Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2019ko martxoaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
1596

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 21ekoa, Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietako zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietako lanpostuak, merezimendu lehiaketa orokorraren sistemaren bidez hornitu beharrekoak, betetzeko deialdia onartzen eta argitaratzen duena (C171).

Ertzaintzaren egitura zein egun indarrean dagoen lanpostu-zerrenda aintzat hartuta, eta egon dauden langile-premiei erantzun nahian, izendapen askearen eta merezimendu lehiaketaren sistemen bidez hornitu beharreko Ertzaintzaren egiturako lanpostu hutsak, aurrekontuetan diru-hornidura dutenak, betetzeko deialdia egiten da.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 9. artikuluak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari emandako eskumenen babesean, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan aurreikusten den Mahaiak 2019ko otsailaren 20ko eta martxoaren 14ko bileretan negoziatzeko egindako deiaren ondoren, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, merezimendu lehiaketa orokorraren (C171) sistemaren bidez hornitu beharrekoak, behin betiko betetzeko deialdia onartzea eta argitaratzea, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– 1.– Honako hauek dira deialdi honen bidez beteko diren lanpostuak:

a) Bigarren jarduerako administrazio egoeran bete daitezkeen Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, ebazpen honen 2. eranskinean zerrendatuta daudenak.

b) Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez (espezialitate-betekizunarekin zein hori gabe) hornitu behar diren Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, ebazpen honen 3. eranskinean zerrendatuta daudenak.

c) Aurreko eranskinetan zerrendatutako lanpostuei dagozkien esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak, bai eta aipatutako eranskinetan asteriskoarekin (*) identifikatzen diren kodeetan hutsik geratzen direnak ere.

2.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuen artean betetzen ez direnak aintzat hartuta, neurri horretan handituko da 3. eranskinean deitutako lanpostu kopurua.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenak ebazten dituen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den inpugnazio edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

Laugarrena.– 1.– Prozeduraren kudeaketan, hautagaiak beren lanbide zenbakiaren bidez identifikatuko dira, eta datu pertsonalen tratamendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileriaren Kudeaketa Integratuko fitxategian egingo da. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, fitxategiaren arduraduna den administrazio organoari, alegia; haren mendeko administrazio zerbitzuen egoitza Erandion (Bizkaia) daude (Larrauri Mendotxe bidea, 18, 48950).

2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautaketa prozesu honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Aurreikusi ez diren gauzetarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatu beharko da.

Seigarrena.– Interesdunek, administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen eta bere oinarrien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Segurtasuneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 21a.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

1. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Honako deialdian parte hartu ahal izango dute eskainitako lanpostuak bete ahal izateko lanpostuen zerrendan eskatzen eta xedatzen diren baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko lan-utzialdian eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan jasotako lan-utzialdian badaude. Jarduneko zerbitzuko egoerara aipatutako legearen 89.2 artikuluan jasotako moduan bueltatzen diren funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Halaber, jarduneko zerbitzura deialdi honetan jasotako prozeduren bidez bueltatuz gero, honakoek ere parte hartu ahal izango dute: derrigorrezko lan-utzialdiko egoeran dauden edo bestelako Administrazio Publikoetan zerbitzu ematen duten pertsonek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoa betez birgaitutako pertsonek, sei hilabete baino gehiagoz zigortuta egon direnek, eta borondatezko lan-utzialdian dauden gainerakoek, betiere halako egoeretarako xedatutako egonaldi-epea bete baldin badute.

3.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek ebazpen honen 2. eranskinean zerrendatutako lanpostuak soilik eskatu ahalko dituzte.

4.– Deialdi honetan parte hartu behar dute eta merezimenduen lehiaketaren bidez hornitzen diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera hornitu ahal badituzte, Ertzaintzako karrerako funtzionario hauek:

a) Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 39.5 artikuluan eta Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudia onartzen duen 315/1994 Dekretuaren 54.2 artikuluan xedatutako irizpide eta balditzen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitutako edo/eta emandako espezializazio-ikastaroa gainditu duten (eskainitako lanpostuak bete ahal izateko betekizunetako bat izanik), espezialitate horretan gutxieneko iraute denbora bete ez duten eta ikastaro hori espezialitate-betekizun moduan xedatuta duen lanpostu bati behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan parte hartu beharko dute.

Betebehar hori betetzen ez dutenak behin betiko, eta derrigorrez, atxiki ahalko dira dagokion espezialitatearekin hutsik geratzen diren lanpostuei, eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.

Funtzionarioren batek espezialitate bat baino gehiago badu, aurreko ataletan xedatutako betebeharra lortutako azken espezialitateari buruzkoa dela ulertuko da.

Gutxieneko iraute-denboraren zenbaketa hasi egingo da funtzionarioak okupatuko duen lanpostuari exijitzen zaion espezialitatea egiaztatuta duen unetik aurrera, non eta Segurtasun sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Agindua, lanpostu-zerrenda aldatzen duena, indarrean jarri aurretik ez badu beteta.

Zenbaketa horretan sartuko dira unitate arteko kategoria goragoko eginkizunetan egindako epealdiak, nahiz eta lanpostu horiek espezialitate-betekizunik ez izan.

b) Lanpostu bati behin-behinean atxikita dauden Ertzaintzaren karrerako funtzionarioek. Betebehar hori betetzen ez dutenak behin betiko, eta derrigorrez, atxiki ahalko dira hutsik geratzen diren lanpostuei, eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.

5.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu:

a) Arau-hauste larria edo oso larria egin izanagatik eginkizun-gabetze irmoaren administrazio egoeran daudenek, egoera horretan dauden bitartean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubidearen Arautegiaren 15. artikuluan xedatu bezala, lekualdaketaren bidez zigortu direnek.

c) Interes partikularragatiko borondatezko lan-utzialdian daudenek, baldin eta ez badute egoera horretan eman indarrean dagoen araudiak eskatutako gutxieneko denbora.

d) Gutxieneko iraute denbora berezia eskatzen duen lanpostu baten behin betiko esleipendunek, baldin eta ez badute epe hori bete (inguruabar hori lanpostuari uko egin eta organo eskudunak onartu izanaren ondoriozkoa denean izan ezik), bestearen iraute denbora eta izaera berberak dituen beste lanpostu batzuk lortzeko asmoa baldin badute, edo barne-igoera prozesu bidez lanpostua galtzea dakarren beste maila batera igo badira, kategoria berrian iraute denbora eta izaera berberak dituzten lanpostu hutsak daudenean izan ezik; azken kasu horretan, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 5.3 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da.

e) Deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnek bakarrik parte hartu ahal izango dute izendapen askearen sistemaren bidez hornitu beharreko plazak eskatuz.

Muga hori ez zaie ezarriko deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnen artean gaur egun behin-behinean atxikita dauden pertsonei, salbu eta atxikipen modu hau lanpostuari uko egitetik (organo eskudunak onartuta) ondorioztatzen bada.

f) Eskuratu nahi duten lanpostuan gehieneko iraute-denbora bete dutenek, lanpostu-zerrendan ezarritakoaren arabera. Gehieneko iraute-denboraren betearazpena Segurtasuneko sailburuaren lanpostu zerrenda aldatzeari buruzko 2015eko martxoaren 12ko Aginduan eta harekin lotuta dagoen 2018ko urriaren 11ko Aginduan ezarritako aurreikuspenen arabera egingo da, baita hurrengo arau hauen arabera ere:

– Babes eta Segurtasun, Esku-hartze eta Brigada Mugikorraren unitateetan lanpostuak bete nahi izatekotan, lanpostu bakoitzerako eta unitate horietako bakoitzerako gehieneko iraute denboraren zenbaketa hasi egingo da funtzionarioak okupatuko duen lanpostuari exijitutako espezialitatea egiaztatuta daukan unetik aurrera, atxikipen modua edozein dela ere, espezialitatea lortzeko prestakuntza prozesuko praktikaldia salbu.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatzeko, Brigada Mugikorraren Unitatea denean, Brigada Mugikorraren Unitateari atxikitako lanpostuak, gehieneko iraute-denbora dutenak, betetzeko aukera denean, unitate bereko Agente, Agente Lehen eta Ofizialondoko kategorietarako gordetako lanpostuetan egindako jarduna zenbatuko da, lanpostu bakoitzerako.

Egitura organikoan eta lanpostu-zerrendan egindako moldaketen ondorioz lanpostuen identifikazio kodeak aldatu izan direla kontuan hartuta, lanpostu berberatzat hartuko dira haiek betetzeko kategoria eta espezialitate berberak eskatzen dituztenak, eta zenbatu egingo dira lehenengo lanpostu-zerrenda indarrean jarri zenetik aurrera, hau da, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Zenbaketa horretan sartuko dira unitate arteko kategoria goragoko eginkizunetan egindako epealdiak, aipatutako unitateetako lanpostu horiek gehieneko iraute denbora ezarrita dutenean.

Ez dira kontuan hartuko, ondorio hauetarako, Laguntza Atalean nahiz Indartze Brigadan eginkizunak gauzatzen edo lanpostuak betetzen egindako epealdiak.

– Zaintza eta Erreskate Unitatean lanpostu bat eskuratu nahi izatekotan, gehieneko iraute denboraren zenbaketa hasi egingo da lanpostu horietako batean behin betiko atxikipena gauzatzen den egunean.

6.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 71.2 artikuluan xedatutakoak lehentasunezko eskubidea aitortzen dien Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan eta behin bakarrik erabili ahal izango dute eskubide hori, udalerri berberean dauden kategoria berberako lanpostu hutsak kontuan harturik.

7.– Eskainitako lanpostuak betetzeko behar diren espezialitate-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emanak edo baliozkotuak izan beharko dira, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudian xedatutakoaren arabera.

8.– Merezimenduak baloratzeko orduan eskaerak aurkezteko epearen amaiera-data hartuko da kontuan, eta horixe bera izango da eskatzen diren betekizunak betetzeko erreferentzia-epea.

Aipatutakoa ez da aplikagarria euskara-mailari dagokionez; kasu horretan, erreferentzia-data atzeratu egingo da bete nahi den lanpostuak ezarrita duen hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko proba egiteko xedatzen den egunera arte, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2019ko otsailaren 4ko Ebazpenak, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara deia egiten duenak, jasotako deialdiari jarraiki (EHAA 30. zk., otsailaren 12koa).

9.– Deialdian parte hartzeko betekizunak betetzen diren ofizioz egiaztatuko da, baita merezimendu orokorrak ofizioz balioetsi ere, Segurtasun Sailak kudeatzen dituen langileen datu-baseetan ageri diren datuak aintzat hartuta.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2019ko apirilaren 30era arte izango da, azken egun hori barne.

2.– Honako deialdian parte hartzeko eskaera 4. eranskinean jasota dagoen eskabide-eredu normalizatua erabilita egingo da, eta eskatutako lanpostuak zein diren zehaztu beharko dute bertan. Lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, horien lehentasun-hurrenkera zehaztu beharko dute.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaerak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

Hirugarrena.– Prozeduraren balorazioa.

1.– Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornituko diren lanpostuak esleitzeko prozedura merezimendu orokorren balorazioan datza.

2.– Merezimendu orokorrak baloratzeko, Segurtasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 15eko Aginduan, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietan zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietan sartzeko lanpostu hutsak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko merezimenduen baterako eta banakako baremoa onartzen duenean (EHAA, 58. zk., martxoaren 25ekoa), ezarritako merezimendu baremoa aplikatuko da.

3.– Lehiaketako merezimenduen balorazioan lorturiko puntuaziorik handienak ezarriko du ertzainak zein hurrenkeratan baliatu ahal izango diren lehentasunezko eskubideaz, eskubide hori aitortuta dutenen artean.

Laugarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedurako esleipen faseak.

1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen esleipena egiteko faseak bata bestearen atzetik joango dira eta preklusiboak izango dira. Hurrenkera hauxe izango da:

1.1.– Lehenik eta behin, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuak esleituko dira. Lehenengo azpi-fasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.

1.2.– Ondoren, merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuen esleipena egingo da, eskainitako lanpostuak betetzeko behar den espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan izanik, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean jasotako eta deialdi honetako onartuen eta baztertuen ebazpenean aitortutako lehentasun-eskubideak kontuan izanik. Lehenengo azpi-fasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek. Eta bigarren azpifasean, prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.

Era berean, betekizun berberekin eta jada egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.

1.3.– Azkenik, behin-behineko atxikipenaz lanposturik esleitu ez zaien Ertzaintzako karrerako funtzionarioei behin betiko eta derrigorrez esleitu egingo zaizkie esleitu gabe geratzen diren lanpostuak, merezimenduen lehiaketaren sistemaren bidez hornitu beharrekoak, lanpostuen zerrendan azaldutako hurrenkera betez. Esleipen horrek ez du sorraraziko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik.

2.– Fase batean esleitzen diren lanpostuak ez dira hurrengo faseetan hornituko. Hala, fase batean lanpostu baten esleipendun direnek ezin izango diote esleitutako lanpostuari uko egin, ezta deialdiko lanpostuen esleipen prozesuan jarraitu ere. Horregatik, ulertu beharko da, hurrengo faseetan lanposturen baten esleipendun suertatzen baldin badira, eskaerei uko egiten dietela.

3.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungita duten zuzkidurak betekizun hori egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.

4.– Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, izendapen askearen eta berariazko merezimendu lehiaketaren sistemen bidez hornitu beharrekoak, betetzeko Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2019ko XXXko baterako ebazpenaren bidez deitutako prozesuetan lanpostu baten behin betiko esleipendun direnek deialdi honetan parte hartzeari uko egiten diotela ulertuko da.

Bosgarrena.– Balorazio Batzordea.

1.– Hautaketa prozedura baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Haren osaera Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudian xedatutakoaren araberakoa izango da.

2.– Balorazio Batzordeak prozedura honetako merezimendu orokorrak baloratzeko ardura izango du, eta honako hauek dagozkio:

a) Prozeduraren objektibotasunaren arduradun den heinean, deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatzea eta, hala dagokionean, araudian dauden hutsuneak osatzeko eta horiek aplikatzean azaleratzen diren kontraesanak kentzeko behar diren akordioak hartzea.

b) Merezimendu orokorrak baloratzea edo zeregin hori egoki deritzon pertsonaren esku uztea; horretarako hartuko dituzte Gurenet atarian argitaratuko diren behin-behineko akordioak; interesdunek bost (5) egun balioduneko epea izango dute horien aurkako inpugnazioak egiteko, eta batzordeak arduratuko dira inpugnazio horiez.

c) Puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiak proposatzea eta, deitutako lanpostu kopurua eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren araberako esleipen-proposamenen ondorioz hutsik gelditu diren lanpostuak aintzat hartuta, puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiei lanpostuak esleitzeko proposamena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari aurkeztea, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean aurreikusitako lehentasun-eskubideei kalterik eragin gabe.

3.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez, jakinaraziko da Balorazio Batzordeko kideen eta horien ordezkoen izendapena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jarritako iragarki baten bidez jakinaraziko da izendapen horiek noiz argitaratuko diren Gurenet atarian. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

4.– Balorazio Batzordeko kideek ezingo dute esku hartu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean halako kasuetarako jasotako inguruabarrak ematen direnean; hori gertatzekotan organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, eta hautagaiek errefusatu egin ditzakete.

5.– Balorazio Batzordearen erabakiak bertaratuen botoen gehiengo bidez hartuko dira, eta berdinketarik egonez gero, batzordeburu lanak egiten dituenak ebatziko du; batzordeburu titularra edo horren ordezkoa bertaratu ezean, adinez nagusiena den batzordekideak ordezkatuko du.

6.– Balorazio Batzordea ezingo da eratu, eta ezingo du jardun, kideen erdia baino gehiago, idazkaria barne, bertaratzen ez bada; gainera, deialdia egin duen agintaritzari adituak eskatu ahal izango zaizkio aholkulari gisa, eta horiek ahotsa izango duten arren, ez dute botorik edukiko.

7.– Balorazio Batzordean parte hartzeak legez aurreikusitako kalte-ordainak jasotzeko bidea emango du.

Seigarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedurako izendapenak eta ebazpena.

1.– Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu behar diren lanpostuak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko dira. Ebazpena prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko dira.

Unitate jakinetan dauden langile premiak kontuan harturik, erabaki ahalko da unitate horietan Ertzaintzaren gainerako unitate eta zerbitzuetan baino lehenago lanpostuak betetzeko prozedura eraginkor bihurtzea eta gauzatzea.

2.– Lanpostu horiek esleitzen zaizkien funtzionarioek ezingo diote lanpostuari uko egin, eta ezingo dute lanpostuaz jabetu ondorengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan parte hartu, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legeko 69.3 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 14.2 artikuluan xedatutako kasuetan salbu. Esleipen horiek borondatezkotzat hartuko dira eta, beraz, ez dute sorraraziko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik.

3.– Lanpostua lehiaketa bidez lortzen duten funtzionarioak beren postuetatik kendu ahal izango dira Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.4 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 15. artikuluan xedatutako legez.

4.– Era berean, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ahal dituzten lanpostuen azken zuzkiduren esleipendun diren funtzionarioak lanpostu horietatik kendu ahal dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.5 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 15.4 artikuluan ezarritako moduan. Horren berri emango zaie beren-beregi eta zuzenean.

Zazpigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdi hau ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoko egunetik aurrera zenbatuta. Halere, epe hori luzatu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa kontuan izanik

Zortzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honen bidez hornitu beharreko lanpostuez jabetzeko prozesua deialdia erabakiko duen ebazpenak arautuko du eta ez du sorraraziko inolako baimenik edo lizentziarik.

2. ERANSKINA
BETE BEHARREKO BIGARREN JARDUERAKO LANPOSTUAK
(Ikus .PDF)
3. ERANSKINA
ML OROKORRAREN BIDEZ BETE BEHARREKO LANPOSTUAK
(Ikus .PDF)
4. ERANSKINA
ESKAERA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala