Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

49. zk., 2019ko martxoaren 11, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1272

25/2019 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoak behar bezala beteak zituen eraikinen energia-ziurtapenaren arloko eskakizun hauek: 2002/91/EE Zuzentarautik eratorritako eskakizunak, energia-ziurtapenari dagokionez, eta, Eraikinen Energia Efizientziari buruzko maiatzaren 19ko 2010/31/EB Zuzentaraua (zuzentarau horren transposizio partziala egin zen Espainiako ordenamendu juridikora, Eraikuntzen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren bidez).

Abenduaren 9ko 226/2014 Dekretuak apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan autonomia-erkidegoei ezarritako betebeharrei heldu zien; izan ere, errege-dekretu horren arabera, autonomia-erkidegoei baitagokie zenbait eginkizun burutzea eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien zuzentasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Ziurtagiri horien muina dira, hain zuzen, ziurtagirion kontrola eta erregistroa, sustatzaileek edo jabeek eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria eskuratzen dutela bermatzeko aurreikuspenak eta Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa erakusteko erregulazioa. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 16ko Aginduak bukaera eman zion arlo horren erregulazioari, dekretu hori garatuz, eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrol eta erregistroari dagokienez.

Aurreko guztia gorabehera, dekretua aplikatu den bitartean hartutako esperientziak agerian utzi du bazeudela erregulazioaren alderdi batzuk jorratu edo hobetu beharrekoak, eta, beste kasu batzuetan, berriz, zenbait manuren edo, hobeto esanda, horiek dakartzaten betebeharren egiazko zentzua eta irismena argitu beharra dagoela. Behar horri ikuspegi zabalago batetik erantzutea da dekretu honen helburua, eta, horretarako, Autonomia Erkidegoaren esparruan energia-ziurtapenaren aurreneko erregulazioa abian jarri zenetik antzemandako beharrizan espezifikoei aurre egingo zaie eta irtenbideak emango dira eremu horretan esku hartzen duten agente guztiek errazago bete ditzaten bakoitzari dagozkion betebeharrak.

Helburua betetzeko, testu bakar bat egitea erabaki da; testu horrek bilduko eta hobetuko du arlo honetan dagoen erregulazioa, arau-multzo osoa modu bateratuan erabili ahal izateko eta arau horiek errazago interpretatu eta aplikatu ahal izateko.

Hori dela eta, dekretu honek, funtsean, eraginkortasun energetikoaren lehengo ziurtagirien erregulazioari eusten dio; haien funtsezko elementuak ditu, baina zenbait kasutan, erregulazioa zehazten du edo beste alderdi batzuetan erregulazio berria sartzen. Horrekin guztiarekin, arintasun eta segurtasun handiagoa lortuko da energia-ziurtapenaren eta eraikinen edo eraikin-zatien erosleak eta errentariak babestearen arloan.

Berritasun nagusia, besteak beste, da Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak, energia-ziurtapenaren prozedurari dagozkion fitxategi informatikoek eta dagokion etiketak (etiketa horrek ziurtatzen du ziurtagiria erregistratuta dagoela) osotasun zatiezin bat osatuko dutela nahitaez, eta dokumentu hori izango dela erosleari edo errentariari eman beharko zaion dokumentua.

Eraikinak edo eraikin-zatiak Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria zenbat denboraz eduki behar duen xehetasun handiagoz zehazten da, ziurtagiri hori dagokion erosketa- edo errentamendu-kontratua formalizatzerakoan bakarrik eska zitekeelako ustearekin bukatzeko. Horrez gain, agerian uzten da erosketa edo errentamenduen kasuan Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria edukitzeko eskubidea uko egin ezineko eskubidea dela erosle edo errentariarentzat.

Etxebizitzarako bizitegi-erabileraren kasu zehatzerako, eta apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak dagoeneko ezartzen zuenarekin bat etorriz, espresuki azpimarratzen da erregistratuta eta indarrean dagoen eraikinaren bizitegi-erabilerako zati osoari dagokion Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erabil daitekeela eraikina osatzen duen etxebizitza bakoitzaren salmenta eta errentamenduaren prozesuan. Modu horretara lortzen da eraikin osoaren ziurtagiriaren bere zatia ordaindu duten jabeek (eraikinaren ikuskapen teknikoa egiterakoan edo inguratzailean edo instalazio termikoan hobekuntza garrantzitsuak egin ondoren laguntzak edo dirulaguntzak lortzeko ordaintzen dute) indibidualki berriz ordaindu behar ez izatea beren etxebizitzaren ziurtapena, etxebizitza hori saldu edo errentan utzi nahi dutenean.

Ziurtagirien kanpo-kontrolari dagokionez, sistema bat eratu da, alde batetik energia-kalifikazio oso on bat lortzeko asko ordaindu duten pertsona fisiko edo juridikoei kostu gehigarri bat kargatzea saihesten duena, sistemaren bermeak urritu gabe eta definituta dauden baldintzak errespetatuz, eta, beste aldetik, lortutako kalifikazio energetiko onari esker laguntza publikoak lortu ahal izan dituzten eraikinen edo eraikin-zatien kontrol zehatzagoa egitea ahalbidetzen duena.

Ziurtagiriak higiezinen merkatuarentzat eta eskuratzaile eta errentarien eskubideentzat duen garrantzia dela eta, dekretuak modu nabarmenagoan azpimarratzen du saltzaileek edo errentatzaileek, besteak beste, eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzko informazioa eman behar dietela etxebizitza edo lokal bat erosi edo errentan hartu nahi dutenei eta, horrez gain, modu zehatz eta zorrotzagoan definitzen ditu jabeak/sustatzaileak, higiezinen transakzioetan bitartekaritza-, aholkularitza- eta kudeaketa-zerbitzuak emateko, aukeratzen dituen pertsona fisiko edo juridikoen eskubide eta betebeharrak.

Hezkuntza-alderdia indartzen da, eta, horretarako, betebehar bat ezartzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden eraikinen edo eraikin-zatien salmenta eta errentamenduen iragarkiak jartzeko atalak dituzten higiezinen web-atariei, egunkariei, aldizkariei eta bestelako espazioei, haien formatua edozein izanda ere: Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak duen esanahiaren, funtzionamenduaren eta ziurtagiri hori edukitzeko betebeharraren inguruko informazioa ematea iragarkietan.

Prozeduraren arloan, Erregistroan inskribatzeko prozeduraren erregulazio zehatzago bat egiten da, non espezifikoki antolatzen baitira zuzenketak eta ezerezteak eskatzeko izapideak. Beharrezkotzat jo da, halaber, dokumentu publiko bat eduki ahal izatea Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria edukitzetik salbuetsita egotea egiaztatzeko.

Halaber, zehapen-araubideari dagokionez, eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren arloan estatu-mailan ezarrita dauden arau-hauste eta zehapen espezifikoak sartu dira. Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren hamabigarren eta hamahirugarren xedapen gehigarrietan zehazten dira arau-hauste eta zigor horiek.

Xedapen hau izapidetzerakoan, entzunaldi publikoaren izapidea eskaini zaie elkarteei, profesionalen elkargoei, administrazio publikoei eta eraginpeko beste sektoreei.

Horren ondorioz, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko otsailaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretuak hau arautzea du xede: eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak nola eskuratzen, erregistratzen, eguneratzen, ezerezten, salbuesten, ikuskatzen eta kontrolatzen diren; ziurtagiriak nola islatzen diren eraginkortasun energetikoaren etiketetan; etiketa horiek nola erabiltzen diren, eta zer informazio eman behar den eskuratzaileen eta errentarien oinarrizko eskubideak babesteko.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan, honako hauei aplikatuko zaie dekretua:

a) Eraikin berriei.

b) Lehendik zeuden 1.000 m2tik gorako azalera erabilgarriko eraikinen aldaketa, eraberritze edo birgaitzeei, egoera hauetakoren bat gertatzen denean:

– Eraikinaren itxituren % 25 baino gehiago berritzea.

– Bertan egiten den jardueraren erabilera edo intentsitatea aldatzea eta horrek kalifikazio energetikoaren mailan eragina izatea.

c) Lehendik zeuden eraikinei edo eraikin-zatiei, saldu edo alokatuko direnei, betiere ez badaukate indarrean dagoen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiririk.

d) Lehendik zeuden eraikinei edo eraikin-zatiei, baldin eta aginte publikoren batek haietan 250 m2tik gorako azalera erabilgarria okupatzen badu eta jendea maiz joaten bada bertara.

2.– Dekretu honen xedeetarako, eraikin berriekin parekatuko dira arkitektura-konfigurazioan aldaketak eragin dituzten esku-hartzeak jasan dituzten lehendik dauden eraikinak. Halakotzat hartuko dira esku-hartze osokoak edo partzialak, baldin eta kanpoko konposizio orokorra, bolumetria edo egitura-sistema osoa funtsean aldatzea badakarte, edo xedetzat eraikinaren berezko erabilerak aldatzea badute.

3.– Dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo daude Eraikuntzen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren 2.2 artikuluan aipatzen diren eraikinak.

Azalera edozein izanda ere, eta 235/2013 Errege Dekretuaren 1.3.h) artikuluan eraikinarentzat ezarritako definizioarekin bat etorriz, dekretuaren aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira Eraikuntzaren Kode Teknikoa onartzen duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren arabera bizitzeko esparruak ez diren lokalak ere.

3. artikulua.– Agenteak.

Besteak beste, agente hauek izango dira dekretu honetan ezarritako betebeharrak betetzearen arduradunak, bere artikulatuan garatutako zehaztapenen arabera:

1.– Eraikinen edo eraikin-zatien sustatzaileak edo jabeak, eraikin edo eraikin-zati bakoitzari eska dakizkiokeen betebeharrak betetzeari dagokionez.

2.– Eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenaren arloko teknikari eskudunak, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak sinatzen dituztenak. Horien ardura izango da ziurtagirietan azaltzen diren datuak zehatzak eta egiazkoak izatea eta energia-ziurtapenerako prozedura teknikoa betetzea, 235/2013 Errege Dekretuaren II. kapituluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kanpo-kontrola egiteko akreditatuta dauden agenteak. Horien ardura izango da ezarritako prozeduraren araberako txostena egitea eta eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirietan azaltzen diren datuak baliozkoak eta benetakoak direla egiaztatzea.

4.– Eraikinak edo eraikin-zatiak saldu edo errentan uzteko eskaintzak, sustapenak edo publizitate-lanak egiten dituztenak. Horien ardura izango da indarrean dagoen araudiak eraikinen edo eraikin-unitateen salmenta edo errentamenduen eskaintza, sustapen edo publizitatearen arloan ezartzen dituen betebeharrak betetzea.

Agente arduradunek eraikinaren energia-ziurtapenari dagokion dokumentazio guztia gorde beharko dute, ziurtagiria indarrean dagoen bitartean egin litekeen edozein ikuskapen edo errekerimendutarako.

4. artikulua.– Betebeharrak eta erantzukizunak.

1.– Eraikinaren edo eraikin-zatiaren sustatzailea edo jabea den pertsonak hau dena egiteko erantzukizuna du:

a) Bere jabetzako higiezinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria edukitzea, eta ziurtagiri hori eguneratzea indarrean dagoen araudiaren arabera hala egin behar denean.

b) Agente akreditatu bati enkargatzea Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kontrola, kontrol hori eskatzen denean, salbu eta dekretuan espresuki adierazten diren salbuespen-kasuetan.

c) Agente akreditatuari laguntzea eta hari kontrol-lana erraztea. Agente horrek Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren kontrolerako garrantzitsutzat jotzen duen dokumentazio guztia oztoporik gabe eskuratu ahal izango du eta eraikinera edo eraikin-zatira oztoporik gabe sartuko da.

d) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria ziurtagiri horientzat prestatutako Erregistroan erregistratzea, dekretu honetan ezarritako modu eta epeetan.

e) Energia-ziurtapenarekin zerikusia duen dokumentazio guztia gordetzea edozein ikuskaritza edo errekerimendutarako. Batez ere indarrean dauden Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eta Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa gorde beharko dira.

f) Eraikinaren edo eraikin-zatiaren Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa 3.4 artikuluan adierazitako pertsonen eskura jartzea, eraikinaren edo eraikin-zatiaren salmenta edo errentamendurako eskaintza, sustapen edo publizitatean kalifikazio energetikoa jartzeko betebeharra bete dezaten pertsona horiek.

g) Eraikina edo eraikin-zatia erosteko edo errentan hartzeko interesa duten pertsonen eskura jartzea erregistroak Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari emandako erregistro-zenbakia, dekretu honen xedapenetan ezarritako epe eta moduan.

h) Erosketa edo errentamendua formalizatu aurretik, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, energia-ziurtapen prozedurari dagozkien fitxategi informatikoak eta bere Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa, gaitutako Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duena, ematea eraikina edo eraikin-zatia erosten edo errentan hartzen duenari.

2.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria sinatzen duten teknikari eskudunek hau dena egiteko erantzukizuna dute:

a) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria egitea eta sinatzea, Ziurtagiriaren helburu den eraikinera edo eraikin-zatira «in situ» bisita egin ondoren eta jabeari edo sustatzaileari eman energia-ziurtapen prozedurari dagozkien fitxategi informatikoekin batera.

b) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirian azaltzen diren datuak zehatzak eta benetakoak izateaz arduratzea.

c) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria Erregistroan inskribatzeko eskaerako datuak betetzen laguntzea jabeari edo sustatzaileari, inskripzioa higiezinaren jabetzak egiten duenean.

d) Ziurtapenaren helburu den eraikinaren edo eraikin-zatiaren sustatzailearekin edo jabearekin ordezkaritza-agiri bat sinatzea hark ordezkaritza ematen dionean Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria Erregistroan inskribatzeko. II. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa izango da agiri hori.

e) Egiten diren agiri-berrikuste eta ikuskapenen ondorioz jakinarazten zaizkion sakoneko eta/edo formazko urritasunak zuzentzea –Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erregistroan inskribatzeko prozesuan antzemandakoak nahiz inskripzioaren ondoren egindako auditoretza-prozesuetan antzemandakoak–, epe barruan eta modu egokian.

f) Energia arloaren ardura duen Sailaren teknikariei laguntzea Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren helburu den eraikinera edo eraikin-zatira egin beharreko kontrol- eta ikuskapen-bisitetara, hala eskatzen zaienean.

3.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria sinatzen duten teknikari eskudunek, sustatzailea edo jabea ordeztuz jardun direnean, pertsona horri une oro eman behar diote ziurtagiria Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatzeko izapidetze-prozesuaren berri; prozesu horretan gertatzen diren gorabehera guztiak jakinarazi behar dizkiote, eta ematen den edozein ebazpen eta Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa helarazi behar diote.

4.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola egiteko akreditatuta dauden agenteek hau dena egiteko erantzukizuna dute:

a) Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola egitea, objektibotasun, independentzia, inpartzialtasun eta osotasunaren printzipioei jarraituz, bai eta dekretu honen xedapenetan haien betebeharrei eta haien jardueren segurtasunari buruz ezartzen diren baldintzei jarraituz ere.

b) Enkargua egin dien pertsonari laguntza teknikoa eta bere jardueraren emaitzak ematea, bere jarduerak eta emaitzak direla-eta haien aurrean zuzenean erantzunez.

c) Bere zerbitzuak nahiz bere langileenak ematea, inolako lotura teknikorik, merkataritza-loturarik eta finantza-loturarik gabe edo bere independentziari eragin diezaiokeen eta eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien bere kontrol-jardueren emaitzetan eragin dezakeen beste edozein motatako loturarik gabe.

d) Beren jardueretan eskuratzen duten informazioa isilpean gordeko dutela ziurtatzea.

e) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erregistratzeko eskaera osatzea, modu elektronikoan aldeko kontrol-txostena aurkeztuz, aurretik identifikatuz Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak ezarritako moduan onartuta dagoen identifikazio-bide elektronikoren bat erabiliz.

5.– Autonomia-erkidego honetan kokatuta dauden eraikinen edo eraikin-zatien salmenta eta errentamenduen iragarkiak jartzeko atalak dituzten higiezinen web-atariak, egunkariak, aldizkariak eta bestelako espazioak, haien formatua edozein izanda ere, izango dira Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak duen esanahiaren, funtzionamenduaren eta ziurtagiri hori edukitzeko betebeharraren inguruko informazioa etengabe emateko arduradunak. Informazio hori 235/2013 Errege Dekretuko eta dekretu honetako xedapenetan oinarrituta egongo da.

6.– Sustatzaileak edo jabeak higiezinen transakzioetan bitartekaritza-, aholkularitza- eta/edo kudeaketa-zerbitzuak emateko aukeratzen dituen pertsona fisiko edo juridikoek hau dena egiteko ardura izango dute:

a) Beren zerbitzuak kontratatzen dituzten sustatzaile edo jabe guztiei eskatzea kontratazioaren helburu den salmenta edo errentamenduko eraikinaren edo eraikin-zatiaren Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa ematea.

b) Eraikinaren edo eraikin-zatiaren salmenta edo errentamendurako eskaintza, sustapen edo publizitate guztian kalifikazio energetikoaren berri ematea, dekretu honen xedapenen arabera.

c) Eraikina edo eraikin-zatia erosteko edo errentan hartzeko interesa duten pertsonen eskura jartzea erregistroak Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari emandako erregistro-zenbakia, dekretu honen xedapenetan ezarritako epe eta moduan.

d) Beren web-orri, erakusleiho eta bestelako publizitate-formatuetan etengabe ematea Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak duen esanahiaren, funtzionamenduaren eta ziurtagiri hori edukitzeko betebeharraren inguruko informazioa, 235/2013 Errege Dekretuan eta dekretu honetan ezarritakoarekin bat etorriz.

II. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIAK

5. artikulua.– Baldintza orokorrak.

1.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria teknikari eskudunek sinatuko dute, eta 235/2013 Errege Dekretuaren 1.3.p) artikuluan adierazitakoak joko dira teknikari eskuduntzat.

2.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiri mota hauek egongo dira:

1) Eraikin berrien edo haien zatien Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria bitan banatzen da:

a) Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, egikaritze-proiektuaren barruan sartuta geratuko dena.

b) Eraikin bukatuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, Eraikinaren Liburuaren barruan sartuta geratuko dena.

2) Lehendik dauden eraikinen edo haien zatien Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria.

3.– Bizitegi-erabilerarako zatiak eta bestelako erabilerarako zatiak dituzten eraikinetan, gutxienez, ziurtagiri bat egingo da bizitegi-erabilerako zatiarentzat eta beste bat gainontzeko zatiarentzat.

4.– Bizitegi-erabilerarako ez diren lokalek ziurtagiria eskuratu beharko dute ireki baino lehen, salbu eta ziurtagiria indarrean dutenean eta haien erabilera, bertan egiten den jardueraren intentsitatea edo kalifikazio energetikoaren mailan eragina duen beste edozein alderdi aldatu ez denean.

5.– Ziurtagiriek modu esplizituan adierazi behar dute eraikin osoarentzat diren edo eraikinaren zati batentzat (etxebizitza, lokalak, etab.), eta eraikin-zatiak argi eta zehatz identifikatuko dira.

6.– Etxebizitzarako bizitegi-erabilera duten eraikinen kasu zehatzean, etxebizitza-multzoaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erabili ahal izango da multzoa osatzen duen etxebizitza bakoitzaren salmenta- eta alokairu-prozesuan, betiere ziurtagiria indarrean eta erregistroan behar bezala inskribatuta badago.

6. artikulua.– Ziurtagiriaren edukia.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak 235/2013 Errege Dekretuan ezarritako edukia bilduko du gutxienez.

7. artikulua.– Ziurtagiriaren baliotasuna, indarraldia eta eguneratzea.

1.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria baliozkoa izateko Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatuta egon behar da. Erregistratutako eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriek 10 urterako balioko dute, sinatzen diren egunetik hasita.

Edozein prozedura administratiboren barruan, edo zerga-onuretara edo laguntzak jasotzeko aukera izateko baldintza moduan eraikinaren edo haren zatiren baten Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eskatzen denean honek ere Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatuta egon beharko du.

2.– Kasu honetan eguneratu beharko da erregistratutako ziurtagiria: edozein arrazoi dela-eta, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria aldatzea eragin dezaketen aldaketak gertatzen direnean eraikineko alderdietan, hain zuzen ere eraikinari kalifikazio energetiko desberdina ezartzeagatik.

Bereziki kasu hauetan eguneratu beharko da Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria:

a) Itxitura guztien % 25 baino gehiago berritzeari eragiten dion obra bat egiten hasten denean.

b) Instalazio termiko bat (berokuntza-instalazioa, aire-girotzeko instalazioa edo etxeko ur beroarena) berritzen denean edo berri bat martxan jartzen denean.

c) Egiten den jardueraren erabilera edo intentsitatea aldatu eta horrek eraginkortasun energetikoaren kalifikazioaren mailan eragina duenean.

Egiaztagiria eguneratu eta erregistroan erregistratzen denean, indarraldirako ezarritako 10 urteko epe berri bat hasiko da. Epe hori ziurtagiria sinatzen den egunean hasiko da.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eguneratzea eragiten duten lanak egiten diren bitartean, beharrezkoak diren proba, egiaztapen eta ikuskapenak egin beharko dira.

3.– Eguneratzean, eguneratzearen unean eraginkortasun energetikoaren ziurtapenetan aplikatzeko onartuta dauden kalkulu-metodologiak eta dokumentuak erabiliko dira.

III. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIEN KONTROLA

8. artikulua.– Kontzeptua eta irismena.

1.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrolak egiaztatzen du haietan jasotako datuak zuzenak direla, prozedura bete dela eta esleitutako kalifikazio energetikoa aplikatutako kalkulu-metodologiarako egokia dela; eta, kasu bakoitzean, kalifikazioarekin ados dagoen edo ez adierazten du.

2.– Kontrola nahitaezkoa den edo ez ezartzeko, lortutako energia primarioaren kontsumoaren kalifikazioari begiratuko zaio, 235/2013 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Zehazki, kontrola nahitaezkoa izango da energia primario ez-berriztagarriaren kontsumoan A, B edo C kalifikazioa duten eraginkortasun energetikoaren ziurtagiri guztientzat.

Hala ere, kontrola nahitaezkoa den edo ez zehazteko kontuan hartu beharreko energia-kontsumoaren adierazle-mota eguneratu ahal izango da, energia arloko eskumena duen zuzendaritzaren ebazpen baten bidez.

9. artikulua.– Eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola.

1.– Aurreko artikuluaren arabera kontrola nahitaezkoa den kasuetan, egin egingo da kontrola, artikulu honetako 2., 3. eta 4. puntuetako kasuetan izan ezik. Kontrol hori agente akreditatuek egingo dute, eta honako hauek joko dira halakotzat:

– 235/2013 Errege Dekretuak ezarritako kontrol-eremuan gaitutako kontrol-erakundeak. Erakunde horiek, aurretik, akreditazio-erakunde batek akreditatu behar ditu, Industria Kalitate eta Segurtasunerako Azpiegituren Erregelamendua onartzen duen abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuak ezarritako eran.

– Eraikinaren Kalitatea Kontrolatzeko erakundeek, 410/2010 Errege Dekretuan, martxoaren 31koan, eraikingintzaren kalitatea kontrolatzen duten erakundeek eta eraikingintzaren kalitate-kontrolerako saiakuntzak egiten dituzten laborategiek jardueran aritzeko bete beharreko baldintzak garatzen dituenean adierazitako eskakizunak betetzen dituzten eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria gainbegiratzea beren jardute-eremuan dutenek.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikingintzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategia, Eusko Jaurlaritzan etxebizitza arloko eskumena duen sailari atxikia.

2.– Lehendik dauden eraikinen edo eraikin-zatien eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola, haien jabeak pertsona fisikoak badira eta etxebizitza gisa besterik erabiltzen ez badira, energia arloko eskumena duen Sailak egingo du. Hala ere, artikulu honetako aurreneko apartatuan adierazitako agente akreditaturen bat kontratatzeko aukera ere izango du jabeak. Aipatutako kontrola egiteko, teknikari ziurtatzaileak bertan egotea eska daiteke.

3.– Lehendik dauden eraikinen edo eraikin-zatien birgaitzeen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola, haien jabeak jabekideen erkidegoak badira eta etxebizitza gisa besterik erabiltzen ez badira, energia arloko eskumena duen Sailak egingo du, fatxada eta teilatuak birgaitzeko edo ekoizpen termikoko instalazioak aldatzeko kasu zehatzetan. Hala ere, artikulu honetako aurreneko apartatuan adierazitako agente akreditaturen bat kontratatzeko aukera ere izango du jabeak.

4.– 235/2013 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian aipatzen diren lehendik dauden eraikinen, hain zuzen ere administrazio publikoenak diren eta administrazio publikoek erabiltzen dituztenen, eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrola administrazio horien edozein zerbitzutako teknikari eskudunek egin ahal izango dute.

10. artikulua.– Agente akreditatuen zerrenda.

Energia arloko eskumena duen Zuzendaritzak www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa Interneteko atarian jarri eta edukiko du eguneratuta eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrolerako akreditatuta dauden agenteen zerrenda.

11. artikulua.– Kontrola kontratatzeko epeak.

1.– Eraikuntza-proiektuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrolaren kasuan, obra-lizentzia eskatu aurretik kontratatu beharko da kontrola.

2.– Eraikin bukatuaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrolaren kasuan, kontrol horren kontratazioa beharrezko aurrerapenarekin egin behar da, lortutako kalifikazioaren emaitzarekin lotutako elementuak obran sartu eta agente akreditatuak, gero, obran kontrola eta baiezta ahal ditzan.

3.– Etxebizitzarako besterik erabiltzen ez diren lehendik dauden eraikinen edo eraikin-zatien birgaitzeen kasu zehatzean, jabeak jabekide-erkidegoak badira, eta, dekretu honen 9. artikuluak araututakoan oinarrituta, jabetzak ez badu aukeratzen artikulu horretako aurreneko apartatuan adierazitako agenteren bat, jabetzak energia arloko eskumena duen Sailari jakinarazi beharko dio obra-lizentzia eskatu aurretik, hark www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa Interneteko atarian ezartzen dituen bideak erabiliz.

12. artikulua.– Agente akreditatuak egiten duen eraginkortasun energetikoaren ziurtagirien kontrolaren prozedura.

1.– Hurrenez hurren energia- eta etxebizitza arloan eskumena duten Sailek onartutako protokoloetan adierazitakoari jarraitu beharko diote agente akreditatuek. Protokolo horiek www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa helbidean argitaratuko dira. Bestalde, ziurtapen-prozedurako dokumentazio guztia aztertu beharko dute eta eraginkortasun energetikoaren ziurtapenerako onartuta dauden kalkulu-metodologiaren aplikazioari eta dokumentuei buruzko egiaztapen eta balorazio propioak egin beharko dituzte. Horrez gain, obraren memoria eta obraren kalitate-kontrolerako programa, eraikuntza-elementu eta -sistemak eta eraikinaren eraginkortasun energetikoari eragiten dioten instalazioak aztertu beharko dituzte. Horretaz guztiaz gain, eraikinerako bisita, proba teknikoak eta egin beharreko neurketak ere sartzen dira eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriaren kontrolean.

2.– Prozedura bukatu ondoren, agente akreditatuak kontrol-txostena egingo du. Txostena aldekoa izango da, egiaztatuta badago dagokion ziurtagirian idatzitako datuak zehatzak direla, prozedura bete dela eta aplikatutako kalkulu-metodologiaren araberako kalifikazio energetikoa egokia dela. Gainerako kasuetan, txostena aurkakoa izango da.

3.– Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren Kontrol Txostena Egikaritze Proiektuari erantsiko zaio, dagokion Ziurtagiriarekin eta eraikin bukatuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren Kontrol Txostenarekin batera, eta Eraikinaren Liburuan txertatuko da, eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriarekin batera, Etxebizitzarako Eraikinaren Liburua arautzen duen urriaren 21eko 250/2003 Dekretuan adierazitakoa betez.

13. artikulua.– Agente akreditatuak egiten duen Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren Kontrol Txostenaren edukia.

1.– Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren Kontrol Txostenak I. eranskinean ezarritako ereduarekin bat etorri beharko du, kontrolaren emaitza adieraziko du eta datu hauek eman beharko ditu:

a) Kontrolari dagokion ziurtagiriaren xede den eraikinaren edo eraikin-zatiaren identifikazioa.

b) Kontrolaren xede den Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria sinatzen duen pertsonaren identifikazioa.

c) Egindako egiaztapenen eta frogantzen deskribapena; data, metodoak eta aplikatutako prozedurak eta haien emaitzak barne.

d) Egindako kontrolaren arduradunaren izena eta sinadura.

e) Txostena egindako lekua eta data.

2.– Aldeko txostena bada, horrez gain eraikinaren portaera energetikoan eragin adierazgarria duten elementuak identifikatu behar ditu txosten horrek, eta elementu horiek kontrolatu beharko dira Eraikin Bukatuaren Ziurtagiria lortzeko.

3.– Txostena aurkakoa bada, balorazio horren justifikazioa erantsi behar da bertan, bai eta aldeko txostena lortzeko egin behar diren zuzenketa guztiak ere.

14. artikulua.– Agente akreditatuak egiten duen Eraikin Bukatuaren edo Lehendik dagoen Eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren Kontrol Txostenaren edukia.

1.– Eraikin bukatuen edo lehendik dauden eraikinen edo eraikin-zatien kasuan, ziurtagiriak emaitza adieraziko du eta 13.1 artikuluan adierazitako datuak emango ditu nahitaez. Horrez gain, egindako egiaztapenak eta frogantzak bilduko ditu.

2.– Frogantzen emaitza I. eranskinean ezarritako ereduarekin bat etorri beharko duen kontrol-txosten batean adierazten da. Txostena aurkakoa bada, balorazio horren justifikazioa erantsi behar da bertan, bai eta aldeko txostena lortzeko egin behar diren zuzenketa guztiak ere.

15. artikulua.– Erreklamazioak.

Kontrol-txostenak direla-eta gatazkarik sortzen bada, erreklamazioa jarri ahal izango da energia-gaietan eskumena duen zuzendaritzan, eta hark konponduko du gatazka, ebazpen baten bidez. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da.

16. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren eguneratzearen kontrola.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren eguneratzeak kontrolatu egingo dira, eta kontrol horrek aurreko artikuluetan ezarritako irismen, eduki eta prozedura izango ditu.

17. artikulua.– Kontrol Txostenen Erregistro Liburua.

1.– Agente akreditatuek erregistro-liburu bat izango dute, eta hor jasoko dituzte egiten dituzten kontrol-txosten guztiak. Liburuak informazio hau bildu beharko du gutxienez:

– Txosten-zenbakia.

– Eraikinaren identifikazioa.

– Enkarguaren eta txostenaren data.

– Txostenaren arduraduna den teknikariaren identifikazioa.

2.– Era berean, agente akreditatuek nahitaez artxibatu beharko dute txosten bakoitzaren kopia bat, txostena egin eta bost urte pasatzen diren arte.

3.– Erregistro guztiak leku seguruan gorde behar dira eta denek izan behar dute isilpekoak, halakoak kontratatu dituzten pertsonen interesak babesteko.

IV. KAPITULUA
EUSKADIKO ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ZIURTAGIRIEN ERREGISTROA

18. artikulua.– Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa.

1.– Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistro bat dago energia arloko eskumena duen Zuzendaritzari atxikita, eta bertan inskribatuko dira Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, Eraikin Bukatuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria, lehendik dauden eraikinen edo eraikin-zatien ziurtagiriak eta haien eguneratzeak.

2.– Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa publikoa eta irispide librekoa da. Eraikinaren eraginkortasun energetikoaren berri ematen du, baina ez du egiaztatzen eraikinak betetzen dituenik eska dakizkiokeen bestelako betekizunak.

3.– Erregistroa bakarra da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osorako, eta www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa egoitza elektronikoan dago eskuragarri.

19. artikulua.– Erregistroko inskripzioen helburua.

Helburu honekin egiten dira Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroko inskripzioak:

a) Publikoki ematea eraikinen edo eraikin-zatien kalifikazio energetikoari buruzko oinarrizko informazioaren berri.

b) Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa edukitzeko ahalmena ematea.

c) Administrazioak eta agente akreditatuek kontrol- eta ikuskaritza-lanak egiteko tresnatzat balio izatea (lan horiek eraikinen eraginkortasun energetikoaren arloko legedia aplikagarrian daude ezarrita).

d) Bidea ematea Administrazioak Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren aplikazio praktikoari buruzko azterlan, analisi eta estatistikak egiteko, eraginkortasun energetikoaren helburuak hobetzeko neurriak diseinatu eta irizpideak ezartzeko xedearekin.

20. artikulua.– Erregistroan inskribatu beharrekoak.

Honako hauek inskribatu beharko dira erregistroan:

a) Proiektuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria.

b) Eraikin bukatuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria.

c) Lehendik dauden eraikinen edo haien zatien Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria.

d) Aurrekoen eguneratzea.

21. artikulua.– Prozedura: erregistroan inskribatzeko eskaera eta erregistroan sartzea.

1.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria inskribatzeko eskaera eraikinaren edo eraikin-zatiaren sustatzaileak edo jabeak egin behar du, edo, haren ordez, dagokion ziurtagiria sinatzen duen pertsonak, edo jabeak ordezkaritza ematen dion beste edozein pertsonak.

Horretarako, ziurtapenaren helburu den sustatzaileak edo jabeak ziurtagiria inskribatu ahal izateko ordezkaritza beste norbaiti ematen dionean, II. eranskinean ezarritako ereduaren araberako ordezkaritza-dokumentu bat sinatu eta aurkeztu beharko da erregistroan.

2.– Inskribatzeko eskaera ziurtagiria sinatzen den egunetik 2 hilabeteko epean aurkeztu beharko da.

Nolanahi ere, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak behar bezala inskribatuta azaldu behar du erregistroan eta, hortaz, dagokion Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa eskuratu beharra dago eraikinaren edo eraikin-zatiaren salmenta edo alokairuaren publizitaterik egin aurretik.

3.– Inskribatzeko eskaera modu elektronikoan egin beharko da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan propio gaitutako zerbitzu elektronikoaren bidez. Eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroa du izena zerbitzu horrek.

Horretarako, interesdunek beren burua identifikatu behar dute, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak ezarritako moduan onartuta dagoen identifikazio-bide elektronikoren bat erabiliz.

4.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria sinatzen duen pertsonak modu elektronikoan aurkeztu beharko du aipatutako ziurtagiria, aurretik Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritako moduan onartutako identifikazio-bide elektronikoren baten bidez bere burua identifikatuta. Ziurtagiriarekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

• Onartutako programa informatikoek sortutako fitxategi informatikoen kopia.

• Ziurtagiriaren helburu den eraikinaren edo eraikin-zatiaren krokis orientaziodun eta kotatuak.

• Materialen, ekipamenduen edo/eta elementuen ziurtagiriak, haien fabrikatzaileak eginak. Ziurtagiri horiek ziurtagirian ezaguntzat jotako balioak justifikatu behar dituzte.

• Errekuntzaren analisiak, laguntza teknikoko zerbitzu ofizialak edo instalazio termikoetan gaitutako mantentze-enpresak eginak. Ziurtagirian ezaguntzat jasotako errendimenduak justifikatu behar dituzte analisi horiek.

5.– Aldeko kontrol-txostena aurkeztea nahitaezkoa den kasuetan, agente akreditatuak, era berean, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatzeko eskaera osatuko du, aipatutako txostena modu elektronikoan aurkeztuz aurretik Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritako moduan onartutako identifikazio-bide elektronikoren baten bidez bere burua identifikatuta.

Apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian aipatzen diren lehendik dauden eraikinen, hain zuzen ere administrazio publikoenak diren eta administrazio publikoek erabiltzen dituztenen, ziurtagirien inskripzio-eskaeren kasuan, ez da nahitaezkoa izango Kontrol Txostena aurkeztea. Txosten horrek, hala ere, administrazioaren eskura egon beharko du, hark egin beharrekotzat jotzen duen edozein ikuskapen-errekerimendu edo -jarduketarako.

6.– Energia arloko eskumena duen Sailaren eta elkarte, instituzio edo profesionalen elkargo inplikatuen arteko hitzarmenak egin ahal izango dira, organismo horiek gaitzeko helburuarekin, aipatutako erregistroan izapide elektronikoak egin ahal izan ditzaten eraikinaren sustatzailearen edo jabearen nahiz teknikari ziurtatzailearen izenean.

7.– Interesdunek izapideak modu elektronikoan egin ondoren, jaso izanaren agiri bat sortuko du erregistroak automatikoki, elektronikoki sinatua, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Konfirmazioko mezu hori inprimatzeko, interesdunak informatikoki artxibatzeko eta erregistroan identitatea bermatzeko moduan prestatuta egongo da.

Jaso izanaren agiriak elementu hauek izango ditu:

a) Sarrerako zenbaki edo sarrerako erregistro-kode indibidualizatua.

b) Aurkezte-data.

c) Aurkeztutako eskaeraren kopia. Kopia gisa onartuko da aurkezteko inprimakian sartutako datuen hitzez hitzeko errepikapena.

d) Eskaerari erantsitako dokumentuen zenbaketa eta izenak, halakorik balego, bakoitzaren hatz-marka elektronikoarekin.

Jaso izanaren agiriak inola ere ez du egiaztatzen Ziurtagiria Euskal Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatu denik, eta ezin izango da erabili dekretu honek ezarritako betebeharrak betetzat emateko.

22. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Elektronikoki aurkeztutako dokumentazioa ez bada nahikoa edo dokumentazio horrek ez baditu betetzen bete beharreko betekizunak, izapidetzaileak 10 eguneko epean zuzendu beharko du, modu elektronikoan. Horretarako, antzemandako akatsak jakinaraziko zaizkio izapidetzaileari, eta akats horiek eskaeran azaltzen den eraikinaren sustatzaile edo jabearen posta elektronikoaren helbidera ere bidali ahal izango dira.

2.– Epea bukatu eta akatsak zuzendu ez badira edo eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, energia arloko eskumena duen zuzendariak ebazpen bat emango du eta, horren bidez, eskatzailea inskripzio-eskaeran atzera egindakotzat joko du eta bukaera emango dio prozedurari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako eran.

23. artikulua.– Erregistroan inskribatzea eta etiketa.

1.– Elektronikoki aurkeztutako eskaera jaso ondoren, energia arloko eskumena duen organoak aztertuko du eta, eskatutako betekizunak betetzen dituela egiaztatu ondoren, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatuko du, erregistro-zenbaki bakarrarekin.

2.– Ziurtagiria inskribatu ondoren, emandako erregistro-zenbakia jakinaraziko zaio izapidetzaileari eta, horrez gain, jakinaraziko zaio une horretatik aurrera Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa eskura dezakeela aplikazio informatikoaren bidez. Era berean, eskaeran azaltzen den eraikinaren sustatzaile edo jabearen posta elektronikoaren helbidera ere bidaliko da dokumentu hori.

3.– Ziurtapen energetikoaren arloko eskumena duen organoaren iritziz eskaerak ez baditu betetzen eskatutako betekizunak, inskripzioa ukatzeko ebazpen bat emango du, eta ebazpen hori izapidetzaileari jakinaraziko zaio.

Era berean, eskaeran azaltzen den eraikinaren sustatzaile edo jabearen posta elektronikoaren helbidera ere bidaliko da dokumentu hori.

4.– Eskatutako inskripzioa onartzeko edo ukatzeko gehieneko epea eskaera aurkezten denetik 3 hilabetekoa izango da.

24. artikulua.– Erregistroko inskripzioak ezereztea.

1.– Eraikinaren edo eraikin-zatiaren sustatzaileak edo jabeak eskatuta inskripzioa ezereztu ahal izango da, lehendabizi bere titulartasuna ziurtatzen duen Jabetza Erregistroak emandako kopia arrunta aurkeztuz.

2.– Hauetakoren bat gertatzen denean ere, inskripzioak ezereztu egingo dira:

a) Inskribatutako ziurtagirien indarraldia bukatzen denean.

b) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria ez denean eguneratu 7.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

c) Zalantzarik gabe egiaztatzen denean etxebizitzek, lokalek edo bananduta ziurtatutako zatiek dagoeneko ez dituztela betetzen banakako ziurtapen hori egitea justifikatzen zuten baldintzak, egindako ikuskapenen, erregistroan aurkeztutako jarduketen edo bestelako arrazoien ondorioz.

d) Edozein arrazoirengatik jakiten denean desagertu egin dela ziurtagiria duen eraikina.

3.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirian azaltzen den eraikinaren edo eraikin-zatiaren helbidera bidaliko da inskripzioaren ezereztearen jakinarazpena, baita Jabetza-erregistrora ere, orri-bazterreko ohar baten bidez jasota utzi dezan.

25. artikulua.– Administrazio-datuak zuzentzeko eskaera.

1.– Ziurtagiria dagoeneko erregistroan inskribatuta dagoela, ikusten bada akatsen bat edo zehaztasun-gabeziaren bat dagoela erregistroari emandako administrazio-datuetan, datu horiek zuzentzeko eskaera egin ahal izango da.

2.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren inskripzioa zuzentzeko eskaera eraikinaren edo eraikin-zatiaren sustatzaileak edo jabeak egin behar du, edo, haren ordez, dagokion Ziurtagiria sinatzen duen pertsonak edo jabeak ordezkaritza ematen dion beste edozein pertsonak.

3.– Zuzenketa egiteko eskaerak III. eranskinean ezarritako ereduaren araberakoa izan behar du, eta energia arloko eskumena duen zuzendaritzari bidali behar zaio.

4.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirian azaltzen den eraikinaren edo eraikin-zatiaren helbidera bidaliko da Eraginkortasun Energetikoaren Etiketan adierazitako datuak aldatzea eragiten duen datu-aldaketaren jakinarazpena.

26. artikulua.– Salbuetsita geratzea.

1.– Dekretu honen 2. artikuluan nahiz 235/2013 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera eraikin bat edo eraikin-zati bat salbuetsita badago energia-ziurtapena edukitzeko betebeharretik, salbuetsita geratzearen aitorpena egin dezala eska diezaioke sustatzaileak edo jabeak energia arloko eskumena duen zuzendaritzari, III. eranskineko ereduari jarraituz. Eskaera horretan, datu hauek adierazi behar dira gutxienez:

a) Eraikinaren edo eraikin-zatiaren sustatzailearen/jabearen identifikazio-datuak eta harekin harremanetan jartzeko datuak.

b) Eraikinaren edo eraikin-zatiaren identifikazio- eta kokapen-datuak.

c) 235/2013 Errege Dekretuaren 2.2 artikuluko apartatua, salbuetsita geratzeko eskaera justifikatzen duena.

2.– Eskaera aztertu eta beharrezkotzat jotako informazioa bildu ondoren, energia-ziurtapena edukitzetik salbuetsita geratzearen jakinarazpena egingo du energia arloko eskumena duen zuzendaritzak, ebazpen baten bidez. Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzeko aukera egongo da.

27. artikulua.– Dokumentuen formatuak.

Organo eskudunak onartzen dituen formatuetan bidalitako dokumentu informatikoak bakarrik irakurri eta izapidetuko direla bermatzen da.

28. artikulua.– Erantzukizuna.

Energia arloko eskumena duen zuzendaritzak ez du erantzukizunik izango sistemaren erabiltzaileek erregistroaren bidez ematen diren zerbitzuetan egiten duten iruzurrezko erabileraren aurrean. Eskatzaileek modu esklusiboan beren gain hartzen dute administrazio elektronikoaren zerbitzu horietara sartzean beren burua autentikatzeko behar diren elementuak zaintzea, beharrezko konexioa jartzea eta sinadura elektronikoa erabiltzea. Halaber, beren gain hartzen dituzte elementu horien erabilera desegoki, oker edo arduragabeak eragin ditzakeen ondorioak. Era berean, erabiltzaileen erantzukizuna da erregistro elektronikoak jaso izanaren agiri gisa bueltatzen dizkien fitxategiak behar bezala zaindu eta erabiltzea.

29. artikulua.– Bitarteko elektronikoen bidez jakinaraztea.

1.– Bitarteko elektronikoen bidezko jakinarazpena Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera egingo da, www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa egoitza elektronikoan, eta betiere administrazio-egintzen jakinarazpenerako ezarrita dauden betekizunak betetzen direla bermatuz.

2.– Jakinarazpeneko informazioa eskuratzeko ematen den epea bukatuta, informazioa jakinarazitzat joko da automatikoki.

30. artikulua.– Erregistroko informazioa eskuratzea.

1.– Interesa duen edozein pertsonak ikusi ahal izango du Eraginkortasun Energetikoaren Etiketan dagoen informazioa. Horretarako, datu pertsonalen arloan indarrean dagoen legediak halako datuen babesari buruz eskatzen dituen bermeak bete beharko dira beti.

2.– Informazioa Internet bidez eskuratu ahal izango da, www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa egoitza elektronikoan. Bertan, informazio hau azalduko da gutxienez:

a) Ziurtatutako eraikin, etxebizitza, lokal edo eraikin-zatiaren identifikazioa.

b) Indarrean dagoen ziurtagiria eraikuntza-proiektuarena edo lehendik dagoen eraikin bukatuarena den.

c) Eraginkortasun Energetikoaren Etiketan azaltzen den kalifikazio energetikoa.

d) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren indarraldia.

e) Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren eguneratze bat den.

3.– Web-orri horrek dagozkion idazpen, idatzohar eta dokumentuetara nahiz eraikin, etxebizitza, lokal edo eraikin-zatira eramaten gaituzten estekak eduki ahal izango ditu.

4.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erregistratuta duten eraikinen edo eraikin-zatien jabeek edozein unetan eskatu ahal izango dute erregistro-eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioaren kopia digitala, energia arloko eskumena duen Saileko lurralde-ordezkaritzen bidez, lehendabizi Jabetza Erregistroak emandako titulartasuna egiaztatzen duen kopia arrunta aurkeztuz.

V. KAPITULUA
ERAGINKORTASUN ENERGETIKOAREN ETIKETA ETA INFORMAZIOA

31. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa.

1.– Dagokion Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria Euskal Autonomia Erkidegoko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatu ondoren lortzen da eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa.

Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriak eta bere Etiketak osotasun banatu ezin bat osatzen dute, eta horixe da erosleari edo errentariari eman behar zaion dokumentua, energia-ziurtapen prozedurari dagozkien fitxategi informatikoekin batera.

2.– Eraikinaren edo eraikin-zatiaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erregistroan inskribatuta dagoela ziurtatzen duen dokumentua da Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa. Lortutako eraginkortasun energetikoaren maila adierazten duen bereizgarria da. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egongo da, eta ziurtagiriaren erregistro-zenbakia erakutsiko du –ziurtagiria eguneratu bada–, bai eta ziurtagiriaren baliozkotasun-epea ere.

3.– Eraginkortasun Energetikoaren Etiketaren baliozkotasuna erregistratutako Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren baliozkotasunari lotuta dago.

4.– Eraikin baten edo eraikin-zati baten kalifikazio energetikoa ezagutu nahi duen edozein pertsonak eraikin edo eraikin-zati horren Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa ikus dezake www.euskadi.eus/ziurtagiri-energetikoa egoitza elektronikoan kontsulta publiko bat eginez.

32. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa erakusteko betebeharra.

1.– Nahitaezkoa da aginte publikoek edo instituzioek erabiltzen dituzten eraikinetan edo eraikin-zatietan eta titulartasun pribatuko eraikinetan edo eraikin-zatietan leku nabarmenean eta jendeak ondo ikusteko moduan erakustea Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa, 235/2013 Errege Dekretuak ezartzen dituen baldintza eta epeak betez.

2.– Gainontzeko eraikinetan, borondatezkoa da Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa erakustea.

33. artikulua.– Indarrean dauden arauekin bat ez datozen etiketak debekatzea.

1.– Errorea edo nahasmena eragin dezakeen etiketarik egon ez dadin, debekatuta dago Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroan inskribatu ondoren aplikazio informatikoak ematen dituen ez bestelakoak diren eraikinen energia-kontsumoaren etiketa, marka, sinbolo edo inskripzioak erakustea.

2.– Debeku hori ez zaie aplikatuko etiketa ekologiko komunitarioen edo Europar Batasunaren estatu kideetakoen sistemei, ez eta Energia eta Meatzeen Aurrezte eta Hazkuntzarako Aztertegiak orain arte emandako etiketei ere.

34. artikulua.– Kalifikazio energetikoaren publikotasuna.

1.– Kalifikazio energetikoari buruzko informazioa nahitaez sartu behar da eraikinaren edo eraikin-zatiaren salmenta edo errentamendurako eskaintza, sustapen edo publizitate guztietan, dekretu honetan ezarritako salbuespen-kasuetan izan ezik. Bertan, argi eta garbi eta ez nahasteko moduan adierazi beharko da informazioa proiektuaren, eraikin bukatuaren edo lehendik dagoen eraikinaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari dagokion.

2.– Honela gauzatuko da kalifikazio energetikoari buruzko informazioa:

a) Publizitate-euskarriak –obrako hesiak, erakusleihoak, higiezinen atariak edo antzekoak– erabiltzen badira, kalifikazio energetikoaren kalifikazioari buruzko informazioak gutxienez informazio hau eman beharko du, modu ikusgarrian: kalifikazio energetikoaren eskala eta lortutako kalifikazioa.

b) Prentsa idatziko iragarkien kasuan, kalifikazio energetikoa aipatu beharko da.

c) Entzunezko iragarkietan, nahikoa izango da kalifikazio energetikoa adieraztea.

d) Eraikin edo etxebizitzen kanpoaldean jartzen diren salmenta- edo errentamendu-karteletan, harremanetarako telefono-zenbakia bakarrik azaltzen bada, ez da beharrezkoa izango kalifikazio energetikoari buruzko informazioa iragartzea.

Aurreko kasu guztietan, eraikinaren edo eraikin-zatiaren sustatzailea edo jabea da energia arloko eskumena duen zuzendaritzari atxikita dagoen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Erregistroak emandako Euskadiko Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren erregistro-zenbakia eraikina edo eraikin-zatia erosteko edo alokairuan hartzeko interesa duen ororen eskura jartzeko erantzukizuna duena.

Eraikina edo eraikin-zatia erosteko edo errentan hartzeko interesa duen edozeinek higiezinari buruzko informazioa eskatzen duen unean bertan jarri behar da haren eskura erregistro-zenbakia, bai sustatzaileari, jabeari edo horiek, higiezinen transakzioetan bitartekaritza-, aholkularitza eta kudeaketa-zerbitzuak emateko, aukeratzen duten edozein pertsona fisiko edo juridikori modu presentzialean egindako eskaerei erantzunez eta bai modu elektronikoan, higiezinen atarien bidez.

3.– Eusko Jaurlaritzak, egoki iritziz gero, informazio-kanpainak egingo ditu –heziketako eta sustapeneko kanpainak izango dira– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren eta Eraginkortasun Energetikoaren Etiketaren esanahia eta funtzionamendua erakusteko, energia modu arduratsuagoan erabil dezatela bultzatzeko helburuz.

35. artikulua.– Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eta ziurtagiri horrek Eskritura Publikoan eta Jabetza Erregistroan duen isla.

1.– Obra berriaren adierazpenaren eskriturak baimentzeko notarioek eta obra berriaren adierazpenaren eskriturak Jabetza Erregistroan inskribatzeko jabetza-erregistratzaileek eraikin bukatuaren Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eta hori erregistroan inskribatuta dagoela ziurtatzen duen etiketa aurkezteko eskatuko dute, ekainaren 26ko 8/2013 Legeak ekarritako Lurzoruaren Legearen testu bateginaren 20. artikuluarekin bat etorriz.

2.– Notarioek, lehendik dauden eraikinen errentamenduaren eskritura publikoak edo eraikin horien domeinua kostu bidez transmititzeko eskritura publikoak baimentzean, jasota utziko dute ea erosleari edo errentariari Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eta horri dagokion Etiketa eman zaizkion, energia-ziurtapen prozedurari dagozkien fitxategi informatikoekin batera, eta, eman bazaizkio, testigantza bidez sartuko dira eskritura publikoan.

Xede horretarako, notarioek eta erregistratzaileek ezin izango dute Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria egon dagoela betetzat eman, ezta erosleari edo errentariari eman zaiola ere, Erregistroan Ziurtagiria inskribatzeko eskaera jaso izanaren agiria erakusteagatik edo emateagatik.

3.– Jabetza-erregistratzaileek, aurreko zenbakian aipatzen diren kontratuak inskribatzen dituztenean, orri-bazterreko ohar baten bidez jasota utziko dute Eraginkortasun Energetikoaren Etiketa egiaztatu den ala ez, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erregistroan behar bezala inskribatuta dagoela behar bezala justifikatzeko; eta etiketa hori falta bada, betekizun hori ez dela betetzen jakinarazi beharko diote administrazio eskudunari. Jakinarazpen hori orri-bazterreko ohar baten bidez jasota utzi beharko da.

Energia-ziurtapenari buruz egindako orri-bazterreko oharrak adierazi beharko du ea Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria erosleari edo errentariari eman zaion ala ez etiketarekin batera, eta, eman bazaio, zein den kalifikazio-maila, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria zer datatan sinatu zen eta zein den erregistro-zenbakia.

4.– Nolanahi ere, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiria eta haren etiketa ematea ez da erosleak edo errentariak uko egin diezaiokeen eskubide bat.

5.– Energia arloko eskumena duen Sailak eta Jabetza eta Merkataritzako Erregistratzaileen Elkargoaren Euskal Autonomia Erkidegoko Dekanotza Autonomikoak hitzarmenak egin ahal izango dituzte energia-ziurtapenaren arloan eska daitekeen dokumentazioa ematearen izapidea betetzearen edo ez betetzearen komunikazio-esparrua ezartzeko.

VI. KAPITULUA
IKUSKAPEN-PLANAK

36. artikulua.– Ikuskapen-planak.

1.– Eraikinak ikuskatzeko planak onartu ahal izango ditu energia arloko eskumena duen zuzendaritzak, Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirian eta Kanpo Kontrolaren Txostenean adierazitako energia-kalifikazioa errealitatearekin bat datorren egiaztatzeko eta eraikin horri aplikatu beharreko arauak betetzen diren begiratzeko. Bestalde, zuzendaritza horrek egoki iritzitako bestelako ikuskapenak ere egin ahal izango ditu.

2.– Energia arloko eskumena duen zuzendaritzak eraginkortasun energetikoaren arloko erakunde laguntzaileei edo energiaren arloko kontrol- eta ikuskaritza-lanak legez egin ditzakeen beste edozein erakunde publikori eman diezaieke ikuskaritza-planak egiteko eta kasuan kasuko ikuskapenak gauzatzeko ardura.

VII. KAPITULUA
ADMINISTRAZIOEN ARTEKO LANKIDETZA

37. artikulua.– Lankidetzarako jarduera-esparrua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoek eraikinen eraginkortasun energetikoaren eta horren egiaztapen-prozesuaren lorpen-maila altua bultzatuko dute, bakoitzak bere eskumenen esparruan. Eraginkortasun energetikoaren arloko eskumena duten administrazioek elkar-laguntzaren eta lankidetzaren printzipioetan oinarrituz jardungo dute, administrazioen arteko harremanetarako arau orokorrei jarraituz.

2.– Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango ditu Estatuko nahiz autonomia-erkidegoko beste administrazioekin bai eta eraikinen eraginkortasun energetikoaren maila hobetzen lagun dezaketen Europako beste eskualde batzuetako administrazioekin ere, eta, bereziki, arrazoi historiko, kultural edo linguistikoengatik harreman bereziak dituen edozein erkidego edo eskualderekin.

3.– Administrazio desberdinen jarduketa koordinatze aldera, haien arteko akordioak bultzatuko dira, bakoitzak dituen giza baliabideak eta baliabide materialak errentagarriak izan daitezen eta eraginkortasun energetikoaren babesaren arloan aplikatzekoa den indarreko arautegiaren betearazpenaren kontrola benetakoa eta eraginkorra izan dadin.

VIII. KAPITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

38. artikulua.– Arau-hausteak eta zehapenak.

1.– 235/2013 Errege Dekretuko edo dekretu honetako manuak ez badira betetzen eta ez-betetze horiek eraginkortasun energetikoaren arloko arau-hausteak eragiten badituzte –arau-hauste horiek Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren hamabigarren xedapen gehigarrian daude tipifikatuta–, zehapena jarriko da. Zehapena, bestalde, aipatutako legearen hamahirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren araberakoa izango da eta energia arloko eskumena duen Sailak jarriko du.

2.– Dekretu honetako manuren bat ez betetzeagatik kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren arloko arau-hausteren bat egiten bada, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legean aurreikusitakoaren araberako zehapenak jarriko ditu kontsumo arloko eskumena duen Sailak.

39. artikulua.– Zehapenak ezartzeko eskumena.

Organo hauek dute eraikinen ziurtapen energetikoaren arloko arau-hausteei dagozkien zehapenak jartzeko eskumena:

1.– Energia arloko eskumena duen Saileko titularrak, arau-hauste oso astunen kasuan.

2.– Energia arloko eskumena duen Saileko kasuan kasuko lurralde-ordezkaritzako titularrak, arau-hauste astun eta arinen kasuan.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1.– Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezartzen duenez, eta, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, datu pertsonalak aipatutako 2016/679 Erregelamenduak (EB) ezarritakoari jarraikiz tratatu beharko dira.

2.– Era berean, interesdunek urriaren 18ko 308/2005 Dekretuak, aipatutako 2004ko otsailaren 25eko 2/2004 Legea garatzen duenak, eta datu pertsonalen babesari buruz indarrean dagoen legediak onartutako bestelako eskubide guztiak balia ditzakete.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1.– Indargabetuta geratzen da Eraikinen Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriari buruzko abenduaren 9ko 226/2014 Dekretua.

2.– Indargabetuta geratzen dira Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagirien Kontrola eta Erregistroa arautzen dituen Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 16ko Agindua eta dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu honen 11. artikuluaren 3. apartatuan ezarritako xedapenak ez zaizkie aplikatuko etxebizitzarako besterik erabiltzen ez diren lehendik dauden eraikinen edo eraikin-zatien birgaitzeei, jabeak jabekideen erkidegoak badira eta indarrean dagoen obra-lizentzia bat badaukate eskatuta dekretu hau indarrean sartu aurretik.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Teknikari ziurtagiri-egileek, urtarrilaren 19ko 47/2007 Errege Dekretuaren babesean, 2013ko ekainaren 1a baino lehen sinatutako ziurtagiriak borondatez inskriba daitezke.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala