Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2019ko martxoaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1321

24/2019 EBAZPENA, martxoaren 5ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleen eskola garraioaren zerbitzua emateko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena (eranskina) derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleen eskola garraio zerbitzua emateko.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 5a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEŃA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 5EKO 24/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKADIKO AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, DERRIGORREZKOAK EZ DIREN IRAKASKUNTZETAKO IKASLEEN ESKOLA GARRAIO ZERBITZUA EMATEKO
BILDU DIRA:

Alde batetik, Cristina Uriarte Toledo andrea, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburu bezala, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren izenean eta ordezkaritzan.

Eta, beste aldetik, Miguel Ángel Gómez Viar jauna, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu bezala, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean eta ordezkaritzan. Eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

1.– Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak, Hezkuntza Sailaren bitartez, bere eginkizun eta eskumenen artean eskola garraioaren kudeaketa duela, horrela xedatzen baitute Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan – Euskadiko Autonomia Erkidegoaren administrazioaren sailak eta beren jardun eremuak sortu, ezabatu eta aldatzeari buruzkoa–11. Artikuluan («Hezkuntza Saila»), eta apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak –Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena–.

2.– Hezkuntza Sailak eskola garraioa arautzen duela Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten dituzten ikasleentzat.

3.– Esandako eginkizunak gaur egun arte bi bide hauetatik bete izan direla: eskola garraioa egiteko ibilgailuen kontratazioa, eta garraio hori kontratatzea bideragarria ez den kasuetarako laguntza deialdia.

4.– Bizkaiko Foru Aldundiak historikoki eskumen zabalak dituela errepideko garraioen gaian. Eskumen horien artean, errepideko bidaiari garraio publikoarekin loturikoak daude. Eginkizun horiek betetzea Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari esleitzen dio abenduaren 22ko 209/2015 Foru Dekretuak.

5.– Eranskinean zerrendatzen diren udalerrietako garraio publikoaren zerbitzu erregularra, eragilera orokorrekoa (Bizkaibus), ez da nahikoa derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetan dabiltzan ikasleen eskaria betetzeko. Ikasle bakoitza bere hezkuntza-zentrora joaten da, ezarrita dagoen ibilbidea erabiliz. Baina gaur egun ez da aurreikusi ibilbide horri errefortzua jartzea edo maiztasun handiagoa jartzea, eremu horietako biztanleriaren dentsitatea hain txikia izanik ez baita bideragarria alderdi ekonomikotik.

Hezkuntza-zentro horietara doan garraio-zerbitzu erregularra ere badago, erabilera berezikoa, Hezkuntza Sailak antolatutakoa. Garraio mota hori erabiltzeko eskubidea duten gainerako ikasleek erabiltzen dute zerbitzua, eta eskaria betetzeko erabili daiteke.

6.– Bi aldeek interesgarria iritzi diote aipatutako erakundeen arteko lankidetzarako esparru bat ezartzeari, Bizkaiko Lurralde Historikoan dauden baliabide publikoak arrazionalizatzeko bide emateko, bikoiztasunak saihestuz.

7.– Kolaborazio honen esparruan, Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskola garraio zerbitzua, derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleen joan-etorriak ahalbidetuko ditu, haien bizileku-gunetik Institutura, baldin eta plaza libreak badaude eta beharrak kontratatutako zerbitzura egokitzen badira.

8.– Kolaborazio hau posible izango da Sailak kontratatutako garraio zerbitzuan plaza libreak baldin badaude eta beharrak kontratatutako zerbitzuaren baldintzetara egokitzen badira.

9.– 69/2015 Dekretuan (maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola garraioari buruzkoa –garraioaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoa–), 6. Artikuluan, ezarritakoa aplikatuko da eskola garraioko plazak esleitzean.

Azaldutakoagatik, hau izenpetzen duten erakundeek, beren eskumenei uko egin gabe, erabakitzen dute hitzarmen hau sinatzea, ondoko klausula hauen arabera

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailaren arteko lankidetzarako oinarriak finkatzea, azken erakunde honek ematen duen eskariaren araberako zerbitzua erabiltzeko bide eman diezaieten eranskinean jasotako herrietako derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleei, institutu publikoetan matrikulatuta daudenei.

Ikasturte hasieran, Hezkuntza Sailak Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailari helaraziko dio eranskinean jasotako udalerriei eragiten dieten antolatutako ibilbideetan libre dauden plazei buruzko informazioa.

Bigarrena.– Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.

1.– Hitzarmen honetan aurreikusten den helburuarekin loturiko jardueren koordinazio eta jarraipenerako, Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortzen da, hura izenpetzen duen erakunde bakoitzaren bi ordezkarik osatuko dutena.

2.– Hitzarmenaren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordearen osaera:

– Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sailaren izenean batzordeko kide izango dira Mugikortasunaren eta Lurraldearen Kohesioaren zuzendari nagusia, edo horrek ordezkari izendatzen duena, eta Garraioa Antolatzeko Zerbitzuko burua.

– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ordez, honako hauek osatuko dute batzorde hau: Kudeaketa ekonomikoaren zuzendaria edo berak eskuordetzen duen pertsona eta Zerbitzu Osagarrien eta Beken Zerbitzuaren arduraduna.

3.– Hitzarmenaren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Hitzarmen honen xede diren zerbitzuen koordinazioa eta plangintza.

b) Hitzarmenaren helburuarekin bat datozen udalak gehitzeko eranskina aldatzea.

c) Emandako zerbitzuen emaitzak aztertzea.

d) Hitzarmen honen interpretazioaz, aldaketaz, suntsiarazteaz eta ondorioez sortutako auziak ebaztea.

4.– Hitzarmenaren Koordinazio eta Jarraipenerako Batzordeak aho batez hartuko ditu bere erabakiak.

5.– Tartean diren aldeetako edozeinek eskaturik bilduko da Batzordea, berari dagozkion helburuak betetzeko behar adina aldiz.

Hirugarrena.– Legeria aplikagarria eta jurisdikzio eskuduna.

Hitzarmen honek administrazio izaera du, eta hari aplikatu ahal zaion araubide juridikoa 40/2015 Legearen, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren, atariko tituluan ezarritakoa izango da.

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 8ko 9/2017 Legea ez zaio aplikagarria hitzarmen honi, haren 6. artikuluan xedatutakoarekin bat dator eta. Hala ere, 4. artikuluan espresuki xedatutakoaren arabera, legearen printzipioak aplikatuko dira hitzarmen hau betetzearen inguruan sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak konpontzeko.

Laugarrena.– Ondorioak.

Hitzarmen honek ez du ekarriko esku hartzen duten aldeek beren eskumenei uko egiterik edo eskumen horiek aldatzerik. Aldeek hitzarmenaren ondorioz hartzen dituzten konpromisoei buruzko erantzukizunak bakarrik hartzen dituzte bere gain.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta azkentzea.

Hitzarmen hau indarrean egongo da izenpetzen denetik eta hasierako iraupena lau urtekoa izango da, eta berez eta besterik gabe luzatuko da urtez urte, gehienez beste lau urtez, aldeetariko batek hura salatzekotan izan ezik. Ondorioak izan behar dituen ikasturtearen hasiera eguna baino gutxienez bi hilabete lehenago egin beharko da salaketa.

Seigarrena.– Azkentzea.

Aldeen arteko adostasunez, haietariko edozeinek epearen barruan egindako salaketa espresuaz edo, ez betetzea gertatzekotan, suntsiarazpenaz azkenduko da hitzarmena. Suntsiaraztekotan, ematen ari diren zerbitzuak bukatzeko baldintzak finkatuko dituzte aldeek.

Eta, adierazi den guztiarekin ados daudela eta onartzen dutela agertzeko, bi aldeek dokumentu hau izenpetzen dute, bi aletan, hitzarmen honen idazpuruan adierazten diren tokian eta egunean.

Eta jasota egon dadin, bi aletan izenpetzen da, Vitoria-Gasteizen 2019ko otsailaren 28an.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordez, sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailaren ordez,

MIGUEL ÁNGEL GÓMEZ VIAR.

HITZARMENAREN ERANSKINA

Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmenaren helburuarekin bat datozen udalerrien zerrenda, derrigorrezkoak ez diren irakaskuntzetako ikasleen eskola garraio zerbitzua emateko:

Ispaster.

Mendexa.

Amoroto.

Gizaburuaga.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren ordez, sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailaren ordez,

MIGUEL ÁNGEL GÓMEZ VIAR.


Azterketa dokumentala