Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2019ko martxoaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1238

AGINDUA, 2019ko otsailaren 27koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019. urtean literatura argitalpenetarako dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan literatura-lanak argitaratzeko ahalegina sustatzeko xedez, material horiek editatzeko laguntza-bideak ezartzea beharrezkotzat jotzen du sail honek.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudian aldaketak egin ziren, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan zen, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen diren, notifikazio beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta zehatz-mehatz musika eta literaturaren edizioa.

Beraz, literatura argitalpenetarako dirulaguntzen kasuan, Tratatuaren 108. artikuluaren 3. atalean ezarritako notifikazio beharrik ez dago.

Horregatik, agindu honen bidez literatura-argitalpenetarako dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura (53. artikulua eta I. kapitulua) egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Deialdi hau, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez aprobatutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan dago.

Horiek horrela, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek euskaraz eta gaztelaniazko literatura argitalpenetarako dirulaguntzetarako dei egiten du, eta horiek jasotzeko araubidea ezartzen, 2019. urterako.

Dirulaguntzen helburua literatura edizioa sustatzea da. Eta horretarako 2019. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanen urteko edizio-planaren argitalpen-kostuen parte bat ordainduko da.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren dirulaguntzak finantzatzeko 626.800 euro gordeko dira, diruz lagun daitezkeen honako jarduera-eremu edo modalitate hauen arabera banatuta:

a) Euskarazko literatura argitalpenak, 511.800 euroko zuzkidura izango duena.

b) Gaztelaniazko literatura argitalpenak, 115.000 euroko zuzkidura izango duena.

2.– Modalitate bakoitzean zehaztutako diru kopuruak direnak direla, eskaerarik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, edo aurkeztutako eskaerek behar adina kalitate-maila ez dutelako, modalitateren batean erabakitako diru kopuru guztia baliatzen ez bada, Kalifikazio Batzordeak honako proposamen arrazoitua egingo dio Kulturako Sailburuordeari: sortutako soberakina beste modalitatearen diru kopuruari gehitzea. Eragiketa hori egiteko, soberakina izan duen eremuaren edo modalitatearen prozedurak aldez aurretik ebatzia egon beharko du, eta soberakina jasoko duen modalitatearen prozedurak, aldiz, ebatzi gabe.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen dituzten argitaletxeek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak. Argitaletxetzat hartuko dira bakarrik, 2017. urtetik 2018. urtera bitartean gutxienez hiru egileren bost liburu argitaratu dituzten merkataritza-erakunde pribatuak edo pertsona fisikoak. Erakunde pribatuen kasuetan, bere gizarte xedearen barruan argitalpengintza izatea, eta pertsona fisikoentzat jarduera ekonomikoen zergako edizio-jardueretarako epigrafean alta izan beharko dute. Ez dira emango dirulaguntzak, elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskaerei.

2.– Gaztelaniazko literatura argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izan beharko dute; eta eskaera aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin dirulaguntza emanez gero establezimendu egonkor bat izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoan.

Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak 21.2 artikuluan zer dioen hartuko da aintzakotzat.

3.– Pertsona fisiko eta juridikoek, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak eskuratu ahal izateko, zergak eta Gizarte Segurantzako kuotak egunean ordainduta izan beharko dituzte.

4.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

6.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso krisi egoeran dauden enpresak, betiere krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Erkidegoaren Zuzentarauetan jasotako definizioaren arabera (DO,C 249, 31-07-2014).

7.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik jaso berreskuratzeko agindu baten pean dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

8.– Halaber, pertsona edo entitate onuradunek, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen materialak eta oinarrizko betebeharrak.

1.– Argitaletxeek edizio-plan ezberdinak aurkeztuko ahal izango dituzte, batean 2019. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura-liburuak sartuz, eta beste batean 2019. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura-lanak. Edizio-planetan sartutako liburuek ezin izan dute parte hartu aurreko urtetako dirulaguntza hauen edizioetan. Aurkeztutako liburuak ondorengo generotakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazte literatura, komikiak eta literatura saiakera.

Eskatu ahal izango da dirulaguntza modalitate bakar batean – euskarazko literatura argitalpenak edo gaztelaniazko literatura argitalpenak-, edo bietan. «Liburu» kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa hartuko da gidari. Liburua, era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan, argitaratu daiteke.

2.– Aurkezten diren edizio-planeko liburuek honako ezaugarriak bete beharko dituzte:

a) Jabego intelektualari dagokionez indarrean dagoen arautegia bete beharko dute, bai eta ISBN eta Legezko Gordailua eskuratzeko egin beharreko lege-izapide guztiak ere.

b) Paperean inprimatutako lana denean, euskarazko lanen kasuan gutxienez 800 aleko tirada izatea, itzulitako lanak, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 300 alekoa nahikoa izango baita. Eta gaztelaniazko lanen kasuan gutxienez 1.000 aleko tirada izatea, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 750 alekoa nahikoa izango baita.

c) Testuak 50 orrialde hartuko ditu gutxienez, komikiak, haurrentzako liburuek, poesia eta antzerki-lanek salbu.

d) Paperean inprimatutako lana denean, liburu-dendetan 500 ale gutxienez merkaturatzea, euskarara itzulitako lanak, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 200 ale nahikoa izango baita. Eta euskarri digitalean argitaratutako lana denean, plataforma digital batean salgai egotea.

e) Liburuen lehen argitaraldiak izan behar dute. Berrargitalpenak ere izan daitezke, baina aurreko argitaraldia 6 urte baino lehenagokoa bada.

5. artikulua.– Bazterketak.

Ez dira diruz lagunduko ondoko sailetariko batean sarturik dauden liburuak:

a) Testu-liburuak, zientzia-liburuak, dibulgaziozko liburuak, bidaia edo beste gaietako gidak, sukaldaritza-errezeten liburuak, entziklopediak, hiztegiak eta hezkuntzara zuzendutako argitalpenak.

b) Bibliofilo-liburuak eta argitalpen mugatua eta numeratua dutenak.

c) Eguneratu daitezkeen lanak, atalka argitaratuak eta koadernatu gabeko orrietan argitaratutakoak, lan osoari kalterik egin gabe kendu edo alda daitezkeen zatiak dituztenak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere Erakundeen Administrazioaren ediziorako dirulaguntzak jaso dituzten lanak.

e) Agindu honen dirulaguntzak eskuratzerik ez duten entitateen aginduz (erakunde publikoak, argitaletxe ez diren enpresak, irabazteko asmorik gabeko entitateak...), onuradun izan daitezkeen entitateek egindako argitalpen-lanak.

f) Onuradun izan daitekeen entitate batek agindu honen dirulaguntzak eskuratzerik ez duten beste entitateekin batera lankidetzan argitaratutako liburuak.

g) Liburugileak berak argitaratutako lanak, salgarri ez direnak eta argitaratzaileak berak egindako antologiak.

h) Epeka saltzeko argitalpen-lanak, eta liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat eta atxikientzat bakarrik argitaraturikoak.

i) Albumak, ebakigarriak, pintatzeko liburuak, eranskailudunak, denbora-pasakoak eta kaligrafia koadernoak.

j) Urtekariak, aldizkako argitalpenak eta eranskinak edo horien zenbaki monografikoak, dietarioak eta antzekoak.

k) Ale berean hizkuntza bi edo gehiagoko testuak dituztenak, poesia liburuetan jatorrizko testua agertzen den kasuetan izan ezik.

6. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak Kulturako sailburuordeari zuzenduko zaizkio. Eskaera ezberdinak aurkeztuko dira euskarazko eta gaztelaniazko argitalpenetarako.

2.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:

– Aurrez aurre: eskabideak, Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dira.

– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honen 6. atalean adierazitako helbidean.

3.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honen 6. atalean adierazitako helbide elektronikoan.

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan

5.– Datuak ematerakoan gezurretan ibili edo irregulartasunak eginez gero, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak akats hori egin duen argitaratzailearen liburuei dirulaguntzarik ez ematea edo dirulaguntza zati bat kentzea erabaki dezake.

6.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus guneko honako helbide elektroniko honetan daude ikusgai:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/literatura_argitalpenak/web01-tramite/eu/

7.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

8.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunean hasiko da eta 2019ko apirilaren 15ean bukatuko da.

8. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharren akreditazioa eta ekarri behar den dokumentazioa.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonen edo entitateen identitateari buruzko datuak, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluak. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, baina, kasu honetan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Aurkezten den proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) Edizio Plan ezberdinak, batean 2019. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura-liburuak adieraziz, eta beste batean 2019. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura-liburuak. Argitaletxeak, Plana emandako ezaugarriekin gauzatzeko dirulaguntza beharrezkoa dela justifikatu beharko du. Planean sartutako liburu bakoitzeko edukia eta ikuspegia, egilearen jarduera eta edizio-epeak adierazi beharko dira (dokumentu bakarra formatu digitalean).

b) Argitaletxearen ibilbidea azaltzen duen memoria, azken hamar urteetan argitaratutako lan kopurua, azken hamar urteetan egindako berredizioak eta salmenta-toki kopurua adieraziz (dokumentu bakarra formatu digitalean).

c) Argitaletxearen katalogoa (dokumentu bakarra formatu digitalean).

d) Edizio Planean sartutako liburu bakoitzeko:

– Datu orokorrak, argitalpenaren ezaugarri teknikoak eta edizioaren kostua, euskadi.eus gunearen ondorengo helbide elektronikoan eskuragai dagoen eredua (xls formatua) erabiliz:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/literatura_argitalpenak/web01-tramite/eu/

– Egile-eskubideak dituen titularraren adostasuna edo jabari publikoko erregimenean dagoela egiaztatzen duen agiria.

3.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Katalogoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. 68.4 artikuluaren arabera, eskaera telematikoa egitera behartuta dauden subjekturen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

11. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Agindu honen 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek aurkeztutako Edizio-Planak baloratuko ditu, landuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak, eta baita ere ukatutako eta ez onartutako eskaeren zerrenda eta horretarako emandako arrazoiak.

2.– Balorazio Batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluak xedatutakoa errespetatuko da.

3.– Batzordekideak.

– Kultura Sustatzeko zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Bera ez badago, batzordekiderik zaharrena izango da batzordeburua.

– Edizio gaian adituak direnen artean Kultura Sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari moduan jardungo duena. Honek iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kulturako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, lehenengo bilera egin aurretik.

12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Balorazio Batzordeek egiaztatuko dute edizio-planetan agertzen diren liburuek 4. artikuluko baldintzak betetzen dituztela. Horren ondotik, liburu bakoitzaren argitalpen-kostuak finkatu, honako bi hauen artean baxuena aukeratuz: enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazio ekonomikoa, eta deialdi hau argitaratzen den unean Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuko argitalpenetarako indarrean dauden prezioetan oinarritutakoa. Argitalpen-kostu hori kalkulatzeko, argitalpengintzaren alorreko adituen iritzia bil dezakete Batzordeek.

2.– Liburu bakoitzaren argitalpen-kostuaren kontzeptuan sartzen dira: maketazio-kostu mekanikoak, 1.000 ale –edo hortik beherakoak badira- horiei dagozkien inprimatzeko eta koadernatzeko kostuak, lanaren digitalizazioa, jatorrizkoak prestatzeko kostuak (baita itzultzeko gastuak ere, hala badagokio) eta beharrezko argitalpen-diseinuaren kostuak.

3.– Balorazio Batzordeek argitaletxe bakoitzak aurkezturiko edizio-planen argitalpen-kostua zehaztuko du, hau da, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten liburu guztien kostuen batuketa, kontuan hartuta lan bakoitzak ezin duela 7.000 euroko kostua gainditu.

4.– Aurkeztutako edizio-planaren argitalpen-kostuen % 70eraino irits daiteke dirulaguntza.

5.– Dirulaguntzak eta horien zenbatekoak zehazterakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan aurkeztutako Edizio-Planak baloratzerakoan:

a) Edizio-Planean sartutako lanen kultura-arloko interesa, gehienez % 40. Ondorengo aspektuak hartuko dira kontuan, plana bere osotasunean begiratuta:

– Lanen kalitatea (% 10).

– Lanen edukia (% 10).

– Egileen ibilbidea (% 10).

– Eta Euskadik edota bertako biztanleek bizi duten errealitate kultural, sozial eta linguistikorekiko lotura (% 10).

b) Eskaera egin duen argitaletxearen katalogoa eta ibilbidea, gehienez % 30. Ondorengoak hartuko dira kontuan:

– Azken hamar urteetan argitaratutako lanak (% 20).

– Berrargitalpen kopurua (% 5).

– Eta lanen banaketa (% 5).

c) Proposatzen den Edizio-Planaren ezaugarri teknikoak eta aurrekontuaren egokitasuna, gehienez % 30. Ondorengoak hartuko dira kontuan:

– Edizio mota eta euskarri digitalaren erabilera (% 10).

– Paperezko liburuaren formatua, azalaren mota, paperaren gramajea eta inpresio mota (% 10).

– Eta aurrekontuaren egokitasuna (% 10).

Balorazio-baremotik gutxienez % 60ko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira eta ezin izango dira hautatutako proiektuetan barne hartu.

6.– Dirulaguntzen kopurua zehazteko irizpide proportzionala erabiliko da. Modalitate bakoitzaren baliabide ekonomikoak banatuko dira aurreko atalean ezarritako puntuazio minimoa lortzen duten proiektuen artean, beti ere Edizio-Planaren kostuaren arabera. Edizio-Plan bakoitzari dagokion dirulaguntzaren kopurua kalkulatzeko, ezarritako irizpideen arabera balorazio fasean lortutako puntuazioari dagokion zuzenketa- koefizientea (1 =>60 eta <70 puntu dagoen kasuetan, 1,5 => 70 eta < 80 puntu dagoenean eta 2 => 80 puntu dagoenean), Edizio-Planen kostu osoari aplikatuko zaio.

7.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzak bateragarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere Erakundeen Administrazioak ez diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein dirulaguntzarekin, nahiz eta inolaz ere ezingo den Balorazio Batzordeak ezarritako edizio-kostuaren % 70a gainditzen duen dirulaguntzarik eman. Hori gertatuz gero, deialdi honen babesean emandako dirulaguntzari soberakina kenduko zaio.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Kulturako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea, 11. artikuluan aurreikusitako Balorazio Batzordeak proposatutakoa ikusi eta gero. Hartzen den ebazpenean, interesdun bakoitzari jakinaraziko zaiona, laguntza eman den edo ez zehartuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein pertsonak edo erakundek jaso duen eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, eskatzaileen izena eta ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

2.– Ebazpena emateko epea igarota, interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertuko du, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan jasotako ondorioetarako.

3.– Eskatutako dirulaguntzen gaineko ebazpenak emateko eta horiek jakinarazteko epeak direla eta, baldin aplikagarria bada agindu honetako 9. artikuluan aurreikusitakoa, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek behar duen beste denboraz, aintzat hartuta jakinarazpena noiz jasotzen den eta erantzuna emateko zein epe dagoen.

4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada– edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste dirulaguntzarik jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

5.– Deialdi honen kontura emandako dirulaguntzen zerrenda osoa, onuradunak, kopuruak eta laguntzen xedea zehaztuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

14. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek, betiere, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrela, dirulaguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Ekonomia eta Ogasuna Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

c) Dirulaguntza eman zaien helbururako erabiltzea. Diruz lagundutako egitasmoaren helburua edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gorabehera gertatuz gero (egileen aldaketa, lanen izenburua, ezaugarri teknikoak, kostuak...), horren berri eman beharko da, idatziz.

d) Dirulaguntza jaso duten liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea.

e) Dirulaguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, eskabidearekin batera Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria, aurkeztu beharko du. Agiria www.euskadi.eus gunean dago eskuragarri.

Halaber, onuradunek, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

15. artikulua.– Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, dirulaguntza osoaren % 50, ebazpena jakinarazi ondoren eta 14. a) artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.

b) Dirulaguntzaren beste % 50a, agindu honetan ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren, eta betiere 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak beteta ez baditu, edo dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

16. artikulua.– Justifikazioa aurkezteko tokia eta modua.

1.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa 2020ko martxoaren 10a arte aurkez daiteke.

2.– Justifikazioak bertaratuta eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) aurkeztuko dira.

3.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa egiteko, aurkeztu behar den dokumentazioa.

a) Diruz lagundutako edizio-planaren exekuzioari buruzko azalpen-memoria zehatza.

b) Diruz lagundutako lan guztiek sortarazitako gastuen ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda zehatza, ondorengo euskadi.eus gune elektronikoetan agertzen den ereduaren arabera (xls formatua):

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/literatura_argitalpenak/web01-tramite/eu/

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

c) Diruz lagundutako edizio-planeko lan bakoitza argitaratzeko egindako gastuen egiaztagiriak, zenbat liburu ale egin diren adieraziz.

d) Helburu berbererako beste dirulaguntzaren bat jaso bada, eta agindu honen 7. artikuluan aipatzen den unean horren berri ez bazuen, horien zerrenda.

e) Argitalpenaren ale bat, edo edizio digitala eskuratu ahal izatea.

f) Paperean argitaratutakoen kasuetan, banatzaileak liburu-dendetan zabaltzeko jaso duen liburu kopurua ziurtatzen duen egiaztagiria.

18. artikulua.– Subkontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira editoreak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Dirulaguntza ematea eragin zuen edozein baldintza edo betebehar betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginekoan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Halaber, azaroaren 17ko Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 37. artikuluan jasotakoak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: Kultura sorkuntza prozesuak garatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/rgpd/0094407 y www.euskadi.eus/rgpd/0094507

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

.Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 27a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala