Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2019ko martxoaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1191

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 10ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen baita Tubacex Tubos Inoxidables SAU sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, hotzean ijeztearen bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzeko jarduerarako, Amurrioko udalerrian.

AURREKARIAK

2008ko apirilaren 30ean, Ingurumen sailburuordearen Ebazpenaren bidez, hotzeko ijezketaren bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzeko jarduerarako ingurumeneko baimen bateratua eman zitzaion Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresari Amurrioko instalaziorako.

Ingurumen sailburuordearen 2009ko otsailaren 25eko Ebazpenak aldatu egin zuen Ingurumen sailburuordeak 2008ko apirilaren 30ean emandako ebazpena. Ebazpen hartan hotzeko ijezketaren bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzeko jarduerarako ingurumeneko baimen bateratua eman zitzaion Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresari Amurrioko instalaziorako.

Ingurumeneko sailburuordearen 2016ko urriaren 6ko Ebazpenaren bidez, aldatu eta betearazi egin zen Tubacex Tubos Inoxidables SAU sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, hotzean ijeztearen bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzeko jarduerarako, Amurrion.

2017ko apirilaren 21ean, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk ingurumen-baimen bateratuaren aldaketa esanguratsuaren eskakizuna egin zuen, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ondoren, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, xedatzen duenarekin bat eginez (BOE, 2016ko abenduaren 31), Tubacex Tubos Inoxidables SAUren instalazioetan OCTG hodien fabrikazio-lerro berriaren ezarpen-proiekturako.

2017ko maiatzaren 11n, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk aldaketa ez esanguratsu bat eskatu zuen; alegia, 6. eta 7. pilgerretako ijezketa-trenak desmuntatzea. 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarritako irizpideen arabera, jakinarazitako aldaketa ezin daiteke kalifika «funtsezko aldaketa» gisakotzat.

2017ko uztailaren 20an, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk 2017ko apirilaren 16ko eskakizunaren dokumentazio osagarria aurkeztu zuen, ingurumen-organo honek eskatuta.

Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2017ko urriaren 20ko Ebazpenaren bidez, Amurrioko udal-mugartean hotzean ijeztearen bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodien fabrikazio-jardueraren funtsezko aldaketa egiteko proiekturako Tubacex Tubos Inoxidables SAUk sustatutako proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana jendaurrean jarri ziren 30 laneguneko epean, egoki irizten ziren alegazioak aurkezteko eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2017ko azaroaren 15ean. Auzotar mugakideei 2017ko azaroaren 6an egin zitzaien jakinarazpena. Era berean, espedientearen oinarrizko dokumentazioa herritarren eskura ere egon zen epe horretan bertan Amurrioko udaletxean, Ingurumen Sailburuordetzan, Ingurumen Sailburuordetzaren Bizkaiko Lurralde Zerbitzuan eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (https://euskadi.eus).

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

2018ko urtarrilaren 16an, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginak, bere 17. eta 18. artikuluetan, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legeak (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 37. artikuluan xedatua aplikatuz, Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak irizpena eskatu zien Uraren Euskal Agentziari (URA), Segurtasun Sailari eta Amurrioko Udalari.

2018ko otsailaren 27an, egindako jendaurreko informazioaren izapidearen eta eraginpeko administrazio publikoen eta pertsona interesdunen entzunaldi-izapidearen emaitza helarazi zitzaion sustatzaileari, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, 38. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

2018ko apirilaren 9an, sustatzaileak zarata-mugak aldatzea eskatu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko 213/2012 Dekretuan ezarritakora egoki zitezen. Egiaztatu da zaraten arloan ezarritako muga-balioak betetzeko neurriak ezarri baditu ere, balio horiek bete ezinean dagoela, eta ez dagoela haiek bete ahal izateko teknologia hoberik eskura. Hori gorabehera, organo honetan dagoen dokumentazioan jardueran egindako hainbat neurketa daude, eta neurketok Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan finkatutako balioak betetzen direla egiaztatzen dute.

2018ko irailaren 5ean eman zen argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018ko uztailaren 10eko Ebazpena, Ingurumen sailburuordearena, Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresaren instalazioetan OCTG motako hodien fabrikazio-lerro berria ezartzeko proiektuari loturiko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitekoa. Instalazio horietan, hotzeko ijezketa bidez soldadura gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak ekoitziko dira, Amurrion (Araba).

2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Kontuan hartuta ingurumen-baimen integratua eman zenetik ingurumenari buruzko araudi berria promulgatu dela, egokia da indarrean dagoen araudi berrira egokitzea Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren baldintzak, ofizioz, aipatutako Ebazpenaren bosgarren apartatuan ezarritakoari jarraikiz.

Kontuan hartu da 2006ko abuztuko Reference Document on Best Available Techniques for the Surface Treatment of Metals and Plastics agiria, instalazioan aplikagarri diren teknika eskuragarri onenen erreferente den aldetik, eta ez da baimena berrikusi behar.

Halaber, aldaketa-jakinarazpenean emandako informazioa nahikotzat hartu da.

Kontuan hartu da ingurumen-organo honek duela ebazpen hau emateko eskumena, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.

Industriako isurketen eta igorpenen Erregelamendua onartu eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak 6. artikuluan xedatuarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak, zehazki, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueraren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa dutenak.

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan xedatzen duenaren arabera, funtsezko aldaketa da Tubacex Tubos Inoxidables SAUk metalen tratamendu eta estaldurarako Amurrion dituen instalazioetan proposatzen den aldaketa.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak errazteko eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira indarrean dagoen legerian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak. Tubacex Tubos Inoxidables SAUren kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: ur sanitarioak eta industriako hondakin urak ibilgura isurtzeko baimena, igorpen atmosferikoak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, hondakinak sortu eta kudeatzeari eta lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere zegozkien txostenak igorriz parte hartu dutela egiaztatu da.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedura beste edozein administrazio-bitartekori gailenduko zaio herritarren ekintzetan, baldin eta ekintza horiek administrazio eskudunek ezar baditzakete, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko.

Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere.

Bestalde, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa aplikatu behar zaie legearen 1. eranskinean jasotako proiektuei.

Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bategina onartzen duena) bere 11.4 artikuluan, eta Ingurumen Ebaluazioko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 14. artikuluak ebazten dutena aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran txertatu ahal izateko, hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen bateratuaren prozeduran txertatzeko. Alde horretatik, aipaturiko prozedura horren izapideetan, proiektuak ingurumenean izan ditzakeen eragin guztiak batera bildurik hartu dira kontuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko araudiaren ikuspegitik, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan jasotako ingurumen-preskripzioen ikuspegitik zehaztearren proiektuaren bideragarritasuna zenbaterainokoa den. Bateratze hori ikus daiteke, halaber, ingurumen-baimen integratua emateko ebazpen-proposamenaren aurreko proiektuaren balioespen orokorrean.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur edo igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Zehazki, Europako Batzordearen 2006ko abuztuko BREF dokumentuaren (Metalen eta plastikoen gainazaleko tratamenduak) edukiak kontuan hartu dira.

Halaber, 2018ko uztailaren 10ean, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen, Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresaren instalazioetan OCTG motako hodien fabrikazio-lerro berria ezartzeko proiektuari dagokionez. Instalazio horietan, hotzeko ijezketa bidez soldadura gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak ekoitziko dira, Amurrion (Araba).

Orain arte azaldu denaren arabera, espedienteko txostenak aztertu eta proiektuaren ingurumen-ebaluazioa egin ondoren, ebazpen-proposamena sinatu zen, zeinetan jaso egin baitziren Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak sustatutako aldaketa-proiektuak bete beharreko baldintzak.

Goian adierazitako izapideak amaituta, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta ebazpen hau egin da.

Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, hala xedatuta baitago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan.

Ikusi dira: 2018ko abenduaren 21eko Ebazpen-proposamena, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarena; otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko Lege Orokorra; abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen zuena; abenduaren 9ko 21/2013 Legea, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Horrez gain, aplikatu beharreko gainerako araudiak ere aintzat hartu dira, eta, horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aldatzea Tubacex Tubos Inoxidables SAUri Amurrio udal-mugartean hotzeko ijezketa bidez soldadura gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak ekoizteko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, zeina 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez eman baitzen. Ondorioz, 2008ko apirilaren 30eko Ebazpen horren lehenengo eta bigarren apartatuak aldatu, eta honela geratuko dira idatzita:

«Lehenengoa.– Ingurumen-baimen integratua ematea Tubacex Tubos Inoxidables SAUri (Irukurutzeta 8, Laudio, Araba; IFK: A-01140227) Amurrion hotzeko ijezketa bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzeko jarduerarako, ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzekin.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

2.6.– Metalen eta plastikoen gainazala prozedura elektrolitikoz edo kimikoz tratatzeko instalazioak, tratamenduko kubeten edo lerroen bolumena 30 m3 baino gehiago denean.

Instalazioa Amurrioko Saratxo industrialdean dago. Lurzati berean daude kokatuta enpresa hauek ere: Acería de Álava SAU (Acerálava) eta Comercial de Tubos Especiales (Cotubes). Eta batera erabiltzen dituzte ondasun-erkidegoko erregimenean guztionak diren instalazio osagarri batzuk (azpiestazio elektrikoak, aire konprimituaren eta uraren tratamendurako instalazioak).

Lurzatiaren azalera 298.500 m2-koa da. Horretatik 176.729 m2 dagozkio Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresari.

Funtsezko aldaketaren proiektuan, OCTG hodiak (Oil Country Tubular Goods) fabrikatzeko lerro berri bat instalatu nahi da (aurrerantzean, OCTG lerroa). Lerro hori Tubacex Tubos Inoxidables enpresaren bidalketen biltegi ohian kokatuko da. Eraikin estalia da, eta 5.750 m2-ko azalera du. OCTG hodiak fabrikatzeko lerro berrian prozesu hauek egingo dira: ijeztea, koipea kentzea, zuzentzea, ikuskatzea, proba hidraulikoa, ebaketa, desugerketa-pasibatzea, garbiketa, lehortzea, markatzea eta produktua bidaltzea. Lerro berriak instalazio hauek izango ditu: 1.010 kw-eko 11. pilger ijezketa-trena, hodia garbitzeko eta koipea kentzeko instalazioa, koipegabetzailea berreskuratzeko instalazioa, lehorrean ebakitzeko makina, zuzengailu automatikoa, presio-probak egiteko proba hidraulikorako makina, bi desugerketa-aska (bat, 70 m3-koa, eta bestea 20 m3-koa), askak berotzeko gas natural bidezko urpeko errekuntza-sistema, gasentzako garbiketa-dorrea, garbigailua, errekuntzako lehorketa-labea, ultrasoinuen makina eta X izpi bidezko fluoreszentzia-analizagailua.

OCTG hodiak fabrikatzeko lerroak ez du egungo fabrikazio-lerroetarik bat ere ordezkatuko; aitzitik, funtsezko produktu berri baten fabrikazio efizientea eskura jartzen du. Funtsezko aldaketarekin ez da aldatuko instalazioaren ekoizpen-ahalmena, orain arte 5. eta 10. pilgerretako ijezkailuetan ekoizten zen hodiaren zati bat, zeuden instalazioetan desugertzen zena, aurrerantzean OCTG lerro berrian desugertuko delako. Gainera, lerro horietako ekoizpenaren zati bat OCTG lerro berrira aldatuko da erabat.

Lantegiaren ekoizpen-ahalmena, aldaketa eta gero, soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzeko 17.850 hodi tona urtean da. Eta guztizko ekoizpen-ahalmena, 24.000 tonakoa urtean.

OCTG hodi-lerroan bi produktu ekoizten dira: SA (solution annealed), fabrikazio-prozesuan bero-tratamendua jasotzen duena (bero-tratamendua egungo instalazioetan egingo da), eta CH (cold hardened), fabrikazio-prozesuan bero-tratamendua jasotzen ez duena.

Egungo hodien fabrikazio-lerroan (aurrerantzean, TTI) prozesu hauek egiten dira: ijeztea, plasma bidezko ebaketa, koipea kentzea, urberritzea, bero-tratamendua, ikuskatzea, urragarri bidezko ebaketa, bizar-kentzea, proba hidraulikoa, desugerketa/pasibatzea, hotzean urberritzea, presio-garbiketa, beroan urberritzea, markatzea eta produktua bidaltzea.

Hauek dira instalazioko prozesu nagusiak:

1. prozesua: Hodi-fabrikazioa, TTI lerroan.

– 1.1. azpiprozesua.– Ijezketa hotzean.

Hotzean laburtu eta luzatzeko prozesua da; ijezketa 1., 2., 3., 4., 5., 8., 9. eta 10. pilger ijezketa-trenetan egingo da. Ijezketa-eragiketaren barruan, hodiak kanpotik eta barrutik automatikoki olioztatzen dira. Olioak zirkuitu itxian funtzionatzen du. Koipe-lurrunezko hodei txiki bat sortu ohi da.

– 1.2. azpiprozesua.– Ebaketa.

Nahi den ebaketa lortu ondoren, makinatik irteterakoan hodiak automatikoki ebakitzen dira aurrez ezarritako luzeretan. Plasmarekin ebakitzeko 5 makina, urragarriarekin ebakitzeko 2 makina, lehorrean ebakitzeko makina 1 eta disko-zerra 1 daude. Partikula eta hauts metalikoak aireratzen dira.

– 1.3. azpiprozesua.– Aurretiazko koipegabetzea.

Ijezketatik ateratzean, ebaketaren ostean, hodien barrualdea koipegabetzen da, 90 ºC-ra dagoen koipegabetzaile alkalinoa ponpatzearen bidez, eta ondoren xukatu egiten da.

– 1.4. azpiprozesua.– Koipegabetzea.

Hodiak 90 ºC-ko soluzio alkalinoan koipegabetzen dira, 12 m3-ko 5 upeletan, hodi murgilduaren bidez berotzen direnak (gas naturala). Eragile koipegabetzailearen soluzioak zirkuitu itxian funtzionatzen du. Koipegabetzeko bi lerro daude.

Koipegabetze-soluzioaren balio-bizitza areagotzeko eta aldi berean «koipegabetze-lohiak» hondakin arriskutsua sortzea minimizatzeko, fabrikaren kanpoaldean seriean konektatutako bi dekantagailuz osatutako instalazioa dago. Garbiketa-andel gisa funtzionatzen dute, eta horrela, koipegabetze-soluzio iragazia pilgerren upeletara itzultzen da eta dekantatutakoak neutralizazio-instalazioari lotutako «agortuak» izeneko putzura purgatzen dira.

10. pilgerrak koipegabetze-aska propioa du.

– 1.5. azpiprozesua.– Urberritzea.

Hodiak garabiaren bidez urberritze-upeletara garraiatzen dira. 50 ºC-ra dauden edateko uraren bi upel daude, eta horiek koipegabetze-upelen beroa aprobetxatuz berotzen dira.

10. pilgerrak koipegabetze-aska propioa du.

– 1.6. azpiprozesua.– Koipegabetze azidoa.

Hodien barrualdeko eta kanpoaldeko garbiketa hobetu eta modu horretan hodiaren gainazalaren kalitateari erasan diezaiokeen konformazio-prozesuko edozein olio-arrasto ezabatze aldera, hodiak desugertze-gunera bidaltzen dira eta bertan, aldez aurretik irakuzi ondoren, murgildu egiten dira.

Denbora labur batean HF eta HNO3 soluzio batean urberritzen dira eta ondoren, berriz ere urberritzen dira.

– 1.7. azpiprozesua.– Bero-tratamendua.

Hodien bero-tratamendua 5-6 t/h-ko ahalmena eta 1.050 eta 1.180 ºC arteko tenperatura gama duten, ezaugarrien eta dimentsioen arabera, gas naturalez elikatutako hipertenplaketa-labeetan gauzatzen da.

Labeetan zirkuitu itxian uraren bidezko hoztea dago eta helburu horretarako putzu batzuk daude nabearen kanpoaldean, mendebaldeko hegalean.

– 1.8. azpiprozesua.– Zuzentzea, ebakitzea, ertzetako bizarrak kentzea.

Akaberen gunean, hodiek hainbat mekanizazio-eragiketa jasaten dituzte neurriak doitzeko. Halaber, ultrasoinu eta korronte induzitu bidezko kontrol-sistema bat dago, eta ultrasoinuen makina, likido sarkorren bidezko ikuskatzea eta zirkuitu itxiko ur-sistema ere bai.

– 1.9. azpiprozesua.– Proba hidraulikoa.

Bukatutako hodiekin proba hidraulikoa egiten da, presioaren kontrako estankotasunaren ezaugarriak ondo kontrolatzeko. Zirkuitu itxiko ura erabiltzen da, eta ez da hura berritu behar, gehitu baizik, hodien arrastean galtzen delako.

– 1.10. azpiprozesua.– Gainazalaren tratamendua.

Ondoren, hodiek beroan egindako pasibatzea jasaten dute (50 ºC), azido nitriko eta fluorhidrikoko bainuetan, eta jarraian, beroan egindako garbiketa. Upelak berotzeko, gas naturalez elikatutako urpeko errekuntza erabiltzen da.

Gainazal-tratamenduen gunean ondorengo instalazioak daude:

– Desugerketa-, pasibatze-, koipegabetze- eta garbiketa-upelak.

– Pasibazio-gasen garbiketa eta neutralizazioa.

– Uren tratamendua. Neutralizazioa kare-esnearekin eta dekantazioa.

Upelen inguruneko lurrun azidoak nabetik kanpoaldera irteera zuzena duten 6 erauzgailu zentrifugoren bidez erauzten dira. Upelen gaineko bilketa zuzenerako, puzteko eta gasak xurgatzeko sistemak daude, eta kanpoaldean kokatuta dauden bi ekipo garbitzaileetaraino bideratzen dituzte.

Azidoak berreskuratzeko, sistema bat du. Sistema horren bidez, guztiz berreskuratu daitezke, ioi-elkartrukeko erretxina batetik pasatu ondoren.

– 1.11. azpiprozesua.– Hotzean urberritzea.

Giro-tenperaturan dagoen ur neutralizatuko bainuan hodiak murgiltzea.

– 1.12. azpiprozesua.– Presio bidezko garbiketa.

Giro-tenperaturan dagoen presiozko uraren injektatzen da, hodiaren barrutik eta kanpotik.

Garbiketa-urak Nerbioi ibaiaren ibilguaren ondoko lurzatiaren ekialdean dauden 500 m3-ko aireko andeletako batera bideratzen dira. Ur hau beste industriako erabilera batzuetarako aprobetxatzen da, esaterako, hozteko edo bainuak prestatzeko.

– 1.13. azpiprozesua.– Beroan urberritzea.

Ur neutralizatu beroko (70 ºC) bainuan hodiak murgiltzea. Bainua errekuntza murgilduaren bidez berotzen da.

– 1.14. azpiprozesua.– Lehortzea.

Hodiak garabiaren bidez igotzen dira, airean lehortzen dira eta sailkatutako kutxatilategietan uzten dira, motaren eta ezaugarrien arabera.

– 1.15. azpiprozesua.– Kontrola eta amaierako markatzea.

Produktu bukatuak ikusiz gainbegiratzen dira, eta altzairu-gradua neurtzen da (X izpiz), eta luzera, markatu aurretik. Bezeroak edo hirugarrenek ikuskatzeko mahaiak eta elementuak ere badaude.

2. prozesua: hodi-fabrikazioa, OTCG lerroan.

2.1. azpiprozesua.– Ijezketa hotzean.

Neurri jakin bateko hodia plastikoki itxuragabetzea (arbastatzea) hodiaren hasierako diametroa eta lodiera baino txikiagoak direnak lortu arte (akabera). Ijezketa olio-bainu baten bidez egiten da. Olioak zirkuitu itxian funtzionatzen du.

Ijezketa 5., 10. eta 11. pilger ijezketa-trenetan egiten da. 11. pilger ijezketa-trenak xurgagailu propioa du.

– 2.2. azpiprozesua.– Koipegabetzea eta urberritzea.

Ijezketaren ondoren, hodiaren barnealdeko eta kanpoaldeko gainazalak olioz eta koipez gabetzeko, 11. pilgerreko hodietan, hodia garbitzeko saguarekin zuzendutako sistema bat erabiltzen da; arrabota maneiatzen da, koipegabetzaile alkalinoa duena, eta gero xukatu egiten da. Ondoren, hodia urberritzen da, likido koipegabetzaileen arrastoak kentzeko. Ur horiek ur alkalinoak tratatzeko instalaziora bideratzen dira.

Koipegabetze-soluzioaren balio-bizitza areagotzeko eta aldi berean «koipegabetze-lohiak» hondakin arriskutsua sortzea minimizatzeko, fabrikaren kanpoaldean seriean konektatutako bi dekantagailuz osatutako instalazioa dago. Garbiketa-andel gisa funtzionatzen dute, eta horrela, koipegabetze-soluzio iragazia pilgerren upeletara itzultzen da eta dekantatutakoak solteko gaietarako edukiontzi handi batera purgatzen dira.

– 2.3. azpiprozesua.– Zuzentzea.

Zuzengailu automatiko bat erabiltzen da, prentsa motakoa.

– 2.4. azpiprozesua.– Ultrasoinu bidez ikuskatzea.

Ondoren, hodiak ultrasoinuz aztertzen dira, balizko akatsak hauteman eta lodierak neurtzeko. Sistemak ur-zirkuitu itxia du.

– 2.5. azpiprozesua.– Proba hidraulikoa.

Jarraian, bukatutako hodiekin proba hidraulikoa egiten da, presioaren kontrako estankotasunaren ezaugarriak ondo kontrolatzeko. Zirkuitu itxiko ura erabiltzen da, eta ez da hura berritu behar, gehitu baizik.

– 2.6. azpiprozesua.– Ebaketa.

Azkenik, hodiak lehorrean ebakitzen dira, aurrez ezarritako neurriekin. Ebaketan sorturiko hautsa kartutxodun iragazki automatikoa duen hauts bilgailu batekin jasotzen da. Ez du kanporako irtenbiderik.

– 2.7. azpiprozesua.– Gainazalaren tratamendua (desugerketa).

Hodien gainazala desugerketa-instalazioan tratatzen da. Instalazio horretan bi upel daude:

– Desugerketa-upela (70 m3), azido nitrikozko (% 60a, desugerketa-instalazioan erabilitako bera) eta azido fluorhidrikozko (% 40an, beste desugerketa-instalazioan % 70-75an erabiltzen da) bainuarekin.

– Garbiketa-upela (20 m3-koa), ur bainuarekin.

Bi upelak kabina itxi batean daude (erabat itxita), eta hobi handi baten gainean, isurketarik egonez gero, euste-aska izan dadin. Bainua gas naturalaren bidezko urpeko errekuntzaren bidez berotzen da bainua, 40 ºC-ra, eta xurgapen lokalizatua eta arazte-ekipora (lantokiaren kanpoaldean kokaturiko gas-garbiketarako dorrera) arteko gas-eroapena ditu.

Azido agortuaren bainua nahiz upelaren hondoetako mahukak hondakin arriskutsua kudeatzeko baimena duen kudeatzailearen zisterna-kamioira zuzenean erretiratuko dira. Horrenbestez, ez dago aurreikusita hondakina lantokian biltegiratzea.

– 2.8. azpiprozesua.– Garbitzea.

Giro-tenperaturan dagoen presiozko uraren injektatzen da, hodiaren barrutik eta kanpotik.

Garbiketa-urak neutralizatze-lantokira eramaten dira, tratatzeko.

– 2.9. azpiprozesua.– Lehortzea.

Hodiak erabateko errekuntzako lehortze-labera igarotzen dira, erabat lehortzeko. Lantokiaren barnealderako xurgatze-sistema du labeak, errekuntza erabatekoa izango denez.

– 2.10. azpiprozesua.– Markatzea eta amaierako kontrola.

Bukatutako produktuen amaierako kontrola egiten da (neurtzea, pisatzea, altzairu-maila eta neurriak kontrolatzea), eta markaketa.

3. prozesua: zerbitzu orokorrak.

Prozesu horrek eragiketa osagarriak eta mantentze-lanetakoak bilbatzen ditu, eta horien artean beste prozesuetan erabiltzen diren ekipamenduak eta makineria, hala nola bulegoetako hainbat jarduketa.

Tubacex Tubos Inoxidables SAUren lantokian energia-baliabide hauek erabiltzen ditu ekoizpen-prozesuan: energia elektrikoa (ijezketa-trenetarako) zuzengailurako, garbigailuetarako, desugerketako eta neutralizatuko garbiketa-garabietarako, ultrasoinuen makinarako, ebaketa- eta argiztapen-makinetarako); eta gas naturala (ijezketa-treneko koipegabetze-upeletarako, desugerketa-upeletarako eta garbiketa murgildurako, hipertenplaketa-labeetarako eta berokuntzarako). Uste da energia elektrikoaren kontsumo osoa 17.093.111 kwh-koa izango dela urtean, eta gas naturalarena, ordea, 36.218.522 kwh-koa urtean.

Kontsumorako sareko ura kontsumitzen du instalazioak hauetarako: edateko ura, zeharkako eta zuzeneko hozte-sistemak, urberritzea, proba hidraulikoak, gainazaleko tratamenduaren garbiketa-upelak, garbiketa-prozesua, gasen garbigailua eta hipertenplaketa-labeak hoztea. Urteko kontsumoa 128.701 m3 izatea aurreikusi da.

Instalazioan sortutako hondakin-uren motak:

– Industria-urak: neutralizazio-instalazio batean tratatzen eta kontrolatzen dira, ondoren desugertze-garbiketen upeletara, gasen garbiketa-dorreetara, kare-esnearen prestaketara, desugertze-bainuetara eta desugertze-bainuen garbiketara birzirkulatzeko. Soberakina Aceralavaren hozte zuzenaren zirkuitura bideratzen da, eta beraz, ez da isurketaren benetako isurtze bat. Beraz, Amurrioko Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresaren jarduerak ez du industriako hondakin-urik isurtzen.

– Hozte-urak: Amurrioko Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak zirkuitu itxian hozteko 5 dorre ditu; ponpaketa-ekipo bat du, ekipoak hoztean eta fabrikako prozesuetan erabiltzen den ura birzirkulatzeko.

– Ur sanitarioak: komun, zerbitzu eta aldagelen bi gune desberdinetan sortutako urak. Hobi septikora bideratzen dira eta azkenean, Nerbioi ibaiaren ibilgura isurtzen dira.

– Euri-ur garbiak: fabrikaren azalera guztian biltzen dira eta ibaira bideratzen dira.

Instalazioak 22 igorpen-atmosferikoen foku ditu, igorpen-foku hauei lotuak:

– Errekuntza-prozesuetan sortutako igorpenak (berokuntza-galdarak, hipertenplaketa-labeak, koipegabetze-beroketa, desugertze-pasibatze bainuaren beroketa).

– Ebaketa eta bizar-kentze eragiketetan sortutako partikulen igorpenak.

Lurrunen igorpenak (ijezteko makinen, koipegabetzearen, desugertze eta pasibatzearen eta disolbatzaile bidezko garbiketa-eragiketen lurrunak).

Lantokiak, nagusiki, ijezketa-prozesuan sortzen ditu hondakinak (ijezketa-olio halogenatua), hala nola koipegabetze-prozesuan (koipegabetzaile alkalino agortua, koipegabetzaile alkalinoaren lohiak), gainazal-tratamenduan (azido agortuak, upelaren hondoko lohi metaliko azidoak), hondakin-uren tratamenduan (ur azidoen neutralizazio-lohiak, prentsa-iragazkiko lohiak), proba hidraulikoetan (skimmer olio kutsatua) eta zerbitzu orokorretan.

Gaur egun, Metalen eta Plastikoen Gainazalak Tratatzeko BREFean jasotako teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira (Surface Treatment of Metals and Plastics, 2006ko abuztua). Zehazki, teknika erabilgarri on horiek, besteak beste, hauek dira:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

«Bigarrena.– Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak Amurrioko udalerrian sustatutako hotzean ijeztearen bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko eta amaitzeko ondorengo baldintza eta eskakizunak ezartzea.

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala gauzatuko dira:

B.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.– Baldintza orokorrak.

Tubacex Tubos Inoxidables SAUren instalazioa ustiatzean, baldintza hauek bete beharko dira: atmosferara egingo diren igorpenek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.

Prozesuan zehar atmosferara igortzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko dira, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpen ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko igorpenak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatuko eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko moduan. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

Instalazioaren titularrek abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituzte.

Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-guneak, neurketa-portuak, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

B.1.2.– Fokuak identifikatzea. Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogazioa.

Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratu zuen, eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatu. Bada, instalazioan, dekretu horretan xedatutakoaren arabera katalogatutako jarduera hauek egiten dira:

(Ikus .PDF)

Hotzean ijeztearen bidez soldadurarik gabeko altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzeko Tubacex Tubos Inoxidables SAUren instalazioak foku konfinatu hauek ditu:

(Ikus .PDF)

Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada igorpenen iraupen orokorra, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.

Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

B.1.3.– Igorpenen muga-balioak.

a) Igorpen atmosferikoek igorpenen muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da lantegia:

(Ikus .PDF)

Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

Igorpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Ikusten bada igorpenen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

B.1.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistemak.

Instalazioaren titularrek abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen dituzten instalazioak arautzen dituena) 5. artikuluan jasotako eskakizunak bete beharko dituzte.

Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuaren B.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: fokuen sekzioak, neurketa-guneak, laginketa-guneek, neurketa-portuek, irisgarritasunak eta segurtasunak eta zerbitzuek.

Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

Igorpen lausoak minimizatzeko helburuarekin, jarioak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da.

B.2.– Ibilgura isurtzeko baldintzak.

Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: altzairu herdoilgaitzezko hodiak fabrikatzea.

Jarduera-taldea: askotariko manufakturak.

Mota-taldea-EJSN: 1-07–2420.

Ebazpen honek isurketa baimentzeko hainbat fase aurreikusten ditu, Kutsadura Murrizteko Programa (KMP) bati lotuak, isurketak pixkanaka egokitzeko:

1.– Hasierako fasea (KMPa indarrean – isurketa baimendua: arazteko instalazioak zati batean eginda):

Titularrak hondakin-uren fluxuak batu beharko ditu, batera tratatzeko. Horretarako, teknika erabilgarri onenak hartuko ditu kontuan. Faseka egin ahalko da bateratzea, helburua izanik isuri guztiak saneamendu-sare orokorrera konektatzea, ahal denean.

Baldin eta ez bada bideragarria batera tratatzea orain baimenduta dauden isuri guztiak, aurrera egin beharko da saneamenduko barne-sarearen diseinuan, zeina etorkizuneko sare nagusiarekin konektatuko baita.

2.– Amaierako fasea (KMPa amaituta – isuriak eskualdeko HUAk jaso ditu): arroko organismoak KMParen amaierako txostena egin ondoren abiaraziko da fase hau, jarduketa guztiak behin burututa.

B.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

(Ikus .PDF)

B.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

(Ikus .PDF)

B.2.3.– Isurketen muga-balioak.

Ondorengo zerrenda honetan ageri dira isurketa eragin duen jardueraren parametroen ezaugarri nagusiak, bakoitzarentzat ezarritako isurien muga-balioekin:

(Ikus .PDF)

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko. Gainera, ingurune hartzaileko ingurumen-arloko kalitate-arauak bete beharko dira. Kontrara, titularrak beharrezkoak diren prebentzio-neurriak hartu beharko ditu sortu duen kutsadura murrizteko, edo beharrezkoak neurri zuzentzaileak ezarri arazteko instalazioetan, isurketa ez dadin izan aipatutako arauok urratzearen kausa.

Baimen honek ez du babesten baldintza honetan esplizituki adierazi ez den beste gairik isurtzea, bereziki gai arriskutsurik (maiatzaren 23ko 606/2003 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarria).

Ezkutuko purga liratekeen terrazen, gordailuen eta abarren gainezkabideen isurketak ez dira baimenduko. Halako isurketarik gertatuz gero, horren berri eman beharko da, eta dagokion isurketa-baimena eskatu.

B.2.4.– Kutsadura murrizteko programa (KMP) – Arazteko eta husteko instalazioak.

B.2.4.1.– Xedea.

Saratxoko hodi-fabrikan proposatutako KMPak berekin dakar isurketa pixkanaka egokitzeko beharrezkoak diren arazteko instalazioak egin eta martxan jartzea edo neurri zuzentzaileak ezartzea.

B.2.4.2.– Deskribapena.

1.– Hasierako fasea.

– Arazteko instalazioak funtzionamenduan:

(Ikus .PDF)

– Instalazioak eraikitzea: fase horretan, titularrak KMPa betearazi behar du:

I. jarduketa – 2021eko martxoaren 31 baino lehen:

– Tubacex Tubos Inoxidables SAUren eginbeharrak:

a) Fluxuak bateratzea, batera tratatzeko. Faseka egin ahalko da bateratzea, helburua izanik isuri guztiak saneamendu-sare orokorrera konektatzea, ahal denean.

b) Baldin eta ez bada bideragarria batera tratatzea orain baimenduta dauden isuri guztiak, aurrera egin beharko da saneamenduko barne-sarearen diseinuan, zeina etorkizuneko sare nagusiarekin konektatuko baita.

Titularrak Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko dio sei hilero Tubacex Tubos Inoxidables SAUren instalazioetan zer aurrerapen egin den, saneamenduko bere barne-sarea biltodi nagusiarekin konektatzeko, zeinak isuri oro eskualdeko etorkizuneko HUAra bideratu beharko baitu. Era berean, urtean behin jakinaraziko dio aurrekoa Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako c.6 apartatuan aipatutako ingurumena zaintzeko programa atxikita.

– Hodi-fabrikako hondakin-urak Amurrioko saneamendu integraleko sistema nagusira isurtzea, eta jabari publiko hidraulikora gehiago ez isurtzea.

– Aipatutako KMParen amaieraren jakinarazpena eta egiaztapena, administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzaileak egindako txostenaren bidez (MAM/985/2006 Aginduaren 13. artikulua).

2.– Amaierako fasea.

– Isuriak eskualdeko saneamendu-sarera isurtzea.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Arazteko instalazioen errendimendua ez murrizteko, ahal dela, kutsatu gabeko euri-uren jarioak gehitzea ekidingo da.

Nolanahi ere, isurketa eragin duen jarduerari dagozkion eta eskura dauden teknika onenak hartuko dira kontuan, edo, hala badagokio, ingurumena babestearen arloan maila baliokidea duten teknikak.

Gerora ikusten bada araztegiak ez direla nahikoak isurketen muga-balioak eta ingurune hartzailearen ingurumen-kalitateko arauak betetzeko, araztegietan egin beharreko aldaketa guztiak egin beharko ditu titularrak, baimendutako ezaugarrien araberakoa izan dadin isuria. Aurretik, hartuko dituen neurriak Uraren Euskal Agentziari jakinarazi beharko dizkio, eta, behar bada, baimena bera ere aldatu beharko du.

B.2.4.3.– Isuria kontrolatu eta husteko elementuak.

Isurketa baimendu bakoitzean kontrol-puntu bat egongo da, arazteko instalazioen atzean kokatua, emaria neurtu eta laginak hartu ahal izan ditzan isurketa ikuskatuko duen Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko Uraren Euskal Agentziak edo administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzaileak.

1., 2. eta 8. kontrol-puntuen eta jabari publiko hidraulikora egindako isurketa-puntuen artean ezingo da egon husteko azpiegituretarako lotune gehiagorik. Hala, efluenteen ezaugarriak ez dira aldatuko puntuon artean.

Kontrol-puntuak gaindituta, 4., 5. eta 10. isuriak huste-azpiegitura komun batera gehituko dira, jabari publiko hidraulikora isurtzeko amaierako puntura iritsi arte.

Kontrol-puntuak gaindituta, 3. eta 9. isuriak huste-azpiegitura komun batera gehituko dira, jabari publiko hidraulikora isurtzeko amaierako puntura iritsi arte.

Kontrol-puntuak gaindituta, 6. eta 7. isuriak huste-azpiegitura komun batera gehituko dira, jabari publiko hidraulikora isurtzeko amaierako puntura iritsi arte.

B.2.5.– Baldintza ekonomiko-administratiboak.

B.2.5.1.– Baimenaren indarraldia: 1 – Hasierako fasea. (KMParen I. jarduketa gauzatzea).

Isurketa-baimenaren indarraldia 2021eko martxoaren 31n amaituko da (1 - Hasierako fasea), non eta ez den aurretiaz aurkezten I. jarduketan eskatutako dokumentazioa, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak askitzat jo badu.

KMPan aurreikusitako jarduketak amaituta, eskatzaileak arazteko instalazioak martxan jarri eta behar bezala funtzionatzen ari direla edo neurri zuzentzaileak ezarri dituela jakinarazi beharko du, administrazio hidraulikoaren erakunde kolaboratzaileak egin diren lanekin ados dagoela («2- Amaierako fasea: KMPa amaituta» ataleko baldintzak betetzeagatik) adierazten duen txostena atxikita (MAM/985/2006 Aginduaren 13. artikulua). Jakinarazpen hori idatziz helarazi beharko zaio Kantauriko Konfederazio Hidrografikoari betiere 2021eko martxoaren 31 baino lehen.

Titularrak instalazioak martxan jarri dituela jakinarazi ondoren, arroko organismoak, egoki jotako egiaztapenak egin ondoren, hala badagokio, KMPa amaitu izanaren txostena emango du, eta «2- Amaierako fasea: KMPa amaituta» ataleko isurketa-baimena aldatuko da.

B.2.5.2.– Isurketen kontrol-kanona.

Uraren Legearen 113. artikulua eta Jabari Publiko Hidraulikoaren araudiaren 291. artikulua eta IV. eranskina aplikatuz, isurien kontrol-kanonaren urteko zenbatekoa izango da baimendutako isuriaren bolumena bider isuri-kontrolaren prezio unitarioa, formula honekin bat etorriz:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(*) 22/2013 Legeak ezarritako oinarrizko prezioa (abenduaren 26ko BOE), 2014ko urtarrilaren 1etik indarrean.

Uraren Legearen 113.4 artikuluak xedatzen duenez, IKKren zergaldia urte natural bakoitzarekin dator bat. Ebazpen honetan ezarritakoa da titularrari likidatzen zaion isurien urteko kontrol-kanonaren zenbatekoa, kalkulu honetako faktoreei eragiten dieten isuria baimentzeko baldintzak aldatzeko ebazpenik ematen ez den artean.

Hori dela eta, urtero bidaliko zaio titularrari aurreko ekitaldiari dagokion tasa, lehenago ezarritako zenbateko eta guzti, baldin eta ez badira kitatutako aldian oinarrizko prezio eguneratuak aplikatu behar aurrekoen ordez –BOEn argitaratutakoak–. Tasa horretan adieraziko dira kitatu den kanonaren zenbatekoa, epea, lekua eta ordaintzeko modua.

Nolanahi ere, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294.2.a) eta 294.3 artikuluetan aurreikusitako kasuetan, ekitaldiko egun kopuru osoa kontuan hartuta, baimena indarrean dagoen egun kopuruarekiko proportzionalki kalkulatuko da urtealdiari dagokion isurien kontrol-kanonaren likidazioa.

Isurien kontrol-kanonak ez du zerikusirik izango autonomia-erkidegoek edo udal-korporazioek saneamendu- eta arazketa-lanak finantzatzeko ezar ditzaketen kanon edo tasekin (Uren Legearen 113.7 artikulua).

– Jabari publiko hidraulikora isurketa gehiagorik ez egitea eta isurketak kontrolatzeko kanonaren indarraldia.

Jabari publiko hidraulikora isurketa gehiagorik egiten ez bada, izan estolda-sarera lotura ezarri delako, izan isurketaren jarduketa eragilea amaitu delako, titularrak horren berri eman beharko dio Uraren Euskal Agentziari eta Ingurumen Sailburuordetzari, txosten batean jasota utz dezan isurketak kontrolatzeko kanonaren azken sortzapen-eguna. Oro har, titularraren jakinarazpeneko data erabiliko da, baldin eta isurketak benetan amaitu badira.

Isurien amaiera jakinarazten ez den bitartean, isurketak kontrolatzeko kanona sortzen jarraituko da. Horrenbestez, arroko erakunde honek dagokion likidazioa emango du Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 294. artikuluari jarraikiz.

B.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011 Legea) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakinak tratatzeko instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek karakterizatuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d) apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatua Ingurumen Sailburuordetzan eta Amurrioko Udalean.

Sortutako hondakinak beste erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.

Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.

B.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

a) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da, eta horiei buruzko informazioa baimena izapidetzean jasotzen da. Kode batzuk alda badaitezke ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Ondorengo hondakinak instalazioan sortzen diren instalazioaren andeletatik zuzenean bildu beharko dira, aurrez ontziratu edo biltegiratu gabe, kudeatzaile baimenduari entregatzeko:

1.– Azido nitriko agortua.

2.– Ur azidoen neutralizazio-lohiak.

3.– Hozte-putzuetako lohiak.

4.– Disolbatzaile organiko ez-halogenatua.

5.– Uraren oinarriko koipegabetze-disolbatzailea.

6.– Koipegabetze alkalinoaren lohiak.

d) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileri eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

e) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Sanitarioen Kudeaketari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan eta hura ondoren garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.

f) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino luzaroago gorde. Salbuespenez, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta bermatzen bada gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela.

g) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina, lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

h) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Tubacex Tubos Inoxidables SAUk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo dokumentu ofizial baliokideak.

i) Hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzailearen instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko da.

j) Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako industriako olio erabilia Tubacex Tubos Inoxidables SAUk.

k) Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek otsailaren 1eko pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko 106/2008 Errege Dekretuan xedatua bete beharko dute. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta Toki Erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

l) Tubacex Tubos Inoxidables SAUk PKB daukaten gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretua (poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

m) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 EE Erregelamenduan ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Tubacex Tubos Inoxidables SAUk era horretako substantziarik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

n) Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

o) Erregistro bat eramango da, eta han adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

p) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Tubacex Tubos Inoxidables SAUk hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

q) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada Tubacex Tubos Inoxidables SAU, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

r) Artikulu honetako g) eta h) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta n) eta p) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa).

s) Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu Tubacex Tubos Inoxidables SAUk. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak hondakin ez-arriskutsu hauek aitortu ditu:

(Ikus .PDF)

a) «Zeharkako hozte-zirkuituaren lohiak» izeneko hondakinaren kasuan, hondakin horrek ispilu-sarrera du gaur egun indarrean dagoen hondakinen Europako zerrendan. Bada, horiek hondakin ez-arriskutsutzat hartuko dira, baldin eta lehenengo aldiz ebaluatu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Hondakina arriskutsua dela erabakiz gero, ebazpen honetako B.3.1. atalean zehazturikoa aplikatu beharko da.

b) Bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, «Hondakin ez arriskutsuak, obretakoen nahasketa» izeneko hondakinak ezingo du baloriza daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan baliotu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

c) Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, dena delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek balorizazioari uko egiten diotela frogatu beharko da.

d) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio –hornitzaileari–, erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.

e) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

f) Oro har, hustu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Tubacex Tubos Inoxidables SAUk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

g) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharko da, 49/2009 Dekretuak, otsailaren 24koak, hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoak, ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

h) Balorizatzeko edo ezabatzeko asmoz, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

i) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada Tubacex Tubos Inoxidables SAU, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.

j) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, urte egokikoa, bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

k) Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e), f) –kudeatzaileak EAEkoak direnean–, g) eta h) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.4.– Ontziak merkaturatzea.

Tubacex Tubos Inoxidables SAUk, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.

Era berean, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du, nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi hondakinei buruzko Legearen (apirilaren 24ko 11/1997 Legea) lehen xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

Baldin eta Tubacex Tubos Inoxidables SAUk, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:

– 250 tona, beira soilik bada.

– 50 tona, altzairua soilik bada.

– 30 tona, aluminioa soilik bada.

– 21 tona, plastikoa soilik bada.

– 16 tona, zura soilik bada.

– 14 tona, kartoia edo material konposatuak soilik badira.

– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.

Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko da bi agiriok.

B.5.– Lurzorua babesteari dagozkion baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, eta 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostenaren edukia eta entregatzeko baldintzak, lurzoruen eta lurpeko uren oinarrizko txostena eta kontrol- eta jarraipen-dokumentuak. Esteka honetan eskura daiteke:

http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-pcc/eu/

Betiere, sustatzaileak lurzoruen agiri bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen lan egiten duen erakunde akreditatu batek egina. Agiri horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko agiriak. Aurrerantzean ere, emandako dokumentuak aldatu edo dokumentu berriak eman behar balira, lurzoruen dokumentu berri bakar bat bidaliko da.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea erakarriko lukeen aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, Ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1c letran xedatzen denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz kutsatu diren ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa modu egokiena zehaztearren.

b) Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 m3 gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

c) Hondeatu beharrekoa 500 m3 baino gutxiago bada, aldaketaren jakinarazpenean informazio hau eman beharko da: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

d) Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

e) Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

– Soberakinak zabortegian biltegiratuta hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: ekainaren 25eko 4/2015 Legean (Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa) ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den substratu harritsu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuari jarraikiz, betiere.

B.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Behar diren neurri guztiak ezarriko dira, indize akustiko hauek gainditu ez daitezen:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko behar den garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

(Ikus .PDF)

1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.

Instalazioak, funtzionamenduan, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Jardueraren zuzeneko edo zeharkako eraginez, zaratarentzat ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direnean, hain zuzen ere, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean garatzen den Zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. eta 16. artikuluetan adierazten direnak, jarduerak behar diren neurriak hartu beharko ditu helburu horiek gainditu ez daitezen.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handitu behar sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

OCTG lerro berriarekin lotutako zarata-iturrietarako, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk behar diren neurriak hartuko ditu instalazioak ez ditzan kanpoko ingurumenera transmititu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F. taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.

(Ikus .PDF)

– Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat inongo eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako, baliook eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkiolarik, are eraikin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo egonda ere.

Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.

C) Ingurumena Zaintzeko Programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programa:

C.1.– Igorpen atmosferikoak kontrolatzea.

C.1.1.– Kanpoko kontrolak.

a) Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak igorpenak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

(Ikus .PDF)

(1) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Agindua, zeinaren bidez jarraibide teknikoak zehaztu baitziren abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko (dekretu haren bidez, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzen dira).

b) Puntu honetako a) apartatuan aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek bete egin beharko dituzte Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintzak, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

c) Halaber, a) apartatuan azaldutako igorpen-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori dagokion urteko Ingurumena Zaintzeko Programan justifikatu beharko da.

C.1.2.– Lortutako emaitzen erregistroa.

Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

Baimenaren hasierako fasean, titularrak Uraren Euskal Agentziaren eta Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean zehaztu beharko du zein baldintzatan egiten dituen isurketak ingurune hartzailera. Analisi-kontrolen maiztasuna hau izango da:

(Ikus .PDF)

Kontrol bakoitza «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du (Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 255. artikulua), eta baimendutako parametro guztiei egingo zaie. Baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen direla ulertuko da parametro guztientzat ezarritako mugak betetzen direnean.

Kontrolen emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Uraren Euskal Agentziara bidaliko dira (Urkixo zumarkalea 36, Bizkaia Plaza eraikina, 7. solairua, 48011 Bilbo); edo, bestela, formatu digitalean, jerrazkin@uragentzia.eus helbidera, laginak hartu eta hilabeteko epean. Era berean, urtean behin bidaliko dio aurrekoa Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako c.6 apartatuan aipatutako ingurumena zaintzeko programa atxikita.

Aipatutako maiztasunarekin, aldi bakoitzean efluenteak ezaugarri baimenduekiko dituen balizko desbiderapenei, horien kausei eta zuzentzeko hartutako neurriei buruzko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da.

Parametroen analisia «Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater» txostenean (APHA, AWWA, WPCF, azken argitalpena) edo «ASTM Water and Environmental Technology» txostenaren azken argitalpeneko 11. sailean jasotako metodo normalizatuetako baten bidez egingo da. Parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera egokiena dena hautatuko da. Gaur egun erabiltzen diren metodoak ez bezalako analisi-metodoak ezarri ahal izango dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziak, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatuko ditu eta efluentea neurtu eta aztertu ahal izango du, isurketen emariek eta parametroek baimendutako mugak gainditzen ez dituztela egiaztatu ahal izateko. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.

C.3.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

a) Ebaluazioa indize akustiko hauek kalkulatzeko metodoen bidez egin beharko da: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

b) Zarata transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean neurketak eginez, LAeq,Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da hiru urtez behin. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

c) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen-organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

d) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetzak emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5.– Lurzoruaren eta lurrazpiko uren kontrola.

B.5 puntuan aipatu den «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean ezarritako betekizunak baztertu gabe, lurzoruen txostenak datu hauek ere jaso beharko ditu.

– Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurrazpiko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak,– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurrazpiko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

Tubacex Tubos Inoxidables SAUk, gainera, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egingo du, gutxienez bi zundaketa eginez honako hauetarako: urak karakterizatzeko, ateratako lur-zutabea karakterizatzeko eta piezometro bana gaitzeko. Horiek lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko erabiliko dira. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Atal honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

C.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumeneko baimen bateratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako jazoera nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

C.7.– Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du. Bertan, aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak bildu beharko ditu. Hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurrien eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.

D.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien, igorpenen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (27.22 epigrafea, «Altzairuzko hodiak fabrikatzea»), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk jarduera bertan behera uztearen berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Jarduera utzi baino lehen, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu ebazpen honen bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

D.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, 815/2013 Errege Dekretuaren, urriaren 18koan, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duenean, 13. artikuluan arautu bezala, Tubacex Tubos Inoxidables SAUk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

D.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako dokumentazioan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jarioak edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan pilatutako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lohien tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Hobi septikoaren sistemak eta iragazki biologikoak garbitze- eta mantentze-lan egokia izango dute errendimendu ona ziurtatzeko. Aldizka enpresa espezializatu batek erretiratuko ditu pilatutako solido eta lohiak, eta iragazki biologikoaren ohantzea garbituko du, eta garbiketan arrastatutako solidoak ibilgura hustea saihestuko da.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horrek aurreikusi gabeko isurketaren bat badago, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, eta dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidali (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako jazoerak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

i) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.

j) Gorabeheraren bat izanez gero agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.

Gertakari edo arazo larriren bat edo ustekabeko isurketa edo emisioren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Amurrioko Udala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean hauteman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

– Muga-balioak gaindituz gero, emisioen datuak.

– Eragindako kalteen balioespena.

– Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

E) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresak, aurreko urtean atmosferara egindako igorpenei eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

Informazio hori lekualdatzeko, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hots, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistema.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, babes- zein zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Erakunde honen onespena ere beharko da, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Bigarrena.– Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresari eskatzea sei hilabeteko gehieneko epean alderdi hauei erantzuteko:

– Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu beharko du, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol eta jarraipeneko dokumentuak. Horiek guztiak eskatzen dira «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» izeneko zirkularrean, zeina bigarren apartatuan aipatzen baita: B.5.– Lurzorua babesteko baldintzak. Dokumentuari «058» kodea esleituko zaio, eta 6 hilabeteko epean entregatu beharko dute baimena jasotzen denetik hasita.

– Justifikatu beharko da kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen erabakiaren bidez argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Ebaluazioa indize akustiko hauek kalkulatzeko metodoen bidez egin beharko da: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo, Ebazpenaren C.4 apartatuan adierazitakoaren arabera.

Halaber, hilabeteko epea izango du EHZ 120106 «Ijezketa-olio halogenatua» hondakinaren balorizazio-ezintasuna justifikatzeko.

Hirugarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz –testu bategina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen–, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Tubacex Tubos Inoxidables SAU enpresari, Amurrioko Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Bosgarrena.– Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 10a.

Ingurumeneko sailburuordea,

MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.


Azterketa dokumentala