Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2019ko martxoaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1328

AGINDUA, 2019ko martxoaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Donostia udalerriko Txomin Enean, babes ofizialeko 130 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesuari hasiera eman eta 2017ko maiatzaren 24ko Aginduan agertzen diren hainbat zehaztasun aldatzen dituena.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko maiatzaren 24ko Aginduaren bidez, hasiera eman zitzaion Donostia udalerriko Txomin Enean, babes ofizialeko 130 etxebizitza esleitzeko hautaketa-prozesuari.

Bigarrena.– Etxebizitzak esleitzeko prozedura hasita zegoela eta hau amaitu gabe egonda, aldaketa batzuk gertatu dira. Aldaketa hauek, nahiz eta ez duten eraginik orain arte eman diren pausoetan, esleipen prozedurarako badute ondoriorik ondorengo nondik norakoetan: esleitu beharreko etxebizitza kopuruan –etxebizitza gehiago dago orain, nahiz eta Donostiako Udalak ordezko etxebizitza bat izateko duten horien eskubidea gauzatu ahal izateko etxebizitza bat gorde–, etxebizitzen sustatzailearen nortasunean, sustapenaren behin-behineko kalifikazioan eta etxebizitza horien berezitasunetan (logela kopurua eta azalera erabilgarria), eta, azkenik, sustapenaren espediente-zenbakian.

ZUZENBIDEZKO OINARRIAK:

Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio agindu hau ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera –etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko agindua–.

Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, dioenez, etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak, foru-aldundiek, udalek, kontzejuek eta toki-erakunde txikiek beraiek sustatutako babes publikoko etxebizitzak esleitzeko prozeduratik kanpo utz ditzakete ordezko etxebizitza izateko eskubidea bermatzera bideratutako etxebizitzak eta edozein desgaitasunek eragindako mendetasun-egoerak edo gizarte-bazterketaren arriskuko egoerak konpontzera bideratuak.

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aipatu, 2017ko maiatzaren 24ko Aginduaren 2. gertakaria aldatzea, gauzak horrela, hau honela geratuko da:

«2.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2019ko otsailaren 8ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu du Donostiako udalerriko Txomin Eneako babes ofizialeko 146 etxebizitzaren sustapenak. Sustapen hau IZA Obras y Promociones S.A.- k sustatzen du, eta, EB3-1296/18-LC-000 da horren espediente-zenbakia. Etxebizitza horietako 145 esleituko dira: sei, bi logelakoak, 68,71 m2 azalera dutenak, eta mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainerako 139 etxebizitzetatik, 103 etxebizitza bi logelakoak dira, eta 52,95 m2 eta 69,86 m2 bitarteko azalerak dituzte; 36 etxebizitza hiru logelakoak dira, eta 72,39 m2 eta 90 m2 bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea azalera-eskubidea izango da».

Bigarrena.– 2017ko maiatzaren 24ko Aginduaren ebazpenaren lehenengo atala aldatzea, gauzak horrela, hau honela geratuko da:

«Lehenengoa.– Donostiako udalerriko babes ofizialeko 146 etxebizitzen esleipen-prozedurari hasiera ematea; udalerri hori Donostiako eskualde egituran dago».

Hirugarrena.– Zortzigarren bis atal berri bat gehitzea 2017ko maiatzaren 24ko Aginduaren ebazpenari:

«Zortzigarrena bis.– Sustapeneko 146 etxebizitzetatik bat Donostiako Udalak ordezko etxebizitza bat izateko duten horien eskubidea gauzatu ahal izateko gordeko da; beraz, 145 etxebizitza esleituko dira sustapen honetan».

Laugarrena.– 2017ko maiatzaren 24ko Aginduaren ebazpenaren bederatzigarren atala aldatzea, gauzak horrela, hau honela geratuko da:

«Bederatzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 6 etxebizitza, 68,71 m2 azalera dutenak, mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude. Etxebizitza horiek bi logelakoak dira, eta mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza-unitateen artean esleituko dira. Etxebizitza horiek hurrenkera honetan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko letrei lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei».

Bosgarrena.– 2017ko maiatzaren 24ko Aginduaren ebazpenaren hamargarren atala aldatzea, gauzak horrela, hau honela geratuko da:

«Hamargarrena.– Egokitu gabeko 139 etxebizitzetatik 103 bi logelakoak dira, eta 52,95 m2 eta 69,86 m2 bitarteko azalerak dituzte, eta 36 hiru logelakoak dira, eta 72,39 m2 eta 90 m2 bitarteko azalerak dituzte».

Seigarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 4a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala