Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2019ko otsailaren 19a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
883

EBAZPENA, 2019ko otsailaren 12koa, Trafikoko zuzendarirena, zeinaren bidez trafikoaren kontrol, arautze, zaintza eta diziplinarako irudiak hartu eta erreproduzituko dituzten dispositibo osagarri eta zinemometro batzuen kokapena aldatzeko baimena ematen baita. Lehenagoko ebazpen batzuen bidez eman zen zinemometro eta dispositibo horiek hurbileko kokapenean erabiltzeko eta instalatzeko baimena.

Zinemometroak Garraio Sistema Adimendunak (ITS) dira, abiadura kontrolatzeko egokiak, eta beraz, bide-sareko puntu zehatzetan ezbehar-tasa murrizteko eta bide-segurtasuna indartzeko ere egokiak.

Helburu hori lortzeko, Trafiko Zuzendaritzak trafikoaren kontrol, arautze, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko dispositiboen eta zinemometroen instalazioa eta erabilera baimentzeko hainbat ebazpen eman ditu.

Dena den, ITSen arloko aurrerapenen ondorioz, Trafiko Zuzendaritzak abiadura kontrolatzeko dispositibo osagarriak eta zinemometroak egokitzeko eta hobetzeko plan bat egin du. Kasu batzuetan, hobekuntza horien ondorioz kontrol-sistemen kokapena aldatu behar izan da; beste batzuetan, kokapena galtzadan egindako obren ondorioz aldatu da.

Arrazoi horiengatik, ezinbestekoa da zinemometro eta dispositibo osagarri batzuen kokapena aldatzea. Aldez aurretik, horiek hurbileko kokapenean erabiltzeko eta instalatzeko baimena emanda zegoen.

Hori guztia dela eta, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168-1998 Dekretuaren 3. xedapen gehigarriak ezarritakoaren arabera (abuztuaren 4ko 4-1997 Lege Organikoak arautua), eta Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 87-2017 Dekretuaren 17.3 artikuluak Trafiko Zuzendaritzari ematen dizkion eskumenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Trafikoaren kontrol, arautze, zaintza eta diziplinarako irudiak hartu eta erreproduzituko dituzten dispositibo osagarri eta zinemometro batzuen kokapena aldatzeko baimena ematea. Aldaketa horiek beheko taulan agertzen dira, baita zinemometro eta dispositibo horiek hurbileko kokapenean erabiltzeko eta instalatzeko baimena eman zuten ebazpenak ere.

Kokapen berriak (PK aldatuta agertzen da taulan) bide eta kilometro-puntu hauetan egongo dira:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Herritarrei zinemometroak hor daudela informatzea, abiadura kontrolatzen den bide-zatian informazio-seinale egokiak jarriz.

Hirugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazioak arau-hauste horiek tramitatzeko eta ebazteko eskumena duten organoetara helaraziko dira, dagokien zehapen-prozedura tramitatu eta ebatzi dadin. Grabazioetan jasotako ekintzetatik ez-zilegi penalen bat egin dela ondorioztatzen bada, grabazio horiek eskumena duen agintaritza judizialera bidaliko dira.

Laugarrena.– Grabazioetan jasotako ekintzetatik bide-segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, ekintza horiek Trafiko Zuzendaritzak tratatuko ditu eta «Zehapenak» tratatzeko jardueran sartuko dira, zehapen administratiboetako espedienteen tramitazioa errazteko; interes publikoa helburu, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legean jasotzen den lege-betebeharra betetzeko.

Espediente horiek gordetzeko egutegian ezartzen den denbora-tartean zehar gordeko dira datuak. Interesdunek datuetara iristeko, datuak zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko, eta datuen tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko eskubideak, eta tratamendu automatizatuan baino oinarritzen ez diren erabakiak jasan behar ez izateko eskubidea ere erabili ahal izango dituzte, hala dagokionean, Trafiko Zuzendaritzaren aurrean, helbide honetan: Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Bideozaintza eta Askatasunen Batzordeari jakinarazi behar zaio, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideokamerak erabiltzeko baimena eman eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168-1998 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriak bere laugarren ataleko bigarren paragrafoan ezarritakoa betetzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 12a.

Trafikoko zuzendaria,

SONIA DÍAZ DE CORCUERA RUIZ DE OÑA.


Azterketa dokumentala