Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2019ko martxoaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1600

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 8koa, Erakunde Harremanetarako sailburuarena, zeinaren bidez errebokatzen baita Durangoko Udalak diruzaintza-lanpostua korporazioko bertako funtzionario batek bete dezan eman duen baimena.

Garaiko Administrazio Publikoetarako Ministerioko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, Durangoko Udala lehen mailakotzat hartu zen. Ebazpen horretan, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena behin betiko bihurtu zen (1988ko martxoaren 22ko BOE, 70. zk.).

Lehen mailako gisa sailkatzearen ondorioz, gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzako beste lanpostu batzuk egon behar ziren, hauek gutxienez: Idazkaritza, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza.

Hasiera batean, lanpostu horiek gaikuntza nazionala zuten toki-administrazioko funtzionarioek bete behar bazituzten ere, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (aurrerantzean, TAOL) 92.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, bazegoen aukera bat kontabilitateko, diruzaintzako eta diru-bilketako eginkizunen erantzukizun administratiboak korporazioko bertako funtzionarioek betetzeko, Estatuko legeek horrela adieraziz gero. Eta hala adierazi zen, lehenik, maiatzaren 14ko 731/1993 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bidez, eta, gero, uztailaren 29ko 1732 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren bidez, biak gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzkoak.

Azken manu horrekin bat, salbuespenez, 50.000 biztanletik beherako edo 18.030.363,00 euroko aurrekontutik beherako udalerrietako toki-korporazioek eskaera oinarriduna eginez gero eta euren idazkaritza lehen mailako gisa sailkatuta egonez gero, autonomia-erkidegoko organo eskudunak baimena eman zezakeen diruzaintza-lanpostua korporazioko funtzionario ondo kualifikatu batek betetzeko.

Diruzaintza-lanpostua salbuespenez betetzeko baimen horrek ez zeukan eraginik lanpostuaren sailkapenean, hau da, Durangoko Udaletxeko Diruzaintzak segitu behar zuen gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordeta, Kontu-hartzailetzaren eta Diruzaintzaren azpieskalan. Hala ere, diruzaintza-lanpostua korporazioko funtzionario batek betetzeko salbuespenezko baimen horren ondorioz, lanpostu hori ez da sartua izan gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzako lekualdatze-lehiaketetan, salbuespenezko betetze-baimena errebokatu arte behintzat ez.

Gauzak horrela, eta Durangoko Udaleko Toki Araubidearen zuzendariaren 2008ko urtarrilaren 30eko Ebazpenaren bidez egindako eskaeraren ostean, baimendu egin zen Durangoko Udaleko Diruzaintzako lanpostua korporazio horretako funtzionario Pilar Velasco Pérezek betetzea. Ebazpen horren bigarren apartatuaren arabera, lanpostu-betetzea eraginkorra izateko, lehenik, proposatutako funtzionarioak onartu egin behar du eta, halaber, ezinbestean, erregelamenduan ezarritako eskakizunak bete behar ditu.

Gauzak horrela, Bizkaiko Toki Administrazioko Idazkarien, Kontu-hartzaileen eta Diruzainen Elkargoak eskatu du, besteak beste, Toki Araubidearen zuzendariaren 2008ko urtarrilaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako baimena errebokatzeko.

Adierazi behar da ezen, egindako eskabidearen ostean, Erakunde Harremanetarako sailburuaren 2018ko azaroaren 8ko Ebazpenaren bidez, beretzat hartzen duela Bizkaiko Toki Administrazioko Idazkarien, Kontu-hartzaileen eta Diruzainen Elkargoak egindako eskabideari loturiko eskumena. Eskabideari dagokionez, elkargoak eskatu du berehalakoan errebokatzeko Durangoko Udalari emandako salbuespenezko baimena, hau da, diruzaintza-lanpostua korporazioko funtzionario batek betetzeko baimena; izan ere, gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetzekoa da. Eta horretaz gain, horri loturiko eskabide guztiak eta espedienteak ere bai.

Horren ondorioz, prozedura egokiari eman zitzaion hasiera, elkargo profesionalak azaldutako gaien berri jakite aldera, eta, horretarako, elkargo horri eta Durangoko Udalari eskatu zitzaien informazio hori zabaltzeko; halaber, salbuespenezko baimena hartu zuen funtzionarioarentzako entzunaldi-izapidea egin zuen.

Prozedura horren izapidetzean, ikusi da Durangoko Udaleko funtzionarioa behin-behinean izendatu zutela, Alkatetzaren 2008ko urtarrilaren 18ko Dekretuaren bidez, Kontu-hartzailetzako lanpostua betetzeko; baina ez zuela bere aldeko baimena onartu, udalak baldintzapean egin zuelako. Hau da, Alkatetzaren 2008ko apirilaren 1eko Dekretuaren arabera, baldintza zen baimena ematea Kontu-hartzailetzako lanpostu hori gaikuntza nazionala duen funtzionario batek bete arte (zuzendaritza-zentro honetan jasotako datuen arabera Durangoko Udaleko Kontu-hartzailetzako lanpostuak ez du titularrik izan 1989tik hona, behintzat); gainera, korporazioko alkate-udalburuak izendapenik ere ez zuen egin, TAOLen 21.1.h) artikuluan xedatutakoaren arabera.

Toki Araubidearen zuzendariaren 2008ko urtarrilaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako salbuespenezko baimenerako baldintza hori ezarri izana ezin zen bestela izan Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legearen 1. artikuluan xedatutakoarekin bat; izan ere, hor dago arau orokor gisa ezarrita administrazio publikoen zerbitzuko langileek ezin dituztela bateragarri egin –berez edo ordezkapen bidez– beren jarduerak eta bigarren lanpostu, kargu edo jarduera bat, salbu eta lege horretan bertan aurreikusitako kasuetan.

Adierazitako arauekin bat, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 4. eta 8. artikuluetan xedatutakoarekin bat, eta lehen azaldutako arrazoi juridikoak ikusi ostean, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Errebokatzea Toki Araubidearen zuzendariaren 2008ko urtarrilaren 30eko Ebazpenaren bidez emandako baimena, Durangoko Udaleko diruzaintza-lanpostua korporazioko funtzionario behar bezala kualifikatu batek betetzekoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da; hala ere, ebazpena eman den egun horretan bertan hasiko da ondorioak izaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen. Beraz, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; hala xedatzen da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe eskubidez onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Hala ere, errekurtsoa jar dezakete Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bi hileko epean, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz. Lehenago eta epe berean, Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzari eska dakioke ebazpen hau baliogabe edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 8a.

Erakunde Harremanetarako sailburuordea,

PEDRO LUIS BAZACO ATUCHA.


Azterketa dokumentala