Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2019ko martxoaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
1460

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 11koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez erregistratu, argitaratu eta gordailutzen baita «Garbitzaileen eta sukaldeko langileen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaiaren Akordioa», Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboa aldatzen duena (Hitzarmen kodearena: 86000050011986).

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2019ko otsailaren 25ean, negoziazio-batzordeko ordezkariek aipatu hitzarmenaren aldaketari dagokion nahitaezko dokumentazioa aurkeztu zuten, REGCON erregistroan.

Bigarrena.– 2019ko martxoaren 1ean, dokumentazioa zuzentzeko eskatu zitzaion negoziazio-batzordeari. Dokumentazioa 2019ko martxoaren 7an zuzendu zen, REGCON erregistroan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 3 artikuluan aurreikusitako eskumena (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua; 2015-10-24ko BOE), betiere bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin, zeinaren 16. artikuluan sortzen baita Lan eta Justizia Saila, eta lehen xedapen iragankorrean ezartzen baitu erregelamendu organikoak indarrean direla. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 11.1.i artikulua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoa.

Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategineko 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindu ematea Euskadiko Hitzarmen Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutu dadila, eta alderdiei jakinaraztea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 11.

Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,

MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.

AKORDIOA, GARBITZAILEEN ETA SUKALDEKO LANGILEEN HITZARMEN KOLEKTIBOA NEGOZIATZEKO MAHAIARENA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITA HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILEKO LANGILE LAN-KONTRATUDUNEN HITZARMEN KOLEKTIBOA (2009KO MARTXOAREN 31KO EHAA, 62. ZK.; 8600050 HITZARMEN-KODEA)

2018ko martxoaren 6an, langile lan-kontratudun diren garbitzaileen eta sukaldeko langileen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaian, Hezkuntza Sailak eta LAB, UGT eta CCOO zentral sindikalek akordio bat izenpetu dute, garbiketaren eta sukaldearen eremuetan, hezkuntza-arloko zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko xedez, baita langile lan-kontratudunen lan-egoera eguneratzeko eta dauden lanpostuei eusteko ere. Halaber, hori izango da oinarria edo abiapuntua hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzeko.

Akordio horren azken xedapenean dago adierazita behar diren izapideak egingo direla akordioak dauzkan xedapenak langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboaren testuan sar daitezen.

Horren ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langile lan-kontratudunen hitzarmen kolektiboan (2009ko martxoaren 31ko EHAA, 62. zk.; 8600050 hitzarmen-kodea) honako alderdi hauek aldatuko dira:

LEHENENGO TITULUA
LANGILEAK
I. KAPITULUA
LANGILEEN SAILKAPENA

10. artikulua.– Langileak.

Administrazioak egungo langile-plantilla erregularizatuko du; horretarako, zuzenean kudeatzen diren eta janaria «in situ» prestatzen duten jantokiak dauzkaten zentroetan sukaldariak jarriko ditu. Ildo horretatik, 2008-2009ko ikasturtean borondatezko lekualdatze-lehiaketa egingo da lanpostu horiek betetzeko.

Halaber, aurreko paragrafoan deskribatutako tipologiako zentroetan aurrerantzean egon litezkeen premiei erantzuteko, plantilla handitzeko jarduketak egingo dira.

Gainera, batzorde paritarioak hezkuntza-sisteman dauden garbiketa- eta sukalde-premiak aztertuko ditu urtero, beharrezkotzat jotzen bada langile kopurua egokitzeko, edo aldi baterako kontratazio jakin batzuk kontsolidatzeko, horiek lanpostuen zerrendan sartuta.

Urtero, ekainean, batzorde paritarioak sukaldearen kategorian dauden beharrizanak aztertuko ditu, hala badagokio, behar den lanpostu kopurua egokitzeko eta, hala badagokio, kontratazio-behar koiunturalak finkatzeko. Hezkuntza Sailak konpromisoa hartzen du egiturazkotzat jo daitezkeen lanpostuak lanpostuen zerrendan sartzeko.

Nolanahi ere, hitzarmen hau indarrean jartzen den unean aurrekontuan dagoen langileen ordu-kredituari eustea bermatzen da.

2018ko martxoaren 6an, lanpostu-zerrendan, lanaldi osokoak ez diren eta zentro berean laguntza-kontratazioez osatzen diren 8 lanpostu daude jasota; beraz, lanpostuok lanaldi osoko lanpostu bihurtuko dira.

Sektoreko egiturazko beharren garapenaren ondorioz, erabaki da sukaldean laguntzeko egun dauden 40 orduko kontratu guztiak lanpostuen zerrendaren barruan sartzea, hau da, guztira, 2018-2019an, lanaldi osoko 30 kontratu.

Hurrengo lege-proiektuan sartzea ahalbidetzeko behar diren izapideak egingo dira.

Bestalde, lanaldi osoko kontratu gisa pilatu daitezkeen kontratu partzialak horrela egokituko dira eta, egiturazkotzat jotzen diren heinean, lanpostuen zerrendan sartu.

2018an zehar, mahai paritarioak kontratu horiek aztertuko ditu, arrazionalizatzeko eta prekaritaterik ez izateko neurriak sustatzeko.

2018ko martxoaren 6ko akordioa argitaratu eta hilabeteko epean zehaztuko da zein diren lehen adierazitako lanpostu horiek.

10 bis artikulua.– Lan-eskaintza publikoa eta bitartekotasuna/egonkortasuna.

Hezkuntza Sailak, bitartekotasun-tasa murrizteko xedez, eta kolektibo honen bereizgarritasunak kontuan hartuta, sindikatuekin batera adostuko ditu geroko lan-eskaintza publiko baten oinarriak, datak, azterketa-mota, eta abar. Eusko Jaurlaritzak neurri guztiak ezarriko ditu prozesu horien segurtasun juridikoa bermatzeko.

Oinarri horiek 2018ko abenduaren 31 baino lehenago ezarriko dira.

II. KAPITULUA
LANGILEEN KONTRATAZIOA, PROBALDIA, LEKUALDAKETAK, KARGUA UZTEA ETA ERRETIROA

15 bis artikulua.– Errelebo-kontratua.

Berrikusi eta garatu egingo da formula honetaz baliatzeko aukera, Administrazioaren eremuan aukera horri izaera orokorra eman bezain laster.

SEIGARREN TITULUA
PRESTAKUNTZA ETA EUSKALDUNTZEA

57. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kolektibo honetako langileak birziklatzeko neurriak sustatuko ditu –ahal dela, lan-ordutegian–, eta, horretarako antolatzen diren hobekuntza-ikastaroetara joateko erraztasunak emango ditu. Batzorde paritarioak aztertu, proposatu eta ezarriko du –organo eskudun guztiekin ados jarrita– nola garatuko diren ikastaro horiek benetan.

2.– Prestakuntzak erantzuna eman behar dio batez ere langileen etengabeko prestakuntzari, zerbitzuen funtzionamenduaren hobekuntzari, langileen prestakuntzari, teknologia berrien aprobetxamenduari eta zerbitzu publikoaren funtzionamendurako interes berezia duten gainerako materiei.

Helburu hori kontuan hartuta, prestakuntza eskaintzeko konpromiso hauek hartu dira, ondorengo ekitaldietako prestakuntza-plana osaturik:

Laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza: garbiketako eta sukaldeko langileak:

– 2018ko ekaina: Segurtasunaren gaineko prestakuntza, sukaldeko langileentzat, 340 langile finko edo aldi baterakoen asistentzia izanik (3 ordu).

– 2018ko ekaina: Higieneko eta area psikosozialeko prestakuntza, garbiketakoentzat (5 ordu).

– 2018-2019ko ikasturtea: Area psikosozialeko prestakuntza: adimen emozionala eta gatazkak, garbiketakoentzat (5 ordu).

– 2019ko ekaina: Higieneko eta area psikosozialeko prestakuntza, sukaldekoentzat (5 ordu).

– 2019-2020ko ikasturtea: Area psikosozialeko prestakuntza: adimen emozionala eta gatazkak, sukaldekoentzat (5 ordu).

– 2018tik 2019ra, hiru kurtsotan: Ergonomia, eginda ez daukaten langile guztientzat (4 ordu).

Prestakuntza higieniko-sanitarioa (AKPKA/HACCP): sukaldeko langileak (5 ordu):

– 2017-2018ko ikasturtea: lanpostu hutsetako aldi baterako bitarteko langileentzat.

– 2018-2019ko ikasturtea: jantokian laguntzeko kontratua daukaten eta ordezko diren langileentzat.

Dieta berezien gaineko prestakuntza: sukaldeko langileak (4 ordu):

– 2017-2018ko ikasturtea: langile finkoentzat eta lanpostu hutsetako aldi baterako bitarteko langileentzat.

– 2018-2019ko ikasturtea: jantokian laguntzeko kontratua daukaten eta ordezko diren langileentzat.

Prestakuntzako denbora lan-ordutegitzat hartuko da.

Prestakuntza-jarduerei buruzko xehetasunak mahai paritarioak adostuko ditu 2018ko lehen hiruhilekoan, eta aldi berean garatu, proposatu eta ezarriko dira bakoitzaren edukiak garatzeko neurriak.

Bestalde, urtean behin, ekainean, ikastaroen balorazioa egingo da, hurrengo ikasturteko prestakuntza diseinatzeko orduan kontuan hartzeko.

3.– 15.000 euroko funtsa ekonomikoari eusten zaio, hobekuntza profesionaleko ikasketak finantzatzeko –batez ere norberaren egitekoekin edo lanpostuarekin zerikusia duten ikasketetarako–, eta batzorde paritarioari dagokio kontuan hartu beharreko gastuak zehaztea, baita funtsaren funtzionamenduari buruzko erregelamendua ere.

58. artikulua.– Euskalduntzea.

1.– Derrigortasun-data ezarrita duen hizkuntza-eskakizuna duen lanpostuan ari den langileak eskubidea izango du ikastaroetara joateko eta ikastarootara joateko liberatzeko. Horretarako, interesdunak onartu egin beharko ditu ezagutza-maila eta finkatutako derrigortasun-data; era berean, hitza eman beharko du egiten diren prestakuntza-jardueretan eta ebaluazioetan parte hartzeko.

2.– Hizkuntza-eskakizuna betetzeko derrigortasun-datarik ezarrita ez duen lanpostua duten langileek eskubidea izango dute ikastaroetara joateko eta ikastarootara joateko liberatzeko; halaber, egiten diren prestakuntza-jardueretan eta ebaluazioetan parte hartzeko konpromisoa izango dute.

Euskara ikasteko, urteko 24 liberazioren eskaintza finkatu da. Batzorde paritarioaren irizpideen arabera esleituko dira plazak. Eskaintza hau 2018-2019ko ikasturtean egingo da.

Aurretik esandakoa eragotzi barik, eta eskabide kopuruak egindako eskaintza modu adierazgarri batean gainditzen badu, batzorde paritarioak alderdi hori aztertuko du, bera berrikusteko proposatzeko.

2017-2018ko ikasturtean, batzorde paritarioak egungo irizpideak aztertuko ditu.

Bestalde, urtean behin, ekainean, ikastaroen balorazioa egingo da, hurrengo ikasturteko prestakuntza diseinatzeko orduan kontuan hartzeko.

3.– Aurreko apartatuetan sartzen ez diren langileek eskubidea izango dute, lanorduetatik kanpo euskalduntzeko eta alfabetatzeko ikastaroetara joaten badira eta ikastaro horiek behar bezala aprobetxatzen dituztela egiaztatzen badute, ikastaro horien matrikulazio-gastuak ordainduak izateko –prestakuntzako funtsaren kontura–.

4.– Halaber, lanorduetatik kanpo, gutxienez egunero bi orduko euskara-ikastaroak egiten dituzten pertsonei eta, orobat, lanorduetatik kanpo euskarazko barnetegi batera joatea erabakitzen dutenei baimen ordaindua onartuko zaie; nolanahi ere, gastuak ere ordain dakizkieke, aurreko paragrafoan ezarritakoari jarraikiz.

Hizkuntza Eskola Ofizialeko ikastaroetarako ere aitortuko da baimen hori, baita egunean bi ordu baino gutxiagokoak badira ere. Baimen horren iraupena ikastaroan izandako asistentziako orduen laurdena izango da. Barnetegietara joanez gero, asistentziako egun baliodunen herenekoa izango da baimena. Baimen hori dela-eta, inoiz ere ezin izango dira bost egun baliodun baino gehiago hartu urtean, eta muga hori berori izango da hainbat ikastarotan parte hartzeagatik lortzen diren baimenen kasuan.

Baimen hori lortzeko, langile horiek aprobetxamendu jakin bat atera beharko diote ikastaroari. Hizkuntza Eskola Ofizialean ikasi bada, egindako ikastaroetako probak gainditzea izango da aprobetxamendu hori. Euskara ikastaroa bukatu eta ondorengo seihilekoan emango da baimena, baina, dena dela, zerbitzuko premien mendean egongo da.

II BIS ERANSKINA
SUKALDEKO ETA GARBIKETAKO EGITEKOEN BANAKETA

Konpromisoa hartu da 2017-2018ko ikasturte honetan batzorde paritarioak azter ditzan garbiketako eta sukaldeko langileen egitekoak. 2018ko ekainean 2018-2019ko ikasturterako proposamena egingo da.

Aldatu arte, indarreko hitzarmenean ezarritako egitekoak beteko dira.

IV. ERANSKINA
GARBIKETAKO ETA SUKALDEKO RATIOAK

Garbiketa

Garbiketa-zerbitzua eguneratzeko xedez, eta, batez ere, metrajeari dagokionez, kontuan hartuko da lanbide-heziketaren eremuan espazioek duten erabilerarik handiena.

Lanaldi osoa: 1.240 metro (gehieneko muga).

Ratio hori 1.030 metroraino murriztu ahal izango da lanaldi oso baterako, ikastetxeen berariazko baldintzen arabera (bereziki ikastetxearen instalazioak arratsaldez irakaskuntza-jarduera arautuetarako erabiltzeko). 2008-2009ko ikasturtearen lehen hiruhilekoan, batzorde paritarioak ikastetxe guztien egoera aztertzeko jarduketa-protokoloa finkatuko du.

Kontuan hartuta Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek arratsaldez ere ematen dutela prestakuntza, ratio hori 1.030 metrora murriztuko da lanaldi osoaren kasuan, ikasgelen erabilera handienaren arabera, araututako zein arautu gabeko irakaskuntza-jardueretarako.

Neurri horren ondorioz, arrazoi horregatik galtzen diren metroak konpentsatu beharko dira eta, horretarako, behar diren kontratuak izenpetuko dira. Egiturazkotzat jotzen badira, lanpostuen zerrendan sartu beharko dira.

2018ko martxoaren 6ko akordioa argitaratu ostean, hilabeteko epean zehaztuko dira zein diren lehen adierazitako lanpostuak.

Sukaldea

Jantokiko zerbitzua eta janaria jantokiko instalazioetan prestatzea.

(Ikus .PDF)

Sukaldarien plantillak jantoki baimenduneko mahaikide kopuru errealari egokitu behar zaizkio.

Jantokietako dietak gaur egun anitzak eta konplexuak izateak lan-karga gehigarria eragin du jantokietan; beraz, lan horiek arintzeko xedez, ordu gehigarriak esleituko dira eta, horretarako, dieta desberdinen kopurua ez ezik, mahaikide kopurua ere hartuko da kontuan.

– Orduak esleitzeko, kontuan hartuko dira irizpide eta dieta berezi hauek:

0 dieta: ordu gehigarririk gabe.

1-5 dieta: ordubete egunean.

6-10 dieta: 2 ordu egunean.

11 dieta edo gehiago: 3 ordu egunean.

– Halaber, egunean ordu gehigarri bat eskainiko da baldin eta eskola-jantokiak 300 mahaikide baino gehiago badauzka; eta beste ordu gehigarri bat, aurrekoari gehi dakiokeena, 600 mahaikide baino gehiagoko eskola-jantokietan.


Azterketa dokumentala