanetarako hitzarmenak lan horiek egiteko arautegian ezarritakoaren arabera onartu eta izenpetuko dira.

VII. KAPITULUA
UNIBERTSITATE MASTERREN JARRAIPENA ETA AKREDITAZIOA

12. artikulua.– Tituluaren jarraipena.

Masterrei urtero egingo zaie jarraipena, Graduko eta Masterreko Tituluen Jarraipenerako Txostena –Gobernu Kontseiluak onartutakoa– egiteko prozedurarekin bat etorrita.

Masterren jarraipena egiteko arduradunak tituluak aztertuko dituzte, ikasturtea amaitzean, Unikude aplikazioaren bidez, eta urteko Jarraipen Autotxostena egingo dute. Dokumentu hori ikastegi arduradunak onartuko du, gero Graduondoko Batzordeari jakinaraziko zaio, eta azkenik ebaluazio agentzia eskudunari bidaliko zaio.

13. artikulua.– Tituluaren akreditazioa.

Master tituluek beren akreditazioa berritu beharko dute 4 urteko epean gehien jota, hasierako egiaztapena edo azken akreditazioa egiten denetik, autonomia erkidegoak ezarritako epe eta prozeduren arabera.

274/2017 Dekretuan ezarritako prozedura orokorra Unibasq-en akreditazioa berritzeari buruzko protokoloak arautzen du, eta bertan ezartzen denez, unibertsitateak autoebaluazio txosten bat eta horren informazioa justifikatzen duten ebidentziak aurkeztuko ditu. Tituluaren autoebaluazio txostenak masterraren arduradunek egin behar dute, Ikastegiko Kalitate Batzordearekin batera, Unikude aplikazioaren bidez. Dokumentu hori, ikastegi arduradunak onartu ondoren, Graduondoko Batzordeari helaraziko zaio, gero Eusko Jaurlaritzara bidaltzeko, akreditazioa berritzeko eskaerarekin batera.

Erakunde akreditazioa lortu duen ikastegiaren masterretan, hura indarrean den bitartean, titulu ofizialen akreditazioa berritu ahal izango dira, prozedura orokorra betetzeko beharra izan gabe.

VIII. KAPITULUA
UNIBERTSITATE MASTERRAK ALDATZEA ETA KENTZEA

14. artikulua.– Aldaketak.

1.– UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartutako masterren ikasketa planak, haien ikasketak Eusko Jaurlaritzak baimendu baditu eta Ministerioak titulua onartu badu, aldatzeko eskatu ahal izango da, baldin eta arautegi honetan ezarritako irizpideak betetzen badira. Eskaerak Unibasp-ek onartu eta argitaratutako «Gradu eta Master tituluen aldaketak eskatzeko gidan» ezarritako prozeduraren arabera egingo dira.

2.– Funtsezko aldaketak Masterraren Batzorde Akademikoak proposatu beharko ditu, eta ikastegi arduradunaren aldez aurreko txostena edukita, Graduondoko Batzordeak onartuko ditu, haien ondorioz kostu igoerarik ematen ez bada; igoeraren bat emanez gero, Gobernu Kontseiluak onartu beharko ditu.

Aldaketek irakasgaien antolakuntzari eta garapenari eragiten badiete, beharrezkoa izango da ere dena delako sailen adostasuna.

3.– Aldaketa txikiak irakasgaiaren ardura duen saileko irakasle baimendunek egin ahal izango dituzte irakasgaien Irakaskuntza Gidaliburuetan, GAUR aplikazioan. Aldaketa txikiek alderdi hauei eragingo diete: irakasgaien deskribapena, ikaskuntza emaitzak, eduki teorikoak eta praktikoak, metodologiak (prestakuntza jarduerak), kalifikazio tresnak eta portzentajeak, eta bibliografia edo gaien zerrenda. Edonola ere, ikastegi arduradunak egindako aldaketen berri eman beharko du, tituluaren urteko jarraipen txostenean (UNIKUDE).

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak –Kudeaketa Akademikoko Zerbitzua– aldaketak izapidetuko ditu, artikulu honen lehen atalean aipatutako Unibasq-eko gidan ezarritako hiru prozeduretatik bat aukeratuta (egiaztapena, aldaketa edo jarraipena), aurkeztutako aldaketa motaren arabera.

15. artikulua.– Unibertsitate masterrak kentzea.

Unibertsitate masterren eskaintza urtero egingo da, eta bere horretan mantenduko da azken edizioetan matrikulatutako gutxieneko ikasle kopuruaren baldintzapean, Unibertsitate Masterren Kudeaketa Arautegian ezarritakoa aintzat hartuta.

Graduondoko Batzordeak, matrikula datuak ikusita eta masterren garapenaren balioespen orokorra eginda, unibertsitate masterra UPV/EHUren eskaintzatik kentzea ala ez kentzea erabakiko du.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Aplikazio eremua.

Arautegi hau aplikatuko da unibertsitate master guztietan (ofizialak), nahiz eta kontuan izan beharko den ere izenpetutako lankidetza hitzarmenean ezarritakoa goi mailako beste erakunde batzuekin batera antolatutako unibertsitate arteko masterretan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Proposamen berriak edo funtsezko aldaketak.

Honako kasu hauetan soilik izapidetuko dira proposamen berriak edo funtsezko aldaketak (Verifica edo Modifica prozeduren bidez Ministerioan izapidetu beharrekoak):

a) Lanbide arautuetara bideratuta edo lanbide bati lotuta dauden masterrak.

b) Jada existitzen diren UPV/EHUren masterrak integratzeko proposamenak, murriztu egiten dutenak eskainitako kreditu kopurua.

c) Jada existitzen diren masterren modalitate aldaketa, «aurrez aurreko» modalitatetik modalitate «semipresentzial» edo «urrutiko» modalitatera, baldin eta eskola orduak (kredituak) areagotzen ez badira.

d) Masterren proposamen berriak edo aldaketak, Erasmus+ aipamena edo baliokidea lortu dutenak, Europako Batzordearen deialdietan UPV/EHU koordinatzaile edo parte hartzaile gisa aritu dena.

e) UPV/EHUn jada existitzen diren masterren aldaketak edo proposamen berriak, titulu bikoitzak edo batera antolatutako tituluak eskaintzeko inguruko unibertsitateekin (Bordeleko Unibertsitatea eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatea, nagusiki) edo atzerriko beste unibertsitate batzuekin, interes estrategikoko arloetan.

f) Aurreko ikasketa plana iraungitzen duten masterren aldaketak, baldin eta kreditu eskaintza osoa handitzen ez bada eta irakats betebeharrak areagotzen ez badira.

Kasu guztietan beharrezkoa izango da Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzaren aldeko txostena.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Martxan dauden Batzorde Akademikoak.

Behin masterrak ikastegietara atxikita, lau urtez jarraituko dute lanean data horretan existitzen diren masterren batzorde akademikoek.

Batzordeetako kideren batek epe hori amaitu aurretik batzordean jarraitzerik ez badu, beste kide bat izendatuko da, 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lau urteko epea amaituta, artikulu horrek ezarritakoa hartuko da kontuan batzorde akademikoetako aldaketak egiteko.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kanpoko praktika akademikoetarako hitzarmenak izapidetzea, baimentzea eta sinatzea.

Arautegi honen 9.4 artikuluaren arabera, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiak izapidetze espezifiko bat ezarri ezean, honako hau hartuko da kontuan praktiken hitzarmenak izapidetu, baimendu eta sinatzean:

1.– Praktiken Programaren Arduradunak (PPA) hasiko du hitzarmenen izapidetzea eta erakunde kolaboratzailearekin adostuko du haien edukia.

2.– Erabili beharreko hitzarmena bat datorrenean Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiaren ereduarekin, dekanoak, zuzendariak edo ikastegi erantzuleak izendatutako karguak sinatu ahal izango du zuzenean.

3.– Erabili beharreko hitzarmena bat ez datorrenean Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiaren ereduarekin, Graduondokoen Batzordera bideratuko du PPAk, onartua izan dadin, sinatu aurretik. Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak dagozkion txostenak eskatuko dizkie hitzarmenaren xede den arloan eskumenak dituzten organo edo zerbitzuei.

4.– Hitzarmenak ikastegi bat baino gehiagoren tituluei dagozkienean, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak sinatuko ditu.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Master amaierako lanak egiteko hitzarmenak izapidetzea, baimentzea eta sinatzea.

Arautegi honen 9.5 artikuluaren arabera, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegiak izapidetze espezifiko bat ezarri ezean, honako hau hartuko da kontuan master amaierako lanak egiteko hitzarmenak izapidetu, baimendu eta sinatzean:

1.– Masterraren arduradunak hasiko du hitzarmenen izapidetzea eta erakunde kolaboratzailearekin adostuko du haien edukia.

2.– Erabili beharreko hitzarmena bat datorrenean Graduondoko Batzordearen ereduarekin, dekanoak, zuzendariak edo ikastegi erantzuleak izendatutako karguak sinatu ahal izango du zuzenean.

3.– Erabili beharreko hitzarmena bat ez datorrenean Graduondoko Batzordeak onartutako ereduarekin, batzorde horretara bideratuko du masterraren arduradunak, onartua izan dadin, sinatu aurretik. Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzak dagozkion txostenak eskatuko dizkie hitzarmenaren xede den arloan eskumenak dituzten organo edo zerbitzuei.

4.– Hitzarmenak ikastegi bat baino gehiagoren tituluei dagozkienean, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak sinatuko ditu.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Indargabetu egiten dira Unibertsitateko Master Ofizialetarako Proposamenak Lantzeko Prozedurari buruzko Arautegia eta haren ondorengo aldaketak:

Ebazpena, 2010eko abuztuaren 3koa (BOE 10-10-04 eta EHAA 10-09-21), UPV/EHUko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, Unibertsitateko Master Ofizialetarako Proposamenak Lantzeko Prozedurari buruzko Arautegia argitaratzeko dena.

Ebazpena, 2013ko urriaren 28koa (EHAA 13-11-19), UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearena, Unibertsitateko Master Ofizialetarako Proposamenak Lantzeko Prozedurari buruzko Arautegia aldatzeko dena.

Ebazpena, 2014ko irailaren 26koa (EHAA 14-10-09), UPV/EHUko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordearena, Unibertsitateko Master Ofizialetarako Proposamenak Lantzeko Prozedurari buruzko Arautegia aldatzeko dena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ahalmena ematen zaio Graduondoko Batzordeari beharrezko egokitzapenak egiteko arautegi honetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ahalmena ematen zaio Graduondoko Batzordeari arau osagarriak egiteko, arautegi hau garatze aldera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ahalmena ematen zaio eskumendun errektoreordeari arautegi hau aplikatzean sortutako arazoak interpretatu eta ebazteko.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak proposatuta, Graduondoko Batzordeak onartu egingo ditu unibertsitateko master ofizialen kalitatea bermatuko duten prozedurak, bai masterrak lantzean bai haien ebaluazio, jarraipen eta akreditazio prozesuetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA

Indarrean dagoen legedia hartuko da kontuan arautegi honetan edo arautegi hau garatuko duten araudietan arautu gabe dauden gaietan.

AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA

Arautegi hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.


Azterketa dokumentala