Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2019ko otsailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
814

AGINDUA, 2019ko otsailaren 6koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019ko ekitaldian dirulaguntzak emateko araubidea arautzen eta iragartzen duena, kultura-arloko sormen-lanetarako.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Ildo horretan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bere jardun-eremuetarako egotzita dauzkan ahalmenen barruan, eta gaur egungo gizartean sorkuntzaren sektoreak zenbateko garrantzia daukan kontuan hartuta eta kultura bultzatzeak gizarteko kulturaren oparotasunari eta ekonomiari nola on egiten dion kontuan hartuta, interesgarri iruditu zaigu aurrera jarraitzea lehen urratutako bide beretik, hau da, sorkuntza bultzatzeko laguntza-neurriekin jarraitzea. Honako hauek izango dira jarduera-eremuak: antzerkirako testuak, zinemarako gidoiak, musika-konposizioak, literatura-testuak, koreografiak, bai eta proiektuak eta prototipoak aldez aurretik diseinatzera bideratutako sorkuntza-prozesu orokorragoak ere. Laguntza ekonomikoak emango dira sortzaileen euskarazko nahiz gaztelaniazko lana sustatzeko. Deialdi honen helburu nagusia da kulturaren ikuspegitik gure lurraldean hain garrantzitsu eta beharrezkoa den sorkuntzaren sektorea finka dadin sustatu eta laguntzea.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.5 eta 25. artikuluek xedatzen dutena betez, honako agindu honetan hainbat neurri espezifiko txertatu ditugu sexuagatiko ezberdinkeriak ezabatzeko edo gutxitzeko kultur sormenaren esparruan, eta, aldi berean, EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean datozen helburuak betetzeko.

Era berean, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartu da. Plan hori, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez onartu zen.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta horiek emateko deialdia egitea, dela antzerkirako testuak, zinemarako gidoiak, musika-konposizioak, literatura-testuak eta koreografiak egitera bideratutako sorkuntza-prozesu espezifikoetarako, dela proiektuak eta prototipoak aldez aurretik diseinatzera bideratutako sorkuntza-prozesu orokorragoetarako (aurrerago garatuko diren produktu edo prozesu artistikoak interesgarriak eta bideragarriak diren aztertzea ahalbidetzen dutenak).

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira, 362.800 euro daude jarrita.

2.– Zenbateko globala honela banatuko da deialdiko laguntza-mota desberdinen artean:

a) 52.000 euro, antzerkirako testuak sortzeko.

b) 104.000 euro, zinemarako gidoiak sortzeko.

c) 50.000 euro, musika-konposizioak sortzeko.

d) 48.000 euro, proiektuak eta prototipoak aldez aurretik diseinatzera bideratutako sormen-prozesuetarako (Ikertu).

e) 40.000 euro, gazteei zuzendutako euskarazko literatura-testuak sortzeko.

f) 40.000 euro, euskarazko ipuin eta nobela motzak sortzeko.

g) 28.800 euro, koreografiak sortzeko.

3.– Proiektuak bertsio originalean aurkeztu beharko dira, eta ezingo dira itzulpenak izan.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo Agindu hau argitaratu den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

Testuetarako proiektuak (antzerkirako testuak, gidoiak, gazteentzako literatura eta ipuin eta nobela motzak) euskaraz idatzita aurkeztuko dituzten pertsona fisikoek ez dituzte aurreko lerrokadan zehaztutako baldintzak bete behar.

Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa da zerga-betebeharrak ordainduta izatea.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

4.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

5.– Deialdi honen dirulaguntzak izateko, onuradunek ezin izango dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 3 ataletan ezarritako debekurik.

6.– Deialdi honen baitan eskatzaile berak ezin izango du lortu dirulaguntza bat baino gehiago.

7.– Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak modalitate ezberdinetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, modalitate horretan aurkeztutako lehena eta bigarrena bakarrik onartuko dira.

8.– Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko maiatzaren 23ko Aginduaren babesean kultura sorkuntzarako deitutako dirulaguntza lerroren batean laguntza lortu dutenek, ezin izango dute aurtengo deialdi honen dirulaguntza lerro berean eskabiderik aurkeztu.

4. artikulua.– Emateko prozedura.

Deialdi hau, 2.2 artikuluan zerrendatutako dirulaguntza lerroetan, lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik lerro bakoitzean finkatu diren irizpideetara ondoen egokitzen diren eskabideek jasoko dute laguntza, eta ezarri den dirulaguntza maximoaren barruan.

Bi fasetan baloratuko dira modalitate bakoitzean aurkezten diren proiektuak. Lehenengo fasean, eskaerek 45 puntu lortu beharko dituzte gutxienez 85etik, hurrengo fasera igarotzeko.

5. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2019ko apirilaren 8an bukatuko da.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

– Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4. apartatuan adierazten diren helbideen bidez.

3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/kultur_sormena/web01-tramite/eu/

Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

a) Eskabidea sinatzen duen pertsonaren nortasunaren egiaztagiria, edo hori kontsultatzeko baimena.

b) Errolda-ziurtagiria eskatzailea ez bada Euskal Autonomia Erkidegoan jaio.

c) Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek zerga-betebeharrak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) Modalitate bakoitzean zehazten den proiektuari buruzko dokumentazioa, formatu elektronikoan, eskabidea aurkezteko erabilitako bidea (aurrez aurre edo elektronikoki) gorabehera.

b) Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

– Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, betiere halakorik bada, eta ahal dela ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

– Gainerako dokumentazioa, ahal dela, PDF formatuan aurkeztuko da.

– Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 30 Mb.

– Bideoak aurkezteko, web-helbide bat eman ahal izango da, horiek kontsultatzeko.

3.– Eskabidearen balioespenerako aurkeztu nahi duten gainerako dokumentazioa.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskabidearekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean ez egotea, edo horretarako legezko debekurik ez izatea.

– Proiektua originala dela eta orain arte ez dela garatu adieraztea.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak.

– Edozein entitate publikok xede berberaz emandako laguntzarik ez jasotzea.

– Dirulaguntza jaso nahi duen proiektua euskarazko testu bat bada, eskatzaileak adierazten du jatorriz euskaraz idatzita dagoela.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

10. artikulua.– Balorazio-batzordeak.

1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko balorazio-batzorde bana eratuko da modalitate bakoitzeko. Hona kideak:

– Presidentea: Kultura Sustatzeko zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

– Kideak: Kulturako sailburuordeak agindu honetako gai bakoitzeko adituen artetik izendatutako 3 edo 4 kide.

– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kultura Sustatzeko zuzendariak izendatua, izango da batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Balorazio-batzordeen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

3.– Balorazio-batzordeak eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Batzorde horiek, prozedura bakoitzean eta ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkiote ebazpen-proposamen egokiak. Proposamen horietan agertuko dira eman nahi diren dirulaguntzak, onuradunen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta egin behar den jarduketa, eta baita ere ukatuko diren dirulaguntzak eta horretarako emandako arrazoiak.

5.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpenetan agertuko dira alde batetik onartutako eskaerak eta ez onartutakoak, eta azken hauek baztertzeko arrazoiak. Eta bestalde dirulaguntza-eskaeren baliospena edo gaitzespena. Balorazio-batzordeek helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta indibidualki jakinaraziko du ebazpena interesdun pertsonei, 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik hara. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea agortzen, eta, beraien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2.– Interesdunari lehenik egin zaion jakinarazpenarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazpen-epea igarota, onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak edozein erakunde publikok xede berberaz emandakoekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandako dirulaguntza, garatutako proiektuan aipatzea.

e) Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta, gehienez ere, hilabete bateko epean. Komunikazio hori jaso ondoren, Zuzendaritzak hamabost lan-egun izango ditu erantzuteko. Epe hori amaitutakoan, ez baldin badu horri buruzkorik ezer adierazi, horrek esan nahiko du zuzendaritzak aldaketa ontzat hartu duela, beti ere dirulaguntzen arauak onuraduna izateko gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira.

Gainera, onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak honela ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50, esleipen-ebazpena eman ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren.

b) Gainerako % 50a 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera ordainduko da, diruz lagundutako sormen-lana igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren. Ikertu modalitateko laguntzetan, sormen prozesuaren txostena eta egindako sormen edo prototipoaren euskarri bisuala bidaliko da, eta sormen-lana ez da Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu behar izango. Eta koreografien modalitateko laguntzetan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak sormen-lana benetan egin den egiaztatuko du.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.

Dirulaguntzak ez dira ordainduko onuradunak zerga-betebeharrak beteta ez baditu, edo dirulaguntza edo laguntzaren bat itzultzeko badu.

15. artikulua.– Sormen-lana aurkezteko epea.

Esleipen-ebazpena jasotzen duenetik, onuradunak gehienez ere bederatzi hilabete izango ditu sormen-lana entregatzeko, paperezko bertsioan nahiz euskarri informatikoan (pdf formatuan), kudeaketa-zuzendaritzari.

Telesailen gidoien kasuan, kapitulu pilotua eta hurrengo bi kapituluen sinopsi laburra entregatu beharko dira epe horretan.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.

2.– Ez-betetze horietako edozein eginez gero, jasotako dirua eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

II. KAPITULUA
ANTZERKIRAKO TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK

17. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitako antzerkirako testu originalak sortzeko lagungarri izan nahi dute laguntza hauek.

18. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

a) Ondorengo agiri hauen ale bat:

– Idazlearen ibilbide artistikoa.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.

b) Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar testuaren egilearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Argumentuaren sinopsia. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.

– Tratamendu dramaturgikoa. Gehienez ere, 10 orri.

– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari.

19. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Antzerkirako testuak sortzen laguntzeko, guztira 52.000 euro daude. 8 laguntza emango dira, bakoitza 6.500 eurokoa honela banatuta: 4 euskaraz idatzitako antzerkirako testuetarako eta beste 4 gaztelaniaz idatzitako antzerkirako testuetarako.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 4. artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute, eta behintzat bik 30 urtetik beherakoek idatzitakoak.

Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

20. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: Bi balorazio-fase egongo dira:

1.– Lehenengo balorazio-fasea. Proiektuaren balorazioa:

a) Aurkeztutako testu-proposamenaren tratamenduaren kalitatea. Guztizko puntuazioaren % 35.

b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren originaltasuna edo gaiari heltzeko modua baloratuko dira nagusiki. Guztizko puntuazioaren % 20.

c) Zenbateko aukera daukan proiektuak hainbat agertokitan erakusteko moduko antzerki-muntaia izateko, bai bere ezaugarriengatik, bai antzerki-ekoizpenaren sektoreak erakutsitako interesagatik (agiriak aurkeztuta behar bezala egiaztatuz). Guztizko puntuazioaren % 20.

d) Genero-ikuspegiaren txertaketa. Guztizko puntuazioaren % 10.

2.– Bigarren balorazio-fasea. Idazlearen ibilbide artistikoa. Guztizko puntuazioaren % 15.

III. KAPITULUA
ZINEMARAKO GIDOIAK SORTZEKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Zinemarako eta telebistarako gidoietarako dira laguntza hauek, direla fikzioa, animazioa edota dokumentalak, eta edozein formatutakoak direla ere. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetatik edozeinetan idatzitakoak izan daitezke.

Gidoi-tratamendu bat aurkeztu beharko da, ez erabat garatuta dagoen gidoi bat; hala eginez gero, baztertu egingo da.

22. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Ondorengo agiri hauen ale bat:

– Gidoilariaren ibilbide artistikoa.

– Jabetza Intelektualaren Erregistroan gutxienez zinemarako gidoi bat erregistratuta izatea egiaztatzea.

– Gidoilari gazteentzako (30 urtetik beherakoak): zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen den edo ez adierazteko zinpeko adierazpena (filmaren edo filmen izenburuak).

2.– Ale anonimo bat, 1. apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar gidoilariaren edo ekoiztetxearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Aurkeztutako proiektua fikziozko edo animaziozko zinemarako film luze bat baldin bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Gidoi-proiektuaren argumentuaren sinopsia. Gehienez ere orri 1.

– Gidoi-proiektuaren tratamendua, sekuentziaka. 15-20 orritan.

– Elkarrizketadun sekuentzia bat.

– Azalpen-memoria. Proiektuaren interesa zein den azaldu behar da, eta zer-nolako garapena emango zaion proiektuari. 1-3 orritan.

b) Aurkeztutako proiektua telesail bat baldin bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Gidoi-proiektuaren argumentuaren sinopsia. Gehienez ere orri 1.

– Lehenengo episodioaren tratamendua, sekuentziaka. 10-20 orritan.

– Elkarrizketadun sekuentzia bat.

– Azalpen-memoria, honako hauek azaltzeko fitxa bat duena: generoa, kapitulu-kopurua, kapituluen iraupena eta xede targeta.

c) Aurkeztutako proiektua dokumental bat baldin bada, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Gidoi-proiektuaren argumentuaren sinopsia. Gehienez ere orri 1.

– Eskaleta, sekuentziaka. 10-20 orritan.

– Ikerketa-iturrien eta elkarrizketatu beharreko pertsonen zerrenda.

– Elkarrizketadun sekuentzia bat.

23. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Zinemarako gidoiak sortzen laguntzeko, guztira 104.000 euro daude. 8 laguntza emango dira, bakoitza 13.000 eurokoa honela banatuta: 4 euskaraz idatzitako gidoietarako eta beste 4 gaztelaniaz idatzitako gidoietarako.

2.– Eskabiderik aurkeztu ez delako edo betekizunak ez betetzeagatik hizkuntza bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste hizkuntzarako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3.– Edonola ere, eta 4. artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik zinema-areto komertzialetan erakusteko film luzeren batean gidoilari agertzen ez diren 30 urtetik beherako gidoilariek idatzitako gidoietarako izan beharko dute. Eta diruz lagunduko diren proiektuetatik hiruk emakumeek idatzitakoak izan beharko dute.

Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

24. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: Bi balorazio-fase egongo dira:

1.– Lehenengo balorazio-fasea: Gidoi-proiektuaren balorazioa.

a) Aurkeztutako proiektuaren originaltasuna (% 20).

b) Aurkeztutako proiektuaren tratamenduaren kalitatea (% 35).

c) Proiektuaren interesa (% 30). Bereziki, ondoko alderdiak hartuko dira aintzat: proiektuaren bideragarritasun komertziala eta hura gauzatzeko benetako aukerak, gai eta geografia aldetik duen interesa eta, azkenik, genero-ikuspegia proiektuan txertatzea.

2.– Bigarren balorazio-fasea: Gidoilariaren ibilbidearen balorazioa (% 15).

IV. KAPITULUA
MUSIKA-KONPOSIZIOETARAKO LAGUNTZAK

25. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

1.– Laguntza hauek partitura batean (pentagraman edo, musika elektroakustikoaren kasuan, kronograman edo interpretazio-planean) irudikatutako musika-konposizio originalak sortzea sustatzeko dira.

2.– Diruz lagun daitezkeen konposizio-proiektuak ezin izan dira deialdi honen eskabideen epea itxi baino lehen estreinatu edo erregistratu.

26. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

a) Ondorengo agiri hauen ale bat:

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.

– Konpositorearen curriculuma eta ibilbide artistikoa.

– Testuak egile-eskubideak balitu, eskubide horien egiaztagiria.

b) Ale bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburuarekin bakarrik identifikatzen dena. Horren edukian ez da jaso behar konposizioaren egilearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Proiektuaren memoria. Konposizioaren planteamendu teknikoa eta artistikoa eta lana estreinatzeko eta zabaltzeko aurreikuspenak izan beharko ditu gutxienez.

– Eskabidearen xede den proiektuko partituraren lagin partziala. Hori ezean, sormen-lan berriarekin erlazionatutako elementu estilistikoak dituen obra propio baten lagina aurkeztu beharko da.

27. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzetarako diru-kopurua 50.000 euro da.

2.– Deialdi honetan emango diren dirulaguntzak mota hauetakoak izan daitezke:

a) 2.200 euro bakarlari edo duorako lanetarako, 10 minututik beherakoak badira.

b) 3.200 euro bakarlari edo duorako lanetarako, 10 minututik gorakoak badira, edo hirukote, laukote edo a capella abesbatzarako lanetarako, 10 minututik beherakoak badira.

c) 4.500 euro hirukote, laukote edo a capella abesbatzarako lanetarako, 10 minututik gorakoak badira, edo 5 eta 11 kide arteko ganbera-talderako lanetarako, 15 minututik beherakoak badira.

d) 6.000 euro 5 eta 11 kide arteko ganbera-talderako lanetarako, 15 minututik gorakoak badira, edo 12 kideko edo gehiagoko ensemble handirako lanetarako, 15 minututik beherakoak badira.

e) 7.500euro 12 kideko edo gehiagoko ensemble handirako lanetarako, 15 minututik gorakoak badira, edo orkestra sinfonikorako lanetarako, 15 minututik beherakoak badira.

f) 9.000 euro orkestra sinfonikorako lanetarako (bakarlariekin edo gabe), 15 minututik gorakoak badira.

3.– Musika elektroakustiko soila diren proiektuak iraupenaren arabera sailkatuko dira 2.a) edo 2.b) kategorietan.

4.– Dirulaguntzak emateko, zehaztutako lehentasun-ordena jarraituko da, 28. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatu ondoren lortutako puntuazioa oinarri hartuta; kasu bakoitzean, dagokion kopurua emango da, aurreko apartatuan zehaztutako tipologia aplikatuta.

Banaketa egitean 2.000 eurotik gorako kopurua sobratuko balitz, kopuru hori hoberen puntuatutako hurrengo proiektuari emango zaio, tipologia gorabehera (nolanahi ere, mota horri dagokion mugara arte); betiere, eskatzaileak onartzen badu eta proiektua egiteko konpromisoa hartzen badu. Bestela, modulu hori hurrengo proiektuei eskainiko zaie, lehentasun-ordenari jarraikiz, esleitu arte.

5.– Edonola ere, eta 4. artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 35 urtetik beherakoek idatzitakoak izan beharko dute, eta behintzat lauk emakumeek idatzitakoak.

Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

28. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: Bi balorazio-fase egongo dira:

1.– Lehenengo balorazio-fasea: Proiektuaren balorazioa

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu:

a) Proiektuaren kalitatea eta interesa kulturaren eta musikaren aldetik (guztizko puntuazioaren % 65).

Apartatu honetan, alderdi hauek hartuko dira aintzat, besteak beste: planteamendua eta eduki artistiko eta teknikoak; originaltasuna, eta gaur egungo musika-sorkuntzari dakarkiona; konposizioa sortzeko garaian egindako ikerketak eta harremanak.

b) Proiektua estreinatzeko eta hedatzeko plana (guztizko puntuazioaren % 20).

Horretan, gerora estreinatzeko eta hedatzeko aurreikuspenak eta kontaktuak aztertuko dira.

2.– Bigarren balorazio-fasea:

Eskatzaileak musikaren arloan izan duen ibilbidea prestakuntzan eta artean (guztizko puntuazioaren % 15).

V. KAPITULUA
PROIEKTUEN ETA PROTOTIPOEN ALDEZ AURREKO DISEINUAK SORTZEKO LAGUNTZAK (IKERTU)

29. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Laguntza hauek sorkuntza sustatzen dute kultura-proiektuak egiteko ezinbesteko eta aurretiko urrats gisa, eta proiektu eta prototipoen aurretiko diseinura bideratutako ikerketa-proposamenak lagunduko dira diruz, non ideia, hipotesi edo hasierako kontzeptu batetik abiatuta beraren bidezkotasuna, interesa, originaltasuna edo egokitasuna ikertu nahi diren, bai eta beraren bideragarritasuna ere, produktu edo prozesu artistiko jakin bat, gerora gara daitekeena, bilakatzeko.

30. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

– Egilearen curriculuma eta historia artistikoa. Honetan ezin da agertu aurkeztutako proiektuaren erreferentziarik.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera. Hau proiektuaren izenarekin bakarrik identifikatu daiteke.

– Proposamena azaltzen duen txostena, beraren interesa eta balioa zehazten dituena, bai eta nola garatuko den argitzen duena ere. Gainera, proposamena zuzen baloratzeko behar diren alderdiak azalduko ditu, agindu honetako 32. artikuluan ezarritako irizpideekin bat.

Txosten hori proiektuaren tituluarekin bakarrik identifikatuko da. Horren edukian ez da jaso behar dirulaguntzaren eskatzailearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua.

31. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Modalitate honetara 48.000 euro bideratuko dira, eta hamabi dirulaguntzatan banatuko da, bakoitza 4.000 eurokoa.

2.– Edonola ere, eta 4. artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat hiruk 30 urtetik beherakoek burututakoak izan behar dute, eta behintzat lauk emakumeek burututakoak.

Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

32. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: Bi balorazio-fase egongo dira:

1.– Lehenengo balorazio-fasea: Proiektuaren balorazioa.

a) Sormen-proiektuaren kalitatea eta gaitasun berritzailea. Esperimentazioa oinarri hartuta eduki berriak, originalak eta bereziak sortzea kontuan hartuko da (guztizko puntuazioaren % 40).

b) Sormen-proiektuaren interes publikoa, proposatutako ikerketa-eremuen interesa aintzat hartuta nagusiki, eta horietan esku hartzeko bide berriak irekitzeko aukera (guztizko puntuazioaren % 25).

c) Genero-ikuspegia txertatzea, proiektuaren diziplinartekotasuna eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak nola erabiltzen diren (guztizko puntuazioaren % 13).

d) Euskara erabiltzea proiektuaren diseinuan nahiz garapenean. Euskara, tresna instrumentala izatez gain, sormen-proiektuaren xede duten proiektuak baloratuko dira nagusiki (guztizko puntuazioaren % 7).

2.– Bigarren balorazio-fasea. Proiektuaren arduradunaren ibilbide artistikoa. Guztizko puntuazioaren % 15.

VI. KAPITULUA
GAZTEEI ZUZENDUTAKO EUSKARAZKO LITERATURA-TESTUAK SORTZEKO LAGUNTZAK

33. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Dirulaguntza hauek 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzendutako eta euskaraz idatzitako literatura-testuak sortzea sustatzeko dira. Diruz lagunduko den bukaerako testuak 100.000 karaktere izan beharko ditu gutxienez.

34. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

a) Ondorengo agiri hauen ale bat:

– Idazlearen ibilbidea.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.

b) Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar idazlearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa.

– Azalpen-memoria. Argumentuaren sinopsia, testuaren egitura, proiektuaren interesa eta horri eman nahi zaion izaera zehaztu beharko dira. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.

– Bukaerako testua sustatzeko plana, argitaratzeari begira: itzulpena, hedapena, booktrailer eta beste ekintza batzuk.

35. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 40.000 euro daude. Bost laguntza emango dira, bakoitza 8.000 eurokoa.

2.– Edonola ere, eta 4. artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherakoek idatzitakoak izana beharko dute, eta behintzat bik emakumeek idatzitakoak.

Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

36. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: Bi balorazio-fase egongo dira:

1.– Lehenengo balorazio-fasea: Proiektuaren balorazioa.

a) Aurkeztutako testuaren idazketa-kalitatea. Guztizko puntuazioaren % 40.

b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren interesa eta gaia tratatzeko modua baloratuko dira nagusiki. Guztizko puntuazioaren % 20.

c) Proiektuak argitaratutako liburu bilakatzeko dituen aukerak, bai proiektuaren ezaugarriak direla eta, bai gazteen artean sor dezakeen interesa dela eta; baita testua nola sustatuko den ere. Guztizko puntuazioaren % 15.

d) Genero-ikuspegiaren txertaketa. Guztizko puntuazioaren % 10.

2.– Bigarren balorazio-fasea:

– Idazlearen ibilbidea. Guztizko puntuazioaren % 15.

VII. KAPITULUA
EUSKARAZKO IPUIN ETA NOBELA MOTZAK SORTZEKO DIRULAGUNTZAK

37. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Dirulaguntza hauek gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuak –ipuin nahiz nobela motzak– sortzea sustatzeko dira.

38. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

a) Ondorengo agiri hauen ale bat:

– Idazlearen ibilbidea.

– Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.

b) Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar idazlearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa.

– Azalpen-memoria. Argumentuaren sinopsia, testuaren egitura, proiektuaren interesa eta horri eman nahi zaion izaera zehaztu beharko dira. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.

– Bukaerako testua sustatzeko plana, argitaratzeari begira: itzulpena, hedapena, booktrailer eta beste ekintza batzuk.

39. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Literatura-testuak sortzen laguntzeko, guztira 40.000 euro daude. Bost laguntza emango dira, bakoitza 8.000 eurokoa.

2.– Edonola ere, eta 4. artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherako pertsonek idatzitakoak izan beharko dute, eta behintzat bik emakumeek idatzitakoak.

Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

40. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu: Bi balorazio-fase egongo dira:

1.– Lehenengo balorazio-fasea: Proiektuaren balorazioa.

a) Aurkeztutako testuaren idazketa-kalitatea. Guztizko puntuazioaren % 40.

b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren interesa eta gaia tratatzeko modua baloratuko dira nagusiki. Guztizko puntuazioaren % 20.

c) Proiektuak argitaratutako liburu bilakatzeko dituen aukerak, bai proiektuaren ezaugarriak direla eta, bai populazioaren artean sor dezakeen interesa dela eta; baita testua nola sustatuko den ere. Guztizko puntuazioaren % 15.

d) Genero-ikuspegiaren txertaketa. Guztizko puntuazioaren % 10.

2.– Bigarren balorazio-fasea:

– Idazlearen ibilbidea. Guztizko puntuazioaren % 15.

VIII. KAPITULUA
KOREOGRAFIAK SORTZEKO DIRULAGUNTZAK

41. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko arloak.

Dirulaguntza hauek koreografia originalak sortzeko dira; koreografiok eszena-formatu tradizionalekoak, alternatibokoak edo kalekoak izan daitezke, eta hamabost minutu iraungo dute gutxi gorabehera.

Pieza 2020an zehar sortu beharko da, eta, dena dela, diruz lagundutako proiektua 2020ko azaroaren 30a baino lehen estreinatu beharko da.

42. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

• Eskatzailearen curriculuma dantzaren eremuan, eta prestakuntza-ziurtagiriak.

– Proiektuaren memoria.

– Eskabidearen laburpena (ikus-entzunezko erreferentzia barne).

– Sormen-lanaren fitxa: ekipo artistikoak eta teknikoak.

– Aurrekontua.

Eskatzaileek beren proiektua epaimahaiaren aurrean defendatzeko aukera izango dute, hala eskatzen badute. Proiektu bakoitzari ez zaio 15 minutu baino gehiago eskainiko.

43. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Koreografiak sortzen laguntzeko, guztira 28.800 euro daude. Bederatzi laguntza emango dira, bakoitza 3.200 eurokoa.

2.– Edonola ere, eta 4. artikuluak agintzen duena betetzekotan, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherako pertsonek idatzitakoak izan beharko dute. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

3.– Ezingo da dirulaguntza honen onuradun izan horren hiru ediziotan baino gehiagotan.

44. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Dirulaguntzei buruzko ebazpen-proposamena egiteko, balorazio-batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu. Bi balorazio-fase egongo dira:

1.– Lehenengo balorazio-fasea: Proiektuaren balorazioa.

– Sormen-lanaren planteamendu artistiko eta teknikoa (gehienez ere 40 puntu).

– Sormen-prozesuari buruzko erreferentziak: ikerketa eta plangintza (gehienez ere 20 puntu).

– Jarduera Euskadin garatzea eta tokiko sektoreko eragileekin zer harreman eta lankidetza egingo diren (gehienez ere 15 puntu).

– Eskabidearen xede den lana zabaltzako proposamena (gehienez ere 5 puntu).

– Sormen-proiektuan emakumerik parte hartu duen (gehienez ere 5 puntu).

2.– Bigarren balorazio-fasea:

Eskatzaileak dantzaren eremuan duen prestakuntza-curriculuma eta ibilbide eszenikoa (gehienez ere 15 puntu).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: Kultura sorkuntza prozesuak garatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/kultura_sorkuntza/y22-izapide/eu/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 6a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala