Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

243. zk., 2018ko abenduaren 19a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6221

AGINDUA, 2018ko abenduaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko diru-laguntzetarako deialdia (Udalaguntza-2018).

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriak ezartzen du toki-korporazioek eta Hezkuntza Administrazioak lankidetzan jardun behar dutela ikastetxeak sortu, eraiki eta mantentzeko, betiere indarrean dagoen legediari jarraikiz.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 1. artikuluan jasotzen diren printzipioen artean aurreikusten da hezkuntza-administrazioen eta toki-korporazioen arteko lankidetza, hezkuntza-politikaren plangintzan eta inplementazioan. Era berean, 8. artikuluko 1. idatzi-zatiak ezartzen duenez, hezkuntza-administrazioek eta toki-korporazioek beren jardunak koordinatuko dituzte (bakoitzak bere eskumenen eremuan), hezkuntzarako baliabideen eraginkortasun handiagoa erdiesteko eta lege horretan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.

Lankidetza horri esker, lehendik zeuden baliabide publikoak optimizatu ahal izan dira, bai eta Administrazioak egindako ahalegin eta jarduerei ahalik eta etekin handiena atera ere.

Beraz, Hezkuntza Sailak komenigarritzat jotzen du udalen jabetzako zentroetan obrak egiteko jarduerak sustatzea, horrela hezkuntza hobetzen lagunduko baitu.

Horrenbestez, oinarri hartzen dut Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeko modua arautzeko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan xedatutakoa.

Eta honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da Hezkuntza Administrazioaren mendeko ikastetxeak dauden udal-jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko laguntzetarako deialdia iragartzea (Udalaguntza-2018).

2.– Dekretu honi dagokionez, ondorengo obra hauek jaso ahal izango dute finantzaketa:

a) Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 232 artikuluan adierazitakoak; (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen.), lehen ezarpeneko, kontserbazioko eta mantentze obrak izan ezik.

b) Otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua betetzea helburua dutenak. Errege-dekretu horren bidez ezartzen dira Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza ematen duten zentroen gutxieneko baldintzak.

c) Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea betetzea helburu dutenak, eta baita 173/2010 Errege Dekretua betetzea ere, otsailaren 19koa, Eraikingintzaren Kode Teknikoa (martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartutakoa) aldatzen duena, desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasunari eta ez-diskriminazioari dagokionez.

d) Jolastokiak sortu edo hobetzeko obrak, baita ikasgelak sortu edo eraberritzekoak ere.

3.- Ezingo diote agindu honi heldu Hezkuntza Sailak azken hamar urteetako Udalaguntza deialdien babespean emandako laguntza eduki duten obrek.

4.– Obrek 2018ko urtarrilaren 1a eta 2019ko abuztuaren 31 artean hasiak beharko dute, eta 2019ko abenduaren 31 baino lehen amaituak.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak amaitzeko epea luzatu ahal izango du ebazpen bidez –inola ere ez bi hilabete baino gehiago–, lanak luzatzea justifikatzen duten arrazoiak daudenean, eta udal onuradunak amaiera-data baino lehenago eskatuz gero.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Agindu honen xede diren diru-laguntzetarako sei milioi (6.000.000,00) euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2019ko ekitaldirako horretarako ezarrita dagoen aurrekontuko partidatik.

2.- Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handitu egin ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan harturik, eta Hezkuntza Sailean beste laguntza-programa batzuk bideratu ondoren aurrekontuak agortu gabe geratzen badira, eta betiere diru-laguntzak ebatzi aurretik. Inguruabar hori Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Deialdi honen onuradun izango dira Hezkuntza Administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko proposamenak egiten dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udalak eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeak, obrak 1. artikuluan jasotakoak badira.

4. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Hezkuntza Sailak balorazio-batzordeak onartutako aurrekontuaren % 60 ordainduko du.

2.– Eskaera bakoitzeko ematen den zenbatekoa ezingo da 360.000 euro baino handiagoa izan; hortaz, balorazio-batzordeak onartutako 600.000 euro baino gehiagoko aurrekontuak dituzten eskaerei diru-laguntza ematen bazaie, muga hori hartuko da kontuan.

3.– Obraren aurrekontuan ez dira sartuko proiektua idazteko, obra zuzentzeko eta obraren segurtasun eta osasun arloak koordinatzeko ordainsariak.

Halaber, ezin izango dira obraren aurrekontuan sartu udaleko langile den edozein pertsonaren ordainsariak.

5. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezartzen direnez gain, hauek izango dira diru-laguntza eskuratzeko betebeharrak:

a) Obrak egiteko diru-laguntza zein eraikinetarako eskatzen den, haren jabea izatea.

b) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik, eta ez egotea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege debekuen eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetatik seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuak barne.

c) Erakunde eskatzaileek egunean eduki beharko dituzte beren zerga-betebeharrak beteta, bai eta zuzenbide publikoko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak ere. Eskaeraren unean egiaztatu beharko dute egitate hori, eta diru-laguntza ematean zein ordaintzean eutsi beharko diote egoera horri.

6. artikulua.– Eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.

Honela egiaztatuko da aurreko artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen direla:

a) Titulartasuna ziurtagiri bidez egiaztatuko da, korporazioaren inbentarioaren zerrendarekin, eta idazkariak behar bezala emana izan beharko du.

b) Zehapenik betetzen ari ez izatearen betebeharra erantzukizunpeko adierazpenen bidez egiaztatuko da –eskabidean sartuko da.

c) Eskaeran erantzukizun-adierazpena erantsiz egiaztatuko dute beren zerga-betebeharrak, bai eta zuzenbide publikoko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak ere, egunean beteta edukitzeko betebeharra.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako Ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa -Platea- onartzen duenak.

Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: http://euskadi.eus/diru_laguntza/2018/udalaguntza/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak kanal elektronikoaren eta helbide honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

2.- Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan (http://euskadi.eus/diru_laguntza/2018/udalaguntza/y22-izapide/eu).

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

4.– Ikastetxe batentzako baino gehiagorentzako finantziazioa eskatu nahi duten udalek ikastetxe bakoitzaren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

5.– Ikastetxe bakarrean obra bat baino gehiago egin nahi bada, eskaera bat aurkeztu beharko da obrako.

6.– Agiri hauek aurkeztu behar dira eskabideak egitean:

a) Gauzatze-proiektua aurkeztu behar den edo ez, bi obra mota bereiziko dira, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legearen 2. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoaren arabera:

– Proiekturik behar ez duten obrak: teknikari eskudunak izenpetutako azalpen-memoria eta kontrataren aurrekontu orokor xehatua (BEZa barne). Obrak amaituta egonez gero, gauzatutako obren faktura edo amaiera-ziurtagiria aurkeztu ahal izango da.

– Proiektua behar duten obrak: gauzatze-proiektua, teknikari eskudunak izenpetua eta elkargo profesionalak bisatua. Obrak amaituta egonez gero, gauzatutako obren amaiera-ziurtagiria aurkeztu beharko da, eman daitekeen zenbatekoa zehaztu ahal izateko.

Teknikari eskudunak izenpetutako oinarrizko proiektua ere aurkeztu ahal izango da. Kasu honetan, eskatzaileak teknikari eskudunak izenpeturiko eta elkargo profesionalak bisaturiko dagokion gauzatze-proiektua aurkeztu beharko du, ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Proiektua egiten duen arkitektoa udaleko langilea bada, ez da derrigorrezkoa izango elkargoaren bisatua aurkeztea.

b) Agiri hauek kasu guztietan aurkeztu beharko dira:

– 6. artikuluan aipatutako agiriak.

– Aurkeztutako proiektua edo aurrekontua onartzeko udal-organo eskudunaren akordioa.

– Eskaerari edo obra bererako beste finantzazio-iturri batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, euskadi.eus egoitza elektronikoko inprimakiaren arabera betea (https://euskadi.eus/diru_laguntza/2018/udalaguntza/y22-izapide/eu).

– «Datu-orri» deritzon inprimaki normalizatua, euskadi.eus egoitza elektronikoaren helbide honetan eskuragarri: http://euskadi.eus/diru_laguntza/2018/udalaguntza/y22-izapide/eu

9. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.

1.– Eskaeren azken aukeraketa egingo duen balorazio-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia zuzendaria. Lehendakari jardungo du.

– Ikastetxeen zuzendaria.

– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.

– Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako Eraikuntzen teknikaria. Idazkari jardungo du, eta hitza izango du, baina boto-eskubiderik ez.

2.– Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzen Unitate Teknikoek Balorazio Batzordera igoko dituzte aurkeztu diren eskaerak, dagozkien txostenekin batera, behar bezala zigilatua horiek, eta Lurralde Ordezkaritzaren Zerbitzuko arduradun buruak sinatuta. Horietan, egin beharreko obra mota zehaztuko da, 1. artikuluaren a, b, c eta d letrekin bat eginez. Halaber, txostenetan azaldu beharko da zergatik diren presazkoak aurreikusitako jarduerak eta zein motatakoak diren; hori fitxa bakar eta bateratu batean jaso beharko da, obra eta presa maila hauen arabera:

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Lurralde-ordezkaritzetako atal teknikoek emandako txosten horiek aztertuko ditu balorazio-batzordeak eta, lanak egiteko premia edo premiarik eza kontuan hartuta, «3» eta «26» puntu arteko puntuazioa jarriko dio obra bakoitzari, lehentasun-ordena ezartzeko.

3.– Deialdi honetarako aurreikusitako aurrekontuko diru-hornidura ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, balorazio-batzordeak lehentasun-ordena ezarriko du, 2. puntuko balorazioak aintzat hartuta, eta zerrendaren hasieratik hasita eta ordena kontuan hartuta esleituko ditu laguntzak, 2. artikuluan jasotako aurrekontu-kreditua amaitu arte.

4.– Bi eskaerak edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, irizpide hauek erabiliko dira berdinketa hausteko, betiere zerrendatutako lehentasun-ordenaren arabera:

1) Gauzatu beharreko obraren presa-maila.

2) Deialdi honetan diruz lagundutako obra-kopuru txikiena.

3) Diruz laguntzeko obren kostu ekonomiko txikiena.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honen xede den finantzazioa bateragarria izango da bestelako finantzazio-iturriekin. Deialdi honen xede diren obrak hainbat administraziok laguntzen badituzte diruz, eta laguntza guztien diru-kopuru osoa handiagoa bada lanen kostu osoa baino, agindu honen bidez emandako laguntzaren gehiegizko zenbatekoa murriztu egingo da.

11. artikulua.– Udalen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko 38//2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan ezartzen direnez gain, agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren udalek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Udalen ardura izango da proiektu osoa idaztea, obrak eta haien zuzendaritza fakultatiboa esleitzea, baita eraikuntzetako segurtasunari eta osasunari buruzko araudia betearaztea ere.

b) Emandako diru-laguntza onartzea. Honela, deialdiaren ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-oholean jakinarazi eta hamabost eguneko epean, dagokion erakundeak ez badio berariaz uko egiten Nire Karpeta atalaren bidez, onartu egin duela ulertuko da.

c) Diru-laguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabili beharko dute.

d) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea.

e) 300.000 euro baino gehiagoko kontrata-aurrekontu orokorra (BEZa barne) duten proiektuetako lanak deskribatzen dituen kartel bat jartzen lagundu beharko diote Hezkuntza Sailari. Kartelak erantsita doan ereduari jarraitu beharko dio.

f) Deialdi honen bidez diru-laguntza jaso duten obrak egiteko bestelako laguntzak eskatu izana eta, hala denean, lortu izana jakinarazi beharko dute.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, eta sailburuordeak ebazpena emango du, sei hilabeteko epean, deialdia EHAAn argitaratzen denetik hasita. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean emango da argitara ebazpen hori, eta hurrengo egunetik hasita izango ditu jakinarazpen-ondorioak. www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian ere argitaratuko da, informazio gisa.

2.– Zehaztutako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat joko dira eskaerak, hala agintzen baitute Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21 eta 25. artikuluek; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, Administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.

3.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak emateko eta, hala behar denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro; zehazki, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzengatik edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

4.– Ebazpen honen aurka, erakundeek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, egoitza elektronikoko iragarki-oholean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

13. artikulua.– Emandako laguntza ordaintzeko araubidea eta justifikatzeko betebeharra.

1.– Bi alditan ordainduko zaio diru-laguntza dagokion udalari:

a) % 15 deialdia ebaztean, agindu honen 11.b) artikuluan ageri den epea igaro eta gero, eta uko egiterik izan ez bada.

b) Gainerako % 85a egindako inbertsioa justifikatu eta gero. Horretarako honako agiri hauek bidali beharko dituzte udalek Nire Karpeta atalaren bidez (http://www.euskadi.eus/nirekarpeta):

– Obra-zuzendaritzaren amaiera-egiaztagiria edo obra amaitutzat emateko udal-egiaztagiria. Dagokion zenbatekoa zehaztu beharko dute eta fakturak eta/edo behar diren justifikazio-agiriak erantsi.

– Helburu bererako lortutako beste finantziazio-iturri batzuk jaso edo jaso ez izanari buruzko adierazpena, agindu honen 10. artikuluan xedatzen den bezala. Beste iturri batzuetako dirua jaso baldin bada, kopurua adierazi beharko da. Adierazpen hori bestelako finantziazio-iturrien inprimakia betez egingo da; inprimakia euskadi.eus egoitza elektronikoan dago eskuragai (http://euskadi.eus/diru_laguntza/2018/udalaguntza/y22-izapide/eu).

2.– Finantzatutako obra amaitu eta hilabeteko epean aurkeztu beharko dira adierazitako justifikazio-agiriak, eta 2020ko urtarrilaren 31 baino lehen, betiere.

Justifikazio-agiriak euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira, baliabide elektronikoen bidez, Nire Karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Halaber, agindu honen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera luzapena eman zaien obren kasuan, justifikazio-agiriak beranduenik 2020ko martxoaren 31n aurkeztu beharko dira.

3.– Udalak aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatzen bada kontzeptu guztiak batuta obren amaierako benetako kostua txikiagoa dela balorazio-batzordeak onartutako aurrekontua baino –zeinetan oinarrituta kalkulatu baitzen diru-laguntzaren zenbatekoa–, zenbatekoa aldatu egingo da amaierako benetako laguntzak ez dezan gainditu agindu honen 4. artikuluan adierazitako ehunekoa, onartutako aurrekontuari dagokionez.

14. artikulua.– Egiaztatzeak.

Hezkuntza Sailak gainbegiratzeak, ikuskapenak eta egiaztatzeak egin ahal izango ditu, emandako finantziazioaren arauak eta baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.

15. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Finantzaketa ematea eragin zuten baldintzak betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako kopuruak gehi egokiak diren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari, administrazio honek ohartarazpena egin ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Bideratzeko Printzipioen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 53.1. artikuluarekin, Diru-laguntzei eta horien Araudiari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretuarekin bat eginez.

Era berean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren n) letraren 17.3. artikuluak zehaztuko ditu diru-laguntzak emateko ezarri diren baldintzen balizko ez-betetzeak graduatzeko irizpideak, eta onuradunak azkenik jaso behar duen kopurua zehazteko edo, hala badagokio, onuradunak itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko ezarriko dira horiek, eta proportzionaltasun printzipioari

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen dena betetzearren, agindu honetako laguntzak ebazteko baldintza izango da 2019. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egotea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek aurreikusten ez duenerako, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorra Bideratzeko Printzipioen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen IV. tituluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean jasotzen den oinarrizko erregulazioan eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan.

AZKEN XEDAPENETAKo BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana