Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2019ko martxoaren 6a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1213

ERABAKIA, 2019ko otsailaren 5ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Administrazio Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baitira osasun-arloko eta irakaskuntzako zerbitzuak jasotzeagatik ordaindu behar duten hirugarrenei 2019ko ekitaldian kobratuko zaizkien tarifak.

Gaur egun, Ente Publikoaren zerbitzu-erakundeetarako aplikazio-tarifak daude, Entearen zerbitzu-erakunde ezberdinetan eskaintzen diren zerbitzu sanitarioak eta irakaskuntzakoak hirugarrenei fakturatzea posible egiten dutenak, eta zehaztu behar da horien aplikazioa zein izango den 2019ko ekitaldian.

Ildo horretatik, gogoratu behar da Osakidetza Ente Publikoaren estatutu sozialetan eskumen-multzoa ematen zaiola Erakunde Zentralari (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua); horien artean, irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikulua, 4.e letra).

Horregatik, Osakidetza Ente Publikoko zuzendari nagusiak tarifei buruz aurkeztu duen proposamena aztertu ondoren, eta Administrazio Kontseilu honek dituen eskumenen arabera (Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legearen 22. artikuluko 1. eta 2. puntuak), honako erabaki hau hartzen da:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Hirugarrenei emandako zerbitzuak direla-eta Osakidetza Ente Publikoan 2019ko ekitaldian aplikatu beharreko zenbatekoak onartzea, betiere hirugarrenek ordaindu behar badituzte zenbatekook; kontzeptu ezberdinei dagokienez, erabaki honetan ezarritako ildoekin bat etorriz.

Erabakia eragingarria eta jendearentzat jakina izan dadin, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da, eta ordaindu beharra dutenentzat eskuragarri jarri.

Bigarrena.– Honako hauek ordaindu beharko dituzte tarifak: 1030/2006 Errege Dekretuaren IX. eranskinean zehaztutako egoeretako batean dauden pertsona fisiko zein juridikoek (1030/2006 Errege Dekretua, irailaren 15ekoa, Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta berau eguneratzeko prozedura ezarri zuena). Kontuan hartu behar da emandako zerbitzua fakturatzean sorraraziko direla tarifak.

Tarifa horiek Europar Batasuneko herrialdeetako, Europako Esparru Ekonomikoko eta Suitzako aseguratuei edo onuradunei –Espainian bizi ez direnei– ere aplikatu ahal izango zaizkie. Baita Gizarte Segurantzaren alorrean Espainiak aldebiko hitzarmenak dituzten herrialdeetako aseguratuei edo onuradunei ere.

Hirugarrena.– Ente Publikoko zuzendari nagusiaren eginkizuna izango da egin beharreko jardun guztiak egitea, hauek betetzearren: aurkeztutako egituraren osagarri gisa, prestazio berriak sartu behar ditu zerbitzu-zorroan, eta medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zeintzuk diren jakinarazi behar du, prozedura horien osagaiak eta zatiak zehaztuta eta horiek dakartzaten gastuak xehatuta; prozedura horietatik kanpo dauden diagnosi eta tratamenduko aparteko probak zeintzuk diren ere zehaztu behar du.

Laugarrena.– Ente Publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarren batzuekin hitzarmenak edo akordio partikularrak egin ditzan, erabaki honetan jasotako zerbitzuak emateko. Prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira honako baldintza hauen arabera:

a) Osasun Sailaren eskaera guztiak bete ondoren, bestelako zerbitzuak eskaintzeko modua eduki behar da.

b) Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez duten hirugarrenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.

c) Ente Publikoak jardun horretan duen interesa justifikatu behar da, irizpide objektiboak erabilita:

– Bezeroen berariazko ezaugarriak (instituzio publikoak, gizarte-erakundeak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak).

– Ekoitzi beharrekoaz gain, gehiagotarako gaitasuna ematen duten aparteko egoerak.

– Negozio-bolumena.

Aipatu puntuak aztertzen dituen justifikatze-memoriarekin batera proposatuko dira puntu honetan adierazitako hitzarmenak edo berariazko erabakiak, eta zuzendari nagusiak sinatu beharko ditu, baldin eta zerbitzu-erakunde batekin baino gehiagorekin lotzen baditu Ente Publikoaren erakundeak.

Hitzarmena edo berariazko erabakia, dakarren lotura esklusiboa denean, dagokion erakundeak berak sinatuko du; dena dela, Ente Publikoaren erakunde zentralak baimena eman behar du aldez aurretik, estrategia-planarekiko koherentzia eta egokitasuna lortzeko beharrezko diren baldintzak bermatuta egon daitezen. Zuzendari nagusiak eman beharreko jarraibideak eman ditzake, erabaki hau eragingarria izan dadin.

Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira –behar izanez gero–, hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, baina puntu honetan gorago xedatutakoa betez gero, betiere.

Bosgarrena.– Ente Publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio hitzarmenak sina ditzan erabaki honen aplikazio-eremukoak diren talde jakin eta zehatz batzuekin; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero zenbateko bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.

Baimen horretatik kanpo geratzen dira Osasun Sistema Nazionalaren Kohesio eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.5 artikuluan jasota dauden hitzarmen bereziak, asistentzia sanitarioa ematekoak. Izan ere, Osasun Sailaren eskumena da horiek zehaztu eta sinatzea.

Seigarrena.– Ente Publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio behin-behineko tarifak ezartzeko –arrazoitutako ebazpen bidez– erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretarako, baldin eta baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu, betiere; tarifa horiek Administrazio Kontseiluak ere begiratu behar ditu, eta, gehienez bi hileko epean berretsi.

Zazpigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2019ko otsailaren 5etik aurrera izango ditu ondorioak.

Era berean, erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza Ente Publikoko zerbitzu sanitarioetako erakunde guztietan interesdunen eskura jarri behar da Ente Publikoaren tarifa-liburua –osasun-zerbitzuak hartzeagatik ordaindu behar duten hirugarrenei eskatu beharreko tarifena, alegia–. Aplikatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta liburu hori.

Azkenik, web-orri honetan ere argitaratuko dira:

http://osakidetza.euskadi.net/r85-ckproc05/eu/contenidos/informacion/libro_tarifas/eu_libro/tarifas.html

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 5a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

JON DARPÓN SIERRA.


Azterketa dokumentala