Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2019ko otsailaren 15a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
813

AGINDUA, 2019ko otsailaren 4koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019 ekitaldian zehar dirulaguntzak emateko erregimena arautzen eta iragartzen duena, komikiak, nobela grafikoak edo irudidun liburuak sortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte eta kultura jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari jardun-arlotzat ezarri zaizkion ahalmen-esparruaren barruan eta kontuan harturik komikiaren edo marraztutako narratibaren sektorea hartzen ari den garrantzia, sormenaren arloan zein industrian, eta ilustrazio grafikoko profesionalek erakutsi duten sormen maila, interesekoa iruditu zaigu sorkuntza grafikoa bultzatzera bideratutako neurriak babestea, komiki, nobela grafiko edo irudidun albumen kasuan. Azken helburua gaur egun gure Herrialdean gorakada handia duen sormen-sektore hori bultzatzea eta finkatzen laguntzea da.

Autore bat baino gehiago dituzten obrak badira ere, lan literario eta lan grafiko bat behar ohi dutenak, laguntza-lerro hau obraren alderdi grafikoari zuzentzen zaio, bereziki konplexua delako eta ahalegin handia eskatzen duelako. Sormen-lanen eta industria-produktuen izaera bikoitza duenez, laguntza-lerro hau argitalpena ziurtatua, edo gutxienez, bideratua duten obrei zuzentzen zaie. Ondorioz, artista grafikoen lana bultzatu eta sostengatzea helburu duen laguntza-lerro bat da, aldi berean, Euskadin nobela grafikoen eta irudidun liburuen argitalpena dinamizatu nahi duena.

Bestalde, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 3.5 eta 25. artikuluek ezarritakoaren arabera, Agindu honetan neurri espezifikoak hartzen dira, sormen kulturalaren arloan existitzen diren desparekotasunak ezabatzera edo gutxitzera bideratutakoak eta baita Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana betetzera eta kultura-arlo eta maila guztietako produkzio kultural eta artistikoko guneetan emakumearen presentzia areagotzera bideratutakoak ere.

Era berean, Agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020ko Dirulaguntza Plan Estrategikoaren barruan sartzen da.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea komiki, nobela grafiko edo irudidun album formatuko liburu bat osatzen duten ilustrazioak sortzeko prozesuei dirulaguntzak emateko baldintzak iragartzea eta arautzea da.

Proiektuak originalak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta bilduma baten parte direnak, aldizkako argitalpenetara zuzendutakoak edo hasi eta amaitu egiten diren kapituluak ez dira aintzat hartuko.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza horietarako, guztira, 105.000 euro erabiliko dira.

2.– Ilustrazioak sortzeko dirulaguntzei dagokien kopurua bi prozedura ezberdinetan banatuko da:

a) 15.000 euroko 4 laguntza komiki bat edo nobela grafiko bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da eta bat emakume batentzat.

b) 15.000 euroko 3 laguntza irudidun album edo liburu bat argitaratzea helburu duten ilustrazio-proiektuentzat. Laguntzetako bat, gutxienez, 30 urtetik beherako pertsona batentzat izango da eta bat emakume batentzat.

3.– Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskaerak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

4.– Agindu honetako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz ebatziko dira 2. atalean ezarritako lerro bakoitzean, eta 10. artikuluan agertzen diren esleitzeko irizpideen arabera. Bakarrik balorazio fasean aipatutako artikuluan ezarritako puntuazio berdina edo altuagoa lortzen dute proiektuek izango dute aukera dirulaguntza lortzeko.

Balorazioa egina dagoenean, prozedura bakoitzean aukeratutako proiektuak ordenean jarriko dira lortutako puntuazioaren arabera. Lehen dirulaguntza 30 urtetik beherako pertsonen artean, puntuaziorik altuena lortu duenari egokituko zaio, eta bigarren dirulaguntza puntuaziorik altuena lortu duen emakumeari (emakumea ez bada lehen dirulaguntza lortu duen 30 urtetik beherako pertsona). Ondoren, beste dirulaguntzak emango dira ezarritako ordenaren arabera.

Eskabiderik aurkeztu ez delako edo eskabideek betekizunak betetzen ez dituztelako, lerro bateko laguntzaren bat eman gabe uzten bada, beste lerrorako laguntza-kopurua handitu egin ahal izango da eman gabeko horrekin, betiere, laguntzen kopuru totala aldatu gabe.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauek eska ditzakete 18 urtetik gorako pertsona fisikoek, Euskal Autonomia Erkidegoan jaiotakoek edo Agindu hau argitaratu den egunean Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta daudenek, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko beharrezkoa da zerga-betebeharrak ordainduta izatea.

3.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.

4.– Gainera, pertsona onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 13.2 artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

5.– Eskatzaileek bi laguntza-eskaera aurkez ditzakete gehienez, eta deialdi honen modalitate bakar batean aurkeztu ahal izango dira eskaerak. Pertsona berak modalitate ezberdinetara aurkezten baditu eskaerak, bakarrik onartuko dira sarrera-erregistroaren arabera aurkeztutako lehenari dagokion modalitatean aurkeztutakoak; gainera, modalitate horretan aurkeztutako lehena eta bigarrena bakarrik onartuko dira. Deialdi honetan pertsona berak ezin izango du izan dirulaguntza bat baino gehiago.

6.– Aurreko urteko dirulaguntza hauen deialdiaren edozein modalitatetan dirulaguntza lortu zuten pertsonek, ezin izango dute deialdi honen edozein modalitatetan dirulaguntza eskatu.

4. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunean hasiko da eta 2019ko apirilaren 8an bukatuko da.

2.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

– Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 4 zenbakian adierazten diren helbideen bidez.

3.– Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/irudi_sorkuntza/web01-tramite/eu/

Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako egiaztagiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko Oinarrizko Legearen (azaroaren 24ko 10/1982 Legea) 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

a) Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzeko agiria.

b) Errolda-ziurtagiria eskatzailea ez bada Euskal Autonomia Erkidegoan jaio.

c) Ilustratzailearen jardunbidea, prestakuntza, egindako lanak eta argitaratutako liburuak adierazita.

d) Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, dirulaguntza eskatu duten pertsonek zerga-betebeharrak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu baitzen.

2.– Proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) Ilustrazio lanaren oinarri izango den gidoi literarioa, pertsonaien deskribapena eta argumentuaren sinopsi osoarekin batera. Komiki eta nobela grafikoen kasuan, gutxienez 8 orriko gidoi zehatza.

b) Egin beharreko ilustrazioaren lagin bat, gutxienez marraztutako 6 orri dituena eta horietako bat amaierako emaitzarekin.

c) Argitalpen kontratua edo konpromiso eskutitz irmoa argitaletxe batekin obra argitaratzeko, edizioaren ezaugarri tekniko eta fisikoak jasotzen dituena. Argitaletxeak frogatu beharko du azken hiru urteetan hiru obra argitaratu dituela.

d) Sustapen-plana. Kontuan hartuko dira obraren sustapen-planaren barruan kokatutako itzulpenak, hedapen-estrategiak, nazioartekotze-estrategiak, booktrailer edo bestelako komunikazio-ekintzak.

e) Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus orrian ezarritako ereduaren araberakoa eta proiektuaren modalitatea adierazten duena.

f) Eskaera baloratzeko aurkeztu nahi den dokumentazio osagarria.

g) Kasuaren arabera, gidoiaren autorearen eta ilustratzailearen artean sinatutako kontratua. Ez da beharrezkoa izango, obraren testua edo gidoia jabari publikokoa badago.

3.– Aurkeztu beharreko dokumentu elektronikoek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:

– Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira, betiere halakorik bada, eta ahal delarik ereduaren formatu berean aurkeztuko dira.

– Gainontzeko dokumentazioa, ahal delarik, PDF formatuan aurkeztuko da.

– Dokumentazio elektronikoaren gehieneko tamaina hauxe izango da: 30 Mb.

7. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin batera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Edozein Administrazio Publikok edo erakunde pribatuk xede berberaz emandako laguntzarik ez jasotzea.

– Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Proiektu originala da eta orain arte ez da hala garatu.

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Eskabidea izapideak egiteko onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, hutsegitea konpondu edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.

9. artikulua.– Balorazio-batzordea.

1.– Bi prozeduretan aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bakarra eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:

– Presidentea: Kultura Sustatzeko Zuzendaria. Bertan ez badago, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen (urriaren 1eko 40/2015 Legea) 19. artikuluan ezarritakoaren arabera jardungo da.

– Kideak: laguntzei dagokien gaian adituak direnen artean Kultura Sailburuordeak izendatutako 3-5 kide.

– Kultura Sustatzeko zuzendaritzako teknikari bat, Kultura Sailburuordeak izendatua, izango da Batzordeko idazkaria, hitzarekin baina botorik gabe.

2.– Balorazio Batzordearen behin betiko osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Kulturako sailburuordearen ebazpen bidez ezagutaraziko da, eratu aurretik, interesatuek errefusatzeko duten eskubidea erabil dezaten, legez ezarritako termino eta baldintzetan.

3.– Balorazio Batzordea eratzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen (otsailaren 18ko 4/2005 Legea) 3.7 artikuluan ezarritakoa beteko da.

4.– Prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamen egokia. Horretan jasoko dira proposatutako dirulaguntzak, proposatutako pertsonen identitatea, balorazio fasean lortutako puntuazioa eta sortu behar diren proiektuak. Baita ere agertuko dira baztertzeko proposatutako proiektuak, bazterketaren arrazoiak azalduz.

5.– Balorazio Batzordeak, beharrezko ikusten duenean eta aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

10. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzen ebazpenaren proposamena prestatzeko, Balorazio Batzordeak ondoko irizpideak ezarriko ditu:

a) Ilustratzailearen jardunbidea (gehienez 10 puntu). Egindako lanak eta argitaratutako obrak hartuko dira kontuan.

b) Ilustrazioaren kalitate artistikoa (gehienez 50 puntu). Aintzat hartuko da:

– Ilustrazioaren trataera (30 puntu).

– Berrikuntza eta ohiko estandarretatik desberdintzea (20 puntu).

c) Proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu gehienez). Kontuan izango da:

– Gidoiaren interesa eta kalitatea (10 puntu).

– Argitaratutako obraren sustapen-, hedapen- eta salmenta-plana (10 puntu).

– Zein hizkuntzatara itzuliko den, kanpoko merkatuetara irtetea eta banaketa (5 puntu).

– Eta argitaletxea Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta egotea (5 puntu).

d) Euskararen erabilera (10 puntu gehienez). Gidoi originala euskaraz duten obrak 5 punturekin balioetsiko dira eta euskaraz argitaratuko direnak 5 punturekin.

2.– Baztertu egingo dira eta ezingo dira aukeraketa prozesuan sartu, balorazio-baremoaren puntuetatik gutxienez % 60 lortzen ez duten proiektuak.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzeen ebazpenetan agertuko dira alde batetik onartutako eskaerak eta ez onartutakoak, eta azken hauek baztertzeko arrazoiak. Eta bestalde, proiektuen balorazioa, eta horren ondorioz dirulaguntza-eskaeren balioespena edo gaitzespena. Balorazio-batzordeek helarazitako proposamena aztertu ondoren, Kulturako sailburuordeak eman eta indibidualki jakinaraziko du ebazpena interesdun pertsonei, 6 hilabeteko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik hara. Ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, denen jakingarri.

Ebazpena horrek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen (urriaren 1eko 39/2015 Legea) 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

2.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

3.– Ebazpen-epea igarota, pertsona onuradunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015 Legea).

4.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.

12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntza hauek ez dira bateragarriak edozein erakunde publiko zein pribatuk xede berberaz emandakoekin.

13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten pertsonek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Dirulaguntza eman den xede jakinerako erabiltzea, eta diruz lagundutako sorkuntza eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskripzioa, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igortzea.

c) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dirulaguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Argitaratuko diren liburuetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza espresuki adieraztea, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara ale bat bidaltzea.

Gainera, onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

14.– Artikulua.– Proiektuaren aldaketak.

a) Aurkeztutako proiektuaren edozein aldaketa idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari onuradunak esleipen-ebazpena jaso eta, gehienez ere, hilabete bateko epean.

b) Proiektuaren aldaketa bakarrik onartuko da, Agindu honetan dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak mantentzen direnean.

15. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Esleitutako dirulaguntzak bi ordainketen bidez ordainduko dira:

a) Dirulaguntzaren % 50, esleipen-ebazpena eman ondoren eta 13.a) artikuluan ezarritako epea igaro ondoren eta uko ez bada egin.

b) Gainerako % 50a 2020ko urtean ordainduko da, diruz lagundutako sorkuntza Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara igorri eta hura Jabetza Intelektualeko Erregistroan inskribatu ondoren.

Laguntzaren edo dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) atxikipenak eta konturako ordainketak, hala badagokio zergaren araudia aplikatuz.

16. artikulua.– Sorkuntza aurkezteko epea.

Onuradunak gehienez hamabi hilabete izango dituzte behin betiko sorkuntza argitaratzeko moduan, paperean edo euskarri informatikoan, aurkezteko Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan.

Liburua 6 hilabeteren buruan argitaratu beharko dute, ilustrazio-lana amaitzen denetik aurrera zenbatuta, eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara alearen bidalketa argitaratu eta 2 hilabeteko epearen buruan.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ez-betetzeak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat emandako dirulaguntzetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 37. artikuluan ezarritakoak.

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzetan aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula.

– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

– Helburua: Irudi sorkuntza prosezuak garatzeko dirulaguntzak kudeatzea.

– Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

– Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

– Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

– Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/kultura_sorkuntza/y22-izapide/eu/

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 4a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala