Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

8. zk., 2019ko urtarrilaren 11, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
134

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 30ekoa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, adierazitako toki-erakundeei laguntzak esleitzen dizkiena, erakunde horietan zerbitzuan diharduten enplegatuen prestakuntza finantzatu dezaten.

2018ko maiatzaren 14an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bat, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako enplegatuen prestakuntza finantzatzera bideratutako laguntzen deialdia egin zuena.

Ebazpen horren zortzigarren oinarriak zehazten du zein hurrenkeratan argitaratuko diren prestakuntza-planetarako nahiz 2018an sortutako eta ordaindutako matrikuletarako laguntza zehatzak arautzen dituzten ebazpenak.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2018ko abenduaren 20ko Ebazpenaren bitartez, euren enplegatuentzako prestakuntza-plan edo -programak aurkeztu zituzten erakundeei dagozkien laguntzak esleitu dira. 2018an sortu eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari prestakuntza-jarduerengatik ordaindutako matrikulen zati bat itzultzeko diren laguntzei dagokienez, berriz, bidezko da horiei buruzko ebazpena ere ematea.

Deialdiaren zortzigarren klausularen arabera, ordaindutako matrikulengatiko laguntzei dagokienez, ebazpen bakarra emango da, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte ordaindutakoei dagokiena. Beraz, 2018an abenduaren 31a arte ordaindutako matrikulei dagozkien laguntzak esleituko dira ebazpen honetan.

Esleitu beharreko kopuruak ikusita, hauxe egiaztatu dugu: 2018ko abenduaren 31 arte ordaindutako matrikuletarako laguntzek ez dutela inongo eraginik hartzaileek jaso beharreko zenbatekoetan.

Deialdiaren laugarren klausulak dionez, lehenengo oinarriaren b) letran aurreikusitako laguntzetarako diru-kopurua gehienez 70.000 eurokoa izango da.

Horiek horrela, eta aipatutako eta 2018ko maiatzaren 14an argitaratutako ebazpenak dioena betez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Behean aipatzen diren zenbatekoak ordaintzea ondorengo zerrendan ageri diren erakundeei, prestakuntza finantzatzeko erabil ditzaten.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Zerrendan ageri diren erakundeei esleitutako kopuruak ordaintzeko tramitazioa has dadila agintzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka, ezin da errekurtsorik jarri administrazio-bidean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluak arautzen duen moduan.

Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari aurkez dakioke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa. Errekurtsoa jartzeko epea bi hilekoa izango da jakinarazten den biharamunetik hasita, aipaturiko 29/1998 Legearen 46. artikuluak esan bezala.

Hala ere, aldez aurretik, erakunde honi errekerimendua egin ahal izango zaio egintza ezeztatu dezan. Errekeritzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekerimendua IVAPeko zuzendariari zuzendu beharko zaio, idazki arrazoitu baten bidez. Errekerimendua jaso eta hurrengo hilabetean erantzunik ematen ez bazaio, ukatutzat joko da (29/1998 Legearen 44. artikulua). Aurretik errekerimendua izan bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea, berariazko akordioa jasotzen den edo isilbidez ezeztatuta jotzen den hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 30a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen zuzendaria,

María teresa Iruretagoiena Ibarguren.


Azterketa dokumentala