Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

37. zk., 2019ko otsailaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
934

5/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara eman dadila Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, Justizia Ministerioarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, epaitegi eta auzitegietan kanpoko praktikak egitekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du hitzarmen hori, eta hitzarmenari dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Epaitegi eta auzitegietan kanpoko praktikak egiteko Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin, Justizia Ministerioarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea; eranskinean jasota dago.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 31.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 31KO 5/2019 EBAZPENARENA
HITZARMENA, BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN, JUSTIZIA MINISTERIOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA DEUSTUKO UNIBERTSITATEAREN ARTEAN, EPAITEGIETAN ETA AUZITEGIETAN KANPOKO PRAKTIKAK EGITEKO

Madril, 2018ko arazoaren 9a.

HONAKO HAUEK BILDU DIRA:

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, Carlos Lesmes Serrano jauna, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2013ko abenduaren 9ko osoko bilkuraren akordioaren (2. zk.) arabera izendatua, abenduaren 10eko 979/2013 Errege Dekretuaren bidez, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 585. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak baliatuta.

Justiziako ministroa, María Dolores Delgado García andrea, ekainaren 6ko 357/2018 Errege Dekretuaren arabera, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legeak) 61. artikuluan aitortzen dizkion eskumenak baliatuta.

Lan eta Justiziako sailburua, María Jesús Carmen San José López andrea, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak) 16. artikuluan eta hamargarren xedapen gehigarrian eta azaroaren 26ko 36/2016 Dekretuak (Lan eta Justiziako sailburua izendatzekoak) artikulu bakarrean ezarritakoaren arabera.

Deustuko Unibertsitateko errektorea, José M.ª Guibert Ucín jauna, haren izen eta ordezkaritzan, eta Unibertsitate horretako Estatutu Orokorren 23. artikuluak emandako eskumenen arabera.

Alderdiek elkarri aitortu diote jarduteko gaitasun osoa, hitzarmen hau sinatzeko duten legezko ordezkaritzan, eta, horretarako, honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Estatuak eskuduntza esklusiboa du Justizia Administrazioaren alorrean, hori arautzen baitu Espainiako Konstituzioaren 149.1.5 artikuluak.

Bigarrena.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia da bertako gobernu-organoa, Espainiako Konstituzioaren 122.2 artikuluaren arabera, eta haren eskuduntzak Botere Judizialaren Lege Organikoaren (uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren) 558-565 artikuluetan araututa daude.

Hirugarrena.– Botere Judizialaren Lege Organikoko 435. artikuluaren eta bat datozen gainerakoen arabera, Bulego Judiziala auzitegi eta epaitegien jurisdikzio-jarduera lagundu eta babesten duen tresna-izaerako erakundea da, eta Prozesu Komunen Zerbitzuak zuzentzeko ardura Justizia Administrazioko Letradunen Kidegoari dagokio. Funtzionario publiko horiek goi-mailako kidego juridikoa osatzen dute, bakarra eta nazio-mailakoa, Justizia Ministerioaren menpe dagoen Justizia Administrazioaren zerbitzura, eta agintaritza-gisa aritzen dena lanean, Bulego Judizialaren zuzendaritzaz arduratuta.

Laugarrena.– Azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuak (Justizia Administrazioa baliabide materialez eta ekonomikoez hornitzeko Estatu Administrazioak betetzen dituen eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoak), Eranskinaren B) atalean arautzen du «Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkiola erkidego horretan egoitza duten organo judizialentzat ondare higigarria, higiezina eta tresneria eskuratu eta kudeatzeko eginkizunak» eta «Euskal Autonomia Erkidegoan Justizia Auzitegien jarduerarako beharrezko bitarteko materialak administrazioan planifikatu, programatu eta kontrolatzeko eginkizunak». Eranskin horren beraren E) atalean arautzen da erkidego horri eskualdatzen zaizkiola Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunei atxikitako ondasun, eskubide eta betebeharrak.

Bosgarrena.– Era berean, Auzitegietako Gobernu Organoen 1/2000 Erregelamenduak (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2000ko uztailaren 26ko osoko bilkuraren akordio bidez onartuak) honako hau ezartzen du 4.ñ) artikuluan: eraikin judizialetan edo horien bulegoetan garatzen diren funtzio judizialaz besteko jarduerak ezin izango dira burutu, baldin eta ez badago akordiorik Gobernuko Salaren eskutik, higiezinaren titularra den Administrazioaren eskutik eta bat datozen eskumenak (halakorik badago) dituzten gainerako administrazioen eskutik.

Seigarrena.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan autonomia-erkidegoari ematen dizkio Justizia Administrazioko beharrei erantzuteko eskumenak, 13.1 artikuluarekin bat etorriz. Eskumen horien egikaritza azaroaren 6ko 1684/1987 Errege Dekretuarekin hasi zen, eta martxoaren 1eko 410/1996 eta martxoaren 15eko 514/1996 errege-dekretuen bidez egindako eskualdaketei esker, aipatutako beharrei hobeto erantzuteko garapen egokia ahalbidetu zuen. Lan eta Justizia Sailak kudeatu eta bultzatu behar ditu eskualdatutako zereginak.

Zazpigarrena.– Deustuko Unibertsitatearen xedeetako bat da «zeinek bere prestakuntza unibertsitariotik, gizartean pertsona osoaren balioen zerbitzua bultzatuko duten pertsonak heztea, munduan justizia zabal dadin bereziki kezkaturik, horren alde lan egiteko gai izango direnak».

Helburu horiek betetze aldera, interesgarria da kanpoko praktikak antolatzea, geletan eskuratutako ezagutzak osatze aldera.

Zortzigarrena.– Erakunde sinatzaileek adierazi dutenez, bat datoz interes komuneko hainbat helburutan, eta helburu horietako bat da, izan zuzen ere, unibertsitate-ikasleei prestakuntza integrala ematea, teoria eta praktika uztartzen dituen prestakuntzaren bidez.

Bederatzigarrena.– Uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak (unibertsitate-ikasleen kanpoko jarduera akademikoak arautzen dituenak) hainbat alderdi garatzen ditu, besteak beste hezkuntza-lankidetzako hitzarmenetako praktiken helburuak, erakunde lankideak eta hartzaileak, baldintzak, tutoretzak eta edukiak. Gainera, arauketa horrek sustatu egin behar du praktiketako ikasleak sartzen direla administrazio publikoen eremuan, etorkizuneko profesionalen enplegagarritasuna indartzeko, beren ekintzailetzarako, sormenerako eta berrikuntzarako gaitasuna bultzatzeko, eta ezagutzaren gizartean oinarritutako eraldaketa ekonomikoarekiko konpromisoari erantzuteko asmoz.

Hamargarrena.– Hitzarmen honek bete egiten du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren Batzorde Iraunkorrak onartutako Practicum Hitzarmeneko eredua.

Hamaikagarrena.– Erakunde sinatzaileek auzitegietan eta epaitegietan kanpoko praktikak antolatzea dute xede, hitzarmeneko azalpenen zatian adierazitako eran, uste baitute jarduera hori oso interesgarria izan daitekeela etorkizunean Justizia Administrazioarekin lankidetzan aritu edo bertan lan egin dezaketen profesionalen prestakuntzarako, horrek, era berean, are kalitate gehiago emango baitio administrazioari berari ere.

Lankidetza horren arabera, Deustuko Unibertsitatean ikasten ari den ikasleak kanpoko praktikak egin ahalko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko auzitegietan eta epaitegietan, honako klausula hauen arabera.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua eta alderdien konpromisoak.

1.– Hitzarmen honen helburua da kanpoko praktikak egitea, curriculumekoak eta curriculumetik kanpokoak (aurrerantzean, kanpoko praktikak), Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan eta auzitegietan, Deustuko Unibertsitateko graduko edo masterreko ikasketa ofizialetako praktika akademikoen irakasgaian matrikulatuta dauden ikasleen kasuan, betiere Justizia Administrazioko profesionalekin lotutako titulazioetan.

2.– Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak hitz ematen du hitzarmen honen xede diren kanpoko praktikak egiteko aukera emango duela eta ikasleei epaitegietako eta auzitegietako egoitzetara sartzeko erraztasunak jarriko dizkiela.

3.– Bestalde, Deustuko Unibertsitateak hitz ematen du organo judizialean praktiken tutoretza betetzen duen pertsonak (edo pertsonek) honako eskubide hauek eduki ahal izango dituela, unibertsitatearen araudi propio aplikagarriaren esparruan:

a) Bere jarduera lankidea aitor dakion eskubidea; horretarako, Deustuko Unibertsitateak egiaztagiri bat igorriko du, praktiketako ikasleen tutore gisa egin duen jarduera ziurtatzeko.

b) Kanpoko praktikak arautzen dituen araudiari eta haien prestakuntza-proiektuari eta garapen-baldintzei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea.

c) Unibertsitaterako sarbidea izateko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta babesa eskuratzeko.

d) Unibertsitateko langileen abantaila berberak izateko eskubidea, liburutegietara, kirol-instalazioetara edo kultura-jardueretara sartzeko orduan, besteak beste.

4.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ematen duten lankidetza ahalbidetzeko, kontuan hartu beharko dira kanpoko praktika horiek egingo diren tokiko auzitegi edo epaitegiaren beharrizanak eta eskuragarritasuna. Ondorioz, beharrizanen baten ondorioz edo eskuragarritasun faltagatik beharrezkoa bada, hitzarmena bertan behera geratuko da, egoera horrek irauten duen bitartean, edo, hala badagokio, iraungi egingo da, eta ez da beharrezkoa izango aldez aurretik amaiera hori iragartzea. Halaber, Deustuko Unibertsitateak ezingo du erreklamaziorik aurkeztu, ez eta kalte-ordainik edo konpentsaziorik jaso ere.

5.– Era berean, Unibertsitateak hitz ematen du, bere eskuragarritasunaren arabera, lankidetzan arituko dela Justizia Ministerioarekin, eta, horren harira, bere gelak doan erabiltzeko baimena emango diola. Hala ere, sor daitezkeen aparteko gastuak ez dira bertan sartuko, besteak beste atezaintzaren, garbiketaren, ahots-lineen edo datuen, argiaren edo zaintzaren ziozko gastuak, Justizia Administrazioaren zerbitzurako langile funtzionarioak sartzeko hautaketa-prozesuetako probak egitearen zioz sortzen direnak.

Bigarrena.– Praktiken baldintza eta betekizun orokorrak.

1.– Kanpoko praktikek, edonola ere, bete egin beharko dute indarreko araubidea, eta, bereziki, uztailaren 11ko 592/2014 Dekretuan (unibertsitate-ikasleen kanpoko jarduera akademikoak arautzen dituenean) ezarritakoa.

Hitzarmen honen xedean jasotako prestakuntzaren baldintza eta betekizun zehatzak titulazioaren eranskinetan ezarriko dira. Eranskin horiek hitzarmenera batuko dira, haren jarraipen- eta kontrol-batzordeak adostu dituztenean, eta aldeek sinatu dituztenean.

2.– Kanpoko praktikak egiteko bi modu daude, eta ez dira baztertzaileak:

a) Curriculumeko praktikak. Ikasketa-planetan agertzen diren praktikak dira, edozein titulazio eskuratzeko beharrezkoak direnak.

b) Curriculumetik kanpoko praktikak. Ikasleek beren prestakuntza-aldian zehar beren borondatez egiten dituzten praktikak dira, eta xede berdinak izan arren, ez dira sartzen ikasketa-planetan, ondoren Tituluaren Osagarri Europarrean izango duten aipamena gorabehera.

3.– Deustuko Unibertsitateko kanpoko praktikak zuzentzeaz arduratzen den pertsonak proposatuko ditu ikasleak.

4.– Aukeratutako ikasleen kanpoko praktikek bete egin beharko dituzte horiek egiten dituzten tokian tutoretzaz arduratzen den pertsonak (edo pertsonek) ezarritako antolaketa-beharrizanak, eta, beraz, ezingo da eragozpenik jarri beren eginkizunak normaltasunez garatzeko orduan.

Ikasleak jarduera judizialetara sar daitezen, kontuan hartu beharko da prozeduraren egoerak berak hala ahalbidetzen duen, isilpekotasuna aitortu den ala ez, eta, edonola ere, erreserba edo konfidentzialtasunaren betebeharra bete beharko da eta inplikatutako pertsonen edo alderdien nortasuna zaindu.

Kanpoko praktiken iraupena Deustuko Unibertsitateak zehazten duena izango da. Ordutegia bat etorri beharko da auzitegien edo epaitegien ordutegiarekin, eta, bi kasuetan, horien arduraduna den pertsonak ezarriko du, jurisdikzio-organoaren funtzionamendu hobeari erreparatuta.

Ikaslearen puntualtasunik eza, bertaratzerik eza, jarrera desegokia edo epaitegien edo auzitegien funtzionamendu normalaren gaineko asaldurak errepikatzen badira kanpoko praktikak egiten diren tokian, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo ukitutako epaitegi eta auzitegiek berehala eten ahalko dituzte praktika horiek, kautelaz, eta unibertsitate sinatzailea jakinaren gainean jarriko dute, egokitzat jotzen dituen neurriak har ditzan.

5.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute erantzukizunik izango ikasleen gainean, kanpoko praktikak hertsiki akademikoak baitira. Ez da inola ere ulertuko alderdien artean merkataritzako, laneko edo arlo zibileko kontratu-harremanik ezartzen denik, eta harreman horren edukiak ezingo du eragin lanpostuetako berezko lanak ordezkatzerik, Justizia Administrazioaren ohiko beharrizanak estaliz, zeregin horiek egiteko betebeharra esleituta duten lanpostuak betetzen dituzten langile publikoen kaltetan, prestakuntza praktika egokia jaso beharrean, ez baitira betetzen legeak eskatzen dituen baldintzak. Hori guztia dela eta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez dute zertan kontraprestazio ekonomikorik eman.

Hirugarrena.– Arriskuen estaldura.

Ikasleek hitzarmen honetan aipatutako kanpoko praktikak egin bitartean eragiten edo jasaten dituzten istripuen kasuan, Deustuko Unibertsitatea egingo da horien erantzule bakar.

Aipatu Unibertsitateak aseguru-poliza bat sinatu beharko du kanpoko praktiketan parte hartu duten ikasleek eragin ahal izan dituzten edonolako kalteak estaltzeko, bai eta beraiek istripuetan jasan ahal dituzten horiek estaltzeko ere, praktikak irauten duen denbora osorako, eskola-aseguruak halakorik beregain hartzen ez badu.

Laugarrena.– Kanpoko praktiken baldintza zehatzak.

1.– Ikasleen betebeharrak honako hauek izango dira:

a) Kanpoko praktikak egingo diren tokiko auzitegi edo epaitegiak ezarritako arauak jarraitu eta ordutegiak bete beharko dituzte.

b) Aukeratuak izan diren prestakuntza-lerroaren berezkoak diren eta esleitzen zaizkien zereginetan jarrera aktiboa izan beharko dute.

c) Harremana eduki beharko dute tutoretza-lana egiten duen pertsonarekin (edo pertsonekin), bai eta kanpoko praktiken zuzendaritzaz arduratzen den pertsonarekin ere, halakorik izendatzen bada, ezarritako eran.

d) Laneko arriskuen prebentzioko arauak bete beharko dituzte.

e) Praktikak egiten diren tokiko epaitegian edo auzitegian egon bitartean egindako kanpoko praktiken zioz ezagutzen diren bitarteko, prozesu edo jarduera judizial edo administratiboen gainean isilpekotasuna eta konfidentzialtasuna bete beharko dute, baita praktikak amaitu direnean ere. Horretarako, hitzarmen honen eranskina sinatu beharko dute.

f) Hala ezarrita badago, azken memoria entregatu beharko diote aurreikusitako epean tutoretza akademikoa betetzen ari den pertsonari, curriculumeko kanpoko praktikak gainditzeko, bai eta aldeko aipamena ere, curriculumetik kanpoko praktiketan.

2.– Praktikak garatzen dituzten ikasleek ez dute beteko Justizia Administrazioko Kidego Orokorren Botere Judizialaren Lege Organikoak 476., 477. eta 478. artikuluetan esleitutako eginkizunik.

3.– Ikasleak eskubide hauek ditu:

a) Praktikekin lotutako jarduerak garatzeko eskubidea, horretarako ezarritako ordutegian.

b) Bere jardueraren garapenaren, iraupenaren eta lortutako aprobetxamendu-mailaren azken txostena eskuratzeko eskubidea.

c) Berari dagozkion ebaluazio-deialdietara joateko baimena eskuratzeko eskubidea.

4.– Kanpoko praktikak egiten diren tokiko epaitegi edo auzitegiak izendatuko du (edo ditu) horien tutoretzaz ardurako den pertsona (edo pertsonak), hau da, Justizia Administrazioko letraduna, epailea edo magistratua izan ahalko dena. Pertsona horien zeregina honako hau izango da:

a) Ikasleen lan-plana ezartzea.

b) Ikasleari orientazioa ematea izan ditzakeen zalantza eta zailtasunetan.

c) Ikasleen jarduera ebaluatzea, txosten baten bidez.

Justizia Administrazioko letradunak eta magistratuak edo epaileak garatutako tutoretza mistoa ezarri ahalko da.

5.– Kanpoko praktiketarako ezarritako aldia amaitzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute epaitegiaren edo auzitegiaren eskutik, eta, bertan, berariaz azaldu beharko dira egindako orduak, garatutako jardueren izaera eta lortutako maila, horien tutoretzaz arduratu den pertsonaren (edo pertsonen) arabera.

Deustuko Unibertsitateak egiaztagiri bat igorriko dio tutoretza betetzen ari den eta hala eskatzen duen pertsonari (edo pertsonei), kanpoko praktiken programan egindako lankidetzagatik.

Bosgarrena.– Datuan babesa.

Hitzarmen honen aplikazio-eremuan sartzen diren guztiek bete beharko dituzte honako honetan ezarritako xedapenak eta eskakizunak: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, (DBEO), datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena, bai eta gaiaren gainean indarrean diren gainerako xedapenak ere.

Seigarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez dakarkie betebehar finantzariorik edo kontraprestazio ekonomikorik alderdiei.

Zazpigarrena.– Zabalkundea.

Hitzarmen honen sinadurarekin lotuta publizitatearen eta gardentasunaren gainean aplikatu beharreko xedapenak betetzeari kalterik eragin gabe, Deustuko Unibertsitateak hitz ematen du bere urteko memorian eta hitzarmen honetan agertzen diren jarduerak zabaltzeko egiten dituen ekintza guztietan nabarmendu egingo duela Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Justizia Ministerioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta ukitutako epaitegi eta auzitegiek emandako lankidetza.

Zortzigarrena.– Jarraipen- eta kontrol-batzordea.

1.– Hitzarmen honetan ezarritakoaren jarraipen, koordinazio, kontrol eta interpretazio egokirako, jarraipen-batzorde paritarioa sortu da, erakunde sinatzaileetako bakoitzak izendatutako bi kidek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Ordezkaritzaren ordezkari batek (aipatu batzordean Justizia Ministerioaren ordezkaritzaren parte denak) eratua. Jarraipen-batzordea urtean behin gutxienez bilduko da, alderdietako edozeinen ekimenez.

Jarraipen-batzordearen barruan baloratuko da titulazio-eranskin berriak sartu behar ote diren, Deustuko Unibertsitateak emandakoen artean, Boloniako Plana garatzeko, eta hitzarmen honen xedean ezarritakoaren arabera, batzordeak adostu eta alderdiek sinatutakoan, hitzarmenera batuko dira.

2.– Batzordeak, bere funtzionamenduan, bileren maiztasunean eta bere akordioekiko loturan, bete egin beharko du Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legeak) aurretiazko tituluko II. kapituluan, kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duen horretan, ezarritakoa.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren ondorioak eta aldaketa.

1.– Hitzarmen honek bi urte naturaletan izango ditu ondorioak, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren Legeak (urriaren 1eko 40/2015 Legeak) 48.8 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta estatuko sektore publikoko lankidetza-tresnen eta -organoen estatuko erregistro elektronikoan inskribatuko da; halaber, amaitzean luzatu egin ahalko da, berariaz hala erabakitzen bada, aldi berdinean, eta, hala egitekotan, hitzarmena iraungi baino hilabete lehenago formalizatu beharko da luzapena.

Era berean, sinatzaileetako edozeinek berariaz uko egin ahalko dio hitzarmenari, hura iraungi baino gutxienez hiru hilabete lehenago.

2.– Alderdi sinatzaileek edozein unetan aldatu ahalko dituzte hitzarmen honen baldintzak, elkarren adostasunez, eta, horretarako, hitzarmenaren eranskin bat sinatu beharko dute.

Hamargarrena.– Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.

1.– Xedetzat dituen jarduketak betetzen direnean edo suntsitzeko arrazoia dagoenean azkenduko da hitzarmena.

2.– Hitzarmen hau honako arrazoi hauengatik azkendu ahal izango da:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea, eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Sinatzaileren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

Horrelako kasuetan, edozein aldek jakinarazi ahal izango dio ez-betetzea egin duen aldeari errekerimendu bat, epe jakin batean bete ditzan bete gabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendu hori hitzarmenaren egikaritzearen jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta gainerako alderdi sinatzaileei komunikatuko zaie.

Errekerimendu edo eskaeran adierazitako epea igarotakoan, ez-betetzeak jarraitzen badu, hura bidali zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat dagoela, eta, beraz, suntsitutzat joko da hitzarmena. Arrazoi horren ondorioz hitzarmena baliorik gabe geratzen bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala aurreikusi bada.

d) Hitzarmena deuseza dela adierazten duen erabaki judizial bat egotea.

e) Hitzarmenean edo gainerako legeetan aurreikusi den eta goian jaso ez den beste edozein arrazoi.

3.– Hitzarmena bertan behera uzteko akordioaren edo iraungitzeko borondatearen jakinarazpenaren datatik aurrera, klausula honetan ezarritako eran, lankidetzari eutsi egingo zaio, eta amaitu arte jarraituko dute aipatu data baino lehen hasitako praktika-jarduerek, baldin eta hitzarmen honen lehenengo klausularen azken paragrafoan ezarritakoa betetzen bada.

Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren izaera, eta auziak ebazteko modua.

Hitzarmen juridiko-administratibo hau egitean bete egin da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea (urriaren 1eko 40/2015 Legea).

Hitzarmen hau interpretatu, aldatu, betearazi, bertan behera utzi edo aplikatzean sor daitezkeen gatazkak alderdien artean modu adiskidetsuan ebatziko dira, zortzigarren klausulan aurreikusitako batzordearen baitan.

Administratiboa denez, administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordena izango da aldeen artean sor daitezkeen auziak erabakitzeko eskuduna, hori guztia jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 1. eta 2. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Eta, aurrez adierazitako guztiarekin bat, alde izenpetzaileek hitzarmen honen lau ale izenpetzen dituzte goiburuan adierazitako lekuan eta egunean, legez dagozkien ahalak erabilita eta ordezkatzen dituzten erakundeak lotuta.

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea,

CARLOS LESMES SERRANO.

Justiziako ministroa,

MARÍA DOLORES DELGADO GARCÍA.

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

Deustuko Unibertsitateko errektorea,

JOSÉ M.ª GUIBERT UCÍN.

HITZARMENAREN ERANSKINA

........................ (e)n, 20....(e)ko ..................(e)an.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala