Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

53. zk., 2019ko martxoaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1379

AGINDUA, 2019ko otsailaren 27koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez hasieran onartzen baita Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

1.– Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partziala behin betiko onartu zen uztailaren 27ko 121/2016 Dekretuaren bidez. Donostiako lurralde-plan partzial horrek eremu funtzional guztirako udal-mugarte hauek hartzen ditu: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia zaintzeari, kudeatzeari eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 5. artikuluak honela definitzen ditu paisaiaren zehaztapenak: paisaiaren katalogoetatik ateratako irizpideak dira; katalogo horietan, paisaiaren kalitatearen helburuak garatzen dira, eta haiek lortzeko neurriak identifikatzen dira, dagozkien lurralde-plan partzialetan sartzeko xedearekin, gomendio gisa. Ondorioz, Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionaleko paisaiaren katalogoa egin ostean, eta aipatutako eremu funtzionaleko paisaia zaintzeko, kudeatzeko eta antolatzeko zehaztapenak atera ondoren, egokia da indarrean den lurralde-plan partzialaren aldaketa ez-funtsezko hau idaztea, aipatutako zehaztapenak sartzeko xedearekin, indarrean den lurralde-plan partzialak planteatutako lurralde-eredua aldatu gabe.

3.– Bestetik, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 10.10 artikuluan eta 14. artikuluan ezartzen denez, lurralde-plan partzialetan egin nahi diren aldaketak Eusko Jaurlaritzak ezarritako prozedurari jarraituz egingo dira, baldin eta plan horien berrikusketa orokor edo funtsezkorik eskatzen ez badute. Arau hori garatzeko, irailaren 9ko 206/2003 Dekretua egin zen, lurraldearen antolamendurako gidalerroetan, lurralde-plan partzialetan eta lurraldearen arloko planetan funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzeko.

4.– Irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko apirilaren 20ko Aginduaren bidez deklaratu zen aldaketa hau ez zela funtsezkoa. Ondorioz, Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketa onartzeko, irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4. artikuluan xedatutako prozedura bete beharko da.

5.– Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko uztailaren 9ko Ebazpenaren bidez, aldaketari dagokion irismen-dokumentua egin zen. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa ikusita eta irismen-dokumentu hori kontuan hartuta, ingurumen-azterlan estrategikoa egin eta planaren aldaketaren partetzat hartu da.

6.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat, hasierako onarpenaren dokumentua, ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera, jendaurreko izapidean sartu beharko da, aldez aurretik aldizkari ofizial egokian eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan iragarrita, gutxienez berrogeita bost egun baliodunean.

7.– Jendaurreko izapidearekin batera, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluak adierazi bezala, aldaketaren dokumentua eta ingurumen-azterlan estrategikoa kontsulten izapidean sartu beharko dira, bai eraginpeko administrazio publikoei dagokienez, bai ingurumen-organoak aldez aurretik kontsulta egin dien interesdunei dagokienez, beharrezkotzat jotzen dituzten txostenak eta alegazioak egin ditzaten, lege horren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat, epe bera emanda.

8.– Irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4.3 artikuluan xedatutakoa betetzeko, Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren dokumentuari –paisaiaren zehaztapenak aldatuta– aldeko txostena eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen Osokoak urtarrilaren 25eko 1/2019 saioan, hasierako onarpen hau izan aurretik, hain zuzen ere.

9.– Bestetik, irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4.4 artikuluan dago ezarrita hasierako onarpena izan duen aldaketak jendaurreko hilabeteko informazio-aldia izan behar duela, erabakia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Halaber, erabakia dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratuko da, eta iragarri egingo da bi egunkaritan gutxienez, hau da, autonomia-erkidegoan zabalkunderik handiena duten bietan.

10.– Halaber, irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 4.5 artikuluan dago adierazita ezen, jendaurreko izapidearekin batera, entzunaldiaren izapidea egingo dela lurraldeko administrazio publiko interesdun guztiekin, hilabeteko epean aurkez ditzaten aldaketari loturiko alegazioak, oharrak eta iradokizunak.

11.– Irailaren 9ko 206/2003 Dekretuak ezartzen dituen epeak gorabehera, hasierako onarpen honen ostean aldi berean egin behar diren izapideak bateratzearren, denak uniformizatuko dira eta bakoitzari berrogeita bost egun balioduneko epea emango zaio.

12.– Lurralde-plan partzialaren aldaketak agiri hauek dauzka:

1) Memoria.

2) Antolamendu-arauak.

3) Mapak.

4) Sektoreko araudia.

5) Azterketa ekonomiko-finantzarioa eta exekuzio-programa.

13.– Hori guztia dela-eta, aipatutako aurrekariak ikusita eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legeren 13. artikuluak eta irailaren 9ko 206/2003 Dekreturen 4.1 artikuluak emandako eskumena erabiliz. Dekretu horretan dago araututa lurraldearen antolamendurako gidalerroetan, lurralde-plan partzialetan eta lurraldearen arloko planetan funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura.

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Hasieran onartzea Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketa, paisaiaren zehaztapenei buruzkoa.

Bigarrena.– Jendaurrean jartzea Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren dokumentua –paisaiaren zehaztapenei buruzkoa–, ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera, berrogeita bost egun balioduneko epean agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, norbanako eta elkarte interesdunek ondo iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko. Halaber, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta gutxienez autonomia-erkidegoan zabalkunderik handiena duten bi egunkarietan argitaratu behar da.

Hirugarrena.– Informazioa jendaurrean jartzearekin batera, entzunaldia irekiko zaie lurralde-administrazio publiko interesdun guztiei, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera berrogeita bost egun balioduneko epean alegazioak, oharrak eta iradokizunak egin ahal izateko lurralde-plan partzialaren aldaketa honi.

Laugarrena.– Halaber, kontsulten izapidea egitea eraginpeko administrazio publikoekin eta aldez aurretik kontsulta egin zaien interesdun guztiekin, berrogeita bost egun balioduneko epe berean beharrezkotzat jotzen dituzten txostenak eta alegazioak egin ditzaten.

Bosgarrena.– Aipatutako epeetan zehar, Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) eremu funtzionalaren lurralde-plan partzialaren aldaketaren dokumentua eta haren parte den ingurumen-azterlan estrategikoa agerian geratuko dira aztergai, honako toki hauetan:

– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila. Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritza.

Donostia kalea 1, 2.a, 01010 Vitoria-Gasteiz

– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrian.

Erabaki honen aurka ezin da errekurtsorik jarri, Donostiako (Donostialdea-Bidasoa Beherea) lurralde-plan partzialaren aldaketa –paisaiaren zehaztapenei buruzkoa– behin betiko onartzeko prozeduraren barruko izapide bat delako.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 27a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala